GURE LIBURUEN BEHAR GORDINAK ETA AMETS BIRTUALAK

  • Euskal Herrian zergatik ez? Liburutegi Nazionala errebindikazio politikoa baino haratago doa eta alorreko profesionalek ikuspuntu praktikotik heltzen diote gaiari. Politika bibliotekario sendo baten premia handia ikusten dute. Bitartekoak, tresnak eta gidaritza eskatzen dituzte. Liburutegi Nazional batek horri guztiari erantzun beharko lioke. Baina nolakoa beharko luke Liburutegi Nazional horrek? Galdera ona. Eta erantzun zaila. Horixe da hain zuzen eman beharreko lehen urratsa, beharrak aztertzea. Gaiaren ikuspegi desberdinak eskaini ditugu ondorengo orrietan eta liburu eta liburuzainen mundura ere hurbildu gara. Asmoez gain, Euskal Herriko liburutegien errealitatea zertan den hobeto ulertzeko xedez.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Duela urtebete pasatxo, 2000ko urtarrilaren 3an, Eusko Legebiltzarrak Euskal Herriko Liburutegi Nazionalaren proiektuaren inguruan EH alderdiak egindako proposamena eta EAJ eta EAren zuzenketak onartu zituen. Ondorioz urte horretarako 50 milioi pezetako (bi milioi libera) dirulaguntza onartu zen proiektua aztertzeko, eta 75 milioi pezetakoa aurtengo urterako. Iraganeko ahalegin antzuak berpiztu ziren. Erabaki horrek gaia komunikabideetara eraman zuen eta ondorengo hilabeteetan Liburutegi Nazionalaren inguruko iritziak han eta hemen azaldu ziren. Badirudi aferaren oihartzuna apaldu egin dela azken aldi honetan. Baina 2000ko urtarrila baino lehen liburutegietan lanean ari ziren profesionalek, lanean jarraitzen dute gaur ere eta orduko premia berberak dituzte.
"Nazional" hitza tartean denean politizatzeko joerak saihestezina dirudi. Baina alorrean lanean dihardutenek Liburutegi Nazionalaren eskaera ez dute errebindikazio politikotzat. Euren premien erantzun praktiko gisa eskatzen dute erakunde hori osatzea.


ZER BEHAR DA?

Zer da Euskal Herriko Liburutegi Nazionala? Edo, hobeto esanda, zer izan beharko luke? Galdera honi erantzuteko adostu zuen Legebiltzarrak 125 milioi pezetako partida hori. Baina oraindik ez da erantzunik. Liburutegi Nazional bat askok eraikin handi baten moduan irudikatuko luke, baina ez dago garbi kasu honetan horrela beharko lukeen. Lurraldekako egoitzak beharko lituzke agian, edo teknologia berriei esker nolabaiteko liburutegi birtual bat antola liteke, liburutegien sare bat.
Bildumari dagokionez, gauzak are ilunagoak ageri dira. Euskal bibliografiarik zabalena Jon Bilbaok abiatu zuen 40ko hamarkadan, baina lan hau 80koaren hasieran eten zuen egilearen heriotzak. Frankismo urteetan pertsona batek borondatez egindako lanaren emaitza hor da. Baina 1980tik aurrera euskal gaien inguruan argitaratutakoa, data hori baino lehen egindakoa baino gehiago izan daiteke. Eta hori ez dago inon jasoa. (Eusko Jaurlaritza 1994an hasi zen Lege Gordailua katalogatzen). Logikoa dirudi urte gaitz horietan gizon bakarrak abiatutakoari instituzioek jarraipena emateak. Baina oraingoz geldirik dago. Bestalde, euskal gaien inguruko liburutegi garrantzitsu batzuk atzerrian osatu ziren Gerra Zibilaren ostean eta oraindik ere atzerriko liburutegietan ale baliotsuak topa daitezke. Hortaz, Liburutegi Nazionalak zein bilduma gorde beharko lukeen ez dakigu, baina bai berau sakabanatua dagoela Euskal Herriko zein gure mugez kanpoko zentruetan.
Bibliografiaz gain, beste tresna batzuk ere beharrezkoak dira: euskarazko gai zerrenda, liburutegi guztien fondoen katalogo informatizatua... Eusko Jaurlaritza horretan ari da lanean eta udal liburutegi asko dago dagoeneko Katalogo Kolektiboan. Baina liburutegietako profesionalen ustez, Katalogo Kolektiboak liburutegi guztiak bildu beharko lituzke.
1990eko Kultura Ondarearen Legean zehaztu ziren Jaurlaritzaren politika bibliotekarioaren nondik norakoak. Profesionalak, ordea, kexu dira lege hori eurek nahi bezala garatu ez delako.


