EUSKARA IKASGELATIK KANPO ENTZUN DADIN

  • D ereduan jarduten duten eskoletan, haurrek ikasgelatik ateratzean euskaraz egitea ez dago ziurtatuta. Izan ere, gaztetxo asko erdaraz hasten dira klaseko atea itxi bezain pronto. Hori saihesteko, hiru plangintza daude abian Euskal Herrian: "Euskaraz Bizi", Hizkuntz Normalkuntza Proiektua eta "Euskaraz Mintza".
Euskaraz Bizi" ikasleen euskararen erabilera areagotzera bideratuta dagoen proiektua da. Bere helburua haurrek euskara eskolan eta eskolatik kanpo gehiago erabil dezaten da. 1980an jarri zen martxan Lizarrako Ikastolan, gisa honetako proiektu aitzindaria izanik. Berehala hedatu zen beste zenbait ikastoletara ere eta gaur egun ikastola gehienek parte hartzen dute proiektu honetan. "Euskaraz Bizi"ren sortzaileek zera ikusten zuten: ikastola era egokian profesionalizatu eta egituratzeak haur eta gazteen hizkuntz gaitasunaren hobekuntza nabarmena ekarri zuela; alabaina, begi bistakoa zela ez zuela era berean euskarazko jokabide eta komunikazio bat-batekorik garatu euskaldunen aurrean. Hau da, ezagutza bai, baina erabileran ez zela aurrerapausorik nabaritzen. Horrela, gabezia horri erantzuteko asmoz sortu zen proiektu hau.
Ideia nagusia haurren jarreran eragitea da euskaraz egin dezaten gelan, jolastokian, etxean eta kalean. Programazio aldetik edukiak landu arren, askotan haurraren jarreretan ez zela eraginik lortzen konturatu ziren proiektuaren sortzaileak, eta biak lantzea garrantzitsua zela, bai edukiak eta bai jarrerak. Horrela, haurren jarrera afektiboa gara zedin ikasleen motibazioan eragin behar zela ohartu ziren. Eta noski, jarrera horretan eragina duten alderdi guztiek parte hartzea garrantzitsutzat jo zuten; ikaskideek, lagunek, irakasleek, gurasoek, eskolaz kanpoko elkarteek...
Planteamendu horiek aurrera eramateko, urte hauetan zehar hainbat plangintza eta estrategia garatu dituzte ikastoletan. Hasteko, lehenbailehen hasten dira euskara erabiltzen, hots, hiru urte baino beranduago ez. Euskara erdararekiko menpekotasunik gabe sorrarazten dute. Euskararekiko identifikazioa bitartekari koherente eta tinkoen bidez egiten da, eta harremanetarako baliabide eta egoera babestuen egiturak erabiliz. Horrela, pixkanaka-pixkanaka barneratzen joaten da. Ikasleen joera eta gaitasunak kontuan hartzen dira. Finean, euskararen aldeko joera areagotuko duten ekintza, mezu erakargarri eta diskurtsoak bilatzen dira. Adibide batzuk ematearren; berri onak ematen dira (eskutitzak, telegramak, bisitak...), txapak egiten dira, txikien jolas orduetan helduek aktiboki hartzen dute parte, antzerki emanaldiak egiten dira, horma irudiak, jolas kanpainak, bertsolaritza, Argitxo pertsonaiaren sinbologia erabiltzen da...
Jarduera horiek guztiak ongi bideratzeko ezinbestekoa da irakasleak eta gurasoak inplikatuta egotea eta elkarlanean jardutea. Irakasle guztiek irizpide berarekin eta elkarlanean jardun behar dute. Bestalde, gurasoak ere hor daude, eta horien inplikazioa ere garrantzitsua da. Haurren mundu afektiboan duten eragina ikusita, berebiziko garrantzia du eskolan egiten den lanak etxean ere jarraipena izatea: lagun bati telefonoz deitzea euskaraz hitz egin dezan, euskarazko ipuinak kontatzea, euskarazko antzerki, txotxongilo, pailazo edo zine emanaldiak ikustera joatea... Gurasoek horrelako ekintzak bultzatzeak euskararekiko espektatiba positiboak sortzen ditu haurrarengan.
Dena dela, "Euskaraz Bizi" ez da ikasle, irakasle eta gurasoen arteko zerbait. Eskolatik kanpoko esparrua ere lantzen du. Izan ere, haurraren eremua ez da gelara, jolas ordura edota etxera mugatzen. Eskolaz kanpoko hainbat jardueretan eta elkartetan parte hartzen dute, eta horien jarduna euskaraz izan dadin saiatzen dira ikastolakoak. Azken batean, begiraleak eta zerbitzuak euskaraz eskain ditzaten lortu nahi da.
Urte hauetan guztietan egindako lanak izan du emaitzarik. Egin diren neurketek erakutsi dutenez, ikasleen erabilera areagotu da. Halere, gauza batetaz ohartu dira: Haur eta Lehen Hezkuntzan egindako lanak jarraipena behar duela DBHn eta DBHOn. Bigarren Hezkuntzan apenas egin da ezer orain arte, eta erronka berri horri heldu diote. Proiektua nerabeen ezaugarrietara moldatu behar izan dute, eta ikasleen protagonismoari eman diote garrantzia. Ondorioak, hurrengo urteetan ikusiko dira.


