Oinarrizkoenarekin ekingo diogu. Zer da zuentzat ezkertiarra izatea?
JULEN ZABALO. Mende hasieran ezkertiar izateaz ulertzen genuena aldatu egin da eta gaur egun ikuspuntu pertsonala birbaloratu egiten da. Ikuspuntu bitatik har daiteke ezkertiarra izatearena. Batetik, maila etiko edo pertsonala: balore batzuk hobesten dituelako pertsona batek bere burua ezkertiartzat jotzea. Bestetik, ezkerraren praktika politikoa hobesten duena, eta horrekiko konpromiso politiko zuzena duena.
IÑAKI URRESTARAZU. Nik dagoeneko ez dakit zer den ezkerra eta zer eskuina. Ezkerra eta eskuinaren kontzeptuak aldatu egin dira eta gaur egun ezkerraren kontzeptuak ezer gutxi esaten dit. Beren burua ezkerrekotzat hartzen dutenen gehienak sistemaren barruan daude eta aldaketa txiki batzuk besterik ez dira proposatzen. Garai batean ezker iraultzaileaz-eta hitz egiten zen, baina alderdi horiek gaur egun desagertu dira eta gaur egun kapitalismoa eta boterea zalantzan jartzen dutenek beren burua ezkertiartzat baino alternatibotzat edo iraultzailetzat hartzen dute. Nik ere multzo horretan ikusten dut nire burua.
ANTTON KARRERA.. Egia da, ezkerraren kontzeptua aldatu egin da, baina niretzat ezkertiarra izatea da gizarte hau aldatu nahi duena, sozialismoaren bidean borroka egiten duen pertsona. Jende askok jotzen du bere burua ezkertiartzat, baina bere jokaera ez da ezkertiarra. Planteamendu etikoa nahitaez lotu behar da egiten denarekin, ez da nahiko norbaitek ezkertiarra dela esatea, hori bere praktikarekin erakutsi behar du. Hori Marxek esaten zuen eta hori berreskuratu egin behar da.
JOXE IRIARTE, 'BIKILA'. Ez dago ezker bakarrik, ezkerraren proiektuak anitzak dira-eta. Ezkerraren mamia eta sustraia, injustizia eta desberdintasunaren aurkako joera izatea da niretzat. Bizi garen gizarte kapitalistan, ezkertiarra izatea kapitalismoaren aurkakoa izatea da. Baina igualitarismoaren kontzeptuari gehitu behar zaizkio, halaber, beste mugimendu askatzaile batzuen aldeko borroka: emakumearena, norbere herria zapalduta egonez gero abertzale izatea, ekologista, internazionalista... Baina horien guztien oinarrian berdintasun soziala eta justizia ezaren aldeko jarrerak izan behar dira.
Ezkerra aldatu egin dela diozue. Zein desberdintasun ikusten duzue adibidez zuek bizi izan duzuen 60ko eta 70eko hamarkadetako ezkerra eta egungoaren artean?
J. ZABALO. Lehenengo ñabardura bat egin beharko litzatekeela uste dut, ezkerraren aldaketaz hitz egiten ari garenean Europaz ari baikarela uste dut Hirugarren Munduan azkeneko 30 urteotan askoz aldaketa gutxiago izan dira. Aurrekoarekin lotuta, etika indibidualaren gorakada eman da gizarte osoan eta horrek ere eragina izan du ezkerrean. Lehen azaldu dudan ezkertiar izatearen ikuspegi pertsonalaren adibideren bat jarriko dut: gaur egun jende asko ez da militantea baina ezkerraren balio tradizional batzuk gordetzen ditu, ez ezkontzearena, edo haurren heziketa askeago bat... Beraz, aldaketarik handiena eremu pertsonalean ikusten dut.
I. URRESTARAZU. 60ko eta 70eko hamarkadetatik oraindik geratzen zaigu zerbait, gutxi bada ere: sozialdemokrazia, eurokomunismotik zerbait eta ezker iraultzailearen adar desberdinak. Azken hauek jorratuko ditut. Lehenik borroka antikolonialak; gero m-l izenekoak, Txina, Vietnam, Albania eta beste toki batzuetan planteamendu iraultzaile jakin batekin kritikoak zirenak; IV Internazionala ere hor zegoen; Parisko 68ko maiatza zela eta sortu ziren mugimendu antimilitaristak, ekologistak eta abar; eta, azkenik, hor ziren Alemania eta Italian ari ziren RAF eta Brigada Gorrien gisakoak. Bost eredu horietatik geratzen den bakarra ia, eta etorkizun handiarekin gainera, mugimendu sozialena da: feminismoa, antimilitarismoa, ekologistak, asanbladak, okupak eta abar hor dira. Sozialdemokrazia gogortua eta sendotua dago, eta ekialdeko herrialdeen ereduaren erorketaren ondoren kapitalismoa gogortu egin da eta inoiz baino erasokorrago dago. Pentsamendu bakarra da gaur egun kapitalismoak bultzatu nahi duena.
A. KARRERA . Iñakik esandako gauza batzuekin ados nago eta beste batzuekin ez. 60ko eta 70eko hamarkadan gertatzen zirenak bere testuinguruan ulertu behar dira. Orduan sozialismoa, ezkertiarra eta halako kontzeptuak Errusiaren inguruko estatuek monopolizatzen zituzten. Bi bloke ziren eta beraiek kapitalismoaren aurkako blokekoak ziren. Ezkertiar askok sinesten zuen ekialdeko blokeak egiten zuen horretan, eta beste askok ez; eredu hark izugarrizko astakeriak egin zituen ezkerraren izenean. Hor argi ikusi da sozialismoak eta ezkertiarrek lehenengo demokrazia eta askatasunaren etika defendatu behar dutela sozialismoa eraikitzeko. Hori ez zen errespetatu eta sistema haiek porrot egin zuten, baina ez haiek bakarrik, eredu haiei kritika egiten genuenoi ere izugarri eragin digu. Gizarte hau aldatu nahi duenak ezin du besteekin edozer gauza egin, eta orain ondorioak pairatzen ari gara. Gaur egun, milaka eta milaka ezkertiarrek beren pentsamendu ezkertiarra Gobernuz Kanpoko Erakundeetan eta halakoetan eskaintzen du bere lana erakunde politikoetan egin beharrean. Orduko sozialdemokrazia eta oraingoa ere ez dira berdinak, gaur egun sozialdemokraziak ez du diferentziarik eskuineko edozein alderdirekin; Blair batek zer diferentzia du, bada, eskuinarekin? Edo, berdeekin gobernatu arren, Alemaniako Schroederrek?
