GASTEIZ (II)
Andra Mari Zuriaren inguruan
Ohi dugun moduan, Gasteiz barruko ibilbide hau ere hiriko arimatik hasiko dugu, biztanle guztien topaleku den Andra Mari Zuriaren plazatik, alegia. Hementxe biltzen dira "blusak" jaietan, Zeledonen jaitsiera itxaroten. Triangelu itxurakoa, leihateri zuri eta zabaleko etxe ederrek inguratzen dute, San Migel elizak betetzen duen muturra ezik. Erdian Gasteizko bataila gogoratzen duen monumentu handiosoa kokatzen da.
San Migel eliza XIV. mendekoa da, eta elizpeko bi arku handien artean Andra Mari Zuriaren irudia gordetzen da. Barruan erretaula nabarmentzen da. Elizaren atzean XVI. mendeko Villa Suso jauregi gotiko-platereskoa dugu (gaur egun kulturgunea), eta pixka bat harantzago San Bizente eliza. Tenplua XV. mendekoa da, eta dorrea XIX. mendekoa; barruan erretaula txurrigereskoa dugu.
Elizaren eskuineko San Bizente aldapatik jaitsiz, eta berriz ere eskuinetik plazara itzuliz, hiriko bitxikeri arkitektonikoaren albotik pasako gara: "Arkutxoak". Hauek XVIII.-XIX. mendeetan zehar altxatu ziren, mailakatutako eraikin batzuen bidez hiri zahar eta modernoaren arteko desnibelari aurre egin asmoz. Begiratoki polita osatzen dute. Azkenik, Andra Mariren ondoan Espainiako plaza itxi eta bikainki karratua (220 m. x 220 m.) dago. Arkupedun enparantza hau XVIII. mendeko azkenetakoa da, eta elementurik garrantzitsuena Udaletxe neoklasikoa du.
Erdi Aroko alde zaharra
Azken plaza honen ekialdeko atetik irtetean eskuinera 1922ko Postetxea ikusiko dugu, dorretxe zaharren antzekoa, baina guk ezkerrerantz San Frantzisko aldapa igotzen hasiko gara, Gasteizko "poteo-kale"rik ezagunenean sartuz. Horrela, Kutxilleria (euskaldun gehienek horrela idatzia ezagutzen dute) kalearen 22an XV.eko Sokaren Etxea aurkituko dugu, Erdi Aroko behe-solairu, dorre gotiko eta izardun sabai eder batez hornitua.
Berrehun bat metrora Bendaña jauregi zurizka topatuko dugu, gotorleku itxura sortzen dion armarridun dorre zilindrikoarekin. Jauregi eder honek Euskal Herriko erakuslekurik bitxi eta ondorioz interesgarrienetakoa gordetzen du: "Fournier" Karta Museoa. Museo honek Felix Alfaro Fournierrek 1916tik bildu, mundu guztian zehar erosi eta hainbat pertsonek emandako karta bilduma biltzen du, munduko garrantzitsuena alegia. Garai askotako eta mundu osoko kartak ditugu ikusgai, bitxikeri askoren artean. Zabalik dago asteartetik ostiralera 10:00-14:00 eta 16:00-18:30ak artean; larunbatean 10:00-14:00 eta igande-jaiegunetan 11:00-14:00ak artean.
Kalea amaitzear dugula, Andra Mari katedrala edo Katedral Zaharra ageri zaigu. XIV. mendekoa (XII.eko baten gainean; dorrea XIX.ekoa), hiriko parterik altuenean dago. Kanpotik gotorlekua ematen du, hiru ataldeak nabarmenduz, eta barruan gurutze latindar plantak hiru nabe ditu, eta koru plateresko ederra.
Jainkotegiaren iparraldean XV. mendeko Andatarren dorretxea (sarbidea babesten zuena eta hiriko eraikinik zaharrena), metro batzuk aurrerago XV.-XVI. mendeko Portalea ikusgarria (arroztegi eta postetxe izandakoa) eta eskuinera XVI. mendeko Gobeotarren jauretxea ditugu, guztiak Buruileria plazaren inguruan. Gainera, Berpizkundeko azken eraikin honek bere baitan Arabako Arkeologi Museoa du, herrialde honetan topaturiko aztarnekin. Zabalik dago asteartetik ostiralera 10:00-14:00 eta 16:00-18:30ak artean; asteburu-jaietan goizez. Sarrera dohainik hiriko museo guztiak bezalaxe.
Frai Zacarias Martinez kaletik itzultzen ari garela, Eskoriatza-Eskibel jauregiaren aurrealde platereskotik (XVI. mendeko Berpizkundekoa) igaroko gara eta pixka bat aurrerago kalearen bestaldean Montehermoso jauregi paretik. Metro batzuk aurrerago aldiz, gure eskuinean, harresietako hondakin batzuk ditugu.
Puntu honetan Bakardade kantoiko eskaileretatik San Pedro eliza ikusiko dugu. Batez ere, XIV. mendekoa, XIII. mendean hasi ziren eraikitzen eta XIX. mendea arte ez zen guztiz amaitu, lanak eta erreformak medio. Hala ere, bertara zuzenean joan beharrean, aurretik paraleloan dituen Korreria, Zapatari eta Herreria kaleetako etxe eta jauretxeetan zehar ibiltzea gomendatzen dugu, sigi-sagean alde zahar osoaren irudi egokia jasotzeko.
