"BENETAKO IDAZLEA BERE NEUROSIAK BIZI DU"

  • Gaztea bere beroak bizi du, Goenkalen muztioa hartuta "Carla" noiz ikusiko, "Kapitain Frakasa"ren konplejuaz, "aise eman zenidan eskua" madarikazioka, "hamaseigarrenean, aidanez", "Kareletik" behera bota beharrean "hori egina zagok, txapas!" esango dion itxaropenez. Pena da abertzale erdalduna bere egoak bizi duela, herri hau bere lumak bizi duenean.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
H aurrei zuzendutako literatura ugari idatzi duzu. Zer bereizgarri hartu behar dira kontuan, haurrentzat idazterako orduan?
Lehendabizi garbi izan behar da umea irakurle bat dela, heldua bezalaxe, bere ezaugarriak dituena, eta haren irakurgaitasunean pentsatuta idatzi behar duzula. Umea irakulea da testuaren aurrean, umea baina irakurlea, eta errespeto osoa behar du: gertakizun literarioa seriotasun osoarekin eskaini behar zaio, helduari bezalaxe.

Eskolak gaur nola sustatzen du idatz eta irakur zaletasuna?
Filosofian bada axioma bat dioena: "Ez daukanak ezin dezake eman", salbuespen bakarra lotsa da: lotsarik ez duenak bakarrik ematen baitio besteari lotsa. Eskolak ezin du irakurzaletasuna eta haur literaturarekiko maitasunik eskaini, irakasleek maitasun hori ez badute. Liburua "totem" bat bilakatua dugu, baina azkenean haurra beti konturatzen da: "Irakaslea liburua oso garrantzitsua dela esaten ari zait, baina sekula santan ez dut ikusi liburua eskutan duela". Eskolan, lehendabiziko eginkizuna zaletasunai irakasleengan bultzatzea da.

Metodologia gisa, zer iruditzen zaizu haurrak liburuak irakurtzera behartzea?
Literatura plazerra bada, nik ez dut ezagutzen inor plazerrera behartuta jotzen duenik. Beste gauza bat da bideak jartzea literatura maitatzen has daitezen. Literatura derrigortzea gero literatura gorrota dezaten zigortzea da. Ezagutzen ditut kasuak, 12 urteko neska-mutilak nik idatzi ditudan liburu zailenak (demagun "Carla") irakurtzera behartu dituztenak. Eta kasu asko dira. Duela gutxi, karrera bukatuta duen batek kontatzen zidan, nola 14 urterekin behartu zuten nire "Kapitan Frakasa" irakurtzera, eta 14 urterekin ni gorrotatu egiten omen ninduen. Norbaitek gomendatuta iritsi da nobela berriro irakurtzera, eta orain irakaslea gorrotatzen omen du.

"Carla"n arrakastaren aurka ari den artista da protagonista.
Kasu horretan marrazkilari baten sorkuntza krisiaz ari naiz: ofizioa menperatzen du, ofizioak funtzionatzen dio, eta errutina batean eroria dago. Errutina da beldur gehiena ematen diona. Arrakasta handia du, mundu guztiak onartzen dio egiten ari den lana, baina bera ez dago bere buruarekin gustura. Orduan aldaketa izugarri bat ematen du, iritzi orokorraren kontra. Marrazkilari hori ni ere banaiz. Liburu asko idazten nituen, ondo zihoakidan kontua, baina ez nengoen pozik, eta krisi horren aurrean norabide aldaketa baten beharra nuen.
Benetako idazle bat bere zoroak bizi du, bere neurosiak, eta azkenean idazleak bere neurosia kontatzen du. "Carla"ko pertsonaiak ere eromenean bukatzen du: zoramen hori azken muturreraino eraman nuen liburuan, sortzailea bere pertsonaiekin identifikatzerainoko prozesua islatzearren.

Zure krisian beste pauso bat eman nahi zenuen. Norantz?
Ez nekien. "Carla"n muturreraino eramanda daude bai gaia eta baita euskara ere. Muturreraino eramanda, nik neuk esperimentatzen dut gauza asko. Adibidez, sintaxiaren aldetik, "Carla"n Altuberen sintaxia azken muturreraino eramana dago. Gero konturatzen naiz horrek ez didala balio aurrerantzean egingo ditudan lanetan. Baina balio ez didala jakiteko, lehendabizi egin egin behar dut. Niretzat liburu hori garrantzitsua da nire literaturgintzaren lehena eta geroa markatu duelako; propaganda dietetikoetan agertzen den lehen-orain horren moduko medizina izan da "Carla" niretzat.