Hizkuntz Normalkuntza Proiektua.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak orain dela lau urte jarri zuen martxan Hizkuntz Normalkuntza Proiektua euskararen ahozko nahiz idatziko erabilpena arlo guztietan normaltzen laguntzeko helburuz. Hasieran 23 ikastetxe pilotuk hasi zuten esperientzia hartan gaur egun 308 ikastetxe daude; pribatuak eta publikoak, Lehen Hezkuntzakoak eta Bigarren Hezkuntzakoak. Borondatezkoa den proiektu honek dimentsio itzela hartu du, beraz.
Partaide diren ikastetxeek hasieran Eskoriatzako Irakasle Eskolaren, Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) eta Euskal Kulturaren Batzarrearen (EKB) aholkularitza eta formakuntza jaso zuten proiektua bideratu ahal izateko. Egun UEU eta Sei elkartea dira ardura zuzen hori dutenak, eta Eskoriatzako Irakasle Eskolaren eta Ikastolen Elkartearen laguntza ere jasotzen dute.
Ikastetxe bakoitza desberdina izaki, bakoitzak bere proiektua diseinatu du bere ezaugarrien eta egoera soziolinguistikoaren arabera. Ondorioz, bakoitzak bere garapena darama. Dena den, guztiek antzeko egitura jarraitzen dute: ikastetxean proiektuaren ardura daukan euskarako arduradun teknikoa dago, Pedagogia Aholkularitza Teknikoetan (PAT) hizkuntz arduraduna, eta aholkularitza eta formakuntza ematen UEU eta SEI. Guztien artean euskararen normalkuntza bultzatzeko plangintza burutzen dute, zeinak ikasleak, irakasleak, gurasoak, langile ez-irakasleak, herriko elkarteak eta udala inplikatzen dituen.
Orain arteko lanaren emaitzez mintzatzean, balorazio positiboa egiten dute arduradunek. Esaterako, nabarmena izan da oso irakasleen euskalduntzea. Euskara maila hobetzeko Iralen eta beste ikastaroetan parte hartu duen irakasle kopurua 100dik 200-300era igo da. Halaber, irakasleen eskaera ere aldatu egin da; terminologia zehatza, materiala sortzeko prestakuntza eta abar eskatzen dute orain.
Gurasoen inplikazioa errazteko hainbat formula asmatu dira: haur txikientzako elikadurari buruzko hitzaldiak, abestiak eta jolasak ikasteko ikastaroak, euskaltegietako ikastaroen egokitzapena... Eskolaz kanpoko jardueren antolatzaileekin ere harremanetan daude ikastetxeak beroien eskaintzak euskaldun ditzaten.
Hornitzaileekin dituzten harremanei dagokienez, 308 ikastetxeek talde bezala egiten dituzte eskaerak, eta horrek harremanak euskalduntzeko erraztasunak ematen ditu.
Nafarroan eta Iparraldean ere horrelako proiektuak garatu izan dira. Iparraldean Seaskako ikastolak izan dira horrelako urratsak eman dituztenak. Nafarroan, bestalde, Sortzen elkarteak bultzaturik 1996/97 ikasturtean sei ikastetxek heldu zioten proiektuari. Dena dela, zailtasun eta gorabeherak izan dituzte berau aurrera ateratzeko. Momentu honetan Nafarroako Hezkuntza Departamentuko euskara teknikariak EAEko Hizkuntz Normalkuntza Proiektuko formakuntza ikastaroetan parte hartzen du.


Euskaraz Mintza.

