Euskara Nafarroan: diagnosia eta sendabelarren klabeak

  • Nafarroako euskararen egoera argilunez betea ageri zaigu. Hala diote mahaingurukideek. "Ilunak argiak baino ugariagoak", esango luke baikorrenak ere; areago egunotan, dekretu berriak barreiatutako bolbora usainak trumoi hotsa iragarri duenean. Ez dira kontu berriak, alabaina, Erresuma mitikotik datoz arrastaka euskararen gazi-gozoak: herritarrak bai, euskaraz; boterea, aldiz, latinez edo gaztelaniaz. Penetan blai eta, hala ere, euskararen egoera Nafarroan duela 30 urte baino askoz osasuntsuagoa da, hodei beltzen artean baikor izateko argi izpiren batzuk ikusten dira irakaskuntzan, gazteen artean, etorkizunean. Edonola ere, agintarien erreakzioak eta asmoek kezka sakona ekarri dute nafar euskaltzaleen plazara: euskarak etsairik boteretsuenak ditu Nafarroan.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Giro gozo eta abegikorra zabaldu digute Iruñeko Eusko Ikaskuntzako egoitzako ateek. Gazteluko Plazako atarian, ordea, mutur beltzak ageri ziren laukotea bildu arteko irribarreen artean. Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko Lehendakariak euskararen aurkako dekretu murriztailearen berri eman duen biharamona da eta komunikabideen oihartzunak ondo berotu du giroa. Euskararen bilakaera ez zen erraza izan atzo, ez gaur eta bihar ere ez da izango. Horretan behintzat, eta xehetasunak xehetasun, bat dator bildutako laukotea. Euskarak aurrera egin duela eta bide horretatik doala, horretan dago adostasunik handiena, nahiz eta indar eta molde berriak bilatu ezean estankatzeko arriskua ere ikusten den. Zaila da ondorio orokor eta nagusirik ateratzea, baina diagnostikoa egin ondoren, argi dago errezeta berriez hausnarketa sakona egin behar dela. Oinarrizko irizpide batasuna, hizkuntza normalizazioaren inguruko kontzeptuekiko adostasuna, aniztasuna, koordinazio handiagoa, borroka ideologikoa... eta abar luzea behar dira aurrera egiteko. Denetarik behar omen da, Nafarroan euskararen kontrakoa ez den gizarte sektorerik zabalena den hori ez beldurtzeko eta erakartzeko. Eta hori ez da zeregin erraza, edo bai, mahaingurua jarraituz ikusiko duzun bezala.

Hasteko, mahaikide bakoitzak euskararen egungo osasunaz duen iritzia eskainiko du oso modu orokorrean. Agian ez da erraza laburrean balorazio hori egitea, jakina, baina berotze ariketa gisa balioko digu.
PATXI ZABALETA.
. Euskarak mapak hautsi ditu, orain dela 40-50 urte arte, euskarak bazituen muga batzuk eta muga horiek nolabait gainditu dira. Beste alde batetik, euskararen erabilerari dagokionez, euskaldunak ziren herrietan zuen tinkotasun hura ere galdu egin du, nolabait gizarteek askoz ere harreman gehiago daukate eta horrek euskal giroa, garai batean asko erabiltzen zen giroa, aldatu egin du euskaldunak diren herrietan ere. Baina hirian dago apustua, Iruñerrian dago apustua eta hor da euskararen etorkizuna jokatzen den tokia. Orain dela 40 urte euskarari buruzko kezka euskaltzaleena zen eta orain, berriz, euskarari buruzko kezka Nafarroako gizarte haserretu honetan euskararen kontra ari direnena da. Euskararen osasuna momentu honetan kemen askokoa da, baina beste alde batetik gaitz edo kutsadura sakonak ditu eta kontraesanetan murgilduta dago.

JOSE MANUEL URROZ.
Baikor sentitzeko datuak daude: matrikulazioaren bilakaera, hiztun kopuruaren hazkundea, euskal komunitatearen kontzientzia, sentipenaren egiaztapena eta kontzientzia honek gizartean duen isla. Baina gaur egun, jaso dugun berri honekin kasu, kezkati azaltzeko datuak ere badaude. Nafarroako agintari politikoen jarrera eta jokaerak kezkatzekoak dira, euskara, indarkeria politikoa eta Euskadiren lotura egiten dute, dena korapilatuz. Beste aldetik, euskal komunitatearen trinkotze falta ikusten dut. Hizkuntza normalizaziorako planifikazioaren beharra ere ageria da. Orain dela gutxi arte Nafarroan maila batean egon da, eta hemendik aurrera egin beharko dugu. Hizkuntza edo euskararen munduan mugitzen garenon arteko deskoordinazioa ikusten dut. Hiztunei begira, ikasitako euskararen kalitatea, transmisio familiarraren etena eta gazteendako erabilera esparruen falta izan daiteke beste kezka bat. Euskal komunikabideen egoera ere ez da ahaztu behar.

AINGERU EPALZA.
Duela 30 urte euskarak Nafarroan eramaten zuen martxan momentu honetan segur aski Iparraldeko egoeran ez, agian makurrago-edo egonen ginateke. Ez du horrela segitu, nik uste objektiboki duela 20-30 urte baino hagitzez hobe gaudela. Dena dela, euskaltzaleen gogo, helburu eta nahietatik oso urruti gaude. Duela 20-30 urte baino hobe gaude, baina beharbada duela urtebete baino gaizkiago.

IÑAKI LASA.
Argilunez beteriko errealitate bat dago une honetan. Euskararen aldeko mugimenduan ibili garenok bagenekien lehenbiziko momentutik hau ez zela erraza izango. Hori aipatu beharreko gauza bat da, batez ere egoerak zailtzen direnean. Jakin bagenekien normalizazio prozesuak zailak izan direla leku guztietan, hiztun gatazkak gertatu diren gizarte guztietan, bertako arazoekin topo egin dutela, normalizazio horretara iristeko. Beraz, kontziente izan behar dugu prozesu zail baten aurrean gaudela. Hala ere, gutxienez badira hiru elementu aztertu behar direnak, egoera osasuntsua den edo ez den esateko. Lehenik, herri ekimena, herriaren borondatea bera dago. Argi eta garbi esan baitaiteke ez dagoela normalizazio prozesu bati aurre egiterik, herriaren borondatea ez bada behar bezain sendo azaltzen. Bigarrenik, bide instituzionala dugu. Hau da, instituzioek zein paper jokatzen duten normalizazio prozesu horretan. Eta hirugarrenik, prozesu horrek behar duen babes legala egokia den edo ez den litzateke. Hiru elementu horiek aztertzen baldin baditugu, ikusiko dugu kezkatzeko eta itxaropentsu egoteko arrazoiak ditugula.
Herri ekimenari dagokionez, pozik egoteko arrazoiak ditugu. Zailtasunak asko izan badira ere, azkeneko urte hauetan aurrerapausoak ematea lortu dugu, eta aurrerapauso hauek ez dira opariak izan, aurreraupauso hauek herri ekimenaz lortu diren aurrerapausoak dira. Arlo instituzionalean, Nafarroako Gobernuaren jarduera aztertuz gero, urte hauetan boterean egon den gobernuaren arabera aldatu izan bada ere, oztopoak jarri dituela ikusten da. Zaildu egin dute euskararen berezko garapen hori, herriaren borondate soilez lortuko litzatekeena. Garapen hori geldiarazia izan da instituzioetatik. Tokian tokiko instituzioak aztertuz gero, jarrera ezberdinak egon direla ikusiko dugu, eta posible izan den lekuetan, aurrerapausoak lortu direla. Beraz, instituzioen eta herri ekimenaren arteko lotura ezinbestekoa, zoritxarrez, ez da gertatu Nafarroan.
Azkenik, Vascuencearen legeak gauzak egiteko modu bat ezarri du. Argi eta garbi daukagu Nafarroak egoera soziolinguistiko ezberdinak izanik, lekuan lekuko plangintzetan oinarritu behar duela, normalizazio prozesu bati aurre egiteko. Hori ezinbestekoa da eta segur aski lege berri bat egin beharko bagenu, hori oso ongi definitu beharko genuke. Hala eta guztiz ere, lege honetan, 86ko legean jasotzen diren zonifikazio horiek funtzionatu dute, ez errealitate soziolinguistiko desberdinetatik abiatzeko, normalizazioak behar dituen oinarri horiei oztopoak jartzeari begira baizik. Zonalde batzuetan euskararen garapena ia ezinezko bilakatzeko funtzionatu du gehiago eta beste batzuetan euskaltzaleen nahiak ez asetzeko. Benetan azpimarratu behar dena euskararen ikuspuntutik zera da, euskararen alde aritzen diren mugimenduei esker, urte hauetan herriaren borondate hori bideratzeko gauza izan garela.

Euskaldunak eta euskaltzaleak dira hizkuntza normalizazioaren motore. Non ari da asmatzen, non dira gabeziak? Hezkuntza, botere politikoa, hiztun komunitatearen trinkotzea, euskalduntze-alfabetatzea, Administrazioa, kale agerpenak... Eremu ugari uki daiteke.
P. ZABALETA.
. Lehenago normalizazioaz zer pentsatzen dugun esan beharko genuke. Izan ere, guztiz garrantzitsua den kontzeptua da eta agian horretan izan litezke ezberdintasunak. Niretzat normalizazioa herritar bakoitzak bere hizkuntza aukera egin dezakeen egoera hura da, alegia, bizimoduko arlo guztietan hizkuntza bat erabiltzeko aukera hori bermatzen zaion egoera hura. Vascuencearen legean aipatzen diren hiru atalburuak jarraituz gero -batetik irakaskuntza-ikaskuntza, bestetik erabilpen ofiziala eta gizarte mailan dagoen erabilpen soziala eta, azkenik, komunikabideei dagokiona- aurrerapausuak eman dira. Ikaskuntza-irakaskuntzari dagokionez, azken urte hauetan zoritxarrez lurralde euskalduna deitzera ohitu garen horretan, lehen mailako ikasketatan hizkuntza normalizazio bideak eman dira; hor aurrerapauso garrantzitsuak izan dira.
Zonalde mistoan, berriz, nekez eta zailtasun eta oztopoz eman dira, batez ere irakaskuntza ofizialean eta lehen mailako irakaskuntzan. Eta zonalde mistoan, nahita nahiez aipatu behar ditugu goi mailako ikasketak -unibertsitarioak- eta erdi mailako ikasketak, bai lan ikasketak bai beste batxilerra. Horietan, berriz, izugarrizko zailtasunak izan dira, nahiz eta urratsak eman diren, hor daude euskarazko institutuak eta beste batzuk ere. Lan ikasketetan esate baterako, administrazioaren oztopoak izugarri ankerrak izan dira, baita unibertsitate mailako ikasketetan ere. Hor eskaria handitzen ari da eta gizarte mailako eskaria handitzen ari den neurrian, zaila izango zaie beren ukapen orokorrekin jarraitzea. Baina hor azpimarratu beharra dago gizarteak duen eskariari ez zaiola baiezkorik erantzuten. Zeresanik ez legeak ez-euskalduntzat jotzen dituen lurralde horietan, hor izugarrizko egoera gogorra dago, nahiz eta hor ere gizarteak eskakizun izugarria egiten duen.
Beste maila batean, erabilpen ofizialari dagokionez, ez dugu aurrerapauso handirik eman eta ezin zaio erru guztia Administrazioari bota, zeren euskaldungoak ere gure errua izan badugu, erabilpen ofizialean ez dugu jakin izan edo ez dugu behar bezalako adorerik izan aurrerapauso serioak emateko. Berdin gertatzen da lan harremanei dagokienez eta beste hainbeste arlotan. Hori hala gertatzen da ez bakarrik zonalde ez euskaldunean edo mistoan, baita zonalde euskaldunean ere.
Komunikabideei dagokienez, egia esateko, Administrazioak benetako guda kultural bat ireki du, eta guda kultural horretan borroka bortitza eta gogorra da, ez da dena agerian egiten, baizik eta askotan mahaipean edo ezkutuan. Edozein kasutan, normalizaziorako asko falta zaigu lege aldetik, gizarte aldetik, eta gizarteko atal bakoitzean.