Ez al da aldrebesa, gizarteak estimatzen zaituenean zeure buruarekin gustura ez egotea?
Aldrebesa ez, koherentea da. Artean ezin da behin eta berriro gauza bera errepikatu. Artea berez bilaketa prozesu bat baldin bada, galderak egitea bada, ezagutzen denarekin eta arrakasta duenarekin ezin da galdera askorik egin, eta orduan beste zerbaiten bila jo behar duzu. Noski, askoz ere atseginagoa da bestea, baina horrek ez ninduen asetzen.

"Carla"n pertsonaiek bizitza hartzen dute... zergatik?
Bizitza hartzea, pertsonaiak nolabait egilearekin asaldatzea, joko bat da. Nire krisi horretan, pertsonaiak autonomia bat eskatzen ari ziren: "Ondo zagok, hik dena kontrolatzen duk, baina nik behar diat nire autonomia". Pertsonaia eta gaiari bere bidea utzi nahi nien, idazlearen tutoretza handirik gabe ibil zitezela nahi nuen. Konturatzen naiz liburu horretatik aurrera ia liburu denetan dagoela halako eromen, desintegrazio prozesu bat.

Zuk beti esan duzu, eta "Otto Pette"n deigarria da, hitzak aukeratu egin behar direla. Nola hautatzen dituzu?
Bi irizpide nagusi daude: bat belarriaren kontua, soinuarena, senarena. Konturatzen naiz, batez ere elkarrizketetan, hitz sinonimoen artean bat edo bestea hautatzea ez dela alferrikakoa, askotan silaba kopuruak eragiten duelako erritmoaren gorabehera. Beste irizpidea da hitza egokia izatea kontestu horretarako. "Otto Pette"n nik ordura arte erabiltzen ez nituen hitz dezente badaude ere, ez dut hitz bakar bat ere erabili hiztegiak "hau hala esaten da" diolako. Gutxienez esaldi baten barruan, edo klasiko baten testu barruan kontestualizatuta aurkitzean, eta non eta nola funtzionatzen duen dakidanean, lasai erabil dezaket hitz hori, klasikoarena imitatzen dudan beste kontestu batean.

Hitzak sortu ere egiten dituzu. Zein da hitz berriek funtzionatzeko giltza?
Hitz berria betikoa dela pentsatzeko moduan ematea. Demagun: badakit gaurko gazteek zokormazoa zer den ez dakitela, baina funtzionatuko duela. Orduan erraza da imitazioz "tontomazoa" edo "kabroimazoa" sortzea, "kabroi" soila baino urrutirago doana. Azkenean jendeari hitz horrek funtzionatzen dio betikoa balitz bezala.

Teknikari batek ere logika berarekin asmatzen al ditu hitzak?
Gorabehera teknikoetan ere, nik uste sena falta nabaria dagoela. Gorabehera instrumental soilari begiratzen dion prozedura bat dago, baina teknikari batek ipuin bat idatzi behar balu, seguru gero beste modu batera egingo lukeela hitz tekniko berrien asmakuntza. Demagun: Ibon Sarasolak esan digu motxila "bizkar zorroa" esan behar dela. Ongi dago. Aspaldi idatzi nuen ipuin bat zuzentzen hasi nintzen: pertsonaia museo batean dago, eta museozainak esaten dio mesedez motxila aurrera pasatzeko, sabelera. Kasu horretan, jada uzten dio bizkar zorroa izateari eta "aurreko poltsa" da. Norbaitek erabakitzen duenean "bizkar zorroa" deitu behar zaiola, erabileraren posibilitate guztiak imaginatu behar ditu ontzat emateko.

"Otto Pette"n denbora eta espazioarekin apurtzen duzu. Baina idazlea atera al daiteke denbora eta espaziotik?
Egia da "Otto Pette"n horrelakoak daudela, baina zuk zerbait eraikitzeko garaian beti elementu ezagun batzuk erabiltzen dituzu, eta hauetatik abiatuta berriak sortu. Adibidez, "Otto Pette"ko espazioen eraikuntzan badago Baiona, badaude Nafarroa aldeko elementu batzuk... Beste batzuetan erabat asmatu egiten duzu: Otto Petteren etxe zahar hori hasieran zelai zabal baten erdian zegoen. Baina istorioan sute bat dago, eta hain zuzen istorio horrek eramaten nau pareta jartzera: sutea gehiago zabal ez dadin, etxea mendi baten abaroan jartzen dut. Hori ez nuen hasieratik kalkulatu.