Sortzen-Ikasbatuaz-en "Euskaraz Mintza" izeneko proiektua ere aurreko bien ildo berean koka dezakegu. Euskal Herri osoko hainbat ikastetxe publikotan abian den proiektu pedagogiko honen helburu nagusia haurrek kaleko euskararen erregistro hurbilak ezagutzea da euskararen garapen integrala ahalbidetzeko. Horretarako, proiektuak jolasak ditu oinarri eta horien bidez bultzatu nahi da haurren arteko hizkera arrunta. Izan ere, ikasleak gelatik at euskara erabiltzeko gai izan daitezen, garrantzitsua da kaleko euskara arruntaren erregistroa menperatzea. Zeregin hori zuzenean eskolari ez badagokio ere, ekarpen esanguratsua egin dezake. Zeren, guraso askok erdaldunak edo euskaldun berriak izanik, ez baitaukate euskarazko erregistrorik haurrei erakusteko. Irakasle askorekin ere gauza bera gertatzen da, eta askotan denbora falta izaten dute. Horregatik, Urtxintxa Aisialdi Eskolako begiraleak dira proiektuaren gidaritza daramatenak.
Begirale horiek 12 orduko ikastaroak eman dizkiete irakasleei eta ondoren haurrekin batera denak jolas orduetan ibili dira. Zenbait ikastetxetan jangelan egin dituzte jolasak. Iparraldean, berriz, antolaketa desberdina izan da. 20 ikastetxe publikoetako euskarazko irakasleek jaso dute ikastaroa eta norberak bere eskolan jarriko du praktikan.
Ikastaro horietan jolas tradizionalak erakutsi dizkiete irakasleei. Bitarteko hori aukeratzeko arrazoi bat baino gehiago egon dira. Alde batetik, jolasek duten balio pedagogikoa. Bestetik, egokiak dira lehiakortasunik sortzen ez dutelako, eta jolas horiek errekuperatzea interesgarria da kirola lekua kentzen ari baitzaie. Azkenik, telebistak eta beste medioek eskaintzen ez dituzten hizkuntz ohiturak jasotzen dituzte jolasen bidez. Hemendik aurrera gurasoei ere jolasak ikasteko aukera luzatuko zaie, horien betebeharra ere funtsezkoa dela ikusirik.
Ikasleen euskararen erabilpena gelan nahiz gelatik kanpo areagotzeko urratsak eman badira ere, oraindik lan handia dago egiteke. Eta ez da ahaztu behar arazo hau ez dela eskolara mugatzen, gizarte osora baizik. Eskola bere ekarpena egiten ari bada ere, gizarteko beste arloen lana ere beharrezkoa da.

