"TOURREAN EZ DUT NEURE BURUA IKUSTEN, BAINA EZ DUT ETSIKO"

  • Irabazlea eta galtzailea helmuga-marra estu batek bereizten dituenean, hainbat eta gusturago hartzen dira azafataren bi muxu glukosadun; eta muturrekotik baino hortatik gehiago probatu duena, ez da edonor."Gustoko tokian aldaparik ez"; Tourmaleta igo duenari galdetu behar!
Aita txirrindulari izana, anaia ere aritu da... Gurasoek zer eragin izan dute zure txirrindulari lasterketan?
Txikitan beti gurasoek laguntzen zaituzte eta leku guztietara beraiekin joaten zara, baina jada infantiletatik aurrera ez zitzaidan gustatzen gurasoekin joatea. Nire kasuan ez, baina beste batzuek ikusita banekien gurasoek zer eragin zuten haiengan. Guraso asko daude bizikletan aritu izan direnak, eta bere semearengan ikusten dutenak "ea hobeto ateratzen zaion", eta askotan lehiatzera joaten zara zure aitaren ilusioa delako, eta ez zuri gustatzen zaizulako. Horregatik nahiago nuen gurasoak ez joatea.
Gaztetxoetan nik uste dut kirola egitea jolas bat izan behar duela eta gaztetan kirol denetatik egin behar da.

Noiz izan zenuen lehenbiziko bliziketa?
Lehenengo bizikleta ez nuen nik izan, nire anaiak izan zuen. Ni hirugarrena naiz, eta niri bizikletaren erreleboa tokatu zitzaidan jada estreinatuta zegoenean. Baina ez zitzaidan behin ere hori inporta izan. Lehiatzen hasi nintzen garai hartan pasa zidaten, 9 urterekin, eta anaiaren bizikletari aulkia jaitsi eta moldatzen ginen nola-hala. Emporium bat zen, urdina eta gurpil txikietakoa. Geroago, lehenbiziko bizikleta berria aitonak erosi zidan. Berari esker izan nuen bizikleta "dexentea", besteenen modukoa. Nire ondoko lagunek beti bizikleta onak zituzten eta ez nuen ezer esaten, badakizulako zer arazo dauden etxean... Moldatzen joaten zara, urtero zerbait aldatu bizikletari... Uste dut esperientzia polita dela eta asko ikasten dela horretaz.

Bizikleta kirola bakarrik ez, garraiobide ere bazen zuretzat...
Bai, ni Anoeta herrian bizi nintzen, eta Tolosatik 3 kilometrotara dago. Beti gustatzen zitzaidan azken momentura arte ohean egotea, kuzkur-kuzkur eginda. Ama deika etortzen zen, anaia guztiak jaikitzen ziren, eta ni oraindik han, ohean. Anaia zaharrenak eskolara Tolosara etortzen ziren hiriko autobusean. Nik bizikletarekin Anoetako zubiko irteeran itxoiten nuen autobusa irten arte eta ahal zela bere gurpila segitzen nuen eta Tolosaraino etortzen nintzen autobusaren atzetik.

Haurra zinela ziklokrosa ikustera ere joan omen zinen...
Tolosan 81ean Munduko Txapelketa izan zen eta Oriako txirrindulari eskolan genbiltzanez, antolatzaile lanetan aritu zen aitari laguntzera joan ginen. Aldapa gogor batean egon nintzen. Denek han oinez igo beharra zeukaten, bizikleta bizkarrean eta lau hankan. Aitak esan zidan "ikusten al duzu zein gogorra den bizikletan ibiltzea?" eta "hori, hori, aita, hori da niri gustatzen zaidana, sufritzen ikustea..." erantzun nion. Aitak "ikustea gauza bat da eta sufritu egin beharra bestea!" Pertsona bat bere burua hobetzen ikusteak bete egiten ninduen.

Gero afizionatu garaia dator...
Oso polita izan zen, baina ongi atera zitzaidalako, eta profesionaletara pasa nintzelako. Ni baino meritu gehiago zuten lagunak banituen, baina haiek ez zuten profesionaletara igarotzeko aukerarik izan. Bi-hiru urte bai, baina jada laugarren urtetik aurrera oso zaila izaten da beti hobetzea. Profesionaletara urtero lau ziklista pasatzen dira.

Afizionatuari ez al zaio bizitza oso mugatua geratzen?
Bizitza soziala egiten baduzu kirol errendimendua seguru jaitsi egingo dela. Orduan zuk marjinatzen duzu zure burua bizitza sozialetik... Zure lagunak lanean hasita daudela ikusten duzu, eta zu "denbora galtzen" ari zarela, ez zara ofizio bat ikasten ari... Gero 27 urterekin nora joan behar duzu, zer lan eskatzera? Aholku bakarra dugu profesional guztiok: ikasketak ez goizegi uzteko, gero gauzak ez badira ongi ateratzen helduleku gehiago izango baitituzu.

