Azken hilabeteotan modu ikusgarrian igo da ernegazio politikoa eta, hain zuzen horregatik, adierazpen eta liskar ugari izan da Espainiako Estatuko ordezkarien eta Eusko Jaurlaritzako edo Foru Aldundietako ordezkarien artean Euskal Kontzertu Ekonomikoaren inguruan. Esan bezala, kontzertu hau berritu beharra dago urte hau amaitzerako, Espainiako eta EAEko ordezkarien negoziazioen bitartez. EAEren zerga sistema honek bere herrialdeko zergak biltzeko ahalmena ematen dio, eta gaitasun hori EAEk eta Nafarroak soilik dute Espainiako Estatuan.
Espainiako Gobernuko ekonomiako lehendakariorde Rodrigo Ratok, edo euskal diputatu foralek eta Eusko Jaurlaritzako beste hainbat ordezkarik esanak esan, ez dago inolako zalantzarik EAEko Kontzertu Ekonomikoa berritzeko negoziaketan funtsezko garrantzia izango dutela datozen hauteskundeek. Kontuan izan behar da, gainera, segur aski, negoziaketa horiek ez direla hasiko hauteskunde horien emaitzak ezagutu arte, baldin eta uda pasa arte atzeratzen ez badira, behintzat.
Euskal herritarren artean, zenbaitek autogobernuaren adierazpentzat hartu du Kontzertu Ekonomiko hori, eta, aldiz, beste batzuek herri honen burujabetzarik ezaren adierazgarri dela uste dute. Litekeena da, horien artean, batez ere gazteenen artean, Kontzertuaren jatorria eta helburua ezagutzen ez duen hainbat jende egotea. Horregatik, eta gaiak duen gaurkotasuna kontuan izanik, erreportaje honetan horixe argitzen saiatu nahi izan dugu.
BEHIN-BEHINEKO NEURRIA.
EAEren eta Espainiako Estatuaren arteko zergaren inguruko harremanak, gaur egun, Kontzertu Ekonomikoaren bidez arautzen dira, eta horri esker EAEk edozein Ogasun Publikok dituen ohiko baliabideak ditu zerga-bilketaren bidez. Esanahi ekonomiko hutsaz gainera, Eusko Jaurlaritzako testu ofizial batek dioenez, "erabateko autonomia ematen dio euskal Administrazio Publikoari eta, 1979ko abenduaren 18an onetsitako Autonomia Estatutuan oinarriturik, Euskadiri dagozkion eskumenak (eginkizunak eta zerbitzuak) gauza ditzake horri esker".
Baina, zein da gaur egungo Kontzertuaren jatorria? Eduardo J. Alonso Oleak argitzen digu, iraganean oinarrituz Kontzertu Ekonomikoaren etorkizunari buruz egindako lanean. Kontzertu Ekonomikoa, dioenez, ez zen sortu zerga deszentralizatzeko xedez, eta ezta Estatuaren eta euskal probintzien arteko zerga-harreman gisa ere -horren antzeko zerbait izan arren gaur egun ematen zaion esanahia-, baizik eta zubi gisa, lehenagoko foru erregimena -formalki 1876ko uztailaren 21eko legeak deuseztatua- kendu eta Antonio Canovas del Castillok erregimen komuna ezartzeko zuen helburu nagusia betetzeko, 1877ko ekitaldirako hemengo gizonak soldadutzarako erreklutatzen hasi ondoren. Baina herri honetan gertatu ohi denez, dio, behin-behinekoa izateko jaio zena behin betiko bihurtzen da, hainbat eragile politiko eta ekonomiko direla medio. Eta, amaitzeko dioenez, 1878an emandako behin-behinekotasun horrek ezartzen dio hauskortasun larriena kontzertuari.
Kontzertu Ekonomikoaren sistema 1978an berretsi zen, Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriak berariaz aitortuz euskal foru herrialdeen nortasun politikoaren errealitate historikoa: eskubide historikoak. Euskadiko Autonomia Estatutuaren III. Tituluak Ogasun Autonomo propioa aitortzen dio EAEri bere eskumenak erabili eta garatzeko. Horrela herrialde historikoek, batetik, zergak arautzeko ahalmena dute eta, bestetik, horiek kudeatu eta biltzeko erabateko autonomia. Kontzertuak ezartzen du noiz erabiliko den euskal zerga araudia eta noiz lurralde komunarena, edo zerga ordainarazpena zein Zerga Administraziori dagokion.
Baina Kontzertuak bere ezarpen alderdian, esate baterako Kupoari dagokionean, EAEren ahalmenak arautzen ditu eta haren jarduera gaitasuna mugatzen du, Madrilekiko mendekotasuna finkatuz eta nabarmenduz.
