BBVA-REN BATZARRA BAT-EGITE PORROTAREN ITZALEAN

  • Hilabeteetan negoziaketan aritu ondoren, Iberdrola eta Endesaren arteko bat-egitea porrotean amaitu da. Gaia bero-bero egongo da martxoaren 10ean Bilbon egingo den BBVA-ren Akziodunen Batzar Nagusian, Iberdrolaren akziodun nagusia den heinean.

2021eko uztailaren 23an
Bi aste baino gutxiago geratzen direnean BBVAko Akziodunen Batzarrerako, Endesa eta Iberdrolaren artean gauzatu nahi zen bat-egitearen porrota gertatu da. Porrot hori itzal bat bezala zabalduko da Batzar horretan, banku hau akziodun nagusietakoa baita bi sozietateetan, kapitalaren %10etik gorako partaidetzarekin.
BBVA hasieratik aurka jarri zen bi sozietateetako administrazio kontseiluetan, eta oso bereziki Iberdrolarenean, bertako gehiengoa duen bazkidea izanik. Horregatik, harro agertuko da bere akziodunen aurrean, porrotaren erantzukizuna ezin zaiolako inolaz ere BBVAri edo bertako kontseilariei leporatu, baizik eta beste batzuei. Hala ere, BBVAko arduradunek bere jardueraren kontu eman beharko dute Akziodunen Batzar Nagusian, operazio honetan izan duten jarrera arrazoituz. Eta, gainera, baliteke honen antzeko beste operazio batean erabil ditzaketen irizpideen azalpen bat ere egitea, zeren ezin baita esan ez dela horrelakorik etorriko aurrerantzean.


ERANTZULEAK DITUEN PORROTA.

