Batzarrek berretsi ondoren, greba erabaki zen 1976ko martxoaren 3rako. Goizean goizetik lan-uztea erabatekoa izan zen Gasteizen. Prentsa ofizialak berak onartu zuen lan-uzteak lantegien %80an izan zuela eragina, eta ikasleek eta merkatariek ere deialdiarekin bat egin zuten. Poliziak gogor eraso zien goiz-goizetik edozein eratako manifestaldiei. Arratseko bostetan Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan batzar nagusia egiteko deialdia zegoen. Eliza, ordu hori baino askoz lehenagotik, erabat gainezka bete zen, eta poliziak bortizki inguratu zuen eliza guztia 16:55ean, eta gero langileen irteera oztopatu zuen sarraskia gauzatzeko. Ondoren etorriko zen errepresioaren iragarpena zen. Errepresioaren ondorioz ehundik gora zauritu eta bost langile arabar erailda gertatu ziren: Romualdo Barroso, Francisco Aznar, Pedro Martinez Ocio, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda. Lehenengoa metrailatua izan zen leiho batetik atera nahian ari zela. Bigarrenak bala bat jaso zuen buruan, lasterka joan zen elizatik urruntzeko, eta metro batzuetara zerraldo erori zen. Antzeko zerbait gertatu zen hirugarrenarekin. Beste biak handik egun batzuetara hil ziren poliziak elizan eragindako zaurien ondorioz.
Espainiako Gobernuak ez zuen denborarik galdu sarraskiaren azalpen ofiziala emateko. Garai hartako Segurtasunaren zuzendari nagusiak, Victor Castro San Martinek, honela zioen Bilbon egindako prentsaurreko batean: "Gasteizen gertatu dena jende andana batek hiriaz jabetzeko egindako ahalegina izan da. Goizean goizetik hasi ziren kaleak mozten, argiak lurrera botatzen eta ordena publikoko indarrak oso estualdi larrietan jartzen. Une jakin batean, ordena publikoko indarrek, ia gainezkaturik zeudela, suzko armak erabili behar izan zituzten, beren buruak babesteko bidezko defentsan".
Azalpen ofizial hori guztiz gezurtaturik geratu zen, Gasteizko hiritar batek, sarraskia gertatzen ari zen bitarte horretan, poliziaren irratiari egindako grabaketa batean. Grabaketa hau erabateko agiri historikoa bihurtu da, eta gaur egungo gazteek ez dute ezagutzen. Zinta horren zati garrantzitsuenak eskaintzen dizkizuegu, hitzez hitz jasota.
"JENDEA BALDIN BADAGO, ERASO GOGOR"
- Dirudienez, San Frantzisko inguruan, jende gehiago dago, zer egingo dugu? Txanda.
- Jendea baldin badago, eraso gogor. Txanda.
- Baina kontuan izan, sakristian sartuko direla. Txanda.
- Noski, gertatzen dena da oraindik ez ditugula agindu horiek; edozein modutan, gauzak dauden bezala, sar daiteke. Txanda.
- Beno, zuk hala badiozu, ados?
- Ados. Txanda.
- (...) Goazen erasora... Charlyk Charly 1-i. Txanda.
- Alde eginarazi jendeari ahal duzuen leku guztietatik. Txanda.
- Jakinaraztera noa. Txanda.
- Aurrera Charly. Txanda.
- Elizan sartzera noa. Txanda.
- Ondo da. Txanda. Jakinaren gainean geratzen naiz.
- Aurrera J.2. Txanda.
- Ez gara sartu uste genuen lekutik, sarrera faltsua delako. Txanda.
- Beste gauza bat, Charly, eskatu ezazu zuk dakizun baimen hori, ze orain, ziurrenik, ezkutatu egingo baitzaizkigu, ez digute ezer botako, eliza barruan sartuko dira harririk bota gabe.
- Ondo da. Baina, zenbat jende dago? Txanda.
- Ez dakit, oraindik ez dakit, ez dut ikusi: baina orain beraiek inguratzen ari naiz. Txanda.
- Beno, nolanahi ere, itxaron pixka bat, buruarekin egon behar dut, eta ikus dezagun zer esaten duen. Txanda.
- Tira J.2. hitz egin esandakoa. Txanda.
- (...) Lau automobil jarri dituzte hor erdian, eta kendu egin beharko direla uste dut; edozein modutan, hemendik joaten bagara alde egingo dute elizatik. Txanda.
- Entzun J.1., ez da komeni Charlyk dagoen lekutik alde egitea, bestela jendeak ihes egingo die elizatik. Txanda.
"SUZKO ARMAK ERABILI BEHARKO DITUGU"
- Begira Charly; elizako atean dago jendeari alde eginarazteko agindua; zu horretarako moduan bazaude, hurbildu zaitez jendearekin eta hustu eliza beste ezer baino lehen. Txanda.
- J.2 eta J.3 J.1entzat, atera jende hori elizatik. Txanda.
- Oraintxe ekingo diogu J.2 eta J.3ren artean. Txanda.
- Begira Charly, prest zaudenean, eman egurra eta hustu dena. Txanda.
