"EUROPAK IRLANDAKO PROZESUA EXIGITUKO DU EUSKAL HERRIAN"

  • Euskal Herria abagune historiko berri batean murgilduta dagoela adierazi digu EHko Koldo Gorostiaga eurodiputatuak. Estatu-nazioak, giza eskubideak nahiz eskubide kolektiboak, ezker abertzalea eta herri honen etorkizuna izan ditugu hizpide berarekin.

2007ko otsailaren 21an
Zure aburuz, estatu-nazioen subiranotasuna desagertzen ari da Europan, subiranotasun politikoa ez, ordea. Zein egoeran daude estatu-nazioak, uneon?
Nazio-estatuen subiranotasunaren krisia erabatekoa da. Esaterako, Espainiako Estatuaren Konstituzioaren 96. artikuluan subiranotasunaren murrizpena onartzen da; subiranotasun parte batzuk eman zizkion Europari 1978an, gerora Europako gainontzeko estatuekin bat egitea posibilitatu zuena. Europan, adibidez, auzitegi bat dago, honen ordezkaritza herriarena izaki. Prozesu natural bat bizitzen ari gara, 1991n, Maastricht-eko itunarekin garatzen hasi zen subiranotasun murrizpena, eta orain, Nizako hitzarmenaren ondoren gauzatzen ari da.
Alta, bada, diskurtso politiko unibertsalaren arabera, subiranotasuna herriarengan gauzatzen den zerbait da. Herria da subiranoa. Europar herririk ez dugu, ordea; Europan herri asko dago. Etorkizunean printzipio horiek eragina izanen dute. Herriak ez du galtzen azken hitza, Espainiako Konstituzioak ere herriak azken hitza duela dio. Europako Batasuna ikuspegi demokratiko batetik eraikitzen bada hori ez da sekula aldatuko. Sistema guztietan -demokraziaz ari bagara- herriak ez du sekula galtzen botere hori.

Estatuen subiranotasunak muga bat duela esana duzu ere, giza eskubideen muga.
Giza eskubideen eremuan subiranotasuna finkatu behar dugu egun. Europako estatu-nazioen subiranotasunaren edukina antzinako erregimena estatu modernoa (batzuek moderno deitzen dutena) izatera pasa zenean finkatu zen. Erregea zen subiranoa. Hura bota ondoren nazioari eman zitzaion boterea. Egungo giza eskubideak garai hartan jasotako erreferentziekin egin dira, orduan ez zen giza eskubideen erreferentzia hartzen subiranotasun muga gisara. Egun, demokrata gisa ariko bagara, ez dago beste erremediorik, subiranotasun guztien muga giza eskubidearena da.

Espainiak nahiz Frantziak eskubide kolektiboak giza eskubideak bezala hartzea eskatzen du EHk. EHri giza eskubideak ez bermatzea aurpegiratzen zaio, ordea.
EHk bere eginkizunetan giza eskubidearen erreferentzia hartzen du ardatzatzat. Eta baten batek esaten badigu hori ez dela egia, esan dezala noiz ez dugun onartzen. Nire kasuan (Europako Parlamentuan) ea noiz ukatu dudan giza eskubideen eremua hitzen edo ekintzen bidez. Nire hitzak aktetan daude. Beste gauza bat da zer esaten duten Espainiako komunikabideek.

ETAren ekintzak direla-eta estutasunean ikusi zaitugu Europako Parlamentuan.
Oso memento gogorrak izan dira, latzak. Ez dut ukatzen. Baina nork ezartzen ditu giza eskubideak zalantzan Europako Parlamentuan, nik ala espainolek? Hor daude espainolek esandako hitzak eta nireak. Prest nago akta guztiak kontrastatzeko, bat bera ere utzi gabe. Azter dezagun haiek esandakoa eta nik esandakoa. Interneten daude.

Europako Parlamentuan zein irizpiderekin defendatzen duzu Euskal Herriaren arazoa?
Euskal Herrian gatazka luze eta zaharra dago. Espainiarren ikuspegi bakarra, arazo bakarra, "terrorismoa" da beren hitzetan. Ez omen dago arazo politikorik. Euskal Herrian indarkeri anitzak -molde ezberdinetan azaltzen direnak- daudela defendatzen dut nik, eta horiekin bukatzeko indarkeria horien guztien azterketa egin behar dela. Espainolek eta frantsesek ez dute azterketa hori egiten, eta nik ez dut urrats txikiena ere emango arazo politiko horri irtenbide politiko bat ematearen aurka ari diren bitartean. Ahalaz ez dut esaldi txikiena ere erabiliko irtenbide politikoa oztopatzeko, finean euskal gizarteari kalte eginen baitiot. Batzuek ez dute inolako ahaleginik egiten, hauteskundeetan etekina ateratzeko ez bada. Nik giza eskubideak kontuan hartzen ditut, Euskal Herrian premia handia baitago. Nik arazo politikoa konpontzeko ahalegin guztiak egiten ditut, baina besteek ez. Hori da nire salaketa.