BIKILA. Mendearen hasieran ezkerrak pentsatzen zuen kapitalismoa gainditzear zegoela eta langile mugimendutik zetorren ezker sozial horrek pixkanaka buelta emango ziola kapitalismoari. Depresioaren garaiak etorri ziren, faxismoak... eta ezkerrean ere sekulako depresioa sortu zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren hiruzpalau frontetan baikortasun handia sortu zen eta pentsatu zen kapitalismoa gainditu edo aldatu zitekeela. Ongizatearen Estatuaren bidez poliki-poliki kapitalismoa aldatuko zuela uste zuen sozialdemokraziak eta beraiek deitzen zuten kapitalismo sozial horren oinarriak guztiz desberdinak izango zirela. Eta, egia esan, bazuen hori pentsatzeko arrazoirik, garai hartan langile mugimenduak izugarrizko aurrerakada egin zuen eta, batez ere Mendebaldean. Bestetik, Sobiet Batasuneko sozialismoa ordezkatzen zuen sozialismoak pentsatzen zuen Sobiet Batasuna gidari kapitalismoa gaindituko zela, mundu guztiak ikusiko zuelako eredu hori kapitalismoarena baino aurreratuagoa zela. Gogoratu gaitezen Krutxevek 70eko hamarkadan "irabaziko diegu" esaten zuenean: Sputnik garaiak ziren: "zientzian irabaziko diegu, militarki, ekonomian...". Ezkertiar erradikalen mundu horretan ere garaipenean sinesten zen: mugimendu antikolonialistak, Maiatzaren 68a, Italia eta Ingalaterrako kontuak eta, jakina, hemen ere frankismoaren aurkako azken urteetan baikortasun handia bizi zen.
Orain, ordea, zalantza eta noraeza nagusitu dira. Arlo teorikoan, estrategikoan eta baita programatikoan ere, ezkerrak izugarrizko krisia bizi du. Duela 30 urte, estatu kapitalistari emango geniokeen erantzunaz galdetuta, berehala erantzungo genuke "oinarrizko indar produktiboen nazionalizazioa, bankuen nazionalizazioa...". Gaur egun, gauza bera galdetuta, beste era bateko erantzuna emango genuke. Gaur egun ezkerrak ez du bere izaera eta bere zentzua galdu eta ezkerrak krisi hau gaindituko du baldin eta gai bada bere erronkei aurre egiteko. Lehen esan da Hirugarren Munduan ezkerra ez dela horrenbeste aldatu, baina nik uste dut baietz, ezkerra toki guztietan ari da aldatzen. Porto Alegren argi ikusi da globalizazioaren aurkako mugimendutik ezker berri bat sortzen ari dela eta pixkanaka burua bere lekuan jartzen ari dela.
Ekialdeko porrotetik zerbait ona ere geratu zaigu: jendeak ez duela bere askatasun pertsonala eta kritika egiteko gaitasuna alderdiaren edo klasearen menpe uzten.
ANTTON KARRERA. Ezkerra lehenengo izan behar da kritikoa bere buruarekin eta denarekin, baina azkenean helburu bat izan behar du, gizarte hau aldatzea. Alderdi komunista tradizionaletan alderdiak esaten zuena bete behar zen eta kito, eta hori jaungoikoan sinestea baino zailagoa da. Horrek sozialismoaren ideiei sekulako kaltea ekarri die eta baztertu egin behar da.
BIKILA. "Dirección Nacional ordene" esaten zuten sandinisten artean. Marxen esaldi kuttunena "de homnibus dubitandu" omen zen, hau da, zalantza beti egon behar dela hor presente, baita oso ziur dauzkagun gauzetan ere.
Demokrazia, elkartasuna, berdintasuna, askatasuna... horiek dira lortu beharrekoak diozuenaren arabera. Baina edozein diskurtso liberal entzunda balore horiek ere aldarrikatzen dituzte.
A. KARRERA . Gezurra diote! Hori da halakoen aurrean esan behar den lehenengo gauza. Gezurra dirudi, genoma humanoa aurkeztu da gaur bertan eta hor ikusten da zein berdinak garen pertsonak. Bada ez, gaur egungo gizartean batzuek dena dute -dirua, boterea...- eta beste batzuek ezer ez, munduan bizi garen ia 6.000 milioi pertsonetatik bi herenek ez dute duintasunezko bizitza bat aurrera eramaterik. Ez Euskadin ezta Espainiako Estatuan ere ez dago berdintasun eta elkartasunik: jende asko dago langabezian, eta lan egiten duten askok zein baldintzatan ari dira? Zer etorkizun dute? Guk pentsioa izango dugu lana bukatzerakoan, baina aipatutako horietako askok ez dute pentsiorik izango, baldintza batzuk beteko ez dituztelako. Behin ere ez ditu munduak eduki gaur egun adinako desberdintasunik, behin ere ez! Beraz, diotena gezurra da. Denak ezin gara berdinak izan. Genomak esaten badu denak berdintsuak garela, zergatik gero ere ez da horrela bizitzan? Hori da adibiderik argiena gizarte berdintsuago bat defendatzeko.
Garai batean alderdiak eta sindikatuak ziren politika ezkertiarrak egiten zituztenak. Gaur egun gizarte mugimenduak dira ezkerraren adierazpideetakoak. Baina horiek zein helburu izan behar dute ezkertiar gisa gizartea aldatzeko eta zer bitarteko erabili behar dira horretarako?
I. URRESTARAZU. Gauza asko egin ahal da, baina lehenetako bat gizarte eredu bat berdiseinatzea. Orain arte marxismoaren barruan indar produktiboen garapena sozialismoaren oinarri ezinbestekoa zen sozialismoa eraikitzeko. Ekologiak mugak jarri ditu, eta erakutsi digu lurrak mugak dituela eta indar produktiboen garapen mugaezina planteatzea pentsaezina dela. Garapenkeria zalantzan jarri behar da erabat eta beste ildo batzuk asmatu. Garapen iraunkorrari buruz ere hitz egin izan da baina niretzat ia berdina da, garapena eta iraunkortasun hori kontrajarriak dira. Kapitalismoak saltzen diguna da zenbat eta gehiago produzitu banatzeko gehiago izango dugula, baina lehenengo daukaguna banatu behar da; gero zerbait falta bada ikusiko dugu zer egin, baina lehenbizi dagoena banatu.
Bestetik, demokrazia ospetsu hau zalantzan jarri beharra dagoela uste dut. Demokrazia ospetsu hau diktadura gogor eta nazkagarri bat da, sistema kapitalistak bere boterea mantentzeko diseinatu duen sistema bat da eta hortik barrutik ezin da ezer aldatu, ezta sozialismorik lortu. Beraz, horren kanpotik jorratu behar dira alternatibak eta zerbait egiteko instituzio eta saltsa-maltsa horiek alboratu behar dira.
Sobiet Batasunaren krisiaren azterketa sakona egiteke dago oraindik baina azterketarako zenbait osagai bada. Ikusi ditugu kolonialismoaren aurkako borrokaren ondoren sortu diren burokraziak. Hori da ateratako beste ondorioetako bat, abanguardismoak zalantzan jarri behar direla, herriaren izenean aritzen dira eta azkenean herriaren aurka bukatzen dute.
