XENTIMO BAT EGUNEAN IRUÑEKO EUSKARAREN ALDE

  • Iruñeko "Euskeraren adiskideak" elkarteak 1933.urtean idazlan bat kaleratu zuen. Bertan "adiskideek" elkartearen beraren eta oro har euskararen egoerari buruzko informazioa ematen zuten, hizkuntzaren inguruan zuten kezka agerian utziz.

2021eko uztailaren 26an
Joan den mendearen erdian, 1933. urtean hain zuzen, karrikaraturiko idazlantxo batek honela dio: "Nafarroako euskeraren adiskideak egindako lanak. Iruña 1933-Memoria de la sociedad euskeraren adiskideak. Pamplona 1933". Bertan Aingeru Irigarai zenak euskararen egoera historikoa eta ordukoa aztertu zuen eta bertze orriotan elkartearen lanaren berri, helburuak nahiz ekintzak ere emaiten zen.
Honela zioten, iruinxeme zaharrek, sarreraren gisa: "Nafarroa-ko 'Euskeraren adiskideak' deritzaion elkarteak dei egiten ditzu zuri, euskalduna, eta eskatzen diru pitin bat, xentimo bat bakarrik egunean, euskara pizten laguntzeko. Aski da su gutxi biotzean, alako ezdeuskeri bat emateko! Guk, ordea, laguntza ñimiño ori bera, zuk bezala milek egiten ba digute, lan ederra egin dezakegu gure euskara ederraren alde. Zatoz bada gugana! eta gutarik baldin bazara, otoi! gaur berean egin zazu beste adiskide bat!". Eta modu honetan azpimarratu zuten erranikoa: "Para toda clase de referencias y aclaraciones, dirigirse a Sr. Secretario de 'Euskeraren adiskideak' Calle Bergamín, 7-1°. Pamplona".


ELKARTEAREN PARTAIDEAK.

Nortzuk ziren, bada, elkarte horretako partaideak? Hasiera batean lagun hauek zuzendu zuten euskaltzalez osaturiko taldea: Jenaro Larrache, Damaso de Inza, Gerardo Valcarlos, Miguel Inchaurrondo, Miguel Esparza, Jose Maria de Huarte eta Domingo Beunza. Handik gutirat, 1933an, bertze izen batzuk nabarmendu ziren eta, kasu, emakumeak ere ageri baitira: lehendakaria, Fermin Irigaray; lehendakariordea, Leandro Olivier; idazkaria, B. Arbea; Maria Paz Ciganda, Pablo Archanco, Maria Viscarret, Bernardino Tirapu, Angel Irigaray, Ignacio Baleztena, Damaso Inza, P. Iruarrizaga, Joaquin Zarranz.
Elkartearen partaidea izaiteko, bertzaldetik, ez zegoen inongo oztoporik, aurkakoa baizik. Izan ere, baldintza bakarra horren aldeko gogoa zen, hau da, helburuekin bat etortzea, bai norberaren izenean bai edozein udal edota elkarteren ordezkari gisa ere.


ELKARTEAREN SEI ARDATZAK.

Kanpoari begira ere eginiko barne txostentxo elebidunaren amaiera aldean argi eta garbi azaltzen denez sei ziren, nagusiki, elkartearen funtzionamendua zertan zen uler dezagun kontuan hartu beharreko puntuak.
Lehenik eta behin, Nafarroan euskara, euskal ohiturak, musika nahiz dantzak babesteko, bermatzeko eta bultzatzeko helburu gardena. Bigarrenik, elkarteak bere burua politikatik at kokatu zuen, ahalik eta jende gehien erakartzeko.
Hirugarrenez, lehenago aipatu dugun parte hartzeko deialdi zabala hor dago. Jarraian, elkarteak nafar euskal ezaugarri ororen aldeko apustua egina zuela adierazi ondoren, bertze edozein talde euskaltzalerekin harremanetan jartzen ahal zela aipatzen da, une horietan Donostiako "Estudios Vascos" zelakoan helbidea zuen "Federacion de Sociedades euskeristas" izenekoaren partaidea bazirela gaineratuz.
Bortzgarren ardatza barne antolaketari zegokion. Honela, agintzen zuen junta zela eta, horren erdiaren hautaketa kargua uzten zutenen eskuetan zen, bertze erdia urteroko junta orokorrean aukeratuz. Txandak aurreikusten zirela erran beharrik ez dago, jakina.
Azkenik, eta lehen erran bezala, bazkide bakoitzeko eguneroko gutieneko kuota xentimo batekoa zen, handik gora edozein ekarpen onartuz.


