"NAFARROAK MUNDUA HARRITU BEHAR DU EGUNEN BATEAN"

  • Jon Oria historialaria eta artista Nafarroako Lizarra herrian jaio zen 1931. urtean. Ingalaterra, Alemania eta Parisen barrena ibili ondoren, Torreviejan bizi da egun. Historian zehar etorkizunaz irudikatu diren hausnarketek miresten dute.

2021eko uztailaren 20an
Desagertarazi zuten Euskal Zibilizazio emearen hondar gorrietan txinparta tikiz hornituriko egungo Euskal Herria bor-bor ari da. Mendebaldea, Bittor Kapanagaren Sartaldea esnatzen hasia, astintzen hasia ere bai. Ekialdea poliki-poliki (zoaz fite, otoi!), baina inoiz hartu ez duen sendotasun tinkoaz jantzi izan balitz bezala jokatzen ari dela dirudi. Erran nahi baita, zuhurtasunez. Gipuzkoarren "sasizentrismoa" deiturikoa jaun eta jabe, baina bereak ja egin ote du? Jon Oriak, zenbait osagai faltan, Nafarroako koroa duintasun osoz eramanen duenaren bila ari zela erran zigun. Hona hemen elkarrizketa iniziatikoa.
"Jon Oria mintzo, edota Nafarroako norabideaz hausnarketa". Edota heterodoxiaz mintzo, zeren eta gizon hau edozein zakutotan sartzea zilegi ez baitzaigu. Bera egokitzeko salda beroaren errezetan Margot pelikuleraren Endrike erregeak maite ez omen zuen baratxuria jarri behar izanen dugu, baita, nola ez, Lizarrerriko Erribera aldeko piper gorri tiki batzuk ere. Bertze era batera erran dezagun, ikastoletako andereñoek ezagutzen duten eta haurrendako guziz pozgarria den soka saltoka aritzeko joko hura: "Arnoa, ogia, eta gatza, gatza, gatza!".

Jon Oriak ez du aurkezpenik behar, edo bai. Lizarrakoa, antzinako Lizarragakoa. Errepublikaren gisa 1931n jaio eta hurbilekoarekin moldatu ezinean, gaztetasun indarrak itzali ostean Ingalaterrako Nottingham unibertsitatean graduatu zen (1973). Francisco Franco hil zelarik, Cambridge ere ezagutu zuen (1975). Handik sei urterat doktorego tesia aurkeztu zuen Londresen: "Mysticism in the Work of Marguerite de Navarra (1492-1549)".
Beraz, ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula Egako hiria utzi eta uharte handi hartan sustraitzea. Ez aldaketa makala, bederen, baina patua ordura arte nahikoa bihurria izan ez eta 1989an gertaturiko ezbehar larri batek katalandar Alacant aldeko Torrevieja izenekoan moldatzeko bultzatu zuen, osasunaren onerako, prefosta.

Bada, komeriak noiz amaitu jakin ezean hurbildu gatzaizkio, ea Nafarroaren erdiguneaz, arteaz eta bizitzaren hizkuntzaz zer dioen jakiterat. Nola elkartu, bere ahotik ez bada, 1984ko "Plato and Reinassance", urte bereko "Picture Dictionary in Spanish" edota 1991ko "Visión anglosajona del Pueblo Vasco" eta 1994ko "Ultimos Reyes de Navarra"? Bai, lagun berak idatzi baitzituen, Karlismoaren nafar hiriburuan sorturiko Jon Oria jaunak.

