"JENDEARI TRANSMITITZEKO ZUK SENTITU BEHAR DUZU"

  • Zure jarioarekin grabagailuko zinta txirikordatu ahala ulertu dugu "Hitz egin" lemak zer esan nahi duen. Hitzaren kirol nazionalean maratoi luzeenak sprintean egingo zenituzke. Medikuak egin zizun diagnosirik zuzenena: asmatiko kronikoa zara, beti asma-tzen duzu musika proiektuekin.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Galindok zuen kontrako salaketa jarri zuen "Ustelkeria" kantuagatik. Zer interpretazio ematen diozu epaiketa honi?
Oraingo epaiaren arrazoia ulertzeko 7 urte atzera joan behar dugu. Euskal Herrian "Rock Radikala"ren zikloa eraldatzen joan zen, eta etenaldi horretan bat-batean Negu Gorriak atera zen sekulako indarrarekin eta diskoetxe propioarekin. Baita Su ta Gar, EH Sukarra... Garai hartan Esan Ozenki eta Negu Gorriaken inguruan metatzen ari ziren zenbait indar, adierazpide artistiko eta ilusio oso arriskutsuak ziren. Mugimendu hori geldiarazi egin nahi zuten, gure inguruko beste taldeak ere beldurtu eta epai baten bidez autozentsura jarri. Oso garbi genuen epaiketa politikoa zela, ez ohore kontua, zabaldu zuten bezala.

Epaiak zuei eman dizue arrazoia, baina ez dute adierazpen askatasuna onartu. Nola hartu duzue?
Gu poztu gara Galindok galdu duelako eta gu garaile atera garelako, baina amorratu egin gara guri axola zitzaigun mamiari heldu ez diotelako. Galindoren salaketa "formulazio okerra"gatik bota dute atzera, izan ere abestian parte hartu ez dutenen izenak agertzen dira salaketan. Baina horrez gain guk adierazpen askatasuna defendatu dugu eta hori ez dute aintzat hartu epaian. Badakite hau mundu osoan eskandalu bat dela, ez delako hemen gelditu eta mundu osoko atxikimenduak jaso ditugulako. Idazleak, zinemagileak, euskal egunkariak... asko inplikatu ziren. "Hitz Egin"en kontzertura 600 pertsona joan ziren lanera bolondres. Euskal Herrian egon den bataila handienetako bat izan da, Lemoiz geratzea garaipen bat izan zen bezala. Eskandalu bat denez, ezin zuten horrekin jarraitu eta kasua istea erabaki dute, "formulazio okerra" aitortu, eta bakean utz ditzagun.

Musika talde baten hitzek norainoko eragin soziala izan dezakete?
Nik uste musikariek finean egiten duguna kronistarena dela. Ukitzen eta hunkitzen gaituzten gauzak kantatzen ditugu. Urte guztietan gertatzen denaren kronika egiten dugu kantuen bidez. Baina bestalde uste dut eragin bat badugula. Gure tresna hau oso aproposa da zirikatzeko, gauzak kolokan jartzeko, polemikak sortzeko... Musikak jende asko aldatu du, ni neu ere bai. Zenbait kontzertu ikusi eta musika entzun eta gero pentsatu nuen bide hori hartu behar nuela.

Egungo talde gehienek, berriz, kanta itsaskor eta arinen alde egiten dute...
Iraultzaileago eta konprometituagoa iruditzen zait musikari bat, nahiz eta bere hitzetan ezer ez esan, pertsona gisa hartzen duen bideagatik. Jende asko zenbait eslogan abesten aritzen da baina, benetan bere egunerokotasunean ezer ere egiten ez badute, hauen bidea okerragoa da.
Baina "ez dugu ezer jakin nahi" esaten dutenek ere badute jarrera zehatz bat: sistemaren aldekoa. Jarrera horrekin sistema kapitalista hau babesten ari dira. Konpromisorik gabeko taldeek konpromiso inplizitu bat dute multinazionalen alde.

