"MIARRIZTAR GEHIENEK OREKA POLITIKOA DESIRATZEN DUTE"

  • Herriko Etxeko buru gisara bi legealdi bete ondoren, legegintza berri baterako hautagaitza presto dauka. Bera izanen da, bestalde, BAM Herrien Erkidegoko presidente berria.

2021eko uztailaren 21ean
Martxoko hauteskunde kanpaina kari, ABk hainbat politikoren inmobilismoa salatzeko afitxak zabaldu ditu karriketan. Ipar Euskal Herriko hautagai inportanteen argazkiak daude, alta, zurea ez agertzen. Zer dela-eta, zure ustez?
Hori ABkoei beraiei galdetu behar zaie, ezta? Badira bi azalpen posible nire ustez: lehenaren arabera, ez naizela inmobilista bezala kontsideratua; edo bigarren bat, ez naizela aintzakotzat hartua. Zuri dagokizu hautatzea (irriak).

Orain urte bat Miarritzeko Herriko Etxearen agintaldi berri baterako zure asmoen berri eman zenuen, eta berriki eskuin, ezker nahiz abertzale eremuko kideak bildu dituzu zure hautagaitzan. Zein da zure lorbidea?
Arras sinplea da. Herri edo udal politika ezin du maila nazionalean garatzen den politikak baldintzatua izan behar. Miarritze herri tipi bat da, 30.000 bizilagunek osatua da, denok ezagutzen dugu elkar. Auzapezaren egitekoa ez da bere ideiako herrikideen zerbitzura jartzea soilik, herri biztanleendako garapen proiektu komun bat antolatzea baizik. Hartaz, ideia politiko diferenteak izanagatik ahalik eta jende gehiena proiektu politiko beraren inguruan biltzen saiatu naiz.
Miarritze herriaren garapenean ez dut abertzale, eskuineko nahiz sozialisten arteko ezberdintasunak ikusten, benetan. Miarritzeko proiektuaren helburua, populazio guztiaren problemak kontuan hartuz, herritarrei bizi baldintza egokienak ematea da. Miarritze nagusiki turismo-gune den aldetik, ideia politiko ezberdin nagusien gainetik, herria denon artean ezarri behar dugu nazioarteko merkatuan. Chiraci nahiz Jospini botoa emanda ere miarriztarren eskaerei erantzun bateratu bat eman diezaiekegula uste dut.

Nolanahi ere, lorpen honetan Didier Borotra politiko abila edota azkarraren lana ikusi dute han-hemenka.
(Kexu antzean) Ez da egia. Zertan datza politiko baten abildadea edo azkartasuna? Bada, honetantxe: egin nahi duena gordetzean edota publikoki egin nahi duenaren parte bat baino ez azaltzean, arerio politikoek ez dezaten jakin zeintzu diren bere asmoak. Ez da nire kasua! Nik egin asmo dudana argi eta garbi agertu diet udalkideei. Zinez, ez dago inolako abildaderik nire partetik, ezta udaleko nire taldekideen aldetik. Dagoena hauxe da: proiektu garden bat hautesleen aitzinean, eta orain beraiei dagokie berau hautatzea edo ez.
Nire hautagaitzan ahalik eta partaide gehien bildu nahi nuela erran nuen orain urte bat, argi mintzatu nintzen. Azken finean, nahi izan dutenak bildu dira zerrendan, nik ez dut inor behartu nirekin bat egiteko. Aitzitik, ahalik eta zerrenda anitzena osatu dugu proiektua are aberasgarriagoa izan dadin. Jokamolde honek herritarren nahiak betetzen dituela jakitun baikara.

Zure proiektua ez da berria, bi legegintzaldi burutu duzu prozedura honen bidez. Agidanez, kontent zara.
Jakina, azken hamar urteko herrigintzaren balorazioa ona baita. Alta, ez da nire lorpena soilik. So egin dezagun gibelera: udal taldean ezkerreko partaiderik egon izan ez balitz, bada, politika soziala ez litzateke garatu izan duguna, hots, onuragarria. Abertzaleak ez baleude Herriko Etxean, seguraski, kultur garapena oro har eta euskal kultur garapena bereziki, ez lirateke izango egun direna. Ideia ezberdinak dituzten pertsonek posibilitatu dute oreka puntu bat aurkitzea, miarriztar gehienek oreka politikoa desiratzen dute. Nirea ez da abildade kontua, herritarrekiko erantzukizuna eta errespetua baizik.