Zertan aritzen da Jon Oria historialaria eta artista?
Hamaika gauzetan aritzen naiz, egun makina bat erronka, ikerketa iturri eskura dugulakotz. Ildo honetatik, Londresen nahiz Parisen bizi izanak ikaragarri lagundu dit. Historian zehar etorkizunaz irudikatu diren hausnarketek miresten naute eta honek lotura zuzena du, ene ustez, Nafarroaren historiaz dudan kezkarekin. XVI. mendean Frantziak eta Espainiak tikitu gintuzten eta noizbait berriro burua altxatuko dugun jakin ahal izaiteko historiaren azterketan murgildu naiz. Nik gure historian benetan gertatu dena jakin nahi nuen, hor dira, erraite baterako, William Shakespeare handiaren hitzak: "Navarra shall be the Wonder of the World". Nafarroak mundua harritu behar izanen du egunen batean, hori nioen ene buruari, bederen, Nafarroako Margaritaren garaian erdietsi genuen maila berriz ere izaitea biziki zaila izan arren.
Artean ere aditua naiz, eskulturan batik bat, baita zeramika edota pintura ere. Mediterraneoan lan egiten dut. Ene azken lana Nafarroako armarri erraldoia izan da, hamazortzi tonakoa, nafar armarri zaharrari jarraikiz, Erdi Aroko Kabalako maisuak eta alkimia teoriak kontuan harturik, Antso Azkarra baino lehenagokoa, alegia.

Lizarra da zure sorterria.
Tikia da, hortaz, atsegina... Antolaketetan aritzen diren sasijakintsu batzuek hiri eder hura hondatuko duen plangintzaren bat burutu arte, behinik behin. Lizarran dena historia da, eta bertan ikasi nuen nik ikasi beharrekoa, gaztetan, bere karriketan. Frai Diego eta Jose Mari Lakarra bertakoak dira, eta jaioko dira berriak! Orain komunikabideen izenburu guzietan azaltzen da, eta ez da lehen aldia. Tikia bada ere, iragan eta harrobi handikoa delakotz.

Zergatik abiatu zinen Ingalaterrara?
Erantzun bat emaitea hagitz zaila zait. Bertan baliabide anitzak zeudelakotz, Londresen batez ere. Zorte ona izan nuen eta hiru unibertsitaterako bekadun bihurtu nintzen: Nottingham, Cambridge eta Londres. Baina Egeon, Frantzian eta Alemanian ere bizi izan naiz. Antzinateko hizkuntzak eta egungoak interesatu zaizkit betidanik, eta batzuk ikasi egin ditut, baina pena dut bihotzean, zeren eta ez bainaiz ausartu euskararekin, zertxobait jakin badakit eta hainbatetan idatzirikoa ulertu egiten dut, nahikoa guti, halere.

Historialari izateaz gain, artista ere bazara.
Zer da enetzat artea? Ihardespen soilak emaiteak ez du merezi, ez du balio, baina ene irudikoz arteak jokatzen duen rola edota horren garrantzia filosofiak zein historiak dutenarekin parekatzen ahal da. Gure ingurua ezagutzeko bide guziak, zientziak ere bai, mundua interpretatzeko modu paraleloak izaiten dira, eta ekin behar zaielakoan nago.
Arteari esker sormenaren bidez azaltzen ditugun irudi imaginarioak hobeki atzematen ahal ditugu, bertzenaz hauetako irudi batzuetako zenbait alderdi nahikoa era ilunean geldituko bailitzaizkiguke. Ene gustuko artistak haien pentsamendua artelanaren bitartez mahaigaineratzen dutenak dira, Rodinen gisa. Berak bere eskulturak materiatik sorturiko ideiak bailiran konposatu baitzituen. Honetan, gainera, denok gara artista, edo noizbehinka horretan sinesten dugu!

Jon Oria nafarra al da?
Behetik gora.

Zein da Nafarroaren historia eta zein bere etorkizuna?
Garai batean inongo oztopo edo zalantzarik gabe Nafarroak "Lingua Navarrorum, Lingua Vascorum" zela plazaratzen zuen eta ene gogoa da hori berriro gerta dakigun. Edota mapa topografiko zahar batek dioenez: "Vasconia, Regnum Navarrae". Azken erregeek garbi izan zuten, haien lurraldeak eskatzen zituzten, denak, jaurerri eta estatu guziak. Zaila izanen da lapurtu zigutenak, Espainia eta Frantzia, mugiaraztea. Haiek ez dute konponbiderik bilatu nahi. Argi dagoena da Nafarroak lurralde historikoz osaturiko Europan duela konponbidea, hor dago koxka, horretan etorkizunaz mintzatzen ahal baita.