NAZIONALA?

"Nazional" hitzaz jardun dugu lehenago eta Eusko Jaurlaritza ere behin baino gehiago aipatu dugu. Horrek esan nahi du EAEko hiru lurraldeez ari ginela. Iazko urtarrilean Gasteizko Legebiltzarrean ekindako bideari jarraipena emango balitzaio, EAEko hiru lurralde horietara mugatuko litzateke.
Nafarroako Gobernuak jauzi garrantzitsua emango du bere liburutegi kudeaketan, Iruñean egingo den liburutegi zentralaren proiektua gauzatzen denean. Sanzen gobernuaren azken erabakiei erreparatuta, ez dirudi euskarari edo gainerako lurraldeekiko harremanei toki berezirik egingo zaionik. Baina proiektuak esparru horren gidaritza sendotu dezake.
Iparraldean ere hizkuntzarekiko ez dute sentsibilitate berezirik erakusten, baina Frantziako Liburutegi Nazionalak bilketa eta katalogazio lan zorrotza burutzen du produkzio guztiarekin, baita euskarazkoarekin ere.
Galdera ugari eta zehaztasun gutxi dago Euskal Herriko Liburutegi Nazioanalaren inguruan. Azterketa sakona egiteko garaia badela diote liburutegietan lanean dihardutenek. Guri asmo eta proiektuak albo batera utzi eta liburutegien errealitatea zertxobait gehiago ezagutzeko garaia iritsi zaigu.

"JULIO DE URQUIJOREN LIBURUETATIK BAT"
Euskal gaien inguruko liburuak biltzeko gogo eta beharra ez da gaur goizekoa eta hainbatek egin du euskal liburutegi bat osatzeko saioa. Ezagunena, ziur aski, duela mende bat inguru Julio Urquijo deustuarrak egindako ahalegina da.
Bibliofilo eta euskaltzalea, diputatu karlista izan zen 1903az geroztik, baina baserriz-baserri, etxez-etxe boto bila egindako ibilbideetan, ahalegin handiagoa egiten omen zuen etxe horietan zituzten liburuak lortzeko, bertakoen babes politikoa biltzeko baino. Bere bilketa lana ez zen Euskal Herrira mugatu; Londres, Paris edo Berlinera egindako bidaietan ere hainbat ale baliotsu eskuratu zuen bere bildumarako. Behin 2.000 aletik gorako liburutegia erosi behar izan zuen berari interesatzen zitzaion liburu bakarra, Axularren "Gero"ren ale bat, lortzeko. Hala ere, dena ez zitzaion hain garesti irten bizkaitarrari: Peñafloridako Kondearen "Borracho Burlado", lagun arteko txantxetako apustu bat medio, 2 pezetan lortu omen zuen.
Ezkondu zenetik Donibane Lohizuneko "Urkixo Baitha" n bizi bazen ere, Lehen Mundu Gerraren amaierarekin Donostiara joan zen bizitzera. Han zegoen bere liburutegia, 1936ko gerrak urtetan bildutako ondare baliotsua arriskuan jarri zuenean. Gutxi falta izan zen 14.000 aleko bilduma suntsitua izateko, baina Gipuzkoako Diputazioko idazkari Leizaolak mikelete talde bat bidali zuen Urquijotarrenera. Liburuak bildu eta Diputaziora eraman zituzten. Eta bertara itzuliko ziren 1951n, Julio Urquijo hil eta hurrengo urtean. Liburuez gain, Urquijoren eskutitz bilduma ere hara bideratu zen. Egun euskal fondo garrantzitsuenetakoa Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean dago. Ale bakoitzaren kontrazalean "Julio de Urquijoren liburuetatik bat" esaldia irakur daiteke, familiako harmarriaren inguruan.

