BIDASOA ZIBILIZAZIOAREN ITSASOAN HIL EZ DADIN

  • onartu zen 1993an. Ekologisten iritziz egitamua motel baino motelago doa eta ez da egokiena. Hil honetan Harrera eta Interpretazio Zentroa inauguratuko dute Plaiaundin.

2007ko otsailaren 21ean
Txingudi izenarekin ezagutzen dugu Bidasoa ibaia bere bokalean, itsasoarekin elkartzerakoan, eratzen duen badia. Azken urte hauetan, Txingudi izena sarritan irakurri edo entzun ahal izan dugu komunikabideetan, beti ere, ingurugiroaren kontserbazioa edo ekologiarekin erlazionatuta. Izan ere, Lapurdi eta Gipuzkoaren artean kokatutako badia honetan, gaur arte mantendu diren padura-eremuei esker, Urdaibairen atzetik, Euskal Herriko bigarren kosta-hezegunerik garrantzitsuena dela esan daiteke.
Baina, balio natural handiko ingurunea izateaz gain, Txingudi 100.000 biztanle inguru biltzen dituen eskualdea ere bada. Biztanle-kopuru handi horrek ikaragarrizko eragina du Txingudiko hezeguneengan. Aspaldidanik, Txingudiko herrien (Irun, Hondarribia eta Hendaia) lur-beharrek, neurri handi batean, padura-eremuen kontura ase dira eta jarraitzen dute asetzen, gure ondare naturalaren zati garrantzitsu honen etorkizuna kinka larrian jarriz.
Inertzia suntsitzaile honi amaiera emateko eta ia hogeita bost urteko borrokaren ondorioz, 1993. urtean Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irun eta Hondarribiko Udalek Txingudiko Baliabide Naturalen Antolamendu eta Babespenerako Egitamu Berezia onetsi zuten. Hil honetan egitamu horren barruan dagoen Plaiaundi izeneko alderdian, Harrera eta Interpretazio Zentro bat inauguratuko dute. Inaugurazio ekitaldian politikoek esandakoa soilik kontuan hartzen bada, Txingudiko hezeguneen etorkizuna erabat ziurtatuta dagoela badirudi ere, errealitatea bestelakoa da, Txingudiko alderdi baliotsu guztiak ez babesteaz gain, egitamua oso motel eta benetako interes politikorik gabe gauzatzen ari baita.
Hala ere, zaila da egungo egoera ulertzea, aurretik Txingudiko balio natural eta ekologikoaren arrazoiak (28. orrialdeko koadroan) eta Txingudiko babespenaren historia ezagutu gabe.


BALIO NATURAL HANDIKO INGURUNEAK.

Historian zehar, gizakiaren eragina Txingudiko hezeguneengan oso handia izan da. Horren ondorioz, padura eremu zabalak desagertu egin dira. Gaur egun arte mantendu direnek, ordea, kontserbazio-egoera desberdinak erakusten dituzte eta gainera horien arteko lotura geroz eta zailagoa da. Hauek dira Txingudin gaur arte mantendu diren balio natural handiko alderdiak.


BIDASOAKO IRLAK ETA OXINBIRIBIL.

Bidasoa ibaiaren antzinako deltaren azkeneko lekukoak dira. Duela gutxi arte denak nekazaritzarako erabiltzen ziren eta beraz, egitura naturala galdua zuten. 70eko hamarkadan bi irla handienen murruak zenbait tokitan hautsi ziren eta itsas mareen ura berriro sartu zen horien barruan. Gaur egun, bi irla hauek (Santiago Aurrera eta Galera) itsas padura egitura errekuperatu dute. Beste irla (Hiru Kanale) eta Oxinbiribil ingurua, aldiz, familia-baratzez beteak agertzen zaizkigu.


PLAIAUNDI.

