Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikasleek jasotzen duten hezkuntza 'indarkeria egoeraren arrazoi zuzena' dela dioten PP, PSE-EE eta UA alderdiek, legez besteko ekimen bat bultzatu zuten Eusko Legebiltzarrean aurtengo ikasturtearen hasieran. Zertan dago auzi hau? Eusko Legebiltzarrean gauza nahiko arraroak gertatzen ari dira ikasturte politiko honen hasieratik. Esaterako, PP, PSE-EE eta UA bat eginik ikustea. Hori, berez, arraroa da. PP eta PSOE ez baitira egundo bat etorri hezkuntza egituratzeko orduan. Orain arte hezkuntza antolatzerakoan izan dituzten ezberdintasunen gainetik bat egiten dutela agertu nahi badute ere, egoera honek benetan erakusten diguna ez da hezkuntzari lotuta dagoen eztabaida bat, bizi dugun egoera politikoari loturiko eztabaida bat baizik.
Antza denez, geroz eta errazago moldatzen dira PP eta PSE-EE Eusko Legelbitzarrean.Bai. Funtsean, oposizioko alderdiek Eusko Jaurlaritzari eusten dion gutxiengo hori nabarmendu nahi dute ostiraleroko bilkuretan, horretarako hezkuntz eremuan bat egin behar izan duten arren. Gauza batzuetan, beharbada, errazago dute ados jartzea, euskal nortasunari atxikiriko gauzetan, esaterako. Baina ez dira bakarrik horretan ados jartzen, edozein gauzetarako baizik. Eta harritzekoa da, PSE-EEk hainbat urtetan Hezkuntza Saila honen ardura izan zuelako, eta duela bi urte Gobernuan zegoelako. Neronek ez dut sail honetako politika aldatu, eta PSE-EE hemen zegoenean finkatu ziren ildoak mantentzen ditugu. Beraz, alderdi hauentzako kontua ez da hezkuntz eremua ondo edo gaizki lantzen ari garen. Testuinguru zail batean gaude eta edozer gauzak balio du gauden egoera politikoaz baliatzeko.
Gauzak horrela, nola egin diezaioke aurre Hezkuntza Sailak Espainiako Hezkuntza Ministerioak garatu nahi duen DBH eta Batxilergoaren erreformari? Gernikako Estatutuak hezkuntz eremuan ematen dizkigun eskuduntzak erabatekoak dira, arau orokorrei dagokionean salbu. Orduan, arazoa arau orokor hauei buruz egiten den interpretazioan datza. Hor dago koxka. Arau orokorra izan daiteke, esaterako: eskolaren gestioan gurasoek, ikasleek eta irakasleek parte hartuko ote duten edo ez erabakitzea, edota gutxieneko parte hartze bat izan dezaketen zehaztea. Beraz, gauza bat da estatutuak damaizkigun eskuduntzak hainbat lege organikoak mugatuak direla (hori aspektu bat da) eta beste bat da, lege dekretu honen aurrean zer egin dezakegun.
LOGSE deritzana sartzen da jokuan dekretuak zehaztean. Azalduko al diguzu zertan den dekretuen auzi hau? Dekretu hauek LOGSEren barruan araututa daude nolabait. LOGSEk, Espainiako estatuak irakaskintzaren gutxieneko batzuk jarri behar dituela dio, eta eskuduntzen % 55 bat gurea dela; Eusko Jaurlaritzarena alegia. Edonola ere, oso zaila da hori neurtzea. Alegia, nola neurtzen ditugun ehunekoak, gairik gai? Hala ere, nik garbi dudana da, hezkuntza sailburua naizen aldetik, estatutuak ematen digun % 55 jarriko dudala mahai gainean. Azken batean dekretuak nik egin behar ditut. Kurrikulumak edo irakasten diren gaiak hezkuntz sailburuak zertzen ditu. Aipatuko gutxieneko horiek bete behar ditut, baina dekretua nik egiten ditut, eta gutxieneko horiek % 55 horien bidez finkatzen dira.
Auzi hau urrutitik dator. Garai batean, Esperanza Agirre "Humanitateen dekretua" aldatzen saiatu zenetik. Zertan geratuko da auzi hau, historia irakasgaia esaterako? Alderdi Popularrak "Humanitatearen Dekretua" delakoa, hezkuntz politikaren oinarri bezala joan zeneko legealdian planteatu zuen jada. Orduan ezin izan zuen ekimena aurrera atera, bai gure gobernutik bai katalan, kanariar nahiz andaluziarren gobernuetatik aurre egin genielako. PSOE ere une hartan kontra atera zen eta Esperanza Agirrek bere dekretua gorde behar izan zuen. Baina bere nahia gordean atxiki dute antza, eta orain gehiengo osoa dutela ikusirik, oposizioa kontra ala alde egon, beren nahia edo helburua aurrera atera nahi dute.