J. M. URROZ.
Puntu indartsuen artean, euskaldunen leialtasuna eta kemena, eman diren euskalduntze prozesuak -gehienbat zona mistoan edo Erribera inguruan- eta herri ekimenak azpimarratuko nituzke. Erasoen aurrean eman diren erantzunak azpimarratzekoak dira, Bai Euskarari kanpaina, euskara legeria berri baten aldeko sinadura bilketa, egin diren manifestaldiak edo iritzi artikuluak. Nik uste horretan asmatu dugula eta asmatzen ari garela. Beste aldetik, eta beti ere euskaldunon artean ari naiz, Nafarroan eman diren hainbat mementotan, araudi legala ipintzerakoan kasu, ez dugu aukera ondo aprobetxatu. Horren inguruan hausnarketa egin beharko genuke. Euskararen legearen sorreran euskaldun talde batek ez zuen parte hartu eta hori nabaritu zen, eta legea aldatzeko edo hobetzeko egin ziren saiakeretan ere hanka sartu zen.

A. EPALZA.
Duela sei urte, 94an EAk aurkeztu zuen emendakin bat eta HB abstenitu zen eta ez zen atera. Hori izan da orain arte legea aldatzeko izan den aukera bakarra.

P. ZABALETA.
. Bi izan dira aukerak.

A. EPALZA.
Egiazki, aukerak aztertzen direnean, bat baizik ez da izan aitzina atzeratzeko modukoa.

P. ZABALETA.
. Ez, bi aldiz bozkatu da parlamentuan. Bat duela 8 urte izan zen. Aldaketa? Proposamena artikulu bati zegokiona zen bakarrik: legearen 26. artikulua ezabatzea eta zonalde mistoko 25. artikulua zonalde ez euskaldunerako ere baliagarria izatea.

A. EPALZA.
Foru Hobekuntzaz ari zara?

P. ZABALETA.
. Ez, Euskararen Legearen 25. eta 26. artikuluez ari naiz. 25. artikulua zonalde mistoari dagokiona da, irakaskuntzari buruzkoa eta 26.a zonalde ez euskaldunari dagokiona da, irakaskuntzari buruzkoa soilik ere. Egia da Herri Batasuna abstenitu egin zela, ni ados ez egon arren, bi arrazoirengatik. Lehena, zonalde mistoan dagoen 25. artikulua arazorik gehienen iturburua da urtero. Eta, beraz, hori Tuteran ezartzea ez zen inolako aurrerapena izanen. Sozialki ez zen izanen, gainera, artikulu horren garapena. Gela bat sortu ahal izateko 20 ume izatea eskatzen du Dekretuak. Esate baterako, Donibanen azkeneko bi urtetan gertatutakoekin, UPNk Herri Batasunak orduan egin zuen analisia egiazkoa zela frogatu digu, 17 umerekin ez zuelako gela bat sortu nahi izan. Zein zen alde positiboa? Lege hori mugitzen hasteak beharbada beste zerbait ekar zezakeela.
Orain dela urtebete bigarrengoz aldaketa bera berriro proposatu zen. Eta PSOEk aldatu egin zuen bere jokoa; mantenduko al zuen PSOEk orain bere posizioa, Herri Batasunak duela zortzi urteko egoera mantendu izan balu? Edo PSOEk orduan eman zuen botoa alde horretara, Herri Batasunak beste alde batera eman nahi zuelako? Ez dakigu hori. Edozein kasutan, aldatu nahi zena zonalde ez euskaldunean, zonalde mistoan dagoen artikulua ipintzea zen soilik.

A. EPALZA.
Bai, bai. Eta hori izan da memento batean egin ahal izan den aldaketa bakarra, koiuntura politikoak posible egiten zuelako. Jose Manuelek aipatzen zuena, aukera politikoak ere aprobetxatzen jakin ez ditugula da hain zuzen ere azken urteetanizan dugun akatsetariko bat.
P. ZABALETA. . Baina aukera politiko hori desaprobetxatzeak esan nahi du aukera izan bazela. Hori zuk uste duzu, nik ez dut hala uste. Aukera politiko horrek ez zuen edukirik, zeren 25. artikulua Tuteran ezartzea, hau da, Tuterako eskola publikoetan 20 haur daudenean, dekretuak artikulu horren garapenean horrela behartzen duelako, gela bat sortuko zela esatea aukera al da? Iruñean ere ez da izan azkeneko urte hauetan...

A. EPALZA.
Iruñean ez da izan UPN agintean dagoenetik, lehenago bai.

P. ZABALETA.
. Eta lehenagotik ere ez.

A. EPALZA.
Ez, ez. Lehenago sortu izan dira gelak 20 ikaslerik gabe.

P. ZABALETA.
. Baina nahi zuenean eta bere borondatearen arabera, ez legeak horrela ezartzen zuelako. Legeak ez dio galarazten orain ere nahi izanez gero, Tuteran euskarazko gela bat sortzea.

A. EPALZA.
Irakaskuntza publikoan bai.

P. ZABALETA.
. Ez, ez.

J. M. URROZ.
Patxi, duela zortzi urte zuregana joatea egokitu zitzaidan niri, botoa emateko konbentzitzeko, eta berbera esan zenuen. Nik ulertzen dut ez dela beharrezkoa euskararen legearen aldaketa, Tuteran nahi izanez gero gela bat jartzeko. Baina praktikak eta esperientziak esan digu zona mistoan eta Iruñerrian gorakada handia eman dela hiztunen kopuruan, eta hain zuzen 25. artikulu honen garapenean izan da.

A. EPALZA.
Legea mila modutan gara zitekeen eta modu jakin batean garatu da.

P. ZABALETA.
. Normalkuntzari buruzko ondorioak legearen interpretaziotik atera nahi dituzunez, esan beharra dago legea baino lehen asko egin dela eta legearen ondoren egin diren beste gauza asko, nire ustez gehien-gehienak, ez direla legearen ondorioa. Esate baterako, udal ikastola sortzen denean 80an, eta gaur egun Iruñean dagoen ikastolarik handiena da, eraiki dituen zentroekin ez da lege hauekin babestuta ateratzen. Gero jarraitu zitekeen eredua da, baina ez zen jarraitu. Ikastola udalekotu zen Elizondon, beste toki batzuetan udalekotu ziren ere bai. Baina Administrazioak bide hori izugarri garrantzitsua izan zitekeela ikusi zuenean, moztu egin zuen. Beraz, legearen aurretik eta legearen ondoren gertatutako asko ez dira legearengatik gertatuak. Esate baterako, Iruñerrian irakaskuntza ofizialean geratu da soilik lege honen garapena. Irakaskuntza ofiziala bi arrazoirengatik handitu da. Lehenik, ikastolei konpetentzia egiteagatik, hori da ikastolek izan duten eragin inportante bat eta onartu behar zaiena, eta, bigarren, zalantzarik gabe, baita ere herriaren eskaerarengatik. Dekretuak jartzen duen mugaren gainetik eta batzuetan azpitik egin da, baina legearen aginduz, bakarrik dekretuak jartzen duen mugaren gainetik. Eta hori erabili du orain berriki gobernuak Iruñeko Donibane auzoan duela bi urte. Zergatik ez zuen erabili bada Tuteran? 25. artikulua aldatzea positiboa izan zitekeen? Ba baliteke baietz, legea aldatzeak berak ekar zezakeelako beste ondoriorik ere.

A. EPALZA.
Euskararen arazoa Nafarroan zenbaki arazo bat eta kalitate arazo bat da, eta badu zerikusirik boterearekin eta eliteekin. Nafarroan historikoki euskaldunak nagusi izan dira kopuruz, baina elite politikoak erdaldunak. Herriak ez zuen biderik bere hizkuntza botere hizkuntza bihurtzeko. Gaur egun bide gehiago daude herri hizkuntza botere hizkuntza bihurtzeko, baina gaur egun gutxiengoa gara. Hori da gure arazoen abiapuntua. Gutxi gara, botere ekonomiko eta politikotik urruti gaude, eta gainera kultur eliteetatik ere bai. Egoera horri ez diogu bueltarik ematen eta gainera ez dakit bueltarik emateko indarrik dugun. Horrez gain, komunikabideetatik aparte gaude eta gure mezua gizarteratzeko arazoak ditugu. Ez dugu diskurtso garaturik gehiengo horretara heltzeko. Horiek dira gure benetako arazoak eta gainerakoak ondorioak dira.

P. ZABALETA.
. Ez dut zintzilikatzen euskararen etorkizuna botere politiko eta ekonomikotik gerturatzearekin. Ez dut mugatzen arazoa Nafarroako gizarte euskaldun eta euskaltzalearen problematikara. Zalantzarik gabe, arlo askotan, Nafarroako euskal gizarteak Nafarroako mugak gainditzen ditu. Guk ematen duguna eta guri eskaintzen zaigunak baliabidetzen du euskaldungoak gizarte harreman maila bat aurrera eraman ahal izateko; Euskal Telebista da adibide polit bat, baina asko eskaini daitezke bertsolaritzaraino iritsiz.
Lehenbiziko puntuan gure hizkuntzaren diagnosia egin dugu eta argi-ilunak atera dira, inoiz ez dugu izan aginte politikotik gertutasunik eta horrek ere adierazten du euskararen bilakaerak ez duela harreman nahitaezkorik botere politiko eta ekonomikoarekin. Eragina ezin da ukatu baina ezin dugu horretan soilik pentsatu behar, bestela ondorio bezala euskaldungoaren politizazioa litzateke eta ni hori gainditzearen alde nago.

A. EPALZA.
Baina politizazioa eta botere politikoarekiko hurbiltasuna faktore desberdinak dira.

P. ZABALETA.
. Bai baina euskaldungoaren etorkizuna botere politikoaren hurbiltasunetik zintzilik jartzen baldin baduzu, nahitaez nahastera joango gara. Zurekiko desadostasuna zehazteko: azken berrogei urte hauetan euskarak Nafarroan egin duen aldaketa ez da izan botere politikoarekiko hurbiltasunagatik, ezta gutxiago ere. Bigarrenik, horrek badu zerikusia baina gizarte mailako beste faktore askok, ideologikoek eta sozialek, beste ondorio batera eramaten gaituzte: euskarak aurrera egin behar duela bere etorkizuna botere politiko eta ekonomikotik zintzilik egon gabe.

A. EPALZA.
Egin dugun aurrerapena badakit ez dela izan botere politikotik gertu ibili garelako, alderantziz, aurrerapena botere politikoa halakoa izanagatik ere egin dugu.

P. ZABALETA.
. Nik ez dut uste baldintzatzen duenik, baina botere politikoa oztopoa da eta hori gainditu behar den beste oztopo bat gehiago da.