Bidasoa ibaia eta Jaizubia erreka elkartzen diren tokian antzina agertzen zen itsas padura eta limo-hondartzez osatuta zegoen eskualde zabala da Plaiaundi. Duela gutxi arte, egitura naturala ia galdua zuen ingurune erabat degradatua izan da, baina Txingudiko Egitamu Bereziari esker, gaur egun hezegune izaera errekuperatzen ari da. Badian, leku estrategikoan dago Plaiaundi, badiaren erdi-erdian egoteaz gain, gainontzeko padurak lotzen dituen alderdia baita.


JAIZUBIA.

Plaiaundi aldean badiarekin elkartzen den erreka txiki honek bere azken kilometroak itsas mareen menpe dagoen lautada zabalean zehar egiten ditu. Gaur egun, Jaizubiko haranak larre eta labore atlantikoez eta lezkadi eta itsas padura txikiez osatutako mosaiko aberatsa eta interesgarria azaltzen du. Honi ibar honek azaltzen duen giza presentzia urria gehitzen badiogu, eskualde honetako alderdi naturalik garrantzitsuenetarikoa dela erraz uler daiteke.


BELTZENIA.

Hendaiako Beltzenia inguruan aurkitzen dugun izen bereko itsas padura, garai batean Hendaiako hirigunea ostatatzen duen mendixka eta itsasadarra ixten zuen hondar-barra zabalaren artean hedatzen zen padura handiaren azken aztarna da. Txikia bada ere, padura horrek eta ondoan dagoen Txorien irla izeneko hondarrezko uharte artifizialak balio handiko multzoa osatzen dute eta horren lekuko, migrazio-garaietan batez ere, bertan ikus daitekeen hegazti-espezieen ugaritasuna.


KOSTA-SANTA ENGRAZIA.

Hondarribiko aireportutik mendebaldera gelditzen den eremu lau hau padura zabala zen antzina. Gaur egun inguru hau baratza txikiez beteta dago eta soilik bertatik igarotzen diren kanalen inguruetan ikus daitezke lezkadi edo ihitoki txiki batzuk. Hala ere, potentzialitate handiko alderdia da, gizakiak eragindako eraldaketak ez baitira oso handiak izan.
Alderdi honen barruan kokatu behar da ere, Hondarribiko aireportuaren atzealdean gaur egun arte mantendu den urmaela.


BIDASOA IBAIAREN IBAIERTZAK ETA LURMENAK.

Azpimarratzekoa da, Bidasoa ibaiaren mantentze-egoera ona, batez ere, Euskal Herriko ibai gehienetan desagertu diren haltzadi eta ibai-lurmenena.


