"KEZKATUTA GAUDE BAINA GURE KONPROMISOA BERRESTEKO PREST"

  • deklaratu zuten. Beraien aurkako neurririk ez dute hartu, baina Erramun Osak, Bizkaiko AEK-ko arduradunak dioenez, salaketak ez ditu indarge utzi.

2007ko otsailaren 21an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Epailearen aurrean deklaratu ostean, AEK-ko kide guztiak banan-bana libre geratu zarete. Baina ETAri laguntzea eta are gehiago partaide izatea egotzi zaizkizuela-eta, zerk kezkatzen zaituzte?
Une honetan goiz da auzi honetan zer gertatuko den aurreikusteko, izan ere ostiral honetan AEK-ko beste kide batzuk auzitegira joan beharrean baitaude, horren ondoren Garzon epaileak erabakiren bat hartu behar izango du, bada, gure kontrako salaketak ez baititu indarge utzi.
Hala ere, badira hemen aipatu beharreko zenbait kontu, ezen guri, deklaratzen lehenak izan ginenoi Auzitegian bertan eman ziguten jakinarazpena eta autoaren berri, hortaz, guk jakin aurretik hedabideetan zegoen autoa. Beraz, gure iritziz, komunikabideetan AEKren kontrako zein AEK-ko kideen kontrako neurriak hartu ahal izateko giroa sortzen ahalegindu dira lehenbizi. Gero, auto honek euskal gizartean sortu duen ezinegona eta erantzuna ikusita ez dira, momentuz, bestelako neurririk hartzera ausartu. Auzitegian bertan zeuden kazetari batzuek adierazi zidaten euskaldunontzat oroitzapen tristeak dituen epaitegi horren historian ETAko kide izatea leporatuta inolako neurririk hartu gabe irteten lehenak izan garela. Kontu honekin gertatzen ari dena beste herrialde batean gertatu izan balitz eskandalua eragingo luke. Espainiar Estatuan, aldiz, ETAren aitzakiak euskararen irakaskuntza eta euskararen aldeko lana etengabe erasotu eta kriminalizatzeko ez ezik edozein astakeria egiteko zein giza eskubideak urratzeko eskumena ere ematen du.

Garzon epaileak AEKren ondasunak bahitu, eta administratzaile judizial bat ipini zion duela hilabete AEKri. Zein dira horren ondorioak zuen eguneroko jardueran?
Autoak plazaratzen dituen akusazioak inolaz ere onartu gabe, autoaren zati honen inguruan helegitea aurkeztu da; izan ere, gure iritziz erabaki hau legez kanpoko neurria da. Era berean, 1998az geroztik AEKren diru erabilera guztiak epaileak berak onartu ditu aldez aurretik, baita epailearen ustez horren susmagarriak diren txosna, zozketa eta material salmentak ere. Beraz, administratzaile judizialaren eginkizunak zein diren argitu gabe daudenez, pauso horren bidez AEKren jarduna oztopatu ez ezik AEK poliki-poliki erabat ito ere egin nahi dutela ematen du. Beraz, ETA aitzakia da AEK ito eta desagertzeko zorian uzteko.

