Bertso eskoletatik mundura

  • Bertsolaritzaren zurrunbiloak jende eta alor asko astintzen ditu: bertso eskolak, saioak, komunikabideak, ikerlanak... Azken hogei urteotan inspirazioz, berez, edo haizearen arabera aritzeari utzi, eta bertsolaritzako alor denak konszienteki lantzen hasi dira. Egun bertsolaritza mugimendu autoantolatu eta eraginkorra da. Kamaleonikoa, orain artean bezala etorkizunean baldintza klimatologiko berrietara egokitzen jarraitu beharko du bizirik eta zutik ekiteko, edo bestela fosildu egingo da. Egun ikusten da jada haize berriak bultzaka datozela: belaunaldi korronte berri bat, gizartean joera-gustu berriak... Hargatik, bertsolaritzaren mugimendu autoantolatua nola sortu zen, egun nola dagoen eta zein diren etorkizuneko erronka eta iragarpenak aztertu nahi izan ditugu.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Orain 20 urtetik hona bertsolaritzak erabateko aldaketa eman du. Nolabait esateko, konstzienteki hasten da arlo bakoitza lantzen eta antolatzen. Xabier Amurizak tira zion "iraultza" horri. Zu bertsotan hasi zinenean nola ikusten zenuen orduko egoera?
X. AMURIZA.
Ni nahiko atipikoa izan nintzen, bertsolaritzara eroritako meteorito bat: apaiza izana, kartzelan egona, karrera bat egina... Nortasun oso egin batekin aterrizatu nuen bertsolaritzan. Giro politikoari begira, ni Franco hil zen urtean atera nintzen, garai politikoa bereziki tenso, fuerte eta inportantea zen eta ni berotasun horren barru barruan nentorren. Azpillaga eta Lopategi zeuden puri- purian, bertsolaritza sozial-politikoa oso estimatua zen, batez ere gazteriaren aldetik. Horren kontra erreakzio, errezelo handi bat zegoen betiko bertsolaritza klasiko tradizionalaren aldeko. Bertsolaritzak indar izugarria zeukan: giro politiko horri buruz jendeak zerbait entzun nahi zuen eta oso zaila zen zerbait entzutea publikoki bertsolarien ahotik ez bazen. Bertsolariek zerbait adierazten bazuten, horrek sekulako arrakasta lortzen zuen.

Zeresana bazen garai hartan, baina zuk esateko modu berri bat ere asmatu zenuen...
Ni nentorren lekutik etorrita, niretzat bertso indartsu edo gogorrak kantatzea askoz errazagoa zen kartzelan egotea baino.
Apaiza ere izan nintzen, eta sermoiak egiten genituenean guardia zibila beti korupean izaten genuen, txibatoak ere bai, eta tentsio horretan ohituta geunden. Beraz, plazara joan eta gainera txaloak jasotzea... Gauza sinple batzuk era indartsu batean esatea niretzat ez zen batere gogorra.

Esan nahi duzu erretorikako errekurtsoak sermoietan ikasi zenituela, edo...
Hori ere bai. Gure karreran, sermoigintzagatik, literatura unibertsaleko oratoriari garrantzia handia ematen genion: Demostenes, Ciceron-eta halakoak itzuliak nituen, Axular ia buruz ikasia... Hori dena nenkarren eta gero hori agertu egin behar zen bertsolaritzan...
Ez nuen intentzioz egiten, nik neuk neuzkan baliabideak. Konturatzen nintzen nire bertsokera ezberdina zela baina ez nuen egin tradizioa puskatzeagatik, bertsotan egin nuen nekien moduan eta beste moldea ere gustatzen zitzaidan. Oso mentalidade ruralekoa ere izan naiz.

Bertsotan natural egiten omen zenuen, ez tradizioa puskatzeagatik. Bertsolaritzari egin zenizkion ekarpenak ere zer izan ziren, intentziorik gabeak?
X. AMURIZA.
Kartzelan gogoeta egin nuen forma eta abarri buruz. Eta forma aldetik zabalpide batzuk emateko oso bide erraza ikusten nuelako egin nituen gauzak, kontzientziaz. Bat-batekotasunak normalean inertzia bat darama eta bideak estutu egiten dira ez badituzu zabaltzen. Oso errimakera pobrea ikusten nuen, esaterako. Geroago, "Hiztegi errimatua" eginaz zabaltzen ahalegindu nintzen.
Doinuak errepikadunak egiten hasi nintzen. Beste toki batzuetan ere (Portugalen-eta) errepikatu egiten zirela entzuna nuen. Bertso on baten azken partea entzuleak errepikatu ahal izatea gozamen bat izan behar zuela ikusten nuen. Gainera, doinuetan zortziko txikia eta handia ziren nagusi, hortik ez ziren ateratzen. Neurriak ere piska bat gehitzera jo nuen konszienteki: hamarreko txiki eta handiak...

J. GARZIA.
Nik galdera bat dut Amurizarentzat: zuk bukaera errepikatzen baduzu, ziurtasun minimo bat eduki behar duzu errepikatuko den bukaera hori indartsua izango dela poetikoki, hau da, formulazio aldetik... Pentsamolde borobil bat bertsoaren neurrira egokitua, adibidez txapelketa batean bota zenuen "bihur bekizkit hesteak harri / hori ez bada horrela". Gaiari buruz zuzen zuzenean esan behar duzunaz gain, esaldi horiekin ia puntu oso bat jaten duzu, poetikoki ordurarte landu ez ziren bezalako formulazioak sartzeko. Gaiari erantzuteko, horrek berak ere ez al zizun ekartzen lau puntukoa baino gehixeago behar izatea?

X. AMURIZA.
Bai, gainera erretorika unibertsalera begiratuta ere, esan behar duzuna behar bada oso gutxi da, eta hari bueltak eman eta indarra eman behar zaio. Baina hori ez zen gauza berria, mitinlari on batek, sermoilari on batek egiten duena da. Horretarako bai, ahapaldia luzatu egin behar da. Ikusten nuen hamarreko handia oso ongi zetorkidala, eta zortziko handia ere bai; zortziko txikian parafrasi handiak egitea ez da erraza. Betelanari ere beste zentzu bat eman behar zaio, betelanean askotan lehendabiziko puntu horiek ez ziren ezer.

Zu, ordura artekoak ez bezala, aurrez lantzen hasi zinen?
X. AMURIZA.
Ni 77an hasi eta 80ko txapelketarako herriz herri ibili nintzen musika eta guzti bertso jarriak kantatzen. Eta idazten egiten den lana gero beti eramaten da zerbait bat-batera. Horrek lanketa bat eskatzen du. Hori beste bertsolariek ere egiten zuten baina karrera bat egin ez duenak ez dauka metodorik, baliabiderik, errekurtsorik nolabait zabaltzeko. Konparazio bat eginez, gure hizkuntzan literatura jasoa bertsolaritzatik oso aparte egon da. Bertsolari batek Lizardiren izenik ere ez zuen jakingo. Ni beti harritu izan naiz kubatarrak edo Alpujarrakoak etorri direnean: haiek batbateko jardunaren tartean Lorcaren poesiak kantatzen zituzten mahaian zutituta, eta haiek jardineroak ziren. Konturatuko dira bat-batekoa eta poesia beste maila batekoak direla, baina eskailera berekoak direla ikusten dute. Txirritaren edo Xenpelarren buruan Lizardiren poemak kantatzea ez zen pasatzen. Zergatik? Karrera bat egin ez duenak ez duelako ahalmenik bai hizkuntza bereko edo besteetako baliabideetara pasatzeko.

J. SARASUA.
Orain beste garai batean gaudela ikusten da eta justu kontrakoa gertatzen dela: bertsolariak dira literaturara eta beste alorretara ekarpenak egiten ari direnak.

J. GARZIA.
Amurizak egin zuen ekarpenik handiena izan zen bertsoa botatzetik bertsoa antolatzera pasa zela, nolabait. Bertsoa antolatu, eta ez errimak etorri ahala bota. Horrek errimak hierarkizatuta edukitzea eskatzen du. Aldez aurreko lan kontziente bat, esplorazio lan bat eta gero bertsoaren antolamendu kontziente bat.

Zure atzetik beste belaunaldi bat etorri zen. Egaña, Sarasua, Peña, Lizaso... Hauek zer ekarri zuten?
X. AMURIZA.
San Pedro eta Aristoteles ia garaikideak ziren. San Pedroren berri badakite bertsolariek Bibliatik. Baina Aristotelesekin Jon Sarasuak konparatu ninduen lehendabizi saio batean. Edo geroago Marxekin. Horrek zer esan nahi du? Bada hemen beste erreferentzia batzuk zetozela. Artea, historia, geografia... zientzia eta literatura mundu horietan ibilia izatea. Nik horiek ikasiak nituen, baina ezin nituen erabili zuen garaikoak etorri arte.

J. GARZIA.
Hauek etorri arte, eta horrelako aipamenak entzunda ulertu eta gozatu zezakeen publikoa etorri arte.

X. AMURIZA.
Hori oso garrantzitsua izan zen niretzat. "Orain neuk betidanik kantatzeko izan ditudan gauza batzuk kantatzerik izango diat", pentsatu nuen.

Ordura arte kantatzen zena zergatik zen mugatua?
X. AMURIZA.
Bertsolaritza klasikoan, nolabaiteko molde batera ahalik eta ongien egokitzen dena, ritualizazioak ongien betetzen dituena, tokatzen dena ongien egiten duena, hori da onena. Ni beste errito batzuetatik nentorrenez, bertsolaritzan aurkitu nuen beste meza bat, meza laikoa baina errito eta arau guztiak betetzen dituena. Entzuleen aldetik bada aldez aurreko molde bat, eta norbera egokitu behar da tresna, estetika, errito horretara. Nik neure barruan kontraesan bat bizi izan nuen: bertsolariaren jarrera pertsonalak, barrukoak nolakoa izan behar du? Nik bertsolaritza ez al dut hartuko baliabidetzat nik neuk nahi dudana honekin egiteko? Belaunaldi berriak ez zeukan bertsolaritzarekiko hainbesteko zorrik eta beste joera bat ekarri zuen: bertsolaritzarekin nahi dudana egingo dut eta nahi dudana esango dut, ez naiz moldera egokituko, moldea nik neuk egingo dut. Belaunaldi berriak asko lagundu zidan.