25 URTEKO BIDE AMAIGABEA.

Orain dela gutxi arte, Txingudik, bere balio naturalak eta ekologikoak mantentzeko eskasa eta desegokia izan den egoera juridikoaren ondorioak jasan behar izan ditu. Gezurra badirudi ere, egun arte iristea lortu duen kosta-hezegune bakanetakoa den hau, Txingudiko Egitamu Berezia onartu arte, paisaiaren antolamenduarekin eta kontserbazioarekin erlazionatutako neurririk azaltzen ez zuten hiri-arautegien menpean egon da soilik.
Txingudiko Baliabide Naturalen Antolamendu eta Babespenerako Egitamu Bereziaren behin betiko onespena ezagutu arte, atzerapauso ugari ezagutu duen bide luze eta bihurria ibili behar izan da. Bide horretan, hamaika ikerketa, plangintza, arautegi... egin dira, baina inguruko herrien ezkutuko interesek ez diete aurrera egiteko aukerarik utzi. Bitartean, lupetza, ihitoki eta lezkadi antzuen lehortze eta menperatze historikoen inertziei, herri eta industriaren hazkunderako lurren behar handiak gehitzen joan zaizkie eta horren guztiaren ondorioz, azken hamarkadetan itsas padura eremu zabalak desagertzen ikusi behar izan ditugu.
Oraingo egoera ulertzeko nahitaezkoa iruditzen zaigu benetako babespena helburu izan duen bide eta borroka luze honen errepaso laburra egitea.
Txingudiko balio naturalen lehenengo onarpena 1977. urtean iritsi zen. Orduan, Pirinio Atlantikoen Departamentuak Hendaiako Itsas Ehizaren Erreserba izendatu zuen, barruan Beltzeniako padura eta Txorien irla sartu zituztelarik.
Bitartean, Txingudiko hezeguneen suntsiketak aurrera jarraitzen zuenez, jarduera horien aurkako lehenengo aldarrikapenak hasi ziren. Lehenengo protesta horiei esker, 1982. urtean, Txingudiren babespena helburu zuen lehenengo ikerketa burutu zen: Aranzadi Zientzi Elkarteak zuzendu zuen Txingudiko Inguru Fisikoaren Azterketa. Zoritxarrez ikerketa hori ez zen ezertan gelditu eta Txingudiko degradazioak aurrera jarraitu zuen. Hala ere, 1984. urtean, aipatutako txostenean oinarrituta, Gipuzkoako Foru Aldundiak ehiza debekatu zuen Txingudin.
1989. urtean badiaren balio naturalak babestea eta errekuperatzea helburu zituen Txingudiren Aldeko Koordinakundea izeneko talde ekologista eratu zen eta Txingudiko hezeguneen aurka burutzen ziren erasoak salatzeari eta ingurune paregabe horren balio naturalak eta ekologikoak zabaltzeari ekin zion.
Presio horren ondorioz, Irungo Udalak Txingudi babestu eta errekuperatzeko proiektu bat enkargatu zion Ingemisa enpresari. Geroago, ikerketa hori Hondarribira zabaldu zen. Bitartean, Frantziako Gobernuak Hendaiako ertza ZNIEFF (Ekologia, Fauna eta Flora ikuspegietatik Garrantzia duen Ingurune Naturala) izendatu zuen.
1990. urtean Espainiako Gobernuak Inguru Hezeen Tipifikazio eta Inbentarioan Txingudi Hegazti-Faunarako Nazioarteko Garrantzia duten hezeguneen artean sartu zuen.
Aipatutako bigarren ikerketa horrek ere ez zuen aurrera egin, baina berari esker, 1991. urtean, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irun eta Hondarribiko Udalek Txingudiko Babespen eta Berriztapenerako Lankidetza-Hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen horren ondorio zuzena da 1992. urtean aurkeztu eta 1993. urtean behin betiko onartu zen Txingudiko Baliabide Naturalen Antolamendu eta Babespenerako Egitamu Berezia. Aipatzekoa da ere, urte berean, Frantziako Ingurugiro Ministerioak Txingudi ZICO (Hegaztien Kontserbaziorako Inguru Garrantzitsua) izendatu zuen.


BEHIN-BETIKO ONESPENA.

Ikusi ahal izan dugun moduan, Txingudiko Baliabide Naturalen Antolamendu eta Babespenerako Egitamu Bereziaren behin betiko onespena ezagutzeko urte asko igaro behar izan dira, baina hori hezeguneekiko ikusmoldea aldatzen ari delako froga nabarmena da, izan ere, ikuspegi ekologikotik alderdi pribilegiatuak diren horiek, orain arte ahaztuta egon den ingurumen-kalitatearen euskarri bihurtzen ari baitira.
Txingudi babestea eta errekuperatzea helburu duen egitamu honek bost helburu nagusi ditu:
- Ekosistemen dinamika eta egitura mantenduz eta indartuz, paisaia, fauna eta flora babestea.
- Inguru naturalen zaintza eta betiko erabilerak konpatibilizatzea.
- Finatutako lurren erabilerak ekonomikoki eta sozialki ezabatzea ezinezkoa den kasuetan, erabilera horien ondoriozko eraginak txikiagotzeko neurriak hartu. Bideragarria den kasuetan, egitura naturala errekuperatzea ahalbidetuko da.
- Lekuaren balio naturalaz gozatzeko aukera edonori ematea, baina beti inguru naturala errespetatuz.
- Ondare naturalaren ezagutzan sakontzeko egokiak diren ingurumen-heziketarako eta ikerketa zientifikorako jarduerak antolatzea eta burutzea.
Helburu horiek lortzeko, egitura zehaztua duen eredua proposatzen du egitamu bereziak: erabat babestuak dauden barneko alderdiak hirigunearekin artikulatuko den kanpoaldeko alderdirantz eboluzionatzen du, babespena eta nolabaiteko giza-erabilera bateratzen dituen erdialde baten bitartez. Era horretara, kanpoaldeko alderdiek barnekoenganako eraginen amortiguazio-lana egiten dute.