Zuek ere bizitzako gauza askori muzin egin behar diozue...
Bizitza askoz lasaiagoa, finkatuagoa da, ez duzu pentsatzen bihar lagunekin nora joan... Gizartetik askoz urrunduago zaude. Negua iristen denean agian parranda pare bat egiten duzu. Horrez gain ez duzu harreman askorik ingurukoekin eta erlazio horren gabezia nabaritzen da.

Toni Romingerren gregario hasi zinen. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Profesionaletara igotakoan ikasteko etapa bat dago eta nik Romingerrengandik asko ikasi nuen, eskertzekoa da. Bai erlojupekoak entrenatzen eta baita erlojupekoan irten baino lehen prestakuntza egiten erakutsi zidan... Rominger niretzat maisu on bat izan zen.

Noraino betetzen zintuen beretzat lan egiteak?
Nik uste dut bakoitzak bere momentuan dagokion lana egiten badu bete egiten duela. Nik banekien Romingerri zer gustatzen zitzaion eta zer ez. Ahal banuen ni gelditu baino lehenago bere aldamenera joan eta esaten nion: "Aizu, ni jada nahiko justu noa eta nahi duzu zer edo zer jateko... badaukat barra energetiko bat (berari asko gustatzen zitzaizkion)...". Ilusioa egiten zion momentu hartan hain gauza goxoa, hain apreziatua ekartzea. Zuri ez zaizu burutik pasa ere egiten, baina beretzat detaile oso inportantea da. Oraindik ere gogoratzen da horretaz. Eta beharbada glukosa hark ez zion indar gehiago emango, baina motibatu bai: "Erreserba gehiago badaukat poltsikoan" pentsatuko zuen.

Txirrindularitza nola definituko zenuke: talde lana da, bakarkakoa...
Nahiko konplexua da txirrindulari mundua. Taldekako lana da baina garaipena eta izena bati bakarrik heltzen zaio. Nahiko konplexua da batentzat lan egitea, jakinda zure helburua mugatuta dagoela. Zer edo zer gehixeago egitea duzula, baina ez dela zure papera gehiago egitea, besteari laguntzea baizik.

Profesionaletan hasi orduko izendatu zintuzten komunikabideek Indurainen ondorengo. Pisu handia izan al da?
Bai eragina izan du, baina nigan baino gehiago zaletuengan. Prentsak Indurainen ondorengo bezala jarri nau eta bost Tour edo bakarra irabaztea ere oso zaila da. Eta irabazlea hemengoa eta gainera, ni izatea askoz ere zailagoa. Jende askok hartu du makilkazoa horregatik, eta zu zara lehenengoa besteen helburuak bete nahi dituena, baina bakoitzak bere palmaresa egiten du. Min asko hartzen duzu lehen astindua afizioak hartzen duelako eta afizioak jarri duen ilusioa azkenean zugan erortzen da.

Nonbait irakurri dizugu txirrindularitza ez dela Tourra bakarrik...
Tourrak dena ematen dizu baina kendu ere asko kentzen du. Ongi egiten baduzu merezi du, baina gaizki ateratzen bada... Tourra batek bakarrik irabazten du, eta ez baduzu irabazten jada ez zara hain ona, eta podiumera igotzen ez bazara ez du balio ezertarako. Denboraldia hori bakarrik prestatzen pasatzen duzu eta ongi atera daitezkeen beste helburu batzuk horregatik ez dituzu betetzen.

Zuk zure burua non ikusten duzu?
Tourrean ez dut neure burua ikusten. Ez naiz behin ere podiumera igo eta historian hori geratzen da. Españako Vuelta, eta bost-sei egunetako probak baditut irabazita. Niretzat lasterketa aproposak erlojupekoa eta mendian helmuga bat dutenak dira. Askotan helburua Tourra da, baina irabaztea oso zaila izaten da, eta ez dut lortu. Ea noizbait tokatzen zaidan... Oraingoz ez dut etsiko.

Zer dieta jarraitzen duzue?
Niretzat gutizia da etxera etorri eta arrautza batzuk patata frijituekin jatea, txistorra puska batekin. Hori da niretzat bazkaririk onena. Baina ohikoena dietan hidratoak sartzea da: afaltzeko pasta edo arroza, eta bigarren platerean batzutan arraina, bestetan haragia, eta entsalada bat hasteko. Nik normalean denboraldian zehar ez dut entsaladarik jaten, eta gosez amorratzen geratu banaiz bukaeran jaten dut, digeritzen zaila baita entsalada.

Dopinga dela-eta, kontrol gogorragoak behar dira oraindik?
Ez dut uste gogorregiak direnik, baina gizarte eta kirolarien aldetik hipokresia pixka bat ikusten dut. Txirrindulari denak dira drogatuta dihoazenak, eta era guztietako kontrolak egiten ditugu urtean zehar: ustekabekoak, lizentzia ateratzeko pasa behar diren beste lau kontrolak... Eta oraindik txirrindulariak hormaren kontra jartzen dituzte. Eta beste hainbat kirol ere bada, produktuak hor daude eta beraiei ez zaie kontrolik egiten.
Gu izan ginen lehenengoak dopinga zigortzea nahi izan genuenak, gure gorputza delako eta gure gorputzean zer sartzen den jakitea garrantzitsua delako. Baina mugak jartzea gauza bat da, eta beste bat da esatea "yonki"ak edo drogatak garela.