Zerk eraman zintuen denbora eta espaziorik gabeko istorioa kontatzera?
Istorio horrek bi elementu txikietan badu kontestualizazio historiko bat, nik apropos jarria: istorioa XV. mendean kokatzen da, elizaren eta artearen arteko eztabaida garaietan. Gainerakoan ez dago beste zehaztapenik, ez diodalako irakurleari esan nahi "hau XVI. mendean pasa zitzaion hari, eta zuri ez zaizu pasatzen". Ez, "horko hori zuri ere pasatzen zaizu, zu ere bazara nolabait Otto Pette". Denboraz gaindik adierazi nahi nuen hor dagoen kontua. Hori da errealismoaren arazorik handiena. Irakurleak ez daki errealismoaren gertutasunetik urrutiratzen.

"Piztiaren izena" liburuan ahozko tradizioa papereratu zenuen...
Askotan esan dut ez dagoela Transilbaniaraino joan beharrik Drakula gure tradizioan ikusteko. XIX. mendeko ipuin bilketetan, Iparraldean batez ere, ipuin bat agertzen da Drakularen istorioa dena, maitemindu eta posesioaren gorabehera berbera kontatzen duena. Baina hortaz jabetzeko, lehendabizi ikusi behar dugu tradizio europearra ez dela guretzat arrotza, eta jakin behar dugu gure tradizioko gauzak beste herrialdeetan egiten den bezala irakurtzen. Zoritxarrez gure tradizioa zentzu linguistiko soilean irakurri dugu, edo zentzu etnografikoan, baina ez dugu oraindik ere gure tradizioaren irakurketa literariorik egin. Niri ez dit hainbeste axola zein aditz forma dagoen tradizioetako testuetan, tradizioari beste begi batzuekin begiratzen ahalegintzen naiz.

"Argizariaren egunak" liburuko gaia errealitatera eramanda: zein dira idazle eroen begiraleak? Alegia, idazleak ero gisa tratatzea interesatzen zaienak?
Egunerokotasun mugatuegi bat, adibidez. Eta nolabait, gaurko egunetik urrutixeago begiratzen ez dakiten begirada horiek. Gure artean oso errotua dagoen beste jokabide bat ere oso arriskutsua da, eta badu bere izena: adanismoa. Mundua norberarekin hasten dela pentsatzea, historia nirekin hasten dela, literatura nirekin hasten dela, herri hau, hizkuntza nirekin hasten dela pentsatze hori... Konturatu gabe izan bazirela besteak ere, eta ni bukatutakoan ere izango direla. Gertakizun historiko horren aurrean apaltasun gutxiago ez izatea da izurriteetako bat.

Arte plastikoekiko zaletasuna azaldu duzu. Nola pasa duzu zaletasun hori zure liburuetara?
Batzuetan gai moduan. Beste batzuetan ukitu hori deskribapenetan edo egon daiteke. Baina batez ere kezkan dago: XX. mendeko arte eta abanguardia plastikoek hautsi dute literaturak hautsi ez duena. Askoz ere urrutirago joan dira abstrakzioan-eta, literatura baino. Mende hasieran surrealismoarekin-eta literaturan egin zen hausnarketa serio bat, baina gero hausnarketa eta debate artistiko hori arte plastikoetan mantendu da, baina oso gutxi literaturan. Poesian behar bada bai, baina narratibagintzan oso gutxi egin da.

Zein izango da literaturan zure hurrengo pausoa?
Adin batetik aurrera jada idazleok ez omen dugu nobelarik irakurtzen. Nik nobela oso gutxi irakurtzen dut orain, saiakera eta poesia gehiago. Baina ni ez naiz poeta. Nik uste hemendik aurrera egingo dudanetik asko saioaren eta narratibaren arteko muga horretan ibiliko dela. Une honetan lehendik idatzitako hainbat ipuin berridazten eta egokitzen ari naiz. Eta aukeratzen jardun naizenean konturatu naiz denek dutela zerikusia arteari buruzko eta komunikazioari buruzko gogoetarekin.