Komunikatzeko hitza ez da nahikoa, jendearengana iristen jakin behar da. Nola lortzen duzu hori?
Zuk sentitzen duzunean gai zara jendeari transmititzeko, jendeak hori jaso egiten du. Bost urte pasa dira Negu Gorriaken azken kontzertua eman genuenetik, eta datorren kontzerturako entseatzeko konpaktua jarri nuenean oilo ipurdia jarri zitzaidan, "Hitz egin" kantuarekin.

Heroinak generazio oso bat ezabatu zuen...
Nik badut bizirik iraundakoaren sindromea. Heroinaren sarrera izugarria izan zen eta gainera droga hori oso idealizatuta geneukan: Lou Reedek idatzi zuen "Heroin" kantuarekin droga hori goraipatzen zuen, Sex Pistolsek ekarritako "No future" ideologia ere ildo beretik zihoan... eta hain zuzen iheserako drogarik onena da. Baina gogorrena ere bai, eta menpekotasun fisiko eta psikikoan errazago harrapatzen zaitu. Hiesa ere ez genuen ezagutzen. Eta belaunaldi horretan gaindosiagatik hil ez direnak hiesak jota hil dira. Kortatu taldearekin gehien aritu zen taldea Cicatriz izan zen, eta talde horretako laurak hil ziren, beste lagun askoren artean.
Orain ere ezin gara ibili ezker abertzaleko batzuk atera duten kanpainarekin: "Kontuz, poliziak trapitxeroak erabiltzen ditu txibatotarako..." Horrela ez goaz inora. Euskal Herrian eta ezker abertzalean hain zuzen falta dena droga guztien inguruko eztabaida sakon bat da. Ni ez nago prest estatuek legaltzat onartzen dituzten drogak bakarrik kontsumitzeko. Droga denak legalizatu behar dira. Mezua ezin da paternalista edo moralista izan. Droga bakoitza kontsumitzeak zer ekar diezazukeen informatu behar da eta gero bakoitzak erabaki dezala.

Esan Ozenkik zer dela eta amaitu du bere ibilbidea?
Nik sinadura jartzen diodan zenbait gauzarekin oso lotuta dago erabaki hau. Gauza bakoitzak du bere hasiera eta bukaera, baina bukaeratik beste gauza asko sortzen dira. Gauza bera gertatu zen Kortatu, Negu Gorriak edo "Igo bolumena" irratsaioarekin. Esan Ozenki Negu Gorriakekook sortu genuen, 10 urteko lana egin dugu, eta hauspo lana nik egin badut ere lan talde bat sortu da eta hazi egin da. Ziklo hau Negu Gorriakekin batera amaitu behar dela ikusi dugu, eta horrela, Euskal Herrian hamar urte horietan egon den musikaren argazki bat uzten dugu. Orain hemen dagoen taldeak diskoetxe berri bat sortuko du, baina filosofia, gune fisikoa, eta orain arteko lana mantenduz. Honek Esan Ozenki eta Gora Herriak azpizigiluaren katalogoa ere kudeatzen jarraituko du. Haiek diote ez dela haustura bat, jarraipen natural bat baizik. Orain artekoari eutsi eta haien proiektu propioa garatuko dute.

Zuk ez omen duzu diskoetxe horretan jarraituko. Zer asmo dituzu?
Esan Ozenkiren hamar urteotako ibilbidearen bilduma bat egingo dugu, "Ustelkeria" diskoaren berrargitalpena kaleratuko dugu, Korrikako bideoklipa CD-ROMerako pista batean aterako da, kontzertuak antolatu, eta uztailetik aurrera bira bat egingo dut bandarekin, beraz aurten behintzat badut nahikoa lan.
Ikusten dut orain arte egindako lanetik pixka bat deskantsatu behar dudala. 10 urtez lotuegi egon naiz musikaren industriarekin eta horrek asko erretzen du.