I. LASA.
Nik galderan atera den hariari helduko diot. Egia da euskaldunak eta euskaltzaleak botere gune horietatik kanpo egon direla eta gaur egun gertatzen ari dena horren isla ere bada. Boterean ziren batzuek apustu garbi bat egin dute: berez zaila den normalizazio prozesua itotzea, eta gaur egun gertatzen ari diren hauek ez dira kasualitate hutsa.
Beraiek gertatzen ari denaren azterketa errealista egiten dute. Badugu euskararen aldeko mugimendu erakargarria, irakaskuntzako D eredua eta ikastolak alternatiba erakargarria dira guraso askorentzat. Hori errealitatea da eta boterean daudenek ikusten dute hori. Bere arazo guztiekin baina euskalduntze-alfabetatzea ere mugimendu sendo bat da, gorabeherekin, baina mugimendu erakargarri gisa agertzen da. Berdin esan daiteke euskararen munduan osatu dugun sare horri buruz. Boteretik zera pentsatzen da, "hau eskuetatik joan dakiguke", eta horregatik une honetan aurrerapen hauek oztopatzera datozen neurri hauek guztiak.
Aurrerantzean, dena den, ez da nahiko erakargarria izatea eta honi kalitatea gehitu behar diogu, euskalduntze-alfabetatzean, irakaskuntzan edota komunikabideetan.
Eta non egin dugu huts? Nafarroan euskararen aldeko mugimendua sobera atomizatua dago, benetako zailtasunak ditugu bat egiteko, estrategia bateratuak definitzeko eta aurrera egiteko. Horren adibide argia da Oinarriak taldea; taldeak gorabehera handiak izan ditu bere sorreratik hona eta batez ere unean uneko arazoek mantenarazi dute; arazo latzak egon direnean bildu izan dira euskaltzaleak plataforma horren barruan. Azkeneko hiru urteetan egin dugun hausnarketa baten ondorioz, unean uneko arazoen aurrean aritzea ez zela nahiko eta irtenbide estrategikoagoa behar zela ikusi dugu. Emaitzak hor daude. Egin dugun sinadura bilketa eta beste ekimen batzuen bitartez, euskararen alde dagoen sentsibilitatea erakutsi dugu. Euskalgintzak kontziente izan behar du duen indarraz, eta batasunaren bitartez lobby gisa funtzionatu beharko luke. Ez dago etorkizunik, aldez aurretik batasunik ez badago, eta oraindik ere gaur egun arazoak ditugu plataforma horren inguruan edo sor daitekeen beste baten inguruan jendea biltzeko. Autokritika egin behar badugu hori litzateke punturik latzena. Boteretik aldenduta bai, boterearekin ezkonduta ez, baina botereari beldurra sortzeko gaitasuna izan behar dugu eta, neurri handi batean, ez gara horretaz jabetzen.

J. M. URROZ.
Gauza gehienetan ados nago Iñakirekin eta, batez ere, elkarrekin pausuak ematerakoan ditugun zailtasunen analisian. Planifikazio ahalegin batzuk egin dira, baina batez ere Euskal Herri mailan; batzuetan planteamendu orokor horiek zuzenean ekarri nahi izan ditugu Nafarroara eta horretan ez dugu asmatu. Sarritan, euskal mugimendutik etorri diren mezuak modu orokorrean etorri zaizkigu eta ez dugu mezuaren doinua bereizten, hau da, mezu bera modu desberdinean zabaldu behar dela Iruñerrian, Tuteran edo Elizondon. Batzuetan muturreko planteamenduak egin dira. Euskara nafar guztion eskubidea da, baina Nafarroan euskara ofiziala izan behar dela esateko moduaren arabera, Sartagudan esaterako, egundoko ezustekoa har dezakete.

P. ZABALETA.
. Normalizazioaz zer ulertzen dugun zehaztu behar dugu, eta nire ustez normalizazioa da herritar bakoitzari alor desberdinetan bere aukera bermatzeko gizarte egokiera izatea. Gure batasuna puntu horretan azpimarratu beharko genukeela ikusten dut. Ofizialtasunaren aldarrikapenetan akats txiki bat ikusten dut, eta akatsa ez dago hitzean, hitzari gehitzen dioten behartze kontzeptuan baizik. Gezurra da, baina euskararen arerioek ofizialtasunari behartzearen zentzua jartzen diote eta horretatik ihes egiten ikasi behar dugu. Euskararen etorkizuna pertsonen aukeran dago, eta aukera hori bermatu egin behar da eta gizartearen baitan saldu. Zeren herri batean ofizialtasuna indarrean jartzeak ez du berez hizkuntzaren erabilpenari buruzko aurrerapen zehatzik eragiten. Beraz, normalizazioaren ikuspegi horrekin lotuko nuke gure eskakizunen multzoa. Normalizazioaren betebeharrak zein diren adosten saiatu beharko luke Nafarroako euskaldungoaren gizarte horrek; proklamak diren ofizialtasuna eta halakoak ez daude gaizki herriari ondo helarazten bazaizkio, baina gaizki helarazten bazaizkio edo horrek kontra izan ditzakeen argudioak agerian uzten badira, horrelakoek askotan kalte egiten dute. Sartagudako gurasoak ez dira ikaratzen beren umeek euskaraz ikas dezaketela jakiteagatik; izan ere, une honetan Sartagudan gehiengoa da Lodosara doan D ereduko ume multzoarena, edo bertan A ereduan ikasten dutenena. Berdin gertatzen da Ablitasen, A eredua gehiengoa da. Beraz, ez dira aukerarekin beldurtzen baina bai ofizialtasunarekin. Zergatik? Behartzearen zentzua eman diotelako.

A. EPALZA.
Guk aunitzetan perspektiba galtzen dugu, egiten ditugun analisiak euskal munduaren baitan egiten ditugu eta, gainera, euskaldun militanteenen eta ideologizatuenen artean, baina erdaldunak %90 dira hemen. Nolanahiko lege aldaketa, ekimen... aurrera aterako bada, izanen da erdaldunek 'baimena' emango digutelako. Erdaldunekin hitzartu gabe, euskaldunek ez dugu inoiz aurrerapausorik emanen. Hori kontuan hartu behar dugu, azken finean "motoa saldu" behar diegulako, eta batzuetan erabiltzen den hizkera eta zera batzuk ez dira batere lagungarriak ezer saltzeko. Horretan, egindako akatsetatik badugu zer ikasirik eta hausnarketa handi bat egin behar dugu.

P. ZABALETA.
. Borroka ideologikoan honakoa adierazten jakin behar dugu: euskaldungoan denok ez dugula berdin pentsatzen, erdaldungoan pentsatzen ez duten bezala. Galderan euskaldunak eta euskaltzaleak aipatzen dira normalizazioren motoretzat. Euskaldunak eta euskaltzaleak ongi ikusiak izateaz gainera, gizarte mailan aukera demokratikoak dituztenak euskararen aukera hori ongi ikusteraino iristen direnean, orduan ariko gara irabazten. Hori gizarte mailan onartua dago neurri handi batean, hemen gizartea politikoak baino askoz aurreratuagoa dagoelako. Bortxaz bultzatua ez bada, gizarteak ondo ikusten du aukera izatearena. Orduan, alde batean egongo dira aukera horren alde dauden euskaldun demokratak, euskaltzale demokratak eta ez euskaldun ez euskaltzale diren demokratak ere bai. Orduan dago irabazteko aukera. Nafarroan 100.000 inguru gara euskara neurriren batean erabiltzen dugunak eta guztira 530.000 bat biztanle gara. Hor kokatu behar dugu, beraz, gure eskaintzaren gakoa.

I. LASA.
Konplexuz beterik gaudela uste dut. Erdaldunei baimena, kantitatearekin kezka, boterea... hori baino errazagoa dela uste dut. Normalizazioa, nik ere Patxik aipatu duen zentzuan ulertzen dut. Erdaldunek ez dute arazorik pertsona bezala erdaraz garatzeko. Guk ez dugu eskatzen hemen mundu guztiak euskaraz egin behar duenik, guk eskatzen dugu guk ere aukera berdina izatea. Hori eskubide mailan planteatu behar da, eta Oinarriak erakundeak egin zuen kanpainan eskubideen eremu hori landu zen, nire ustez egoki gainera. Jendeari azaldu genion guk ez genuela bortxa erabiltzen, baina eskubide batzuk izan baditugula eta horiekiko begirunea eskatzen dugula. Guk ez dugu inoiz bortxa erabiliko baina behartu behar da. Nola behartzen da erdalduna euskararen mundura hurbil dadin? Euskara erabiliz, erakargarri eginez eta alternatiba interesgarria dela erakutsiz, kulturarekin lotutako zerbait dela... azken finean, euskaraz jakitea ez jakitea baino hobe dela adieraziz.

A. EPALZA.
Bai baina nik esandako guztiak hor daude, gehiago dira, boterea dute... eta sarritan horrelako eragilerik ez balego bezala egiten ditugu azterketak! Abstrakzioa egiten dugu!...

Hori hor dagoela guztiok dakiguna da baina mahainguruaren helburua, horiek jakinda ere nola gauden eta hobeto nola egin daitekeen aztertzea da.
P. ZABALETA.
. Helarazi behar den edukia zein den ez dugu adostua, baina argi dugu mezua beste eraren batera iritsi behar zaiola gizarteari. Ados gaude, halaber, bortxaren iruditik ihes egin behar dugula, nahiz eta gezurrez erantsia duen. Dena den, kontuan izan behar dugu aurrean komunikabide oso indartsuak ditugula eta horien bidez euskarari egunero ezartzen dizkiotela beste eranskin horiek. Guk kontuan izan behar dugu zailtasun horiek guztiak gaindituta egin behar dugula lan. Bai Euskarari kanpaina eta sinadurena ondo egon zen Iñaki, eta jendearengana iritsi zen, baina, akaso zortzi urtetan parlamentuan egon naizelako, ez dut legeetan horrenbeste sinesten, ez helburu bezala, ez oztopo bezala eta ez aitzaki bezala. Legeek garrantzia dute baina ez hainbestekoa. Bai Euskarari kanpainak bere mezu sakonean legearena baino aukerarena erabili izan balu, askoz ere harrera beroagoa izango zuen gizarteko esparru batzuetan. Kanpaina borobila izan zen, baina beti izaten dute zer hobetua, eta alde horretatik ari naiz.

Hezkuntza datuak, kale agerpenak, sinadura bilketak eta abar erabiltzen dira Nafarroako gizartearen gehiengoa euskararen normalizazioaren edo sustatzearen alde dagoela esateko. 1996an Eusko Jaurlaritzak ezagutzera eman zuen Euskal Herri mailako inkesta zabal batean (5.000 pertsona), ordea, Nafarroako populazioaren ereduak euskara bultzatzeko interesik ez zuela agertzen zuen. Seguru al gaude nafarren gehiengoak euskararen sustatzearen edo normalizazioaren alde dagoela?
I. LASA.
Batetik, ikusi beharko litzateke inkesta nola egin zen eta zer galdetzen zen, eta nik hori ez dut ezagutzen. Nik ezagutzen dudanaz hitz egin dezaket, eta hori pertzepzioa da. Nafarroan euskararen alde dagoen jendea ikusten dut, zenbat den zehazten ez dakit, baina gutxi ez. Modu askotan agertzen da sektore hori, eta sektore inportantea da. Beste sektore bat, lehenbizikoa baino txikiagoa, euskararen aurka dago eta bere desagerpena nahiko luke. Eta bada beste hirugarren sektore bat, kopuruz aurreko biak baino garrantzitsuagoa, indiferente dagoena; euskarak kalterik egiten ez diela eta aukera interesgarri gisa ikusiz gero, hauek irabaztea erraza da. Halako pertsona asko ditugu gure inguruan.

P. ZABALETA.
. Erraza dela diozunean, horiek ideologikoki gureganatzeko borroka egin daitekeela esan nahi duzu.

I. LASA.
Hori da bai, agian ez euskara ikasteko baina seme-alabak euskaraz matrikulatzeko bai.

P. ZABALETA.
. Ados nago zurekin horraino, hori egin daiteke, egin behar dugu eta baikorra naiz, baina erraza ez da, hori sekulako lana da. Eta nola irabazi jende hori? Arazoa despolitizatuz, baina lehendabizi ideologikoki irabaziz. Bigarrengoz, bortxaren irudia ere hor dugu oztopo gisa, ez ETAren zentzuan bakarrik, nahiz eta hori bakarrik erabiltzen duten.