"EDUARDO ESTRADE: "BALIABIDEEN KUDEAKETA RAZIONALA DA GURE EGITEKOA"
Liburutegi Nazionalaren proiekturako dirulaguntza 2000ko urtarrilean onartu zen Legebiltzarrean. Baina prozesuak zein abiapuntu du?
Lehenik Liburutegi Nazionaletaz zer ulertzen dugun bereizi behar da. Tradizionalki hiru kontzeptu daude: bilduma bera, funtzioa eta baliabide fisikoak. Liburutegi Nazionala betidanik eraikin erraldoi batekin identifikatu izan da. Kontzeptu zaharkitua da hori eta beste bi kontzeptuei erantzun beharko lieke. Abiapuntu honetatik, gu betidanik Liburutegi Nazionalak bete beharreko funtzioak zeintzuk diren zehazten eta ditugun baliabideekin funtzio horiek betetzen saiatu gara.

Hortaz, Liburutegi Nazionalaren helburuak zein beharko luke izan?
Gure asmoa ez da bilduma erraldoi bat egitea. Euskal Herriko Liburutegi guztien informazio bateratua Katalogo Kolektibo batean biltzea da helburua, informazio hori gizartearen eskuetan jartzeko. Horretan urte asko daramagu lanean, ez da iaz sortutako zerbait. Katalogo Kolektiboa dagoeneko abian da eta gure asmoa martxoan Interneten jartzea da. Bestalde estatistikak ere beharrezkoak dira eta dagoeneko udal liburutegi guztietakoak baditugu. Eta hori ere ez da iazko kontua.

Beraz, abiapuntua 1990eko Euskal Kultura Ondarearen Legean ipini dezakegu?
Bai, baina kontuan izanda hutsetik hasi ginela. 1994an hasi ginen funtzioak abian jartzen, Lege Gordailua biltzeari eta katalogatzeari ekin genionean. Orain arte monografikoak katalogatu ditugu, baina aurten aldizkari eta egunkarien katalogazioari ere ekin diogu. Eresbilekin hitzarmen bat dugu haiek euren edukiak kataloga ditzaten, Euskal Filmotekarekin hori bera egiteko asmoa dugu, Ondare Bibliografiko eta Liburutegietako araudia egiten ari gara...

Egun nolako bilduma du Jaurlaritzak?
Liburutegi Nazional baten iturri nagusia Lege Gordailua da. Baina gu duela hamar urte hasi ginen horretan eta urtean 1.500-2.000 liburu baino ez ditugu gehitzen. Oraindik ez gara iritsi 20.000 alera. Horiek katalogatu eta Jaurlaritzaren Liburutegi Zentralean ipintzen ditugu eskuragarri. Oraingoz bilduma txikia dugu, baina hemendik hamar urtera 40.000 ale baldin baditugu, ezingo dugu guztiak gordetzeko Liburutegi Zentrala erabili. Eta orduan, agian, batzuentzat sinbolikoki hain garrantzitsua den Liburutegi Nazionalaren eraikina beharko dugu. Gaur ez du zentzurik. Guk baliabideen kudeaketa razional bat egin behar dugu.

Katalogo Kolektiboa aipatu duzu lehenago. Zertan da une honetan?
Egun 35 udal liburutegi daude katalogoan kontsultagarri. Martxoan Interneten aterako den bertsioan 65-70 izango dira. Baina, dagoeneko guk 100 baditugu eta maiatzerako prest izango dira. Guztira 400.000 bat erregistro izango dira.