KUPOA: EAE-K MADRILI EGITEN DION EKARPENA.
Kontzertu Ekonomikoaren bidez EAEk bere zerga sistema berezia du, eta zerga-sistema orokor bat osa dezake zerga ezberdin bakoitza arautuz, hala nola Pertsona Fisikoen gaineko Zerga, Sozietateen gaineko Zerga, Balio Erantsiaren Zerga eta abar. Finantzaren ikuspegitik, eta Autonomia Estatutuaren eta Kontzertu Ekonomikoaren ezarpenak erakundeen arteko finantza egoera desorekaturik eragin ez dezan, EAEk bere zerga bidezko baliabide batzuk Espainiako Administrazioari ematen dizkio soilik Estatuaren eskumeneko diren karga orokorrei aurre egin diezaien, eta horien artean aipatzekoak dira nazioarteko harremanak, defentsa eta indar armatuak, aduana eta muga zerga erregimenak eta esparru edo interes orokorreko garraioa.
EAEk egiten duen ekarpen horri Kupoa deitzen zaio. Kupoa, hasiera batean, Ogasun Ministerioak Gerra Karlisten ondoren bere jarduera ezarri izan balu euskal probintzietan bilduko zukeen diru kopurua zen, eta horri kendu egin behar zitzaizkion Aldundiek Estatuaren ordez bere gain hartzen zituzten gastuak -nagusiki, probintzietako poliziak, errepideak eta diru-bilketa gastuak-. Baina, gerora, Francoren diktaduraren ondoren eta Autonomia Estatutua ezarritakoan, Kupoaren kalkulua beste modu batera egiten da. Estatuak eskaintzen dituen zerbitzuengatik probintzi hauek ordaindu beharreko kopuruan oinarritzen da. Errentaren balioespen baten arabera zehazten da,%6,24 ezaguna. Lege bat argitaratu zen zehazki horretarako, Kupoaren Legea, Kontzertuarekin zerikusirik ez zuena, 1981ean onetsia eta 25 urterako iraupena duena. Bost urtean behin ezartzen da, eta urtero berrikusten da, autonomia bakoitzak bereganatzen dituen eskumenen arabera eta defizit publikoa eta aurrekontua kontuan hartuz.
Kupoaren zenbatekoa Estatuaren kargen arabera erabakitzen da. Beraz, EAEk Estatuari ordaintzen dion Kupoa ez dago bere eskuarteko baliabideen arabera, baizik eta Espainiako Estatuko karga orokorren menera. Nolanahi ere, neurri batean, EAEren ekarpena bere ahalmenen araberakoa izango da, bere errenta erlatiboaren araberakoa den heinean. Izan ere, Estatuaren karga orokorrei EAEren indize erlatiboa aplikatzearen arabera erabakitzen baita Kupoa. Indize erlatibo hori EAEk Estatuko osotasunarekiko duen ekarpen ahalmenaren araberakoa da.
Batzorde misto bat arduratzen da kupoa zaindu eta negoziatzeaz. Batzorde hori hamabi kidez osatzen da. Horietako hiru euskal Foru Aldundietako bakoitzaren izenean daudenak, beste hiru Eusko Jaurlaritzaren izenean eta gainerako seiak Espainiako Gobernuaren izenean. Ekarpenak hiru epe jakinetan eta kopuru berdinetan egiten dira Espainiako Estatuaren altxortegian: maiatzean, irailean eta abenduan.
EAErentzat 1981ean ezarritako lehenengo Kupoa 116.979 milioi pezetakoa (4.679 milioi libera) izan zen, horietatik 14.341 milioi pezeta (574 milioi libera) izanik Arabari zegozkionak, 38.243 milioi (1530 milioi libera) Gipuzkoari eta 64.395 milioi (2.576 milioi libera) Bizkaiari.
MADRILEK KUPOA HANDITU NAHI DU.
EAEk ekarpen ekonomiko handiagoa egitea nahi du Espainiako Administrazioak. Hitz gutxitan esanda, EAEren Kupoa handitzea eta beste erkidegoekiko aldeak ezabatzea izango da Madrilen helburua. Azken batean, abertzaletasunaren aurkako erasoaldi honen barruan, Kontzertu Ekonomikoa "desitxuratu" eta egungo zerga sistema mugatua arriskuan jartzea da nahi dutena. Horixe da azken asteotan Madrileko egunkarietan ageri diren informazioetatik ateratzen den ondorioa. Horrela, "El Pais"ek, urtarrilaren 3ko edizioan zioenez, "Espainiako Gobernua EAEren legerik garrantzitsuenaren, hau da, Kontzertu Ekonomikoaren, lehen berrikuntzaz baliatuko da, haren funtzionamendua aldatzeko Kupoa igoaraziz, Estatuak eskaintzen dituen zerbitzuengatik Euskadik ordaintzen duen kopurua handituz, gaur egun euskal autonomiaren aldeko saldoa ematen duelarik". Eta, gainera, PSOEren ustez, Kontzertua ezartzearen emaitzek, epe luzera, erregimen komuneko erkidegoen finantzaketarekin bat egin behar dutela zioen.
PPren aldetik, Lurralde Antolaketarako Estatuko idazkari Gabriel Elorriagak adierazi duenez, Kontzertuaren Legea berritzeak haren funtzionamenduaren hainbat arlo aldatzeko aukera ematen du 20 urtez erabili ondoren, "gaur egungo ekonomiaren nahiz zergen egoerek ez baitute inolako zerikusirik duela 20 urtekoekin".
Horrela, Espainiako Gobernuak aldatu nahi duen arloetako bat Kupoaren kalkuluarena da. Aipatutako egunkari madrildarraren ustez "Euskadiri behar baino finantzaketa handiagoa ematen dio". PPren iritziz, Kupoaren sistema berriaren bidez "Euskadiko eta Nafarroako erkidegoek, finantzaketari dagokionez, gainerako erkidegoekiko duten aldea pixkanaka desagertaraztea" lortu behar da. Helburu hori erdiesteko PSOEren laguntza bereganatu nahi du PPk. Hain zuzen ere, duela 2 urte, garai hartan PSOEren arduradun autonomikoa zen Ramon Jauregui ados jarri zen alderdi sozialista katalaneko buru zen Pasqual Maragallekin eta Euskal Kontzertu Ekonomikoaren emaitzak eta finantzaketarako sistema komunak arautzen dituenak pixkanaka hurbiltzen joatea erabaki zuten, luzeenez ere 20 urteko epean denek bat egin zezaten ahaleginduz. Gaur egun Rodriguez Zapateroren lehendakaritzapean dagoen Batzorde Betearazleak bere egin du konpromiso hori.
Espainiako Administrazioan oso kezkaturik daude 1987az geroztik Kupoa, hau da, EAEk Espainiako Estatuari egiten dion ekarpena, "maldan behera erori delako" lehen aipatutako egunkari madrildarraren esanetan. Eta, gaineratzen du, "urte horretan, 1987an, Euskadik Kupoaren bidez 103.896 milioi pezeta ordaindu zizkion Estatuari; 1995ean, kopuru hori 17.822 milioi pezetara jaitsi zen. Harrezkero, Ogasun Ministerioko adituak Kupoa negatibo bihurtua dela esaten hasi ziren. Ulertezinezko egoera gertatzen zen, hau da, Estatua litzatekeela EAEri ordaindu beharko liokeena, nahiz eta honek haren zerbitzu orokorrak jasotzen jarraitu".
1997an, egunkari horrek dioenaren arabera, Espainiako Gobernua Kupoa aldatzen saiatu zen, zerga berezien kudeaketa EAEko Gobernuaren esku uzterakoan. Konpromiso hori, hain zuzen ere, urtebete lehenago, Aznar Espainiako Gobernuko lehendakari izendatzeko EAJk emandako laguntzaren ondorioz etorri zen. Baina garai hartan Aznarren Gobernuak atzera egin zuen, EAJk Parlamentuan babesa eskaintzen jarraitzearen truke. Gaur egun, EAJ eta PPren arteko harremanak nola dauden ikusita, gauzak beste bide batetik joango lirateke eta Kupoaren igoera gauzatu egingo litzateke, baldin eta PPk, PSOEren laguntzarekin, Ajuria Enea bereganatzen ez badu.
EAEren Administrazioak dioenez, berriz, Espainiako Estatuarekin duen harremana guztiz defizitarioa gertatzen zaio, urtean bilioi erdi pezeta ingurura iritsiz Gizarte Segurantza, itundu gabeko zerga, loteria eta Kupoaren bidez ordaintzen dion kopurua. Joan den urtean 144.000 milioi pezetakoa izan zen EAEren Kupoa eta Nafarroarena 51.493 milioi pezetakoa.
Kupoaren kalkuluarekin batera, PPren ustez Kontzertua berritzeak aurreko bi hamarkadetan izandako berezikeriak zuzentzeko balio behar du. Horrela, bere bozeramaile Elorriagak dioenez, Kontzertuaren arabera EAEk duen zerga-presio orokorrak ezin du Estatuko gainerako lurraldeena baino txikiagoa izan, baina arau horrek ez du ezer ziurtatzen, zeren, autonomi erkidegoek arauak ezartzeko eskumena dutenez, presio fiskal hori ezberdina izan baitaiteke.