A. EPALZA.
Baina hori ere bai.

P. ZABALETA.
. ETA hor dagoela aurreratu da azken 25 urteetan...

I. LASA.
Nik ez dut hain zaila ikusten, jende oso eskuragarria ikusten dut hori. Baina euskalgintza sobera atomizatua dago eta bide estrategikorik ez dagoenez, zaila egiten da gizarte lan hori, baina jende hori erraza da mezua ondo helarazten bazaio.

P. ZABALETA.
. Jainkoak kontserba diezazula baikortasun hori! (Barre algara mahaikideen artean).

A. EPALZA.
Argi dago erdiko sektore hori gureganatu behar dugula eta orain arte ez dugula asmatu; batzuk erakarri ditugu baina beste batzuk uxatu ere bai. Ez da hain erraza. Horrez gain, atomizazioa arazoa bailitzan aipatu duzu eta, neurri batean izan daiteke, baina guk dugun arazoa zera da, kanpotik ikusita ez dela aniztasunik ikusten. Euskarak aniztasunaren irudia eskaini behar du, errealitatean izan horrela da-eta. Izateko, pentsatzeko eta bizitzeko modu batekin oso uniformatua eta lerratua ikusten da euskararen mundua eta hori ere euskarak duen arazoetako bat da.

P. ZABALETA.
. Batzuetan bai, baina komunikabideetatik hori erakusten dietelako. Normalizazioaren ikuspegia nola egin, bakoitzak halako estrategia proposatzen du. Hemen zaharrena naizen aldetik euskararen aurrerapena ere ikusten dut, batez ere Iruñerrian, eta apustua hor dago nagusiki. Iruñerrian aurrera egiten dugun neurrian -ez nabil gehiengoa eskuratzea esaten-, baikor egoteko arrazoi asko dago. Guk ezagutuko dugun gizaldi honetan helburua, agian, 100.000 euskaldunetik 200.000ra pasatzea litzateke. Hori gutxi da, lorgarria eta une horretan Nafarroa euskalduna den hala ez ezingo du inork eztabaidatu. Iruñerrian gizarteratze horretan eman diren pausoak oso sakonak dira. Euskararen aurka daudenek horregatik azaldu dute kezka azken bizpahiru urteetan. Horren aurrean, gure jokabideak aldaketa batzuk behar ditu eta hor euskararen defentsa ideologikoa azpimarratu behar da. Alde horretatik baikor egoteko arrazoiak baditugu, baina une berezi batean gaude, batez ere Iruñerrian, datozen lauzpabost urteetan posible baitugu 50.000 euskaldunen kopururaino iristea. Herri osoari eta bereziki erakarri ditzakegun horiei zuzentzen diegun jokaera aldatu behar dugu.
Horrez gain, irakaskuntzaren arlotik ateratzen ere jakin behar dugu. Lan munduan, esate baterako, euskarak oso aurrerapen gutxi egiten du. Berdin mundu sozialean.

(PATXI ZABALETA. k, azken txanpan jada, mahaingurua utzi beharra adierazten du).
Hizkuntza normalizazioaren aldeko lana, oro har, hezkuntzan eta komunikabideetan oinarritu da neurri handi batean; hizkuntz transmisioa herren geratu da, kalitatearen arazoak atera dira, erabilerarena, aipatu den lan munduarena... Gehiegi ahaztu ote ditugu eremu eta arazo horiek?
I. LASA.
Hezkuntza eta komunikabideetan halabeharrez oinarritu gara, ez guk nahi dugulako. Normalizazioaren kontzeptua gizarte osoari dagokiona da, baina lan munduak beste arau batzuk ditu, harremanak desberdinak dira. Nafarroan ez gehiegi, baina euskalgintzak galderan dagoen hausnarketa egina du, eta hortik dator Kontseiluaren lehenbiziko lana, enpresa munduko konpromisoarena. Nafarroako oso eragile gutxi sartu da kanpaina honetan, seguruenik boterea eta arlo ekonomikoaren artean dagoen harremanagatik. Jakin badakigu Kontseiluak arazoak izan zituela Nafarroan, enpresek gobernuaren diru laguntzak jasotzen dituztelako eta enpresak beldur zirelako botereak har zezakeen jarreraz. Gai hau landu beharra dago, baina ez da egingo aldez aurretik euskalgintzak plan estrategiko bat egiten ez badu.
Lehen pausoa eman da, Kontseilua bigarren pausoa diseinatzen hasi da eta herri mailako plangintzak mahaiaren gainean daude. Aurten hamabi herri sartuko dira plangintza horretan, horietako batzuk nafarrak. Hor lan mundua ere jorratuko da, baina sumatzen ari naiz Nafarroan tren hori ez ote dugun galduko.

J.M. URROZ.
Lan munduarena Nafarroan oso urruti geratzen zaigun eremua da. Horrez gain, Kontseiluaren diseinuak oso urruti ikusten ditut Nafarroatik. Nafarroan gauza errealistagoei heldu beharko genieke lehenago. Normalizazio kontzeptuari dagokionez, ez dut uste gizartean euskalgintzan ari garenok erabiltzen dugun bezala ulertzen denik, askoz gehiago sustatze gisa ulertzen da. Kantitateaz arduratzen gara baina kalitatearen arazoa ere hor azaleratzen zaigu, ea zer etorkizuna izango dugun irakasten ari den euskara kalitatearekin. Nafarroan oso garrantzitsua izan da transmisioaren galera, nahiz eta orain berpizten ari den, euskaldunek familia berriak dituztenean.

A. EPALZA.
Mundu ekonomikoan erabakiak hartzen dituztenengandik oso urruti dago euskara. Kopuruak ez direla garrantzitsuak baina kopuruaren arazoarekin topatzen gara esparru bakoitzean sartzen garen aldi oro. Bestalde, daukagun indarra ere ez dugu ongi baliatzen, kontsumitzaile gisa ere baditugulako eskubide batzuk eta euskarazko eskaintza baten aldeko lanean ez dugulako deus gorpuztu. Horretarako bai, Iñaki, horretarako bai behar dugu batasuna. Adibidez, Nafarroako aurrezki kutxa berrian ezin daiteke euskarazko aurrezki libretarik lortu eta lehen udal aurrezki kutxan bai. Batuketaren ondorengo aurrezki kutxa berriari, berak saltzen duen produktua bezero multzo batek euskaraz nahi duela jakinarazi dakioke, baina ez gara horrelakoak egiteko gai.
Transmisioa dela-eta, Nafarroan azken 30 urteetan eman den aldaketarik handiena eremu horretan eman da, hain zuzen ere transmisioa berreskuratu egin delako. Duela 30 urte generaman martxan euskararenak egina zuen Nafarroan. Patxik aipatzen zuen Iruñerriak duen garrantzia, eta oraindik gertatzen da familia euskaldun bat Iruñerrira etortzea eta transmisio kate hori haustea. Oraindik jende asko ari da etortzen Iruñerrira eta hori gure alde baliatu behar dugu, ez dadila gerta alderantziz, orain arte bezala.
Eskola bidez lortzen den euskara hori kalitatez ez da ona eta, etxean euskaldunak izan ezik, haur horientzat euskara ez da eroso ibiltzeko tresna bat. Horrez gain, Iruñerrian ez dugu gune neutrorik euskararentzat, eta horrek ere badu ikustekorik nik arestian aipatzen nuen aniztasun ezarekin. Une honetan, zer eskaintzen zaio ikasketak euskaraz egiten duenari? Ez ote diegu ghetto bat eskaintzen gero euskaraz bizi ahal izateko? Aukera ideologiko bat egiten ez dutenek, euskaraz segituko al dute? Arazoetako bat hori dela uste dut, irakaskuntzaren bidez euskarara erakarri dugun zenbait jende horregatik galtzen baitugu, ez daukagulako zer eskaini.

I. LASA.
Hori da, hain zuzen, normalizazio eza.
J.M. URROZ. Lehen aipatu den plan estrategikoan halako gauzak ukitu beharko lirateke, arloz arlo eta gazteriari garrantzi berezia emanez. 13-14 urtetik aurrera haurrek ez dute euskarazko baliabide nahiko beren sozializazioa aurrera eramateko, ligatzeko, txisteak kontatzeko... Gainera, aitortzen dut, guk ezin izan diegu euskara hori erakutsi. Hausnarketa sakona behar dugu gai honekin.

Legearen inguruko hausnarketa batzuk atera dira jada, gehiago sakonduz, nola jokatu behar da lege munduak eskaini ditzakeen zirrikituekin?
I. LASA.
Legeak tresnak dira eta gure kasuan legeak erraztu beharko luke berezkoa den garapena. 86ko Euskararen Legeak ez zuen hori ahalbideratzen, batez ere bi arrazoirengatik: bat, nafarrak ez garelako berdinak legearen aurrean, eta euskararekiko eskubidea bizi garen lekutik datorkigulako; bi, zonifikazioa ez delako une eta erritmo desberdinak ongi antolatzeko tresna bat, baizik eta guztiz aurkakoa. Hala eta guztiz ere, gauzak egin egin dira, batez ere herri ekimenak euskararen aldeko apustua egin duelako. Beraz, Oinarriak taldeak lege bat plazaratu bazuen, ez zuen egin lege hori onartua izan zedin; hori kanpainan azpimarratu genuen eta orain ere berriro azpimarratzen dut. Guk ez genuen legea jainkotu baina, era berean, euskalgintzak beti ezetz esateari utzi behar ziola pentsatzen genuen eta alternatibak eskaini behar zirela. Lege honen bitartez bide bat mahaigaineratu dugu, eremu eta erritmo desberdinak kontuan hartuko dituena baina normalizazioa posible egingo duena. Azken finean, eztabaida soziala bultzatu nahi genuen. Legeak ez dira determinanteak, baina oztopo izan daitezke eta 86ko Legea oztopo izan da.

A. EPALZA.
Lege guztiak dira gizarte baten ispilu eta, tamalez, orain dugun legea dugun indar harremanen ispilua da, eta harreman hori aldatu ezean, legea ez da aldatuko. Hala ere, Iñaki, zuk baino legearen irakurketa baikorragoa egiten dut. Azken hamar urteetan lege horrek zenbait gauza posible egin du, eta horren froga da une honetan atzo onartu zen dekretuaren bidez marko juridiko bat aldatu nahi digutela. Seguruenik, legea egin zenean ez zuten egin euskararen onerako izan zedin, baina praktikan euskararen onerako izan da eta haiek ohartu dira. Sentitzen dut, baina duela urtebete esaten genuen guk ez genuela horrelako legerik nahi eta joan den astean manifestazioa egin genuen ia-ia Lourdeseko Ama Birginari legea ez zezaten aldatu eskatuz.

I. LASA.
Baina dekretua ez da Oinarriaken ekimenaren ondorio, e!

J.M. URROZ.
Pentsatzekoa da zergatik dugun egun dugun Euskararen Legea, eta aztertzekoa da zergatik ezker abertzaleak ez zuen parte hartu Euskararen Legearen sorreran. Hori akats bat izan zen. Jakina, legea ez da beste munduko gauza eta ez da oso lagungarria izan konparatzen badugu Kataluniakoarekin edo Baskongadetakoarekin, baina erreferentzia marko bat bai ezarri du eta batzuetan baliagarria izan da. Euskararen Legeak garatzen zituen dekretu batzuengatik euskara zerbitzua sortu zen eta hainbatetan lagungarri izan da, Hizkuntz Politikarako Zuzendaritza bezala. Dekretuak eta foru aginduak dira lege bat ona edo txarra egiten dutenak. Dekretua oso txarra zen, eta niri egokitu zait Hizkuntza Politikaren Zuzendaritzan horrekin aritzea, baina zenbait eremutan aurrera egin dugu. Beraiek konturatu dira eta zartakoa eman dute. Legea garrantzitsua da, baina akaso gehiago noren eskuetan dagoena eta hark egiten duen erabilera.