J. SARASUA.
Nik 19 urte egin ditut plazan eta nire baitan ere bilakaerak sumatu ditut. Hasieran gehiago nengoen erritual bati ahalik eta ongien erantzuten. Ahalik eta maila altuen ematen oso zaila eta konplikatua den molde batean. Baina urteekin konturatzen zara benetan jarraitzea merezi badu, zeuk esan nahi duzun zerbait eta zeure barrua ateratzeko molde bezala balio dizulako dela. Eta hor bide pertsonal bat egiten duzu. Ez zure beharretatik abiatuta bakarrik, baita gizarteak eraginda ere. Geure barruan bakoitzak egin ditu halako iraultza txikiak, eta denon artean joan gara nahiko trinkoa zen entzule batetik nahiko zatitua zen entzule batera. Bakoitzaren barruan sortzen dira kontraesanak, politikoki kokatu beharra, politikoki eboluzioa ere azaldu beharra... Izugarri gauza pila egosten dira bertsolari baten eboluzio horretan. Sinplifikatzea da korronteez bakarrik hitz egitea. Bertsolaria autore bezala tratatua izan dadin nahi nuela ari nintzen ikusten azken urteetan; eta nola konbinatu autore izate hori taldean eta beste batekin kantatzearekin...
Etorkizunean bertsolaria autore bezala ere imaginatzen dut. Nik uste aski belaunaldi sendoa badatorrela hori hala izango dela ikusteko. Une honetan ikusten da ez txapelketetan puntan dabiltzanak, baizik autore perfildunak nahi dituela publikoak. Eta ez dut gaia atera nahi, baina ez dit oso ongi kuadratzen autore bezala planteatutako bertsolaritzaren etorkizunak txapelketarekin.

J. GARZIA.
Entzuleria fragmentatu edo pitzatu egiten da, baina lehenengo pitzatzen dena bertsolarien burua da, lehen ez bezala. Pitzadura mentala modernitatearen sintoma bat da. Seguru asko garai batean bertsolari eta entzuleak nahiko mundu ikuskera berdintsu bat eta balio antzekoak zituzten, baina bakoitzak bere baitan ere nahiko pitzadurarik gabeko ideologia zuen. Oso mentalidade trinkoa zen. Gero sortuko zaio bertsolari bakoitzari bere txokea barruan: bat apaiz mundutik etorria, bestea arte ederrak ikasia, hirugarrenak Schopenhauerrekin bukatu nahi du txapelketako agurra... Hartzaileak duen kultur eta konplexutasun maila bat eskatzen du. Gizartean ezin du arrakastarik izan konplexutasun horri erantzuten ez dion mezuak.
Hala ere, 80koaz hitz egiterakoan lerro nagusiaz ari gara, baina era berean besteak ere iraun du: hor zebilen Lazkao Txiki arrakasta ikaragarriarekin, gaur Joxe Agirre bezala. Bertsolaritzak baditu beste eremuak eta komeni da horiek mantentzea.

Nola azalduko zenuke azken 20 urteotako bertsolaritzaren ibilbidea?
J. GARZIA.
Bertsogintzari dagokionez, iruditzen zait txapelketek, bere injustizia guztiekin, ongi markatzen dutela garai bakoitzeko joera: 80-82ko txapelketak Xabierrek irabazi zituen, eta hor dago bide horren proposamena bere osoan ikusi nahi duenarentzat. Gero etorri da Andoni eta belaunaldi hori, eta 80tik 90era Xabierrek egindako eraginaren sedimentazio bat izan da: Xabierrek irekitako bide berria hedatzen da eta hortik bakoitza bere estiloa hartzen joaten da. Ez da harritzekoa, 86ko eta 89ko txapelketan bi bandazo egotea; 86koan, atzera piska bat lehengo sisteman anklatuta dagoen bertsolari baten alde, Sebastian Lizaso. Freskoa da, bertsoa etorri ahala bota egiten duena... eta 89an, berriz, nahiz eta eskola zaharrekoa izan, Amurizaren bidea oso ongi asimilatutako bertsolari bat, Jon Lopategi. Ikusi besterik ez dago finalean, bederatzi puntuko bertsoan, puntu motzak nola josi zituen: "triste nago zeren, aitona zahar horren, jokua gaur zer den, ikusi ondoren...". Hori ez du egiten estrukturari bueltak eman ez dizkionak, hori landuta dago. Ez dut esan nahi hori etxetik eraman zuenik, baina landu egin du.
Gero belaunaldi berria dator (Sarasua, Andoni...). Andonik irabazi ditu azken bi txapelketak eta iruditzen zait Andoni badela belaunaldi horren erreferente bat. Uste dut Andonirena beste pauso bat dela: garai horretan bertsolaritza telebistaz ematen hasten da. Telebistaz lehengo bertsogintza emango balitz, publiko berria ez litzateke etorriko eskaintza horretara. Publiko berria etorri zen bazegoelako belaunaldi oso bat ordura arte bertsolaritzara hurbildu gabeko jendearen mezuak era txukun batean eman zitzakeena. Arrakasta horregatik izan zen.
Publikoa asko masifikatzen da eta masifikazioak dibertsidadea dakar, momentu horretan kantatzea zailago dela perzibitzen dute, gizartean ez dago denek erabatekotzat jotzen duten baliorik... Literatura idatziaren mugara eramaten dute bertsogintza.
Estereotipoei dagokienez, belaunaldi hori oso zentratuta dago laupabost izenetan: Jon Sarasua, Sebastian, Andoni, Peña... Ez diot horiek bakarrik direnik, baina tipologia agortu liteke gutxi horietan. Horren ondorenean sortzen da belaunaldi bat askoz ere multipolarragoa. Unai, Maialen... Baina nik uste sustraia oraindik ere Amurizaren proposamenean daukala belaunaldi honek. Eta, beharbada, lehenagokoetan Basarri aipatu beharko litzateke. Bere proiektuan gauza asko esaten ziren oraindik ere balio dutenak.

Bertsozale Elkartea ere 80ko hamarkadan sortu zen...
K. TAPIA.
Franco hil ostean herri honetan ilusio berrien garai bat bizi izan zen eta bertsolaritzan ere bai. Baita euskaran ere, eta euskararen biziberritze nahi horrek bertsolaritza prestigio maila oso handira eraman zuen, halako mitifikazio moduko zerbait ematen da. Bertsogintzako ekarpenaz aparte, Amurizaren ekarpen garrantzitsuetako bat, mugimendu sozial bat artikulatzen hasteko ekarpenak egitea izan zen: bertso eskola. Bertso eskolak bertsolaritzaren ekarpen garrantzizko bat izan dira 80ko hamarkadan, mugimendu sozial berri baten sorrera suposatu zuena. Hamarkada horretan sortzen da Bertsozale Elkartea ere. 80ko hamarkada Amurizaren proiektuaren sedimentatze hamarkada izan zen, mugimendu sozial baten egituratze eta artikulatze prozesuan. 90eko hamarkada, aldiz, beste ildo batzuetan markatu da, bai mugimendu horren prozesuari bai bertsogintza berari dagokienez.

J. SARASUA.
Komeni da bertsogintza eta bertsolaritza bereiztea. Bertsogintza da bertsolarien jarduna, eta bertsolaritza proiektu sozio kultural bat. Eta elkartearen sorrera klabea da. Halako intuizio bat sortzen da: garai berri hauetan eta gauzak zihoazen moduan, edo autoantolatzen gara mugimendu kultural moduan bertsoaren transmisioa eta hedapena ziurtatzeko, edo bestela ez diogu etorkizunari aurre egingo. Esan liteke bertso mundua nahi genuen lekura joan dela, ez dakigu ongi edo gaizki, baina azken 15 urtetan nahi genituen pausoak eman ditugu mugimendu bezala.

J. GARZIA.
Nik elkartearen inguruan zera azpimarratuko nuke: krispazio sozial handiena zegoen urteetan ere, kultur eskaintza bat eta irizpide batzuk izan ditu, administrazioak izan ez dituenak. Eta batez ere, ideologien elkarbizitza bat egon da, nire ustez eredugarria izan dena, oso emankorra eta gizartean beharbada ikusi ez dena. 90ko hamarkadan, elkarteak gorputza hartu zuenean, inolako arazorik gabe, tentsio eta eztabaida normalekin bakarrik, artikulatu izan dira hor egon diren sentsibilitate politiko guztiak.

X. AMURIZA.
Bai, eta hori ofizioak berak egiten du, akaso ez da bertsolarien meritua. Gure lana lankidetza da definizioz. Bakarrik ez dugu kantatzen. Gainera bertsolari tradizionaletan nahiko bikote fijoak izaten ziren, baina orain edonorekin kantatu behar duzu, kolektibo zabala gara. Bakarrik kantatu behar bagenu, trikitilariak edo idazleak bakarrik jarduten duten bezala, zatiketa berdintsua izango genuke, baina beste batekin kantatu behar badugu, ezin dugu nahita ere hori apurtu. Kantatzera zoazenean lehenengo jarrera inportantea da, saioan bion artean egiten dena ongi atera dadila. Ez zurea ongi edo gaizki ateratzea. Ofizioak agintzen digu halako tolerantzia bat izatea, derrigorra da, eta derrigorra esatean ez da gauza gogor bat, da gauza polit, atsegin eta gratifikantea. Nahiz eta ados ez egon, egun hartan izango gara kontrario baina lagunak.

Bertsolarien artean oso ongi moldatuko zarete, baina bertsolaritzak kritika ugari jaso izan ditu: garai bateko bertsogintza alde ederrekoa zela, gaiak politizatuta eta bertsolariak ezker abertzalekoak bakarrik direla...
J. GARZIA.
Esan dugu bertsolaritzaren apustua izan dela pauso konstziente eta kriterio ekologikoekin aurrera egitea, baina oso garbi edukita bertsolaritza informazioaren gizartean errelebantzia eta garrantzi soziala duen mugimendua dela. Komunikazio zirkuitu alternatibo bat, hedabide bat kasik, gizartean hedabide nagusiek modu beti bakarrean eta beti berean erabiltzen dituzten gaiak hausnartzeko eta haiekin jolas egiteko; aportazio kultural indartsua da. Pentsakera eta kulturgintza eredu bat eskaintzea da apustua, eta hori ez bada, beharbada gainerako guztiak ez du merezi. Egon da mugimendu bat, Elkartea sortu eta bereahala, bertsolaritza gizarteak aintzat hartuko duen ahots bat izatearen kontra agertu dena. "Intelektual nostalgikoak" deitzen diet nik, nahiago zutenak bertsolaritza sekula atera izan ez balitz bitxikeria antropologiko etnografiko bat izatetik. Graziosoago da, eta bere mundu ikuskeran hobe geratzen da, kanpoko adituak datozenean "hemen badauzkagu salbaje hauek" esatea, eta salbajeak kantuan jarri ahal izatea. Baina oraingo bertsolariak ikustera badatoz, beharbada ez diete erakutsi nahiko zer ongi zaunka egiten duten.