Gauza jakina da BBK Endesaren eta Iberdrolaren arteko bat-egitearen guztiz aurka egon zela hasieratik. BBK Iberdrolako akziodun garrantzitsua da, kapitalaren %7,5 eta kontseilari bat duelarik bertan. Halaber, Iberdrolako akziodun nagusia den BBVAk kapitalaren %9,8 eta bost kontseilari ditu, eta Endesako hirugarren akzioduna da, kapitalaren %2,3 du eta ez du kontseilaririk. Aldi berean, akziodun txikiek, Bilboko abokatuen bulego batek koordinaturik, Iberdrolaren kapitalaren %6 bildu zuten, eta aurkako lan garrantzitsua egin dute.
Aurka jartzeko arrazoiak, batzuengan eta besteengan, ez ziren berdinak. Batzuentzat oso garrantzitsua zen Iberdrolak Hego Euskal Herrian aurreikusitako inbertsioekin jarraitzeko eta egoitza Bilbon uzteko konpromisoa, eta bat-egiteak ez zuen inolako ziurtasunik ematen. Besteentzat, akziodunek jasango zuten balio galera zen garrantzitsuena. Zentzu honetan, aitortu beharra dago, bat-egitearen aurkako jarrera tinko eta kualifikatuena Euskal Herriko akziodunek erakutsi dutela, nahiz eta beste inguru batzuetako zenbait akziodun txikik ere bere aurkako jarrera azaldu. BBVA, kapitalaren %10arekin, eta BBK, %7,5arekin, indar sendoak dira Endesan nahiz Iberdrolan. Eta Bilboko abokatuen bulego baten koordinaziopean akziodun txikiz bildutako %6ak ere izango du zeresana Iberdrolaren Batzar Nagusi horretan. Iragarria dute bat-egitearen aldeko jarrera erakutsi zutenen kargu-uztea eskatuko dutela. Eskaera horretatik kanpo geratzen diren kontseilari bakarrak BBVAko bost kontseilariak, BBKkoa eta Portugaleko EDP enpresakoa izango dira.
Hori horrela izanik, ulertzekoa da hainbat sektoretatik, batez ere Euskal Herrikoetatik, bat-egitearen alde agertu ziren Iberdrolako kontseilariak kargutik kentzeko eskaria egitea. Beste guztien aurretik bertako lehendakari Iñigo de Oriol eta kontseilari ordezkari Javier Herrero izango lirateke kargutik kentzekoak, ikuspegi horren arabera. Horrela eskatuko dute datorren apirilean Bilbon biltzekoa den Iberdrolaren hurrengo Batzar Nagusian.
BBVAren hurrengo Batzar Nagusia Bilbon izango da martxoaren 10ean, eta ez dago Endesak eta Iberdrolak bat-egiteko operazioaren porrota edo sektore elektrikoan esku hartzeko estrategiak aztertzeko deitua, baina, nolanahi ere, Iberdrolako akziodun nagusia den neurrian, ezingo da oharkabean geratu enpresa horren barruan halako gaurkotasuna duen gai bat, bereziki Ybarra eta Gonzalez lehendakarien hitzaldietan eta galdera-erantzunen atalean.
Testuinguru honetan ezin dugu ahaztu, Endesa eta Iberdrolaren arteko bat-egitearen aurka agertzeaz gainera, beste alternatiba bat proposatzen eta bultzatzen saiatu zela BBVA, nahiz eta ez zen aurrera atera. BBVAk, Gas Natural eta Repsoleko bazkide nagusia izanik, kapitalaren %9,8arekin, Iberdrola bereganatzen saiatu zen. Agian, porrot honen ondoren, berriro azter daiteke aukera hori.
Hori guztia kontuan izanik, Endesa-Iberdrola operazioaren porrotak Espainiako eta Europako beste hainbat enpresaren mugimenduak eragin ditzake, eta BBVAk zeresan handia edukiko du, eta akziodunek azalpenak eskatuko dituzte.
BBVAk urte oso bat du aurretik oraingo organigrama berberarekin jarraitzeko. Baina, 2002. urtea erabakigarria izango da erakundearen etorkizuna ezagutzeko. Aurtengo 2001eko ekitaldia amaiturik, 2002ko martxoan egingo den Akziodunen Batzar Nagusia Emilio Ybarraren lehendakaritzapean bilduko den azkena izango da. Egun horretatik aurrera lehendakari bakarra egongo da, hau da, gaur egungo lehendakarikide Francisco Gonzalez, hain zuzen ere, Argentariakoa eta Espainiako Gobernuko presidente José María Aznarren lagun mina. Hortik aurrera zalantza ugari sortuko da: jarraituko al du Luis Uriartek, orain arte bezala, kontseilari ordezkari gisa? Bilbon geratuko al da BBVAren egoitza soziala? Zein izango dira Francisco Gonzalezen aholkulari berriak? Zer gertatuko da BBVtik datozen pertsonez osaturiko gaur egungo zuzendaritzako organigramarekin? Zalantza garrantzitsu ugari dago, 2002tik aurrera, hau da, urtebete barru argitzen joango direnak.


BBVA-K EGUNEAN MILA MILIOI IRABAZI ZITUEN.

Bilbo Bizkaia Argentaria Taldeak, bat-egitearen ondorengo urtean, 371.388 milioi pezetako (14.856 milioi libera) irabazi garbiak izan zituen. Mozkin garbi hori 273.463 milioi pezetako (10.938 milioi libera) zergak ordaindu ondorengoa da. Horrek esan nahi du, urteko zergak ordaindu aurretiko irabazi gordinak 644.851 milioi pezetakoak (25.794 milioi libera) izan zirela. Horregatik esan dezakegu, behin zergak ordainduta, BBVAk egunean mila milioi pezeta baino gehiago irabazi zuela joan den urtean. Datorren 2001. urterako aurreikuspenak ere oso itxaropentsuak dira bertako arduradunek iragarri dutenez.
BBVAren estrategiaren barruan oso garrantzitsua da Hego Amerikako banku negozioa, ekonomi hedapen handiko ingurua delako. Horrela ulertzen da 2000. urtean bankuaren Amerikako sailak 78.700 milioi pezetako irabazi garbiak lortu izana, 1999koak baino %80 gehiago. BBVAk Hego Amerikako herrialde hauetan du presentzia handiena: Mexiko, Argentina, Txile, Panama, Puerto Rico, Peru, Venezuela, Brasil eta Kolonbia.
BBVAk 1,16 bilioi pezetako bitartekaritza marjina izan zuen 2000. urtean, eta horrek %21,4ko igoera erakusten du aurreko urtearekiko. Kredituetako inbertsioa %23 igo zen, 23,8 bilioi pezetaraino; banku gordailuak %11,3 igo ziren; eta pentsio fondoek 1,6 bilioi pezetako kopurua osatu zuten, hau da, %12,5 gehiago.
BBVA taldeak 108.082 langile ditu. Horietako gehienak, 72.314, Amerikan daude, beste 33.733 Espainiako Estatuan eta beste 2.035 munduan zehar. Bestalde, 8.946 bulego ditu munduan barreiaturik. Horietako gehienak, 4.865, Amerikan daude; Espainiako Estatuan 3.864 eta munduko beste herrialde batzutan 217 .