Mintegia burutu berria duzue, teknologia berrien arloan apustu batzuk abian jartzen ari zarete, Korrika hasi aurreko azken txanpan sartuta dago. Zein da une honetan AEK barruan bizi den giroa erdiz erdi horrelako auzi batean sartu zaituztenean?
Gure eginkizuna euskararen zabalkundea eta pertsona helduen euskalduntze-alfabetatzea sustatzea da. Espainiar Gobernuak PP Jaurlaritzaz jabe dadin zehaztu duen estrategia orokorrean abertzaletasuna kriminalizatu, euskal hezkuntza sistema alboratu, euskara harira ez datozen kontuekin nahastu, Estatuan ikuspegi bakarra ezartzeko urratsak egiten dihardu. Jaurlaritzaz jabetu nahi du, gatazka politikoa ez onartzeaz gain, Euskal Herritarren borondatearen onarpenean eta euskal izaeraren indarberritzean oinarrituko den bake prozesu baten beldur delako. Ingurumari horretan, Jaurlaritza erabili nahian dabil, Euskal Herria herri gisa ukatzen duen estrategia etengabe elikatzeko asmoz. Nire iritziz ahalegin hau alferrikakoa da, eta sufrimendua areagotzea besterik ez du ekarriko. Bizi dugun gatazka giroa zein indarkeria adierazpen oro gainditu nahi badira, luze gabe elkarrizketa bideei oratu behar izango zaie. Gizarte-eragile guztiok egoera gainditzeko egin dezakegun ekarpenaren inguruan gogoeta egin behar dugula iruditzen zait.
Ikusmira horretatik, AEK-ko kideek kezkaturik ikusten dugu egungo egoera; hala ere, historian herri honi erakutsi diogun konpromisoa berresteko eta indartzeko garaia da hau.

"AEK erasotzen ari dira" esan dute euskaltzale askok, baina autoa irakurrita batek baino gehiagok pentsatuko zuen "AEK hondoratu egingo dute!".
AEK hondora dadin ahaleginak egiten ari dira. Bai, hala da. Beraz, AEKren eguneroko lanak aurrera segitzeko moduko gizarte egitasmoa finkatzea izango da eman dezakegun erantzunik ederrena. Lehenago adierazi dut konpromisoa berresteko zein irudimena askatzeko unea dela hau; nagiak astindu eta aurreiritziak albo batera utzi behar ditugu. Nola erasoaldi honetatik hala helduen euskalduntze alfabetatzearen bilakaeratik ikaskizuna atera behar dugula iruditzen zait. Bada, nire ustez prozesua abian jar dezakegu gizarte ekimena berrantolatzeko, berrindartzeko eta, zergatik ez, egitasmo berritzaile baten ingurumarian gorpuzteko. Hor dugu, nire iritziz, euskalduntze-alfabetatzean gizarte ikusmira daukagunok saihestu ezin dugun erantzukizun eta eginbehar historikoa.
AEK hondoratzen ahalegintzen ari dira, baina egoera honetatik gizarte ekimena berrindartzeko moduko ekimena abian jar dezakegula iruditzen zait.

AEKren eta euskararen kontrako erasoa gelditzeko alderdi politikoek konpromiso zehatzak hartu behar dituztela esan zenuen Garzonengana deklaratzera joan aurretik. Horretan urratsik eman dela ikusi ahal duzu?
Egun Euskal Herrian dauden indarkeria adierazpenen artean ETAren ekinbideak alderdi, sindikatu eta gizarte eragileen arteko komunikazioa ez ezik egitasmoak konpartitzeko prozesuak ere neutralizatu eta likistu dituela antzematen da. Estatuak inoiz baino kemen, bitarteko eta batasun itxura handiagoz erasoaldi planifikatua abian jarri duenean, inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herria herri gisa onartu eta garatzeko egitasmoak adostea eta konpartitzea. Horretarako giro egokia behar da, eta horren alde daudenek euren esku dagoen guztia jarri behar dute benetan; izan ere, Estatuak ez du prozesu hori ahalbidetuko, ez eta erabiltzen duen indarkeria albo batera utziko ere. Garai honetan, Susak argitara emandako Zabalaren "Agur Euzkadi" liburuaren pasarte bat datorkit gogora, bertan Lauaxeta berpiztuak, ametsetan, Monzonen Maltzagara iritsi ahal izateko estrategia aldarrikatzen du. Nire iritzi apalean bake bideak erabiliz euskal gizartean jarri behar ditugu gure esperantzak eta indarrak, eta euskal gizartearen aldekotasuna etengabe bilatu eta elikatu.