Zer duzu eskuartean uneotan?
Nafarroako Margarita eta bere lanaz liburua idazten ari naiz. XVI. mendeko Nafarroak bizi zuen testuinguru historikoa era errazean, ulergarrian azaldu nahi dut. Erregina horren kortean eman ziren ideia liluragarriak, berpizkunde betean oinarrituak, Paben eta Neraken

ORIETXEA ALACANTEN
Jon Oriak 1979tik eginiko artea prentsan jaso egin da. Erraite baterako, eta zeramista gisa, "Gaceta del Norte" zenak eta "Deia" egunkariak erakusketen berri eman zuten. "Diario de Navarra" ez zen gibelean gelditu, ezta, kasu, "Diario de Cadiz" ere. Londresen argitaraturiko zerrenda batean, "Artistas españoles de Londres" delakoan azaltzen zaigu, edota hango "Essentialism" izenekoan ere bai. Bere lurraldean profeta bihurtu nahian, antza, eta erdietsi, zeren eta "Merindad de Estella" argitalpeneko "Galería de Personajes" atalean txoko bat eskaini baitzioten edota Lizarrako jai egitarauan ere bai.
Euskal, katalandar, ingeles nahiz espainiar irratietan bere lana goraipatu da, EITB eta BBC ezagunetan kasu. Erakusketak nonahi, saritua, Londres edota Iruñean, bakarka nahiz talde lanetan, Parisen ere bai. Bere hainbat lan bilduma publiko eta pribatuetarako erosi da: Nottingham, Elx, Madril, Bartzelona, Londres, Iruñea, Gasteiz, Lizarra... Hondarrean, halaber, ametsa zena errealitate bihurtu ahal izan du: Alacant aldeko etxea edozein unetan gozatzen ahal den erakusketa bilakatu egin du, "Orietxea" lemapean.
"Orietxea", bere etxea. Mediterraniar argia, iturriak, lorategiak, eskulturak, Elx dama, zeramikak, marmol eta granitozko nafar armarria eta goiko zeru urdina.
Hainbertze miresten duen XVI. mendeko nafar erreginen ikasle bikaina bailitzan, artea, kultura da bere pasioa, argitaratzeke duen nobela lekuko. Izan ere, eta Pello Gerra kazetariak jaso zuenez, "Nafarroak mundua harrituko du" esaldia idatzi zuen Shakespeare ospetsua erregina horiekin Nafarroan bertan harremanetan izan zela sinestuta dago.


Azkenak
Elektrizitate kontsumoa geldituta dago Espainiako Estatuan 2004ko mailan

Espainiako Sare Elektrikoak jakinarazi berri du ekaineko elektrizitate kontsumoa zein izan zen Espainiako Estatuan: 19.422 gigawat orduko. Hau da, 2004ko datuaren oso antzekoa: orduan 19.384 gigawat izan ziren.


Bilboko genero-indarkeriagatiko epaiketetan kolore bereizgarriak jartzeko neurria ezabatzea erabaki du EAEko Auzitegi Nagusiak

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Bilboko bi Epaitegiek neurri hori onartu dute. Bilboko epaile dekano Aner Uriartek neurria emakumeak babesteko eta ez birbiktimizatzeko helburuarekin hartu dela esan du, baina Bilboko Abokatuen Elkargoak salatu du kolokan jartzen dituela ikertuen... [+]


Menditik hirira: zer ezkutatzen digu Pirinioetako sendabelar saltzaileen lanak?