Mahaingurua bukatzeko galdera. Zein gutxiengoren inguruan bildu behar da hizkuntza normalizazio edo hizkuntza sustatzearen aldeko euskaltzaleen multzo zabala eta nola antolatu behar da?
I. LASA.
Batasuna funtsezkoa da eta lehen aipatu dudan atomizazioarekin jarraituz gero, euskalgintzak ez du orain arte lortutakoa gaindituko. Batasunak indarra ematen digu eta erakunde desberdinen arteko elkarlana bultzatu behar dugu, bide estrategikoak elkarrekin erabakiz. Hemen egiten ari garen hausnarketa hau euskalgintzan ez da egiten, baina horretarako euskalgintzan ari garenok bildu beharko genuke, egoeraren azterketa egin, adostasunak bilatu eta egoera gainditzeko bideak jarri. Hori ez da hain zaila, baina borondatea behar da. Bakoitza bere etxeko arazoetan ari da eta horrek perspektiba handiagoko gaiei heltzea eragozten digu. Hori hil ala biziko zeregina da gaur egun: edo batasunaren bitartez jokatzen dugu edo gobernuari askoz errazagoa izango zaio guri egurra ematea. Bidean guk ez dugu gauza berri askorik pentsatuko; Kontseiluak markatzen duena da biderik eraginkorrena nire ustez. Herri mailako plangintzak egin egin behar dira; Lodosak, Sartagudak... beren errealitateak aztertu eta plangintzak egin behar dituzte.
Lan munduan eragiteko konpromisoa behar da, eta konpromiso hauek aurrera ateratzeko era atomizatuan ager gaitezke, bakoitzak berea eskainiz, edo ager gaitezke denok bide estrategiko bat eskainiz.

A. EPALZA.
Batasuna garrantzitsua da, baina une honetan gehiago kezkatzen nau euskararen inguruko aniztasunak batasunak baino. Gizartearen aurrean oso monolitiko agertzen gara eta hor aniztasuna agertu behar dugu. Batasuna dela-eta, puntu estrategiko batzuetan ados jartzen bagara, horrekin aurrera jakina. Nik ez dakit noraino sinesten dudan abangoardietan. Bakoitzak badu bere esparrua eta horietan gure lana ahalik eta hobekien egiten eta ahalik eta gehien eragiten saiatu behar dugu. Hori bai, gutxieneko plataforma edo gune batzuk behar ditugu ideiak elkartrukatzeko, ekimenen batzuk aurrera eramateko eta elkar probokatzeko; begirune handiegia dugu elkarrekiko eta, agian, bertzea egiten ari denaz gure iritzia emateko lotsa txikiagoa izan beharko genuke. Baina ez dut beharrezkoa ikusten gauza guztien aurrean bloke gisa agertzea. Gaur egungo Nafarroan, ez dut gehiegi sinesten plangintzetan. Lodosa eta Sartagudan plangintzarik ederrenak egin daitezke, baina plangintza egingarriak behar dira. Zenbait tokietan dagoen masa kritikoarekin ez dut uste gauza gehiegi egin daitekeenik.

J.M. URROZ.
Xabier Erizek esaten duen moduan, historian zehar euskal komunitatea beti egon da erdal komunitatearen pean eta, beraz, euskaldunak beti galtzaile izan dira. Beraz, oraingoan gure artean antolatzen ez bagara, jai dugu. Saiatu behar dugu gutxienez euskararen aurka ez dauden talde, sindikatu, alderdi edo dena delakoak gutxieneko adostasun maila bat lortzea, eta horrek planteamendu muturrekoenak alboratzea eskatzen digu. Plan estrategikoa beharrezkoa litzateke, eta Gobernuak ez duenez egingo, normalizazio esparru garrantzitsuenetan aritzeko beharko litzateke halako zerbait.
Horrez gain, desobedientzia zibilaren kontzeptua euskararen eremuan ere aplikatu beharko litzateke. Gaur goizean, Madrileko lagun batzuekin aritu naiz hizketan eta ez zuten ulertzen Sanzek testu liburuen inguruan plazaratu duena. Halako kasuetan, nik desobedientzia zibila planteatuko nuke edo pase forala, baina kasu honetan Nafarroako Gobernuari egindakoa: "Bai, esan nahi duzuna, baina guk ez dugu egingo".
Euskararen kontrako erasoen aurrean erreakzio azkarrak eman beharko lirateke, beharbada egunotan agertzen ari garen erantzun zatikatua baino bateratuagoa eta eraginkorragoa litzatekeena. Epaitegietara ere jo behar dugu eta kasu honetan hartutako neurriak Konstituzioaren aurkakoak direla salatu behar badugu, inongo lotsarik gabe egin behar dugu. Hemen bizi dugun egoera Europan ere salatu behar da. Horrez gain, aipatu den plataforma edo gunea sortu beharko litzateke, nahiz eta hitz egiteko bakarrik izan.
Azkenik, esan nahi nuke hau guztia askoz errazagoa litzatekeela indarkeria politikorik gabeko egoera batean, batez ere agintariei, UPNri eta PSNri argudioak kentzeko. Ziur nago, egoera politikoa aldatzen den heinean, hizkuntza mapa eta bilakaera gero eta positiboagoa izango da Nafarroako euskaldunentzat.

MAHAIKIDEAK
Aingeru Epalza
Idazlea
Iruñean sortu zen 1960an. Kazetaritza ikasketak egin zituen eta hamaika urtez komunikabideetan aritu da lanean, "Deia"n, ETBn eta "Navarra Hoy"en, hain zuzen ere. Hizkuntzak bere lanabesa izaten jarraitzen duen arren, beste bizibide bati ekin zion duela hamar urte. Izan ere, egun Nafarroako Gobernuko itzultzaile sailean dihardu eta idazle gisa ezagutzen dugu. Duela hiru urte eta erditik Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria ere bada.

Jose Manuel Urroz
Stee-eilas sindikatuko langilea
Ogibidez DBHko irakaslea da 44 urteko tafallar hau. 21 urte daramatza zereginean, baina gaur egun, oraingoz behinik behin, ikasgelak beste ikuspuntu batetik ikusten ditu, Eilas sindikatuan dihardu lanean-eta. Burlatan bizi da. 1996ko urrian Nafarroako Hizkuntza Politikako Zuzendaritzara deitu zuten eta bertan aritu zen Programazio eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendari gisa, 2000ko uda arte, Gobernuaren jarrera salatuz, zuzendaritza osoak dimisioa aurkeztu zuen arte.

Iñaki Lasa
Nafarroako AEK-ko arduraduna
Euskalgintzan urte mordoa aritutakoa dugu Iñaki Lasa iruindarra. Geografia eta Historia ikasi zituen EHUn, Gasteizen, eta euskarazko lehen promozioko uztakoa dugu. Azkeneko hamazazpi urtetan AEKn aritu da lanean irakasle gisa. 1997tik Nafarroako AEK-ko arduraduna da eta Oinarriak plataformako bozeramaile lanetan dabil 1998tik. Halaber, datorren urtean Lodosan egingo den Nafarroa Oinez festaren arduraduna dugu, egun Otsakarren bizi den iruindarra.

Patxi Zabaleta
EHko zinegotzia Iruñean eta abokatua
Gaur egun EHko zinegotzia da Iruñeko udalean; 1979tik 1983ra arte Iruñeko alkateordea izan zen Balduz alkate sozialistarekin. Bizibidea, aldiz, abokatutzatik ateratzen du. 53 urteko leitzarrak hor pasatzen du eguna bazterretik bazterrera, kontaezinak diruditen zereginetan. HBko sortzaileetakoa eta Mahai Nazionaleko kide ohia. Zortzi urtez Nafarroako foru legebiltzarkidea izandakoa, euskaltzaina, idazlea eta, irrati eta prentsan ere iritzi emale ezaguna dugu.

EZ DAGO FORMULA ERRAZIK NAFARROAN EUSKARARENDAKO
Euskararen inguruko hautsi-mautsiez dihardugula, Nafarroan zer egin behar den eta zer ez ziurtasunez jakitea ez da aise. Hizkuntzaren afera politikari sobera loturik dago, baina bestalde, ez dago horren garbi Nafarroan euskara soilik kultura gai gisa planteatu eta bultzatu beharra dagoela; ez dago garbi orain arteko "Vascuencearen Legea" horren kaltegarri zela... Ez dugu honetaz guztiaz aski azterketa sakon eta egokirik axaletik haratago jotzeko. Erreinu Zaharreko bazter eta ibar guztietan egoera eta baldintzak ez dira berdinak: Iruñerriko euskaldunak gutxiengoa dira eta berak diskriminatzen dituzte -Iruñera zernahi kudeaketa egitera doan menditar euskalduna bezala- erdaldunak ez diskriminatzeko estakurua baliaturik; euskaldunak diskriminatzea politikoki demokratikoa dela erakutsi digute. Dena den, Ultzamatik goiti gauzak ez dira berdin, eta franko aldatzen ari dira, gainera.
Ordea, aski garbi dago erasoa etorri dela, grina txarrekoa gainera, eta euskararen mundu mugatu honetan bizi garenok kezka larria sentitu dugu, egonezak hartu gaitu. Ez dakigu, bestalde, zerbait egiteko gai ote garen, indarrik baote dugun, honenbeste saltsaz aspertuxe egon daitekeen hainbat jendek jaramonik eginen digun. Irtenbidea zaila da; zer egin?
Duela bi urte hitzaldi bat nahi zuten Mariland-eko unibertsitatekoek gai honi buruz eta gogorxe eta latz jardun nuen kezka neukan, ez ote nuen agintarien jarduna sobera estu hartzen, idazkia partzialtasunez beterik ez ote zegoen, ez ote nituen neurriz kanpo euskararen etsaitzat hartu... Orain, azken lege aldaketok ikusirik, zorigaitzez gauzak honela zirela jabetu naiz. Izan ere, gardenak dira UPN alderdiaren batzarre nagusietara aurkezten diren txostenetako irizpideak: euskara doi-doia aipatzen dute, jota kantuari baino garrantzi gutiago emanik, kultura ondare gisa joaz soilik, Nafarroako dialektoak bertako aberastasuna diren aldetik bakarrik laketetsiaz, gainerateko euskararen corpusetik guztiz bereizirik. Areago joan ziren Aizpun zena-eta: "ez dugu euskara bultzatuko, ezdugu euskararen alde eginen, ekimen horrek hizkuntzazkoa ez den bestelako euskaltasuna ere berarekin baldin badakar". Zenbat erkidegok onetsiko lukete egun Europan, eta horren nabarmen, saihetseko arazoak direla eta, beren berezko hizkuntzaren aurka jotzeko gai direla?
Indarkeria politikoa arazoa da bai, eta euskarari ez dio ez Nafarroan ez inon mesede egiten, baina estakuru eta aitzakia erraza dute hori. Sakonean arazoa ez da indarkeria, ez dira E.T.A. erakunde armatuaren ekintzak eta heriotzeak, gutarik bakoitzarengan sor dezaketen sentipena edo atsekabea gora-behera,funtsean arazoa beste bat da, soziologikoagoa batzuetan, politikoagoa beste batzuetan, alderdi intralinguistikoa ahantzi gabe: errepara bestela Madrileko dinamika politikoaren menpe diharduten Nafarroako sozialisten iritzi aldaketei. Horrexegatik sentitu ginen batzuk noraezean, Iruñean E.T.A.-k Tomás Caballero zinegotzia hil zuela eta, hainbat euskaltzalek lurraren gainean ezarri zuten marraren aitzinean: iduri zuen euskararen inguruko beste euskaltzaleoi galdezka ari zitzaizkigula: "Marraren zein aldetan zaudete zuek?". Eta batzuek ez genekien zer erantzun, ez genuen zalantzarik idazki hori idatzi eta hedatu zutenek borondate onez jokatu zutela, heriotze haren aitzinean zinez hunkiturik sentitu zirela, baina batzuek ez genekien marra bakar hark finkatzen dituen bi alderdietarik bat hautatu behar ote genuen ala marra eta ñabardura gehiago ote zegoen.
"Vascuencearen Legea" atera zutenean ere galdurik geunden: konforme legeak Iruñea bazter utzia zuela eta hori ezin onetsi zela. Konforme euskara nafar guztien eskubidea ere badela. Beste batzuen iritziz, HB-k legebiltzarrean aldeko botoa eman balu Iruñea eremu euskaldunean sartuko zen. Duela sei baturte EA-ko euskaltzaleek legeari josi nahi zizkioten adabakiekin ere ez zegoen HB konforme. Hainbat eta hainbat iritzi ezagutu dugu eta halaz ere zenbaitekbeti ez ditugu gauzak garbi eduki. Zernahi ere den, zenbat on ez du egin eremu euskaldunaren barrenean lege horrek hondarreko hamalau urteotan? Legea lege, Hegoaldeko beste erkidegoan autonomia estatutuarekin batzuek egin nahizuten bezala, erabilera onaren aldeko eginahala egin beharra zegoen, eta franko gaitan susmoa dugu legea gizartearen eta herritarren eguneroko egiazko jardunetik haratago iristen zela, jokaleku egokia gerta zitekeela: ez zuen legeak euskaltzaleon borondatea gainditzen, baina zenbait ibarretan erabilera abiarazteko gaitasuna eta ahala gainditu ditu; eta ez bedi pentsa soilik Pirinioez dihardugunik, Bidasoaldean ere badira adibideak, eremu honetan euskararen aldeko gizarteko jarduna sail batzuetan miresgarria izanik ere.
Hizkuntza kultura gai soil gisa euskararen etsai navarristen aurkako antidoto onuragarria izan daitekeelako leloa ere ez da guztiz asetzen gaituen kontua; denok erabili behar izan dugu inoiz temati zenbaiten iritzia malgutzeko, baina ikasia dute erantzuna: "orai premia ingelesak du". Eta guk ere ikasi dugu hizkuntza bat ez dela ia inorendako bere horretan eta mekanikoki gizatalde batetik bestera inolako oihartzun, lotura edo atxikimendu sentimentalik gabe iragaten den corpus kulturala: euskara ikasten dutenen arrazoien artean identitate kolektiboarena da nagusi eta garrantzia du ogibidea bilatzeko ematen duen aukerak ere; uste dugu arrazoi kulturalen leloa arestiko beste bi horien gibeletik doala, bai Nafarroan eta bai nonahi. Orain, gainera, ogibidearenak ere garrantzia duela ohartu dira eta euskara xuhur eta biluxirik utzi dute Iruñeko administrazioan.
Orain artean gertatu bezala, soilik juridikoa ez den azken eraso honi ereaurre egin beharko zaio, euskaltzale guztion arteko batasunari eutsiaz, orain artean baino lan gehiago eta hobea eginez eta irudimena erabiliaz, Sadar futbol zelaian "Fondo sur"-ekoek ezkerreko harmailetan kokaturik zeudenekin kantu bitxiak asmatzean egin ohi zuten bezala, irentsiarazi nahi diguten egoera hau iraultzeko, beren argudioak itzulikatzeko eta aldeko giroa gizarteko zoko gehienetan suspertzen jarraitzeko. Erasoa etorri da eta gordinkara dator juridikoki. Lan egin beharko da, ongi, anitz, eta orain berean; irudimena beharko dugu hizkuntza alderdi guztietarik bultzatu, bersortu eta berpizteko, lehen ere beste batzuek egin duten bezala. Ehunekotan lehen gehiago ziren euskara zekiten nafarrak eta gutiago honen aldeko lan esplizituan zihardutenak; egun gutiago dira hiztunak, baina lehen baino anitzez gehiago lanean ari diren era guztietako euskaltzaleak.
Aurre egiteko eta ongi lan egiteko garaia da.

