GARBIA, AGORTEZINA...BAINA ENERGIA ALTERNATIBOA?

  • Nafarroa Espainiako zerrendan haize erroten bidez sortutako energia ekoizleen artean aurrena da. Orain duten egitasmoa betez gero Europako parke eolikorik handiena izango du. EAEn iaz eraiki zen lehen parke eolikoa, Elgeakoa. Energia eolikoa agortezina da, garbia... makina bat energia iturrirekin alderatuz paregabea. Baina, energia alternatiboa dela gizarte osoari sinestaraztea nekeza izango da. Haize errotak jarrita energia ez berriztagarriak eta kutsakorrak alboratuko dira ala bata zein besteak erabiliko dira? Zer egin erroten kontra jotzen duten hegaztiekin? Eta mendian irekitako pistekin? Eta errotaz betetako mendi paisaje ederrarekin? Energia iturri honek eragindako kalteak eta onurak balantzan jarri beharko dira eta ea pisuak zein aldetarako egiten duen.
Gure lurretako hainbat gainetan ikus daitezkeen haize errota ospetsuen bidez lortutako energia eolikoa zabaltzen ari da Hego Euskal Herrian zehar, eragiten dituen ingurumen eta ikusmira arloko ondorioengatik eztabaida batez inguraturik. Beste inon baino gehiago Nafarroan ari da indartzen energia mota hau, eta, gaur egun, Espainiako Estatuko indar eolikorik handiena da. Halaber, euskal lurralde horretan baimena emana zaio Europako parke eolikorik handiena izango denari. 194 errota izango ditu eta 124 megawatt ekoiztuko ditu. Iparraldean, oraingoz bederen, ez dago inolako parke eolikorik.
Energia alternatibo hau urrats erraldoiak egiten ari da, eta sektore bultzatzaile bihurtzen ari da euskal industria laguntzailearentzat. 1999an 394 MW-eko igoera lortu zen eta 1.228 MW-eko potentzia lortu zen Espainian. Nafarroak, dagoeneko, 293 MW ditu. Duen garrantziaz jabetzeko, nahikoa da ohartzea datorren hamarkadan Espainiako Estatuan sektore eolikoan egingo den inbertsioa bi bilioi pezetakoa (40.000.000 libera) izango dela. Gamesa Energia, Eólicas de Euskadi eta Guascor bezalako enpresa handiak izango dira onuradunenak.


GUTXIENEZ BOST PARKE EAE-N.