XIX. eta XX. mendeetan ohikoa zen hiri nagusietako kaleetan ikustea janzkera tradizional ikusgarria zuten emakume batzuk, sendabelarrak saltzen. Ansotarrak ziren, Aragoiko Ansó ibarrekoak. Erakusketa batek haien historia kontatu digu, eta bide batez azalerazi du atzean... [+]


2024-08-30 | Gedar
Pertsona migratuen deportazioaren alde agertu da Pedro Sanchez

"Migrazio zirkularra" sustatu nahi du PSOEren gobernuak, langile batzuek behin-behineko hainbat lan egiteko migra dezaten Espainiako Estatura, eta gero euren jatorrizko herrialdeetara itzul daitezen.


Talgo erosteko eskaintza kenduko du Ganz MaVag talde hungariarrak

Ganz MaVag-ek adierazi du ez diola uko egiten etorkizunean tren-enpresa erosteko beste eskaintza bat egiteari. Talde hungariarraren ekintzari esker, Talgok eskaintza berriak entzun ditzake.


2024-08-30 | ARGIA
Polio txertaketa igandean hasiko da Gazan

Igandean hasiko dira polio txertaketa egiteko su-etenak, goizeko 6:00etan hasi eta 15:00ak arte. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eman du operazioaren berri eta bederatzi egunetan hiru esparrutan emango da: iparraldean, zentroan eta hegoaldean.


Amezketako paper fabrikako langilearen heriotza salatu dute

30 urteko behargina hil da Amezketako (Gipuzkoa) paper fabrikan. Ibarra Argi Lanak enpresak azpikontratatuta zegoen. Elkarretaratzea egin dute ostiralean, 11:00etan, gertatutakoa salatzeko. 2024an hil den 38. langilea dela adierazi du LABek.


2024-08-30 | Axier Lopez
Espainiar eta britainiar kolonialismoaren arrastoak ezabatzen hasi da Trinidad eta Tobago

Karibeko bi irletan kolonialismoaren loriarako dauden monumentu, iker eta izendapenak ezbaian jartzen hasi dira herritarrak eta gobernua. Lehen pausua eman dute agintariek eta erabaki dute herrialdearen armarritik Cristobal Colonen lehen espedizioaren hiru karabelak kentzea.


2024-08-30 | ARGIA
Aurtengo hiru disko on eta gomendagarri

ARGIAko erredakzioak aurtengo zortzi hilabeteotan kaleratu diren diskoen artean hiru hautatu ditu, gomendatzeko.


Eskoletan eduki sexualeko irudi faltsuak zabaltzen ari direla salatu dute Hego Koreako feministek

Neska gazteak agertzen dira irudietan eta Telegram bidez zabaltzen dituzte. Irailaren 1ean kanpaina bat abiatuko dute sare sozialen bidez, gobernuak neurriak hartu ditzan.


Europako Mugikortasun Astea irailaren 16tik 22ra egingo da Iruñean

Iruñeak bat egiten du irailaren 16tik 22ra egingo den Mugikortasunaren Europako Astearekin, mugikortasun iraunkorra eta espazio publiko partekatuari buruzko hausnarketa sustatzeko diseinatutako jardueraz betetako programa batekin. "Konbinatu eta mugitu"... [+]


2024-08-29 | Sustatu
Suitzan diote: Diru publikoa, kode publikoa

Duela aste batzuk Suitzak lege federal aitzindaria onartu du (Europako legedietan aitzindaria), LMETA delakoa, Loi fédérale sur l’utilisation de moyens électroniques pour l’exécution des tâches des autorités frantsesez,... [+]


2024-08-29 | Gedar
Aurrekontuetan aitortutakoa baino are handiagoa da Espainiako Gobernuaren gastu militarra

2022an, urteko aurrekontuan onartutakoa baino %20 handiagoa izan zen inbertsio militarra; 2023an, %30 handiagoa. Europako herrialdeen gastu militarra Gerra Hotzaren amaierakoa baino handiagoa da une honetan.


Eguneraketa berriak daude