Kazetari, gidoigile eta poeta aldaerek osatzen dute idazle hasi berri honen jitea. "Edo zu edo ni" ez da idatzi duen lehen liburua, bai ordea, plazaratzen lehena. Poeta eta narratzaile modura "Adikzioak" izeneko poemarioa lantzen ari da eta hainbat emakumek idatzitako "Gutiziak" liburuan "Enzefalograma zuria" ipuina agertu du. Ipuingintzan eta poemagintzan aritua eta saritua izan ostean, eleberrigintzak tentatua izan da, nonbait.
"ADIKZIOAK" ETA "GUTIZIAK".
"Edo zu edo ni" liburuaren aurretik deus gutxi argitaratu izan duenez, antza, idazten den guztia ez duela argitaratzen komentatu diogu Ixiarri: "Akaso, idazten den guztia ez da argitaratu behar. Hori izan daiteke arrazoi bat literaturan, eta beste bat, argitaletxeek lana atzera botatzea. Gauza guztiz normala, publikatuko den lanak kalitate maila gutxieneko bat izan behar baitu". "Adikzioak" poemarioa izan dugu hizpide hartara, bietako zein kasuan kokatu behar den jakinguran: "Poemario hori hor dago, ez dago itxita; poemak gehitzen ari naiz, besterik gabe. Etengabeko lana da, ez dakit noiz, baina noizbait ixtea eta argitara ematea espero dut. Baina ez diot nire buruari argitaratze hori helburu jartzen, ez dut inongo presarik, asko dudalako oraindik ikasteko".
Emakume idazleek plazaratu duten "Gutiziak" ipuin-bilduman ale bat ipini du. Gizonezkoen literatur munduan emakumezkoek eginiko aldarrikapen modukoa ote den jakinmina genuen. Liburu hau proposamen bat besterik ez dela esan digu, ez dela modu aldarrikatzaile batez egina. Emakumeak asko idazten ari direla eta inongo oihartzunik ez dutela ikusita, liburua behar moduko bat izan dela.
FEMENINOTASUNA ETA AURKAKOTASUNA.
"Edo zu edo ni" liburuaren aurkezpenean, liburua literatura femeninoaren esparruan sailkatzearen aurka zegoela adierazi zuen gure solaskideak: "Horrela irakurrita gogor samarra egiten da. Ez da aurka egotea, gauzak sailkatzeko joera handia dagoela adierazi nahi izan nuen. Esaterako, nire liburuan askotan azpimarratu da protagonistaren adina. Nik ez nioke hainbeste garrantziarik emango 58 urteko emakume bat protagonista izateari. Protagonista adin horretakoa izateari edo emakume batek idatzi izanari ez zaio horrelako errelebantzia eman behar. Liburu hau, bai adinari bai sexuari dagokionean ezberdintasunik egin gabe kontuan hartzea nahi nuke, besterik ez. Emakume batek liburu bat argitara ematen duenean zergatik aipatzen da beti idazle hori emakumea dela eta ez alderantziz?". "Edo zu edo ni", inoiz botatzen dugun maxima bat da. Botatzeko unean asmatzea izaten da kontua. Liburuaren titulua protagonistaren ultimatuma bera dugu: "Bai. Joxe senarrak Grazianak maitale bat duela jakiten duenean botatzen dion ultimatuma da. Grazianak aukera bat egin behar du, Joxek ez du inolaz ere onartzen teilatupe berean bere emaztearekin bizitzen jarraitzea. Beraz, aukeratu behar du".
Protagonistek aspaldi gainditu zuten idazlearen adina. Hots, hirurogei urte inguruko protagonistekin osaturiko istorio bat eskaintzen zaigu. Zergatik ez hogeita hamar urte inguruko -Ixiarrek 28 ditu- pertsonaiekin osaturiko istorio bat? Idazleak arrazoi ezkuturen bat izango zuen, jakina: "Banekien istorio honetan zer kontatu nahi nuen. Hasiera eta bukaera baneuzkan. Pertsonaia bilatzerakoan gaztea izatea baztertu nuen iruditu zitzaidalako emakume heldu batek (edo gizonezko batek) gazte batek baino gatazka gehiago duela bere baitan, bere bidea eginago duela eta erabakiak hartzea zailago egiten zaiola maitasun berri baten aurrean. Gatazka hori hartara, dramatikoagoa suertatzen da eta irakurlearentzako zirraragarriagoa izan daitekeela uste dut. Egin dudan aukerak istorioa erakargarriagoa egiten duelakoan nago".
Gidoilaria den aldetik, Ixiarrek "Edo zu edo ni" eraikitzeko erabili duen tankera zinematografikoa da beste alderdi azpimarragarria. Kontatu digunez eragina ez da soilik eleberria taxutzeko moldean izan, zinemak istorioaren izaeran ere eragina izan du: "Beste gauza askoren artean, Percy Adlon zinegilearen 'Bagdad cafe' izeneko filmaren eragina dago. Film honetan adineko emakume bat da protagonista, eta liburu hau idazterakoan konturatzen nintzen bazituela filmaren protagonistarekin parekotasun batzuk. Aspaldiko filma da, aspaldi ikusitakoa, baina hainbat gauza hor gelditu zitzaidan nonbait. Baliteke film hori ezagutzeak nigan eragin izana kontatu nahi nuena osatzeko".