K. TAPIA.
90eko hamarkadan, gizartearen zatiketa politikoaren ondorioz, bertsolariari gauzak esateko eta interpretatzeko oholtza gainean zuen askatasuna ez zitzaion normaltasunez onartzen eta horrek bere ondorioak izan zituen. Seguruena kolektiboki erasan horiek bertsolariak baino gehiago Elkarteak jasaten zituen, Elkartea baitzen proiektuari tira egiten ziona, eta erasoaren atzaparkadak berari joaten zitzaizkion. Hortik ulertu behar dira telebistaren ulerkortasun eza bertsolariaren askatasunaren jarrerarekiko. Plazaz plaza bertsolariek gertaera politiko, erakunde, alderdi eta gainerakoez jaulkitzen zituzten iritziek ez zuten lekurik gizarteko sektore batzuetan, batez ere, alderdi politiko eta erakundeen aldetik. Bestalde, kontuan hartu Frankismoaren ondoren euskal kulturgintzako eskaintza zein urria zen. Egoera honetan bertsolaritza izan zen goreneko mailara igo zen fenomeno sozio-kulturala, eta horrek zenbait errezelo sortu zuen kultur alorreko zenbait sektoretan. Kritikak egon ziren bertsolaritzak egiten zituen ekarpenekiko, baina batez ere okupatzen zuen espazioarekiko jarrera ezkorra izan zen. Nire ustez 90eko hamarkadan bertsolaritzak izan zuen dimentsio soziala puztuta egon zen.

X. AMURIZA.
Kantari, idazle eta beste askorekin konparazioak eginez, bertsolaritzak badauka tentsio intrinseko bat besteek ez daukatena, ahozkoa delako. Bertsolaritza kirola, jolasa, denborapasa da, baina aldi berean hizketan ari da. Espontaneidade hori kontrolaezina denez, bertsolaritzak nire ustez sekula ez du izango, hizlari espontaneoek izango ez duten bezala, goiko maila hori. Gaur egungo bertsolariei, esan nahi dutena esateko ez bada, ez zaie interesatzen bertsolaritza, eta jarrera horrekin dabilen bertsolariari goi mailako estrukturarik ez diote sekula eskura emango. Diseinu baten barruan bazoaz goraino jasoko zaituzte, baina han hizketan hasten bazara ez. Hori da inprobisazioaren arriskua. Manipulatzen baduzu inprobisazioa galtzen duzu. Basean izan dezakegu indar handia, baina hori gora eramateko posibilitaterik ez dut ikusten.

90eko hamarkadan zuen lekua gehiegizkoa omen zen. Gaur asko jaitsi da. Zein da bertsolaritzak hartu behar duen lekua?
J. SARASUA.
Kultur munduan sorkuntza inprobisatuaren lekua oraindik ez da behar bezainbeste errekonozitu, munduan horretaz zer dagoen ere ez da ezagutzen. Sorkuntza inprobisatua kulturbide unibertsal bat izan da, gaur egungo kulturetan ez du beharbada proiekzio handirik, baina ez dugu horregatik akonplejatuta sentitu behar, agian aukera bat da, arazo bat baino gehiago. Beste gauza bat da kulturbide honi behar dena baino sona gehiago ematea. Elkarteak horretan beti kontu izan du, ez du hedapena behar baino gehiago zabaldu nahi izan. Gogoratzen naiz 90eko hamarkadan aparra gora zioanean, elkartekoak ginela lehenengoak erreflexioa egiten: kontuz, ea komeni ez zaigun neurri bat hartzen ari garen, hau faltsua da eta bereahala behera joango da. Dena den, ordua da errebindikatzeko sorkuntza inprobisatua (bai ahozkoa, bai musikazkoa, bai pinturazkoa) hor dagoela, eta beste estrategia bat dela, ez dituena lortzen landuaren emaitza berak, baina tira. Oteizak-eta izugarrizko garrantzia eman diote kulturbide honi. Guk ez diogu hainbestekoa emango, barrutik ezagutzen dena ez da mitifikatzen. Besterik gabe, beste jardunbide bat da, eta gizartean bere lekua badu, utzi bere bidea egiten. Besteen esanak esan, gu konturatu gara guri balio digula eta gainera sortzaile bezala esperientzia aberasgarri bat ari garela sortzen, baita proiektu soziokultural bezala ere, baduela bere lekua. Elkartearen inguruan proiektu autoeratu bat sortzen ari gara euskal lurralde guztietan, bertsolaritzako agente guztien partaidetzaz, eta gizarte-esperientzia bezala ere ezaugarri interesante batzuekin.

J. GARZIA.
Uste dut Hego Euskal Herriko arazoa dela esaten denean unibertsala edo lokala; unibertsal hori beti dela unibertso berekoa: Madril inguruko unibertsoa. Baina Sabato bezalako idazle batek idatzia duenez, berak imaginazioa eta fantasia bereizten ditu. Imaginazioa da lehen dauden ohial txatal horiek modu txukunean jostea. Libururik landuenean ere imaginaziotik hasten zara, lehendik dakizunetik, baina momentu jakin batzuetan fantasia sortzen da, eta hori beti da inprobisatua, koalitatiboki. Europan agian ez zaio garrantzirik ematen, baina Europan (Europa aberatsean) kasualki oso modaz pasatuta daude. Espainian bezala, XIX. mendeko eskola sistema zaharkitua daukate, idatzian oinarritua, umeek sekula hitz egiten ez dutena... Eta jakina, prestigioa idatziak baldin badauka eta horixe bakarrik ezagutzen bada, inprobisazioak tarte txikiagoa du. EEBBetan, ordea, aspaldi esaten ari dira ahozkotasuna, ahoz inprobisatzeko trebezia, ahozko persuasio tekniketan jakitun izatea... horixe dela momentu honetan eskolan landu behar litzatekeen lehen trebetasuna. Guk, agian, modaz pasatuaren pasatuz oso moderno topatu dugu geure burua.

J. SARASUA.
Nik uste badagokigula kulturgintzan mahaian kolpe bat ematea, ze azken urteotan entzun eta entzun egon gara. Nik ez dakit hemendik 20 urtera munduko kulturaren abangoardiaren puntatzat hartuko gaituzten, edo tradizio zaharkitu baten azken reduktotzat. Seguruasko bigarrena gehiago. Baina hori kontuan hartu gabe guk gure bidea egin behar dugu, guri balio digulako. Modaren puntan egoteaz arduratzen ez dena bakarrik egon daiteke, oharkabean, biharko modaren puntan. Euskal kulturgintzan egon den mentalidadearen guztiz kontrakoa da. Bere homologazio behar, bere beldur, bere kontuz, bere konparatu behar...

J. GARZIA.
Azken aldiko bertsolaritzak hartu duen bideak hiru aspektu ditu eredugarri izan litezkeenak: bata lehen esan dudan ideologien elkarbizitza, bestea homologazio eta dikotomia horien gainditzea (lokalista pobre ustekoa, unibertsal aberats ustekoa), eta hirugarrena kulturgintza eredua. Xabierrek esan duen bezala, nahiz eta hau putakume bat izan niretzat eta ni berarentzat ere bai, hau atera egin behar dugu aurrera, gustagarria egin behar dugu. Hori da eskema nagusia. Eta eskema nagusia hori denez, niri gustatuko litzaidake eskema horretatik gure kultur agintariak pixka bat kutsatzea. Diferentzien gainetik egotea. 90eko hamarkada izan da klonikoena: zer sortzen da herri mailako kultur elkarte txikietatik? Bada, kultur agintariek horren kontrako iguala egingo dute. "Egunkaria" dela, HABE dela, dena delakoa. Dinamika horren kontrako ideologia dago, funtsean, Xabierrek esandako horretan: hau egin behar da? Bada, egingo dut hori egin nahi duenarekin. Ez hainbeste begiratu: "honekin?". "Honekin ez dut egin nahi, baina berak egingo lukeena ikusten dut egin behar dela, beraz, neuk sortuko dut paraleloa". Uste dut bide horretan ere eredugarria izan dela bertsolaritza mugimendua.

Tapia da administrazioarekin torero lanetan aritu izan dena...
K. TAPIA.
Urte batzutan landu izan den politika agortzen ari dira, eta ezinbestean herri mugimenduko espresio autoantolatu eta egituratuak eta administrazioaren arteko elkarlana egituratzea helburu garrantzizkoa da. Elkarteak 13 urte pasatu behar izan ditu lanean administrazioarekin adostasun minimo batzuk hitzartzera heldu aurretik. Ez dakit aldaketak estrategikoak diren edo momentu batek eskatzen dituen beharretara egokituak. Politikaren mundua oso aldakorra da, lau urte irauten ditu politika jakin batek eta gero hurrengoak norabidez aldatzen du. Argi dagoena da 90eko hamarkada hasieran administrazioarekin genuena baino askoz harreman hobea dela gaur duguna. 80ko hamarkadan herri mugimenduek, nahiz eta desegituratuta izan, oso dinamika indartsua zuten eta ez zitzaion inolako garrantziarik eman, edo alderantziz, desegitea zen helburua. Administrazioak erakundetze prozesuari bakarrik eskaini zion arreta eta laguntza, eta hor aurrez aurreko borroka bat hasi zuen herri mugimenduekiko. 90eko hamarkadaren hasieran lehen esandako bikoiztasunaren fenomenoa egon zen. Dena zen administrazioaren proiektuak sortzea. Uste dut azken urteotan politika hori aldatzen ari dela, besteak beste administrazioak berak sortzen dituen muntaien inertziak dirua gastatzeko oso aparato onak direlako, eta sarri askotan operatibitate zalantzazkoa edo errenak behintzat badirelako. Euskalgintza eta kulturgintza aurrera atera nahi bada, herri honen borondatea da artikulatu behar dena, eta ez administrazioaren borondatea bakarrik. Orohar, gauzak hoberantz doaz baina oraindik zer egin eta zer hobetu asko dago.

