Nolaz hasi zen Arabar Errioxan mahastiak ustiatu eta ardoa egiten zu bezalako irundar arkeologo bat?Lau seme ditut eta umetan oso indartsu eta ederrak ziren arren muki asko izaten zituzten. Sendagilea Errioxakoa zen, eta leku lehor batean bizitzea komeni zitzaiela eta, Errioxara joateko gomendatu zigun. Mahastiak ikusten hasi nintzen denborapasa, eta Toloñoko monastegiko etxalde hau aurkitu nuen. Mendizabalen desamortizazioarekin saldu zen, eta oso utzia zegoen.
Finka hau erosi nueneko istorio polit bat badut. Garai hartan 150 buruko artaldea eta Nemesio izeneko artzain bat bizi ziren bertako etxean. Euliak palaka jasotzen genituen. Nik Irunen negozioak nituenez, antolatutako ofizina bat banuen, eta kontuak oso zuzen eramaten genituen. Balantzea egiten hasi, eta "Nemesio, baina 30.000 pezetako galera egon da eta!" esan nion. "Bakarrik? Hemen askoz gehiago galtzen dira-ta!" erantzun zidan.
Zer dela eta erabaki zenuen "Chateau" bat jartzea?Mende erdi aldera frantsesak etortzen hasi ziren eta ondutako ardoak modan jartzen. Eta "château"a ekarri zuten, alegia, bodega bat bere lursailekin. Baina gero formula hori gainbehera etorri zen. Errioxako bodega denak Haro inguruan kokatu ziren, trenbidea bertara iristen zelako. Beraz, mahatsa bodegaz kanpo erosten zuten. Nik 1967an finka hau erosi nuenean château formula berreskuratu nuen. Beraz, ni ez naiz Españako Estatuan château bat jarri duen lehena, ni Châteaua berritzen den garaiko aitzindaria naiz. Hau ez da Gipuzkoa bezala. Gipuzkoan jabegoa oso sakabanatuta dago, eta hemen berriz jendea herrian bizi da eta lanera atera egiten da. Antza denez defentsa arazoei aurre egiteko prestatutako bizimodu antolaketa da. Lehen herriak murruz inguratuta zeuden, eta gauez herriko ate denak ixten ziren, barruan babesteko. Biasteriko ateak mende hasieran oraindik ere gauez itxi egiten ziren.
X. mendeko nekropolia aurkitu zenuten zure lurretan. Nola izan zen hura? Remelluri izenaren "uri" horrek hiria esan nahi du. Beraz, hiria hemen nonbait egongo zen. Inguru hauetan hiri eta nekropoli bat baino gehiago aurkitu direnez, finka erostean hemen ere egon zitekeela pentsatu nuen. Erositako finken dokumentazioak ikusiz, batek "hilobiak" izena zuen. Ez du, beraz, meritu handirik nire "aurkikuntzak". Indusketa arrunt xamar bat egin zuten, eta hilobiak agertu ziren alde denetan. Haitzean landutako zulo antropomorfo batzuk dira. Armando Llanosek ikertu zuen, eta badirudi birpopulazio garaiko nekropoli bat dela, X.-XI. mendekoa. Arabiarrak etorri zirenean, herri osoak ihes egin eta hustu egin zen; baina X. mendean arabiarrak Ebro utzi eta Duerora jo zuten, eta jendea (uste dugu iparraldetik) birpopulatzera etorri zen. Esaten denez Erramel izeneko arabar konte bat jarri zen bertan bizitzen, eta horregatik du izena "Remelluri": Erramelen hiria.
Harritu egin gaitu ardoa nola mimatzen duzuen ikusteak. Badirudi egun elikagaiak kantitateari begira egiten direla kalitatea kontuan hartuta baino. Zuek zer filosofia duzue? Orain kalitatea bilatu behar da. Behi eroen kontuak asko astinduko du egoera. Gehiago produzitu, gehiago irabazi eta azkarrago joateko mentalitate horrekin, ezagutzen ez ditugun elementuak erabiltzen ari gara, gehiegi arriskatzen dugu. Eskuetatik alde egiten ari zaigu. Guk 90 mahats hektarea ditugu, eta beti izan dugu kontu handia herbizidak ez erabiltzeko. Mahastiaren arazo handienetakoa belarra haztea da, belarrak indarra kentzen baitio. Belarra betidanik aitzurrarekin edo traktoreekin kendu izan da. Baina herbizida kimikoak askoz merke eta azkarragoak dira. Dena erretzen dute, eta akabo. Guk uste dugu hori azkenean ardora iristen dela eta ez dugu inoiz erabiltzen. Bestalde abono organikoak erabiltzen ditugu, zortez inguruan ardi asko baitago.