Ez da nahiko boterea hartzea -lehengo ereduetan aipatzen zen bezala-, boterea apurtu egin behar da eta botererik gabeko gizarte bat egin. Botereak beti dakar burokrazia eta batzuek besteen gainean egotea. Administrazio egiturak beharrezkoak izango dira beti, baina ez botere gisa; indar armatuak, poliziak eta abarrek beti garamatzate kontrol batera. Prozesu honetan garrantzitsua da etengabe mentalitate aldatze bat garatzea, aldaketa etorriko bada inoiz, norberarengandik hasi behar da. Kapitalismoak lau mende behar izan zituen feudalismoa gailentzeko eta horretarako baldintza batzuk sortzen joan zen apurka. Hemen ere beste baldintza ekonomiko-sozial batzuk jorratu beharko ditugu gero gauzak aldatzeko.
ANTTON KARRERA.. Gizarte berri bat berdiseinatzea eta halakoak esatea erraza da, egitea beste gauza bat da. Globalizazioaren ondorioz merkatua jaungoikoa da gaur egun. Dirua merkatuaren tresna bat besterik ez da eta merkatuan bakarrik oinarritutako gizarte batek, orain arte eraman gaituen tokira eramango gaitu eta oraindik askoz gehiagora. Horrez gain, garapenak ez du esan nahi bakarrik ondasun gehiago egitea, niretzat garapena gaur egun egiten ez diren gauza batzuk egitea ere bada. Demokraziarena ere aipatu duzu, demokrazian sinesten dut baina pentsatzen badugu egun dugun demokrazia paradisua dela hori sinesgaitza da, ezin da demokrazia horretan sinestu. Demokrazia ez da egina dagoen gauza bat, demokraziak aurrerapausoak eta atzerapausoak ditu eta gaur egun atzerapausoak ematen ari dira, baita herri honetan ere. Demokrazia eta askatasuna edozein erakundek bere baitan behar dituenak dira, eta hala ez bada gero ezin dituzte kontzeptu horiek gizartera eraman edo gizarte berri bat egin. Hori argi ikusten da gure gizartean azken 20-30 urteetan gertatu dena aztertuz gero.
Nik ez dut sinesten abangoardietan, herritarren partehartze gabe gizartea ezin daiteke aldatu, horretarako herritarrak irabazi behar dira eta partehartzera bultzatu. Abangoardiak boterea hartzen badu gero badakigu zer gertatzen den, abangoardiak beren interesak defendatzera doazela, eskuinetik zein ezkerretik. Gizarte berri bat egiteko garaian administrazio edo estatuari mugak jarri behar zaizkio. Pertsona bat bere bizitza osoan politika egiten badago, hori profesional bihurtzen da eta bakarrik bere interesak defendatzen aritzeko izugarrizko arriskua dauka. Pertsona bat ezin da egon politikatik bizitzen bere bizitza osoa, hori burokrata bat bihurtuko da, hori moztu egin behar da. GKEetan dabiltzan askok alderdietan-eta bere sinesmena galdu du, baina hala ere beren ekarpena egin nahi du eta horregatik egiten da solidaritatea. Ez dut esango mundu horretan denak gari garbia direnik, baina asko bai.
Iñakik aipatu du gaur egungo gizartearen eskemetan parte hartuz, instituzioetan adibidez, ezin dela gizartea aldatu. Antton, zuk gizartea aldatzeko instituzioetan partehartzen duen alderdi batean ari zara; Bikila, zuek ere hori proposatzen duzue Batasuna prozesuko Arragoa ponentzian.
A. KARRERA . Nire ustez parte hartu behar da, baina pentsatzen bada gizartea hor goian parte hartuta bakarrik aldatu behar dela, ez dut horretan sinesten. Parte hartu behar da, modu horretara askotan gauza garrantzitsuak lortzen direlako, bestela horiek galdu egiten dira. Baina hori bakarrik ez da nahikoa.
BIKILA. Ezkerrak bere akatsetatik ikasi behar du, eta horretarako boterean egon den ezkerrak egindako akatsetatik ikasi behar da. Bai Sobiet Batasunako eredua eta baita sozialdemokraziarena ere itsu-itsuan sartu ziren eredu desarroilistetan. Naturarekiko balore guztiak bazterrean utzi ziren; Sobiet Batasunean egindako triskantza ekologikoak ikusita, argi dago garapen ekonomikoak bere mugak dituela eta ekonomia ekologista bat garatu behar dela.
Beste kontu bat, demokraziarena. Nire ustez demokrazia ezkerrari itsatsia dago itzala eguzkiari bezala; areago, demokraziarik gabe ezkerrak ezingo du inoiz gizarte berri bat eraiki. Baina zer nolako demokrazia? Ur sakonetan sartuko ginateke horri ekinez gero, baina oinarrizko arau bat bakarrik aipatuko dut, gizarte berria eraikitze lanean ari diren erakundeek demokratikoak izan behar dute. Etikarena ere oso garrantzitsua da, ezin da gauza bat predikatu eta bestea egin; ezin da esan justizia sozialaren alde zaudela eta gero burges bat bezala bizi, edo joko politikoan bankuekiko daukazun maileguen arabera aritu eta gizarte kapitalistaren morroi bihurtu.
Eta bukatzeko, ezkerraren azken 200 urteen balantzea eginda argi ikusten da zaila egin zaiola mutur batetik bestera ez pasatzea. Hau da, ezkerra gizarte kapitalistan integratu da, gizartea barrutik aldatu nahi zuela esanez, edo marginalitatean erori da. Hor oreka bat mantendu behar da, jakin behar da aldaketarako politika errealista bat egiten. Nafarroako ikastoletan dioten bezala, "ezina ekinez egina". Jakin behar da gizarteko eremu guztietan borrokatzea aldi berean horietan harrapatua geratu gabe. Nire ustez hori da mendebaldeko ezkerraren erronka nagusietakoa.
Bikila, zuk aipatu duzu ezin dela ezkertiarra izan burges baten bizitza eramanda. Zer da burges bat bezala bizitzea?
BIKILA. Historikoki gure beharrak aldatu egiten dira eta garai batean oso gauza burgestzat hartzen genituen zenbait helburu eta joera gaur egun oso arruntak bihurtu dira. Hala ere, niretzako 'kodigo deontologiko' minimo bat izan beharko litzateke.
Erakunde politikoei dagokienez, izugarrizko kontraesana da giza eskubideen lehentasuna aldarrikatzea eta gero praktikan bere urradura ontzat hartzea, kasu batzuetan nazioarteko ordena edo demokrazia defendatzeko eta beste batzuetan herriaren askatasunak hala eskatzen duelako. Interbentzio militarrak, armadarako aurrekontuak onartzea, hilketa, torturak, hor sartuko lirateke. Gauza bera justizia soziala aldarrikatzen denean eta gero politikoek izugarrizko soldatak jasotzen dituztenean; edo alderdiek ezkutuko finantzazioa lortzea mesede politikoen truke; edo bankuekin leporaino zorretan sartzea askatasuna hipotekatuz; edo ingurumena txikituko duten azpiegiturak ontzat hartzea. Beste adibide bat, berdintasunaren alde daudela, baina, salbuespenak salbuespen, alderdiko emakumeak bigarren mailan jarraitzea. Zer esanik ez, kanporako demokrazia eta barrurako burdinazko disziplina ezartzen denean.