Baina PPk asmo gehiago ere baditu. Kontzertuaren berrikuntzak, diotenez, Estatuaren ikuskaritza gorenaren zeregina berraztertu behar du, legean bertan ezarria baitago, eta beraien iritziz "inoiz ez da gauzatu". Beste asmoetako bat enpresen zerga ordainketa argitzea da. Gainera, diotenez, "Kontzertuaren legearen ezarpenak eskaintzen dituen interpretazio ezberdinen arazoa erabakiko litzateke" eta hori lagungarri gertatuko litzateke legea Europako Batasunaren aurrean defendatzeko garaian.
MADRILEK "BAKE FISKALA" HAUTSI DU, EAE-K DIOENEZ.
Espainiako Gobernuak berriro ere epaitegi eskudunetan errekurritu ditu Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Aldundiek inbertsioaren aldeko zerga pizgarri batzuei eta zerga zigorren murrizpenei buruz ezarritako hainbat arau. Bai Eusko Jaurlaritzak eta bai EAEko Aldundiek adierazi dutenez, Espainiako Gobernuak, jarrera horrekin, hautsi egin du 2000ko urtarrilaren 18an sinatutako bake fiskala. Akordio hartan foru ogasunek eta Espainiakoak zergei buruzko neurriak aldez aurretik eztabaidatzeko konpromisoa hartu zuten, istilurik sor ez zedin. Beste akordio baten bidez Espainiako Gobernuak euskal fiskalitatearen aurka ekindako jarduera guztiak bertan behera uzteko konpromisoa ere hartua zuen, Aldundiek pizgarri jakin batzuk indargabetzearen truke.
Lehen ere egon izan dira EAEren eta Madrilen artean honelako istiluak. Kontzertuaren historian zehar ugari izan dira Ogasun Ministerioaren eta Aldundien artean sortutako istiluak, Aldundiek beren eskumen propiotzat jotzen zuten jarduera defendatuz. Nolanahi ere, Alonso Olea historialariaren iritziz, arazoa ez da Ogasun Ministerioaren eta Aldundien artekoa, 1878az geroztik gertatu izan den bezala, eskumenei buruzko eztabaidak egotea -Bizkaian eta Gipuzkoan Kontzertua indarrean egon ez den epealdian izan ezik-, eta benetako arazoa eskema honetan Europako Batasuneko erakundeak sartzean sortzen da, gatazka iturri berri bat agertzen delako, horien aurrean zailago delako Aldundien eskumenak ordezkatzea eta, gainera, esan daiteke epaitegietako erabakiak bidezkotu nahi direla batasunaren itzalean.
Kupoari esker, itundutako zerga guztiak biltzen dituelarik, Aldundiek beren eskumenak dituzte hainbat zergatan, baina, 1997ko maiatzaz geroztik, arauak ezartzeko eskumena da bere baliabide garrantzitsuena, nahiz eta oso mugaturik geratu zeharkako zergetan esku hartzeko aukera (esate baterako, BEZa). Batez ere Sozietateen Zergaren inguruan sortu dira aldundiek ezarritako foru arauen aurkako errekurtsoak. Hain zuzen ere, inbertsioaren aldeko zerga kenketarako neurrien inguruan sortu izan da arazoa, inbertsioa bultzatu nahi duten neurri horiek Estatuak emandako laguntza gisa hartzen baitira eta merkatu librearen legeak hausten direla argudiatzen da. Adibide ezagun batzuk aipatzearren, hor ditugu Daewoo, Ramondin edo Lehiakortasunerako Europako Komisaritzaren urratze prozedura.
Orain Madrilek EAEko Foru aldundien hainbat arauren aurka jarritako errekurtsoek arazoa larriago egiten duen ezaugarri bat dute, hots, errekurtsoak bake fiskala sinatu zen egun berean jarri zirela, 2000ko urtarrilaren 18an. Josu Bergarak, Bizkaiko diputatu nagusiak horregatik esan zuen, "bake fiskala hautsitzat eman daitekeela 2000ko urtarrilaren 18tik aurrera, hau da, sinatu zen egun beretik. Sinatzen zen une berean, elkarri eskua luzatzen zien bitarte une berean, Estatuaren abokatua Bizkaiko arau baten aurkako errekurtsoa aurkezten ari zen". Hiru Aldundietako ordezkariek, PPren esku dagoen Arabakoak ere bai, epaitegien aurrean defendatuko direla iragarri dute, nahiz eta oraindik ez garbi egon elkarrekin arituko diren ala ez.