Dena dela, ezinbestez ikusi beharrekoa Doña Otxandaren dorretxea da, eta horretarako Korreria kalea eskuinerantz Harategi kantoiraino segitzea gomendatzen dugu, bertako eskaileretatik ederki ikusten baita. XV. mendeko Erdi Aroko etxe baten hondarren artean 1970ean eraikia, Arabako Natura Zientzietako Museoaren egoitza da. Azkenik, kale amaieran berriz ere Andra Mari Zuriaren plazan gaude.
Hirigune modernoa
Alde Zahar eta modernoa lotzen duten Andra Mari Zuria, Espainiako plaza, Arkutxoak eta Postetxea bisitatu ostean, orain zabalgune neoklasikoan bete-betean sartuko gara. Espainiako plazako hegoaldeko irteeratik hasiko gara, bertan XX. mende hasieran etxeei txertatutako begiratoki zuri ederra ikus dezakegulako. Leihateria hau inguru honetan ohikoa da, eta eraikinak nabarmen edertzen ditu.
Ezkerrerantz Postetxea utziz, bere garaian polemika handia sortu zuen Foruen plazara iritsiko gara. 1981ean Txillida eskultoreak eta Gantxegi arkitektoak egina, granitozko monumentu-multzoa da, harmailezko plaza ikusgarriaren barnean. Hartu dugun kalearekiko paralelo dauden Alava Jenerala, San Prudentzio eta Floridak badute zer ikusirik, baina gu laugarrenetik itzuliko gara, hots, Manuel Iradier kaletik.
Honek Foru kalearekin egiten duen kantoian Fournier Karta Etxea edo lantegi zaharra dugu, eta San Antonio kalearekiko kantoian Pando-Arguelles jauretxe izandako eraikin ikusgarria. San Antoniotik Loma jeneralaren plazatik (aurrean San Antonio eliza dugula) igaroz Andra Mari Zuriara itzul gaitezke.
Floridatik Armentiara
Hiri gutxik izango dute bizpahiru kilometroko pasealeku batean hainbeste interesgune eta berdegune, eta horrenbestez, kotxea utzi eta Armentiara oinez joatea aholkatzen dizuegu.
Florida parkearen alde batean Eusko Legebiltzarra dago, 1853koa, eta parkearen ondoan Katedral berri neogotikoa, bost nabe, girola, eskultura eta beirategi ikusgarriekin. Katedral aurreko Vicente Goikoetxea kaletik Arabako Foru Aldundiaren jauregira iritsiko gara, Probintzia Plaza dagoen tokira. Florida 1820ko parke polit eta erromantikoa da. Erreka, basotxo eta 1890eko musika kiosko zuriak (alboetan lau errege bisigodoen eskulturekin) hiriko lekurik erakargarrienetakoa bihurtzen dute. Parkearen ezkerraldetik Florida ibilbidea hasten da, gero Senda, Frai Francisco Vitoria eta Cervantes izenak hartzen joango dena, baina osotasunean pasealeku bakar, arbolatsu eta ederra osatzen duena.
Senda zoragarri honetan lehenbizi Zulueta jauregitik (Antso Jakitunaren Fundazioa) eta lorategietatik pasako gara. Trenbide azpitik igaro ostean, jada Frai Francisco Vitorian XX. mende hasierako jauregi ederrak bata bestearen atzetik datoz: Zuloaga etxea, Buruko Minen etxea (izena begiratokiei eusten dieten irudietatik datorkio), Maria Enea (ingeles estilokoa), Sofia enea ederra (arabiar estilokoa)...
Bi hauen parean Arabako Armagintza Museoa (historiaurretik XX. menderainoko mundu osoko armak) eta euren alboan, Augusti gaztelu-jauregian Arabako Arte Ederren Museoa (XIV. eta XX. mende bitarteko margo eta eskultura interesgarriak ikusgai, eta baita numismatika gela bat ere) bisita ditzakegu. Zabalik daude biak asteartetik ostiralera 10:00-14:00 eta 16:00-18:30ak bitartean; larunbat eta jaiegunetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara.
Armagintzakoaren alboan Ajuria Enea Euskal Autonomia Erkidegoaren Lehendakariaren egoitza dugu, euskal estiloan altxatua. Aurrerago Pradoko parke zabaletik, Famili Santuaren kapera bizantiar ondotik eta Mendizorrotzako kirol instalakuntzetatik igaro ostean, San Prudentzioren estatua Garaipen-Arku moduko baten azpian ikusiko dugu, atzean santu honen omenezko basilika dugula.
Horrek guztiak Armentian sartzen ari garela adierazten digu, gasteiztarrek, bere zelai, sagardotegi eta inguruneak medio, asteburuetan askotan bisitatzen duten herrixka. San Prudentzio Arabako zaindaria da, eta bere basilika erromanikoaren perlatzat hartua dago. XII. mendeko (baina XVIII. mendean erreformatua), kanpoko zein barruko eskulturak, gurutzeria eta kapitel galantak, abside ikusgarria, XVIII. mendeko arkudun elizpea eta tinpano biak azpimarra ditzakegu.