Nola dago Euskal Herriko panorama musikala?
Une batean metal gehiegi entzun behar izan dugu eta Su ta Garren estiloko taldeak bakarrik ateratzen ziren. Orain proposamen berri eta interesgarriak ari dira garatzen, baina hori dena gidatu eta bultzatuko duen zerbait falta da. Alde batetik metal berriaren edo rock alternatiboaren inguruan Dut, PiLT... ari dira. Musika elektronikoa eta hip-hopa egiten duen lehen euskal taldea "Basque electronic diaspora" ere atera da. Kantautore berrien artean Montoia, Anari eta Jabier Muguruza... Eta estilo ezberdinak nahasten dituzten Skunk, Skalariak, Betagarri bezalako taldeak.
Gainera Lisabo, Dut eta Anari bezalako taldeak, bakoitza bere proposamen ezberdinarekin gai dira kontzertuak egiteko elkartzeko. Nire ustez hortik dator haize berria, proposamen ezberdinekin kontzertuak antolatzeko gaitasunean. Gainera ikusi da arrakasta handia izan duela formula horrek. Ezin dugu sekulako leherketa espero, baina nahiko matxinada iruditzen zait musikan horrelako zutabe batzuk ikustea.

Selektah Kolektiboak joko du zuekin batera garaipena ospatzeko kontzertuetan...
Bazen ordua Selektah Kolektiboa bezalako talde bat ateratzeko, euskaraz rapa egingo duena. Herri honetan ahozkotasunean aberastasun izugarria dago eta bertsolari berriak hauek izan daitezke, egungo bertsolariek bere bidea egingo dutela ukatu gabe, noski. Ziur nago hemen raparen ildoa garatuko denaz.

Mundu mailako panorama musikala nola dago?
Musikaren kuota gehienbat anglosaxoien menpe dago, multinazionalek kontrolatzen dutelako merkatu hori. Gero eta botere kontzentrazio handiagoa dago, baina bestalde globalizazioaren kontrako mugimenduak ere gero eta indar handiagoa hartzen ari dira. Globalizazioaren kontrako arma da niretzat periferiako musika eta gero eta gogo handiagoa dago beste gauzak entzuteko.
Orain musika etnikoa eta folka ere beste musika askorekin nahasten da. Gerora begira, beste zonaldeetatik erritmo, melodia... elementuak hartuko ditugu, baina hizkuntza batek badu bere musikalitate inplizitua eta hizkuntza izango da musika bereiztuko duena.

Nola lortu duzue nazioartean horrelako arrakasta?
Hau ez da egun batetik bestera gertatu. Aurtengoarekin 18. bira egingo dut. Bidean jendea ezagutzen duzu eta zirkuitua geroz eta handiago egiten da.
Niretzat errazena aurten Euskal Herrian geratzea litzateke, baina nire asmoa hemen diskoa aurkeztu eta kanpora ateratzea da, ahalik eta urrunen iritsi eta egindakoa zabaltzea. Uste dut lehen gehiago mugitzen ginela. Duela 10 urte, edozein talde, hartu lozakua eta furgonetan sartzen zen. Nik "guerra de guerrillas" deitzen diot horri. Orain talde gazteek "ea egiten didaten" diote, ez "ea nik egiten dudan". Hori diskoetxeen dinamikan ere ikusten da. Lehen maketa grabatzen zenuen, maketa horrekin bira bat egin eta zuzeneko kontzertuetan errodajea lortzen zenuen. Eta behin taldeak errodajea lortuta etortzen zen norbait lan hori diruz babestera. Eta orain maketa diskoetxera bidaltzen dute eta "egidazu", zain geratzen dira. Norbaitek esango dit, "zu ateratzen zara hor zehar..." Ei, txikito, zuk noiz atera duzu diskoa, orain, ezta? Eta zer egin duzu? Hartu diskoa eta mugitu ipurdia. Horrela lortzen dira gauzak.
Gutxienez, inork ezingo du esan euskaraz kantatuz ezin dela inora atera. Gure belaunaldiko zenbait talde bat-batean gaztelaniatik euskaraz kantatzera pasa zen: Kortatu, BAP! edo Danba bezalako taldeak. Orain hausnartzeko moduko gaia da zenbait talde euskaldun erdaraz kantatzera pasa izana. Zeren alde ari dira?