"EUSKARAZ MINTZA": EUSKARA KOMUNIKAZIO HIZKUNTZA GISA GARATZEKO PROGRAMA
Euskaraz Mintza" euskara komunikazio hizkuntza bezala garatzeko programa da. Bere helburu nagusia hizkuntza egoera normalizatu batean etxeko edota lagunarteko giroak umeei eskainiko lizkiokeen hizkuntza erregistro ez formalak, hurbilak ematea da, beraien arteko komunikazioa euskaraz ahalbidetzeko.
Honen inguruan esan behar da programa hau beste bat dela eta beste posible askorekin ere osagarria izan daitekeela. Beste bat baino hobea edo kaskarragoa den edo ez esperientziak esan beharko du. Esan ere egin behar dut "Euskaraz Mintza" programak "Euskaraz Bizi"-rekin kontestu bertsuan ikusten dudala baino aipatu lez inoiz ere ez lehian. Euskaraz Bizi esperientzia orain arte behintzat Ikastolen Elkarteak eskaintzen zuen zerbitzuen artean egon da eta eskola publikoek ez dute parte hartzerik izan. Egoera hau gainditze bidean dagoela uste dut eta denontzat pozgarria izango da.
Esan dudan bezala "Euskaraz Mintza" programa kontestualizatu egin behar da, eta horretarako nola sortu den kontatzea baino hoberik ez dago. Jakina denez gaur egun dena planifikatzen da eta dudarik ez dago dena planifikatu egin behar dela erakunde bakoitzak eta erakunde bakoitzaren barrenean pertsona bakoitzak ere, gure kasuan hizkuntzaren inguruan, zein betebehar eta zein helburuaren atzean egin behar duen lan barneratzeko. Honek gero ebaluaketa posiblea egiten du. Beraz dakarren aurrerapausoa ez da txantxetakoa. Herri edo auzo mailan normalkuntzarako planak jarri dira martxan eta horiengan aurkituko du ikastetxeak zer funtzio eta zein eremu bete behar dituen bere hezkuntza proiektua definitzerakoan.
Ikastetxean edo irakaskuntza barrenean hau oso garrantzitsua suertatzen da askotan ikastetxe euskaldun baten funtzioa erdaldunei begira zehazten baita eta beraz Sorian egindako hezkuntza proiektua kopia daiteke arazo handirik gabe. Baina Sorian ikastetxe baten betebeharrak eta Euskal Herrikoenak antzik ez, ezta?
Beraz, ikastetxe bakoitzak euskararekiko diagnosia burutu ondoren hutsuneak azalerazi eta horiek gainditzeko bakoitzaren funtzioa eta egokiak diren programak sortzea du lehentasuneko lana; hau da, ikastetxeko hizkuntza plana diseinatzea. Hau da Hezkuntza Administrazio batek lagundu beharreko prozesua eta dakidanez Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian Eusko Jaurlaritzak egiten duena. Hau Katalunian derrigorrezkoa da eta Espainian beharrezkoa ez dena. Argi dago erdararen erabilpena erabat normalizatuta dutela eta bakoitzak bete behar duen papera ere garbi dagoela. Baina zorionez, inolako mespretxurik gabe, hau ez da Soria. Nafarroan eginkizun hau martxan jarri zen esperimentalki orain urte batzuk, Baskongadetan baino pixka bat lehenago, sei ikastetxetan. Honen ondorioz azkenean lortu dugu normalkuntzarako teknikaria jartzea Hezkuntza Departamentuko Euskara Zerbitzuan baino zorigaitzez horko agintari euskaldunek hizkuntza plangintzetan ez dutela sinesten esaten dute.
Asko luza daiteke gai honetaz hitz egiten, baina behin kontestualizatu ondoren zein zertan ari den ulertzea errazagoa delakoan nago. "Euskaraz Mintza" ikasleek euskaraz aritzeko duten oztopoaren aurrean gainditzeko tresna bat da, baina ez dago dudarik beste hutsune asko eta esanguratsuei erantzun behar zaiela, hala nola irakaslegoaren hizkuntza formakuntzari (Nafar Gobernuak aurten EGA gabeko -eta dakizuenez EGA ez da panazea- ehun eta piko irakasle kontratatu ditu D ereduetarako eta ausartu egiten da "entre bambalinas" D eredua porrota dela esaten.) dagokiona edota Formakuntza Zientifiko Teknikoa euskaraz eskaintzearen garrantzia.


Azkenak
Ertzaintzak Gasteizko Salburuan egindako “sarekada arrazista” salatu dute hainbat eragilek

Salburuako futbol kantxetan polizia-operazio planifikatu bat egin zuen igandean Ertzaintzak, eta Gasteizko GKSk nahiz Gasteiz Antirrazista eragileek salatu dutenez, bertan zeuden pertsona ugari identifikatu, miatu eta kolpatu zituzten. 


Euskal artista ugari izango dira Pirritx, Porrotx eta Marimototsi egingo dieten omenaldian

Ostegunean prentsaurrekoa egin dute antolatzaileek Maiatzaren 3an Bizkaia Arena-BEC!en egingo den ekitaldiaren xehetasun gehiago aurkezteko. Ikuskizuna euskal herrian ezagunak diren hogei pertsona baino gehiagok parte hartuko dute eta 14.000 ikuslerentzat izango da. 


Abdallah askatzearen alde agertu arren Parisko dei auzitegia, ekainaren 19ra atzeratu dute epaia

Baldintzapeko askatasunaren alde agertu bada ere Parisko dei auzitegia, ekainaren 19ra atzeratu du epaia, Georges Ibrahim Abdallahk ez dizkielako kalte-galerak ordaindu AEBei. Baldintzapeko askatasunaren alde agertu zen azaroaren 15ean Frantziako Zigorrak Aplikatzeko Epaitegia,... [+]


Ertzaintzak kolpatu zuen Donostiako emakumeari garunean bi ebakuntza egin beharko dizkiote

Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak adierazi du oraingoz ez dutela neurririk hartuko kasuaren inguruan, "gauzak ondo edo gaizki egin izanaren inguruko segurtasun edo ziurtasunik" ez duten bitartean. Ertzaintzaren agenteek eraso egin zioten emakumea "indarrik... [+]


Monte Perdidokoa galzorian dauden glaziarren artean sartu dute

Desagertzeko arriskuan dauden izotz-masak dokumentatzen dituen nazioarteko erregistro batek Pirinioetako Monte Perdido sartu du zerrendan.  