- Koronazioko apaiz bat etorri da eta Altunarekin sartu da beste apaizarekin egoteko, lehen ez zeudela esan digute; ikusiko dugu zer gertatzen den.
- Onean alde egiten badute, ondo; bestela, eman egurra beldurrik gabe. Txanda.
- Ondo da.
- Etor zaitezte hona; bestela, ezin dugu ezer egin San Frantziskon; bidali indar gehiago, bestela, ezin dugu ezer egin. Bestela, alde egingo dugu hemendik. Apaiz batekin atera da, baina ez da bertako parrokoa, barruan egon gara, baina hau oso gaizki dago; bestela, suzko armak erabili beharko ditugu. Txanda.
- Beno, hemendik Charly bat bidaliko dut. Orduan, hor dagoen Charlya eta J.2 eta J.3k hustu eliza, nola edo hala. Txanda.
- Ezin da hustu. Jendez betea dago erabat. Orduan, kanpoko aldetik erabat inguratuta ditugu, armak erabili beharrean izango gara. Txanda.
"GASEZTATU ELIZA"
- Gaseztatu eliza . Txanda.
- Ondo da.
- Aurrera J.2. Txanda.
- Charly batzuk hona etortzea komeni da, hemen jendez inguratuta gaude, eta elizatik ateratzean, hau sekulako istilua izango da, armak erabili beharko ditugu, ziur gainera.
- Donostiatik Gasteizera datorren konpainia baten zain gaude, e; hor duzue Charly 3. Ekin hirurok batera, atera itzazue nola edo hala. Txanda.
- Ondo da. Jakinaren gainean.
- Denak eliza barruan egongo dira, eraso bizian beldurrik gabe. Txanda.
- Aurrera, aurrera V.47, esadazu zein unitaterekin zaudeten hor eta zer iskanbila duzuen hor. Txanda.
- Hemen denak kanpora aterarazten ari dira une honetan.
- Baina, zertan ari zarete, erasoan ari zarete edo zer? Txanda.
- Bete-betean, denak emanda!
- Ondo da, ondo da. Txanda.
"2.000 TIROTIK GORA BOTA DITUGU"
- Esaiozu V-Ori hau erabateko gerra dela, jakin dezala berak. Txanda (metraileta tiroak entzuten dira, oihuak, autoetako klaxonak).
- Bidal dezatela indar gehiago hona, 2.000 tirotik gora bota ditugu-eta. Txanda.
- Su hori, zer izan da? Airera izan al da? Txanda.
- Istiluaren barruan al zaude? Hor tiroka ari dira eta denetik dago. Txanda.
- Aurrera Charly 3 J.1-entzat. Txanda.
- Hau erabateko gerra da, munizioa eta granadak bukatzen ari zaizkigu, eta harrika ari zaizkigu; ezinezkoa da defendatzea; hemen gaude, San Frantzisko elizan.
- Valladolideko beste sekzio bat iristear dago horra eta uste dut Charly 1 eta Charly 2rekin.... Esan nahi dut ea horko San Frantzisko elizako gunean dagoen, sekulako borroka dagoela uste baitut. Txanda.
- Hainbat automobil ikusi dut zapi zuriekin, zauritu pila dagoela esan nahi du horrek, ulertzen?
- Tira, ea nolabait iristeko modua egiten duzun, han gauzak oso gaizki egon behar dute-eta.
- Ondo da. Ondo da.
- (...) Zauriturik dagoen galdetzen ari nintzen. Txanda.
- Oraingoz, gure artean ez dago zauriturik. Txanda.
- Beno, ondo da, ondo da. Zer moduz daude gauzak hor? Txanda.
- Pentsa dezakezu, 1.000 tirotik gora bota eta San Frantzisko eliza guztia txikitu ondoren, esango didazu nola dagoen kale guztia eta bazter guztiak. Txanda.
- Baina, zer, une honetan erasoan jarraitzen al duzue eta istiluekin al zabiltzate?
- Ez, une honetan ez. Txanda.
- Eskerrik asko! E, lan ona egin duzue!
- Esaiozu Salinasi, historiako jipoirik handiena eman diegula. Txanda.
- Esadazu nolako munizioa behar duzun. Txanda.
- Kartutxoak behar ditut, poteak behar ditut, pilotak behar ditut. Txanda.
- Baina, izan ere, munizio guztia Valladolidekoek dute, eta ez dira hona hurbildu ere egin.
"HAU SARRASKI BAT IZAN DA"
- Bi sekzio eta erdi geldiarazita dauzkat, beste erdiak bakar batzuk ditu oraindik... hau sarraski bat izan da. Txanda.
- Ondo da, ondo da. Txanda.
- Oso ondo... baina, benetan, sarraskia.
- J.2 San Frantzisko elizara doa, eta J.1ek dioenez pilotak eta granadak eman behar dizkio Charlyri. Txanda.
- Munizioen bi kamioi ditugu e... beraz, beldurrik gabe erabili dezakegu eta bazterrak garbitu, armak guk ditugunez, erruz eta inolako gupidarik gabe.