"Rock Radical Vasco" zer izan zen?
Mugimendu hori ez zen "Ez dok hamairu" bezalakoa izan. "Ez dok hamairu"k, elkartu eta izen bat hartu zuen aldarrikapen bat egiteko. Gurea leherketa sozial, musikal eta kulturala izan zen. Gainera ez zitzaigun batere gustatzen izen hori. Norbaitek jarri zigun "Rock radical vasco" etiketa, baina oso itsusia zen eta gainera gazteleraz... Orain onartzen dugu mugimendu horri izen bat eman behar bazaio horrela deitzea. Baina ez zen izan mugimendu musikal bat, gizarte mugimendu orokor bat baizik. Gizarte mugimendu horrek eragin zuen talde horiek sortzea eta taldeek mugimenduari eragiten zioten. Irrati libreak piztu ziren, gaztetxeak okupatu... Gizarte gaiak mahai gainean zeuden, eliza katolikoaren kontrako borroka, sexu askatasuna, ekologia... ikusten genuelako etorkizunerako zer espektatiba zeuden. Bada esaldi polit bat MCDko Rokan-ek esaten zuena: "Garai hartan gazte batzuek metraileta hartzen zuten eta beste batzuek gitarra". Zenbait taldek garai hartako soinu banda originala egin genuen, bat egiten genuelako Euskal Herrian gertatzen ari zen pelikularekin.
Politikoki, arazo sozialak eta independentziarena guretzat bat ziren. Baina lehentasuna hartu zuen naziotasun eta independentziaren proiektuak eta ezkerraren akordeak behera egin zuen. Nik akats hori ikusi dut. Oraindik ere asko hitz egiten dugu eraikuntza nazionalaz baina eraikuntza soziala badirudi bigarren mailan geratzen dela.

Gaur egun nola dago musikaren mugimendua?
Asko hobetu dugu azpiegituretan: lokal interesgarriak ditugu, estudio onak, diskoetxeek badakite mugitzen... Euskal musika independientea da, ez dugu estatu frantses eta espainiarraren inolako menpekotasunik. Arazorik handienak bi estatu hauetan dauzkagu, baina hortik kanpo argi eta garbi euskaldun onartzen gaituzte. Baina uste dut gaztetxeen inguruan zegoen aukera galdu dela. Gazte asanbladek ez dute jakin izan gaztetxeek eskaintzen zituzten zenbait aukera aurrera eramaten. Salbuespenak salbu: Gasteizkoa, Bilbokoa, Andoaingoa...
Ondoan hasi dira beste zenbait lokal: Kafe Antzokia, Gazte Eszena... kontzertuetarako behintzat oso interesgarriak direnak. Gisa horretako proiektu gehiago egon behar lukete Euskal Herrian.

Zer falta zaio euskal musikari aurrera egiteko?
Batetik SGAE euskaldun bat sortu behar da. Eta bestetik kuota lege baten alde borrokatzen hasi behar dugu. Alegia, komunikabideak ehuneko hainbesteko bat bertako hizkuntzan ematera behartzea. Estatu frantsesean eta Alemanian %40ko kuota dute, eta Katalunian %25. Guk, berriz, hizkuntza minorizatua izanik, %0ko kuota dugu. Inposizioa dela esaten dute batzuk, baina haiek ari dira beste musika eta hizkuntzak inposatzen.

BERTSOA
Doinua: Zeruak eta lurrak
Emakumeetaraino
Ferminen itzala:
sexu-makina baino
'gehiago' dirala!
Kolpez kolpe musikan
inter-nazionala
zu atrapatu arte,
lehenbiziko bala
komandantean menpe
dago jenerala.

Jexux Mari Irazu
CURRICULUMA
- Jaio:
Irunen, 1963an.
- Musikaria .
- 1987an hasi zen euskara ikasten, AEK-ko barnetegian.
- Artikuluak idatzi izan zituen "Argia"n (1988) eta "Egin"en (1994-96). Egin irratian "Igo bolumena" musika saioa emititzen zuen, 1989tik 1991ra bitartean.