ELKARTE EKOLOGISTEN BALORAZIOA.

Elkarte ekologistentzat Txingudiko Egitamu Berezia sinatzea eta martxan jartzea guztiz positiboa da, 25 urtetako borroka luze eta neketsuaren garaipena dela esan baitaiteke. Gainera, Txingudiko hezeguneek gaur egun azaltzen duten degradazio-maila kezkagarria kontuan harturik, Euskal Herrian ez ezik, Europan ere, balio ekologiko eta natural apartak dituen ingurune zoragarri hau babestu eta errekuperatzeko azkeneko aukera izan daitekeela argi dago.
Hala ere, ezin da ukatu onartu den azken proiektu hori askoz ere hobeagoa izan zitekeela. Alde batetik, egitamutik kanpo eremu garrantzitsuak gelditu direla esan behar da. Mingarria da benetan, mugaz gaineko kooperazioaz eta mugarik gabeko Europaz horrenbeste hitz egiten den tenore honetan, Lapurdiko ertza babespen proiektu komun batean inplikatzeko bi ertzetako politikoek eta erakundeek erakutsi duten interes eza. Baina, Gipuzkoako ertzean ere, egitamuaren barruan egon beharko liratekeen hainbat ingurune kanpoan gelditu da, hala nola, kirol kaiaren eraikuntzak suntsitu dituen Hondarribiko hondartzako duna txikiak, Jaizubia ibarreko zenbait alderdi (Lau Haizeta, Zubieta...) edo Bidasoa ibaiko ibai-lurmenak eta Endarlatzarainoko ibaiertzak.
Bestalde, hasieran proiektua aurrera eramateko aurreikusten ziren epeak luzeegiak baziren, errealitatea oraindik okerragoa da gaur egun. Berez, zortzi-hamar urtetan amaitua beharko luke proiektuak. Zazpi urte igaro dira hau martxan jarri zenetik eta oraingoz, soilik Plaiaundin egin da zerbait eta hemen ere, ez dira bukatzeko kapazak izan, barruan dauden kirol instalazioak kentzeko politikoek ez baitute ados jartzea lortu.
Azkenik, egitamuak babestuko lituzkeen eremu horiek, naturgune isolatuak bihurtzeko arriskua ere, oso handia dela esan daiteke. Horrelako biztanleri handia duen Txingudi bezalako leku batean, hori ekiditeko modu bakarra babestutako alderdi guztiak eta inguruko mendiak batuko lituzketen igarobide ekologikoen sare bat eratzea izango litzateke. Horretarako eskualdeko errekak erabil daitezke, baina horientzat udalen aldetik eramaten ari den politika ikusita, laster ezinezkoa izango da horrelako zerbait planteatzea ere.
Txingudiko Egitamu Bereziaren ezarpenak itxaropenerako ate bat zabaltzen duela ezin da ukatu. Horri esker, hurrengo belaunaldiek egun arte mantendu den aberastasun eta aniztasun ekologiko horretaz gozatzeko aukera izango dute eta Txingudi Pasaia edo Bilbo bezalako itsasadar anteratua ez bihurtzea ziurtatuko da. Baina, argi dago egitamu hau hasiera baino ez dela, eskualde honetako ingurune baliotsu ugari oraindik inongo babespenik gabe daude eta bestaldetik, egitamua burutzeko erritmo motelegiak bertan behera utz dezake alderdi batzuentzat onartutako babespena. Beraz, politikoek Txingudiri buruz esaten dutenaren aurrean zuhur jokatu behar dugu, aspaldidanik baitakigu mundua ez dela beraiek margotzen duten bezain urdina.