EUSKARAREN GAINEKO HAUSNARKETA HISTORIKOA.

Egileek, idazlanaren hasieran, euskarak Nafarroan pairatzen zuen egoera latzaren berri eman zuten, erdaraz, lerroartean hainbat kezka iradokinez. Erraite baterako, elkartearen betebehar bakarra "lingua navarrorum" zaintzea zela zioten, politikatik kanpo, baina berehala foru aldundiaren babesa zutela azpimarratu zuten, juntan politikan ziharduten joera anitzak islatzen omen zirela ziurtatuz. Hots, politikarik ez, baina bai.
Bertzalde, euskararen egoera tamalgarriaz ez arduratzea astakeriatzat jotzen zuten, jarrera hori bakarrik basa piztiena zela adieraziz. Europa eremu jakintsutzat harturik, berriz, tokian tokiko hizkuntzaren aldeko lana txalotzen zuten: "País de Gales, Finlandia, Flandes".
Eta, haien irudiz, zergatik ari zen gibeleratzen euskara Nafarroan? Kontzientzia eta kultura faltarengatik. Segituan, oraindik horren zaharkiturik ez zegoen (1863-1933) Bonaparte Printzearen maparen berri eman zuten, bi daten artean emaniko galera jakinaraziz. Haien ustez euskara sasoi onean zegoen Etulain, Egozkue, Aritzu, Iragi, Usetxi, Eugi, Lintzoain, Mezkiritz, Aezkoako Hiriberri, Aria, Abaurrea, Zaraitzuko Espartza moduko herrietan, egun ia erdaldun elebakarrak diren populazio gune nahiz ibarretan, alegia. Halaber, nafar euskaldunok 75.000 baino gehiago izaiten ahal zirela zioten, hots, egun baino kopuru handiagoa.
Mapa batean, ildo beretik, Nafarroan euskarak zituen mugak azaldu zituzten, 1933, 1863 eta XVIII. mendearen hasierako hizkuntz mugak hain zuzen, Erriberaino helduz. Bitxikeria gisa, gure eskuetan den mapa horrek gutienez gu baino lehenagoko irakurle anonimo baten laguntza jaso du, urteetan eman diren ikerketei esker bertze zenbait eskualde euskal eremuan kokatuz.
Hagitz mende gutietan euskarak hirurehun bat herri nafar galdu zuela zioten eta, ikuspegi zabala erakutsiz, Nafarroa Behereko euskalduntasuna eredugarria zela nabarmentzen zuten, horregatik "nobilisima" deitura merezi zuela erranez.
Soziolinguistikaz nahikoa ongi jantzirik, Jose Maria Sanchez Carrion, "Txepetx" egilearen "Lengua y Pueblo" liburua bailitzan, honela idatzi zuten: "Jende xume artean hikuntza bizi delarik, berpiztu egiten da; jende xumeak mintzatzeari uzten badio, baina, berbizitzea ezinezkoa da ia". Euskarak hiriak berreskuratu behar zituela aipatu zuten, berriro ere Gales, Finlandia eta Flandes eredutzat hartuz. Ahozkotasunari garrantzi handiagoa eman zioten "hiztegiei" baino, eta honetan Dauzat eta Altube moduko adituen hitzez baliatu ziren.
Ondorioz, eta lehentasunak zehazteko tartean, erdal mugetan bizi baina oraindik euskaldunak ziren nafar herriak, ibarrak, eskualdeak euskaldun mantendu behar omen ziren, hiriburuan lanik garrantzitsuena burutzeko asmo tinkoa azalduz. Hitz batez, egun euskararen erabilpenaren aldetik ia erdaldun elebakarrak diren baina 1933an euskararen mugatzat hartu zituzten Arakil, Ultzama, Atetz, Odieta, Anue, Esteribar, Erroibarra, Aezkoa eta Zaraitzu. Alta, haien ustez Erronkaribarra urte horietarako galdurik zegoen, baita Artzibar ere.
Juntakoen irudiz, inguru horietan euskarari eutsi ahal izaiteko nahikoa zen Nafarroa mailan urtero borzpasei euskal jai antolatzea bertako haurrendako. Beraz, egoeraren azterketa egin ondoren, soziolinguistikoki erabaki eskasa zen proposatzen zutena: dantzak, musika, antzerkia eta sariak euskaraz mintzo ziren haurrendako. Jai bakoitzeko 900 bat pezeta gastatzen zuten eta, alde honetatik, elkarteak 5.000 pezeta behar zuen urtero.