GEZURRAK, GEZURRAK, GEZURRAK
Ia oharkabean pasata ere, oso esanguratsua izan zen. Aurtengo maitzaren 24ean, Nafarroako Parlamentuan, UPN eta PSN Nafarroako hizkuntza politikaz. Sozialistek deituta, gobernuak azalpenak eman ditu. Ez da oholtza gainera atera Miguel Sanz presidentea, ez Rafael Gurrea presidenteordea. Jesus Laguna iritsi berriari egokitu zaio faena. Datuak, portzentaiak eta egitasmoak -dena jakina, ezaguna- azaldu ditu. Entzuten zuen bitartean, Juan Jose Lizarbe bozeramaile sozialistak katuak zituen tripan dantzan. Azkenean lehertu egin da. "Ez duzue deus esan! ez duzue deus argitu! Guk konpondu behar ditugu beti arazoak!" Gero galdera zehatza egin du. "Esaten duzue Euskararen Legea ez dela oker aplikatu, baina aurten Barne Departamentuak plaza bat atera du euskarari puntuazio handia emanda!".
Kazetariek elkarri begira, sinistu ezinik. Plaza bat! Gero jakingo da plaza SOS Nafarroarako dela, eta deialdi publikoa egin zela mendialdeko agure baten larrialditasunerako abisua jaso ondoren. Gizonak laguntza behar eta zentralean telefonoa hartu zuenak ezin ulertu (bere erdara?).
Plaza bat. Oharkabean pasa zen, baina esanguratsua oso. Essanguratsua, eta azken urte honetan hizkuntza politikaren inguruan Nafarroan bizi izan den giro gaiztotu, gezurti eta asmo txarrekoaren adierazgarri.
Lehen gezurra
Sanzek bota zuen abenduaren hasiera honetan, administrazioan euskararen erabilera arautzeko dekretuaren onespen ofiziala jakinarazi zuenean: "diskriminazioak saihesteko egina da". Diskriminazioa erdaldunekiko. Grazia egingo luke ez balu minik emango. Grazia ez balitz presidentea. Grazia ez balu muturra okertua esango. Diskriminazioa. Nekagarri suertatzen da beti gezurrei erantzuten ibili beharra. Sanzek badakizki datuak (baita Lizarbek ere): Nafarroan, eta euskarazko irakasleak kenduta, 180 funtzionario lanpostuetan baino ez da euskara ezinbestekoa. Lanpostu guztien %0,98an. Kentzen baditugu itzultzaileak, edo euskara teknikariak, 110. Kentzen baditugu Osasunbideak dekretuz araututa dutenenak 60 baino ez. 60 lagun egin dira funtzionario bere lurraldeko jatorrizko hizkuntza jakiteagatik. Ez horregatik bakarrik, jakina, baina horregatik ere bai. 60 18.281en artean. Merituaz zer esan? Osasunbidetik kanpo -zenbait lanpostutan derrigortuta dago administrazioa euskararen ezagutza merezimendu gisa saritzera-, ezer ez. Eta Osasunbidean puntuazioaren %5tik behera eman izan zaio beti euskaraz dakienari.
Bigarren gezurra
"Errealitate soziolinguistikoa" aipatu dute, behin baino gehiagotan, bi alderdi nagusiko buruek aldaketak justifikatzeko. Nafarroan egun bizi den edonork ondoriozta lezake egungo gizarteak, seguruaski, inoiz baino errealago ikusten duela euskararen presentzia. Irakaskuntzak egin du bide handiena. Azken datuek erakusten dute lerro publikoan lehen aldiz matrikulatu duten haurren lau gurasoetatik hiruk hautatu dutela euskarazko edo euskararekin irakaskuntza. Familia horretan -gurasoengan, aiton-amonengan osaba-izekoengan, lagunengan...-, euskara ez da jada arrotza izango, erdaldun huts-hutsak izanik ere. Sekulako aurrerakada da Nafarroako etxe askotan. Eta sumatzen da. Oso adierazgarria da, horregatik, prentsan agertzen diren hiritar haserretuen purrustadak, nafar guztiak euskaraz mintzatuko diren egunari "amesgaiztoa" deitzen diotenak. Ez "ametsa", edo "utopia", denok deitzen diogun moduan, ez. Amesgaiztoa. Eta adierazgarria da denak UPN edo PSNren babes ez horren birtualaren azpian noizbait iturri publikoetatik edan dutelako.
Hirugarren gezurra
"Neurriak ez dira horren txarrak; beldurra eduki lezakete bakarrik euskararekin naziogintza egin nahi dutenek". Ez da horren txarra errotulazioa erdara hutsez izatea, inprimaki baten bueltan euskaraz aritzeko funtzionariorik ez izatea, edo itzultzaile benetan trebatuak soilik buletina itzultzen ibiltzea. Ohituratuta gaude, eta jarraituko dugu hori gabe ere. Baina gezurra da txarra ez izatearena. Sanzek ere badaki min eta amorru handia sortzen duela erakusten duten sentiberatasun falta, arroztasun hori, mezprezua. Maitasun falta. Azken finean, maitasun kontua baita hau guztia.