RPRn nahiz ABren baitan bizi izan diren gorabeherak azpimarratu nahi nituen; Jakes Abeberri eta Max Brisson hautetsien inguruan.
Ados. Baina, finean, bere ikuspegi politikoaren baitan ixten direnak ez ote dira desonest herritarren nahiekiko? Abertzaleak edo eskuinekoak direlako ez dira desegokiagoak beren ideiakoak ez direnen eskaerei erantzuteko. Nik ez diet sekula uko egin nire ideia politikoei. Jakes Abeberrik abertzale ideiak ditu eta ez die inoiz uko egin, Simone ezkertiarrak ere ez. Eta Max Brissonen kasuan berdin. Ez diot bere ideiei uko egiteko eskatu, eskatu diot une batez bere ideiak ahanzteko miarriztarrak zerbitzeko. Ez da konplikatua, udal eta herriaren kontzepzioa ulertzeko molde bat da, etorkizunean udalerrietan gailenduko dena.

Miarritze, batez ere turismo-gune dela aipatu duzu. Nola ulertzen duzu proiektu hau Miarritze herri gisara?
Gure xede nagusia herria bilgune turistikoa izatea da, sasoi turistikoko egutegiaren erritmoan edota irakaskuntzako oporren eskaeren arabera bizi dena, baita urtean barrena burutzen diren kongresu eta kultur jaialdi eta ekitaldien arabera bizi dena. Honen guztiaren inguruan segitu nahi dugu garatzen eta eraldatzen gure herria. Bere jatorritik, Miarritze, itsas inguruan eraiki eta garatu da, eta bere itsasertzea berritzen eta egokitzen segitu nahi dugu. Itsasoari loturiko proiektuetan hainbat ekipamendu jarri dugu funtzionamenduan, funtsean ozeanoa baita gure iturburu nagusia. Jende gaztearen beharrei erantzuten dieten inbertsioak dira, herritar gazteak baitira etorkizuneko oinarria. Alabaina, hau guztia, herritarren ideien eta herri nortasunaren inguruan garatu nahi dugu, hots, gure merkatuaren eta kultur beharren arabera. Proiektuen artean, Jules Ferry karrikan udal liburutegi-mediateka bat eraikitzea dago, baita irudia eta argazkigintza garatzeko ikusentzunezko formazio-zentro bat. Clemenceau eta Belle Vue plazak berregituratuak izanen dira herri azoka eta bertako saltokiak berritzeko.

Herrien Erkidegora etorri aldera (BAB Communauté d'Agglomeration deritzona). Zein da Baiona- Angelu-Miarritze artean garatzen ari zareten erkidego proiektuari buruzko zure balorazioa?
Azken hamar urteotan BAMen arteko Herrien Erkidegoak burutu duen lana oso sendoa eta positiboa izan da, batik bat saneamendu-sareari dagokionean. BAM erkidegoaren izaera turistikoa izanda, baitezpadakoa da bere saneamendua. Unibertsitate mailan egindakoa ere garrantzizkoa da. Bai Montauryn eraiki denarengatik bai Baionan ikasketa unibertsitarioak berdefinitzeko egin den ahaleginarengatik. Miarritzen bideratzen ari garen ikusentzunezko BTS zentroa ahantzi gabe. Oro har, alimaleko lana egin da gure aglomerazioaren inguruan.
Alta, honeraino iritsita, lan bateratu bat garatzeko hitzarmen bat berdefinitzeko unea heldu zaigula uste dut, ekintza bateratuak gauzatzeko hitz komunak erdietsi behar ditugu. Hiru herrien arteko kontsentsua edo adostasuna bilatu eta bermatuko duen hitzarmen bat. Hiru auzapezen arteko lana bermatuko duena partikularzki, eta herri kontseilariei Erkidegoaren funtzionamenduan partehartze zabalago bat emanen diena orokorki.

Izan ere, hiru herriko auzapezen artean desadostasunak izan dira, multi-aretoen eraikintzan, kasu.
Erabat naturala da hiru herrien artean desadostasunak izatea, interesak ez baitira eremu denetan berdinak. Nik ez ditut desadostasunak anormalak kontsideratzen, anormala iruditzen zaidana da desakordioak publikoki agertzea. Eztabaidarako leku bat behar dugu, hiru auzapezak bilduko dituen mahainguru sendo bat, bakoitza non dagoen argitzeko eta erantzun komunak emateko.

Miarritzeko Herriko Etxeak laster hartuko du Erkidegoaren gidaritza, zu buru izaki. Zein irizpideren arabera gidatu nahi duzu berau?
Herrien Erkidegoak ez du hiru komunen edo herrien gainean legokeen goi-komun bat izan behar. Herrien arteko egitura bat da, herriek beraiek hainbat eremuetan aritzeko botere emandako egitura bat. Hartara, ezin du hiru herrien gainetik lan egin edota hauen aurka joan. Erkidego honek hiru herrien akordioaren araberako politika bat burutu behar du, hainbat proiektu burutzeko berezko eskuduntzak izan arren, hiru herri proiektuekin batera aritu behar du. Adostasun sendoago batean aritzeko lan handia egin behar dugu oraindik, era sistematiko batez eta kontseilarien partehartzea handiagoarekin. Kudeaketa tekniko batetik kudeaketa politikoago batera pasatu behar dugu.