ELKARTEAREN LANA.

Elkarteak urtero burutzen zuen lanaren berri emaiten hasiak gara jadanik. Dena den, eta labur erranda, hona hemen eginiko guzia: argitalpenak, musika arloa, euskal jaiak ("fiestas vascas"), euskal haurrendako sariak eta ikastolak ("escuelas vascas").
Euskal gaiak jorratzen zituzten argitalpenak finantziatzeko 2.329,90 pezeta gastatu zuten, Baztango Lekarozko Kolegioa eta Iruñea nahiz Lizarrako ikastolen alde, gehiena jaio berriak ziren ikastola hauetan, egia erran.
Musika arloan, 1.282 pezeten truke auskalo zenbat txistu erosi zuten! Eta ez erostea bakarrik, zeren eta musika tresnak erosteaz landa txistulari taldeak antolatzeko ahaleginetan ere aritzen baitziren, toki hauetan helburua betez: Auritz, Betelu, Etxarri-Aranatz, Etxalar, Autza, Olague, Lantz, Narbarte, Lekunberri, Labain, Etulain eta bertze. Hortaz, txistuaren aldeko zeregin honetan lan ikaragarria hartu zutela aitortu behar.
Euskal Jaiei zegokienez, antza denez elkarteak 12.612 pezeta zituen gastaturik betebehar honetan. Aurreko urteetan herri hauetan ospatu zituzten: Olague, Etxaleku, Otsagi, Auritz, Erro, Arakil-Hiriberri, Autza, Iruñea. 1933an Zaraitzuko Espartzan eta Abaurregainan burutu zituzten, egitarau honekin: meza, dantzak, hamalau urte baino gazteagoak zirenei euskararen gaineko azterketa eta batzuendako sariak, bazkaria, antzerkia euskaraz haurrendako eta amaitzeko Iruñeko txistulariek eginiko erromeria.
Nolakoa zen partehartzea? Bada, Zaraitzun 103 haurrek egin zuten azterketa, hau da, bertako azken euskaldun zahar guziek, egun bakarrik horietako baten bat bizi baita, eta ondorengoek ez baitakite euskaraz. Eta sariak? Nafarroako Aurrezki Kutxan "cartillas" irekitzen zizkieten sos pixka batekin. Hots, garai hartan sari handiak ziren.
Ildo honetatik, euskaraz aritzen ziren haurrei libreta hauek oparitzen zizkietela iradokin dugu lehenago. Nafarroako Aurrezki Kutxak dohainik emaiten zituen eta elkartearen helburua zen neurri hau ahalik eta gehien hedatzea, euskararako arras onuragarria zelakoan. Fermin Irigarai eta Maria Paz de Ciganda aritzen ziren honetan. Aurreko urteetan herri zein inguru hauek bisitatu zituzten: Lantz, Aritzu, Otsagi, Atetz, Ultzama, Iruñea, Erro, Esteribar. 1933an, berriz, bertze hauek: Garaioa, Garralda, Abaurregaina, Zaraitzuko Espartza, Orontze eta Ezkarotze. Orotarat, bide honetatik 1933. urtean ehun haur baino gehiago saritu zuten (1.350 pezeta), eta urte guziak kontuan harturik ia zazpi mila pezeta garbi eta bertze hirurehun liburuetan.
Ikastolak zirela medio, hondarrean, Iruñekoak zituzten aipagai. Bigarren zabalguneko Erriberri karrikan ziren (Eskolapioetan) eta 1933an hirugarren urtea bizi zuten, matrikula etengabe handituz, hiru gela jadanik! Pedagogia eredua "Decroly" izenekoa zen, elebiduna, ohiko ikasgaiez aparte euskara eta euskal geografia zein euskaldunon historia erakutsiz. Ikastola horiek, urtero, hamabortz mila pezeta baino gehiago gastatzen zuten eta iruinxeme nahiz iruinalaben laguntzaren premia zegoela zioten "Iruñeko etorkizunekoek gure herria maite dezaten, guk izan dugun gabezia, ezagutza eza paira ez dezaten".
Labur erranda, 1933ko aurrekontuetan elkarteak guti goitibeiti 9.000 pezeta gastatu zituen: horietarik ia 2.000 ikastoletan, txistuak, Euskal Herriko Txistularien elkarterako emanikoa, sariak, laguntza udalei, euskal jaiak, Bonaparte printzearen idazlan eta maparen bat erosteko mila pezeta, idazkariaren soldata bertze mila eta egoitza hornitzeko hainbat materiala. Diru iturrien aldetik, bertzalde, gehiena instituzioetatik zetorren: nafar foru aldundia, Iruñeko udala, Nafarroako kultur junta eta bertze. Izan ere, bazkideen kuoten bitartez bakarrik %15a inguru erdiesten zen, nahikoa arruntak ziren ustekabeko opari bereziak aparte.