J. SARASUA.
Hasieran instituzioen legitimazio eta deslegitimazioaren artean eman zen borrokaren ondorioz, instituzioetan zeuden partiduengandik egon zen halako pentsamendu bat herria egituratzea herria instituzionalizatzea balitz moduan. Eta orain ari dira konturatzen gizarte erakundeetatik aspaldi komentatzen zena: herria egituratzea dela behetik gora gizarte zibila egituratzea eta ez dena publifikatzea. Gizarte zibilaren kemen erakusgarrietakoa izan da Bertsozale Elkartea, ez dena bertsolari kofradia bat, bertsozale mugimendu sozio-kultural bat baizik. Elkarteak bide bat egin du eta estilo bat markatu du administrazioarekiko harremanetan. Intuitiboki elkartzen gaituen horren gainean (bertsolaritza geroratzearen gogoak), pluralak gara politikoki eta hala izan gara, gure zuzendaritzan hemengo auzi nagusiarekiko oso jarrera ezberdinetako jendea dago. Beraz, pluralak gara baina ez neutralak. Ez gara neutralak gure proiektuari eragiten dion ororekiko. Administrazioarekiko, ETBrekiko, jarrera nahiko tinkoa izan da, baina beti geure proiektuarekiko duintasunezko harreman minimorik ez genuelako ikusten. Eta ez atzean beste zera politiko batzuek zeudelako. Hainbat urtetan aurpegiratu zaigu "ezker abertzalekoak direnez, administrazioaren kontra hitz egiten dute, ETBrekin puskatzen dute..." baina elkartearen traiektorian ez da inolako interferentziarik eta esku sartzerik egon ezker abertzalearen inongo erakunderekiko. Elkartea horretan oso garbia izan da. Garai hartan gure artean eztabaida sortu zuen zenbateraino enfrentatu, zenbateraino ari ginen hipotekatzen bertsolaritzaren etorkizuna estilo gogor hori mantentzeagatik, eta uste dut momentu honetan balorazio positiboa egiten dugula. Enfrentatu ginen, baina gure proiektuaren arabera. Une honetan uste dut errespetu bat sortzen duela Elkartearen traiektoriak.

Egungo saioak nola daude, ikuskizun gisa?
K. TAPIA.
Bertsogintza aldetik, bertsolaritzak historikoki izan duen eskaintza oparo eta kalitate onenekoa eduki dezakegu une honetan, baina entzuleriarekiko duen harremana asko jaitsi da. Hor bi faktore jarriko nituzke: batetik, zer gizarte eredu, zer estetika eredu, zer pauta dominante ari zaizkigun sartzen eguneroko bizitzan, eta bestetik elkartetik nola bermatu dugun bertsolaritzaren transmisioa bertso eskoletan eta abar. Bertso saio antolatzaileen artean ere, oso nabaria da gure egunetako irudiaren eta batez ere telebistaren eragina, eta bertsolarien espektakulua bideokliparen terrenora eraman nahi da. Bertso saio antolatzaileek geroz eta gehiago eskatzen dute: "aizu, egin dezakegu bertso saio berri bat?" eta nik egun batean galdetu nuen "entzulerik gabe? Edo bertsolariek bertsorik kantatu gabe? Bertsolariak hankaz gora jartzen ditugu?" Zer da eskatzen ari diren berritasuna? Ni gai honek kezkatzen nau.

J. GARZIA.
Hori beti egon da. 92. urtearen inguruan mozorro bolada izan zen. Momentu jakin batean mozorro batek eman dezake bertsotarako gaia, gero eman duelako jartzen duzu telebistan eta bolada batean denak mozorrotu nahian ibiltzen dira, eta ariketekin berdin. Epe luzerako bista falta da askotan. Herrietan urtean saio bakarra antolatzen da eta "Kristorena egin behar diagu", pentsatzen dute antolatzaileek. Gehienetan oso borondate oneko hanka sartzeak dira.

J. SARASUA.
Irizpide ona da esperimental izan nahia baina batzuk pasa egin dira. Gainera gauza esperimentalak egin behar ditu jende esperimentatuak. Batetik, sanoa da bertsolaritzan zabaldu dena: tradizioa dela hortik hartu eta sortzeko oinarri bat, tradizioa ez dela hor geratzeko, tradizioa modu bizi batean garatu behar dela, aldatzeko dela, esperimentatu behar dela... Baina aldi berean, tradizioak badu jarraikortasun bat eta badu arima bat. Bertsolaritzaren muina inprobisazioa da, hitz soila da, eta emankizun hori hitz soilean oinarritu behar da. Hori ez dezagun bortxatu mila teatrokeriekin.

K. TAPIA.
Azken 5-6 urte hauetan urtero 1.000 bat saio egiten dira. Garbi ikusten da jaialdiak behera doazela, eta lagunartekoago den beste espazio bat sustraitzen ari dela: bertso afariena. Nire galdera da: bertsogintzak mantendu dezake erritmo hau (urtean 1.000 saio)?

X. AMURIZA.
Saio masiboak gero eta problematikoagoak dira, eta uste dut terreno txikiagoetara gehiago zabalduko dela. 500 lagunetik gorako zerbait egiteko moldean ere asmatu behar da gero! Zerbait sortu behar da, molde handi bat, zirraragarria izango dena, nahiz eta gero igual bertan saio eskasagoa atera. Edertasun estetikoa, sentimentala eta dena garantizatzen ez bada, zail izango da horrelako emankizunek arrakasta edukitzea. Bertsolaritza klasikoan frontoikada bat biltzen zen, hori berez zen akto ikaragarria, nahiz eta gero akaso bertso txarrak entzun. Dauzkan ezaugarriak dauzkalako, txapelketak beti edukiko du hori. Bestela, 500 lagunetik gora biltzea zail ikusten dut, eta biltzekotan selektiboa izan beharko litzateke. Promoziozko saioetan eta gauza asko nahastuta daudenetan, hori ez da lortuko. Baina hori lortzea komeni al da? Urtean zenbat aldiz komeni da?

J. GARZIA.
Ni esperimentazioaren aldekoa naiz. Baina ahalegina non jarri behar da? Ahalegina egitea berez azaleko diren gauzatan (eszenografian...) polita izan liteke, baina barruko mugen esplorazioa da benetako esperimentazioa: hartu dezagun bertsolari bat edo bi eta inbestigatu bat-bateko bertsolaritzaren mugak non dauden. Egun, bat-bateko bertsoa eta idazten den literatura ez daude hain urruti kalitate literario esaten zaion horretatik. Niri ez dit ezer esaten ETBko programaren ahalegin nagusia enfokea, errealizazio ona... bada. Oso garrantzitsua da hori, baina hori lantzeagatik galdu behar bada edukiaren barne erritmoa, nahiago dut ez esperimentatu.

X. AMURIZA.
Ni ere barne erritmoaz ari naiz. Jaialdiaren martxa, progresioa, izan dadila antzerki on bat ikusten ari bazina bezala.

K. TAPIA.
Baina jendearen kulturan ikaragarri sartu da irudiaren kultura. Telebista egunero ikusten dugu, eta telebistan barne erritmorik ez da ikusten, baina dekorazio eta errealizazioa dena bai.

J. SARASUA.
Bertsolaritza paradoxa batean dago, kontraesanak kudeatzea tokatzen zaio, tradizio zahar baina bizi den aldetik. Batetik bere ezaugarriak ditu: zuzenekotasuna, kalekotasuna, erreprodukzioetan ez oinarritzea, sortzailearen izaera herritarra... ez da kontua horiei eustea, ezaugarri idilikoetan irautea, horiek gaur egungo kultur baliabideetan nahastea baizik. Geure neurrira, oreka, tentsio kreatibo hori mantenduz. Gauza da etorkizunean bertsolaritzari etengabe tokatuko zaiola egokitzea: adibidez, telebistan egon nahi badugu beti egongo gara kontrakotasunean bere dinamika eta martxarekin. Eta gaurko kulturbide askorekin ere bai. Zenbateraino sartu, zenbateraino ez sartu? Ikusiko dugu. Erantzuna jarrera sortzailean dago. Eta erantzuna gu joango gara uneoro ematen, sortzaile bezala eta Elkarteko mugimendu partehartzaile bezala.

Bertso saioa ahozkotasunean oinarritutako ikuskizuna izanda, arrakastarik izan dezake irudian oinarritutako telebistan?
J. GARZIA.
Bertsolaritza ETBn ematen hasi zenean, ahozkotasunak duen garrantziak seguru asko izan zuen zerikusirik programaren arrakastan. Bertsolaritzak telebistako produktu baten kontrako ezaugarri guztiak dauzka: jardun motela, geldia, aretoetako argiztatze iluna...; teknikoki konparatzen badugu bideoklip bat bertso programaren estetikarekin, ezinezkoa da programa horrek funtzionatzea telebistan eta, hala ere, kristoren bonbazoa izan zen. Beraz, hor badago sustrato bat eta hori da informazioaren gizartean ahozkotasunak duen garrantzia. Eta ahozkotasunaren barruan beti izango du inprobisazioak leku handiagoa idatzizko kulturan baino.

Mundu mailan nola ikusten da bertsolaritza?
J. GARZIA.
Momentu honetan dugun gabezia handienetako bat zera da: mundu zabalean bat-bateko bertsolaritza zer den adierazten asmatu behar dugu. Gaur hemen dagoen bat-bateko bertsolaritzak ez du inolako antzik ahozkotasunaren adituek deskribatzen duten ahozko poesiarekin. Autoreak ez duela existitzen esaten dute, onomatopeia mordo bat daukala, joste lan asko baina originaltasun gutxi; sozialki liturgikoa dela baina ez errelebantea, komunikabide izateko batere onarpenik ez duena... Bat-batekotasunaren adituak dabiltzan mundu horretan bat-bateko bertsogintza gizarte honetan zer den eta nolako barne prozesuak dituen adierazten asmatzen badugu, ondorengo 20 urteetan ahozko literaturaren gairik preziatuena mundu mailan bertsolaritza izango litzatekeela. Zeren gaur egun, 40ko urteetan Balkanetan egindako grabazioetatik ateratzen dituzte ondorioak, edo Afrikako ez dakit zer triburekin berdin. Eraiki den ahozkotasunaren teoria guztia, gehiago dagokio Koldo Ameztoi ipuin kontalariari bat-bateko bertsolaritzari baino. Inork ez daki hau hemen dagoenik, maila horretan. Desajuste hori bukatu behar da, zer ikasia bai baina zer irakatsia ere badugu, asko. Komeni zaigu ahalegin hori egitea, eta ez bakarrik etxean beste prestigio bat izateko. Geurea kontatu, ingeleseratu.

J. SARASUA.
Horrekin lotuta dago nazioartekotasunaren kontua. Une honetan elkarteak egin duen bidearekin, nazioartekotasuna planteatzea tokatzen da. Eduki ditugun esperientzia gutxi horiek oso onak izan dira, zer ikasia ere badugu; eta bestetik, antolakuntza maila aldetik seguruenik munduan egokienak izango gara horrelako kontinente arteko topagune izateko. Behar bada topagune iraunkor. Euskal gizarteari ikustarazteko gure txokotasunean unibertsal garela. Geronek esan behar dugu ez dela ezer asko bertsolaritza, gauza xumea garela, baina zinemaldian filme amerikarrei alfonbra gorria jartzeaz gain, herri honek egin dezakeena dela bere ekarri txikien nazioartekotasuna garatu, eta gure adibide oso zehatz eta oso egingarrira etorrita, ahozko sorkuntzan munduko erreferentzia bihurtu.

