Guztira, urtean zehar 26 bat ekitaldi antolatzen ditugu hiru probintzitan". Asier Muniategi, Euskadiko Liburu Ganbararen euskara arloko arduradunaren hitzak dira horiexek. Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen dira bakarrik berak aipatutako azoka horiexek, baina horrek ere badu bere arrazoitxoa, ordea. "Azken batean, Eusko Jaurlaritzako babesa ere badugu, 15 milioi pezeta-edo (600.000 libera) ematen dizkigu urtero, eta horrek lurraldetasunaren zera mugatu egiten du".
Beraz, gehienbat Bizkaian eta Gipuzkoan ikusi ahal izango dituzu azoka hauek, eta Arabako lurraldeari dagokionez, Laudion eta Gasteizen. "Arabak ez dauka beste herri handirik, eta noski, herri txikietan oso zaila da azokak egitea, esfortzu handia eskatzen duelako".
Hona hemen Euskadiko Liburu Ganbaran elkartzen direnak: Euskadiko Editoreen Elkartea (euskarazko zein erdarazko liburuena, bistan da); probintzi bakoitzeko liburu saltzaileen elkarteak, banatzaileak, idazleak eta egileak. "Eta horien guztien menpean dago gurea, horiek guztiak baitaramatzagu herriz herri. Gutxi gorabehera, bakoitza nahi duen tokira joaten da, edota ahal duenetara".
PERUKO ERAKUSKETARIA ETA GUZTI
Erakusketari bakoitzak kuota bat ordaintzen du parte hartzen duen azoka bakoitzeko. Baina datozen guztiak ez dira EAEkoak. "Kanpokoak ere etortzen dira. Nafarroako ohiko liburudendak, Etxepare eta horiek, adibidez. Madril eta Bartzelonako argitaletxe indartsuenek ere parte hartzen dute. Eta, beti izaten da Leon, Valentzia, Andaluzia eta beste tokietako norbait, urtean zehar aldatzen badira ere. Peruko erakusketari bat izaten da beti! Munduko libururik txikienak saltzen ditu honek... Horrelako bitxikeri batzuk ere izaten dira gure azoketan. Guk ateak denontzat zabalik dauzkagu, lehentasuna etxekoei ematen zaien arren. Baina etxekoek betetzen ez baldin badute, bada, kanpokoekin osatzen da".
Zenbat salmenta postu du azoka bakoitzak? Sarritan, azoka egoten den plazak edo pasealekuak inposatzen du kopurua. "Bilboko Arenalean 60 bat stand jartzen ditugu. Handik kanpo ere jarri genitzazke, baina, zer gertatzen da? Jendeak ohitura batzuk dituela eta horiek ezin ditugula aldatu. Ibilbide arruntetatik at jartzen ditugun stand-ak, jendeak ez ditu bisitatu ere egiten. Arraroa, baina halaxe da. Oraintxe bertan, Eibarren izan dugu azoka bat, Unzaga plazan. Ez betiko plaza zaharrean, obratan dagoelako, alde berrian, bidetik beste aldera. Bada, nabaritu da!". Ohitura, burdinazko katea baino lokarri etengaitzagoa omen da...
ESKUMATIK EZKERRERA, BETI
Beste bitxikeria bat. Asier Muniategik baieztatzen digunez, azokara inguratzen den jendeak eskumatik ezkerrera egiten dio buelta beti, antza. "Lelokeria dirudi, baina kontuan hartu beharrekoa da, zeren urteak joan ahala hori horrela dela baieztatu dugu. Eta saltzaileek esan dezakete: bada, toki hobeagoa du eskuman dagoenak...".