ZERGATIK DA TXINGUDI, BALIO NATURAL ETA EKOLOGIKO HANDIKO INGURUNEA
Euskal Herriko kostaldearen ezaugarririk aipagarriena adin eta konposaketa desberdineko itsaslabarrez osatuta egotea da. Itsaslabar horiek soilik ebakitzen dira ibaiek beren amaieran sortzen dituzten Txingudi bezalako itsasadarretan. Itsasoko urak, lehorrak eta ibaietako urak elkar besarkartzen duten lekuetan gure latitudeetako ekosistemarik aberatsena eta anitzena agertzen da: padura.
Mendeetan zehar itsas padurak osasunaren kalterako ingurutzat onartu izan dira. Hala ere, azken urteetan ekologiak ezagutu duen garapenak, biologia eta ekologia ikuspegietatik padurak eta oro har, itsasadarrak balio handiko inguruneak direla frogatu da.
Balio handi horren arrazoi nagusiak ondoko hauek lirateke:
- Itsasadarretan, itsasoaren ur-sarrera dela eta, ibaien ur-korrontea gelditu egiten da. Horrek ibaiko urak disoluzioan garraiatzen dituen partikulen sedimentazioa eragiten du eta horren ondorioz, limo-hondartza zabalak eratzen dira ibaien bokaletan. Ibaiaren emariei esker, limo-hondartza horiek materia organiko kontzentrazio handiak azaltzen dituzte eta hori dela eta, limo horietan, paduretako aberastasun biologikoaren oinarria osatzen duten ornogabe-komunitate joriak bizi dira.
- Bestalde, emarien mineral-aberastasunak, itsasadarretako ur-sakontasun txikiarekin batera, landareen ekoizpen fotosintetikoa handia izatea ahalbidetzen du. Horri esker, ekosistema hauetan erlazio trofiko konplexuak agertzen dira, horrek ere, aniztasun biologikoa altua izaten laguntzen duelarik.
- Hala ere, inguru horiek elikagaietan aberatsak badira ere, itsas mareen ondoriozko ur eta gazitasunaren etengabeko gorabeherek baldintza gogorrak ezartzen dizkiote biziari. Muturreko baldintza horiei aurre egiteko, bertan bizi diren espezieak, eboluzioan zehar, moldaera fisiologiko eta morfologiko berezi eta harrigarrien jabe egin dira eta horregatik balio handiko espezieak direla onartzen da. Baina, moldatze-prozesu horrek, espezializazio handia ekarri du, hau da, paduretan bizi diren animalia eta landareak ezin dira beste inon bizi eta beraz, habitataren suntsipenarekiko oso sentikorrak dira.
- Txingudiren kasuan gainera, Europako hegaztien migrazioan azaltzen duen kokapen estrategikoak (Pirinioak eta Bizkaiko itsasoak sortzen duten inbutuaren erdi-erdian), urtean bi alditan bidaia luze horiek burutu behar dituzten hainbat eta hainbat hegaztirentzat atseden eta elikadura-gune garrantzitsua izatea eragiten du.
- Aipatzekoa da ere, azken urte hauetan ekosistema heze hauek ezagutu duten suntsipen sistematikoak, sarraski horretaz libratu diren Txingudi bezalakoei askoz ere balio eta garrantzi handiagoa ematen diela, biodibertsitatearen kontserbaziorako nahitaezko inguruak bilakatu direlarik.
- Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi Txingudiren osagai nagusietako bat den Bidasoa ibaia Euskal Herrian nahiko egoera onean mantendu den gutxienetakoa dela. Honi esker, gainerako ibai gehienetan aspaldian desagertu ziren hainbat arrain-espezie (izokina, kodaka, gobioa...) oraindik ikus daiteke eta bere ibaiertzeko basoetan ur-ipurtatsa, ekialdeko ur-arratoia, muturluzea, igaraba, suge berde-horia... bezalako animaliek bizitzeko baldintza egokiak aurkitzen dituzte.