K. TAPIA.
Daukaguna kanpoan erakusteko ahalegin handiagoa egin behar dugu. Beti etxe barruan mugitzeko joera eta jarrera izan dugu. Agian azken urteotan urrats batzuk eman ditugu, eta jada garaia da kanpora begira salto koalitatibo batzuk emateko.

X. AMURIZA.
Zabalkunde hispanikotik mundu mailakora egin behar da.

J. GARZIA.
Kanpora begira, bertsolaritza hiru mailatan izan daiteke txundigarria: lehena, maila etnografikoan, kanariarrak bezala, bi xahar hor aritzen dira eta grazia egiten dute; bigarrena estetiko apaingarrian, Kuban bezala; eta, hirugarrenik, maila funtzionalean, eta hori da guk nahi duguna. EEBBetan eta Erresuma Batuko unibertsitateetan ahozkotasunari buruzko katedrak daude, zirkuitu bat dago, eta horiei besterik ez bada, bertsolaritza zer den eta gizartean zer eragin duen azaldu beharko litzaieke. Gero sartuko gara bertsoak itzuli eta bere balioa aztertzera. Gainera, beraiek etorriko dira bertsolariak aztertzera, ikasiko dute beraiek euskara, lortzen badugu gizarte honetan ahozko bat-batekotasunak arrasto bat izatea.

Zer da ikertu behar dena?
J. SARASUA.
Gure beste hutsuneetako bat ikerketarena da. Herri honetan ikerketa institutu pila bat daude, eta mundu mailan gure aportazio txikiak direnei buruz apenas dagoen ezer, apenas dagoen ikerketa politika kontzienterik herri honetan gai batzuren inguruan. Geure arloan lehen zertzeladetan hasita gaude, baina oraindik ez gara serio abiatu, ikerketa institutu bat sortuz, adibidez.

J. GARZIA.
Dena dago egiteko. Ez bakarrik jaialdiak, aro bakoitzaren ikerketa egin behar da, beste formatoetako bertsoak, bat-bateko bertsoak eta bertso jarriak; gure egungo entzuleen ikerketa sozio-sikologikoa; barne prozesua, nola egituratu errimak...

J. SARASUA.
Irakaskuntza mailan, orain adar inportante bat lantzen ari zarete (ahozkotasuna lantzeko metodoa sortzen), eta uste dut adarra bai baina enborra landu gabe daukagula. Bertsolaritza irakaskuntzan txertatzea merezi du edo ez? Eta merezi badu, bertsolaritzak zer aportatu dezake? Ahozkotasuna, komunikazio gaitasuna, hizkuntz gaitasunerako trebakuntza, inprobisaziorako ahalmenak, jarrera sortzailea edo autokonfiantza, komunikazio estrategiak lantzea, memoria, musikalitatea... intuizioz somatzen dugu hori guztia lan litekeela, baina curriculum orokorrari begira, ikuspegi orokor hori landu eta formulatu gabe daukagu.

Jorra dezagun, gainetik bada ere, bertso eskolen egoera.
K. TAPIA.
Nire inpresioa da bertso eskolak Amurizaren teorian oinarrituta sortzen direla, ahozkotasunaren berezko transmisioan sortzen ari zen arazoari erantzun asmoz edo. Beraz, bertsolaritzak iraun nahi badu derrigorrezkoa da irakaste-ikaste prozesua bermatzea. Bertsotan ikasten duten guztiak ez dira bertsolari izango, baina bertsolari izan nahi dutenek ikasi egin beharko dute. 80ko eta 90eko hamarkadetan landu izan den metodologia, oso gutxi aldatu da metodologia zaharretik. Ahozko transmisio naturaleko metodologia eraman da bertso eskoletara. Ez da gehiago ikertu nola landu behar den, nola sekuentziatu gauzak, zer eduki diren ezinbestekoak gazte batek bertsogintza ezagutzeko... eta hala ere, emaitzak oso positiboak izan dira. Baina etorkizuneko erronka nagusia hori da: edo asmatzen dugu bertso eskoletan benetan zer egin nahi dugun finkatzen eta prozesu hori artikulatzen, edo zilborreste nagusi bat eten egingo zaigu.

J. SARASUA.
Herri edo eskualde horretan -eta leku batzutan hala da- bertso mugimendua eramaten duen taldea izan behar du bertso eskolak, ez bertsotan erakusten duen akademia. Esparru horretan transmisioaz arduratzen direnak, saioak antolatzen dituztenak, bertsotan egiten dutenak esparru horretako saio espontaneo eta antolatuetan... Nik horrela imaginatu nahi nuke etorkizuneko bertsolaritzaren mugimendua: tokian tokiko mugimendu txikien artikulazio bezala. Ez da posible nazio mailakoa egitea bakarrik. Gertatzen dena da oso zaila dela ereiten, eta hor sortu behar dela xarma bat, belaunaldi bat, tiratuko duen jendea... Gure apustua da eredu hori bultzatzea, koordinatzea eta arnasa ematea, baina oso zaila da parakaidismoz antolatzea. Parakaidismoz akademiak antolatzen dira, baina mugimendutxoak eta bere baitan xarma hori daukaten taldeak parakaidismoz antolatzea zaila da. Hala ere, bertsolaritzako agente ezberdinen biziberritzea hortik dator.

K. TAPIA.
Bertso eskolak asko elikatu dira bertsolaritzak gizartean zuen prestigio mailatik. Hori izan da eragile nagusia gazteak bertsolaritzarekiko atxikimendua izateko, horretan jarduteko... Bertsolaritzak goren mailako izena galtzen badu, nahiz eta bere xarma ez galdu, bertso eskolen elikatze prozesuak askozaz ere lan gehiago egitea eskatuko du, eta gauzak oso garbi eduki beharko ditugu. Parakaidismoa ez da izango soluzionatuko duena, baina espontaneitatea ere ez da izango errealitate eta behar horri erantzungo diona. Modu aztertu eta oso landu bat bilatu beharko da nondik jo behar den ikusteko. Hori orain arte bakoitzaren arabera utzi da.

J. GARZIA.
Hedapenean egiten den lanak badu zerikusia jendea bertso eskoletara joatearekin. Horrek behera egiten badu, eta badirudi egin duela, gero eta ezinbestekoagoa izango da eskolan egiten den lana. Eskolak ez dira izango bertsogintza muturreraino landuko dutenak, baina gutxieneko ezagutza bat berma dezakete. Gutxieneko ezagutzan beharrezkoa da asmatzea metodoarekin. Oso ludiko izan behar da, eta egun eskolan zerbait falta bada ludikotasuna da. Beharbada, umeak bertsolaritzaren alderdi ludikoarekin topo egitea izango da telebista edo beste hedabideetako ausentziak galdutako esparrua berreskuratzeko modua. Bertsolaritzak eskolan presentzia akademiko hutsa izatea, hori da egin behar ez duguna. Bestela ez da jendea joango. Jarriko balute diziplina bat "eta Xenpelar jaio zen..." nahiago nuke kasu horretan bertsolaritza eskolan egongo ez balitz.

X. AMURIZA.
Oraingo bertso eskoletan ez dut uste ezer asko gehiago izango denik, eta hor aparteko ahalegina egin behar denik. Bertso eskoletara datorrenaren motibazioa zer edo zer kantatzera iristea da. Historia, bertsolaritza klasikoa... hori ez da bertso eskoletan landu behar, eskoletan baizik. Eskolako edozein irakasle da bertsolaritza emateko gai, prestatuz gero. Geografia irakasteko metodo bat ikasi badu, bertsolaritza irakasteko beste bat ikasi beharko du. Ez da bertsolaria izan behar, bertsolaria bera da irakasle txarrena, izan behar du irakasle on bat. Beharko da materiala, baina ez da oso gaitza. Afizioa sortzea eta informazio pixka bat ematea eskatzen zaio, ez besterik. Problema ez da metodoa, irakaslea baizik.

MAHAIKIDEAK

Xabier Amuriza
Bertsolaria
Iraultzailea. Etxanon sortua 1941ean. Abade izana, orduan ere ez "amen" esan zalea. Espetxez espetxe zazpi urte eman zituen. Bertsotan 80-82an txapela jantzi eta beste txapel asko hankaz gora utzi zituen. Bertso mugimendu berri baten San Pedroa, bertso eskolak irekitakoa eta egungo bertsolaritza azaltzen duten teoria askoren Marx. Geroztik, beste gauza askoren artean irakasle, idazle, kazetari... "Bizkaiko Kopla Zaharrak" du kaleratutako azken diskoa, "enaz banaz" azken liburua.

Koldo Tapia
Bertsozale Elkarteko idazkaria
Kasta gogorreko torero gisa definitu zuen bertsolari batek. Zizurkilen sortua 1946an. Gazteagotan Herri Gaztediko liberatu, sindikatu eta grebetan mitinlari, Bartzelona bizitakoa... Bi aldiz egon zen kartzelan apopilo. Geroago Santurtziko Udalean euskara eragile... Bera da Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko idazkaria. Txerpolari lehiaketa irabazi izana du titulurik adierazkorrena: administrazioarekin tratuan kapoteadore, egunerokotasunari adarretatik eusten abila.

Jon Sarasua
Bertsolaria
Kooperatiben kabian jaioa (Aretxabaletan, 1966 urtean). Bertso eskola kumeen lehen generazioetakoa, Almen eskolan trebatua. Bizarra jaiotzerako plazatan, bere saio kopuruari neurria hartzen jakin duen bakarra. Hego Amerikan murgildua, Kazetaritza eta Soziologian lizentziatua eta doktorea. Beste gauza askoren artean Bertsozale Elkarteko Komunikazio Arduraduna, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikerketa institutu baten arduradun.

Joxerra Garzia
Gaijartzailea
Antiguan (Donostiako auzo ez omen denean) jaioa 1953 urtean. Kazetaritzan eta Publizitatean lizentziatua eta doktorea, Hitzetik Hortzera arrakastatsuaren aurkezle izan zen, eta irratian ere aritua. Egun, beste gauza gehiegiren artean, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle, Alberdania argitaletxeko "Zer berri" sailaren arduradun, bertsolariek errespetu gehien dioten gaijartzaile, eskoletan ahozkotasuna lantzeko metodoa sortzen ari dena... "Egonean doazen geziak" du azken liburua.

ZORTZI PUNTUAN (POTO ETA GUZTI)
Bertsolaritzak bertsogintza du oinarri. Eta bertsogintzak bertsolaria. Pernandoren egia dirudi, eta hala da. Gainerako ajenteak -Elkartea, bertsozaleak, hedabideak, eskola, bertso-eskolak, gizartea orokorrean- aparte utz ez badaitezke ere, bertsolariaren ikuspegitik egungo egoera zertan den azaltzen ahaleginduko naiz. Nola dabil gaur egun bertsolaria? Nolakoa da?