IBERDROLAREN ETORKIZUNA ZALANTZAN
Eta orain zer? Horixe da hainbat adituk egiten duten galdera? Eta, batez ere, bertako langileek, gaur egun 11.000 dira. Izan ere, ez da batere erraza Iberdrolarekin zer gertatuko den jakitea. Adituek diotenez, Iberdrolak oso aktibo garrantzitsuak ditu, Europako enpresa ugarirentzat desiragarri direnak. Enpresa elektriko honen burtsako balioa, adituen esanetan, bere benetako balioaren oso azpitik egon da eta, beraz, bide handia du egiteko. Batzuen ustez, Iberdrolak badu gaitasuna proiektu berriak bultzatzeko eta horien buru izateko, eta ez, Endesaren operazioan bezala, beste enpresa handi baten helburu gisa soilik agertzeko. Beste batzuen ustetan, berriz, epe laburrean edo ertainean, Europako edo Amerikako enpresaren batek zurga dezake hartaz jabetzeko operazio oldarkor baten bidez.
Horrela, RWE talde alemaniarra kontuan hartu beharrean gara, dagoeneko Hidrocantábrico erosteko eskaintza bat egina baitu. EON enpresa ere ezin dugu ahaztu, hau ere Alemaniakoa, Endesa-Iberdrolako aktiboak erosteko gogoa erakutsi zuela kontuan izanik. Belgikako Electrabel-ek ere izan lezake Iberdrola bereganatzeko interesa. Badira beste enpresa batzuk, esate baterako, Electricité de France (EDF) edo Italiako ENEL eta ENI, agian, interesa izan dezaketenak, baina horiek zailtasun handiagoak dituzte Espainiako Gobernuak atzerriko enpresa publikoei enpresa "espainiarrak" erosteko jartzen dizkien mugen ondorioz.
Bestalde, beste zenbaitek ez du ahaztu Endesa-Iberdrola bat-egitea negoziatzen ari ziren bitartean, Gas Naturalek eta Repsolek beren ahaleginak egin zituztela Iberdrola bereganatzeko. BBVAk operazio hori onartzearen aldeko jarrera erakutsiko luke, Repsolen ere kontrol aukera handia baitu berak, eta BBK ere hor sartuta dago nahiz eta maila apalagoan izan. Repsolek aurrea hartu eta Iberdrola bereganatzeko inolako asmorik ez duela iragarri du, baina negozioen esparruan ezin da inolako aukerarik bazterrean utzi.
Gauzak horrela dauden bitartean, zuhurtasunez jokatu nahi badugu, ezin dugu gehiegi poztu eta, Iberdrola desegiteko arriskurik ez dagoelakoan, txaloka hasi, foru ogasunek haren zergetako milaka milioiak jasotzen jarraituko dutela eta enplegua ziurtaturik dagoela sinisturik. Izan ere, dagoeneko, horrelako txalo batzuk entzun baitira Bizkaiko Diputazioan eta Eusko Jaurlaritzan. Beste edozein "marrazo" ibil daiteke zelatan, eta berriro ere kolokan jar daitezke egoitza soziala, zergak eta enplegua. Izan ere, gauza jakina da globalizazioaren garai hauetan, edo, hobeto esanda, kapitalismo basatiaren garai hauetan enpresen eta negozioen munduan ez zaio inolako begirunerik egoitza sozialen kokapenari, foru altxortegiei edo enpleguari. Mozkina da helburu bakarra. Eta horren bilaketan ez dute atseden txikienik ere hartzen. Hainbesteraino da horrelakoa hori, agian, irakurleak lerro hauek esku artean izaten dituenerako, edo berandu baino lehen, marrazoren batek erasoa egina izango diola Iberdrolari.