Eólicas de Euskadik burutua du Elgeako mendizerran aurreikusten diren 37 aerosorgailuen instalazioa, EAEko lehen parke eolikoa osatuko duten 4.100 metrotan zehar. Eusko Jaurlaritzak, gutxienez, bost parke eoliko jartzea aurreikusten du 2005. urtera bitartean, energia kontsumoaren %3 zentral eoliko horietan ekoiztua izan dadin lortzeko xedez. Horrek esan nahi du, jartzen den potentzia 175 MWra iritsiko dela eta bost parke eoliko horiek jarrita egongo direla data horretan.
Nahiz eta beste maila batzutan, EAEn hamahiru parke eoliko jartzeko aukeraz hitz eginak diren, Gasteizko Gobernuko Industriako arduradunek, berretsi egin dute erakundeek, oraingoz, ez dutela inolako beste planik, 2005. urterako aurreikusten diren bost parke horiez kanpo. Data horretarako 2.000 aerosortzaile egongo lirateke.
Arduradun autonomikoek diotenez, beste kontu bat izango da, bestelako proposamenak aurkeztuko dituzten sustatzaile pribatuak nahiz publikoak egotea.
Elgeako lehen fasearen ondoren, haren bigarren faseari ekingo zaio, eta ziur aski, horren ondoren, Oizko proiektuak jarriko dira abian, 23 MW sortuko dituzten 35 errotarekin, eta baita Orduntekoa ere, 56,8 MW sortuko dituzten 86 errotarekin. Eta 2005etik aurrera ikusiko da zer egin behar den, hau da, instalatutako potentzia areagotzea edo dagoenarekin geratzea. Nolanahi ere aurten hasiko dira 2010. urtera begira egingo diren plan eolikoak taxutzen. 2001. urtearen lehen egunetan entzun zenez, Bizkaian parke eolikoak zabaltzea baimentzeko dekretu bati azken ukituak ematen ari da Eusko Jaurlaritza eta lehendik aurreikusita ez zeuden lekuetan baimentzekotan dabiltza. Ekologistek legearen aurkakotzat jo zuten prozedura, Sektorekako Lurralde Planaren aurkakoa zelako.
Parke eolikoak egiteko hautatu diren 13 kokagunetako udalek alegazioak aurkezteko epea luzatzea eskatu zuten eta Gasteizko Industria Sailak onartu zuen eskaera hori. Plan horiek hainbat gizarte eragile eta talderen aurkako jarrera eragin dute, eta protestarako plataformak sortu dira. Horietako bat da joan den udaberrian hainbat euskal mendizale taldek osatutakoa. Gaiaren berri emateko bilera batzuk egin ondoren, plataforma hau hainbat alegazio prestatzen ari da Gasteizko Gobernuko Energiaren Sektorekako Lurralde Planari aurkezteko.
Adibide gisa, nahikoa dugu Gipuzkoako Mendizaleen Federazioaren adierazpena: "Mendizaleok, aspaldidanik, oso garbi dugu proiektaturiko zentral eolikoek ez diotela inolako onurarik ekartzen ingurumenari eta bai, aldiz, mozkin ederrak sustatzaileen sakeletarako... Ez gaude garapenaren aurka, eta ezta energia eolikoaren aurka ere... Baina eolikoen kontu honekin gure mendietan urte luzeetan egin den erasorik handiena eragiteko arriskua dago...".
EHk, bestalde, "benetako izaera alternatiboa" izango duen energia eolikoaren alde egonik, Plan horren aurkako jarrera erakutsi du, ez delako energia kutsatzailearen ordezko energia gisa aurkezten, baizik eta haren gehigarri gisa. Horregatik, gizarte mugimenduen eta eragindako herrien partaidetza eskatu du, eta, aldi berean, Euskal Herrirako Plan Energetiko Nazionalaren premia aldarrikatzen du.
Energia eolikoaren zabalkundea egitate ukaezina da. Baina, datorren hamarkadari begira, energia mota honek erronka garrantzitsuei egin beharko die aurre, eta horrek, agian, bere garapena muga dezake. Sektore honetako adituek diotenez, kokagunerik onenak dagoeneko eskatuak daude. Nahiz eta energia garbia izan, eragin nabarmena izan dezake ingurumenean, ikusmiran duen eraginagatik. Halaber, garapen teknologiko garrantzitsuari esker, makina indartsuagoak erabiliz, leku gutxiago hartuz eta errota gutxiago erabiliz, ordu gutxiagotan, gaur egungo tresnekin baino energia gehiago ekoiztu ahal izango da.


BBVA ETA IBERDORLA ONURADUN NAGUSIAK.