Hartara, zernolako gerorik espero duzu Pilar del Castillo ministro berriarekin ? Dekretuen auziaren atzean betiko leloa dago. PPk ez du inolaz ere nahi, esate baterako, euskaldunok eta katalanek ditugun nazio ezaugarriak gure hezkuntz sisteman azal daitezen. Hartara, PPk betiko historiaren irakaskuntzara itzul gaitezen nahi du. Ez dakit nola gauzatuko dituzten dekretu horiek baina joan den legealdikoak ezagutzen ditut, eta funtsean, nahiz eta orain gauza gutxiago ekarri, azken batean, helburu berbera dute. Hau da, nik ikasi nuen historia berbera irakastea. Horrekin nahi dute Espainia eta bere Estatuaren ikusmolde osoa eta bakarra ematea. Ez dute lekurik eman nahi gure historia, eta funtsean, gure nortasuna eta kultura erakuts ditzagun. Horretarako lekurik ez.
Auzi honek eraginik izango ote du unibertsitate mailako irakaskuntzan? Eusko Jaurlaritzak ez du eskuduntzarik irakaskuntzaren mail horretan, ezta? Unibertsitateko irakaskuntzak ez du deus ikusterik auzian dagoen kasuarekin. Unibertsitateek irakaskintzaren plangintzak jartzeko ahalmen osoa baitute; erabateko autonomia dute unibertsitateek. Guk ez dugu eskumenik, guk beren plangintzak onartzen ditugu. Aldi berean baina, Unibertsitateak burujabeak dira ere Espainiako Gobernuarekiko. Adibidez, hor dago Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) historia saila PPk, PSE-EEk eta UAk esandakoaren erabat kontra azaldu izana. EAEn ematen den historia zientifikoa dela esan zuen EHUk, edo behintzat ez dela beste lekuetan ematen dena baino azientifikoa.
Euskal Herritarrok taldeak, bien bitartean, zera dio auzi honen inguruan: EAJk eta EAk ukatu egiten dutela "euskaldunoi ukatu egiten zaigunik hezkuntza sistema propioa". Zer iritzi duzu zuk? (Irriak) Beno, egia da, guk baditugu gure mugak geure hezkuntza sistema geure erara antolatzeko. Muga dezente zenbait gauzetan. Hori horrela da, eta aitortu behar da. Izan ere, estatuaren eskuduntza esklusiboa gurea izanik ere, oinarrizko arau batzuk daude. Kontu da ordea, ea ba ote dagoen hobeagorik edo hobeagorik egin daitekeen.
Estatutua onartu izan ez bagenu, ziur aski ez genuke izango egun dugun hezkuntz eremua, ezta berau antolatzen ari garen bezala antolatzerik. Eta lehen zegoen hezkuntz sistema beretsua indarrean legoke. Ikusirik duela 22 bat urte zegoen hezkuntz sistema eta gaurkoa, inork ezin du ukatu -euskal ikuspegi batetik oro har harturik- aurrerapausu ikaragarriak eman ditugula. Orain hogei bat urte zenbat ikasle ari ziren euskaraz ikasten gogoratzea baino ez dago, zenbat irakasle euskaradun zegoen eta egun zenbat dagoen. Orduan, irakasleen % 4 baina ez zen gauza euskarazko irakaskuntza emateko. Egun, berriz, % 70 da. Irakaskuntzan ari diren haurren portzentaiak ikusi baino ez dago: % 75 D ereduan eta % 15 B ereduan. Ukaezinezko errealitatea da. Hori hezkuntza sistema propio egitea da, ezta? Hemen gauzak ez dira egiten bat-batean edo espiritu saintuaren aginduz, hemen hezkuntzaren ahalmena erdiesteko lan egin behar da. Nahiz askotan, uneon bezala, egin nahi duguna egiteko oztopoak izan eta gure eskuduntzak gorde ahal izateko mutur joka ibili behar dugun Espainiako Hezkuntza Ministerioarekin.
Hala ere, EAEn ematen den historiari buruzko ikasgaia kalitatekoa dela uste duzu? Ni ez naiz historialaria, eta ezin dut esan historia ikasgaia ondo ematen den edo ez; ezta eztabaida horretan sartu ere. Nik garbi daukat gure eskuduntzen arabera ondo erakuts daitekeela historia. Noski, ikusi beharko litzateke ere zer den euskal historialaria izatea. Ziur aski, historialarien artean izango dira historian zehar gertatu izan direnak modu batera eta bestera interpretatzen dituztenak. Nire iritziz, hemen, gure herrian gertatu dena, zientifikoki ezagutu behar dugu. Gero interpretazioak daude eta bi historialarik, nahiz eta leku berean hezituak izan, interpretazio ezberdina emango diote gure historiari. Ez dut uste, halaber, ikuspegi bakarra ematea ondo dagoenik, edo hala behar duenik. Helburua herri honi gertatu zaiona zientifikoki agertzea izan behar da; herri honen sorreraz geroztik zer gertatu den eta bere historia nola gauzatu den erakustea. Gero, noski, zientifikoki ematen dena bakoitzak nola ulertzen duen dago. Baina guk ditugun eskuduntzen % 55ekin egun badago gure historia zientifikoki emateko aukera.
