HAUSNARKETARAKO BI TANTA

  • Otsaila Tanttakaren hilabetea izan da. Otsailaren 8an Errudun jaioak" estreinatu zuten eta otsailaren 15ean, berriz, "Hor dago koxka". Euskaraz eta gazteleraz atondu dituzte biak. Donostiako Antzoki Zaharrean egin ziren bi estreinaldiak eta arrakasta itzela izan zuten.

2021eko uztailaren 20an
Erronka gogorrari ekin dio Tanttakak milurtekoa hastearekin batera. "Ozeanoko pianista" obra pertsonalaren ostean eszenaratze konplexua duten antzezlan berri bi prestatu dituzte: "Errudun jaioak" eta "Hor dago koxka". Gaiari erreparatuz zerikusi gutxi duten arren, hausnarketarako bidea ematen duten ikuskizunak dira biak.
1987.ean Peter Sichrovskik Hitlerrekin batera borrokatu zuten nazien seme-alaba eta ilobei eginiko elkarrizketetan dago oinarritua "Errudun jaioak" antzezlana. Noizbait, nonbait eta norbaiti jazotako gertakizunak eta sentimenduak kontatzen ditu. Ikuskizun gordina da bai formaz eta bai edukiz. Sichrovskik eginiko lanaren antzerkirako moldaketa Moma Teatre valentziarrak taularatu zuen lehendabizi. Fernando Bernues zuzendaria Momak eman zituen emanaldietako batean izan zen, eta ikusi ondoren zuzendariarengana jo zuen ea obra Euskal Herrira ekartzeko aukerarik bazegoen galdetzeko. Carles Alfaro eta Joaquim Candeias zuzendariek abiapuntua elkarrizketenganako errespetua izan dela adierazi dute "elkarrizketak publiko egiteak ez zuen pribatasuna baldintzatu behar. Ikuslea plano objektibo batean jartzen da, 'voyeur' batean bilakatzen da. Hala, zuzenean behintzat berari zuzenduta ez dagoen aitorpen ekintza baten aurrean aurkitzen da ikuslea".


"ERRUDUN BATEN BIZITZA DARAMAN ERRUGABEA NAIZ".

Sentsazio hori lortu asmoz metakrilatozko horma batek banatzen ditu ikusleak eta aktoreak. Aktoreak bizkarrez daude eta beren hitzak aurrean duten kamara bati zuzentzen dizkiete, eta hark jasotzen duena izango da pantaila handi batean islatuko dena. Gehienak aurpegi ezagunak diren arren, aurretik ezagutzen ez genituen aztarnak ageri dira pantailan: ia makilajerik gabeko azaletan ezer gutxi dago ezkutatzeko. Honek "kamara ezkutua" telesaioa ikusten ari garenaren sentsazioa ematen du: show itxurarik gabeko errealitatea. Hamaika dira emanaldi bakoitzean ikusleen aurrean biluzten diren pertsonaiak (hizkuntzaren arabera aktore batzuk aldatzen dira). Aktore zerrenda luzea da hortaz: Teresa Calo, Edi Naudó, Martxelo Rubio, Klara Badiola, Idoia Sagarzazu, Aitor Gabilondo eta Aitzpea Goenaga horien artean. Argia itzali da. Briggittek, Susannek, Rainerek edo Ingek ez dute Alemanian gertatutako genozidioarekin zerikusirik baina badute zerbait komunean: errudun jaiotakoak dira. Sentimendu hori, ordea, pertsonaia bakoitzak modu oso ezberdinean azaleratzen du. Poliki-poliki ikuslea pertsona "anonimo" horiek ezagutuz doa, kasik ulertzera iritsi arte. Izan ere, nork ez du inoiz aitarenganako gorrotoa sentitu? Nor ez da inoiz bere kezkak betiko zokoratzen saiatu? Nor ez da inoiz errudun sentitu? Bi ordu inguru irauten duen ikuskizunak gutxi uzten ditu barruak mugitu gabe. Emanaldiak irauten duen bitartean antzokian irribarre urduri batzuk besterik ez dira entzuten. Antzemateak batzuetan ezeroso senti arazten du pertsona.