Azkenak
2025-02-17 | ARGIA
Ikasle feministek elkarretaratzea egin dute Gasteizko EHUko campuseko irakaslearen sexu erasoak salatzeko

Gertatutakoak ez direla kasualitatea azpimarratu dute. Unibertsitateko eremuetan indarkeria matxista gertatzen dela azaldu dute, eta arazoa sistematikoa dela. Protokolo bat eskatu dute erasotuak babesteko. Erasotzaileak inpunitate osoarekin jokatu duela salatu dute.


Bi futbol taldek planto egin dute irain arrazisten aurrean Bizkaian eta partiduak bertan behera geratu dira

Gaztelueta C -Berango C gazteen futbol partidua bertan behera geratu zen Larunbatean. Jokatzen ari zirela Gaztelueta C taldeko gazte batek aurkariari "beltz zikin madarikatua" deitu zion. Gorengo erregional mailako Otxarkoaga-Iturrigorri partiduan ere... [+]


Bederatzi pertsonari lau eta hamar hilabete arteko kartzela-zigorrak ezarri dizkie Voxen kontra protesta egiteagatik Bilbon

Atxuri auzoan 2019ko azaroaren 5ean Voxen kontra egin zuten bederatzi pertsonaren kontrako epaia iritsi da. Akusatuek ez dute espetxean sartu beharko.


2025-02-17 | Axier Lopez
Itziarren semea?