Azkenak
Zinemaldi Alternatiboaren 16. edizioa aurkeztu dute, Palestinari keinu eta arrazakeriari aurre egiteko

Donostiako herri mugimenduak artikulatuta hainbat auzotan antolatzen den Zinemaldi Alternatiboaren 16. edizioa aurkeztu dute (11 + 5, beraiek dioten bezala, eraitsitako Kortxoenea gaztetxeko bost urteei erreferentzia eginez). Aurten sei proiekzio egingo dituzte ondorengo... [+]


2024-09-13 | ARGIA
Tematzearen emaitza: errepide seinaleak euskaraz

Herritarrak eskatzen du seinaleak euskaraz jartzeko. Gobernuak erantzuten dio legeak ez duela horretara behartzen. Behatokiak erantzuten dio, legeak ez badu derrigortzen ere, euskaraz jartzeko debekurik ez duela. Gobernuak bereari eusten dio. Alabaina, herritarrak tematzen dira... [+]


2024-09-13 | Euskal Irratiak
Baionako zitadelako eraikuntza proiektuak arrangura piztu ditu ekologistengan

Baionako zitadelan proiektu berriak ditu armadak. Eraikin berriak egin nahi ditu eta horretarako oihanaren zati bat deseginen dute eta ura atxikitzeko bi gune ere sortu nahi dituzte.


Aysenur Ezgi Eygi-ri zuzenean egin zioten tiro burura Israelgo soldaduek, autopsiaren arabera

Turkiar-estatubatuar aktibista irailaren 6an hil zuten Beiti herrian, Nablus hiriaren ondoan, Zisjordanian, Palestinako Lurralde Okupatuetan. Orain forentseen azterketek iradokitzen dutenez, Israelgo soldatuek zuzenean egin zioten tiro aktibistari.


Iturbide, Jiménez eta Azkona estatuaren biktima gisa aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.


Madrilgo Rolando kafetegiko hamahiru hildako haiek ETAm-ren eta ETApm-ren zatiketaren erdian

Ostiral honetan betetzen dira 50 urte ETAk, 1974ko irailaren 13an, Madrilgo Rolando Kafetegian bonba bat lehertarazi eta hamahiru pertsona hil zituela. Ofizialki 2018an onartu zuen erakundeak ETAren egiletza, bere burua desagertze bidean jarri zuenean.


2024-09-13 | Gedar
Bi lizarratar epaitu dituzte, Voxen salaketa baten harira

Faxisten aurka protesta egiteagatik auzipetu zituzten Lizarrako bi kideak. Asteazkenean, epaiketaren egunean, Lizarraldeko Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea egin zuen epaitegi aurrean. Voxeko faxistak jarrera probokatzailearekin agertu ziren bertara, eta Guardia Zibilak... [+]


2024-09-13 | Ahotsa.info
Urriaren 12an Tafallan eginen du manifestazioa Ernaik “españolismo eta faxismoaren aurka”

“Españolismoaren eta faxismoaren normalizazioan” Hispanitatearen egunak jokatzen duen papera salatzeko urriaren 12an Tafallan mobilizatuko da Ernai. “Gu, Nafarroako etorkizuna gara, haiek, aldiz, iragana. Faxismoak herri honetan lekurik ez duela argi... [+]


Ezkabako iheslari Segundo Hernandez identifikatu dute Eguesibarreko Eliako hobian

Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.


Donostiako bi familia etxegabetze arriskuan daudela salatu du Kaleratzeak Stop plataformak

Zaurgarritasun ekonomikoaren baldintzak betetzen dituzten arren, Santander bankuak ordainketak epe batez etetea ukatu die bi familiei.


Eguneraketa berriak daude