BOLEROEN ERRITMO GAZI GOZOA.

Oso bestelakoa da Tanttakak prestatu berri duen bigarren lana. "Hor dago koxka" Quim Monzóren "El perqué de tot plegat" kontakizun bilduman dago oinarrituta eta amodio kontuak ditu hizpide. Elkarrekin askotan lan egin duten Mireia Gabilondo eta Fernando Bernuesen zuzendaritzapean euskal antzerkigintzan aurpegi ezagunenetakoek egin dituzte aktore lanak: Ramon Agirre, Ane Gabarain, Elena Irureta eta Jose Ramon Soroizek, hain zuzen ere. Oholtza gainean etxeko egongelan baleude bezala mugitzen da laukote arrakastatsua eta funtzioa hasi bezain laster ikusleria bereganatzea lortzen du. Era berean, aktoreak testuarekin eroso sentitzen direla nabaria da. Taldekideek garbi dute zergatik hautatu zuten Monzóren testu bat: "Oraindik ere buru hausteak ematen dizkigun gaiarekin jolasten duelako, hau da maitasunarekin eta honen adierazpen konplexuena eta ulergarriena den bikotearekin". Jatorrizko liburuko istorioen erdiak egokitu dituzte, narrazioa ekintzarekin ordezkatuz hainbat kasutan. Antzerkia bizitza errealaren ispilu ei da askotan, eta gure buruak bertan islatuta ikusteak ikuskizunaren arrakasta bermatzen omen du. "Hor dago koxka"n ageri zaizkigun pertsonaiak eta istorioak ez dira batere arrotzak. Egoera aldrebesenean ere imagina dezakegu gure burua. Honek azal dezake ikuskizunean zehar ikusleriaren etengabeko irribarrea. Baina antzezlan honetan ia hitzek baino garrantzia handiagoa hartzen du boleroen musikak. Ganbara talde ezagunaren sortzaileetako bat izandako Angel Unzuren zuzeneko gitarra doinuek betetzen dute ikuskizuna bihotzetik irtendako doinuez.
Egoera ezberdinak nabarmendu eta emozioen ehundura ezberdinak iradokitzen ditu obra guztian zehar Unzuren gitarrak. Lau aktoreen ahots goxoek josten dituzte letrekin nota horiek. Boleroek euskaraz ere indar handia izan dezaketela frogatu du Tanttakak lan honetan. Izan ere, nahiko buruhauste izan zituzten boleroak euskaratzeko orduan: "Hasieran pentsatu genuen euskarazko bertsioan kantuak gazteleraz uztea. Gero, ordea, muntaiarekin hasi ginenean konturatu ginen kontraste handiegia egiten zuela. Joxerra Gartziarengana jo genuen eta bere laguntzaz lan polita gelditu dela uste dugu. Azkenean zazpi kantu euskaraz eta gazteleraz berdin gelditu dira, beste bost propio hautatu ditugun bitartean. Horien artean dira 'Maitia nun zira' herrikoia eta Xabier Leteren 'Habanera'".
Behin estreinaldiak eginda programatzaileen eskariaren zain gelditzea besterik ez zaie gelditzen Tanttakakoei. Beraz, oraindik ere bi antzezlanak ikusteko aukera noiz eta non izango den ezin jakin.