Bestalde, elkarrizketa hitza agertu da berriz ere testuinguru politikoan. Zuk zein elkarrizketa mota hobesten duzu? Euskaldunok dugun gatazkak edo beste edozein herri batek izan dezakeen gatazka bi eratara gainditzeko posibilitate daude. Bat, alde batek irabaziz, eta hori egurra ematen lortzen da. Eta bi, elkarrizketaren bidez. Gatazkatik irtetzeko eta arazoak soluziobidean jartzeko, bigarrena lehenesten dut nik. Elkarrizketa behar-beharrezkoa da. Arazoa da, ordea, elkarrizketa nola gauzatzen den, hori, berez, korapilotsua baita.
Elkarrizketak hemen dauden sentsibilitate ezberdinak hartu behar ditu, bai abertzaleen arteko ezberdintasunak edo euskal abertzale edo abertzale espainolen artekoak. Kontuan hartu behar dugu anitzak garela, planteamendu ezberdinak ditugula etorkizunari buruz. Egoera normalizatu bat lortu ahal izateko adostasun batera iritsi beharko dugu, alde bakoitzak beste aldeak noraino eman dezakeen kontuan hartuz. Halaber, elkarrizketak politikoa izan behar du, ez dut dudarik. Hemen bi motako gatazka ditugu edo dugun gatazkak bi perfil ezberdin ditu. Alde batetik, Espainiako nahiz Frantziako estatuekin harremanak garatzerakoan agertzen diren sentsibilitate ezberdinak daude, eta aldi berean, euskaldunon arteko harremanak eta ikusmoldeak garatzerakoan ditugun perfil ezberdinak daude. Denon arteko elkarrizketa behar da, aurrebaldintzarik gabeko elkarrizketa honek alderdi politikoek duten ikuspegi politikoa mahairatzea ekarri behar du.
Zein aurrebaldintzarik gabe, kasu? Elkarrizketa gauzatzeko lehen premisa baldintzarik ez izatea bada, ez dut uste arazoa elkarrizketa demokratikoa izatea edo ez izatea denik. Kontua da besteen jarrerak onartzea. Esate baterako, elkarrizketa mahaian esertzeko ez da euskal subjetu erabakitzailearen esparrua baldintza bezala onartu beharrik, ezta Espainiako Konstitutuzioa derrigorrez onartu beharrik ere.
Hauteskundeak burutu osteko EAJ, EA eta PSE-EEren arteko gobernu bat ontzat emango ahal zenuke? Une honetan ez naiz EAko zuzendaritzan, eta hori erantzutea, noski, alderdiaren Batzar Eragileari dagokio. Aukera ezberdinak izango dira eta hori erabakitzea ez da nire kontua.
Baina ikuspuntu bat izango duzu. Gehiegi hitz egiten ari da haustekundeei buruz eta arazo handiena ez da hausteskundeak burutzea. Arazo nagusiena egun bizi dugun egoera hau gainditzea da. Egoera honek biolentziaren ezaugarria du bere baitan, eta aldi berean elkarrizketa politiko ezarena. Eta ez naiz arazo politikoari bere osotasunean irtenbide bat emateko elkarrizketa beharrezko horretaz ari, baizik eta politikoen arteko eguneroko elkarriketa ezaz. Eta hau bai behar dugula zuzendu aurrerapausoak eman nahi baditugu. Hauxe baita lehen urratsa elkarrizketa politikoari heldu ahal izateko. Ikuspegi honetatik garrantzitsua litzateke, abertzale ez den munduarekin harreman askoz ere leunagoak izatea. Ez dakit horrek gobernu akordio batera eraman behar gaitzakeen, baina oso da inportantea gaur egun dagoen eten politikoarekin bukatzeko.
Urte bat luze joan da EAko idazkari nagusi kargua utzi zenuenetik. Zauriak itxi al dira EAren baitan? (Irriak) Dimititu nuenean esan nuen orduan baino ez nuela hitz egingo nire dimisioari buruz. Eta hitz hori bete egin dut. Denok ezagutzen ditugu EAko azken kongresuan eman ziren emaitzak eta gehiengo bat atera zela. Gehiengo horrek planteatu duen estrategia ez da bakarrik gehiengo horrena, baizik alderdi osoarena. Beraz, nirea barne. Ni Hezkuntza Sailburu lanetan ari naiz, besterik ez... (Irriak) . Egia .