Honetan euskarak zein leku du?
Katalogoa elebiduna da. Eta elebitasunaz guk ulertzen dugu sarrera puntuetan ere euskara erabiltzeko aukera izatea. Kanadako Liburutegi Nazionalekoa da munduan dagoen katalogo elebidun bakarra eta hori hartu dugu eredu. Orain arte katalogazioa gazteleraz egin da Euskal Herrian eta gu hutsune hori betetzen saiatu gara. Lege Gordailua euskara hutsean katalogatzen dugu. Euskarak hori behar zuen eta gaztelerari ez diogu kalterik egiten, Madrilgo Liburutegi Nazionalean gazteleraz katalogatzen baitituzte liburu horiek. Tresnei dagokienez, gaien zerrenda egina dugu euskaraz. Katalogazio arauak ere behar dira euskaraz eta Anglo American Rules of Catalogation izenekoa itzultzen eta egokitzen ari gara. Lan hauetan HAEEren laguntza dugu. Tresnez gain, tresna informatikoak ere garatu behar dira. Euskal Herrian orain arte izugarrizko lana egin da gazteleraz katalogatzen. Ez badugu tresna informatikorik erdaraz egindakoa eta euskaraz egingo dena, biak batera erabiltzeko, ez dugu inoiz euskaraz katalogatuko. Euskararen alde egonda ere, inor ez dago prest gazteleraz egindako lan guztia harrika botatzeko. Programa informatikoak elebakarrak eta itxiak izan ohi dira. Erabiltzaileentzat elebiduna izatea lortu dugu, baina hori behin behineko irtenbidea da eta Informatika eta Komunikazio Zuzendaritzari bi gauza eskatu dizkiogu: programa erabat elebiduna izatea eta sare batean sartzeko aukera izatea. Sarearena gaitza izango da, baina programa elebiduna ezinbestekoa da.

Iaz Legebiltzarrak 50 milioi pezetako dirulaguntza onartu zuen Liburutegi Nazionalaren proiektua garatzeko. Aurtengo urterako 75 milioi pezeta ere onartu zituen. Zertan erabili da diru hori?
Kopuru hori gure aurrekontuari gehitu zaio eta egiten ari garen lanean lagungarri izan da. Liburutegi Nazional baten funtzioak finkatu eta aurrera eramateko erabiltzen dira, beraz.

Hauteskundeak aurreratu egingo dira. Gobernu aldaketa batek zein eragin izan lezake Liburutegi Nazionalaren proiektuan?
Jaurlaritza PPren esku geratuko balitz zer gertatuko litzatekeen... Nik dakidana da gure Zuzendaritzan maila handiko teknikariak ari direla gogor lanean, baina hori ez dela nahikoa, konpromiso politikoa behar dela hau aurrera eramateko

JOANA ALBRET MINTEGIA: "GURE ERREIBINDIKAZIOAK EZ DU KUTSU POLITIKORIK"
Joana Albret Mintegias 1997ko urrian sortu zen. "Liburutegi eta dokumentazio zentroetan euskaraz aritzeko beharra eta eskubidea daukagulako, euskara normalizatzea nahi duen talde bat gara". Alor honetan euskarak dituen gabeziei irtenbidea bilatu nahian, hainbat tresna eta egitura behar zutela ondorioztatu zuten eta horien artean funtsezko irizten diote Liburutegi Nazionalari.

Euskararen arazoa du abiapuntu Joana Albret Mintegiak. Jaurlaritza tresna elebidunak prestatzen ari da. Zuen eskaerei erantzuten al die horrek?
Horretan ari omen dira. Baina horixe entzun dugu urteetan eta gero ez dugu emaitzarik ikusten. Iaz bilera bat izan genuen Jaurlaritzan eta haiek euren asmoak azaldu zizkiguten. Guri, profesional bezala, ez zaigu iruditzen beraiek hartutako bidea egokia denik. Egiten ari diren lanak ez dituzte profesionalekin adostu.

Orduan, zer da behar dena?
Proiektu bat, lan teoriko serio bat. Helburuak finkatu behar dira, lehenik, eta horiek aurrera eramateko tresnak ipini gero. Jaurlaritza aspalditik oso beharrezkoak diren tresnak sortzeko ari da lanean, egun dagoen sareari erantzuteko. Baina horren gainetik, gidaritza orokor bat egingo duen erakundea behar da.