MIREIA GABILONDO: "MAITASUNA ARNASA HARTZEA BEZALAKOA DA"
Bergaran sortua dugu Mireia Gabilondo. Unibertsitate garaian Donostiara joan zen Pedagogia ikasketak egitera eta bertan, klaseek uzten zioten denbora librea aprobetxatzeko Antzerki Eskolan izena ematea erabaki zuen. Antzerkiarekiko grina oso gaztetatik sortu zitzaiola kontatu digu. Antzerki Eskolan ari zela, duela hamazazpi urte, Tanttakakoek deitu zioten ea aktore gisa umeentzako "Ondo lo egin" ikuskizunean parte hartu nahi zuen galdetzeko. Ordutik pertsonaia ugariren larrutan sartu da. Zuzendari gisa beranduago hasi zen, baina honetan ere badu eskarmentua. Duela 6 bat urte Jose Ramon Soroizek antzeztutako "Umekeriak" bakarrizketa zuzendu zuen estrainekoz. Ordutik oholtza gaineko nahiz telebistako hainbat ikuskizun zuzendu du.
Antzerkigintzari dagozkion hainbat arlotan aritu izan zara, non sentitzen zara erosoen?
Ez dakit. Uste dut momentuak direla, zu nola zauden, proiektua zein den... denak du zerikusia. Proiektuan sinesten badut eta honen gauzatzean parte hartu nahi badut, berdin zait zuzentzea, aktore lana egitea, idaztea... Garrantzitsuena lan egingo duzun jendearekin gustura egotea da.

Tanttakaren azken bi lanetan buru-belarri sartu zara. "Errudun Jaioak" antzezlanean, esaterako, Sybile 39 urteko judutarraren papera egiten duzu gaztelerazko bertsioan. Nola sentitu zara pertsonaia hau egiten?
Niretzat oso polita eta aberasgarria izan da, bai zuzendari honekin lan egitea eta bai gai konkretu honi heltzea ere. Benetako istorioak izateak ere berezi egiten du ikuskizuna, gaia ere oso hunkigarria da. Eszenaratze oso berezia du gainera, zure aurpegia pantaila erraldoi batean irteten da plano itxi batekin... Hor benetan jokatzen ez baduzu ez daukazu zereginik.

Maitasunaren gorabeherak dira protagonista "Hor dago koxka"n. Fernando Bernuesekin batera zuzendari lanetan aritu zara. Bihotzaren kontuek zergatik dute, zure ustez, halako arrakasta taula gainean?
Ez dut uste arrakasta taula gainean soilik dutenik, bizitzan bertan garrantzia handia du maitasunak. Nik behintzat maitasuna arnasa hartzea bezalakoa dela uste dut, beti dabil hor bueltaka, beti daukagu buruan. Bai maiteminduta zaudenean eta ez zaudenean ere bai. Gauza da guk ikuskizun bat aukeratzen dugunean ez dugula aurretik pentsatzen zein haritik jo, baina maiz jausten gara gai horretan. Aurrekoan Tentazioa taldearekin "Ez da hain erraza" antzezlana egin genuen eta honetan ere gai honekin gabiltza bueltaka.

Oholtza gainean urte askotan aritu diren lau aktorerekin egin duzu lan. Zuzendari gisa nabarituko da, ezta?
Beno, esaterako joan den urtean ETBko Sorginen Laratza saioan ikasle batzuen gorabeherak oinarri zituen "Ez gaude konforme" telesaila zuzendu nuen eta bertan parte hartu zuten aktore batzuek ez zuten lehenagotik ezer egin. Esperientzia horrekin asko disfrutatu nuen, oso polita da ikustea hasberri batek duen ilusioa, gauzak egiteko gogoa..."Hor dago koxka"ko laukotea asko ezagutzen dut, segituan ulertzen gara, nolabait esatearren hizkuntza bera erabiltzen dugu. Hori ere oso polita da. Honekin esan nahi dut bi kasutan lan egitea oso polita dela.