Egoera aldatzeko, euskararen inguruan unean uneko gehiengo politikoen gainetik legokeen politika bat adostu behar dela esan duzu. Zertan mamituko litzateke hori?
Herritarren hizkuntza eskubideak ezin egon daitezke unean uneko alderdi politikoen indar korrelazioen pentzutan. Nire iritziz Nafarroan PPren fotokopia den UPNren jokabideak -PSNren laguntza lotsagarria tarteko- euskara ahanzturaren zokora baztertu, eta herritarren hizkuntza eskubideak hankapean hartu ditu, Iparraldean, Frantziar Estatuak Eurokartaren zenbait pasarte ez sinatzeak eta euskarari ofizialtasunik ez aitortzeak herritarren giza eskubideak urratzen ditu. Jaurlaritzari dagokionez, PP-PSE-UA Jaurlaritzaren jabe balira, etengabe erakusten ari dira zer nolako hizkuntza politika baztertzaile eta ukatzailea garatuko luketen, Eusko Legebiltzarrean uneoro aurkezten ari diren ekimenen bidez. Demokrazian bizi gara nonbait, baina egungo hezurdura juridiko politikoa euskal herritarren ahotsa, Europako hizkuntzarik zaharrena, isilarazi nahian dabil. Beraz, herritarren hizkuntza eskubideak eta Euskal Herriak euskara maila guztietan normalizatzeko daukan eskubidea bermatuko duen hezurdura juridiko-politikoa eraiki behar da, eta horretara iritsi ahal izateko trantsizio aldiaz eztabaidatu eta adostu beharrean gaude euskararen aldeko apustua egiten dugunok.

1995ean Jaurlaritzarekin hitzarmena egiteko bidean, besteak beste, Mario Onaindiaren bitartekaritza erabili omen zenuten, eta Iturgaitzek berak EAJko sailburuari malgutasuna eskatzen omen zion. Zer aldatu da geroztik?
1991n Bizkaiko AEKren ardura hartu nuenetik, era askotako politikariak ezagutzea suertatu izan zait: zintzoak, ustelak, politika -norberarentzako atarramentua lortzeko erabili beharrean- herri honenganako konpromisotzat hartu dutenak. Faltsuak, hitza jaten dutenak, agintean dagoenari erasotzeko edozertaz baliatu eta, gero, euren hitzari eusteko gauza izan ez direnak. Mario Onaindiarekin ez ezik, 1994an, Hezkuntza sailburu zein sailburuordeekin ere izan genituen bilerak, hauetako bat Legebiltzarreko kide da egun. Iturgaitzekin ez ezik, Leopoldo Barreda zein UAko Morazarekin ere izan ditugu guk, behin baino gehiagotan, bilerak. Tamalgarria da hitzari eusteko gauza ez den politikaria herritarrongana etortzea bozka eske. Hala ere, ziur nago historiak bakoitza bere lekuan utziko duela.


Azkenak
Adin txikikoak dira Osakidetzako genero identitateko unitatetik pasa diren erdiak

1.075 pertsona artatu ditu Barakaldoko ospitaleko genero-identitateko unitateak, 2016ean unitate hori martxan jarri zenetik. Erdiak baino gehiagok adin-nagusitasuna bete aurretik jaso zuen lehen arreta. Eta, kopuru osoaren herenak hamasei urte baino gutxiago zituen.


BBK Livek bisitarien oinarrizko hainbat eskubide urratzen ditu eta salaketa ipini diote

OCU kontsumitzaileen Elkarteak hiru arrazoi zehaztu ditu, horien artean kanpoko janaria eta edaria Kobetamendiko esparruan sartzeko debekua, eta eskudirutan edo banku-txartelaren bitartez ordaintzeko ezintasuna. Facuak aurreko urtean egindako salaketan zehazturiko arazoak... [+]


Arrazakeria salaketen erdiak Polizia jotzen du “agente diskriminatzailetzat” Bizkaian

Diskriminazioaren ahotsak txostenak zenbakitan jasotzen ditu 2023an Bizkaiko SOS Arrazakeriaren Informazio eta Salaketa Bulegoan pertsona ugarik agertarazitako esperientziak, eta haietan "arrazoi arrazista eta xenofoboen aurkako indarkeria, eraso eta diskriminazioak”... [+]


Meaka-Irimo bizirik!