Lizardi poeta zenaren etxean bizi zara. Etxe horrek ez al dizu poesiarako leihorik ireki?
Lizardiren etxean baino, Lizarditarren baratza batean eraikitako etxean. Eta horrek ez dit poesiarako leihorik zabaldu, ez, ziur aski balio ez dudalako. Lan bat egitean gerta litekeen gauzarik txarrena da zuk egindakoa lehendabizi zuri txarra iruditzea da. Inoiz egin ditut ahaleginak, poema batzuk idatzi eta ni konturatu arren "ez dituk onak...baina bada ezpada ere..." nirekin oso kritiko jokatzen dakiten pertsonei pasatzen (lagun handienak askotan minik handiena ematen dizutenak baldin badira ere). Eta lagunak farrez hasten badira, gaizki habil, adiskide! Badut lagun bat nire hainbat poema jasota dituena: "Hire kontra erabiliko ditiat egunen batean" egiten dit amenazu. Hori dena ikusita, batek esan behar du badituela muga batzuk, eta nire muga bat poesiarena da.

Euskal kultura izan al daiteke unibertsala?
Izan daiteke ez, da! Borgesen Babelgo liburutegiaren metafora erabiltzen badugu, liburutegi unibertsal horretan dago euskara, beste hizkuntza guztiak bezala, baita xumeena ere. Unibertsaltasun horretan ezin dugu ahaztu ingelesa ere partikularra dela. Miguel Torga idazle portugaldarrak esaten zuen: "Unibertsaltasuna aterik gabeko partikulartasuna da". Sorkuntzaren mailara eramanda, hizkuntza handi eta txikiek lehia normala daramate, eta hiztunen kopuruak berak ez du ziurtatzen une honetan finlandiar bat ez aritzea ingeles guztiek baino obra interesgarriago bat idazten.

Hizkuntza guztiak dira partikularrak, baina batzuk gerturago ditugu...
Kontuan hartu behar dugu munduaren zatirik inportanteena elebiduna dela edo hirueleduna. Niri, adibidez, pena izugarria ematen dit Hegoaldeko gure hezkuntza sisteman orain ingelesari hainbeste garrantzia eman eta frantsesa erabat baztertu izanak. Hasteko, nazio eraikuntzaren ikuspegitik. Bigarren, ekonomikoki: sinesten badugu Akitania-Euskal Herriaren arteko ardatz ekonomiko hori indartzen ari dela, hor hiru hizkuntzen lurralde bat izango da, eta Hegoaldean bizkarra erakusten ari gara frantsesari. Frantsesak ez dira hori egiten ari. Ingelesa oso garrantzitsua da, eta maila tekniko baterako ikas daiteke, baina komunikaziorako frantsesak oso present egon behar luke.

Unibertsaltasuna kulturen aterik gabeko plaza bada, zer zentzu luke lurraldetasun politikoak?
Bi gauza desberdindu behar dira. Bada lurraldetasun politikoa baino askoz ere garrantzitsuagoa den lurraldetasuna: euskaldunon lurraldetasun animikoa, espirituala. Sekula lurraldetasun politikorik izango ez bagenu ere, euskarak batzen duen lurraldetasun animiko hori. Egia da, teorikoki behintzat, lurraldetasun politikoak beste sostengu bat emango liokeela lurraldetasun espiritualari. Baina zer egiten du lurraldetasun geografiko batek, espiritualak betidanik erakutsi dion erreferentzia eta baloreen sarerik gabe? Lurraldetasun espirituala da inportanteena eta gaur guztiz ahaztuta dugun kontua da. Zertarako odolaren gainean eta kirtenkeria etiko handienak zurituz eraiki nahi den lurraldetasun bat? Nik, behintzat, euskararen lurraldetasuna defenditzen dut beste gauza guztien gainetik. Judutarrek hainbeste mendetan beren lurraldetasun espirituala mantendu zutelako jarraitzen dute han eta hemen judu izaten.

