AHALTSUEN UNE GOGOANGARRIEK ESTAL DEZAKETENA

  • Lur osoa Ilargira begira zegoela-eta, astekaria ere sateliteari so jarri zen 71ko otsailean. Bide batez, estatubatuarrak kritikatzeko aitzakia eman zion gertakariak.

2021eko uztailaren 15an
Dudarik gabe, gizakia Ilargiraino iristea garrantzitsua izan zen... gizakiontzat besterik ez bada ere. 1969ko uztailaren 22a ahaztuko zuenik gutxi izango zen... Mendebalean behinik behin. Izan ere, baliteke sobietarrentzat hain une gogoangarria ez izatea, beraiek bidalitako trastea lehenago iritsi zela-eta, baina, pertsonarik ez zihoanez berean, Estatu Batuak eta SESBk elkarren artean jokatzen ari ziren partida hartako tanto hura Estatu Batuentzat izan zen. Horrelakoxeak ziren Gerra Hotzaren gorabeherak... ankerragoak ez zirenean, bistan da.


ASKATASUNAREN IZENEAN

1971ko otsailean, Lurrak duen satelite gertukoenari hirugarren bisitaldia egitekotan ziren iparramerikarrak (lehenago ere joateko asmoa izan zuten, baina "Apolo XIII".ak kale egin zien). Oraingoan hutsegiterik ez zuten nahi, eta Mendebaleko komunikabideetan ez zen berri horri itzal egin ziezaiokeen beste gertakizunik. Egon zitezkeen vietnamdarrak, laostarrak, kanputxearrak, ugandarrak, hegoafrikarrak edo batek daki nongoak bereak eta bost jasaten, zeuden bezala bestalde, aipatu hedabide horiei gehiegi hunkitu gabe. Zer ziren betiko kontu horiek, bada, "Apolo XIV".aren balentriaren aldean?
Z. ARGIA ere ohartu zen horretaz, eta bere 415. zenbakiko lehen orrialdean, planeta arteko bidaia haien "Mitoa" salatzeaz gain, "Zapalketa, askatasunaren izenean" Juan Elustondok eginiko gogoeta plazaratu zuen. Elustondok honela aitortzen zuen, aldez aurretik, Ilargira joate hura: "Izugarrizko ekintza izan ez denik ezin genezake uka". Baina hortik aurrera, zalantzak zituen: "Baina... zertarako illargira joan, binbitartean hemen lurrean goseak hiltzen ari baldin bada jendea? Zer da gizarte hau? Erotu egin al gara?". Hara egilearen kezkak! Haatik, ez zezala inork pentsa bereak bakarrik zirenik: "Galderaok -ohartarazten zuen- ez ditugu behartsu garenok bakarrik egiten, iparramerikar askok eta askok ere bai. Izan ere Ipar Ameriketan ari da aldakuntza ederrik gertatzen. Eta hau da batipat aztertu nahi gendukeana. Bestetan Iparramerikakoz mintzatzen garenean batez ere Indotxinako arazoa eta Arabe-Israel arazoak gaitzat ditugula jarduten gara. Ipar Amerikaren barneko azterketa bat, osoa ez izan arren, egin nahi genduke".


ESTATU BATUETAKO MISERIA

Egileak zioenez, estatubatuarrek ez zuten asmatu eta ezta asmatzeko bidean jarri ere, beren gizartea jasotzean. Eta gezurretan ez zebilela erakusteko, zenbait adibide eskaintzen zituen. "Gizon ospetsu" bati entzundakoa, lehena: "Zinez zoragarria da bihotza gizon bati aldatzea, baina zertan gelditzen da zoragarritasun hori Ipar Amerikan behar dan aina sendagille ez baldin badago!". Honaino, "gizon ospetsu" horren kexua. Jarraian zetorrena, berriz, Juan Elustondorena baino ez zen.
"Ez, herriaren beharrei erantzuteko ez dago Ipar Amerikan nahiko sendagille. Hori bakarrik ez da ordea. Udaletxeak batez ere, herri haundietako udaletxeak zorrak egiten ari dira. John Lindsay, New York-eko alkateak, udaletxeko langileak gutxitu egin ditu 300 milloi dolarren zorra sortu dala ikusita. Eta hiri hau bakarrik ez da honela dagoena; beste askorik ere ba da. Ikastetxe nagusiak edo Unibertsidadeak ere koska berean daude. Denak diru faltan eta zorretan bizi dira. Are gehiago oraindik, 24 milloi pertsona (zuriak %-ko 10 eta beltzak %-ko 31) behar gorrian bizi dira. Bizitzarako behar dan minimoa baino gutxiago irabazten dute, alegia. Hau ere harritzekoa da baina hala da".
Berak zekizkien "bekatuak" azaldu eta gero, gizarte iparramerikarra aztertzen zuen. Baikor, halere: "Esan diteke aldakuntza sakon xamarra ematen ari dela jende hanitz eta hanitz, zorionez. Gaur egun iparramerikar asko zalantzan bizi da. Desengañaturik bere Estaduarekin. Ezin onarturik bere zibilizazio hori. Beltzen borrokak asko eragin dio jendeari. Iparramerikarra lo zorroan zegoen zenbait zuzengabekeria ahaztu nahirik. Beltzen borroka ikubilkada bat izan da. Baina bere onetatik atera duana Vietnamgo gertaerak izan dira. Ez beza pentsa inork ordea jendea gehienik asaldatu duena bonbardeoak izan diranik, lurrean soldaduak egin dituzten txikizioak baizik, eta batez ere Song My hirian gertatutakoak. Berandu baina poliki poliki ohartzen ari dira, Ipar Amerikaren berezitasun berezi bat zapalketa izan dela. Zapalketa askatasunaren izenean".
Agortu zaigu lekua! Ezin, bada, Elustondoren gogoeta osorik eskaini. Halere, nago baikorregia ez ote zen, estatubatuarren gizartearen aldaketaz mintzatzerakoan...