Enpresa batek Irimo mendian zentral eolikoa eraikitzeko asmoa zuela iragarri zigun aspaldi batean haize kolpe batek. Gehienek ezin zuten sinistu, inondik ere. Are gutxiago Irimo mendiaren orografia eta izaera harritsua ezagutzen dituztenek. "Baina ba al dakizu ze nolako... [+]


2024-07-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektua hasia da konponketa lanak, landaketak eta formazio saioak egiten

Zestoako Iraeta auzoan, Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lurrak. Horiek modu kolektiboan erosteko dirua biltzen ari da Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkartea. 2025 bukaerarako dute hitzartua azken ordainketa, baina erosketa fasean egon arren,... [+]


Emakume alkateentzako jantzi erronkariarra diseinatu dute, Hiru Behien Zergan parte hartzeko

Larunbatean egingo dute San Martin Harriaren inguruan 600 urte baino gehiago dituen ohitura eta aurten emakume alkateentzako jantzi erronkariarrak prestatu dituzte, orain arte gizonezkoentzako baino ez baitzeuden.


2024-07-12 | Gedar
Pertsona bat atxilotu dute Gasteizen, faxista bati aurre egiteagatik

Orgullo Cazurro talde faxistako kide bati kontra egin zion atxilotuak, eta bideo batean jaso zuen hori. Guardia Zibilak atxiki du berriki, eta badirudi "gorroto-delitu bat" egotzi diola.


Donostian 300 pertsona baino gehiago “muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute

Donostian, 300 pertsona baino gehiago “pobrezia eta muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute Kaleko Afari Solidarioak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea taldeek. “Michelin izarrak dituzten zortzi jatetxe dituen hirian eta Basque Culinary Center... [+]


2024-07-12 | Euskal Irratiak
Cyclopotes elkartea: Ikusmenik gabeko jendeen inklusioaren alde, bizikletaz ibiltzeko

Angeluko Cyclopotes elkarteak ikusmen-gabeko jendeer parada ematen die bizikletaz ibiltzeko. Tandem club des déficients visuels du zinezko izena elkarteak eta 2004ean sortu zen. Joan den astean Amikuze eta Oztibarren gaindi pasa dute aste osoa, egun guziez ibilbide... [+]


Kataluniara itzuli dira Tsunami auziko erbesteratuak

Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.


Maximo Aierbe hil da, Euskaldunon Egunkariaren sortzaileetakoa

Bere sorterri Ataunen hil da Maximo Aierbe Muxika, 74 urterekin. Euskaldunon Egunkariaren sortu aurreko eta ondoreneko urte malkartsuetako eginahaletan parte hartu zutenek gogoratuko dute proiektu berriaren akziodun bila hainbeste lan egindako gizon hura. Disziplina eta... [+]


2024-07-11 | Uriola.eus
Gentrifikazioaren aurka, pisu turistiko bat okupatu dute Bilbon

Bilboko AZET plataformak pisu turistiko bat okupatu zuen atzo, auzoaren turistifikazioa salatzeko.


Fronte Herritar Berria garaile atera da, eta hirugarren kokatu da eskuin muturra

20:00etan atera dira lehen datuak, harridura orokorra eraginez: zundaketa guziek lehen kokatzen zuten eskuin muturreko RN hirugarren atera da eta ezkerreko FHB Fronte Herritar Berria garaile. Gehiengoan edota gehiengo osoan ikusten zen RN Batasun Nazionalarentzat zaplaztekoa... [+]


Eguneraketa berriak daude