Erkidegorako hauteskundeak egiteari buruzko ideiaz zer diozu?
Ideia hori orain arteko gobernuaren proiektuan izan da. Nire aburuz, ordea, maila nazionaleko hainbat hauteskunde egin beharko litzateke lehenbizi. Eta haien ondoren dezentralizazioa gaia ongi aztertu. Frantzian beste administrazio bat izateak eromena ekar dezake. Herrien, Departamenduen, Erregioen, Estatuaren eta Europaren egiturak daude, munduan ez dago gurean bezain bat egitura administratiborik. Hau biziki kario kostatzen zaigu. Ez dut uste aukera ona denik.

Edouard Balladur eta Alain Juppek gobernuan dagoen Askotariko Ezkerrari oposizioa egingo liokeen alderdi bat osatu nahi dute. Zein da zure iritzia?
Ni oposizio anitz bat osatzearen aldekoa naiz, alderdi bakarraren ideiaren aurkakoa. Balladur eta Juppek oposizioan dauden alderdiak alderdi bakar batean bildu nahi dituzte, presidentziarako nahiz legegileetarako hauteskundeetan zentro-eskuineko hautagai bakarra izanen duena. Ni formula horren aurka nago, ez diot arrakasta erdiesteko inolako aukerarik ikusten. Nire ustez, presidentziarako hauteskundeen emaitzen arabera antolatu beharko dira Asanblea Nazionalerako hauteskundeak. Emaitzek agindu behar dute zer-nolako oposizioa mota antolatu behar den hauteskunde legegileetan. Hots, zentro-eskuinak ez badu presidentziarako hauteskundeetan Errepublikako presidente kargua berritzen ongi aztertu beharko ditu legegiletarako bozak.

Eskuinatik bereiz eta François Bayrou da zure aukera, beraz.
François Bayrou sustengatzen dut bere desmartxa edo kudeaketa politikoa birmoldaketa eta berritzearen aukera baita. Jospinen Askotariko Ezkerraren egungo oposizioak bere aukera eta sinesgarritasuna galdu ditu hautesleen aitzinean, oposizioa ez da bere proiektua ongi agertzeko gauza. RPRren aukera, Jacques Chiracen aukera da oroz gainetik. Ez naiz François Bayrouren aldekoa nire adiskidea delako, goi-mailako gaitasunak dituelako baizik. Bayrou, lehenbizi, UDF alderdiaren nortasuna berdefinitzeko gaitzeko lana burutzen ari da. Europaren proiektutik abiatu zen eta Frantziako deszentralizazioa gauzatzeko ahaleginak egiten ari da; Estatuaren politika publikoaren, liberalismoaren eta mundializazioaren aurrean fermuki ari da. Aldi berean, Bayrouk RPRren menperakuntza errefusatzen du eta oposizioko buruzagitza berritzeko lanetan tinko dihardu. Buruzagitza berritze horretan, naski, bere buruaren alde ari izan daiteke, baina orokorki bere xedea Frantzian bizi dugun desmartxa politikoari lotua da, bizi dugun errealitateari lotua.
Gaur egun, Jacques Chirac presidentziarako hautagai bakarra izatearen ideia edota Asanblea Nazionalareko hautagai bakarraren ideia ez dira ideia egokiak, eta Bayrou horri ezetz esaten lehena da. UDF alderdiak bere ikusmoldea du eta guk berau defenditu behar dugu. UDFk kartsua eta ausarta delako hautatu du François Bayrou eta bera iritzi publikoaren onarpena irabazten ari da. Europarako hauteskudeetan urratu zuen bide beretik segitzen badu ziur erantzunak bilatzen dituen gizarte multzo zabal bat bilduko duela. Horixe da Bayrourengandik laketzen nauena .

KONTSENTSUZALEA
Hauxe ere erran digu Borotrak:
ez naiz batere abila, nirekin bat egin dutenek udaleko nire aulkia xede baitute finean. Ez naiz Euskal Departamenduaren alde ari, baina proiektua inoiz parlamentuan aurkezten bada, ez dut kontra bozkatuko. Euskal Herriko arazoa, inguruko lurraldetako problemekin batera konponduko da, ez da instituzioen arazo soila. Alta, nik ontzat joko nuke Euskal Herri osoko arazo kulturalerako agintari bat.