GALDUA neurri handi batean. Aditzera eman nahi duena aditzera emateko zailtasunekin. Badira hamabost urte Joxe Agirreri entzun geniola: "Hogeitaka urte daramatzat bertsotan, eta oraintxe dago sekula baino lan zailagoa!". Azken hamabost urteotan zaildu egin da lehenez gainera bertso-lana. Ingurugiroa trinkoa ez denean, jaialdietan alegia, entzuleak batak era bateko gauzak eta besteak beste era batekoak entzun nahi ditu. Bertsotan ongi egitea ez da aski horrelakoetan. Komunikatzera iristeko entzulegoaren askotariko tenperatura hori oso ongi hartzen jakin behar du berea esan edo berea moldatu nahi duen bertsolariak.

AHULDUA bere esan-indarrean. Entzulegoaren zati handi batek hizkuntza bakantasunaren xarma ezinbestean galdu egin duelako. Askori berdin zaio hiru "ni" edo lau "gaur" dituen bertso bat entzutea, hitz potoloz borobildua bada. Eta askori berdin bazaio...bertsolariak zulo horretara erortzeko arriskua du. Doinuekin gauza bera: "funtzionatzen" dutenak soilik erabiltzen ditugu, danbatekoa emateko balio dutenak. Eta bidean doinurik ederrenak eta esamolderik sotilenak galdu egingo ditugu.

MALGUA, eta bere malgutasunean txiklearen klitxea gainetik kendu ezinik dabilena. Egungo bertsolariaren soslaia begibistakoa da: bertsolariaz gain karreraduna edo ikasketan diharduena, idazten badakiena hor nonbait, edozein ordutan edozein tokitara irits daitekeena, edozein moldetan eta edozein unetan jendearekikoa egingo duena... Alegia, bertsogintza hobetzen baino denbora gehiago ematen du egungo bertsolariak kantuei hitzak jartzen, eskelatarako bertsoak idazten, egunkarietarako zutabeak idazten edo hedabideetako langileei mesedetxo txikiak eginez. Malgutasun bera alde on bihur daiteke ordea, gainerako arte moetekin batera sortzen ari diren esperimentuetan parte hartzeko orduan.

ABAILDUA, edo gutxienik begi-zulo galantekin. Gizarteak eman duen pausoaren kontra tematzen ari bait da. Eguna eta gaua bereizi egin ditu gizarteak. Gaueko festa txertatu da gazteen artean. Egunekoa bi-hiru matrimonio, haien umeak eta hiru-lau aiton-amonentzat geratu da zenbait herri txikitan. Bertsolaria bietara iristen ari da orain arte: gaueko festara eta egunekora. Baina zalantza habitu zaio barruan. Bertsolari belaunaldi berrienek ez dute bere burua aurkitzen auzo txiki bateko egun-pasa luze horietako baten. Zer esan haiei? Eguna nola pasa? Nola eskakeatu?

SALDUA, bertsogintza gutxiegi lotu delako sormenarekin. Betikoa, betikoentzat eta betiko tokietan egitera konformatzen da bertsolaria. Eta are okerrago dena: betikoek egingo dute. Zirkuitorik jakineko eta urratuenetatik kanpo ibiltzeko ahaleginak egiten dira, baina ez behar hainbat eta ez egin behar lituzketenen eskutik beti. Bertsotan aritzeko era bakarra dela pentsatzen dugu sarri, eta era bakar horretan, protagonismoa gutxi batzurentzat baino ez daiteke izan.

GALDUA. Baiii. Badakit poto dela. Baina nork ez du poto koxkor bat egiten hainbeste puntuko bertso batean? Eta gainera noraeza azpimarratzeko era bakarra iruditu zait. Egungo bertsolaria bere funtzioa aurkitu ezinik dabil sarritan. Konturatzen da zenbait festa-egitarau edo ekitaldi politiko, erlijioso eta abarretan osagarri izan ordez betegarri dela. Baina bertsolaria berez eta definizioz edozein egoeratara moldatzen dakien giza-emakumea denez, ez da asaldatzen. Sufritu bai, sufritzen du. Etxerakoan, autoan, "zer pintatzen nuen nik gaur hor?" galdera egingo dio sarri bere buruari.

HELDUA, konprometitua nahi baduzue, baina heldulekurik gabe. Herrigintzan eta kulturgintzan bere ekarpena egin dezakeela eta egin behar duela sumatzen du. Gero eta gaitzagoa zaio ordea, ekarpen hori nola gauzatu asmatzea. Mesedetxoak egitea balitz kontua... Baina ez da.

GANDUAk jan dio ikusmira askotan egungo bertsolariari. Joan eta joan eta joan egiteko gauza da, pila alkalinoen gisara. Baina paisajeari begira geratzeko kemenik ez du. Bertso paperek ze funtzio izan dezakete? Telebistaz nola eman bertso-paperak era erakargarrian? Diskurtso bat nola eman hedabideetan erabat ñañotu eta ezpaldu gabe? Formalki, zer dago asmatua eta zer asmatzeke? Nahikoa autoebaluazio egiten al du bertsolariak bere jardunaz? Horrelako mila galdera egin behar lizkioke bertsolariak bere buruari, paisajearen aitzakian geldialdi bat egiten duenero.
Zortzi puntuan egiten dut pott. Eta poto bat tartean dela gainera. Erabaki dut labur izatearen alde on sarritan goraipatua, are gehiago eskertzen dela inguruan Tapia, Amuritza, Sarasua eta Joxerra Gartzia jario taigabean ari direlarik. Akaso oso ikuspegi ezkorra emango nuen. Baina jakineko kontua da bertsolariok ez dugula nahi dugun huraxe esaten, errima-hitzek esaten uzten diguten hura baizik. Errima aukeraketak du beraz, beztasunaren errua.

BIZIA, GUTIZIA, KARIZIA, NAGUSIA, ZUZIA... aukeratu izan banitu oso bestelako ikusmoldea emango nukeen, lehengoa bezain egiazkoa bidenabar esanda. Hitzegingo nukeen bertsolaritzak egungo euskal kulturgintzan duen indarraz, bapatean eta hitzekin jolas egitearen eta entzutearen plazerraz, iraganean sustraiturik belaunaldiz belaunaldi aurrera doan ekimenaz... Hurrengorako utziko dut errima-sail hori.

ERRONKAK
Nire sasoikook, hau da, bertso munduaren zurrunbiloan laurogehita hamargarren hamarkadan murgildu ginenok (izan gaitezen zintzoak), eginda aurkitu genuen ia dena. Horrek berekin dakarren mesede eta kalte guztiarekin. Amurizaren ahalegin pertsonalari zor zaion bertsogintza prestijiatua eta zabaldua zen ordurako, baita ondorengo belaunaldiak goi mailara eramana ere. Txapelketen inguruan Euskaltzaindiarekin bertsolariek zituzten ezadostasunen ondorioz, bestalde, laurogehigarrenetan sortua zen Elkartea, bestelako zereginetarako ere gorpuztu eta antolatua, gu zortziko txikiak osatzen hasi ginenerako. Gerora bertsomania deitu zaion fenomenoaren aldirik gorenena ere bazen gu plazara atera ginenekoa, ostiral-larunbatetan frontoiak bete-bete eta igandetan familiak telebistako programari begira zeudenekoa.
Jaio eta egin egin ginen. Horixe dugu berezkotik. Ikastola eta bertso eskoletan ikasi genuen bertsotan, eskola arteko txapelketetan hasi ginen kantari eta han-hemenka bertsolari moduan gero, zalerik amorratuenen inguruan ia beti. Ordura arte bertsolaririk nekez sortu zitekeen bazterretatik, edonorekin puntuka egiteko bildurrik ez dutenak atera dira geroztik. Bertsoa ezezagun zen leku askotan, ez da arrotz orain, eta bertsozalearen perfilak, inoiz baino belarri zabalagoak ditu. Berez ez da ezer gertatzen, eta gure sasoian gertatu dena hori da. Ez berez, zenbaitek horrela izan zedin lan egin duelako baizik.

Eta orain hemen gaude, bertsolari garen ere ez dakigula, edo bagaren bertsozale, edo zertarako den Elkartea, zer egin behar dugun guk ala ezin dugun ala bai edo ze arraio! Garaia dela gure buruari galdetzeko nola ulertzen dugun bertsolaritza, zer zor diogun gaur artekoari eta nola irudikatzen dugun biharkoa. Zertarako elkartzen garen edo behar dugun elkartu bertsoak bota edo entzuteko gogoa alde batera utzita. Edo horixe bera, horixe baino ez den nahi duguna. Bertsoak bota eta entzutea.

Eta ezerk batzekotan, bertsolaritzak bizirik iraun dezan dugun nahiak eta lanerako gogoak batzen gaitu. Iraganetik jaso duguna gaurkotu eta gerorako bidean jartzeko interesak. Katea ez eteteak, inoren berbak erabiliz. Eta horretarako dugun tresnarik sendoena Bertsozale Elkartea da, herrialdeetakoa eta Euskalherri mailakoa. Bide ezberdinetan gaudenok norabide berean joan gaitezen. Horretan ari gara eta apustu handiak ditugu esku artean: hedabideetarako ekoizpen propioak egin nahi ditugu, ekarpenak irakaskuntza arautuan, nazioarteko topaketak ditugu egin gogo, bertsolari eta bertsozaleen harrobia lantzen jarraitu, ikerketak egin gure jardunaren gainean... Erronka handiak, burutu behar ditugunak, pluraleko lehen pertsonan.

Bertsolaritza aitzinarazteko, baina, ezinbestekoa da bertsogintza sasoian sasoiko izan eta egon dadin. Edo sasoiko bertsogintza sasoian, laburrago esanda. Eta horretan gehiegi inprobisatzen dugu, beharbada. Apenas aurretik ezer pentsatu dugun, kantuan hasten garenerako. Amurizak bertsoa aztertu zuen. Gaur egun bertsolaritza ikertzen da. Bertsogintza berriz, ez dakit behar beste landu eta lantzen dugun. Horretan gabiltzanok helburu artistikoagoak ditugula emanik, edo, geurekoiagoak ere badirela onartuta ere, denon ardura delakoan nago. Eta horretan gabiltzanona, batez ere. Eta ohituegi gaudelakoan, beharbada, ohituegi egoten. Ez dugulakoan, agian, behar genukeen beste inprobisatzen azkenean.