Energia eolikoaren garapenean, bai Euskal Herrian eta bai Espainiako Estatuaren gainerako lurraldeetan, egoitza Euskal Herrian duten bi enpresa izango dira onuradun handienak, hau da, BBVA eta Iberdrola, Corporación IBVren kide izanik, akzio bidezko partaidetza baitute Gamesan. Arabako Gamesa enpresa, bere Energia sailean, Gamesa-Energia, aerosorgailuen munduko hirugarren ekoizlea bihurtu da. Arabako elkarte honek aurtengo urtean Espainiako Estatuan jarriko diren aerosorgailuen %60ko kuota beregana dezake eta sektorean nagusi bihur daiteke parke eolikoen ekoizpen, ustiapen eta mantenimenduari dagokionez. Honela, Gamesa Eólica munduko hirugarren enpresa bihur daiteke aerosorgailuen fabrikazioan, bigarrenetik oso hurbil. Euskal elkarte honen fakturazioa, joan den 2000. urtean, 100.000 milioi pezeta ingurukoa izan zen.
Bere planak aurrera eramateko, Gamesa Eólicak 50.000 milioi pezetatik gorako inbertsioak egin zituen. Baliabide horiek Espainiako Estatuko ia autonomia erkidego guztietan parke eolikoak eraikitzeko erabiliko dira. Proiektu horiek aerosorgailuen pieza eta zati batzuk egiteko eta muntatzeko filialak jarriz sendotuko dira.
Horrela Gamesa Energíak bederatzi planta ditu Espainiako Estatu osoan. Bere egoitza nagusia Iruñean dago, eta hor daude kokaturik ingeniaritza zerbitzuak. Dorreak Olazagutian egiten dituzte eta palak Altsasun. Aragoin ere baditu planta batzuk, Tausten (muntaketa) eta Cadreten (dorreak egin eta muntatzeko). Miranda de Ebron ere egiten ditu dorreak, Albaceten palak, eta Galiziako Somoza eta Santiago de Compostelan palak eta muntaketak.
Enpresako Ikerketa eta Garapen sailak ere zeregin garrantzitsua du jardueraren sustapenean. Horri esker, une honetan, Gamesa Eólicaren aerosorgailuak %100 berak eginak dira.
Hain zuzen ere, aurten bertan, euskal enpresa honek Iruñean garatutako bi prototipo berri merkaturatzea aurreikusten du. Horrela, tamaina handiagoko aerosorgailuetan sartu nahi dute. Beraien teknologiarekin 850 KWko makina bat egingo dute, eta G52 izena jarriko diote (G47 660 KWkoa da). 1.000 KWko beste bat ere egingo dute. Halaber, 1.650 KWko makina bat egiten hasiak dira, G66 izenekoa, eta 33 metroko palak eta 80 metroko garaiera izango ditu.
Gamesa Eólican egindako inbertsio eta hobekuntza teknikorako planari esker 1.500 aerosorgailu inguru egin ahal izan zituen 2000. urtean. Ordura arte egindako kopuruak begiratuz, garbi ikusten da urte gutxitan izandako gorakada: 1997an 155 egin zituen, 1998an 242 eta 1999an 800. Horrela, munduko hirugarren aerosorgailu egile handiena bihurtuko da.

NAFARROAN EUROPAKO PARKE EOLIKOARIK HANDIENA
Nafarroako Gobernuak bere baimena eman dio Nafarroako Energia Ekoizpenerako Azpiegiturak Ezartzeko Udalaz gaindiko Gorabeheren Sektorekako Proiektuari. Honek esan nahi du Energía Hidroeléctrica de Navarra SA enpresari bi kokagune berrirentzako baimena ematen zaiola. Horietako bat Kodeseko Las Llanasen jartzekoa izango da, hain zuzen ere etorkizunean Europako parke eolikorik handiena izango dena. 194 haize errota izango ditu.
Jendaurreko jakinarazpen epean bost alegazio aurkeztu ziren. Hiru baztertuak izan ziren, beste biak onartuz. Onartutako bat Izkoko zentral eolikoa handitzeko asmoari buruz Zangozako eskualdeko Ekologistak Ekinean taldeak aurkeztua izan zen, eta aurreikusirik zeuden 43 dorreetatik zortzi ezabatu egin dira. Beste alegazioa, aerosorgailuen kokapenaren aldaketagatik eta 583,20 megawatt-eko helburua ez gainditzeagatik, enpresa sustatzaileak berak jarria izan zen.
Onespen honen ondoren EHN enpresak baimen osoa du Izkoko parkea ez ezik, Peña Blanca, Alaitz, Salajones eta Leitza-Berueteko parkeak handitzeko. Nolanahi ere, planik garrantzitsuenak Goñiko bailaran 56 errota eta Kodeseko Las Llanasen 95 errota jartzearen ingurukoak izango dira, ondoren, bigarren urrats batean, beste 99 aerosorgailu jartzeko asmoarekin


Azkenak
Ernairen ekitaldia zelatatuko du Auzitegi Nazionalak

UPNk jarritako salaketa bati erantzunez hartu du erabakia auzitegiak. Apirilaren 17an gazte topagunearen baitan Berriozarren antolatutako "Kurdistan eta Euskal Herriko preso politikoen" aldeko ekitaldia da UPNk bertan behera utzi nahi izan duena "terrorismoaren... [+]


Europar Batasuna eta Errusia
‘Ostpolitik’, oihartzun fin hura

Gerra Hotza bultzatu zuten politiken alboan egon ziren ere bakearen aldeko ildoak. Ez zuten Ekialdea eta Mendebaldea batzeko moduko berregituraketa politiko berririk ekarri, baina errealitate berriak josi zituzten Europako Mendebaldea eta Ekialdearen artean. Horietako... [+]


Sarkozy eta Le Pen eskandalizatuta, zuzenbide estatuak hitz egin duelako

Bere burua 2027ko Frantziako Estatuko presidentzialetako garaile gisa irudikatzen duena –Marine Le Pen– gogorki zigortu du Parisko Auzitegi Korrekzionalak, lau urteko kartzela-zigorra, 100.000 euroko isuna eta batez ere, bost urtez aurkezteko debekua bideratuta. Tonu... [+]


Gorputz hotsak
“Niretzat klabea izan da familiak eta inguruak ez tratatzea gaixo moduan”

Indartsua, irribarretsua eta oso langilea. Helburu pila bat ditu esku artean, eta ideia bat okurritzen zaionean buru-belarri aritzen da horretan. Horiek dira Ainhoa Jungitu (Urduña, Bizkaia, 1998) deskribatzen duten zenbait ezaugarri. 2023an esklerosi anizkoitza... [+]


Eugene Pottier
‘Kanta iraultzaileak’: inoiz galduko ez den kantuaren gauza

Ereserkiek, kanta-modalitate zehatz, eder eta arriskutsu horiek, komunitate bati zuzentzea izan ohi dute helburu. “Ene aberri eta sasoiko lagunok”, hasten da Sarrionandiaren poema ezaguna. Ereserki bat da, jakina: horra nori zuzentzen zaion tonu solemnean, handitxo... [+]


Saturazioa

Bekatu bat aitortu behar dut hemen. Duela lau urte, ohitura berri bat sarrarazi nuen nire bizian: igande gauetan, kaka kanoi baten antzera "informazio" jarraikia hedatzen duen CNews telebista kate ultraeskuindarra begiratzen hasi nintzen. Hasieran ordu erdi bat astero... [+]


Itziar

Kointzidentzia harrigarriak daude bizitzan. Izan ere, zenbat ikusle elkartu litezke Arriaga antzokian? Zenbat komun ote daude solairu bakoitzean? Zein probabilitate dago Gipuzkoako emakume bik sartu-irtenean leku eta istant berean kointziditzeko, 35 urtean elkar ikusi barik egon... [+]


2025-04-09 | Hiruki Larroxa
Zer dugu bisexualitatearekin?

Transfeminismoak argia eta konplexutasuna ekarri ditu gorputz, genero eta desirei buruzko eztabaidetara. Hala ere, itzalak ere sortu ditu. Ustezko koherentzia politiko erradikal baten izenean –askotan hegemonia oso zehatz bati lotua–, diskurtso transfeminista batzuek... [+]


2.361

Garai kuriosoak bizi ditugu eta bizi gaituzte, zinez. Hezkuntza krisian dela dioten garaiak dira eta, gutxien-gutxienean, aliritzira, ba aizue, 2.361 urte ditu gaurgero boladatxoak.

Ez zen ba debalde joan Aristoteles bere maisu maite Platonen akademiatik lizeo bat muntatzeko... [+]


Ukrainako gerraren beste irakurketa bat

Ukrainako gerrar hasierako zergatiak ez dira azaldu zizkigutenak bakarrik, beste arrazoi batzuk ere badaudelako. Errusiak zioen Ukrainako errusiar hiztunen defentsarako urrats bat eman behar zuela; Ukrainako Gobernuak, aldiz, Errusiaren armadari aurre egin behar zitzaiola,... [+]


Errusiarekiko gerra hauspotzen

Ukrainaren ondoren Polonia?
Europar Batasunak Ukrainako gerra hauspotu du Kiev armaz hornituta, eta menia oraindik airean delarik, gerraren zikloan murgilduta dago bete-betean. Hori bai, bere diskurtsoa modulatzen ari da, eta gero eta gehiago hitz egiten du balizko su-etenaz... [+]


Ukrainako gerra bukatzear
“Europarrok, gerrarako prest!”

Orain Errusiak inbaditu behar ei du Europa eta horren aurrean berrarmatze basatia bultzatu behar dute Europar Batasuneko herrialdeek. Lehen Sobietar Batasunak egin behar zion eraso, eta Gerra Hotzak ia mundua irentsi zuen. Gezurra zen ordukoa, eta gezurra da gaur egungoa, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude