Euskal autopisten gaia (A-8 Bilbo-Behobia, A-68 Bilbo-Zaragoza, eta Nafarroako aldea zeharkatzen duen A-15) eztabaidagai izaten ari da Hego Euskal Herriko foru eta gobernu erakundeetan. Talde bakoitzak dituen interes ekonomiko eta politikoek eragin handia dute, noski, alderdi politiko bakoitzaren planteamenduetan. Ezker joerakoak diren edo jarrera aurrerakoia duten euskal talde politikoak euskal autopistak liberalizatzearen eta doan izatearen alde agertzen dira, eta, aldiz, eskuineko taldeek, gaur egungo botereari atxikitakoek, aurkakoa defendatzen dute, nahiz eta bidesariak merkatzearen alde agertzen diren.
Hego Euskal Herrian autopistak egiteko proiektu berriak sortzen ari diren heinean, eztabaida areagotu egingo da datozen hilabeteotan. Horietako bat Eibar-Gasteiz autopista da, 45 kilometroko luzera eta 100.000 milioi pezetako (4.000 milioi libera) aurrekontua duena, 2004. urterako erabiltzeko moduan izango da, eta 10 eta 13 pezeta (40 eta 52 zentimo) bitarteko bidesari samurra izango du. Beste proiektu batzuek ere bidesaria aurreikusten dute, esaterako, Artxandako tuneletik Bilbon sartzekoak. Gauzak horrela, talde politikoez gainera gizarteko hainbat mugimenduk ere esku hartuko du eztabaida honetan, eta eztabaida soziala abiatuko dutela espero da.
A-8 ETA A-68 EGOERA EZBERDINEAN.
Nafarroako A-15 autopista jabetza publikokoa da, eta A-8 (Bilbo-Behobia) eta A-68 (Bilbo-Zaragoza) autopistek duten egoera oso ezberdina da, bakoitzak esku pribatuetan jarraitzeko duen esleipen dataren arabera. Europistasen esku dagoen A-8aren esleipena 2003. urtean amaitzen da eta Vasco Aragonesaren esku dagoen A-68arena, berriz, 2026. urtean, berez 2011n bukatu behar zuena 2026. urteraino luzatu baitzuten, joan den urtean haren bidesariak neurri garrantzitsuan jaisteko adostasun batera iritsi ondoren. Horren ondorioz, eztabaida politikoa eta soziala, batez ere, A-8aren etorkizunari atxikiko zaio, haren kudeaketa Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien esku geratuko baita 2003. urtetik aurrera.
Nolanahi ere, A-68a ez da eztabaidarik gabe geratuko, zeren, dagoenekoz, talde politiko batek, EHk, Aiarako eskualdean gizarte mailako eztabaida bat egitea proposatu baitu, autopista Arabatik igarotzen den zatian doan izan dadin proposatuz. Koalizio abertzaleko batzarkideak, Santi Hernandok, adierazi zuenez, "Arabarrok ez dugu aparteko bidesaririk zertan ordaindurik Araban zehar ibiltzeko".
Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek, joan den urtean, EH, PP, IU eta PSOEren aldeko botoekin eta EAJ eta EAren aurkako botoekin, A-8aren bidesaria, Europistasen esleipenarekin batera, 2003. urtean amai dadin eskatu zioten bakoitzak bere Aldundiari. Erabaki hori ez da loteslea Foru Aldundientzat eta, beraz, gomendio bat besterik ez da gaur egungo Aldundietako kudeatzaileentzat, baina ez litzateke batere zentzuzkoa eta demokratikoa izango gizartearen gehiengoaren iritziari inolako jaramonik ez egitea.
Bi foru erakunde horietan hartutako erabakia ez-legezko proposamena da, bakoitzak bere aldundiari "esleipena ez luzatzeko eta A-8an beste bidesaririk ez jartzeko konpromisoa hartzeko eskatzen dio, horrela, esleipena amaitzen denetik, 2003. urtetik, azpiegitura hori lurraldeko ibilbide osoan (Bizkaikoan Bizkaiko Batzar Nagusiei dagokienez eta Gipuzkoakoan Gipuzkoako Batzar Nagusiei dagokienez) erabat doan izan dadin".
Gai honen inguruan dituzten ikuspegi ezberdinengatik EAJ, EA eta EHren artean sortutako arazo politikoetan sartu gabe, hauxe da batak eta besteak duten ikuspegia. Batetik, doakotasunaren alde daudenek diotenez, hiritarrak dagoeneko ondo ordaindurik du autopistaren kostuaren halako lau edo bost, eta, gainera, bidesariez kanpo ere badira beste aukera batzuk errepideek beren baliabideak sorrarazteko. Bestetik, EAJ eta EAren ikuspegitik, bidesariak modu nabarmenean murriztearen alde egonik ere, beren ustez, inolako bidesaririk gabe, doan eskainiko balitz, Aldundiek ez lukete nahiko baliabide izango bestelako premietara xedatzeko, eta A-8 gainezka eginda geratuko litzateke, ezingo litzateke inolako egokipen obrarik egin, esate baterako, Gipuzkoako kasuan, hirugarren erraila edo Donostiako bigarren gerrikoa.
Gipuzkoako eta Bizkaiko Aldundiei ez zaie erraza gertatuko beren Batzar Nagusien "gomendioari" entzungor egitea, besteak beste, dagoeneko talde politiko batzuk iragarria baitute Batzar Nagusietan onetsitako proposamena Bilbo-Behobia autopistak zeharkatzen dituen Udal guztietako Osoko Batzarretara eramango dutela -PSOE izan zen iragartzen lehenengoa-. Bestalde, gizarte mailan, herri mugimendu bidez sortutako A-8 Doan bezalako taldeek ere lan garrantzitsua egin dute eta ari dira egiten esleipena luzatzearen aurka eta doakotasuna ezartzearen alde.
Audenasak kudeatzen duen jabetza publikoko A-15 autopista nafarraren liberalizazioa berriro ere erabaki gabe geratu da, eta legebiltzarrean eztabaidatuko da berriro epe laburrean. Joan den ekainean bertan behera geratu zen A-15 autopistaren doakotasuna lortzeko talde parlamentari nafarrek aurkeztutako ekimen ugarietako bat. PSNk eta CDNk UPNrekin, gobernuko taldearekin, bat egin zuten elkarren botoak biltzeko eta EHk bi bidesari gatazkatsuenak berehalakoan ezabatzeari begira Nafarroako Gobernuak Audenasarekin negozia zezan eskatzen zuen proposamena baztertzeko. A-15 Doan plataformak hil honen amaieran biltzeko asmoa du, eta hilabete honetan inolako aurrerapenik lortzen ez bada, protestaldiak egiteko erabakia hartua du.
50.000 MILIOI PEZETAKO DIRU BILKETA.
Hiru euskal autopistek, hots, A-8ak, A-68ak eta A-15ak, 50.000 milioi pezeta (2.000 milioi libera) inguru bilduko zituzten 2000. urtean bidesari gisa. Aurtengo urtean aurreikus daitezkeen mozkinak 5.000 milioi pezeta (200 milioi libera) ingurukoak izango dira hiru autopisten artean (Europistasek 2.000 milioitik gora, Vasco Aragonesak 1.800 milioi inguru eta Audenesak 1.000 milioi). Kopuru horiek oraindik ez dira ofizialak, baina, 1999ko datu ofizialak kontuan harturik eta aurreko urteetan eman den %10 inguruko igoera erritmoarekin jarraituko duela pentsatuz, garbi dago horrelako zerbait izango dela.
1999ko datu ofizialek lagunduko digute 2000. urtekoak zein izango diren jakiten. Datu ofizial horien arabera, hiru autopisten artean 40.000 milioi pezeta inguru bildu zituzten 1999an. Esan bezala, horrek %10ean gainditu zuen 1998ko diru bilketa. A-8ak 18.326 milioi pezeta bildu zituen, eta %8,4ko igoera izan zuen aurreko urtearekiko. A-68ak, berriz, 18.326 milioi pezeta bildu zituen, %11,8ko igoera izanik. Eta, azkenik, A-15ek 4.000 milioi pezeta inguru batu zituen eta %8ko igoera izan zuen.
A-8tik egunean 22.903 ibilgailu igaro ziren 1999an, hau da, aurreko urtean baino %6,97 gehiago. Egunean zehar, arratsaldeko seietatik zortzietara igarotzen da ibilgailurik gehiena, eta nabarmen jaisten da asteburuetan. Horrek esan nahi du autopista hau, batez ere, lanerako baliabide gisa erabiltzen dela. A-68an, batez beste, 17.000 ibilgailu inguru ibili ziren egunero, 1998an baino %6,8 gehiago. Autopista honetan arratsaldeko zazpietatik gaueko hamarretarako tartea da erabiliena. Autopista honen Euskal Herriko tartea, Bilbotik Aramiñonera, 77,7kilometrokoa da, eta Zaragozaraino bitartean dituen 294 kilometroen artean erabiliena da askogatik. Tarte horretan 8.050 ibilgailu igarotzen dira egunero, hau da, autopista osoan ibiltzen denaren erdia inguru, eta, beraz, garbi dago hori dela autopista horri etekinik handiena ematen dion tartea.