Eta ezkerreko pertsonei dagokienez, beste adibide batzuk: kontsumismo eroan erortzea, edo egungo neurri neoliberalak direla medio, bere zerbitzuan dauden gazteak zapaltzea; edo ordu extrak sartzea; edo grebara deitu eta lana uzterakoan ordu sindikalez baliatzea; kaka egitera joateko ere kotxea hartzea; edo, kanpoan uso eta etxean otso, etxeko lanetan eta seme-alaben heziketan kolperik ez jotzea eta abar luzea.
Helburuen eta bitartekoen gaia jorratu dugu lehenxeago eta ondorengo kontuekin Julenen txanda jan dugu.
J. ZABALO. Labur esanda, kapitalismoaren kudeatzaileek ederto jakin izan dute ezkerraren eskakizunak barneratzen eta eskatutakoaren laurden bat edo erdia emanda, ezkerraren mugimendua desmobilizatzen. Hori batez ere, mendebaldean gertatu da eta, Anttonek lehen iradoki duen bezala, Hirugarren Munduaren bizkar gertatu da. Halako batez ezkerra helburu gabe geratu zen duela urte batzuk; zergatik? Helburu nagusiak ekonomi arlokoak zirelako eta horietatik asko ongizatearen gizartearen bidez lortuta zeudelako. Hortik sortu ziren mugimendu alternatibo eta sozialak, ezkerrak jakin izan du mugimendu horiek bereganatzen eta horrek beste bultzada bat ematen die ezkerraren helburuei.
Beste zerbait ere gertatu daiteke, Hirugarren Munduan ezkerraren helburuak ohiko ekonomikoak izatea eta herrialde garatuetan bi helburu bereiztea: batetik, soldatapeko mundutik at geratzen diren sektoreei laguntzea, eta bestetik, soldatapekoen bizibaldintzak hobetzea edo honen inguruan dauden arloak laguntzea, esate batera, feminismoa, ekologia eta hori dena. Euskal Herrian badira pobrezia guneak, mendebalde guztian bezala, baina oro har populazioak badu bizimaila duin samar bat gutxienez. Langileriarengan edo lan egiten duen jendearengan, langabetuengan... ikusten al duzue gizartea aldatzeko interesik?
A. KARRERA . Egia da hemen lana duenak nahiko bizimaila ona duela. Baina bestelakorik ere bada. Adibidez gazteek dituzten lan baldintzak, soldatak edo biharko egunerako duten etorkizunari begira, egoera batere ona ez dela konturatuko gara. Ekonomi globalizatu honek diru asko jarri du mugimenduan eta batzuek soldata onak dituzte, baina ez guztiek, lan mota batzuetara ez dira soldata horiek iristen eta horrela jarraitzen badugu, hemen ere multzo batzuk nahiko baztertuak geratuko dira. Azken urteak onak izan dira baina honek ez du beti horrela iraungo. Horrez gain, hemen oraindik langabezia handia dago eta inkestek ere hala diote, Euskal Herriko arazorik handiena langabezia dela. Gaur egun, beste arazo batzuk medio, hori estali egiten da, baina horrela da.
J. ZABALO. Gauzak aldatzeko gogo gutxi ikusten da bai, hori horrela da. Ezkerreko alderdiek ere eragina galdu dute eta, besteak beste, formazio lana askoz ahulago dago. Bikilak lehen esan duen bezala, ezkerrak zikloak ditu, batzuetan goian dago eta hurrengoan behean; gaur egun behean dago baina, dirudienez, gorantz egiteko gogoarekin. Anttonek esan duen bezala, arrazoiak badaude beste jarrera batzuk bultzatzeko baina egia da iraultza proiektu gutxi dagoela.
BIKILA. Baina baldintzak badaude, hori bai. Egindako galderan, dena den, bada tranpa txiki bat. Oso zaila da gizarte bat aldatzeko gogoa, gizarte zabalera heltzea, gizarte desberdin baten alternatiba presente eta errotua ez baldin badago. Jendea gogoz edo etikaz edo kristau sentimenduz, soil-soilik, ez da mugitzen. Eta lehen jorratu dugun bezala, gaur egun sozialismoa ez da agertzen alternatiba bezala eta kapitalismoa da jaun eta jabe mundu osoan, are gehiago kapitalismoaren aurpegi lazgarriena eta gogorrena, liberalismoa. Liberalismoak badu zenbait tokitan aberastasuna sortzeko gaitasuna. Liberalismoaren helburu handi bat gizartea atalka banatzea izan da. Hori Ameriketan gertatu da batez ere. Atal horietan liberalismoak indar gehiago edo gutxiago dauka.
Gaur egun Euskal Herrian argi dago oso ondo bizi den sektore bat dagoela eta horrek ez du aldatzeko gogorik. Beste sektore zabal batek gizarte hobeago baten aukera ikusiko balu, ba mugituko litzateke eta hori da gure erronka. Eta gero badago beste sektore bat, Anttonek aipatu duena bereziki, nire ustez gogoz dagoena. Arazoa da gogoa ez dela nahikoa eta jendea lanean jartzeko eta lan hori produktiboa izateko, gauza asko aurrera eraman ahal izatea behar dela. Baina gaur egun, langabetuak ez ezik, badago sektore bat lan eginaz pobretzen ari dena, orain dela 50 urte bezala. Gaur egun badago sektore bat bederatzi eta hamar ordu lan egiten duena eta horrekin ez zaio nahiko egungo estatusari heltzeko. Sektore horietan badago aldatzeko gogoa eta gainera ikusten da egin diren adierazpen xumeetan: soldata sozialaren aldeko ekintzan, 35 orduko greba arrakastatsuan... Jendeari helburu konkretuak eta bitarteko konkretuak jartzen zaizkionean, mugitzen da. Baina beti ere kontuan izanik, gauzak goitik behera aldatzeko egoerarik hoberenean ez gaudela. Hemen oraindik aktiboa den masa kritiko bat dago eta horretaz baliatu behar dugu biharko aldaketa gaur ereiten jarraitzeko.