Liburuaren funtsa bereganatzeko, forman arakatu beharra dago hasieratik, tentu handiz arakatu gainera. Liburuaren formak -metaforikoki esanda- tipularen geruzak dakartza irudimenera. Kontaketa molde honek, apika, Grazianaren iragana amini bat lausotua gelditu izanaren inpresioa eman digu, argitasun apur bat gehiagok ez ote zuen eleberria eramangarriago egingo: "Gauzak esan eta gehiegi azaltzea baino iradokitzea izan da nire helburua. Iragana ez da modu zuzen batez azaltzen; gauza asko ez dira argitzen liburuan. Baina, badaude Joxe eta bien arteko iraganaren zertzelada batzuk: azokan ezagutu zirenekoa, Graziana gaixorik zegoela Joxek zaintzen zuenekoa... Tipularen geruzak kentzen dituzun heinean hainbat pasarte aurkituz zoaz, esaten ditudan gauza apurrekin puzzle moduko bat osatuz doa".
PERTSONA BIZIZALEA.
Graziana bere iraganaz harro dagoen pertsona agertzen zaigu batzutan, bizizalea, per-tsona bizia den seinale: "Beno bizizalea da, baina ez dakit bere iraganaz harro ote dagoen. Egunerokotasunean murgilduta dagoenetik ez da oso kontziente bizi zuen gaztaroaz -azokan lan egin zueneko garaiaz edota margotu zueneko garaiaz-, ez dut uste horretaz oso kontziente denik. Egunerokotasunean sartu denean, ez dakit galdu, baina atzean utzi zituen gauza haietaz gogoratzen da eta estima-tzen dituela konturatu da. Horrek ez du esan nahi bere ezkontza bizitzaz damu-tzen denik, ez du hori esan nahi".
Eleberriak tentsio batean garamatza. Batzutan ametsa eta errealitatea bereizi ezinean: "Liburu guztian errealitatearen eta ametsen muga ezegonkor horretan mugitzen naiz. Protagonistak berak zenbait unetan ez daki non dagoen, ez daki gertatzen zaiona amesten ari den edo benetakoa ote den. Hori helarazten saiatu naiz. Idazteko moduan elementu onirikoak sartu ditut. Orduan, irakurleak bere buruari galdetzen badio ea Grazianari gertatzen zaiona benetakoa ote den, edo bere ametsa den, neurri batean, nahi nuena lortu dudala esan nahiko du". Istorioa garatzen den lekuekin ere antzera gertatzen da. Izen batzuk ezagunak ditugu, Okabe kasu. Gehienak ezezagunak dira, hala ere: "Lekuneekin ere gertatzen da gauza bera. Badaude leku errealak eta irrealak. Benetako izenak ez erabiltze hau propio egina dago, zeren eta askotan, lekuak ez aipatzeak irudimenari ateak zabalik uzten dizkio eta irakurleak bere lana egin behar du leku horiek irudikatzen".
Funtsa dela-eta nahiz taxuketa dela-eta, istorioari adi eta tentuz jarraitu behar zaio nolanahi ere: "Nobelaren egitura ez da lineala, eta espero dut irakurlea horrek ez beldurtzea; horrek atzera ez bota-tzea. Esan bezala, istorioa puzzle baten modura osatua da, gauzak esan baino iradoki egiten dira. Hor irakurleari lan bat eskatzen zaio, baina uste dut erraz sar daitekeela Grazianaren munduan, unibertsoan, eta azkenean, nobelan".
Grazianaren mundua eta unibertsoa irudikatuta dago eta protagonisten arteko borrokaz gain, Grazianaren barne borroka ageri ere. Nitasun borroka bat, menturaz: "Bietatik dago. Protagonistak barne gatazka dauka eta baita munduarekiko harremanetan ere. Gure mundu errealean ere, hainbat jende ez da ausartzen barne gatazka horri aurre egiten". Alta, istorioaren amaiera libre antzean edota irekia utzi du egileak. Ez du moralista izan nahi, ez du bukaera zoriontsu bat eman nahi eta tristerik ere ez: "Istorioa zabalik utzi nahi nuen baina ez aurretik azaldu izan dudanarengatik. Bukaera hori horrela pentsatua nuen hasieratik. Gerora ere, konturatu naiz ez nuela moralista izan nahi, ez dago beste bukaera posiblerik nire ustez".
Kontu-kontari jarraitu du. Nola Nafarroan barrena bizikletaz zihoala otu zi-tzaion liburuaren ideia. Geroago, beste herrialde batean jada -bizikletaz zihoala bidaiari, berriz ere- nola Erein etxekoek esan zioten liburua publikatuko zutela. Bizitzak horrelako sorpresak ematen dituela diosku Ixiarrek.