ETA ORAIN ZER EGIN?
Nafarroako agintari politikoek euskararen inguruko berri beltzak bata bestearen atzetik sortzen diren honetan, adierazpen mediatikotara mugatutako erantzunak ere porrostadan etorri dira. Kasu hauetan erranza eta merkea da erantzuna ematea, gaia pil pilean dagoelarik kazetariek adierazpen eta prentsaurreen arrantzan aritzen direlako. Erraza eta merkea esan dut, baita beharrezkoa eta ekidinezina ere bidegabekeriaren salaketa zein gizartearen kontzientziazioan aurrera egiteko.
Orain, aurreko orritan beste zenbait gai aztertu direlakoan, iragarpen-salaketa-erantzunen olatua atzean utzita, eta "etxekoen" artean ari garenez hauxe da galdera: Administrazio publikoen aldetik zer dagoen badakigu eta zer etorriko den eurreikusten dugu, hortaz, non jarri palankaren indarra euskararen etorkizuna irabazteko?
Sarritan aipatzen den Nafarroako gizartearen euskararen aldeko jarrera hori epela, ahula, desegituratua eta aritmetika politiko parlamentarioan eragiteko gaitasun eskasekoa dela. Horiek keriak dira, aje latzak nahi bada, baina badago aldekotasunik, aurrera egiteko lehengaia. Euskararen legearen aldaketa eskatzeko antolatu sinadura kanpainak eta berritan Iruñean izandako manifestazioak agerian uzten dute euskararen aldeko gizarte komunikazio sare ikaragarria dugula. Euskarri eta baliabide oso gutxirekin burutu dira bi ekimen hauek, baina euskararen onarpen ofizialaren aldarrikapenean arloz arloko kezkak jasota ikusiz gizarte komunikazio sareak bere indarrak askatu dituenean euskalgintzako taldeak izan dira emaitzekin harritu diren lehenengoak.
Hortik ikastea dagokigu, zeren egia da konturatu gabe inguruko errealitatea antzemateko komunikabide jale-irensle hutsak bihurtzeko joera gaixotia dugula, egia ere eskura ditugun baliabide guztiak erabili behar ditugula (hedabideak barne) baina ez da estatista bat izan behar jakiteko ez eremu horretan, ez aritmetika parlamentarioan, ez epaitegitan ez dugula borroka hau irabaziko (eta bakoitzak jorra dezala nahi duen bidea noski, errespetu osoz gainera!).
Euskalgintzako taldeek, sindikatu euskaltzaleek eta alderdi politiko abertzaleek oso argi izan behar dute hurrengo urtetan euskalgintzak emango dituen urratsak eta zenbait gizarte joeren garapenak (lerro euskaldunen matrikulazioa, euskararen aldeko jarrera, arloz arloko egitasmo desberdinen garapena etab), ematekotan, gizarte komunikazio sare erraldoi horren bultzada ez den beste eragile baikorrik ez duela izango.
Gainean ditugun aje guztien aldean, hauexe da altxor bakarra, eta ez da gutxi. Herrigintzak ez du ordea ekina ez den beste formularik, ez dugu erabateko zehaztasuneko gizarte alkimiarik. Aurrera egiteko guztion indarrak batu beharrean gaude bai, baina erosokeria eta artaldearen sindromea astintzeko ordua ere iritsi da. Askatasuna eta erantzukizunaren ordua da. Askatasun osoa noski, bakoitzak egiten duen lanaren erantzukizuna hartzeko eta egiten ez duena ez egitearen erantzukizuna ere bere gain hartzeko, zintzotasunez jokatzeko.
Ez gara asko euskalgintzako taldeak baina bakoitza gure lanean murgilduta ari gara, gehienetan baliabide eskasekin zenbait egitasmo aurrera ateraz. Hedabide euskaldunek, gaueskolek, ikastolek, bertsolariek, euskara taldeek, eredu publikoko guraso elkarteek... bakoitzak berean erantzukizun ikaragarria dute hauen guztien eta bakoitzaren arrakastaren baitan egongo delako azken emaitza. Bakoitzaren erantzukizuna izango da elkarlanari egindako ekarpena ere. Antzeko gauza gertatzen da beste talde bazuekin, sindikatuekin zein alderedi politikoekin. Bakoitzak bere lehenetasunekin, bere ajeekin, bere aukerekin, gure arteko kontraesanekin..... argi izan norberak egiten ez duena ez duela beste batek egingo, guztion artean egiten ez duguna ez digula inork egina emango.
Gure anitztasuna aintzat izanda, den denek aldi berean A egitea erabaki arte ez A ez beste ezer ez egitea odoluste barkaezina da (artaldearen sindromea edo pentsamendu bakarraren umezurtzarena bezain patetikoa).
Eta iritsi gara azken bi oharrak egiteko unera. Bata bortizkeria dela eta; bi aukera ditugu (biak zilegi): edo euskararen inguruko eztabaida kontzeptu horretatik at kokatzen dugu (hizkuntza eskubideen inguruan, ikuspegi kulturalean, herrigintzan...) edo hartu eta sano sano hitz egingo dugu gaiari buruz, kitto. Eta gero bakoitzak esan duenaren erantzukizun guztia hartu, guztia. Zeren gauza batek bestearekin harremana duenez, denak denarekin du lotura (hizkuntzak egoera politikoarekin, legeriak erakundeen legitimazioarekin, hauek epaileekin, torturarekin, atentatuekin, irizpide etikoekin, erantzukizunen zehaztapenarekin.... eta ikusten duzue honek luze jotzen duela). Estatuaren pentsamendu bakarra euskarara itzulirik hizkuntzaren normalizazioari bere ekarpena egin nahi dionak hor konpon, baina komeni da desberdintzea zer den ikuspegi linguistikotik landutako irakurketa orokorra eta zer den barkamen eske ibiltzeko behar infinitoaren sindromea.
Bigarrena, Nafarroako egoeraren aurrean EAEko euskaltzaleek zer egin? galdetzen dutenean; EAEn euskararen berreskurapena, hizkuntzaren normalizazioa eta gizartearen arlo guztietan benetako ofizialtasuna lortu, azken batean euskara Euskal Herri osoan berreskuratu nahi badugu hau baita bidea: guztion artean elkartasunez arituz baina bakoitzak berean dituen aukera, ingurune eta baliabideekin ahalik eta urratsik eraginkorrenak ematea. Zeren, latza litzateke gero ondokoaren mixeriari elkartasuna adieraziz bakoitzak berean egin ahal duen guztia ez egitearen kontzientzia txarra xurituko balu! Horrelakorik ikusi dut ba.

KRISIA PROBESTU EKINBIDEAK ETA DISKURTSOA BIRPENTSATZEKO
Nafarroako euskaldun gehienak abailduta sentitzen gara azken garaiotan eta baditugu honela egoteko arrazoiak; izan ere, oraindik txikiak izanik eta botere gutxidunak, eraso handia jasotzen ari baikara, zorigaiztoko egoera sozial eta politiko bati probetxua atereaz, erdal kultura eta irakaskuntzaren munduaren eragile sozial batzuen aldetik eta zenbait alderdi politiko eta Instituzioetatik.
Hiru faktore egoera bat azaltzeko
1. Lehenik eta behin, hazkunde eta garapen krisi natural bat izan badago. Euskararen aldeko lanak, gizartearen sektore esanguratsu eta zabal batek burutua, arrakasta handia lortu du orain artean. Arrakasta hezkuntza mailan islatu da batez ere, baina beste alorretan ere hainbat lorpen erdietsi dira: famili transmisioa birrezarri da eta euskararen galera gelditu da ia-ia, helduen artean euskaldun berri ugari eta eraginkorrak sortu dira eta, oro har, komunikabideetan, kultur produkzioan, kale erabileran... aurrerapauso ederrak gauzatu dira, orain dela urte batzuk gutxik espero zuen moduan gainera.
Arrakasta honekin batera hainbat arazo sortu dira. Horietako batzuk barnekoak dira, eta adibide gisa jar dezakegu eskolaren bidez hizkuntza ikasi duten gazteena: asko daude, baina ez dago, ordea, jende kopuru hori disolbatu daitekeen euskaldun-osoen ohatze egokirik, eta horrek hainbat arazo badakarzki: hizkera maila behea, lotsatze eta abandonatze prozesuak, erabiltzeko motibazio kultural eta naturalen kaltean motibazio politikoen garaipena...
Baina beste arazo batzuk kanpotik etorri dira eta bi motatakoak dira horiek. Alde batetik euskaltzalea ez den edo euskararekin kontakturik ez duen maliziarik gabeko zenbait jende arruntarengan, ezezagunaren aurrean sortzen ohi diren mesfidantza, zalantzak eta uste okerrak agertu dira, eta nahasmen interesaturako eremu ezin hobea bilakatu dira. Bestaldetik badira, ere bai, euskararen presentzia gero eta nabariagorekin kaltetuak edo beldurrez sentitzen diren gizarte sektoreak: unibertsitate eta hezkuntza egituretako partaide zenbaiten jarrera litzateke horren adibide argigarria. Euskararen edozein aurrerapena arrisku politiko bezala ikusten dutenak ez ditut aipatu, hor daude betidanik, ez dira berriak.
2. ETA erakundearen jardun anker basatiak Espainiar Inperioaren defendatzaileen estrategiei eta haren lorien nostalgiko eta malenkoniatsuei ezin egokiera aproposagoa eman die aurrean aipatu sentipen eta erreakzio horiek areagotu eta manipulatzeko, eta une honetan itotzen gaituen egoera politikoa ezartzeko. Ezin kendu dugun zama jasangaitza dugu non izugarrizko presio mediatiko baten bidez, jardunbide etiko guzietatik kanpo, berez ezberdina dena bereiztu nahi izan gabe, nahas-mahas handienean, euskara eta euskaldun oro deabrutu, susmopean jarri eta kondenatu egiten baitu.
Egoera politiko honek eta Instituzioen norabide berriak hiritarren iritzi eta pentsamoldeetan lekua eta isla aurkitzen duten neurrian, egoera gero eta zailagoa eta jasangaitzagoa bilakatuko zaigu euskaltzaleoi.
3. Kontuan hartzeko hirugarren faktorea gu-geu, euskaltzaleok, izan gara. Lan asko egin da eta asmatu ere askotan, bistan da, baina ordua da erabili ditugun diskurtsoen kritika egiteko. Azken hiru hamarraldi honetan euskararen aldeko diskurtsoa mendearen lehen erdikoarekin alderatuta ia berdina izan da, eta proiektu politiko eta mitologia abertzaleei lotuegia. Aski izan da azken bi urte hauetan gure artean sortu diren neosofistak euskararen aurkako diskurtso berri bat egiten hastea, jasoa eta intelektual izan antza duena, gure mundua asaldatzeko eta defentsiban jartzeko.
Nafarroako gizarteak berak -haren sektore zabal batek hobe esanda- eman digu zer ikasi, ezen gure mezuen gainetik euskara onartu egin baitu. Garbi da abertzaleen jarrera politikoak neurri txikiagoan egin duela aitzinera, gizarteak euskararekiko erakutsi duen atxikimendua baino. Hau zergatik gertatu den jakitea garrantzitsua litzateke: identitate sakon baten nahiaren isla, edo denok berdintzeko joera duen etorkizun globalean izakera edo begirada propioa izateko, edo abizen, toponimo eta historia hurbilez beterik oraindikan dugun paisaiarekin bat egiteko... edozein arrazore dela gizartea aitzinago ibili baita gu baino.
Euskaltzale jendeok, oro har, ez dugu ulertu zertan datzan Nafar gizartearen euskararen aldeko jarrera hori eta mezu okerrak bidali ditugu: euskara dela Nafarroako berezko hizkuntza bakarra, Erribera euskalduna izanaren topikoa, edo, beste maila espezializatuago batean, elebitasun orekatu egoeraren ezinezkotasuna agintzen duen egia zientifikoarena, zeinaren izenean, euskalgintzaren sektore garrantzitsuetan, elebitasun aukera guziak baztertu diren.
Hala ere, jende askok egin duen lan izugarriari esker, dudik gabe, eta gure gizartearen barneko korronte eta nahi sakon batekin sintonizatzen duelakoz, seguru aski, euskarak aurrera egin du, modu harrigarrian egin gainera.
Nago garapen honetan Nafarroako Administrazioek izan duten jarrera usu uste duguna baino garrantzitsuagoa ez ote den izan. Gehiegi inplikatu gabe, bainan ekimen ugariri babesa emanaz eta, orain arte ia beti, aldeko jarrera erretorikoa hartu baitu.
Oraingo egoeraren ondorioak
Psikologia aldetik euskaltzaleongan, oro har, nabari dira orain arte sentitu ez diren ziurgabetasun, zalantza eta asaldatzeak. Egoera politikoak gainditu egiten gaitu eta desilusio sakon bat jabetzen ari da, poliki poliki, geure asmo eta gogoez. Futbol partidan bi talde aurkarien menpe, inolako babesik eta defentsarik gabe dagoen pilotaren sindromea.
Hizkuntzaren bizitzan eskolak berebiziko paper garrantzitsua du. Iduritzen zait presio guzti hau, hasiera batean, zuzendua egon dela heldu den eskola-ikasturteari begira. Erasoa orokortu eta haundiagotu egin da ondoren, egoera politikoa gero eta aldekoagoa izan duten neurrian. Matrikulazioaren azken datuek asaldatu dute zenbait gizarte sektore, batez ere lehen aipatu dudan unibertsitateko hura eta bi alderdi politiko nagusien agintariak; eta, geroztik, haurrak euskarazko ereduetan ez matrikulatzeko etengabeko kanpaina batean egoten dira batzuk. Nafarroan arlo honetako gutxieneko eskubideak lortzeko, ereduen aukerarena edo ikastetxeen autonomiarena kasu, herrialde zibilizatu batean normala ez den borrokan ibili beharra dago.
Politikaren arloan eta hizkuntz legediarenean aldaketa larriak ditugu. Garai batean, zonalde ez euskaldunean hezkuntza publikoa euskaraz jaso ahal izateko aukerari batzuek, "indar metatze" prozesua bizkortzekotan edo, uko egiteko luxua izan zuten. Orain berriz, orduko luxu haiek garestiak ditugu. Erasoa larria eta erabatekoa da. Inolako espanturik gabe, biztanleak eta iritzi publikoa euskararen eta euskaldunen aurka jartzea da helburu zuzena. Euskararen Legearen edukin txiki horiek murriztu nahi dira eta Iruñerriko udaletan euskararen mesedean onetsi diren ordenantzak ezabatu nahi dira, udalen autonomiari muzin eginez.
Orain arteko Nafarroako Gobernuek halako "laisser faire" politika kontrolatua eraman dute, oro har, Hizkuntza Politika Zuzendaritzaren ekimen ugarirekiko eta euskal mugimendu guziarekiko. Hemendik aurrera badakigu konplizitate horiek bukatu direla eta Hizkuntza Politikak berak euskararen garapenerako kaltean jokatuko duela modu aktibo eta eraginkorrean.
Zer egin egoera honetan ?
Eraginkorra den ezer gutxi egin dezakegula iruditzen zait, baldin eta gu arnas hartzeko espaziorik gabe ere uzten gaituen, eta euskararen aurkakoei aukerak eta legitimazio antzeko zerbait ematen dizkien bortxakeria eta erasoen egoera honek jarraitzen badu. Hala ere, egoera hori konpontzeko, ez batzuek eta ez besteek aukera handirik ematen ez digutenez, geureari eustea besterik ez dugula iduritzen zait. Nik neuk hausnarketarako honelako proposamenak egiten ditut:
Jarrera eta ekinbideak
Euskararen aldeko lana Nafarroan gizarte zibilaren lana izan da nagusiki. Orain urte batzuk baino askoz ere egoera hobeagoan gaude; beraz lehen eginbeharra da orain arte lortutakoari eutsi eta aurrera jarraitu irabaziak ditugun posizio horietatik.
Dagozkigun hizkuntz eskubideak aldarrikatu behar ditugu, protesta eta aldarrikapen bide zibilizatuak erabiliz eta iritzi publikoaren presioa aktibatzen saiatuz; bide juridikoei ekin behar zaie, nahiz eta luzerako jotzen dutela jakin, eta nahiz eta honelako kasuetan gure epaile hurbilen inpartzialitatea noraino iristen den ederki ikasia dugun, ez baikara ahaztutzen Barañain eta irrati lizentzien kasuetako hemengo epaileek eman zituzten epai maltzurrekin.
Nafarroako euskararen aldeko taldeen artean elkargunea bilatu beharra dago; irekia, inork manipulatu gabea, araubide jakin batzuen legez funtzionatu eta erabakiak hartuko dituena. Lehen dimititu zuen Euskararen Kontseilu eta orain ezabatu den Hizkuntza Politika Zuzendaritzaren hutsuneak betetzeko, neurri batean bederen, eta Euskal munduaren barnerako eta kanporako erreferentzia eta gida izateko. Euskal komunitatearen ordezkaritza honek noski, txukun eta zarpailkeriarik gabe agertu eta jokatu behar du.
Euskaraz ez dakiten biztanleekin informazio zubiak antolatzea premiazko lana da. Euskal munduaren garapen, lorpen, disgustu, poz eta arazoen berri zuzena izan dezaten eta askotan jasotzen ari diren mezu gaizto eta manipulatzaileen aurrean erantzuna emateko bidea izateko.
Euskaldunak barnetik trinkotu, bizkortu eta hobetzeko egiten ari den lana izugarri garrantzitsua da eta bultzatu behar da. Era berean, estrategia berriak asmatu behar dira erabilera formaletarako euskarari hain balore txikia ematen dien euskaldunei zuzenduak, joera eta jarrera horiek gainditzeko.
Diskurtso berri baten bila
Euskararen berreskurapena kultur proiektu bat dela argi eduki eta azaldu egin behar da, ez hitzez bakarrik baizik eta eguneroko ekintzekin ere bai. Kultur proiektu garrantzitsua gizabanakoari zuzendua, bere euskalduntasunetik pertsona osatua, jasoa, gure garaian integratua eta. finean. zoriontsuagoa izateko bideratua.
Nafarroako berezkoa den hizkuntza piztu eta berreskuratzean datza asmoa, gizartea aberatsagoa eta errotuagoa izateko, gizateria osoarena den eta hemen egokitu zaigun ondarea etorkizuneko belaunaldiei ziurtatzeko.
Euskaldunak garen aldetik, hizkuntza eskubide besterenezinak ditugu, eta haiekiko begirunea eta babesa eskatzen da, gizalegean eta nazioarteko legedian oinarritua. Exigentzia hau euskaldun garen neurrian eta dagokigun lurraldean egiten dugu. Ez doa gazteleradunen hizkuntz eskubideen aurka. Beste hizkuntzak ikasi eta erabiltzea ez dugu arbuiatzen, baizik eta hortan ere lehenak izaten ohi gara eta izaten jarraitu nahi dugu. Asmoaren helburua eranstea da, aberastea, ez murriztea.
Gure diskurtsoak elebitasunaren aldekoa izan behar du, argi eta garbi. Elebitasun printzipioak hizkuntza minorizatuaren alde jokatzen du. Elebitasuna gure gizarte anitzean alboraezinezko exigentzia demokratikoa da. Gaztelerak duen leku bera nahi dugu euskararendako. Hiritarrak garen aldetik legitimitate osoa dugu Administrazio eta Zerbitzu Publikoen alorrean aldarrikapen hau egiteko.
Hizkuntza bat baino gehiago izatea ondare haundia eta gizartearen aberastasun seinalea da. Gaurko gizartean gaztelania -edota frantsesa- menperatzea izugarrizko pribilegioa da. Ez gaude prest horiek jakiteak ahalbidetzen duen kultur munduari eta nazioartean murgiltzeko ematen duen aukerei uko egiteko, beste arrazoreen artean, ikasi dugulako, berandu ikasi ere, gaztelania gure hizkuntz berezkoa ere badela, latinetik etorria eta hemen sortua, gure artean 2000 urteko bizitza duena eta bere baitan euskararen aztarnak ere badituena. Euskaraz inoiz mintzo zirela ziurtzat ezin jo dezakegun Nafarroako lurralde garrantzitsu baten hizkuntza da, Nafarroako Erresuma historikoaren benetako osagarri eta ardatza.
Ez dugu inor euskara ikastera behartu nahi. Argi eta garbi azaldu beharreko Pernandoren egia da hau, baina gizartearen zati bat gure inposaketa nahiaren mezu maltzurra jasotzen ari denez argitasunak emateko behartuak gaude.
Hizkuntzaren berreskurapen prozesua orain dela mende bat baino gehiago hasi zen Nafarroan. Izan dira orain arte eta izanen dira etorkizunean egoera zailak, gora eta beheranzko aldaera eta joerez beteak. Pazientzia behar dugu beraz, eta ongi jakin gaurko gizartean aurrera egiteko jendearen borondatea irabazi behar dela eta hiritarren gogoak erakarri; hori lortuko dugu bakarrik, guziekiko begirune haundiz, jakinduriaz eta guztiz jarrera demokratikoen bidez jokatzen badugu. Nik uste honela izanen dela edo ez dela izanen.