- Taldeak:
Kortatu (1984-88), Negu Gorriak (1990-96), Fermin eta Dut (1997-98). Egun bakarkako ibilbideari ekin dio.

Diskoak:
Kortaturenak: "Kortatu" (1985), "El estado de las cosas" (1986), "Kolpez kolpe" (1988) eta "Azken guda dantza" (1988). Negu Gorriakenak: "Negu Gorriak" (1990), "Gure jarrera" (1991), "Gora Herria" (1991), "Borreroak baditu milaka aurpegi" (1993), "Hipokrisiari Stop!" (1994), "Ideia zabaldu" (1995), "Ustelkeria" (1996) eta "Salam, agur" (1996). Dut taldearekin elkarlanean, "Ireki ateak" diskoa kaleratu zuten (1997). 1998an Ferminek 1984-98ra bitarteko bere zenbait abestirekin bilduma bat osatu zuen, "Amodio eta gorrotozko kantak" izenpean. Urtebetera, "Brigadistak Sound Sistem" eta "Erremixak" diskoa atera zuen. Bere azken diskoa "FM 99.00 Dub Manifest" da (2000).

- Birak:
Emanaldiak Euskal Herrian eta atzerrian eskaini ditu: Europa, Ipar eta Hego Amerikan, eta Asian.
- Esan Ozenki Records diskoetxe independienteko zuzendaria izan da gaur arte (1991-2001).

- Sariak:
Beste askoren artean, "Radio Rahim" bideoa Gasteizko bideo emanaldian saritua izan zen (1990); R3-ek zuzenekorik onenaren saria eman zion (1991); ESGAEk, "Hitzar dezagun" kantua Espainiako kanturik onena izendatu zuen (2000); Italian saritua izan zen "Urrun" bideoklipa (2000).

BERE HITZETAN
"Konpromezuak eta inplikazioak ateak itxi egiten ditu musika munduan. Talde batek uste badu 'txakurrak jo ta bertan hil!' abesteagatik dena egina daukala, jai du". Argia, 95-04-02

"Ez naiz gai konpromezurik gabeko musika idazteko, hain zuzen, ez naizelako antzeko egoera batera iristeko gai sentitzen". Rockdelux, 99-09

"Beti hartu izan da gorrotoa gauza txar bezala. Guk beti esan dugu gorrotoa beharrezkoa dela"
Argia, 90-07-01

"Euskal Herriko jendearen arazoa da Euskal Herria eta mundua ikusten dutela. Guk, aldiz, Euskal Herria eta beste herri asko ikusten ditugu". Argia, 94-04-02

"Musika da modu bakarra kanpoan jendeak entzuteko euskara zer den. Iritsiko da eguna Mari Karmen Garmendiak edo bere hurrengoak euskal rock taldeoi deitu beharko diguna. Gu ere kultura egiten ari gara".Argia, 95-04-02

"Haurrak afektibitatearen injekzioak dira, niri idazkera ere aldatu didate. Baina aldaketa hori, era beran, hiltzen joan diren lagunei lotutako prozesua izan da"
http://personales.com/espana/oviedo/escalon/dut_entre1.htm

BIZITZAREN PASARTEA
Chiapasen Markos subkomandantearekin egon ginen, eta itzuleran kontrol militar batean gerarazi, eta barne ministeritzara deklaratzera joateko biratorio bat egin ziguten. Baina egun horretan bertan kontzertu bat eman behar genuen distrito federalean, hain zuzen Chiapasen alde. Ez ginen aurkeztu barne ministeritzan eta jotzera joan ginen. Jotzen ari ginela publikoa poliziaz betetzen hasi zen. Eskerrak antolatzaileek iheserako operazioa prestatu zuten eta kontzertua bukatutakoan mozorrotuta atera ginen jende artetik: Kaki mexikarrez jantzita, eta ni seguritateko gizonez mozorrotuta. Ni aireportuan atxilotu ninduten, etxerako hegazkina hartzera nindoala eta 2 urtez Mexikon sartzea debekatu zidaten.
Eta istorio hau ekarri dut gogora, Batista Jenerala martxa bat antolatzen ari delako distrito federalera eta ziur asko Markos ere joango da Vicente Foxekin hitz egiteko. Martxan Chiapas osoa zeharkatuko dute, eta oso momentu itxaropentsua iruditzen zait.