I. URRESTARAZU. Egoera zein den esplikatu dezaketen elementu batzuk daude. Alde batetik, "sozialismoaren" porrota dago, Sobiet Batasunarena, eta horrek pisu handia du. Bestetik, errealitatea berez soziologikoki eta sozialki gogorra da. Sektore asko egoera larrian dago: langabetuak, zabor kontratuak dituzten gazteak, laguntza eskasak dituztenak... Zer gertatzen da? Errealitate gogor horiek kontrajartzeko iruzurrak daudela. Kontsumismoa jendea kontrolatzeko eta halako fikziozko zerutxo bat mantentzeko botereak duen elementu oso garrantzitsua da. Telebistak berak ere errealitate birtual bat eratzen du. Demokrazian sartu ginenetik, jendeak alderdiengan delegatu du eta delegazio hori hor geratzen da. Alderdiek promesa asko egiten dituzte, eta gainera komunikabideak beraien esku daude. Gobernua bera, EAJ bere eraikuntza nazionala egiten ari da egunero. Hor ditugu kirol portuak, Guggenheim, autobideak... Aurrerapen diskurtso hori oso barneratua dago eta badirudi diskurtso horrekin dena konponduta dagoela edo epe oso laburrean konponduko dela. Bitartean laguntza batzuk ematen dira eta orduan jendea lasaitu egiten da hein batean. Eskerrak oraindik haserre dauden sektore batzuk geratzen diren.
J. ZABALO. Jendeak iraultzan edo horrelako makroproiektu batean ez sinestearen arrazoia eta arazoa ezkerrak berak dauka. Orain dela urte batzuk, "egin dezagun sozialismoa eta dena egingo da" esaten zen. Horri kritika egin zitzaion eta, arrazoiz, zeren sozialismoa lortuta gauzak ez dira etorriko aurretik ez badira landu. Hori gizabanakoaren etikarekin lotzen badugu, zer gertatzen da gaur egun? Ezkerrak onartu egin du hori eta hor daude ekologismoa, feminismoa, gizarte lana edo nazio arloa. Badirudi gauzak atalka lor daitezkeela eta ezkerrak jendeari gauzak globaltasunaz ere lortu behar direla helarazteko mezu hori galdu du. Jendeak ez du sinesten horrelako hitz handietan, sozialismoan eta halakoetan, beharbada batzuetan gehiegi galtzen garelako borroka partzialetan. Eta, noski, jendearen gogoa eta ilusioa pizteko ere beharrezkoak dira horrelako proiektu handiak.
I. URRESTARAZU. Honekin lotuta dagoen beste faktore bat daukagun auzi politikoa da. Hogei urte daramatzagu borroka politiko demokratiko baten inguruan baina eduki sozialik gabekoa da, eta horrek badu zeresana eta zer egina.
BIKILA. Ados nago Julenekin gizartea aldatzeko edo iraultzarako gogo hori berpiztu daitekeela, baldin eta ezkerrak gauza asko aldatzen baditu eta aldaketen aurrean irudimentsua izateko gai bada. Aldaketa horretarako subjektuak zeharo aldatu dira. Langileria hor dago, ez da desagertu subjektu politiko eta subjektu sozial bezala, baina garbi dago ez duela eta ez duela izango guk garai batean uste genuen zeregin bera. Beste mugimendu sozialak ere plazaratu dira. Gaur subjektu ezberdinek daukate interesa sozialismoarekiko edo gizarte aldaketarekiko. Mundializazioaren aurkako mugimendu hori, esaterako, oso ezberdina da gure garai haiekiko. Gaur egun esaten da mugimendu hori artxipielago edo eltxo multzoaren bidez funtzionatzen ari dela. Zenbait tokitan erakunde iraunkorrik gabe dihardute, Interneten bitartez eta mugimenduak Interneten bidez segituz. Mugida bat badago, abisuak pasatzen dira, eta jendea nazio batetik bestera mugitzen da. Gure atzetik datozen horiek bere bideak aurkitu beharko dituzte eta segur aski guk ezagutu ditugunekiko diferenteak izango dira. Eta horiengan itxaropena izan behar dugu.
Zein da ezkertiarra Euskal Herrian zuen ustez eta zein arazo daude ezkertiar mugimendu horren oihartzuna gaur egun dena baina handiagoa izan dadin, eta hori ikuspegi sozialetik aztertuta; gero jorratuko dugu gatazkaren eragina.
BIKILA. Ezker politikoa, ezker soziala, ezkerreko mugidak eta ezkerreko jendea bereizi behar ditugu, nahiz eta denak modu batean edo bestean lotuta egon. Horiek guztiek oraindik badute beren indarra Euskal Herrian. Zera gertatzen da, horiek hauteskundeetan, grebetan, ekintza politikoetan edo inkestetan irudikatu nahi ditugunean, oso era diferentean agertzen direla. Esate baterako, inkestetan garbi agertzen da ezkerrekoak diren zenbait ikuspegi etiko, -besteekiko elkartasuna, odola ematea, Hirugarren Munduari ematen zaion laguntza, gutun sozialaren aldeko sinadurak...- Euskal Herrian Espainiako Estatuko beste zenbait tokitan baino askoz zabalduago daudela, eta beraz ezkerreko jende gehiago dagoela. Baina gero alderdietan eta hauteskundeetan beste era batean gauzatzen da hori. Botoak ematerakoan batzuek gauza bati ematen diote garrantzia, beste batzuek abstentziora jotzen dute. Hortik ideia garbi bat ateratzea oso zaila da, baina, hala ere, hemen ezker bat badago eta izugarrizko erronka dugu oinarrizko puntu batzuetara heltzeko, indarrak metatzeko eta eraldaketa sozial eta nazionalerako abian jartzeko. Hori lortzeko, gaur egun hori oztopatzen edo beste era batean eramaten duten zenbait arazo gainditu beharko dugu segur aski: alderdien zatiketa, gatazka politikoak duen eragina... Horretan asmatzea ez da erraza eta errazagoa da esatea egitea baino.
Hori zehaztu daiteke? Ezkerraz hitz egiten ari gara, baina zein da ezkertiarra Euskal Herrian?
A. KARRERA . Oraindik ezker asko dago langilerian eta mugitu egiten da, ez da kasualitatea gutun sozialarekin gertatu dena, nahiz eta emaitzak azkenean badakigun zoritxarrez nolakoak izan diren. Hor badago ezkerra, badago ekologi munduan dabilen jendea eta emakumeen mugimenduan eta batez ere Hirugarren Munduarekiko elkartasunean. Milaka eta milaka pertsona daude beren erakundetan antolatuta, lan egiten dutenak. Gizarte honetan oso garrantzitsuak dira horiek. Gero, zein dira ezkerrekoak hemen? Jakina, nik ez dut esango gu ezkerrekoak garela eta beste guztiak ez direnik. Bi ezker baino gehiago daude herri honetan. Nik uste dut gure botoa ezkerreko botoa dela, eta arazo sozialetan guk hozka egin nahi dugu baina zoritxarrez ezin dugu egin komunikabideek eta horiek guztiek uzten ez dutelako, hori ezin da memento honetan aipatu ere egin. Nahiz eta mila gauza edo gauza bat egin, ez zara existitzen. Nik ez dut esango EHren inguruan ezkerreko jendea ez dagoenik, ezkerreko jendea hor ere badago, nahiz eta, nire iritziz, ezkerrekoa ez den jendea ere badagoen. Beren politika gaur egun ezkerreko politika bat baino gehiago, politika nazionalista da, eta horren ondorioz, gauza asko beren zentzutik atera egiten da. Hor ere botoa ematen ez duen gazte jende mordo bat dago, ezkertiar direnak. Beraien lan baldintzak oso txarrak dira eta biharko eguna oso iluna da beraientzat. Horiek alderdietatik eta erakundeetatik kanpo daude, eta hor alderdiek izugarrizko ahalegina egin beharko dute.