Azoka hauetan denetarik dago. Nobedadeak gehienbat. Liburudenda handi bat da. Eta urte asko daramatzatenak honetan, jakin badakite herri bakoitzean zer duten gustukoen, esate baterako, "Eibarrera bazoaz, armak, urregintza eta horrelako gaiak eraman behar dituzu. Kostaldeko ez dakit zein herritara zoazela? Itsasoaz, arrantzaz eta abarrez diharduten liburuak ez ahaztu. Argi dago baita, gastronomia Euskal Herrian gai nagusienetakoa dela, gure historia eta politikarekin batera, jakina. Gehien-gehiena, berriz, nobela saltzen da. Batez ere gaztelaniaz".
EUSKARAZKO SALMENTAK
Asier Muniategi kezkatu xamar ageri da euskarazko liburuen salmentei dagokienean. Izan ere, azken urteotan halako jaitsiera bat ikusi dute azoketan. "Lehenago jendea militanteago-edo zen, liburuak erosterakoan. Orain produkzioa igotzen doa, editoreen aldetik urtez urte eskaintza zabalagoa da, eta nire ustez hobea. Baina, erosteko orduan, gaztelaniazko joera nabarmentzen zaio jendeari". Badira beti hiruzpalau idazle euskaldun salmenta nahiko itxurazkoak egiten dituztenak, baina orohar asko kostatzen da beste idazleen lanak saltzea, "eta 800.000 irakurle potentzial baldin bagara, nik uste dut horrek eman beharko lukeela salmenta kopuru dezentea, baina..." Zifratan: 150 liburu plazaratzen ziren urtero 1975ean. Gaur egun, berriz, 2.000 liburu baino gehiago. Hezkuntza aldetik asko zabaldu da, eta literaturan ere bai, jende berria eta onarekin gainera. Baina, proportzioan gutxiago erosten da. "Hobeto saldu beharko genuke produktua".
Geurea ez ei dakigu ondo saltzen, Muniategiren aburuz. Horretan ikasi behar handia omen daukagu euskaldunok. Badago beste arazotxo bat ere, euskal literaturan egin diren gaztelaniazko bertsioak direla-eta. "Gaztelaniazko bertsio horiei errazago heltzen diegu denok, jatorrizkoei baino".
Eta zer proportzioetan egoten da euskal liburua eta erdal liburua herrietako azoketan? Eskaintzen denaren %10-%15 omen da euskarazkoa. "Arazoa salmenta da. Guk zera egiten dugu: euskarazko liburuen stand-ak daramana babestu. Baina babesturik ere, saltzen ez bada... Euskal diskoa itxuraz saltzen da, berriz. Musika arloan hobeto gabiltza".
PROMOZIOAREN GARRANTZIA
Garrantzi handia ematen die Muniategik liburuei egiten zaien promozioei. Baina horretan ere hutsuneak nabarmendu ditu. "Liburuen aurkezpenak antolatzen ditugu, idazlea eramanez bere liburuak izenpetu ditzan, jendea hurbiltzeko eta zuzenean egilea ezagutu dezan... Bada, gehienetan, nahiko tristea izaten da, oso jende gutxi hurbiltzen delako. Horrek zer esan nahi du? Ez dagoela aurretiaz horrelako ekitaldirik bultzatuko duen talderik, idazlan horren inguruan eztabaidatuko duen jenderik. Pertsona zehatz batzuen kasuan biltzen da jendea, baina beti ezin gara Bernardo Atxagari edo Anjel Lertxundiri begira egon. Nire iritziz, literaturan zaletuak garenok behintzat, jakin beharko genuke noiz behinka idazleekin elkartzen...". Hori ematen den bitartean, ordea, bada Euskadiko Liburu Ganbarak egin dezakeenik. Eta baita egin ere: aurkezpenak egin, publizitatea, azoka bakoitzean bere inguruko berria sortu...
Liburuaren katean, hastapena idazlea da; hark argitaratu egin behar du; argitaletxeek, banatzaileak behar dituzte argitaratutakoa banatzeko, eta beste muturrean liburu saltzailea dago. "Kate guztia elkartzen dugu guk,
-dio Muniategik- eta hori da zailena, interesak guztiz desberdinak eta kontrakoak ere badaudelako erdian".