Analisia
Repsolek beretzat nahi ditu Urumeako mendiak, Euskal Herriko zentral eoliko handiena jartzeko

Josu Jon Imazen konpainiak helegitea jarri du Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Endesari “iruzurra” egitea egotzita. Adarra eta Mandoegi mendien artean 15 aerosorgailu, 28 kilometroko bidea eta 21 kilometroko linea-elektrikoa eraiki nahi ditu Repsolek, Euskal Herriko... [+]


Asko gara, etorri gurekin euskal eskola publikora

Heldu zaigu EAEn 2025-26 ikasturterako ikastetxeetan matrikula egiteko garaia, eta etxe askotan etxeko txikienak urrats berria emango du hemendik gutxira, irailean, eskolaratzea, alegia. Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideok apustu sendoa egiten dugu eskola publikoaren... [+]


Kuotak, ikastoletan

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria onartu zenetik, aurrerantzean hezkuntza doakoa izango dela behin eta berriro entzuten/irakurtzen ari gara. Eragile desberdinei entzun diegu, baita Hezkuntza Sailari ere, eta hedabideei eskaintzen dizkiegun elkarrizketatan... [+]


2025-02-20 | Manex Gurrutxaga
EH Bilduren barne kongresuaz: behin betiko integraziorako bidea

Hilabetearen hasieran egin zuen EH Bilduk III. Kongresua, Iruñean. “Ez ohiko ondorioak” ateratzeko balio duen “ohiko kongresua” omen da, edo horrela jaso dute behintzat Zutunik ponentzian, zuzendaritzak proposatu eta militantziak aho batez onartu... [+]


2025-02-20 | Sustatu
Euskorpora elkartea eta Euskorpus aurkeztu dituzte

Euskorpora elkartearen aurkezpen ekitaldi jendetsua izan da asteazkenean Donostian, eta Euskorpus izeneko egitasmoaren berri eman dute bertan. Euskorpus euskarazko hizkuntza baliabide digitalen banku bat izango da, eta 5 milioi pasa inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak bertan.


Trumpek Zelenskiri “diktadore” deitu ostean, guda amaiera aztergai Europar Batasunean ere

Azken egunetako giroa baretzeko asmoz eta Ukrainako Gerraren bukaeraz hitz egiteko elkartuko dira Trumpekin, ondoko astean, Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Keir Starmer Erresuma Batuko Lehen ministroa. Auzi bera aipagai, ostegun honetan elkartzekoak dira ere... [+]


2025-02-20 | Irutxuloko Hitza
Eñaut eta Joseba Alvarezen aldeko elkartasun dinamika abiatu du Piztu Donostiak

Urtarrila amaieran ezarri zieten 5.000 euroko isuna ordaintzen laguntzeko txartelak jarri dituzte Herria, Marruma eta Platero tabernetan.


Udaltzain eredu “hurbila” bultzatzeko, lan eskaintza bateratua egingo dute Zumaiak, Getariak eta Azpeitiak

"Konfiantza eta gertutasuna" oinarri izango duen Udaltzaingo eredua nahi dute Zumaia, Getaria eta Azpeitiko udalek. Horretarako, udalerri horiek ondo ezagutuko dituzten bost udaltzain kontratatuko dituzte elkarrekin eta hautagaiei B2 euskara maila ere eskatuko diete.


2025-02-20 | Gedar
Gasteiz eta Burgos artean AHTa eraikitzen hasteko lanak, aurrera

2.000 milioi euroko kostua izango dute AHT Madrilekin eta AVE trenarekin lotzeko aurreneko lanek. Asteburuan egin dute manifestazio bat Iruñean, AHTa eraikitzeko obretako esklabotza-baldintzak salatzeko.


2025-02-20 | Xuban Zubiria
Alemaniako hauteskundeak irabazteko faboritoa: Friedrich Merz kontserbadorea

Olaf Scholz lehen ministro sozialdemokratak berde eta liberalekin zuzendutako “semaforoaren” gobernu koalizioa hautsi zen urte amaieran. Igandean Alemaniako kantziler berria aukeratzeko hauteskunde orokorrak izango dira, eta, inkesten arabera, kontserbadoreen... [+]


Eguneraketa berriak daude