Diruzalekeria izugarria da. Abono organiko eta bestearen arteko aldea agian 2 pezetakoa da, baina 2 pezetagatik jendeak edozer egiten du. Herbizidekin edo eskuz kenduz zenbat gastatzen zen ikertu genuen eta 15-20 pezetako aldea ateratzen zen mahats kiloko. Beraz, merezi du. Ez dugu nekazaritza ekologikoa egiten dugula esan nahi, hori oso ikusia dago, baina saiatzen gara nekazaritza integratu bat egiten. Gaitz endemikoak sortzean (badira onddo mota batzuk mahasti osoa hondatzen dutenak) azufrea erabili behar dugu, beste erremediorik ez dago eta. Justu ezinbestekoa bakarrik erabiltzen dugu.
Askok mahasti zaharrak kendu eta berriak sartu dituzte ekoizpena hazteko... Kontu bera da. Mahasti zaharra kentzen da, ekoizpen gutxi duelako. Lan bera eginda mahasti zahar batek 1.500 kg. ematen badizkizu, mahasti berri batek 15.000 kg. eman diezazkizuke. Kontseilu erregulatzaileak ekoizpena mugatzen du, ezin da hektareako 6.500 kg.-tik pasa, baina denak pasatzen dira. Mahatsa kooperatibei saltzen dien nekazariari bost axola zaio, beretzat ez delako. Baina mahatsarekin ardoa egiten dugunok badakigu gehiegizko produkzioak kalitatea jaisten duela. Horregatik, batzutan mahastia oso indartsu datorrenean guk mahatsa kendu ere egiten diogu, geldiarazi eta hainbeste eman ez dezan. Nahiago dugulako kalitatezko 5.000 kilo mahats izan, txarra izan gabe ere kalitate gutxiagoko 10.000 kilo mahats izatea baino.
Iaz superprodukzio arazoak izatera iritsi omen ziren... Aurten produkzioa hainbeste hazi denez kontseilu erregulatzaileak neurri bat hartu du. Lur denak zentsatuta daude eta agiriaren arabera produzitu daitekeena pasatzen duen kantitate guztia deskalifikatu egingo dute, ez du Errioxako ardotarako balioko. Alegia, 6.500 kilo eman ditzakeenak 12.000 kilo ekoizten baditu, 5.500 kilok ez dute Errioxako izendapenik jasoko. Ardo hori etxe ondotik pasatzen diren turistei saldu beharko diete. Uste dut oso interesgarria izango dela hori. Beraz aldaketa garrantzitsu bat sumatzen da. Jendea kalitatea egin behar denaz kontzientzia hartzen ari da. Gainera Errioxako izendapenak ospe handia du, ardo ona egiten delako. Baina orain ikusten da toki askotan egin litekeela ardo ona. Konpetentzia handia dago, atzerrian oso prezio onean egiten ari dira ardoa: Zeelanda Berrian, Txilen, Argentinan...
Bi izendapen (Nafarroakoa eta Errioxakoa) egotea komeni da? Uste dut Errioxa izendapena zabalegia dela. Alfarotik hemengo muturrera 120 kilometro daude. Gaur egun mundu osoan bilatzen dena kontsumitzaileari zer hartzen ari den azaltzea da. Bai, ardo hau Errioxakoa da, baina zer aldetakoa, goikoa, behekoa...? Alfaroko klima bera Remellurikoaren ezberdina da. Ni azpi-izendapenen aldekoa naiz. "Arabar Errioxa" denominazioak egon behar luke, baina hori ezin da egin, Errioxa osoko mahatsa bilduz ekoizten duten negozio handiak daudelako.
Zein dira Arabar Errioxako ardoaren ezaugarriak? Arabar Errioxako mahastiaren ezaugarria da iparralderago, atlantiko aldera dagoela, eta esaten da ardo onak atlantikoaren eragina dutenak direla. Hein berean Jerez, Oporto, Bordeleko ardoa edo Galiziakoa ere onak dira. Horrez gain, Arabar Errioxa harrigarriki ongi orientatuta dago. Kantabria mendizerrak ipar eta mendebal-ekialdeko haizeengandik babesten du, eta gainera plano inklinatu bat sortzen da, eguzkiari begira dagoena. Arabar Errioxa osoan egun osoz jotzen du eguzkiak.
Lurra buztin-karea da. Ebro ibaiak lur alubialak sortzen ditu bi ertzetan. Lur hauek oso aberatsak dira, oso organikoak. Baina normalean lur aberatsetako produktuak lur pobreetakoak baino kalitate gutxiagokoak izaten dira. Arabar-Errioxako lurrak, berriz, mendikoak dira eta pobreagoak, mahastiak zailtasun handiagoak ditu hazteko, baina kalitate hobea ematen du. Orain arte ospea zutenak Errioxa garaiko ardoak ziren, Haro Errioxa garaikoa delako. Baina Haron bodega asko badaude trenbidea hantxe dagoelako da, ez beste ezergatik. Haroko bodegek mahastiak inguru hauetan izaten zituzten, beraz, etiketan Errioxa garaia agertzen bazen ere, Arabar Errioxako mahatsarekin eginak ziren askotan. Arabar Errioxak baldintza paregabeak ditu ardo ona egiteko.