Duela gutxi Elkarrik egin zuen proposamenera mila pertsona joan ziren gutxi gorabehera. Joan ziren pertsona horiek ezkerrekoak ziren? Gehienak ezkerrekoak ziren. Ezker hori badago, gertatzen dena da eta lehenago Iñakik esan du, beste politika horrekin askotan ezkerrekoak ere bata bestearen aurka gabiltzala. Hori gainditu beharreko gauza da, horrek izugarrizko kaltea egiten baitio ezkerrari herri honetan.
BIKILA. Hemen, ezkerra anitza da, agian beste tokietan baino anitzagoa. Ezkertasunaren inguruan dauden ikuspuntu ideologikoez gain, nazio arazoak ezkerra biderkatzen du. Espainian sozialdemokratak, erreformista ezkertiarrak eta muturrekoak baldin badaude, hemen hori bikoiztu egiten da. Eta horiek beren abizenak dauzkate eta denok dakigu zeintzuk diren gutxi gorabehera. Horiek ezker politikoak dira, baina gero sindikatuak eta afiliatuak daude eta sozialki ezkerraren barne daude. Mugimendu kooperatiboetan eta mugida internazionalistetan dabilen jendea ere ezkerrekoa da, eta Euskal Herrian pila bat daude. Horiek denek ezkerraren firmamentoa osatzen dute eta gainera gizartean bere eragina dute. Garai batean langileari alderdi bat eta gehienez bi zegozkion, eta gaur jende askok gauza batzuetan ezkerrera jotzen du eta besteetan ez. Eta gehienetan afiliazio politikoa batekiko dauka. Gaur egun ezkertiarra izatea gauza nahasia da, bai hemen, bai Frantzian eta bai Brasilen.
I. URRESTARAZU. Ezkerraren kontzeptua esanahi oso gutxikoa da niretzako. Niretzako zerbaitek zentzua badu, sistemaren kontra, edo nolabait sistemaren oinarriak zalantzan jartzen dituen jendea, mugimenduak edo korronteak dira. Nahiz eta boterearen diskurtsoa masiboki inposatua egon, oro har, aurrerapena, garapena, kontsumoa... kalean sindikatu eta langileen sektore batzuk borrokan ari dira, baita okupak, ekologistak eta energia planak zalantzan jartzen dituztenak ere.
Alderdi ofizialek eta sindikatu gehienek ez daramate politika zuzen bat, ez dituzte borrokak behar liratekeen tokietan kokatzen. Euskal Herriko auzia goitik behera gaizki planteatuta dago. Nik lehen aipatutako mugimendu horiengan sinesten dut, gainera herriaren protagonismoa inondik ateratzekotan, horiengandik aterako da. Beste gizarte eredu bat eraikitzekotan, horiei jarraituz egin beharko da, era horizontalago batean, beste harreman batzuen bidez, burokraziaren kontra eginez.
J. ZABALO. Gaur egun nahiko zaila da deiturak ipintzea. Lehen ezker politikoa oso argi zegoen, alderdi komunista bat eta bere militanteak eta afiliatuak zeuden. Gaur egun ezkerrak aliantzak egitera jo du, eta Ezker Batua edo EH ez dira alderdi klasikoak. Hor askoz zailagoa da jakitea nor den ezkertiarra eta nor ez. Batez ere herritar aliantzak bilatzen dira kontuan hartuta ezkerra ez dagoela gaur egun bere mementorik onenean. Beste alde batetik, mugimendu sozial guztiak ezin dira ezkertiartasunean sartu eta Euskal Herrian, gainera, kristautasunaren eraginez edo kristau demokraziaren eraginez, hainbat pertsona mugimenduetan ari da lanean ezkertiartzat jo ezin direnak, nahiz eta ezkerraren balio klasikoari, elkartasunari, eutsi. Elkartasunaren alde dagoen guztia ezkertiarra da? Aspaldiko kontua da, ezkerrak askotan esan du elkartasuna behar dela, baina zentzu askatzaile bat duena. Hirugarren Munduko mugimenduan dagoen pertsona bat ezkertiartzat jotzeko, helburu askatzaile bat izan behar du eta ez laguntza ekonomiko hutsa eman.
BIKILA. Horiek ezkerrekoak dira? Beste horiek ez? Elkarriren bileran elkartu ziren gehienak ezkerrekoak ziren? Ikuspuntuaren arabera, izango dira edo ez. Ez dugu ezkertasunaren definizio oso zehatz bat eta gaur egunean ezin da egin. Ezkerra gaur egun putzu sakon bat da zorionerako eta zoritxarrerako. Agian beste memento batzuetan egongo da definituagoa gaur baino, eta ez dakit onerako izango den.
I. URRESTARAZU. Lehen esaten genuen gaur eguneko ezkerra eta orain dela 20-30 urteetakoa konparatuz, diferentzietako bat horixe da, gaur egun ez dakigula ondo nola definitu ezkerra. Definitu ahal dugu Euskal Herrian nazio programa bat edo gizarte arloko programa partzial bat, baina ezkerra definitzerakoan galdu egiten gara.
A. KARRERA . Gauza bat da ideiak edukitzea eta beste bat borroka egitea. Saramagok "Caverna" liburuan esaten du ezkertiarra, nahiz eta behin eta berriz bere borrokaren helburuak ez lortu, etsitzen ez duena eta bere planteamenduak defendatzen jarraitzen duena dela. Batzuek hori ere ez dute egiten. Mantentzen dena da ezkertiarra, helburua ez lortu arren, gizartearen onerako delako, borroka egiteko prest dagoela eta jarraitu egiten duela.
BIKILA. Antton, neure burua hor kokatuko nuke eta agian beste batzuena ere bai, baina batzuek esango dute hori ezker utopikoa dela. Ezkerra da ere eraikuntza lortzen duena proiektu konkretuetan eta askotan horretarako bere birjintasuna galdu eta lan egin beharko du toki askotan, itundu behar du badakigu zeinekin, etsaiekin ere... Hori ere egiten da, hori ere ezkerra da, zergatik? Gauza onak ekarri dituelako. Hori definitzeko oso zaila da. Badago integratu ez den ezker bat, marjinaltasunean edo beti sistemaren ertzetan ibili dena, eta baita beste ezker bat ere sisteman leporaino sartu dena eta bere izaera utzi edo galdu duena. Baina esaiezu PSOEkoei beraiek ez direla ezkerrekoak, ea zer erantzuten dizuten.