"ESTADO DE EXCEPCION" DELAKOA
Astez aste, 1971-II-14
Illaren 5ean, Madrilgo Consejo de Ministros delakoak Gipuzkoako "Estado de excepción" bukatzea erabaki zuen. Iru illabetekoa jarri zuten baiña bi pasa diranean, Españirako kendua dagoen 18garren artikulua bakarrik uzten dute baliorik gabe. Beraz, oraindik, pertsonak detenituak izan ditezke juezaren agindurik gabe.

"FIRESTONE HISPANIA"
Astez aste, 1971-II-14
Lantokitik kanpora 360 langille bota dituzte Basauriko enpresa ontan. Joan zen abenduaz gero, langille auek, lan klase berriz bat etzetozelako, egokia ikusten etzutelako, geldi, poliki poliki egiten zuten lan. Eta nausiak kalean jarri zituen. Lantokian, 3.200 langille dira, denera.

JAUREGITAR LUIS APAIZ JAUNA, "JAURTAKOL" HIL ZAIGU
Etxaniztar Nemesio, 1971-II-14
Aren bizi-aria Errenterian asi zan 1896ko urteko ekainaren 19an jaioa. (_) "Jautarkol" izenordea, bereala ezagutua izan zan euskal paperetan. Batez ere, gerrate aurreko Zeruko Argia zaarrean, irakurtzen ditugu sarri aren olerkiak. Bertsolari mailla utzi ta egan egin zigun bere euskera txukunean olerkari maillara. Ta ala argitaldu zuan bere olerki-liburu "Biozkadak" izenekoa. (_) Euskal-soroan, beti biziko dira Jauregiren olerkiak. Bere aldia bete baitzuan errenteriar prestuak. Gero, aren ondoren etorri ziran Lizardi, Lauaxeta, Orixeren "Euskaldunak" eta ondorengo idazle jatorrak. Ezagunak dira ere, Xenpelarri buruz argitara zuan liburu ederra; Cela idazlearen "La familia de Pascual Duarte" euskaratua ta beste hamaika lan eder(...).

GIZON IZATEA GALERAZITA
Arostegitar Jokin, 1971-II-14
Brasilgo Iparraldeko Langille Katoliko Ekintzakoek (ACO) aurtengo Eguberritan, langilleei, agiri luze bat zuzendu diete. Auxe zan agiriaren deitura: "Gizon izatea galerazita". Salaketa beltzak dakarzki agiri onek: Lan-eza gero eta gehiago... lan-sari kaskarrak... lan egiteko era gogorrak... Langilleetan egiten diran egiñalak, zein aundi eta zein balio bikaiñekoak diran sekulan jakin ez dezaten... Diru eraketak (sistema ecónomico) eta Gobernamentuak langilleari egiten dizkion zapalketak... Ageri onetan, azken puntuan, langillearekiko Eleizaren jokabidea aztertzen da. (...) Ebanjelioz kutsatutako Elizari (Kristok esan eta egin zuana serioski artzen dutenei alegia) borroka gogorra egiten zaio. (...) Gizonari eskubideak ukatzen zaizkionean, Elizak bereak ba dituala uste izatea, Kristoren Elizari irain aundi bat egitea da; Kristoren Elizak eta gizonek elkarrekin zerikusirik ez dutela aitortzea izango bai litzake ori esatea. Oreregatik ez arritu eraso-aldi eta gaizki esaka badarabilkite Helder Camara, bein betirako isil eta mutu geldi dedin; gizon apal eta beartsuen eskubide eta baloreen alde jokatzen duan banakako bat, bera baita. Ez arritu, ez eta, Jokeko kristau langille gazteen talde bat eta beren aldeko ziran apaizak giltzapetuta presondegian sartu badituzte ere (...).