Mahatsaren prezioarekin ardoarena jaitsiko da? Urteko ardoa asko merketuko da. Gure politika mahasti bat, ardo bat da. Eta aparteko urte bat izatean "Erreserba Handikoa" egiten dugu. Gurea ez da ardo merkea, 4 urteko ardoa eta 24 hilabetez barrikan egon dena ezin da merkea izan. Sei urtero barrikak aldatzen ditugu, eta barrika bakoitzak 80.000 pezeta balio ditu. Mahatsa kaxatan biltzen dugu, eta hondatuta dagoen mahatsa bereizi egiten dugu. Beraz, ez da ardo merkea, baina bai arrazoizkoa. Arazo bat dugu: batzuk oso prezio garestian jartzen dutela ardoa, jendeak garestia delako bakarrik ona dela pentsa dezan. Eta gainera saldu egiten da. Baina badakigu hemendik gutxira ez duela hainbeste salduko, kontsumitzailea ez delako tontoa eta konturatu egingo delako. Hemen bi ardo motek egon behar dute aldi berean. Batetik urteko ardoa, prezio merke moderatukoa, egunero edatekoa, atsegina dena. Eta igandetarako ardo batek ere egon behar du.
Arabar Errioxan aspalditik egiten da olioa, baina ez da komertzializatzen... Oliboa erromatarrek ekarri zuten Ebrora. Olibondo gehien produzitzen duena Andaluzia bada ere, kalitate onenekoa Ebrokoa da. Lehen izendapenak Tarragonakoa, Lleidakoa eta Alcañiz-koa izan dira. Olioa egiteko, ardoa egiteko bezala, produktu eta lanketa on bat behar dira. Hemengo oliba kalitate onekoa da, baina gaizki lantzen da. Olibarekin mahatsarekin bezala gertatzen da; jaso orduko prentsatu behar da, bestela galtzen joaten delako. Oxidatu egiten baita. Baina olibaren kasuan hemen hori ez da posible. Asteburuan jasotzen da oliba, mahastiekin nahikoa lan baitute astean zehar. Astelehenean eramaten dute prentsatzera kanpora, eta bitartean hartzitzen ari da. Autokontsumorako olioa produzitzen da hemen.
Zure hurrengo apustua bertako olioa egitea omen da... Duela 3-4 urte Donostiako Ormazabal ingeniariarekin ikerketa bat egin genuen hemengo olibaren kalitatea aztertzeko. Euskal Herrian hiru dolare ditugu: bat Moredan, bestea Lantziegon, eta bestea Oionen. Baina hirurak oso egoera txarrean daude. 2.000 kilo oliba bildu eta Aragoira joan ginen, han olioa egiteko oso instalakuntza modernoak baitaude. Bertan olioa egin eta analisiek kalitate handikoa zela erakutsi zuten. Eta batez ere Andaluziara eraman genuen katatzera, hemengoa zela esan gabe. Hauek baitira gehien ulertzen dutenak. Aparteko olioen emaitza eman zuen. Baina oso zaila zen garai eta leku honetan oliboa zabaltzea, mahastiak aparteko emaitzak ematen baititu. Mahats kiloa 400 pezetan saltzen denean, ezin da olibarik sartu. Baina orain elkarte bat osatuko dugu Arabar Errioxan olibadia sustatzeko. Hemen ez dakigu ezer oliboari buruz, ez zer klase dauden, ez ezer. Bekadun bat jarriko dugu lanean olibo mota denak aztertu ditzan, hemengo baldintzetara zein egokitzen den hobeto ikusteko. Euskal Herrian bertako olio ona izango dugu, beraz. Lurra prestatuta dut eta hilabete barru 400 olibo aldatuko ditut.
Hona iritsi orduko Italian sartu garela iruditu zaigu... Italia kultura handikoa eta dibertigarria da. Hiritik kanpo bizitzeko ohitura handia dute. Han Chateau-ek ardoaz gain olibak izaten dituzte, osagarri gisa. Paisaje toskaniarra zoragarria da mahasti, olibo eta altzifreek osatzen baitute. Erromatarren garaian altzifrea ongi etorrien zuhaitz gisa hartzen zen. Horregatik jartzen ziren hilerrietan, bizitza berriari ongi etorria emateko. Hemen altzifrea hilerriekin erlazionatzen dugulako prestigio txarra du. Nik altzifre piloa aldatu dut. Italiarrek askotan ez dute dirurik irabazten, baina dibertitu egiten dira, eta hori da egin behar dena. Dirua irabazi behar da baina zerbait egiteko. Italiako finkek produkzio txikiak dituzte, eta polita da finka bakoitzak bere olioa izatea.
Margozalea omen zara... Nire aitona, Jose Salís, margolaria zen. Oso margo zalea naiz, eta artista jende asko lagunak ditut. Vicente Ameztoi hemen ekainetik azaroa arte egoten da margotzen, eta Remelluriko santu denak margotu ditu. Akerreta margolari nafarrak ere margotu izan du hemen, Eduardo Txillidak, Gaspar Montesek, Iturriozek...