ETA EMAKUMEEN HITZA HILABETEKARI BIHURTU ZEN

  • Hil honetan kaleratuko da Euskal Herriko -eta Espainiako- emakumeentzako lehenengo hilabetekaria. "Andra. Emakumeon ahotsa" Hego Euskal Herrian banatuko da eta emakumeen inguruko gaiak hitz ez sexistekin jorratzeaz gain, talde gutxituen berri emango du.

2021eko uztailaren 23an
Orain artean mutu edo estereotipoen atzean ezkutaturik egon den ahotsak hitz egiteari ekin dio urte berriarekin batera. "Emakumeon ahotsa"z ari gara, emakumezkoen burutapenetik sortu eta haien lumatik idatziko den "Andra" izeneko hilabetekariaz, hain zuzen. Hilabete honetan bertan, milurteko berriaren hasierarekin batera, plazaratuko da egunkari formatoa duen hilabetekari honen lehen alea, nahiz eta bukatu berri dugun urtearen azaroan 0. alea karrikaratu zen. Durangoko Disko eta Liburu Azokan lehenengo eta Kordoban burutu diren Jardunaldi Feministetan ondoren aurkeztu dute ale hori, eta harrera ona izan omen du. "Andra" baita Espainia osoan emakumeentzako argitaratuko den lehen egunkaria. Horregatik, Estatuan harpidedun ugari du agerkari berriak jada. 4.200 pezetaren (168 libera inguru) truk jaso dezake edonork urte guztian zehar "Andra" etxean, baina aurten, eta jaioberriari lagundu nahian, 6.000 pezetako urteko harpidetza berezia jarri dute martxan, horretarako prest dagoenarentzat. Bestela, Hego Euskal Herriko kioskoetan banatuko da -oraingoz, Iparraldean ez-, 350 pezetako salneurriarekin. 36 orrialde izango ditu eta 15.000 aletako tirada, hasieran behintzat.
Ezohiko komunikabidea da "Andra". Ohiko agerkarietan lan egiten duten hainbat profesionalek gisa honetako produktu baten beharra sumatzearen ondorioz sortutakoa. Bi dira behar horren iturburuak, Marisa C. Gibaja, "Andra"ko erredakzio kontseiluko kideak azaldutakoaren arabera: "Komunikabide konbentzionalek emakumezkoen irudi estereotipatua erakusten dute eta hauen ekintzei eta kezkei ez diete behar adinako arreta eskaintzen. Gainera, irudi tradizionaletik harat, bizi dugun garaiari egokitutako emakumearen irudia eskainiko duen agerkari baten premia sumatu dugu". Emakumezkoen ekintzei eta iritziei berez duten garrantzia ematea eta hauei buruz generoarekin zerikusia duen aurreiritzirik gabe informatzea du xede "Andra"k. Eta emakumezkoekin bezalaxe jokatuko du gainera komunikabideen arreta jasotzen ez duten beste hainbat talde mistoekin. Hala nola, talde ekologistak, bakezaleak, eta abar.
Horretarako, hainbat kazetari eta beste arlo batzuetako profesional bildu dira agerkaria sortzeko. Hauetako batzuek euren poltsikotik jarri dute dirua egunkaria finantzatuko duen Txinparta Ediciones izeneko sozietate mugatua sortzeko. Horrez gain, Bizkaiko Diputazioak diru laguntza bat eman berri die. Behin kalean izanik, finantziazioa salmentetatik eta publizitatetik lortzeko asmoa dute, zein neurritan batetik eta bestetik, ikusteke dago ordea.


SONAKO KOLABORATZAILEAK.

Erredakzio Kontseilu batek zuzenduko du agerkari berria. Nati Abril, Marisa C. Gibaja, Marta Brancas, Marisol Ramírez argazkilaria, Eva Cruz, Pilar G. Larrañaga, Idoia Ehizmendi, Idoia Aldama, Jaio Untzilla, Espe C.Herrero, Esti Redondo, Estibalitz Sánchez Galán, Merche Arratibel, Aurora Juliá, Karmele Calleja eta Marta A. Lauzirikak osatzen dute berau. Baina oraingoz, Durangon duten erredakzioan bi pertsona izango dira lanean, nahiz eta aurrera begira, langile kopurua handitzeko asmoa duten. Erredakzio kontseiluaz gain, beste hogeita hamar kolaboratzaile baino gehiago hurbildu ditu "Andra"k bere orrialdeetara. Hauetako batzuk sobera ezagunak euren lan arlotan. Hor ditugu, besteak beste, Arantxa Urretabizkaia, Luisa Etxenike, Begoña Muruaga, Teresa Uriarte eta María Bengoa idazle eta kazetariak, Toti Martinez de Lezea historialaria, Teresa del Valle antropologoa, Carmen Bernabé teologoa, María José Urruzola filosofoa eta Dora Salazar eskultorea. Azken honek egin du logotipoa.