Azkenak
Ertzain bat atxilotu dute homizidio saiakera egotzita, lan orduetatik kanpo hiru pertsonari tiro egiteagatik

Ertzaintzak ertzain bat atxilotu du, hiru pertsona hiltzen saiatzea egotzita. Agentea lan orduetatik kanpo zegoen, eta deklaratu zuen bere buruaren defentsan egin ziela tiro furgonetan zihoazen ustezko hiru lapurri. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, gezurra da deklaratu duena.


Sardiniak ezetz esan dio kolonizazio energetikoari

Haize-erroten eta eguzki-plaken ezarpen zabalarekin kezkatuta, populazioa "espekulazio energetiko" gisa kalifikatzen duen joera bati aurre egiten ari da.


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


2024-08-08 | Sustatu
Twitterren alternatiben analisia: Bluesky, Mastodon eta Threads

Elon Musk-en jarrera ultra eta toxikoak egunetik egunera agerikoago izanik, X/Twitter noren eskutan dagoen edozeinek ikusten du. Berriz ere egunotan sare horretatik alde egiteko deiak eta agurrak ikusten ari gara, eta horren harira artikulu interesgarria irakurri dugu Electronic... [+]


Israel Donostiako Klasikotik kanporatzeko eskatu du Gernika-Palestina herri ekimenak

Larunbatean zeharkatuko ditu hiriko kaleak Donostiako Klasikoak, eta Gernika-Palestina herri ekimenak Israelek bertan duen presentzia salatu du, prentsaurreko batean. Adierazi dutenez, “genozidioa eteten ez duten bitartean” klasikoak ez luke Israel-Premier Tech... [+]


Egiazko arrazoia Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko

Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko helburua ez da erresistentzia ahultzea. Benetako asmoa da inteligentzian eta arlo militarrean bere nagusitasunaren irudia berrezartzea Israelgo iritzi publikoaren aurrean .


Puigdemontek esan du osteguneko inbestidura saioan izango dela

2017tik Bruselan dago Kataluniako presidente ohia, baina itzultzea erabaki du Generalitateko hurrengo presidentearen inbestidura eztabaidarako. “Normaltasun demokratikoko baldintzak ez” izatea salatu du, eta aipatu du itzultzeak suposatzen duen atxiloketa arriskua.


Donostian jarrera eta eraso arrazistak ugaritzen ari direla salatu eta borrokatzera deitu dute

Udaletxe aurrean eginiko prentsaurreko jendetsuan, Donostian gertatzen ari diren jarrera arrazista, klasista eta faxistekin kezka adierazi dute hiriko eragile sozial eta politiko ugarik. Irakurketa bateratua eskaini dute 37 eragilek, besteren artean, Ernai, GKS, Bilgune... [+]


Venezuelako oposizioak dei egin die poliziei eta militarrei gobernuaren kontra egitera

“Herriaren eta beren familien alde” jartzeko eskatu diete Edmundo Gonzálezek eta María Corina Machadok adierazpen bateratu baten bitartez. Maduroren gobernuak erantzun egin die, eta erabaki dute dokumentuaren sinatzaile biei “ikerketa penala... [+]


Israelgo armagile nagusiaren fabrika batera sartu eta gerrarako materiala suntsitu dute Erresuma Batuan

Palestine Action taldeak dio bere ekintzaileek astelehen goizean (abuztuak 6) Elbit-ek Bristolen duen fabrika "inbaditu" dutela. Ikerketa eta fabrikazio zentroa oso zainduta dago, eta espetxeko furgoneta bat erabili dute kanpoko perimetroa txikitzeko.


2024-08-07 | Euskal Irratiak
Oihana Goiriena
“Haserre gara, Polonia airos atera baita Pabloren kontrako salaketa frogatu gabe”

Osasun artak biltzen ari da Pablo Gonzalez Moskun une honetan. Joan den astean, Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen kazetaria bi urte eta bost hilabeteko preso egon ondoan. Poloniak leporatzen zion espioitza frogatu gabe libre atera da.


Talde ultraeskuindar baten errekurtsoak geldituta du Donostiako Loiolako Kuartelen salerosketa

Loiolako kuartelen afera ez dago bere onenean. Espainiako Defentsa Ministerioak eta Donostiako Udalak akordioa “aldi baterako” etetea erabaki zuten joan den astean, hilaren 18a baino lehenago ezin izango zutelako gauzatu, eta hori delako, hain zuzen, salerosketa... [+]


Eguneraketa berriak daude