AURREKONTUAK
Azoka bakoitzera datozen guztiek kuota berbera dute. Gainera, Euskadiko Liburu Ganbarak lege bat ezartzen die: %10eko beherapena egitea. Horrek esan nahi du, normalean liburu saltzaileen etekina %30ekoa bada, azokara etorriz %20ean gelditzen zaiela. Eta hortik, etortzeagatik bakarrik dauzkan gastuak kendu behar ditu, "hau da, berrehun mila pezeta irabazteko, milioi bat pezeta liburutan saldu beharra du, eta hori ez da sarritan gertatzen". Beraz, askotan diru aldaketa bat baino ez omen da azokak ematen duena. Beste batzuetan, galdu egiten da. Baina promozioaren ikuspegitik ikusita, oso interesgarriak izan daitezke ere liburu azokak. "Azkenean, azoka bakoitzean hiru, lau, edo bost milioi saltzen dira, eta horrek sektorea mugitzen du. Eta gainera, erabat garrantzitsuena dena: urte osoan liburua protagonista egin ahal duzula herri batean edo bestean".
Baina, noski, argitaletxe eta liburu saltzaile askok ez dauka azpiegiturarik edozein momentuan azoketan parte hartzeko. Bestela, agian denda itxi beharra daukatelako. Bakoitzak aztertu behar du zernolako salmenta eskaintzen dion azokak, hau da, gastuak ordaintzeko emango al dion ala ez. Jende asko dagoen tokian salmenta onak egiten dira. Herri txikietan, berriz, esfortzu handiagoa egin behar izaten da... Eta kasu horietan, beste interes batzuk daude.
AUZO ETA HERRIETAKO LIBURUDENDAK
Euskadiko Liburu Ganbarak ez du batere begi onez ikusi PPk egin duena testu liburuetako beherapenak onartzean. "Espero dezagun hortik aurrera ez dela joango! Kalte handia egin du, batez ere liburudenda txikietan, eta guretzat derrigorrezkoa da auzo eta herrietako liburudendak hor izatea, horiek ematen baitute urte osoan zehar liburuak erosteko aukera. Azokak gehigarri bat izan behar du, ohiturarik ez duenari liburura inguratzeko ohitura sortzeko era bat. Baina, gero, erosle horrek liburu dendara jo behar du eta herriko liburu saltzaileari erosi, han adiskidetasun bat edo aholkuak eskuratuko dituelako".
Eta zenbat liburu mugitzen ote dituzte herrietako liburu azokek urtean zehar? Milioiak! Ezinezkoa omen da jakitea. Gutxi gorabehera, azoka bakoitzean hogei stand egon ohi da, eta stand bakoitzean, eguneko 500-600 liburu. "Kalkula ezazu!".
Muniategik dioenez, liburu zahar eta aukerazkoak gehiago saltzen dira nobedadeak baino. Merkeagoak direlako, apika. Gauza da, salmenta kopuruan, berdindu egiten omen dela batzuen eta besteen kopurua dirutan: liburu berri baten prezioan zortzi-hamar aukerazko liburu eros ditzakezu... "Nobela da gehien saltzen dena. Eta haur eta gazteen literatura. Hizkuntza guztietan gainera, baita euskaraz ere. Azoketan, haurrak dira onenak: 'Ama, erosi hau'... Diskoa, marrazki biziduna, ipuina...".
Adin eta ezaugarri ezberdinetako jendea inguratzen omen da azoketara. Jakinminak bultzata, asko. "Denetarik aurki dezakezu horrelako azoka batean: berez inguratzen dena, zerbait bilatzera doana, eleberriak direla-eta beherapenarekin merkeago erosiko dituela jakin eta erostera doana, paseoan ibili eta lagunekin bertan topo egiten duena eta beste abar luze bat. Orain, benetan jende jakituna eta zaletasun handia duena topatzen dugu. Eta horrek poz handia ematen du".