PP-REN GOBERNUA XANTAIA EGITEN ARI DA LANGILEEN DIRUAREKIN

  • PPren Gobernua, abertzaletasunaren aurkako estrategia xantaiagilea dela medio, arriskuan jartzen ari da aurtengo urterako Hobetuzen finantzaketa. Iaz Espainiako Gobernuak 3.500 milioi pezeta utzi zituen ordaindu gabe, eta aurten beste 6.000 milioi pezeta eskatzen zaizkio.

2021eko uztailaren 23an
E uskal Herriak bizi duen egoera politiko larriak, PPren Gobernua egiten ari den abertzaleen aurkako erasoaldiak, besteak beste, euskal langileen etengabeko lanbide prestakuntzaren finantzaketa kaltetzen du, kasu honetan EAEn bizi diren langileena. Lehengo urtean Madrileko Gobernuak Hobetuzi zegozkion 3.500 milioi pezeta (140 milioi libera) utzi zituen ordaindu gabe, eta aurten ere berdin gertatuko ote denaren kezka dago, iazkoaz gainera eskatu diren 6.000 milioi pezetei (249 milioi libera) dagokienez. Beraz, berriro ere azkenerako langileek ordaindu behar dituzte PPren Gobernuko interes partikularrek eragindako krisialdi politikoaren ondorioak. Izan ere, PPren Gobernua ez da gauza baliabide ekonomikoak diskriminaziorik egin gabe behar bezala administratzeko, kontuan izanik, gainera, neurri handi batean, Gizarte Segurantzaren bidez, langileengandik eta horien enpresengandik lortutako baliabide ekonomikoak direla. Urtean 12.000 milioi pezeta, ELAk bere azken Biltzarrean adierazitakoaren arabera.


250.000 LANGILE BIRZIKLATU ZIREN IAZ.

Hobetuzek Euskal Autonomia Erkidegoko 250.000 langileren prestakuntza eta birziklatze ikastaroak finantzatu zituen 2000. urtean, nahiz eta bere baliabideak mugaturik izan, aurreko legegintzaldian Espainiako PPren Gobernuak eta EAEko Gobernuak ezarritako hitzarmenaren arabera eman beharreko 3.500 milioi pezetak emateari uko egin ziolako Espainiako Lan Ministerioak.
Hobetuzek, 2000. urtean, 888 prestakuntza plan onetsi zituen 250.000 langileri ikastaroak eskainiz, bere aurrekontuetan Eusko Jaurlaritzaren 1.000 milioi pezetako ekarpen berezi bat gehitu ondoren. Planik gehienak Bizkaian eskaini zituen, 531 plan osatuz, Gipuzkoan 347 egin zituen eta Araban 140. Honako plan motak izan ziren: enpresakoak, 580; elkartuak, 160; sektorekoak, 17; sektore artekoak, 15; kooperatiba eta autonomoenak, 99; eta norbanakoenak, 17.
Plan horiek 3.870 milioi pezetako finantzaketari esker gauzatu ziren. Horietako 1.550 milioi INEMetik etorri ziren -hala ere, beste 3.500 eskatzen zitzaizkion-, 1.320 milioi Eusko Jaurlaritzatik, eta 1.000 milioi Europako Gizarte Fondotik.
Espainiako Gobernuaren jarrera ikusita, Hobetuzeko arduradunek idazki bana bidali diote Lan Ministerioari eta INEMi, indarrean dagoen legeria bete dezan eta, horrenbestez, 2000. urterako prestakuntza fondoan jartzeko dituzten 3.500 milioi pezetak jar ditzaten. Aldi berean, beste 6.000 milioi pezeta eskatu dituzte 2001. urterako. Idazki horietan Hobetuz Fundazioko lehendakari José Luis García Bengoak, patronalaren ordezkariak, euskal langile eta enpresariek, Gizarte Segurantzako kuoten bidez, zenbateko ekarpena egingo duten zehazteko eskatu die. Egoera horrelakoa izanik ere, Hobetuzeko arduradunek diotenez, aurten ez dira finantzaketa guztia eskuratu arte itxaroten geratuko prestakuntza planak esleitzeko, eta iritsi ahala banatzen joango dira.
Hobetuzek igaro duen eta igarotzen ari den egoera larriak tentsioak eragin ditu azken hilabeteotan, patronalaren ordezkarien, Eusko Jaurlaritzaren eta sindikatuen artean, eta are mobilizazioak ere eragin ditu fundazio horretako kide diren ELA eta LAB sindikatu abertzaleen eskutik. Sindikatu abertzaleen ordezkariek Hobetuzeko beste kideekin batera lan egitea erabaki dute, beraiei dagokien eta Madrilek ukatzen dien finantzaketa eskuratzeari begira. Baina, bestalde, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Madriletik legez dagokion kopurua igortzen ez duten bitartean Lakuako Gobernua izan dadila finantzaketa aurreratzeaz arduratuko dena, ez ditzaten azkenerako langileek jasan behar izan beraiekin zerikusi handirik ez duen krisialdi politiko baten ondorioak.
Hobetuzeko ELAren ordezkari Eduardo Markinezek bere garaian esan zuenez, etengabeko prestakuntzari buruzko hiruren arteko akordioak indarrean jarraitzen du, eta "Madrilek iturria ixten badu, Eusko Jaurlaritzak eutsi beharko dio aurreikusitako finantzaketa eskuratzeko tirabirari, baina ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak behar dugun finantzaketa ziurtatzea ekonomi eragozpen berezirik gabe jardun ahal izateko".
Hobetuzen egoera benetan da ahula, eta, Hobetuzeko LABen ordezkari Arrearen esanetan, bi aukera aurreikus daitezke: batetik, Madrilek akordioa behar bezala bete gabe jarraitzea, hau da, langileek INEMen jartzen duten dirua ez ematea Hobetuzi, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak jarrera ausarta hartu eta dagokion finantza bermea egituratzea.