Azkenak
2024-12-20 | Edu Zelaieta Anta
Pereza

Ez dakit zuek ere pertzepzio bera ote duzuen –aitor dut: modu azientifikoan hasi naiz idazten hemen–. Pereza hitzaren hedatze naturalaz ari naiz. Gero eta gehiago aditzen baitut Hego Euskal Herriko bazterretan: euskaraz, espainolez eta, jakina, euskañolez... [+]


Urtebete baino gehiago greban, Elon Musken enpresaren aurka
“Teslak ez du nahi langileek iritzia emateko eskubidea izaterik”

Teslaren aurkako lehen greba –eta bakarra– da munduan, Suedian 2023ko urritik aurrera egiten ari direna. Duela mende batetik hona Suedian egindako grebarik luzeena bihurtu da. IF Metall sindikatua bultzatu du protesta, Elon Musken autogintza enpresak hitzarmen... [+]


Politono bat entzun nahi?

PLEIBAK
Miren Amuriza Plaza
Susa, 2024

--------------------------------------------------

Miren Amurizaren bigarren eleberria argitaratu du Susak Durangoko azokaren atarian: Pleibak. Aurretik egindako grabazio baten gainean kantatzen ari zarelako antzerkia egitea da... [+]


2024-12-20 | Xalba Ramirez
Xabier Badiolaren gitarra: zaharra zena, berri

Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023

-------------------------------------------------

Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

------------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


2024-12-20 | Hiruki Larroxa
Irribarre egin, murtxikatu eta isildu

Askok, Gabonetan, ilusioa baino alferkeria handiagoa sentitzen dugu familia-otordu eta -topaketetan pentsatzean. Baina aurreratzen dizuegu ez dela otordua bera kolektiboki deseroso sentiarazten gaituena, familia tradizionala definitzen duen normatibitatea baizik. Are gehiago,... [+]


2024-12-20 | Sonia González
DSBEren ‘humilladeroa’

Betidanik begitandu zait esanguratsuagoa han-hemenka topa daitezkeen guruztokiei gazteleraz esaten zaien modua: humilladero. Ez al da guruztoki edo santutxo izen nahiko light, zuri edo haragoko konnotaziorik gabekoa? Azken batez, bertatik pasatzen zen oro umiliatu behar zen... [+]


Siriako Arabiar Errepublikaren amaiera

Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor... [+]


“Jadanik ez gara zuen tximinoak”

Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]


Kongo eta kobaltoa
Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]


Peio Berterretxe
“Tresna sozial izatetik, produktu kultural izatera pasatu dira plaza antzerkiak”

Master Amaierako lan sendoa aurkeztu berri du Peio Berterretxek. Urte luzetan antzerkian ikasia eta aritua, plaza antzerkien jatorriaz eta gaur egun dituzten funtzioez aritu gara harekin, Lekorneko Kabalkadan oinarrituta egin duen ikerketaren aitzakian.


Energetikoei zerga berezia kentzeak bateratu egin ditu PP, Vox, EAJ eta Junts

Ostegun honetan lau indar politiko horiek ezezkoa eman zioten enpresa energetiko handiei behin-behinean jarritako zerga luzatzeari. Ukrainako gerraren ondoren energiaren multinazionalek izandako irabazi handiei jarri zien zerga berezia Espainiako Gobernuak.


Eguneraketa berriak daude