Gure lurraldean bertan, erdal komunitateak nola ikusten gaitu?
Askotan aurreiritziz eta topikoz beteta, baina neurri handi batean horiek guk plazaratzen ditugun kontuak dira. Komunikazio arazo izugarri bat dago eta behin ere ez dugu konpontzen. Komunikazio horretan ez dago joan-etorririk. Elkarbizitzarako, bi hizkuntza ditugunok askoz eskaintza handiagoa egiten ari gara bakarra duenak baino. Besteak beste, nik ezagutzen dudalako halakok eta halakok egiten duen lana, eta hark ezagutzen ez duelako nirea, baldin eta bere hizkuntzara itzultzen ez badut. Kulpabilizazioetan sartu gabe, hor erantzukizun politikoak daude, nireak hainakoak gutxienez badirenak.

Ez al dugu jakin gure hizkuntza, kultura erakargarri egiten?
Batetik, askotan oso multzo garbiak egiten ditugu abertzale eta espainolisten artean... eta hori baino askoz ere harreman konplexuagoak daude, badira abertzale izanik euskaldunak ez direnak eta topikoak bazkatzen dituztenak. Esaterako, jende askok uste du euskaraz oraindik ere literatura kostunbrista egiten ari garela. Zergatik? Badirelako euskaraz ez dakiten abertzale batzuk herri honen oso ikuskera kostunbrista dutenak. Eta analogiaz pentsatzen dute, euskaldunok horrelako zerbaitetan ari garela. Euskaraz ez dakien nazionalista askok askotan kalte egiten dio euskal kulturari. Kuriosoa da ikustea nola, zuk liburu bat erdaraz argitaratu, eta Euskal Herriko jendeak esaten dizun, "hombre, no sabía que escribieseis estas cosas en euskera".

Nola ikusten duzu lurraldetasun espirituala eta politikoaren egungo egoera?
Lurraldetasun politikoaz arduratuta dauden politikoak (manifestaziotan dabiltzan kolore batekoak ala bestekoak berdin), ez dira enteratu ere egiten lurraldetasun espiritualaz; eta bestela, lurraldetasun horretaz gehiago hitz egingo lukete, baloreez gehiago hitz egingo lukete, erreferentzia etikozko diskurtsuak eskainiko lizkigukete. Lurraldetasun politikoa lortuko bagenu eta bestea faltatuko balitz, niri ez litzaidake lurraldetasun hori interesatuko. Baina alderantziz: lurraldetasun espiritual batean bizi izan naiz 52 urtetan, eta aurrera segituko dut horretan, badakit eutsiko diodala. Eta lurraldetasun politikorik gabe ere funtzionatzen du, eta iraungo du, baina alderantziz, ikusteko dago. Zer da inportanteagoa? Ez dezagula, behintzat, funtzionatzen duena gal, eta galtzeko zorian gaude, galdu ez badugu

BERE HITZETAN
"Ni idaztetik bizi naiz, baina ez literatura egitetik."

Argia, 1995-11-05
"Honela laburbilduko nuke nik (euskararen) auziaren muina: lehendabizi, eztabaidatzen ez diren bidean bideko hutsune eta arazo larriak. Segidan, eztabaida faltak eragozten dituen etorkizunerako proiektu garbiak. Eta horren guztiaren erdian, euskararen inguruko sakralizazioak eraiki duen totemaren itzal luzea, akritizismoaren tabu-sistema osoa hedaturik euskalgintzaren bazter ezkutuetaraino."

Gogoa zubi
"Oso gutxi hitz egin da ezker abertzaleak euskararen plazan erakutsitako hegemonia militanteak beste hainbat sektoretan izan duen eragin desmotibatzaileaz."

Gogoa zubi
"Tradizio gutxi ezagutu, erdi galdu eta laburra dugula, eta kexuka gabiltza... Baina esango banu beste hizkuntzetako irakasle, esatari eta idazle askok eta askok ez duten pagotxa dugula profesionalki, apustu zail bezain erakargarria dugula esku artean?"

Gogoa zubi
"Ofizioaren menderakuntza idazle batentzat oso arriskutsua da (gauzak erraz egiten ohitzen zara)."

Argia, 1995-11-05
"Idazle bat unibertsala da, ez euskalduna edo espainola."

Euskaldunon Egunkaria, 2000-04-12


CURRICULUMA
Jaio:
Orion, 1948an.

- Idazle eta gidoilaria.
- Magisteritza eta Filosofia eta Letra ikasketak egin zituen Donostian, Erroman eta Valentzian.
- "Egin", "El Mundo", "Diario Vasco" eta "Euskaldunon Egunkaria"n hainbat artikulu kaleratu dtu.
- Euskal Idazleen Elkartearen sortzaile eta lehendakari izan zen, 1982tik 1985era.