Ia mende batez, Euskal Herrian ez da belaunaldirik tortura ezagutu ez duenik. 1960tik 5.379 lagun dira ofizialki, baina askoz gehiago dira, publikoki torturatu gisa agertzeak min egiten duelako oraindik ere. Eta seguruenik, oinarri-oinarrian ez delako ezer aldatu. Polizia... [+]


Eneko Anduezak PSE-EEko idazkari nagusi izaten jarraituko du

PSE-EEren zuzendaritza berriak alderdikideen %95en onespena jaso du. Anduezak proposatutako Batzorde Exekutiboan aurreko 26 kideetatik zortzi aurpegi berri daude soilik.


Europak toki bat aldarrikatu nahi du Ukrainako bake negoziaketan, AEBen bazterketaren aurrean

Macronek egindako deiari erantzunez, NATOko eta Europako agintariak Parisen elkartuko dira astelehen honetan, AEBek eta Errusiak iragarri ostean Ukrainako gerra amaitzeko elkarrizketei heltzekotan direla. Europak diru asko xahutu du Ukraina laguntzen, eta gerra amai dezakeen... [+]


Erantzukizun publikoak hartzea eskatu dute Euskal Herriko Torturatuen Sarearen aurkezpenean

Torturak jasan dituzten 900 lagun bildu dira Donostian Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkezteko, otsailaren 15ean. Ekimenak torturatuen bozgorailu izan nahi du, eta oraindik torturen berri eman ez duten herritarrak sarera batzera animatu dituzte. Eusko Jaurlaritzari eta... [+]


Labrazaren defentsan
"(Oiongo osoko bilkuraren) helburua argia da, legez legitimatzea tramitazioan irregulartasun nabarmenak dituzten megaproiektu energetikoak"

Joan den asteazkenean egun gogorra eta desatsegina bizi izan genuen, ez bakarrik Labrazarentzat, baita zentral eoliko,... [+]


Gazteen arteko genero arrakalak gora egin du kokapen politikoari dagokionez

Azken hogei urteetako gazteen kokapen politikoa izan dute aztergai The Economisten. Europan 18-29 urte arteko gizonak emakumeak baino posizio kontserbadoreagoetan kokatzen dira. 


Gasteiz inguruan Vitoria Solar 1 eta 2 parke fotovoltaikoak eraikitzea onartu du Eusko Jaurlaritzak

Parke bakoitzak hirurogei hektarea izango ditu, eta 32 milioi euroko aurrekontua du proiektuak. Ingurumen eta baimen teknikoak berretsita, egitasmoari hirigintza baimena baino ez zaio falta eraikitzeari ekiteko.

 


Industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioak milaka lagun batu ditu Iruñean

Arriskuan dauden BSH, Sunsundegui, Nano Automotive, Siemens Gamesa, Tenerias Omega, Tasubinsa eta Volkswagen enpresetako langile batzordeek haien egonezina azaldu dute eta Nafarroako Gobernuari "benetan bermatzailea den legeria bat artikulatzea" eskatu diote.


Tentsio betean, preso truke berria egin dute Israelek eta Hamasek

Su-etena hitzartu eta hilabete bete denean, lehen faserako adostutako 33 bahituetatik 25 askatu ditu Hamasek. Israelek, berriz, 985 preso utzi ditu aske. Bigarren fasea martxoaren 2an da indarrean sartzekoa, baina bi aldeek jarraitu beharreko urratsak zehazteko daude... [+]


Analisia
Nostalgiari ‘sold out’

Gauzak ez dira izatez errazak, eta, izango da batagatik edo besteagatik, baina, azken boladan, mingainari behar baino gehiagotan egin diot kosk bi kontu hauengatik: sold out-aren kultura eta FOMOa –azken hori agian azaldu behar da, ez baita hainbestetan esana: esperientzia... [+]


Zedarriak Foroari erantzuna
Defentsan inbertitzea

Zedarriak Foroak Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua txostena aurkeztu zuen urtarrilaren erdialdean. Bertan, EAErako gomendioak jasotzen dira, Draghik eta Lettak Europako Batasunerako aurkeztu dituzten txostenak erreferentziatzat... [+]


Eguneraketa berriak daude