NORA DOA DIRUA?

Espainiako, EAEko eta Europako Administrazioek langileen etengabeko prestakuntzarako jartzen dituzten diru kopuru handiak ez dira, nonbait, zintzotasunez eta duten xedearen arabera banatzen. Partida batzuk hainbat patronal eta sindikaturen finantzaketarako desbideratu izan dira noizbait. Horrela adierazi izan da, behintzat, hainbat esparru sindikaletan. Diru gehiegi dabil jokoan, eta erraza da plan bat eta bestearen artean edo ikastaro batetik bestera milioi bat edo beste administratzaileen eskuetan itsatsita geratzea. Zenbat eta kontrol gutxiago ezarri diru laguntzei, orduan eta errazago izango da horrelakoak gertatzea.
Horrela EAEn, azken lau urteetan, Hobetuzen eta Forcemen 28.000 milioi pezetatik gora erabili dira euskal langileen etengabeko prestakuntzarako ikastaroak antolatzen laguntzeko. Gainera, 1993tik 1996ra bitartean, etengabeko prestakuntza bultzatzeko erakunde bakarra Forcem zenean, EAEk 5.000 milioi pezeta jaso zituen birziklatze ikastaroetarako diru laguntza gisa.
Hobetuz 1996an sortu zenetik, enpresa gehienek nahiago izan dute euskal fundaziora jotzea. Horrela, 1998an, Hobetuzek 711 prestakuntza plani eman zion diru laguntza, eta Forcemen laguntza, berriz, 158 planek jaso zuten. Bi fundazio horien arteko aldea are handiagoa izan zen 1999an. Europako Gizarte Fondoak emandako aparteko diru laguntza berezi bati esker, prestakuntza planetarako bigarren deialdi bat egin zen, eta 9.712 milioi pezetara iritsi zen Hobetuzen bidez xedatutako diru laguntza, Forcemek emandakoa 1.817 milioi pezetakoa izanik.
ELA sindikatuak esan izan duenez, "Forcem egitatezko bidetik dago hemen, eta ez eskubidezko bidetik", eta, gainera, Forcemek duen antolamendu sistemak "berekin darama ustelkeriaren hazia". Forcemeko fondoen banaketa CEOE, CEPYME, CCOO, UGT eta CGIren artean osatutako batzorde parekideak erabakitzen du, eta Hobetuzekoak, berriz, Lehendakaritza, Industria eta Lan sailek, Confebaskek eta lau euskal sindikatu nagusiek osaturik, hiru esparru ezberdinetako erakundeek osatutako batzorde batek erabakitzen ditu prestakuntza planak. Gainera, EAEn, Lanbide Heziketako Zentroei ematen zaie lehentasuna langileak birziklatzeko, eta ahalik eta gehien murrizten da sindikatuen eta patronalaren esku-hartzea etengabeko prestakuntzaren kudeatzaile edo emaile gisa.
Hobetuzek duen antolatzeko modu honek Forcemen eredutik urruntzeko helburua du. Izan ere, ELAk dioenez, "eredu horren arabera, etengabeko prestakuntzaren egitasmoa barruan dauden erakundeen finantzabide bihurtu da (sindikatu eta patronalena), zuzenean edo zeharka. Fondoen hartzaile izan behar luketenek ez dute horiei buruzko inolako erabaki ahalmenik".
Konpondu gabeko beste arazo bat etengabeko prestakuntza hori eskaini behar duten zentroen homologazioa da. Gai horri irtenbide egoki bat emateak asko lagunduko luke diru laguntzen kudeaketan gardentasun handiagoa lortzeko. Hobetuzek, dagoeneko, prestakuntza hori emateko aurkeztu diren zentroak homologaziorako prozesu horretan sartzera behartu ditu, eta Forcemek, aldiz, amaitu berri den Etengabeko Prestakuntzarako Akordioa berritzearen zain geratzea erabaki du zentroen homologazioa proposatzeko

HOBETUZ ETA FORCEM, BI FUNDAZIO ETENGABEKO PRESTAKUNTZARAKO
Hobetuz etengabeko prestakuntzarako euskal fundazioa da -hobeto esanda, EAEko fundazioa-, eta Forcem, berriz, helburu bereko Espainiako Estatuko fundazioa. Hobetuzen osaketan Administrazioak bost ordezkari ditu, Confebask patronalak lau ordezkari, ELA sindikatuak bi ordezkari eta LAB, CCOO eta UGTk ordezkari bana. Forcemen, bestalde, patronalaren ordezkari gisa CEOE eta CEPYME daude eta sindikatuen aldetik CCOO, UGT eta CIG (Galiziako Sindikatu arteko Konfederazioa).
Hobetuz duela lau urte jaio zen autonomien eskumenen emaitza gisa. Sindikatu abertzaleak eta gaur egun EAko Sabin Intxaurragaren esku dagoen Lan Administrazioa bera bi erakundeak kontrajartzen eta Forcemek EAEn inolako prestakuntza ikastarorik eman ez zezan saiatu ziren, lan horretan Hobetuz bakarrik aritzeko asmoz, baina ez dute lortu. Ikastaroak eman nahi dituztenek erabakitzen dute bi fundazio hauetako zeinengana jo nahi duten diru laguntza eskatzeko. Horren ondorioz, gertatu izan da ikastaro berberari bi aldiz eta bi bide ezberdinetatik diru laguntza eman izana.
Espainiako Gobernuak Hobetuzi edo Forcemi ematen dion tratua guztiz ezberdina da eta nabarmena gertatzen da bataren eta bestearen arteko diskriminazioa. Ikusi dugunez, Hobetuzek eragozpen ugari aurkitzen du handik eta hemendik eta, aldiz, Espainiako Gobernuak 1.400 milioi pezeta (56 milioi libera) eman zizkion Cepymeri, 2000. urteko bigarren hiruhilekorako eta plan bakar baterako, CEOEri 1.400 milioi eta CCOO eta UGTri 1.368 milioi pezeta (54 milioi libera) bakoitzari. Hobetuzek, berriz, urte osorako eta bere plan guztietarako 1.550 milioi besterik ez zituen jaso.


Azkenak
Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


Urtebete baino gehiago greban, Elon Musken enpresaren aurka
“Teslak ez du nahi langileek iritzia emateko eskubidea izaterik”

Teslaren aurkako lehen greba –eta bakarra– da munduan, Suedian 2023ko urritik aurrera egiten ari direna. Duela mende batetik hona Suedian egindako grebarik luzeena bihurtu da. IF Metall sindikatua bultzatu du protesta, Elon Musken autogintza enpresak hitzarmen... [+]


Politono bat entzun nahi?

PLEIBAK
Miren Amuriza Plaza
Susa, 2024

--------------------------------------------------

Miren Amurizaren bigarren eleberria argitaratu du Susak Durangoko azokaren atarian: Pleibak. Aurretik egindako grabazio baten gainean kantatzen ari zarelako antzerkia egitea da... [+]


2024-12-20 | Xalba Ramirez
Xabier Badiolaren gitarra: zaharra zena, berri

Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023

-------------------------------------------------

Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

------------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


2024-12-20 | Hiruki Larroxa
Irribarre egin, murtxikatu eta isildu

Askok, Gabonetan, ilusioa baino alferkeria handiagoa sentitzen dugu familia-otordu eta -topaketetan pentsatzean. Baina aurreratzen dizuegu ez dela otordua bera kolektiboki deseroso sentiarazten gaituena, familia tradizionala definitzen duen normatibitatea baizik. Are gehiago,... [+]


2024-12-20 | Sonia González
DSBEren ‘humilladeroa’

Betidanik begitandu zait esanguratsuagoa han-hemenka topa daitezkeen guruztokiei gazteleraz esaten zaien modua: humilladero. Ez al da guruztoki edo santutxo izen nahiko light, zuri edo haragoko konnotaziorik gabekoa? Azken batez, bertatik pasatzen zen oro umiliatu behar zen... [+]


Siriako Arabiar Errepublikaren amaiera

Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor... [+]


“Jadanik ez gara zuen tximinoak”

Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]


Kongo eta kobaltoa
Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]


Peio Berterretxe
“Tresna sozial izatetik, produktu kultural izatera pasatu dira plaza antzerkiak”

Master Amaierako lan sendoa aurkeztu berri du Peio Berterretxek. Urte luzetan antzerkian ikasia eta aritua, plaza antzerkien jatorriaz eta gaur egun dituzten funtzioez aritu gara harekin, Lekorneko Kabalkadan oinarrituta egin duen ikerketaren aitzakian.


Eguneraketa berriak daude