Nizako goi-bileraren ondoren zein egoeran dago Europaren eraikuntza estaturik gabeko herrien ikuspuntutik?
Europako Batasunako hainbat estatu txikien artean -hala nola Europako ekialdean dauden estatu gai guztien artean; Polonia ezik denak txikiak dira- arrenkura bat jalgi da Nizako hitzarmenaren aurrean. Nizako esperientziaren ondorioz estatu handien jokaera -Frantziak izan duen jokaera, batez ere- salatua izan da. Estatu txikiek estatu familien espiritua delakoaren amaiera ikusi dute Nizan. Europako Batasunaren estatu txikien zerrenda oso luzea da, estatu kide direnen bi herena ez dira fido gaur egungo eraikuntzak daraman prozesuaz. Hartara, gu geuk, argiak, zehatzak eta ausartak baldin bagara baliteke bidelagunak aurkitzea. Esaterako, Estonia, Lituania, Eslobenia edota Txekiar Errepublika estatuek ikusten badute Europako eraikuntzaren eremuan kokatzearen ondorioz desagertzen ahal direla, bada, gurea bezalako estrategia defendituko dute.

Euskal Herriko gatazkak segitzen badu oraingo parametroetan, Europaren eraikuntza abagunea izan daiteke herri honentzat edo alderantziz?
Arazoa ez bada lehenbailehen konpontzen, nik bi aukera ikusten ditut Europatik. Bat: Euskal Herriaren nortasuna behin-betiko desagertzea -beste herri askorena barne- eta Espainiako eta Frantziako estatuek lortu ez dutena Europaren eraikuntza prozesuaren bidez lortzea. Edo bi: horrela ez gertatzeko, eta Europan bizi izateko gure eskubideen eta aukeren alde borrokatzea. Borrokaren ondorioz konpondu beharko da arazoa. Izan ere, Espainiako Estatuak beto-eskubidea du Europaren eraikuntzan; honen eraikuntza bere esku dago neurri batean, ez du kanpoko eskuhartzerik onartzen Euskal Herriaren arazoan.
Baina, Espainian torturatu egiten da, hau da, Europan. Eta gainera torturatzaileei barkamena ezezik dominak ematen dizkiete. Espainiako Gobernuaren erabaki horiek oso gaizki hartuak izan dira. Espainiak beto-eskubidea duenez eurodiputatuek dena irentsi egiten dute. Austrian gertatzen ari dena beste adibide bat da, giza eskubideen urratze nabariak izan dira han, baina Austriak ere beto-eskubidea duenez eurodiputatuek onartu behar izaten dituzte. Horregatik, azkenean, presioak izanen dira eta berandu baino lehen Europak erabaki bat hartu beharko du, Europak Irlandako prozesua hemen ere ematea exigituko du nik uste. Irlandako arazoa gurea baino askozaz zailagoa baita.

EHko eurodiputatua atera zinenean Lizarra-Garaziko Akordioa indarrean zegoen. Egungo gatazkaren parametroek laguntzen dute arazoa bideratzen Europan?
Gure arazoa inoiz baino gordinago ageri da Europan; parlamentuko osoko bilera ia guztietan azaldu da arazoa. ETAk tregoa eten ondoren Espainiako diputatuen salaketa oso bortitza izan zen. Nik Irlandako arazoa duela hamar urte aipatua izan zela Euskal Herrikoarekin batera eta Irlandako bake prozesua Europako Parlamantuaren laguntzaz gauzatzen ari dela azpimarratu nuen. Gure arazoa, artean, lehen baino okerrago izaki. Europan badakite zein testuinguruan gauden, parlamentuaren ekimenez landa ibilia naiz han-hemenka, ezker-eskuin, eta denek ezagutzen eta onartzen dute Euskal Herriko arazoa politikoa dela.

Arazoa ETAren jarduera biolentoa dela medio ezagutuagoa dela esan nahi duzu?
Ez. Arazoak gordinki agertu duela arazoa ez dela indarkeria. ETAk egiten duena arazoaren ondorioa da eta Europan badakite arazo sakon eta politikoa dugula. Gainera, nik ez dut nire kabuz arazoa ateratzen, normalean espainolek aipatzen dute arazoa.