HITZ EZ SEXISTAK SEXISMORIK GABEKO BERRIETAN.

"Andra"k ez ditu albisteak geografikoki edo gaika antolatuko. Bost dira guztira egunkariaren sailak eta hauexek bertan jorratuko diren gaiak: "Sakontzen" izena du lehen orrialdeetakoak. Bertan, modu sakonean aztertuko dute hilabetero gai bat. Aktualitateko gaia aukeratuko dute eta elkarrizketa, erreportaia eta iritzia landuko dituzte horren inguruan. Bigarren sekzioak "Ikusmira" du izena. Emakumezkoen ikuspegitik jorratuko dituzte hemen gaiak. Adibidez, 0. alean Sidneyko Olinpiar Jokoak aztertu dituzte, baina bertan izandako euskal kirolariak (emakumeak) kontuan hartuz. Titularrak ere halaxe dio: "Vascas en Sydney". Horrez gain, atal honetan bertan beste komunikabideetan agertu ez diren, edo gutxi agertu diren emakumeei buruzko berriak bilduko dira. Hirugarrenean, Hego Euskal Herriko emakume taldeen edo banakakoen ekimenen berri emango du hilabetekariak, "Emakumeak gaur" izenburupean. Talde mistoei egingo die lekua "Etorkizunera begira" jarrita, laugarren sekzioak. Bertan kultura gutxitu edo alternatiboen arloan edo gizarte arloan lan egiten duten taldeak izango dituzte hizpide. Beti ere, agerkari konbentzionaletako orri eta minutu gutxiegi betetzen dituzten talde horiei buruz mintzatuko dira hemen. Azkenik, "Astia"n bidaiak, literatura, zinea, diskoa... eta beste hainbat jasoko dira. Eta horrez gain, Sexualitate tailerra, astrologiari buruzko atala, emakumeen historiari buruzkoa eta emakumeentzako agenda bat ere aurki daitezke.
Albisteez gain, hitzak ere zaintzeko asmoa dute "Andra"ko sustatzaileek. Esamolde estereotipatuak gainditzeko sexista ez den hizkuntza baliatzeko borondate tinkoa agertu baitute: emakumezkoak baztertzen dituzten zenbait hitz alboratu, eta bi sexuentzako baliagarriak diren hitz neutroak hobetsiko dituzte. Berdin saiatuko dira gutxiengoetaz idaztean, errespeturik gabeko esamoldeak ezabatzen. Baliatuko duten hizkuntza zaintzeko hain zuzen, Hizkuntzaren Erabilera ez Sexista batentzako lehen Estilo Liburua burutu du "Andra"k. Bertan, filologoa ezagunek beste erakunde batzuetarako buruturiko lanetatik bildu dituzte hainbat ideia "Andra"ko kazetariek. Eta honen arabera idatziko dituzte ondoren edukiak.
Hizkuntzaren ildoari jarraiki, "Andra"k euskaraz eta gaztelaniaz argitaratuko ditu edukiak. Ez dago euskararentzako kuota finkorik. Baina honenganako ardura berezia agertu dute sortzaileek. Dena den, "'Andra'k handitzeko borondatea du eta gainera, Espainian oso harrera ona izan du. Beraz, nahiz eta euskarari garrantzia eman, nahi hori kontuan hartu behar da", dio Marisa C. Gibajak.
Emakumeak eginiko egunkaria da hau. Eta edukia, forma eta izena bera ikusirik emakumea izango dela bere irakurle nagusia ondoriozta daiteke, erratzeko beldur handirik gabe. Emakume berezia izango da gainera, "gizonezkoen eta emakumezkoen artean berdintasuna lortzeko oraindik zeregin handia dagoela pentsatzen duten emakumeei baitago zuzendua bereziki". Bide batez, hori bera pentsatzen duten gizonezkoak ere erakarri nahi ditu: "Emakumezkook zer pentsatzen dugun eta benetan nola bizi garen jakin nahi duten gizonezkoek erosiko dutela uste dugu, egunkariak duen izena izanik ere".