Gidoigintza:
ETBko "Iparra" programan aritua, gaur Goenkale telesaileko gidoien begiralea da.

Zinema:
"Hamaseigarrenean aidanez" nobela pantailara eraman zuen 1985ean, berak zuzendutako filman. 1986an "Kareletik" filmea estreinatu zen, zinemarako espreski idatzi zuen istorioa.

Literatura:
nobela, ipuin bilduma, saiakera eta haur eta gazte literatura landu ditu. Askoren artean: "Hunik arrats batean" (1970); "Ajea du Urturik" (1971); "Goiko kale" (1973); "Aise eman zenidan eskua" (1979); "Negua" (1980); "Tristeak kontsolatzeko makina" (1981); "Hamaseigarrenean, aidanez" (1983); "Tobacco days" (1987); "Carla" (1989); "Horrela bizi bagina beti. Umore antologia" (1991); "Kapitain Frakasa" (1991); "Otto Pette" (1994); "Piztiaren izena" (1995); "Azkenaz beste" (1996); "Letrak kalekantoitik" (1996); "Argizariaren egunak" (1998); "Lehorreko Koadernoa" (1999).

Sariak:
Narratiban: Espainiako Kultura Ministeritzak emandako Kalitate saria jaso du "Udaberria"k (1982an), eta kritikarien elkarteak emandako Kritika aria jaso dute "Hamaseigarrenean aidanez" (1983an), eta "Kapitain Frakasa" (1991ean) liburuek. Espainiako Sari nazionalerako hautatuak izan ziren "Otto Pette" (1994) eta "Argizariaren egunak" (1999). Euskadi literatur saria jaso zuen iaz. Eleberrietan: "Ajea du Urturik" nobelak Urrezko Luma jaso zuen (1973). Euskaltzaindiak "Goiko kale" eleberria saritu zuen 1975ean, eta "Hamaseigarrenean aidanez" liburuak Jon Mirande saria jaso zuen (1983). Ipuinetan: Andersen saria jaso zuen (1984) "Lotara joateko ipuinak" lanak. Kazetaritzan: Rikardo Arregi Saria jaso zuen Baloraziozko kazetaritzaren alorrean (1995) "Barraren erdian" lanak.

BERTSOA
Doinua: Uxo xuria
Idazle latza izanez
dena sortzailea lanez
Otto Pette bai, baina Goenkale osa al leike nahi danez?
Arralde ere lehertuko al da
2000garren aidanez?

Jexux Mari Irazu
BIZITZAREN PASARTEA
Nere belaunaldi guztia bezala, ni ere eskolan deskulturizatu ninduten, eta euskalduntasuna galdu nuen: 15-16 urterekin euskara nahiko erdoildua neukan. Eta orduan pertsona ezagun bat dena izan nuen euskararen irakasle, eta behin idazlan bat euskaraz egiteko bidali zigun. Erdaraz nahiko poliki idazten nuen, sari batzuk irabaziak nituen, eta ematen zuen, erdaraz behintzat, aurrera egiteko moduan nintzela. Orduan komentarioak ikasle guztien aurrean egiten ziren (ez zen ohitura txarra), eta irakasleak hala esan zuen: "Idazlan hau irakurrita, Anjel Lertxundi ez dugu nor handirik izango euskal literaturan". Nik uste hori akuilu ona izan zela niretzat eta hor (eta beste hainbat arragotan, jakina) egoskortu egin nintzela euskaraz ikastera eta idaztera. Harrez gero topatu izan dut irakasle hura, baina ez omen da hori esan izanaz gogoratzen...

ARGAZKI ZAHARRA
Andu, 16 bat urte zituela, "La úUltima cinta" antzerkian.


Azkenak
Adin txikikoak dira Osakidetzako genero identitateko unitatetik pasa diren erdiak

1.075 pertsona artatu ditu Barakaldoko ospitaleko genero-identitateko unitateak, 2016ean unitate hori martxan jarri zenetik. Erdiak baino gehiagok adin-nagusitasuna bete aurretik jaso zuen lehen arreta. Eta, kopuru osoaren herenak hamasei urte baino gutxiago zituen.