Ezker abertzalea higadura jasotzen ari da. Abertzaleen artean ez dago Lizarrako Akordioaren garaian zegoen kontsentsua. Egun EHk ez luke eurodiputatu bat lortuko seguraski.
Lehen erantzuna: Nizako goi-bileraren ondoren Espainiako estatuak 14 ordezkari gutxiago izanen ditu Europako Parlamentuan. Orduan, oraingo arauak mantenduz gero -guztiz antidemokratikoak- eta hauteskunde-barrutia estatu mailan izatean, ez guk ez EAJk ez EAk, ezta hiruak batera joango bagina ere, ez da seguru diputatu bat aterako genukeenik. Nizaren ondotik 64 diputatu izan beharrean 50 izango dira Espainiako estatuan.
Bigarrena: bozka eman zidaten guztiek ontzat ematen dute EHren izenean esan dudan guztia. Ezker abertzalea oso anitza da baina inork ez dit zentsura gisako kritikarik egin orain arte, alderantziz.

Batasuna prozesuan agertu dira joera ezberdinak ezker abertzalean.
Ezker abertzalean joera ezberdinak daude betidanik. EHren eremuan badaude borroka armatua sekulan onartu, onartzen eta onartuko ez dutenak. Baina ezker abertzalean daude eta egongo direla uste dut. Fenomeno hau, kritikoak izatearena, ez da ETAren azken su-eten ostean agertu, betidanik egon da sektore hori.

Ezin da ukatu, errealismoa eta arrazionalizazioaren aukera galtzen ari dela Lizarra-Garaziko Akordioa osatu zenutenen artean, ezta?
Zure kezka gogoetarako elementu bat da bai guretzat, bai EAJ nahiz EArentzat. Hemen bi jarrera daude. Gure ustez, epe laburrera aukera historiko bat izango dugu berriz ere. Antzinako erregimenetik estatu modernora egin zeneko antzeko kontestuan edo aldaketa garaian gaude. XIX. mendeko estatuaren krisi ikaragarria errepikatzen ari da eta hemendik hamar urtera beste kontestu batean izango gara. Ausartak izan behar dugu, baina denok.

Ausartak baino errealistak izan behar dela diote EAJk eta EAk.
EAJ eta EA alderdi erabat kontserbadoreak dira, arrisku gutxi hartzen dutenak; itunak izan dituzte bidelagun. Orain, Europan mugimendu teluriko bat bizitzen ari da eta honek aldaketa eragin dezake EAJren baitan. EAJko batzuk horretaz ohartu dira, eta harrapatuak aurkitzen dira nolabait.

Lurrikara honek ezin al du eragin ezker abertzalean zatiketarik?
Guk ez dugu hori sentitzen, batere. Ez dago halako desorekarik. Ezker abertzaleak ikaragarrizko erronka dauka, baina gure egitekoa gizartearen transformatzailea izatea da, nolabait. Autodeterminazio eskubidea eta lurraldetasuna ezker abertzalearen ardatzak dira eta hor ez dago aldaketarik. Ez dago zatiketa izateko asti historikorik. Su-etenaren ondorengo hilabeteak oso azkar pasa dira. Datu bat: datorren urte hasieran Espainiako Gobernuak Europako gidaritza hartuko du.

Bien bitartean, Europako prozesu konstituzionalegileak lagunduko al du abertzaleen artean dagoen blokeoa laxatzen? EAJren eta ETAren arteko prozesu partekatu bat gauzatzea?
Garai batean IUko kideekin hitz egin nuen eta esan zidaten zaila zela Espainiako Estatuaren barruan lan egitea. Goazen Europara elkarrekin, esan nien. Bozketen %30etan bat egiten dut Europako ezkerrarekin. Ezker abertzalearen alor naturala Europako ezker alorra da. Honen eraikuntzan posible izan beharko luke gainontzeko estatu eta herrietako ezkerrekin bat egitea, eta EAJk eta EAk bere lagun naturalekin bat egitea. Nik EAJ eta EAri fermuki galdetzen diet nola egin nahi duten Europa. Garbi dago EAEko eremuan ez dugula adostasunik aurkitu. Baliteke eremu komun bat izatea Europan.

EGOERA DELA MEDIO...
1940an jaioa Bilboko Indautxun. Lapurdiko Hiriburun bizi da egun. Erretretan beharko luke honezkero eta ez duela eurodiputatu bere hautagaitza berrituko, erran digu. Gogorra da kargua. Gauza bat dela hautetsi izatea eta beste bat ia beti Europan bizi behar izatea. EAko Gorka Knörr eta EAJko Josu Ortuondorekin harreman gutxi izan du tamalez, ez berarengatik ordea. Berak harrera ona egiten die, baina egoera dela medio...