Egungo bat-bateko bertso maila, mingainari haginka egiteko bildur barik diot, inoizko altuena da. Asko eta asko dira bertsoak egiten dakitenak. Oso ondo egiten jakin ere. Bertsotan ondo egiten dakiten horien artean, askotan kontrakoa pentsatu dezakegun arren, izaera eta jokera oso ezberdineko lagunak daude. Eta zer esanik ez entzuleen artean. Bertso saioaren liturgia, ordea, oso antzekoa da beti. Esango didazue beti behar dela zeri heldu inprobisatzeko eta entzuleak eskatzen duena ere horixe dela. Ez da gezurra. Baina zer askori heldu dakioke eta entzuleak beti eskertu du ezer berririk eta onik eskeini zaionean. Kontua asmatzea da. Eta aprobak egitea, asmatzeko.

Jendaurreko eta ahozko gainontzeko ekintzetatik, berba lanabes nagusi duten espresio mota ezberdinetatik eta inprobisazioa ardatz den jardunetatik zer ikasi ugari izan dezakegu oraindik, entzuleen aurrean eta bertsotan egin beharrean gaudenerako. Eta ez naiz ikaragarrizko muntaiei buruz ari. Ez frontoiak betetzeaz, ez horrelako ezertaz. Makina bat bertso-afari daude aprobak egiteko aproposak. Hamaika saio geuk edo gertukoek antolatuak. Edozein jende motari gustatzeko moduko formatoak pentsatu daitezke, eta edozein gustu motatako jendearentzakoak ere bai. Horretarako, jende horren arteko edo gustu mota horietako bertsolariak behar. Eta aprobak egiteko gogoz daudenak, eta aprobak egin aurretik elkartu eta ze aproba egin daitezkeen pentsatuko dutenak. Ia dena eginda badago ere, badagoela lan apur bat egiteko, alegia.
Ez doa esan gabe, badaezpada, honek ez duela esan nahi gaur arteko formatoak baztertzerik, ezta agortuta daudenik ere. Esan nahi dudana da, beste aukera batzuk egon behar direla, eta bertsogintza aberastu egingo luketeela, bertsoa aberastu den moduan. Litekeena da oker egotea, baina nire ustez hori da bertsogintzan ari garenok aurrean dugun erronka eta zeregin nagusia, bertsolaritzari auspoka ari direnen laguntzarekin. Guztiok elkarrekin Elkartearen erronkak burutzen ditugun aldi berean.

BERTSOLARITZA AZKEN 20 URTEETAN
Ikusita nago neure begiekin bertsolariak kantuan ari ziren tabernatik ateratzen. Ziur ez nago guardia zibilak ala aguazilak izan ziren eta seguruenik tabernariak eskatuta izango zen gainera. Taberna jendez gainezka eta bertsolarien jardunari adi, tabernariak ordea edaria saldu nahi. Ez dakit zein jai ziren San Inazioak edo baina Azpeitian gertatu zen. Ez oso aspaldi ere, orain 40 bat urte inguru. Bertsolariak berez sortzen ziren garaiak ziren. Etxetik, ingurutik jasotzen zen bertsolaritza, plazan teknika ikasi eta bertan bertsolari egin. Ordurako jakina zen ordea, ingurune horiek murrizten zetozela, galtzen zetorrela leku askotatik, bertsolari berriek laguntza behar zutela, aukerak eta plazak behar zituztela. Jaialdiak justifikatzeko omenaldiak antolatzen ziren eta horrela baimenak errezago lortu. Gazteen Txapelketak eta jaialdiak ugari ezagutu ditut. Loiolako Irratia bera aitzindari izan zen gainera bertsolaritzaren sustatze eta suspertze lan horretan. Bertsolariak garai horretan gainera bazuen aukera eta onarpen bat ere halako diskurtso euskaltzale-abertzale bateragarri bat egiteko, gainerako alorretan baimenik ez eta hor, bere zailtasunekin egin zitekeena edo egiten zena gutxienez, zigorrak zigor. Diskurtso ofizialarekiko desobedientzia modu bat bazen hura ere eta jende askok onartua. Jaialdi eta Txapelketetako jendearen erantzuna arrakastaren adierazle.

Mogimendu guzti horrek eraginik edo eta baita bertsolaritzaren geroa ziurtatu nahirik ere bertsoa irakasten hasi zen 80ko hamarkadan. Bertso eskolak antolatu, bertsoa eskoletan irakatsi, haseran ahal zen bezala eta gerora arautuago, antolatuago, egokiago. Helburua bertsoaren berri ematea, bertsolariak sortzeko lurra landu eta hazia ereitea, eta bide batez bertso zaleak egitea eta prestatzea. Nire ustetan bertsolaritzaren osagarri diren gai jartze eta epaitze lanetarako jendea prestatzearen zeregina da oraindik arautu gabe dagoena. Behar denean nonbaitetik sortu dira, behatzez izendatuak askotan eta izendapen horri ezetz esaten ez dakitenek egin izan dute lan hori ahal duten ondoen. Bertsolaritzaren egituran eginkizun garrantzitsu izan behar badute hori ere antolatu egin beharko da.

84-85 urteetatik aurrera hasten den mogimenduak, bertsolaritzaren fenomenoa, protagonistek berek antolatzeko helburua hartzen du. Txapelketak lehenik, herrialdeetako elkarteak ondoren, bertso eskolak, dokumentazio bilketa (Xenpelar), bertsoaren dibulgazioa (Batpatean liburuak), komunikabideak: telebista (Hitzetik Hortzera), irrati, prentsa idatzi..., jaialdi antolaketa (Lanku) eta baita erdal munduarekiko harremanak ere landu nahi dira Bertso Zale Elkartearen bidez. Beraz inoiz izan den proiekturik serioenean sarturik gaude eta autonomo izateko bide horretan urrats garrantzitsuak ematen bai instituzioek bete behar luketen esparruak izendatzerakoan eta baita mogimenduak berak bere eraginetik sortu behar duena zehazterakoan. Azken 15 urtetan urrats sendoak eman direlakoan nago. Ez du ordea dena antolatua izan behar, herritar bertsozale eta antolatzaileek ere behar dute beren erara funtzionatzeko lekua. Nola lortu oreka hori? Bideak erakutsi beharko du.

Gaur eguneko kezkatako bat da, plazetan jendea urrituz doala. Zergatik ote da hori? Bertsolariak ezker abertzalekoak direlako? Bertso zaletasuna urritzen doalako? Formula zaharkitu delako? Jaialdi gehiegi egin eta jendea aseta dagoelako? Komunikabideetan presentzia handiegia duelako bertsolaritzak?

Entzuten diren argudio eta galderetako batzuk dira hauek. Nonbaitetik hastekotan, bertsoa modan izan zenean modu xelebrean eta baldintza parregarri xamarretan saio gehitxo antolatu zen, bertsoak dirua ematen zien antolatzaileei eta. Bertsolaria ez da horrelako baldintzetan antolatzaileari aurre eginzale. Bestalde olatuak bezala modak ere gorakoak eta beharakoak izaten ditu eta bertsozaleak ugaritu badira ere moda garaian hurbildutako guztiak ez dira oso bertso zaleak izaten. Tamalez uholde garai hartarako ez zegoen Elkartea prestaturik.
Bestalde garai batean ideologikoki bertsolarien diskurtsoan egon zitekeen sintoniak ez du halako batasunik, pluralagoa da eta horrek zaildu egiten du bertsolariaren jardunaren arrakasta. 84-85eko belaunaldian bertsoaren inguruan abiatu zen trenean ez ziren guztiak sartu. Ordurarte Bertsolaritzaren gurdiaren itzai izan zirenak kanpoan gelditu ziren eta hauek ideologi kutsua eman nahi izan zioten hausturari eta era horretako diskurtso ugari izan da. Zenbait kargudunek Elkarteari instituzioetatik, joera politiko baten pareko tratua eman diote, Txapelketa Nagusietako finaletan kargudunek saria ematerakoan jasotako txistu hotsetan justifikatuz. Eta nago ideologia bateko bertsozalea hoztu egin dela proiektu honekin, proiektu honetan dabilen bertsolarigoarekin, eta azken finean bertsolaritzarekin.

Bertsolarien artean ugarien ezker abertzaleko jendea egoteak, ez dut hori frogatzeko daturik baina zabaldurik dagoen ustea da, hala izanda ere bertso saioetan joera politiko jakin batzuk nagusitzeak ez du esan nahi proiektua bera joera politiko hori indartzeko asmatua denik, gaur egun zenbait politikoren artean zabalduegi dagoen arrazoitzeko eskemakin aritu behar ez badugu. Agian izan liteke gizartean zenbait joera politikok ez dutela beste batzuk duten erraztasunik beste erabakigune batzutan egoteko. Proiektuak denei irekitzen dizkie ateak baina horretan ere badu zeregina Elkarteak, hoztuta dabiltzan horiei sinistarazten, denentzako, azken batean bertsoaren eta bertsolaritzaren proiektua baita.

Komunikabideetan presentzia gehiegi izatearen arrazoia askotan entzun dut baina inoz ez sinistu. Egia izan daitekeena da komunikabideek behar bezala ez lantzea baina leku emateak onurak ekarri behar dizkio berez. Formula egokiak bilatu egin behar dira eta horretarako formula desberdinak landu zer lortu nahi den jakinez.
Jaialdietako formula zaharkituarena izan daiteke egia agian baina baita jaialdiak saltzen asmatu beharra ere ez da gutxiago. Oraindik jaialdia egoki saltzen bada, jendea biltzen da, bertsolaria motibatzen da eta jendeak ongi pasatzen du. Burua nekatu beharra dago bai antolatzaile eta baita bertsolarien aldetik ere, hauek ere protagonismoa ezin baitute jaialdi hutsera mugatu, agian berek proposatu beharko lituzkete formula berritzaileak. Azken batean gauza beretsua egiteko jantzi berriak asmatzea baino ez da. Erreza dirudi baina ez da hain erraza. Kontuan izan behar da ordea.

Etorkizuna orain daramagun bidetik imajinatzen dut nik, proiektu honetan ahal den bertsolari eta bertsozale gehien inplikatuz, bertsolarigoaren protagonista izanez bakoitza bere ahalean, batzuk bertsotan, besteak irakasten, antolatzen, komunikabideetan, Elkartearen zereginetan... Bertsolari batek baino gehiagok Elkarteari eskatzetik Elkartearen proiektuetan bustitzeko urratsa ematera pasa behar du. Hau izan liteke Euskal Herriari alor honetatik egin diezaiokegun aportaziorik aberatsena. Gure herriaren partaide, euskararen bizigarri eta bizitzaren edergarri izanez.