ARGAZKI ZAHARRA
1995-09-11, Munich (Alemania). Biratan buruak ematen ditu bira gehien, nonbait. ("Ideia zabaldu tour 95" liburutik ateratako argazkia).


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Zestoako Gaztetxearen desalojoa geratzea lortu dute

Uztailaren 19an, 8:00etan zegoen gaztetxea husteko agindua emanda. Momentuz, lortu dute desalojoa atzera botatzea. Zestoako Gazte Asanbladak Bilboko Aresti Zentro Sozialistaren desaloa jasan zutenei elkartasun osoa adierazi die.


Yael Braun-Pivet izango da berriz Frantziako Asanbleako lehendakaria

Frantziako Asanbleak Yael Brau-Pivet hautatu du legebiltzarreko presidente. Lehia aurreikusten zen FHB eta Macronisten artean, eta azkenean, gutxigatik bada ere, lehendakariaren alderdikoak gailendu dira.


Margolan figuratibo zaharrena

Sulawesi (Indonesia) uhartearen hegoaldean, Leang Karampuang kobazuloan hiru irudi antropomorfoz eta basurde batez osatutako margolana aurkitu dute Griffith eta Southern Cross unibertsitateetako eta Indonesiako Agentzia Nazionaleko arkeologoek. Nature aldizkarian argitaratutako... [+]


Leonard Peltierren ihes ukatua

Lompoc (Kalifornia, AEB), 1979ko uztailaren 20a. Leonard Peltier ekintzaile indigenak eta beste bi presok espetxe federaletik ihes egin zuten. Iheskideetako bat kartzelaren kanpoaldean bertan tirokatuta hil zuten; bestea ordu eta erdi geroago atzeman zuten handik milia batera... [+]


Adin txikiko neska baten erasotzaileari jarritako epaia salatu du Gasteziko Mugimendu Feministak

Gasteizko adin txikiko neska bati sexu erasoa egin zion adin txikiko mutil batek, 2023ko ekainean. Gasteizko Mugimendu Feministak ez ditu bidezkoak ikusten epaileak erasotzaileari ezarri dizkion neurriak. Uste du erasoa jasan duenaren birbiktimizazioa bultzatzen dutela... [+]


Donostiako udaltzainek Parte Zaharreko hainbat gazte “jipoitu eta zauritu” dituztela salatu dute

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu du Donostiako Udaltzaingoak auzoko hainbat gazteren aurka astelehen gauean egindakoa: “Auzoko hainbat gazte futbolean jokatzen ari ziren Trinitate enparantzan, Udaltzaingoa hurbildu eta mehatxuka guztiak identifikatzeko agindua... [+]


Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu dute

401 aldeko boto eta 284 kontrako jaso ditu, baina gehiengoa lortu du 41 botogatik. Hurrengo bost urteetan berriro ere presidente izango da, popularren, sozialdemokraten, liberalen eta berdeen babesa jasota. EH Bilduk kontra bozkatu du, eta EAJk alde.


Hamabost urte beharko dira Gazako genozidioan Israelek sortutako 40 milioi tona hondakin jasotzeko

NBEren ikerketa baten arabera, lehertu gabeko artilleria, substantzia kaltegarriak eta palestinarren gorpuak daude hondakin artean. 50.000 bonba baino gehiago bota ditu Israelek urritik, eta 40 milioi tona hondakin sortu dituzte.


1.200 soldadu israeldarrek baino gehiagok egin dute beren buruaz beste azken 50 urteetan

Genozidioarekin lotutako suizidio ugari identifikatu dira, armada sionistak datuak ezkutatzen baditu ere.


Eguneraketa berriak daude