Azkenak
Ertzain bat atxilotu dute homizidio saiakera egotzita, lan orduetatik kanpo hiru pertsonari tiro egiteagatik

Ertzaintzak ertzain bat atxilotu du, hiru pertsona hiltzen saiatzea egotzita. Agentea lan orduetatik kanpo zegoen, eta deklaratu zuen bere buruaren defentsan egin ziela tiro furgonetan zihoazen ustezko hiru lapurri. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, gezurra da deklaratu duena.


Sardiniak ezetz esan dio kolonizazio energetikoari

Haize-erroten eta eguzki-plaken ezarpen zabalarekin kezkatuta, populazioa "espekulazio energetiko" gisa kalifikatzen duen joera bati aurre egiten ari da.


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


2024-08-08 | Sustatu
Twitterren alternatiben analisia: Bluesky, Mastodon eta Threads

Elon Musk-en jarrera ultra eta toxikoak egunetik egunera agerikoago izanik, X/Twitter noren eskutan dagoen edozeinek ikusten du. Berriz ere egunotan sare horretatik alde egiteko deiak eta agurrak ikusten ari gara, eta horren harira artikulu interesgarria irakurri dugu Electronic... [+]


Israel Donostiako Klasikotik kanporatzeko eskatu du Gernika-Palestina herri ekimenak

Larunbatean zeharkatuko ditu hiriko kaleak Donostiako Klasikoak, eta Gernika-Palestina herri ekimenak Israelek bertan duen presentzia salatu du, prentsaurreko batean. Adierazi dutenez, “genozidioa eteten ez duten bitartean” klasikoak ez luke Israel-Premier Tech... [+]


Egiazko arrazoia Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko

Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko helburua ez da erresistentzia ahultzea. Benetako asmoa da inteligentzian eta arlo militarrean bere nagusitasunaren irudia berrezartzea Israelgo iritzi publikoaren aurrean .


Puigdemontek esan du osteguneko inbestidura saioan izango dela

2017tik Bruselan dago Kataluniako presidente ohia, baina itzultzea erabaki du Generalitateko hurrengo presidentearen inbestidura eztabaidarako. “Normaltasun demokratikoko baldintzak ez” izatea salatu du, eta aipatu du itzultzeak suposatzen duen atxiloketa arriskua.


Donostian jarrera eta eraso arrazistak ugaritzen ari direla salatu eta borrokatzera deitu dute

Udaletxe aurrean eginiko prentsaurreko jendetsuan, Donostian gertatzen ari diren jarrera arrazista, klasista eta faxistekin kezka adierazi dute hiriko eragile sozial eta politiko ugarik. Irakurketa bateratua eskaini dute 37 eragilek, besteren artean, Ernai, GKS, Bilgune... [+]


Venezuelako oposizioak dei egin die poliziei eta militarrei gobernuaren kontra egitera

“Herriaren eta beren familien alde” jartzeko eskatu diete Edmundo Gonzálezek eta María Corina Machadok adierazpen bateratu baten bitartez. Maduroren gobernuak erantzun egin die, eta erabaki dute dokumentuaren sinatzaile biei “ikerketa penala... [+]


Israelgo armagile nagusiaren fabrika batera sartu eta gerrarako materiala suntsitu dute Erresuma Batuan

Palestine Action taldeak dio bere ekintzaileek astelehen goizean (abuztuak 6) Elbit-ek Bristolen duen fabrika "inbaditu" dutela. Ikerketa eta fabrikazio zentroa oso zainduta dago, eta espetxeko furgoneta bat erabili dute kanpoko perimetroa txikitzeko.


2024-08-07 | Euskal Irratiak
Oihana Goiriena
“Haserre gara, Polonia airos atera baita Pabloren kontrako salaketa frogatu gabe”

Osasun artak biltzen ari da Pablo Gonzalez Moskun une honetan. Joan den astean, Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen kazetaria bi urte eta bost hilabeteko preso egon ondoan. Poloniak leporatzen zion espioitza frogatu gabe libre atera da.


Talde ultraeskuindar baten errekurtsoak geldituta du Donostiako Loiolako Kuartelen salerosketa

Loiolako kuartelen afera ez dago bere onenean. Espainiako Defentsa Ministerioak eta Donostiako Udalak akordioa “aldi baterako” etetea erabaki zuten joan den astean, hilaren 18a baino lehenago ezin izango zutelako gauzatu, eta hori delako, hain zuzen, salerosketa... [+]


Eguneraketa berriak daude