BERTSOGINTZA ETA BERTSOLARITZA
Nire hastapenetako bertsogintza eta bertsolaritza gauza bera ziren biak, bertsogintzaz landa ez zegoen deus ere. Ekintzarik arrakastatsuenak txapelketak ziren edo sariketak baina, bertsolaritza jorratzeko ahaleginik, hitzaldirik, gogoetarik... nik ez dut gogoan. Izango ziren behar bada; entzun izan dut J.M. Lekuonak zenbait hitzaldi eman ziela orduko bertsolari gazteei, gu baino helduxeagoei. A. Muniategik ere gai sozial eta politikoen inguruko sakontze ahaleginik egin izan zuen. Baina, guk hasiberriok, ez genuen orduan plazaz plaza zebiltzanen esperientzia eta bertsogintzari buruzko iradokizunak besterik jaso, eta geure ustetan ez zen gutxi. Gainera, hor geneukan A. Zabalaren Auspoako altxorra.

Orduan azaldu zen Amuritza. Kantatzen genituen berak Zamorako kartzelan egindako bertsoak e.a. baina, gurekin errima eta gaiak lantzen hasi zenean jabetu nintzela uste dut, bertsolaritzaren esparru zabalaz. Hura errima eta neurria, doinua eta sentimenduarekin loturik zegoen eta komunikatzea zen helburu. Gainera, bertsotan ikas zitekeela jakitun nintzen arren, berezkoa deskubritzeko eskolen laguntza proposatzen zuen hark. Gu hasi ginenean, jaiotzako dohaina izan ezik, ez zitekeen ezer egin eta, Amuritzak euskaldun berriak ere bertsotan jarri zituen. Berak erabiltzen zituen beste inork ezagutu ere egiten ez zituen errimak eta hitzak, beste modu batera kantatzen zuen, gaiei ikuspegi berria ematen zien. Horrek erakarri ninduen; dena ez zen txapelketa eta lehiaketa, bazen besterik ere mundu hartan eta adin beretsuko taldea osatu genuen.

Noski, bakoitzak geren estiloa geneukan eta niri gai sozialak (garaiak ere halakoxeak ziren: Franco bizi-bizirik, Burgoseko epaiketa, langileen grebak nonahi...) lantzea eta sakontzea gustatzen zitzaidan baina gai sentiberak edo gaiei helduleku sentiberena aurkitzea ere oso atsegin izan dut eta dut. Izakeran dator hori.
Artean bertso mundura jaio besterik egin ez ginelarik, Txapelketa Nagusiak eragin zuen lurrikara bertsolaririk beteranoenengan eta hor hasi zen egungo Bertsozale Elkartearen sorrerako hazia martxan. Geuk antolatu eta ustiatu nahi genuen geure produkzioa; geu izan sormenaren eta bere erabileraren gidari nola txapelketetan hala plazaz plazako jardunean. Zertarako? Zerbait berria egin nahi genuen. Arnas berritu egin nahi genuen gure "langintza", baina nire buruan ez zegoen urte batzuk geroagora arte, orain gure Elkartea denaren argazkirik.

Urratsak poliki baina emanez, telebistaren aroa iritsi zitzaigun. Plazak oso jendetsuak ziren eta leiho ttikiak handi egin zuen bertsogintzako jarduna. Aparretan genbiltzan kezka mamitzen hasi orduko, ordea, dibortzioa etorri zen entearekin, ongi preserbatu gabeko ziri batek tantak ormara ixuri zituelako edo gehiegi preserbatutako begiek ixuria ikusi zutelako. Dena den, egoera aldrebesenetik ere zer ikasia ateratzeko joera dugunok, babei begira egoteari utzi eta gaur ekoizten den telebista saioa izan dugu geroztik buruan, hau da, Elkarteak elkarlanean edo bakarrik egina. Geuk sortu, antolatu, produzitu saioa eta saldu. Horrek produktuaren duintasuna bermatzea gure bizkar uzten du eta geure arteko kontraesanei aurre eginez, hezi eta garatu egiten gaitu, oraingoz, irabaziak utziaz.

Telebista ez da ordea gure iturri bakarra izan sekula. Oinarria, bertso eskolak dira. Hor sortuko zaizkigu zaletuak, gai emaile eta jartzaileak, epaileak, ikerlariak, adituak. Hasieran denon buruan bertsolariak sortzea bazegoen ere, puzzleko fitxa guztiak eurek emango dizkigute eta oraindik ez diegu Elkartetik behar besteko ahaleginik eskaini baina ari gara antolatzen eta lortuko dugu.
Bertso saioak dira, bestalde, telebista - bertso eskola - Elkartea bera intentsitate desberdinez elikatzen dituztenak. Orain indartsuen dagoen formatoa zaharkitu egin zaigu, goia jo zuen duela urte batzuk eta errelebo eske daukagu. Nik irtenbidea juxtu zein den ez dakit baina, Lankuren bidez ari gara formato desberdinak plazaratzen eta frogak egiten. Asmatuko dugu berandu baino lehen.

Guzti hau gauzatzen zihoan heinean, gizarteak berak eta Administrazioak aintzakotzat hartu gaitu. Euskal Herriko egoera ere aldatu egin da, egia da, baina nik uste gu ere aldatu garela eta orain ikasiagoak gaudela administrazioarekiko tratu kontuan. Guk ez genekien haien hizkuntza eta ezta haiek gurea ere. Hizkuntzak hurbildu ditugu.
Lehen esan bezala, herri honen egoera ere aldatu da eta, horrek, oso nabarmen banandu ditu politikagintzako bi artaldeak, oraingoz. Saioetan, gaia jarritakoan, artzaina bertsolaria da eta egoera politiko ilusio piztailetik sua itzali ezinezkora igaro denean, oso gutxitan bezain zorrotz erakutsi dizkiogu hortzak geure artaldeko ahariari. Denok ez dugu beeeetiko orroea egin. Ezta Elkarteak ere baina honek zailago dauka, beti ere, sentsibilitate desberdinei erantzun behar baitie.
Une honetan, bertso eskolak dira gure biharko oinarria eraikitzeko abiapuntua. Zer falta zaigun hauetan? Hasteko, plangintza teorikoa egoki egina dugu baina, jasotzen ditugun datuak prozesatzeko eta ondorioak ateratzeko astia hartu behar dugu. Gainera, ezinbestekoa da, programa bateratua eta mailakatua egitea egun egiten dena abiapuntu dugularik eta ariketa osagarriak egoki txertatuz. Honekin batera, irakaslegoari hau dena jakinarazi behar zaio eta prestakuntza eman.

Bertsogintzak eraberritu beharko du eta orain eskaintzen duen saio eta jaialdi mota dibertsifikatuagotu formato berriak erantsiz. Gainera, hezkuntzan lekua egin behar dugu eta ahozkotasuna lantzeko osagarri modura nola erabili sakondu, bestela, aurki idatziz soilik ulertuko dugu elkar. Bertso eskolak izango dira, dena den, bertsotan eta bertsogintzan bestelako zereginetan arituko direnen hezitoki.
Elkartearen autofinantzaketa asmoak derrigorrezkoak dira, izan ere, ez dirudi gure langintza osoki finantzatuko duenik administrazioak eta berandu baino lehen egin beharrean gaude gorago aipatutakoak. Egitura berriak ere begiratu beharko ditugu, fundazio formulak e.a. diru pribatuari ateak irekitzeko.

Ikerketa alorrean oraindik zer jorratua handia da eta geroa nola islatzen dugun kontuan izanik, erantzun sakonagoa planifikatzeko iritziak jasoko ditugu ikerketa bidez.


LARRUN
2000ko azaroaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Zestoako Gaztetxearen desalojoa geratzea lortu dute

Uztailaren 19an, 8:00etan zegoen gaztetxea husteko agindua emanda. Momentuz, lortu dute desalojoa atzera botatzea. Zestoako Gazte Asanbladak Bilboko Aresti Zentro Sozialistaren desaloa jasan zutenei elkartasun osoa adierazi die.


Yael Braun-Pivet izango da berriz Frantziako Asanbleako lehendakaria

Frantziako Asanbleak Yael Brau-Pivet hautatu du legebiltzarreko presidente. Lehia aurreikusten zen FHB eta Macronisten artean, eta azkenean, gutxigatik bada ere, lehendakariaren alderdikoak gailendu dira.


Margolan figuratibo zaharrena

Sulawesi (Indonesia) uhartearen hegoaldean, Leang Karampuang kobazuloan hiru irudi antropomorfoz eta basurde batez osatutako margolana aurkitu dute Griffith eta Southern Cross unibertsitateetako eta Indonesiako Agentzia Nazionaleko arkeologoek. Nature aldizkarian argitaratutako... [+]


Leonard Peltierren ihes ukatua

Lompoc (Kalifornia, AEB), 1979ko uztailaren 20a. Leonard Peltier ekintzaile indigenak eta beste bi presok espetxe federaletik ihes egin zuten. Iheskideetako bat kartzelaren kanpoaldean bertan tirokatuta hil zuten; bestea ordu eta erdi geroago atzeman zuten handik milia batera... [+]


Adin txikiko neska baten erasotzaileari jarritako epaia salatu du Gasteziko Mugimendu Feministak

Gasteizko adin txikiko neska bati sexu erasoa egin zion adin txikiko mutil batek, 2023ko ekainean. Gasteizko Mugimendu Feministak ez ditu bidezkoak ikusten epaileak erasotzaileari ezarri dizkion neurriak. Uste du erasoa jasan duenaren birbiktimizazioa bultzatzen dutela... [+]


Donostiako udaltzainek Parte Zaharreko hainbat gazte “jipoitu eta zauritu” dituztela salatu dute

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu du Donostiako Udaltzaingoak auzoko hainbat gazteren aurka astelehen gauean egindakoa: “Auzoko hainbat gazte futbolean jokatzen ari ziren Trinitate enparantzan, Udaltzaingoa hurbildu eta mehatxuka guztiak identifikatzeko agindua... [+]


Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu dute

401 aldeko boto eta 284 kontrako jaso ditu, baina gehiengoa lortu du 41 botogatik. Hurrengo bost urteetan berriro ere presidente izango da, popularren, sozialdemokraten, liberalen eta berdeen babesa jasota. EH Bilduk kontra bozkatu du, eta EAJk alde.


Hamabost urte beharko dira Gazako genozidioan Israelek sortutako 40 milioi tona hondakin jasotzeko

NBEren ikerketa baten arabera, lehertu gabeko artilleria, substantzia kaltegarriak eta palestinarren gorpuak daude hondakin artean. 50.000 bonba baino gehiago bota ditu Israelek urritik, eta 40 milioi tona hondakin sortu dituzte.


1.200 soldadu israeldarrek baino gehiagok egin dute beren buruaz beste azken 50 urteetan

Genozidioarekin lotutako suizidio ugari identifikatu dira, armada sionistak datuak ezkutatzen baditu ere.


Eguneraketa berriak daude