Azkenak
Haurrak gara behelaino artean

Ardatzean haur filosofia izango duen Galdera Basatiak podcastak, ez alferrik, haur filosofia tailerretan barneratzeko asmoa du. Horixe hitzeman digu Iñigo Martinezek lehen atal honetan. Podcastaren zimenduak ezarri dizkigu, markoa marraztu, eta, batik bat, haurtzaroaz... [+]


Langileek epaiketari uko eginda, Guardian enpresak xake mate egin du Laudion, urte luzez jokaldia prestatu eta gero

Guardian Llodio fabrikako behargin gehienek epaitegira jotzeko bidea bertan behera utzi ondoren, multinazionalak lortu du nahi zuena: enpresa errentagarri bat ixtea erabateko inpunitatearekin. Ez da egun batetik bestera sortutako estrategia, eta bide luzea izan arren, erabat... [+]


2025-04-07 | Behe Banda
barra warroak
Zutitu berri denari

Testu hau balorazio bilera baten ondorio dela esan genezakeen agian. Ordea, balorazio bilerek sarritan uzten dute aho zapore lehor eta gazi-gozoa. Astearte arratsalde eguzkitsu bat da. 16:53. Balorazio bilerara konektatu, eta erabaki dugu limoizko karamelu bana sartzea... [+]


Lokizaldeako Euskararen Eguna
“Euskara gero eta gehiago entzuten da eskualdean, bereziki gazteen artean”

Aurtengo Lokizaldeako Euskararen Eguna Murieta herrian ospatu dute, larunbatean, goizean hasi eta ordu txikiak handitu arte. Zita garrantzitsua eta gozagarria da Nafarroako Lizarra ondoko eskualdeko euskaltzaleentzako.


Komunitateaz (eta III)

Komunitateari buruzko artikulu segida honekin hasi nintzenean, Antoine eta Antoine zeuden etxean, gazta-ganbara hutsik zegoen, hiltegirako bueltak asterokoak ziren eta hiru egunetik behin egiten genuen gazta. Hau idazten hasi naizenerako, Picardieko lagunak jaioterrira joan... [+]


2025-04-07 | Iñaki Sanz-Azkue
Suge arrantzalea, errekan barrena

Sugea entzun eta leku lehor bat etorriko zaio burura askori, narrastiek beroa behar dutela ondo barneratua baitu gizakiak. Suge guztiak ez dira berdinak, ordea; denek ez dituzte baldintza berak gustuko, eta horri esker dago, besteak beste, dagoen dibertsitatea. Bakoitzak bere... [+]


2025-04-07 | Jakoba Errekondo
Ustezko nekazaritza eta lur lantzea

Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta erlauntzarik ere.


2025-04-07 | Garazi Zabaleta
Soilik
Lursail txikian eta inbertsio erraldoirik gabe garatu daitezkeen proiektu agroekologikoak

Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua,... [+]


“Errebeldia hazi egin da Argentinan, herri oso bat bultzaka ari da”

Argentinako Abokatuen Gremioa erakundean egiten du lan Laura Taffetanik (Buenos Aires, Argentina, 1963). Gobernuaren errepresioa pairatu duten maputxe ugarirekin lan egin du azken urteetan, eta Askapena antolakundeak antolatutako topaketa antiinperialisten barnean izan da Euskal... [+]


Ertzaintzak Etxarri II gaztetxea hustu du Bilboko Errekalde auzoan

Iragarrita zegoen moduan, Bilboko Errekalde auzoko Etxarri II gaztetxea hustu du Ertzaintzak 9.00etan abiarazi duen operazioarekin. Arratsaldean protesta manifestazioa egingo dute auzoan, 19:00etan Amezolako tren geltokitik abiatuta.


2025-04-04 | ARGIA
Langile bat hil da Agoitzen obra batetik jausita

Ezbeharra ostegunean gertatu da eta SOS Nafarroak 16:00 orduak jotzear zirela jaso du haren berri. Medikua, anbulantzia et Foruzaingoa bertarako dira, baina ezin izan dute gizona suspertu eta bertan hil da.


2025-04-04 | ARGIA
Euskaraldia Hika-rako 83 herrik eman dute izena

Aurtengo berritasuna da. Ahobizi eta belarriprest rolen artean aukeratzeaz gain, herritarrek Euskaraldia Hikan parte hartzeko aukera izango dute. Hitanoa erabiltzen ez den herrietan, toka eta noka, bien erabilera bultzatuko da, eta hitanoa bizirik dagoen herrietan nokaren... [+]


Eguneraketa berriak daude