J. ZABALO. Baina hori errazago egiten da beharbada gure ingurutik kanpora ateraz gero, Blair-ekin esaterako. Blair-i buruz galdetuz gero, jende gehienak ezetz esango du.
BIKILA. Gutako gehienak ezker iraultzailetik, ezker klasistatik, ezker antisistematik gatoz, baina beti egon da ezker liberala. Frantziako Iraultzan ezkerrekoa izatea ez zen komunista izatea. EAk ere bere burua ezkerrekotzat dauka. Ezker liberalismoa izan da ezkerrekoa zenbait zentzutan, lehen aipatu dugun gizabanakoaren askatasuna asko goraipatu du eta guk gaur egunean ezker horri hori zor diogu. Baina diskurtso hori ez da adostasun handikoa izan urteetan zehar ezkerrean; pertsona iraultzaren, alderdiaren menpe zegoen, eta azkenean hori, "gerturik daukagu odola".
Nola eragiten dio Euskal Herrian bizi den gatazka honek ezkerrari?
J. ZABALO. Alde eta kontra. Ezker politikoaren barruan sartzen den edo sar daitekeen jende kopurua Europako beste leku batzuetan baino handiagoa da eta horrek ez du esan nahi horren barruan denak ezkertiarrak izango direnik. Alde negatiboa oso argia da: nazio gatazkak gizarte arloko borrokari espazioa jan dio eta ezkertiartasunaren potentzial bat baliogabeturik geratu da.
I. URRESTARAZU. Akats handia da duela hogei urtetik hona euskal nazio arazoa arazo demokratiko gisa planteatu izana. Nazio arazoa klase arazo bat da eta klase arazo bezala planteatu beharko litzateke. Hogei urte daramatzagu nazio arazo horren eduki nagusiak hustuz eta inguru demokratiko huts eta soil batean kokatuz. Ondorioa zera da, asko demokrata huts bihurtzen ari dela eta eduki sozial edo ekonomikorik gabeko zerbait planteatzen ari dela. Horren ondorioak oso latzak dira, horrek EAJrekin, hemengo burgesiarekin, aliantzak ekarri ditu, baina maila oso konkretuetan. Aurrekontuetan baiezkoa eman zitzaien, eta bertan, besteak beste, zipaioei 50.000 milioi pezeta (2 miliar bat libera) ematea eta diru pila bat energia proiektuak aurrera eramateko bideratzea jasotzen zen. Energiari buruz ari garelarik, denen artean erabaki behar dugu zein energia plan nahi dugun. Gaur egungo gobernu eta parlamentuaren bidez, eskuinak erabakitzen du energia planek nolakoak izan behar duten. Azken finean hemen eraikuntza nazionala egiten ari dena benetan eta egunero EAJ da. Egunero ari da plan energetikoak, autobideak, Guggenheim, kirol portuak... aurrera eramaten. Ondo diseinatuta gainera, Europaren barne, nukleo ekonomiko boteretsu bat duela, lehiakorra izan daitekeena, erakargarria kapital handientzat... Ezker abertzalea proiektu horiek guztietan sartu da bere eduki guztiak ahaztuz, erabat demokratiko bihurtuz eta borroka desbideratuz.
A. KARRERA . Gure arazoa ez da klase gatazka bat dugula, gure arazoa herri honetan historian zehar gauzak gaizki konpondu direla da. Franco hil zen garaian gaizki konpondu ziren, eta horren ondorioak dira egungoak. Gainera, Urrestarazu, zuk esan duzunarekin nahiko kontraesan dago, hemengo egoera klase gatazka balitz, eta EAJk hori egiten badu, orduan EAJ zer da? EAJk zer defendatzen du?
I. URRESTARAZU. Bere esparrua.
A. KARRERA . Ezkerra badago, baina ezkerra zatitua eta eztabaidatua dago. Hemen dugun gatazka honek borroka sozialari kalte egiten dio, azken urteetan batez ere. Eta honela jarraitzen baldin badu, gero eta gehiago egingo dio. Eta horrek estali egiten ditu beste arazo guztiak. Zuk egiten dituzun kritika batzuekin ados egon naiteke, adibidez, gutun sozialaren gaia ondo eraman eta gero, parlamentura eraman da eta parlamentuan Euskal Herritarrok ez da egon. Horrek argi adierazten du arazo sozialei ez dietela garrantzirik ematen.
Hemen gauza asko daude ezin direnak atera, adibidez, ez dugu ezer esan zergak erabiltzen diren moduari buruz, hemen izugarrizko iruzurra dago. Oso garrantzitsua da hori nola erabiltzen den ezkerreko politika egiteko.
BIKILA. Nazio arazoarekiko jarreran, ezkerraren zati handi bat beti inperialismo eta estatuen alboan jarri da, ezker eraldatzailea oso despistatuta ibili da urteetan, batzuetan akritikoegi. Irlandan, Euskadin, erradikaltasun itxura zuelako akritikoki alde egon da. Orain berriz, ekialdean arazoak sortu direnez, arazo nazional guztiak kaltegarriak dira. Beraz, ezker jatorra ezin da nahastu nazio arazoekin. Kasu batean zein bestean horrelako jarrerak kaltegarriak dira, ezkerrak konpondu egin behar ditu arazoak, arazo ekologikoak eta bestelakoak. Baita nazio arazoa ere. Euskal Herrian nazio arazo handi bat dago eta egia da nazio arazo hori azken finean klase arazo bat dela. Baina hori gauza guztiekin gertatzen da. Demokraziaren azken aldian ere klase arazo bat dago, baina politikoki ez da horrela definitzen. Gaur egun Euskal Herriko gatazkaren ezaugarri nagusiena demokrazia defizit handi bat dagoela da eta Estatuak bere garaian lapurtu egin ziola Euskal Herriari autodeterminazio eskubidea gauzatzea. Autodeterminazioaren ukapen hori gatazkaren oinarrian dago. Eta gatazkaren oinarrian dagoen joera armatuaren estrategia hori deribazio bat da, estrategikoki modu batean edo bestean juzgatu dezakeguna. Ezkerrak bi aldetan egon behar du, demokraziaren aldetik autodeterminazio eskubidearen aldeko joera izan behar du, eta indarkeria egoera honetatik ateratzeko konponbide demokratiko baten aldeko indarrak eta joerak metatu behar ditu. Indar eta joera horiek ez dagozkio bakarrik ezkerrari, baita ezkerrekoak ez diren baina demokrata den jende askori, abertzale izan ala ez. Horren inguruan fronte bat metatzea oso inportantea da. Hori lortuko bagenu, arazo larri bat konpontzeaz gain, gaur egun blokeatuak dauzkan indar politiko eta intelektual asko bideratuko lituzke beste alorretara. Ez gara konturatzen hemen euro-hiriaren diseinuarekin, lurralde antolaketarekin, azpiegitura erraldoiekin eta bilakatze ekonomiko liberal horrekin gure kontroletik kanpo dagoen naziogintza egiten ari direla. Eta horretara dedikatzeko, gure indarrak eta gatazka bideratu behar ditugu.