125 milioi pezetako dirulaguntza onartu zuen iaz Legebiltzarrak Liburutegi Nazionalaren proiekturako. Kultura Ondare Zuzendaritza bere proiektuak aurrera eramateko erabiltzen ari da diru hori.
Hori proiektuaren azterketarako erabili beharko litzateke. Diru hori ikerketarako zen. Mundu guztian liburutegi nazionalak daude, lurralde jakin batean koordinazio lanak egiten dituzten liburutegiak. Zergatik mundu guztian beharrezkoa dena eta sistematikoki egiten dena, hemen ez da beharrezkoa?

Liburutegi nazionala eraikin handi batekin lotzen da askotan. Baina askok liburutegi birtual bat aipatzen dute. Eraikina beharrezkoa al da?
Gu hori erabakiko duen azterketaren zai gaude. Baina hor arrisku bat dago, "ez da beharrezkoa eta horregatik ez dugu egiten" esatea. Eraikinaren alde ez dugu ezer esaten, guk premia batzuk ditugu; horiek aztertu eta irtenbideak bilatu behar dira. Behar dena politika bibliotekario bat da.

Eusko Jaurlaritzaz ari gara eta beraz EAEko hiru lurraldeez. Zein da egoera Nafarroan edo Iparraldean?
Nafarroan bada liburutegi politika bat. Iruñean liburutegi zentral bat antolatzeko proiektua dago eta Nafarroako liburutegi politika guztia kudeatuko du. Arazoa euskararen tratamenduan eta Euskal Herriko beste lurraldeekiko harremanean egon daiteke. Baina proiektua hor dago eta gustatuko litzaiguke Eusko Jaurlaritzak horrelako zeozer egitea. Nazioarteko parametroetara jo behar dugu, ez dugu asmatu behar asmatua dagoena. Baina horretarako bitartekoak ez dira jarri nahi. Jaurlaritzan 7 pertsona ari dira arlo honetan lanean eta Kataluniako Liburutegi Nazionalak 170 langile inguru ditu. Asturiasen, Errioxan, Andorran... euren liburutegia eta bibliografia dute.
Bestalde, Iparraldean ez da deus egiten euskararen alde. Baina Frantziako Liburutegi Nazionaletik etortzen dira bertan argitaratu den guztia biltzera, baita ikastegi txikienean egindako aldizkari txikiena ere. Ardura politiko handia dago eta eredu ona da liburutegi nazional batek egin behar duen lana ikusteko.

Aldaketa politikoak zein eragin izan dezake gai honetan?
Agintean dagoena dagoela, guk garbi daukagu zer eskatu behar diogun, egoera politikoa alde batera utzita. Euskaltzalea izan gabe ere euskararen normalizazioa eskatu behar diogu. Alemanian, adibidez, inmigranteen hizkuntza eta kultura hartzen dira kontuan liburutegi zerbitzuak antolatzerakoan. Eta hemen gure hizkuntza propioaz ari gara. Gure errebindikazioak ez du kutsu politikorik. Berez, liburutegi nazional bat egiteak ez du zer ikusirik proiektu independentista batekin. Nafarroako proiektua, adibidez, UPNren gobernuarekin onartu zen eta EAEn 20 urtetan alderdi nazionalista bat egon da gobernuan eta ez da horrelakorik egin. Harrigarria da, benetan. Abertzale izan gabe ere, legeak eta erakunde bat eskatu behar dira, bibliotekonomiaren parametroei hurbiltzeko.


Azkenak
2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


2024-11-27 | Julene Flamarique
"Euskara ez den hizkuntza bat” erabili du Barakaldoko Udalak kanpaina batean

Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]


2024-11-27 | Leire Ibar
180 eragile baino gehiagok egin dute bat etxebizitzaren eskubidea bermatzearen aldeko mobilizazioarekin

Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.


2024-11-27 | Julene Flamarique
Gutxienez 2027ra arte atzeratu dituzte berriro ere AHTren obrak EAEn

2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]


Erretiroa hartuko du Benito Lertxundik

82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.


2024-11-27 | Mati Iturralde
Gogoan ditut

2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]


Valentziako ilargia

Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]


2024-11-27 | Castillo Suárez
Pertseberantziaz

Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]


Materialismo histerikoa
Zuekin nahi dut

Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude