SARIEN ATZEAN DAGOENA

  • Argia sariak egun jakin batean ematen dira, errekonozimendu hori merezi duen lana ordea, urteko egun guztietan erakusten dute irabazleek. Bestalde, aurtengoan sari berezia gure harpideei eman nahi izan diegu, hainbat urtetan zehar gugan jarritako konfiantza saritu asmoz.
Irratia

"Metropoli forala"

Juan Kruz Lakasta eta Pello Argiñarenak bideratzen duten Euskalerria irratiko "Metropoli forala" irratsaioak jaso du irratiko saria.
"Metropoli forala" arratsaldeko magazina da, astelehenetik ostegunera seietatik zortziak bitartean entzungai dena. Orain bi urte sortu zen, lehenago zegoen "Zirika" magazinaren zabalpen eta berrikuntza gisa. Mikel Bujanda, Euskalerria irratiko zuzendariaren aburuz saioak "planteamendu berritzailea" du, errealitatearen beste ikuspuntu bat ematen saiatzen baitira. Gainera, ironia dosi handia sartzen da jokoan, baita elementu anitz ere, horrek dinamikoa bihurtzen du magazina, erritmo handikoa eta berezko pertsonalitatea duena.
Pello Argiñarenarentzat zailena kolaboratzaile guztiak gidatu eta koordinatzea da. Guztira 80-85 lagun inguru. Gainera, kolaboratzaileak aukeratzerako orduan, multzo anitza osatu nahi izan dute eta era berean eskarmentudun jendea hautatzen saiatu dira. Horrela, kolaboratzaileen artean honelako izenak aurki genitzake: Jon Alonso, Aingeru Epaltza, Gari Berasaluze, Usue Barkos, Paco Aristi, Asisko Urmeneta, Koldo Almandoz, Alberto Irazu... Zentzu horretan Argiñarenak saria "kolaboratzaileek merezi dutela" dio.
"Metropoli Forala"k atal eta eduki desberdinak ditu: minutu bateko manifestua, non zortzi kolaboratzailek minutu batean zehar nahi dutenari buruzko iritzia ematen duten; sukaldea, artea, sexua bezalako gai tematikoak; aisialdiari lotutako gaiak; komunikabideei begirada kritikoa; asteko irudia, asteko tokia eta asteko herria; dekalogoak...
Gauzak horrela, ez da harritzekoa saioak 9.000 entzule inguru izatea ezta irratiko arduradunak etorkizunean saioarekin jarraitzeko asmotan izatea ere.

Internet

Irratia on line

Teknologia berrien garaian Euskal Herriko lehen irrati digitala izan da saritua Internet sailean. Zehazki Koldo Alonso, Patxi Gaztelumendi eta Jabi Zabalak aurrera atera duten proiektuari eman zaio saria.
www.irratia.com helbidean aurki daitekeena garai eta teknologia berriek ahalbidetzen dutenaren ildotik sortu da: grabatutako saioak, zuzenean eskaintzen direnak, musika kanalak...
"Beste kulturetan zer dagoen eta zer ez dagoen ikusi eta sareak ematen dituen baliabideak aprobetxatuz zerbait egitea pentsatu genuen" dio Jabi Zabalak ideiaren nondik norakoaz galdetzean.
Baina irratia.com helbidean eduki desberdinak entzuteaz gain, bideoak ikusi eta albisteak irakurtzeko aukera ere badago.
Oraingoz ordea, "denbora pasa" egiten dute lan irrati digitalean, momentuz dirurik ez baitie ematen. Egin duten inbertsioa diru aldetik ez da handia izan, baina laneko orduak eta nekeak konta ezinak dira.
Etorkizunari begira ideia interesgarriak dituztela diote. Besteak beste, eduki gehiago sartuz jendea animatuko dela uste dute eta Argia sariak nolabaiteko bultzada emango dielakoan daude.

Prentsa idatzia

"Hernaniko Kronika" egunkaria

Hernaniko herrian zabaltzen den "Kronika"ri eman zaio prentsa idatziko saria. Euskarazko lehendabiziko herri egunkari honek 2000ko San Juan bezperan hasi zuen bere ibilbidea eta gaurdaino behintzat tinko dirau.
Dobera euskara elkartearen sustapenez jaio zen proiektu honek bi orri betetzen ditu Hernani herriko berriak txukun-txukun bilduz. Jexux Mari Irazu, Unai Agirre eta Aritz Zerainek osatzen dute "Kronika"ren erredakzio taldea eta beraiek dira ostegunetik astelehenera hernaniarrek beren eskuetan izan dezaketen egunkaria aurrera ateratzeko ardura dutenak.
Guztien artean "Hernaniko Kronika" jende ugarik irakurtzea lortu dute, baita erdaldunek ere, ulermenari lehentasuna ematen saiatzen baitira, herri hizkera errespetatuz.

Sari berezia

Gure harpidedunentzat

Aurtengoan gure harpidedunak saritu nahi izan ditugu. Baina saria guztiei ematea ezinezkoa zenez, zaharrenetariko bat etorri zen berau jasotzera: Lutxi Zaldua ordiziarra. 80 urte baino gehiago dituen emakume hau duela 60 urte inguru hasi zen Zeruko ARGIA jasotzen, "euskara debekatua zegoen garaian". Emakume honek aldizkariaren aldaketak ezagutu ditu eta orain lehen baino sail eta gai gehiago lantzen direla dio.
Baina Lutxik bezala, beste harpidedun guztiek merezi dute errekonozimendu hau. Gainera, horietako asko ordiziar hau bezala, urte askotan zehar izan dira harpidedun eta aldizkariaren gora behera guztiak ezagutu dituzte.
Zeruko ARGIA hilabetekari bezala sortu zen 1919an aita kaputxinoen eskutik. Haseran biblia itxura zuen eta A3 formatoan hemengo eta mundu zabaleko berriak lantzen zituen.
1921. urtean "Argia" astekaria sortu zen. Hortik aurrera Zeruko ARGIA hilabetekaria eta "Argia" astekaria Euskal Herriko errealitatearen alde lanean aritu ziren, harik eta Frankoren diktaduraren etorrerak eten zituen arte.
60ko hamarkadaren hasieran Zeruko ARGIAk berpizteko saiakerak egin zituen, baina 1963. urtera arte ez zuen lortu. Orduan hura bultzatzeko sortu zen taldeak beregan bildu zituen gerra aurreko Zeruko ARGIAren eta "Argia"ren ildoak.
Garai latz horiek gogoratzeko asmotan aurtengo Sari bereziak 60ko hamarkada hasieran kaleratutako Zeruko ARGIAren ale baten faksimile itxura hartu du.
1980an Zeruko ARGIA gaur egungo ARGIA bihurtu zen, nahiz eta 1992an itxura berria hartu eta 1997ko martxoan kolorez hornitu. Agian aldaketa horiengatik esango du Lutxik orain "gustukoago" duela aldizkaria.

Telebista

Felix Iñurrategi gogoratuz

Alberto eta Felix Iñurrategik
EITBrekin urte baterako proiektua sinatua zuten. Beraien ametsa (lau zortzimilako) egi bihurtzeaz gain, esperientzia hori mundu osoari jakinarazi nahi zioten. Felixen bapateko heriotzak ordea, proiektuari beste norabide bat emanarazi zion.
Iñurrategi anaiekin batera lan egiten zuen lan taldeak garbi zuen gertaera horren aurrean zerbait egin behar zuela. Horregatik ordu erdiko dokumental bat prestatu zuten, Felix oroituz: "Bihar ere argituko dik, Felix". ETB1-ek urtarrilaren 1ean emititu zuen eta ETB2-k bost egun beranduago. Dokumental horrek jaso du hain zuzen ere, telebista saileko Argia saria.
Proiektuan Felix eta Albertoz gain, beste hiru lagunek hartu zuten parte: Asier Aranguren (errealizadore eta kazetari lanetan), Andoni Egaña (gidoilari) eta Gotzon Arribas (irudiak grabatuz).
Asier Arangurenek adierazi zuenez, dokumental hori "omenaldi bat baino, oroimen bat zen gehiago". Maitasunez egina, goxo eta xamur. Ez zuten zerbait tristea egin nahi. Felix ameslaria zen eta ametsak egi bihurtzea gustatzen zitzaion. Horregatik, "bere bizikera adierazi nahi genuen", esan zuen Arangurenek, "bere ametsak betetzen ari zela hil zela esan nahi genuen".
Udaberrian Iñurrategi anaiek urte baterako sinatutako proiektu horren emaitza ikusteko aukera izango dugu. Felixen heriotzaren aurretik jada, irudi ugari zituzten grabatuak: Patagonia, Nepal (Manaslu eta Anapurna), Pakistan (Gasherbrum 1 eta 2). Azken horretan hil zen Felix. Lan taldeak ordea, ez zuen etsi eta beste irteera bat egin zuen: Malira. Datorren otsailean Alpeetara joatekoak dira. Irudi guzti horiek ordu erdiko dokumentalak bihurtuko dituzte.

Merezimenduzko saria

Nafarroako hiru irrati batera lanean

Beleixe, Esan-Erran eta Aralar irratiek "Sarea" izeneko programazio modu berria jarri zuten abian joan den urteko urriaren 2an. Era horretara, orain entzuleek hiru irratiek hartzen dituzten eremuen berri dute. Irrati sare berriak Basaburua, Lekunberri, Larraun, Araitz, Betelu eta Sakanako informazioa eskaintzen du. Guk lan bateratu hori saritu nahi izan dugu, hiru irratiei merezimenduzko saria emanez.
Esan-Erran irratiko Fermintxo Gartxitorenak esan zuenez irrati topaketa batzutan hiru irratiak elkarrekin funtzionatzen zutela konturatu ziren. Hau da, jasotzen zuten informazio eta albiste ugari berdina edo oso antzekoa zela nabaritu zuten. Horrela sortu zen "Sarea" proiektua.
2000. urte osoa proiektua mamitzen aritu ondoren, urriaren 2tik aurrera astelehenetik ostiralera Beleixe, Esan-Erran eta Aralar irratiak 10:30etatik 12:30etara elkarrekin lanean aritzen dira. Haseran egunkarien errepasoa egiten dute eta ondoren magazin bat.
Proiektu horrek ekar zezakeenak haseran arduradunak beldurtu bazituen ere, orain oso gustora daude."Irrati hauek lokaltasuna lantzeko sortu ziren eta horregatik haseran lokaltasun hori galtzeko beldurra zegoen" esan zuen Femintxok.
Orain ordea, etorkizuna itxaropenez ikusten dute eta hemendik aurrera beste kide bat bereganatzea nahiko lukete, Leitza irratia hain zuzen ere.

Publizitatea

"Bizkaia turismo argia"

Publizitatearen atalean Bizkaiko Foru Aldundiko "Bizkaia turismo argia" kanpainak jaso du Argia saria. Berau joan den urtean zabaldu zuten euskarri eta forma desberdinetan. Guztira hiru kanpaina izan ziren.
Lehena, "Badakizu zenbat hizkuntza erabiltzen diren Bizkaian?" izan zen, prentsa eta opi bidez zabaldua. Bigarrena, "Aurten hainbat bisitari izango dogu Bizkaian. Eta zu?", udaberrian aurkeztu zen, aurrekoa bezala prentsa eta opi euskarritan. Hirugarren eta azken kanpaina berriz, "Zer eman dezake honelako herri batek...? Nerabeek harriekin olgetan badute... Gazteek ardoarekin dantzatzen badute... Helduek tintarekin jaten badute... Guztiek antzinatik hizkuntza baten egiten badute...?" udazkenean aurkeztu zen telebistan


Azkenak
Urtarrila, intxaurrondoaren loaldia

Kolore morez margotu dut urteko lehen hilabetea, sormena, irudimena, jakintza eta espiritualitatearen kolorez.


2025-01-06 | Jakoba Errekondo
Elkarren beharra bizitzeko

Lagun txiletar batek bere herriko istorio bat kontatu dit, eta ahoa bete inplante utzi nau. Han “quintral” esaten dioten landare batena da, Tristerix corimbosus. Txile eta Argentina hegoaldeko baso epeletan bizi da, eta gure lurralde epeletan hazten den mihuraren... [+]


2025-01-06 | Garazi Zabaleta
Trebatu elkartea
Lehen sektoreko erreleboa bultzatzeko egitasmoa Gipuzkoan

Urteak daramatza martxan Ipar Euskal Herrian Trebatu elkarteak, laborantzan proiektua abiatu nahi duten pertsonek aurrez trebatzeko aukera izan dezaten. Ipar Euskal Herriko proiektua eredutzat hartuta eta ideia berari tiraka, Gipuzkoan ere izen bereko elkartea sortu dute aurten... [+]


2025-01-06 | Nagore Zaldua
Itsas-bare kantauriarra
Ohartarazpenaren artelanak

Koloretsuak, distiratsuak, forma xelebre bezain ederrekoak diren heinean, nudibrankioek beste planeta batetik iritsitako izakiak dirudite. Itsas hondoko izaki biluzi hauek 1980ko hamarkadako gandorretako kolore biziak eta Parisko joskintzako izen handien moda arkitektonikoa... [+]


LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Eguneraketa berriak daude