Azkenak
@denuncias_euskalherria kontuak sexu erasoen ia 500 testigantza jaso ditu azarotik

Indarkeria matxistari buruzko testigantzak jasotzeko Instagram kontua 2024ko azaroan jarri zuen abian emakume talde anonimo batek. Espainiako Estatuan Cristina Fallarás kazetariak abiatutako #Cuentalo egitasmoan oinarritu dira. Emakumeek, testigantza anonimoen bidez,... [+]


2025-01-13 | Gedar
Poliziaren errepresio bortitza Berlinen, Luxemburg eta Liebknecht omentzeko manifestazioan

Berlingo mobilizazio komunista tradizionala, Palestinarekiko elkartasunak markatua, bortizki zapaldu zuen Poliziak: kargak, ospitaleratutako zaurituak, atxiloketak, manifestarien inguraketa metro-geltoki batean eta abar.


Ahetzek auzapez abertzalea izanen du: Ramuntxo Labat-Aramendi

EH Bai koalizioak babesturiko Ahetzen zerrenda gailendu da bozen bigarren itzulian, joan den igandean, botoen %44 erdietsirik.


Presidente kargua hartu du Madurok, eta González oposizio burua ez da Venezuelan agertu

Irailetik Venezuelatik alde eginda egon ondotik, eta azken asteotan Hego Ameriketan kanpaina kutsuko bira egin ostean, hauteskundeetara aurkeztu zen Edmundo Gonzálezek hitzemana zuen Caracas hiriburuan agertuko zela Nicolas Madurok kargua hartuko zuen egunean. Bere... [+]


2025-01-13 | Jon Torner Zabala
Euskal Selekzioa Orain osatu da, Frantzia edo Espainiako selekzioei uko egiten dioten pilotariak babestea helburu

Lapurdiko Makean egin du Euskal Selekzioa Orain elkarteak lehenengo biltzar nagusia. Iazko udan Frantziako selekzioarekin jokatzeari uko egin ziotela iragarri zuten Ipar Euskal Herriko hamabost pilotarik osatzen dute gaur gaurkoz ekimena, zeinak helburu duen, besteak beste,... [+]


2025-01-13 | ARGIA
Gernikako entrenatzaile ohiaren aurkako epaiketa asteartean hasiko da

Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du Mario López saskibaloi entrenatzaile ohiarentzat. Akusazio partikularrak hemezortzi urtekoa eskatu du. Gernika-Lumoko Sare Feministak elkarretaratzea deitu du Bilboko epaitegi aurrean. Lópezi 1998 eta 2001 artean... [+]


2025-01-13 | Gerardo Luzuriaga
Euskadiko Selekzioa?

Euskadiko Selekzioa lortzea, ezbairik gabe, lorpen historikoa izan da. Baina horretan geratzen bada, euskaldun askorentzat –ni barne, nafarra bainaiz– egunik ilunena eta tristeena izango da. Lehenengo egunetako poza eta berotasuna gozatu ondoren, itzul gaitezen... [+]


Entzumen eta hizkuntzako irakasleen gaur egungo egoera kezkagarria eta horren ondorioak

Entzumen eta hizkuntza irakasleak (EHI) eta logopedak eskola publikoan zein kontzertatuetan lan egiten duten irakasle espezialistak dira. Horien funtzioen artean hizkuntzan eta komunikazioan zailtasunak dituzten ikasleei arreta zuzena ematea da, baina baita komunikazio sistema... [+]


ANALISIA
Justizia klimatikoa

Inor ez ala denok. Klima larrialdia inork ez pairatzeko aldaketak bideratu ezean, behintzat guztiek pairatu dezagula. Zuk –irakurle–, nik –Jenofa–, haiek –pobreak– eta haiek –aberatsak–. Satisfaziorik ez zidaten eragin Los... [+]


Omenaldia egin diote Txillardegiri, haren heriotzaren hamahirugarren urteurrenean

Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]


2025-01-13 | Garazi Zabaleta
Urteaga-Urkulegi baserria
Barazki, fruitu eta haragi, dibertsifikazioa ekoizpenaren oinarri

Itsason (Gipuzkoa) elkarren ondoan dauden bi baserri dira Urteaga eta Urkulegi, duela zenbait urte elkartu eta proiektu bateratua martxan jarri zutenak. “Bi baserriak elkartu eta ekoizpen proiektua abiatu genuen, eta 2011tik dedikazio osoarekin ari naiz honetan”,... [+]


2025-01-13 | Jakoba Errekondo
Ezin usainik hartu

Sudurrak egia dio. Zaila da sudurra engainatzea. Usaimena saihestea ezinezkoa da. Sudurretik garunerako lotura bidearen ikerketa zirraragarria, liluragarria, zoragarria da makina bat ikerlarirentzat. Usainaren eta memoriaren arteko zubia azkarrena ez bada, bizkorrenetakoa bai... [+]


Eguneraketa berriak daude