Azkenak
Adin txikikoak dira Osakidetzako genero identitateko unitatetik pasa diren erdiak

1.075 pertsona artatu ditu Barakaldoko ospitaleko genero-identitateko unitateak, 2016ean unitate hori martxan jarri zenetik. Erdiak baino gehiagok adin-nagusitasuna bete aurretik jaso zuen lehen arreta. Eta, kopuru osoaren herenak hamasei urte baino gutxiago zituen.


BBK Livek bisitarien oinarrizko hainbat eskubide urratzen ditu eta salaketa ipini diote

OCU kontsumitzaileen Elkarteak hiru arrazoi zehaztu ditu, horien artean kanpoko janaria eta edaria Kobetamendiko esparruan sartzeko debekua, eta eskudirutan edo banku-txartelaren bitartez ordaintzeko ezintasuna. Facuak aurreko urtean egindako salaketan zehazturiko arazoak... [+]


Arrazakeria salaketen erdiak Polizia jotzen du “agente diskriminatzailetzat” Bizkaian

Diskriminazioaren ahotsak txostenak zenbakitan jasotzen ditu 2023an Bizkaiko SOS Arrazakeriaren Informazio eta Salaketa Bulegoan pertsona ugarik agertarazitako esperientziak, eta haietan "arrazoi arrazista eta xenofoboen aurkako indarkeria, eraso eta diskriminazioak”... [+]


Meaka-Irimo bizirik!

Enpresa batek Irimo mendian zentral eolikoa eraikitzeko asmoa zuela iragarri zigun aspaldi batean haize kolpe batek. Gehienek ezin zuten sinistu, inondik ere. Are gutxiago Irimo mendiaren orografia eta izaera harritsua ezagutzen dituztenek. "Baina ba al dakizu ze nolako... [+]


2024-07-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektua hasia da konponketa lanak, landaketak eta formazio saioak egiten

Zestoako Iraeta auzoan, Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lurrak. Horiek modu kolektiboan erosteko dirua biltzen ari da Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkartea. 2025 bukaerarako dute hitzartua azken ordainketa, baina erosketa fasean egon arren,... [+]


Emakume alkateentzako jantzi erronkariarra diseinatu dute, Hiru Behien Zergan parte hartzeko

Larunbatean egingo dute San Martin Harriaren inguruan 600 urte baino gehiago dituen ohitura eta aurten emakume alkateentzako jantzi erronkariarrak prestatu dituzte, orain arte gizonezkoentzako baino ez baitzeuden.


2024-07-12 | Gedar
Pertsona bat atxilotu dute Gasteizen, faxista bati aurre egiteagatik

Orgullo Cazurro talde faxistako kide bati kontra egin zion atxilotuak, eta bideo batean jaso zuen hori. Guardia Zibilak atxiki du berriki, eta badirudi "gorroto-delitu bat" egotzi diola.


Donostian 300 pertsona baino gehiago “muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute

Donostian, 300 pertsona baino gehiago “pobrezia eta muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute Kaleko Afari Solidarioak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea taldeek. “Michelin izarrak dituzten zortzi jatetxe dituen hirian eta Basque Culinary Center... [+]


2024-07-12 | Euskal Irratiak
Cyclopotes elkartea: Ikusmenik gabeko jendeen inklusioaren alde, bizikletaz ibiltzeko

Angeluko Cyclopotes elkarteak ikusmen-gabeko jendeer parada ematen die bizikletaz ibiltzeko. Tandem club des déficients visuels du zinezko izena elkarteak eta 2004ean sortu zen. Joan den astean Amikuze eta Oztibarren gaindi pasa dute aste osoa, egun guziez ibilbide... [+]


Kataluniara itzuli dira Tsunami auziko erbesteratuak

Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.


Maximo Aierbe hil da, Euskaldunon Egunkariaren sortzaileetakoa

Bere sorterri Ataunen hil da Maximo Aierbe Muxika, 74 urterekin. Euskaldunon Egunkariaren sortu aurreko eta ondoreneko urte malkartsuetako eginahaletan parte hartu zutenek gogoratuko dute proiektu berriaren akziodun bila hainbeste lan egindako gizon hura. Disziplina eta... [+]


2024-07-11 | Uriola.eus
Gentrifikazioaren aurka, pisu turistiko bat okupatu dute Bilbon

Bilboko AZET plataformak pisu turistiko bat okupatu zuen atzo, auzoaren turistifikazioa salatzeko.


Fronte Herritar Berria garaile atera da, eta hirugarren kokatu da eskuin muturra

20:00etan atera dira lehen datuak, harridura orokorra eraginez: zundaketa guziek lehen kokatzen zuten eskuin muturreko RN hirugarren atera da eta ezkerreko FHB Fronte Herritar Berria garaile. Gehiengoan edota gehiengo osoan ikusten zen RN Batasun Nazionalarentzat zaplaztekoa... [+]


Anibal direktiba
Urriaren 7an Israelgo Armadak bere soldaduak eta zibilak ere hil zituen, ‘Haaretz’-en arabera

Israelgo egunkari Haaretz-ek hilabeteetako ikerketa egin du Israelgo Armadak iragan urriaren 7an Hamaseko erasoari nola erantzun zion aztertzeko. Armadako soldadu eta ofizial ugarirekin hitz egin du eta ondorioa argia da: Israelek Anibal direktiba indarrean jarri zuen, aurretik... [+]


Eguneraketa berriak daude