Azkenak
2025-01-20 | ARGIA
Nazioarteko eskuin muturrak inguratuta hartuko du presidente kargua Trumpek

Donald Trumpek asteleheneko 18:00etan (12:00ak Washingtonen) egingo dio zin AEBetako presidente izateari. Europako eta beste hainbat herrialdetako eskuin muturreko estatu buruak gonbidatu ditu inbestidura ekitaldira. Egun bakar bat lehenago emandako mitinean aurreratu duenez,... [+]


2025-01-20 | Leire Ibar
Su-etena indarrean, Israel eta Hamas hasi dira bahituak trukatzen

Igandetik indarrean da Hamasek eta Israelek nazioarteko bitartekaritzarekin adostutako su-etena. Lehen egunean 69 emakume eta 21 nerabe askatu ditu Israelek, horietako bederatzi adingabeak, eta Hamasek hiru israeldar. Gazara laguntza humanitarioko 630 kamioi ere sartu dira.


Joxe Mari Esparza: “Txikitik handira borrokatu behar dugu, egunerokoan gertu ditugun gauzak aldatuz”

Tafallan, nekazal giroko etxe batean sortu zen 1951. urtean. “Neolitikoan bezala bizi ginen, animaliez eta soroez inguratuta”. Nerabe zelarik, 'Luzuriaga’ lantegian hasi zen lanean. Bertan, hogei urtez aritu zen. Lantegian ekintzaile sindikala izan zen;... [+]


2025-01-20 | dantzan.eus
Martxora arte kalez kale eta etxez etxe ibiliko dira kaskarotak Lapurdin

Bi asteburu direla atera dira lehen kaskarotak: Beskoitzekoak. Eta martxora arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira Beskoitzeko kaskarotak, baina ez bakarrak... [+]


2025-01-20 | Bertsozale.eus
Gasteizen aurkeztu da 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla artekoa
Gasteizko Amaia Zentroan elkartu dira larunbatean Arabako Bertso Kuadrilla artekoan parte hartuko duten 14 taldeetako ordezkariak. Kuadrillartekoaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa.

2025-01-20 | Euskal Irratiak
%221ko gainpopulatzea, Baionako presondegian

Alarma jo du, beste urte batez, OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiak. Abenduaren lehenean marka berri bat hautsi zen frantses estatuan, 80.792 pertsona atxiloturekin. Espetxe-administrazioaren aitzinikuspenen arabera, gainera, 86.000 baino gehiago izan litezke 2027an egungo... [+]


‘Goazen lagunok’: sare sozial toxikoetatik fedibertsora trantsizio kolektiboa

Trumpek AEBetako presidentetza hartuko duen eguna baliatuta, Goazen lagunok lelopean, multinazionalen jabetzako sare sozial "toxikoak" utzi eta fedibertsora trantsizio kolektiboa bultzatzeko kanpaina egiten ari dira eragile ugari. “Internet gizatiarrago batean... [+]


2025-01-20 | Garazi Zabaleta
Aleko
“Nekazaritza birsortzailerako eta proiektu kolektiboetarako test gunea da gurea”

Nekazaritzan trebatzeko eta proiektu propioak abiatu aurretik ekoizpenean eta merkaturatzean norbere burua probatzeko, abian dira gurean nekazaritzako hainbat test gune. Araban, 2023an abiatu zuten Aleko nekazaritzako test gunea, baina, antzeko egitasmo gehienekin alderatuta,... [+]


2025-01-20 | Iñaki Sanz-Azkue
Hotza maite duen igela

Arboletako hostoak eroriak dira eta basoko lurra estalia dute. Lurraren eta hosto gorrituen artean, alabaina, sortzen da geruza fin bat, arreta gutxi jasotzen duena, baina espezie askoren biziraupenerako garrantzi handia izan dezakeena. Hezetasuna mantentzen du, zomorroak... [+]


2025-01-20 | Jakoba Errekondo
Euskal Herria banana errepublika

Sekula bananarik jan ez duten bi lagun ezagutzen ditut; nerau bat. Bananazalea da, ordea, jendea. Afrika eta Asia aldean sortutako landare generoa da banana (Musa x paradisiaca), baina gaur egun Ameriketan ere asko egiten da. Ekoizlerik handiena India da, eta esportatzaile... [+]


Aurtengorako irakurgaiak

Urte berriaren hasieran asmo berritu egiten gara dirudienez, eta egin beharreko zereginen zerrendak egiten ditugu gutako batzuk. Egiteko horien artean irakurtzeko ditudan liburuen zerrenda izaten da bat, gero eta zerrenda gizenagoa. Zuetako ez gutxik zer irakurtzen dudan galdetu... [+]


Eguneraketa berriak daude