BBK Livek bisitarien oinarrizko hainbat eskubide urratzen ditu eta salaketa ipini diote

OCU kontsumitzaileen Elkarteak hiru arrazoi zehaztu ditu, horien artean kanpoko janaria eta edaria Kobetamendiko esparruan sartzeko debekua, eta eskudirutan edo banku-txartelaren bitartez ordaintzeko ezintasuna. Facuak aurreko urtean egindako salaketan zehazturiko arazoak... [+]


Arrazakeria salaketen erdiak Polizia jotzen du “agente diskriminatzailetzat” Bizkaian

Diskriminazioaren ahotsak txostenak zenbakitan jasotzen ditu 2023an Bizkaiko SOS Arrazakeriaren Informazio eta Salaketa Bulegoan pertsona ugarik agertarazitako esperientziak, eta haietan "arrazoi arrazista eta xenofoboen aurkako indarkeria, eraso eta diskriminazioak”... [+]


Meaka-Irimo bizirik!

Enpresa batek Irimo mendian zentral eolikoa eraikitzeko asmoa zuela iragarri zigun aspaldi batean haize kolpe batek. Gehienek ezin zuten sinistu, inondik ere. Are gutxiago Irimo mendiaren orografia eta izaera harritsua ezagutzen dituztenek. "Baina ba al dakizu ze nolako... [+]


2024-07-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektua hasia da konponketa lanak, landaketak eta formazio saioak egiten

Zestoako Iraeta auzoan, Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lurrak. Horiek modu kolektiboan erosteko dirua biltzen ari da Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkartea. 2025 bukaerarako dute hitzartua azken ordainketa, baina erosketa fasean egon arren,... [+]


Emakume alkateentzako jantzi erronkariarra diseinatu dute, Hiru Behien Zergan parte hartzeko

Larunbatean egingo dute San Martin Harriaren inguruan 600 urte baino gehiago dituen ohitura eta aurten emakume alkateentzako jantzi erronkariarrak prestatu dituzte, orain arte gizonezkoentzako baino ez baitzeuden.


2024-07-12 | Gedar
Pertsona bat atxilotu dute Gasteizen, faxista bati aurre egiteagatik

Orgullo Cazurro talde faxistako kide bati kontra egin zion atxilotuak, eta bideo batean jaso zuen hori. Guardia Zibilak atxiki du berriki, eta badirudi "gorroto-delitu bat" egotzi diola.


Donostian 300 pertsona baino gehiago “muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute

Donostian, 300 pertsona baino gehiago “pobrezia eta muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute Kaleko Afari Solidarioak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea taldeek. “Michelin izarrak dituzten zortzi jatetxe dituen hirian eta Basque Culinary Center... [+]


2024-07-12 | Euskal Irratiak
Cyclopotes elkartea: Ikusmenik gabeko jendeen inklusioaren alde, bizikletaz ibiltzeko

Angeluko Cyclopotes elkarteak ikusmen-gabeko jendeer parada ematen die bizikletaz ibiltzeko. Tandem club des déficients visuels du zinezko izena elkarteak eta 2004ean sortu zen. Joan den astean Amikuze eta Oztibarren gaindi pasa dute aste osoa, egun guziez ibilbide... [+]


Kataluniara itzuli dira Tsunami auziko erbesteratuak

Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.


Maximo Aierbe hil da, Euskaldunon Egunkariaren sortzaileetakoa

Bere sorterri Ataunen hil da Maximo Aierbe Muxika, 74 urterekin. Euskaldunon Egunkariaren sortu aurreko eta ondoreneko urte malkartsuetako eginahaletan parte hartu zutenek gogoratuko dute proiektu berriaren akziodun bila hainbeste lan egindako gizon hura. Disziplina eta... [+]


2024-07-11 | Uriola.eus
Gentrifikazioaren aurka, pisu turistiko bat okupatu dute Bilbon

Bilboko AZET plataformak pisu turistiko bat okupatu zuen atzo, auzoaren turistifikazioa salatzeko.


Fronte Herritar Berria garaile atera da, eta hirugarren kokatu da eskuin muturra

20:00etan atera dira lehen datuak, harridura orokorra eraginez: zundaketa guziek lehen kokatzen zuten eskuin muturreko RN hirugarren atera da eta ezkerreko FHB Fronte Herritar Berria garaile. Gehiengoan edota gehiengo osoan ikusten zen RN Batasun Nazionalarentzat zaplaztekoa... [+]


Eguneraketa berriak daude