I. URRESTARAZU. Trantsizio garaian lortu zena lortu ahal zena izan zen. Burgesia eta ezker kolaboratzaileen arteko itun bat izan zen, Moncloako ituna. Eta handik etorri ziren Konstituzioa eta Estatutua. Trantsizioa bukatu zen, faxismotik burgesia demokratikoa etorri zen bezalakoa izan zen eta puntu. Akatsa defizit demokratikoa dugula hainbeste denboran mantentzea izan da. Planteatu behar zena eta dena zera da, nazioa arazoa klase borrokari erabat lotu behar zaiola. Nazio arazoa ez da muga kontua, ez da lurraldetasuna eta euskara defendatzea bakarrik, nazio arazoa dena da: herri zapalduak bere aukera, bizimodu eta etorkizunari buruz arlo guztietan erabaki ahal izatea da. Nazio arazoa ezin da konpondu arazo guztiei batera irtenbidea ematen ez bazaie. EAJ eta abar globalizazioaren ildoan ari dira. Nola aliatu gintezke demokrata izeneko hauekin, baldin eta hemen neoliberalismoaren oinarriak nagusiak badira? PP eta besteengandik ez dira apenas bereizten, azken finean ekonomia mailan, programetan, ados daude ia. Demokrazia burgesiaren diktadura bat da, eta hor barnetik ezin da ezer egin, hori goitik behera aldatu behar da. Aldaketa hori Europa mailan kokatu beharko da, beste harreman batzuetan, globalizazioaren aurkako borroka batean... Bestela, demokraziaren inguruan hamar mila urte arituko gara eta azkenean, beren modelo guztiak goitik behera inposatuko dizkigute, EAJ eta hemengo burgesia inposatzen ari zaizkigun bezala.
Gaur egun bizi ditugun egoera zehatzak kontuan hartuta, bai sozialki, bai politikagintzan, zeintzuk izan daitezke euskal gizarteko ezkertiar guztien gutxieneko helburuak? Zer izan dezake ezkerrak modu bateratu batean egiteko?
A. KARRERA . Euskal Herriko ezkertiar batek demokrazia zentzu zabalean defendatu behar du, demokrazia politikoa eta barne demokrazia, eta ez gaur egungo demokrazia. Ezkertiarrak askatasunaren zentzu oso zabala izan behar du eta askatasunari ezin zaio aterik jarri. Euskal Herriak erabakitzen duena egin behar du eta hori gehiengoak erabakitzen duena izan behar du beti. Halaber, gizarte hau aldatzeko proiektua eduki behar du. Kapitalismoak daraman politika, globalizazioa eta merkatua jaungoiko bihurtzea, ezin ditugu onartu. Elkartasunerantz eta sozialismorantz doan bide bat ireki behar du. Eta jakina, nahitaez internazionalista izan behar du. Horiek gabe, ezin da nik nahi dudan bezalako eta nik definitzen dudan ezkertiarra egon.
BIKILA. Gauza guztiek zentzu hertsi bat eta zentzu zabal bat daukate, eta hemen arriskua daukagu gauzen inguruan beren zentzu hertsian eztabaidatzeko. Egia da kontrako arazoa badagoela eta normalean zentzu zabalean eta tribializatuz hitz egiten dela, demokraziak duen esanahian sakondu gabe. Zaila da, ezinezkoa ez baldin bada, ezkerrak Euskal Herrian aurrera egitea bide demokratikoak eta demokrazia helburu dituela argi eta garbi adierazten ez badu. Ezkerreko guztion apustua da demokrazia finkatzea eta indartzea, eta horren alderdi batek nazio alorrekoa izan beharko du jakina, autodeterminazioa eskuratuz eta autodeterminazioa herrigintzarekin lotuz. Bigarren gauza inportantea egoera sozialari dagozkion helburu horietan elkarlanerako gune bat lortzea da. Ordu murrizketaren aldeko borroka horretan, sindikatuetatik, partiduetatik, instituzioetatik aritzea, eta baita sozialgintzan, gizarte soldatarekiko lan komuna aurrera eramatea eta bultzatzea. Eta horrekin lotuta ekologia ere oso inportantea da.
Definizioetan ezkerra zer den eta zer ez den ez galtzeko, ezkerra zeren inguruan elkartu beharko litzatekeen argi daukat; puntu horietan ados bagaude, horrek esan nahi du maila horretan behintzat denak ezkerrekoak garela (Arragoa ponentziatik irakurtzen du): "Enplegu betearen eta lan banaketaren bataila geure gain hartzea; pobreziaren forma zahar eta berrien aurka borrokatzea; gizarte soldata eta enplegu betearen alde, 35 orduak eta gizarte eskubideen gutuna exijitzeko konpromisoa; arrazista eta baztertzailea izango ez den politika berri baten alde egitea; etxeko lanak eta pertsonen zainketa etxeko guztien artean egin beharreko zeregintzat hartzea, gizarte zerbitzuak errebindikatuz eta zereginok gizonezkoen eta emakumezkoen artean ekitatez banatzea; sexualitate librea eta diskriminazio ororen amaitzea errebindikatzea"; eta hauei gehitu beharko litzaieke bizi dugun gatazkaren inguruko gutxieneko adostasuna. Ideia hauen alde gaudenok, nire ustez, ezkerrekoak gara eta gai horien inguruan elkarrekin joatea gauza polita litzateke. Puntu hauek banan-banan aztertuz gero, ezkertiar guztiok ados egongo ginateke. Zergatik ez goaz horien inguruan elkarrekin? Gatazkaren inguruko arazoek baldintzatzen gaituztelako.
I. URRESTARAZU. Nire ustez honakoak lirateke ezkerrak elkarrekin gauzak egiteko behar diren baldintzak. Batetik, Bikilak aipatu dituen horiek, jakina. Bestetik, herriaren aurka dauden proiektu erraldoien aurka jartzea (Abiadura Handiko Trena, proiektu energetikoak, autobideak...), hau da, EAJk eta eskuinak nahi duten eraikuntza nazional horren aurkako joera; sozialismoaren baloreak landu, garatu, defendatu eta zabaldu, ez demokraziarenak, sozialismoarenak baizik...
BIKILA. Baina zergatik kontrajartzen dituzu demokrazia eta sozialismoa?
I. URRESTARAZU. Demokrazia askatasunaren zentzuan bai, baina demokrazia hemen armada da, polizia, telebistaren kontrola... demokrazia hau diktadura hutsa da.
BIKILA. Demokraziaren inguruan zuk diozunarekin, sozialismoaz ere edonork esan diezazuke: "Eta sozialismoa zer zen, Sobiet Batasunekoa?"...
Hor eten genuen mahaingurua, mahainguruaren helburua ezkerraren gaia modu orokor batean jorratzea zelako eta demokraziaz hitz egiten jarraituz gero beste mahainguru bat egin genezakeelako. Hurrengo baterako, dena den, hortxe dago gaia.