Egoera animikoak zer eragin du lasterketan?
Dena. Kirolari batek ongi eduki behar duen lehenbiziko gauza goiko hori da.

Lasterketan zoaztenean hainbeste denboran, zertan pentsatzen duzue?
Sufritzen ari zarenean aurreko gurpilari eustea ahal duzun gehiena, "ea ez naizen gelditzen, benga, benga, benga... hau da nire helburua, honekin segitzea... Gero berarekin helmugara iritsiko naiz eta bera izango da nire aurkaria, eta ez orain aldeginda dihoana...". Burua lasterketan duzu.

Mundu osoko txirrindulariak zabiltzate. Zein hizkuntzekin moldatzen zarete?
Indioen hizkuntzan, keinuekin. Italieraz eta frantsesez. Baina orain jende askok ingelesa ikasten du bigarren hizkuntza bezala eta pelotoi barruan gero eta gehiago ari dira ingelesez. Ingelesez ez dakit tutik ere, orain hasi beharko dut semearekin ikasten.

Euskaraz hitz egiten al duzue?
Bai, Mikel Zarrabeitiarekin edo David Etxeberriarekin euskaraz hitz egitea ateratzen zait. Galdeanotarrek garai batean beraiek eskatzen zizuten: "Aizu, egin iezaguzu euskaraz, beti etxetik kanpo gaudenez, ea pixkanaka-pixkanaka saiatuta ikasten dugun...". Orain oso ongi egiten dute biek euskaraz.

Leku ezberdinetako jendeari antzematen al zaio beste kultura batekoa dela?
Oso ezberdinak dira, batez ere amerikarrak. Gosaltzera joan eta "jar iezadazu saltxitxa bat" eskatzen dute, "gutizia daukat eta ezin dut egun bat gehiago iraun saltxitxa gosaldu gabe". Horrek esan nahi du bere etxean horrela gosaltzen dela! Eta italiarrei ez esan otordu batean ez diozula pasta jarriko mahaiaren gainean, ez baitu jango. Bi egun segidan ez badu pasta jaten, urduri jartzen da. Nongoa zaren asko antzematen da jendearekin harremanetan jartzeko moduan ere. Andaluziarrak oso-oso irekiak dira, pelotoiko edozeinekin hasten dira hizketan, eta beste batzuk isilagoak gara, lehenengo hitz egin behar digute gero guk zer edo zer esateko.

Posible al da pilotariek bezala euskal selekziorik sortzea?
Sortzea bai, baina denbora behar da, gauzak poliki-poliki lortzen dira. Normala da pilotan euskal selekzioa sortzea, Espainiako estatu mailan ez delako jokatzen. Txirrindularitza estatu osoan egiten da eta gehiago kostako da, baina zergatik ez? Pelotoian batzuek gustura eramaten dute Espainiako kamiseta eta beste batzuek ez hainbeste. Baina selekziotik deitzean inork ez du ezetzik ematen.

Zure emaztea txirrindulari izana da...
Zorte handia da, berak ulertzen duelako pixka bat bizimodu hau. Niretzat oso inportantea da nire osasuna beti puntuan egon dadin arduratuko den pertsona beti inguruan izatea. Edozeinek ez luke ulertuko hainbeste zaindu behar dugunik helburu bat lortzeko.

Bera da zure managerra. Orain hasi dira managerrak agertzen txirrindularitzan. Hori taldeek ez zuten ongi hartu...
Nik ez dut esaten beharrezkoa denik manager bat, baizik eta pertsona bat konfidantzazkoa, eta zure familiakoa bada, hobe. Seguru senidea aurpegia hausteko prest egongo dela, manager ezezagun bat baino lehenago.

Urte erdia kanpoan ematen duzue. Nola uztartzen duzue lana familiako bizitzarekin?
Ezin da konpentsatu. Kanpoan pasatzen duzun denbora gero nolabait berreskuratzea pentsatzen duzu. Baina seme bat daukagu, eta orain berarekin disfrutatzen ez dudana gero ez dut disfrutatuko. Bera hazita egongo da, eta bere haurtzaroa ez dut berarekin pasako.

Zuk nola baloratzen duzu lortutakoa?
Afizionatutan nengoela esango balidate egin dudan palmaresa edukiko nuela ez nuke sinestuko. Orain hemen egonda, gustura nago egin dudan guztiarekin, baina oraindik uste dut badudala zer esanik txirrindularitza munduan. Bi urteko kontratua dut ONCErekin, eta espero dut gauzatxoak egitea.

Noiz utziko duzu?
Uzteko garaia da entrenatzea barrutik ateratzen ez zaizunean, pentsatzen hasten zarenean "jo, gaur ez nintzake aterako...". Galbana hori sartzean.

Utzi aurretik betetzeko helbururik jarri duzu?
Gustatuko litzaidake munduko orduko errekorra lortzea, baina denbora behar da horretarako ere, prestakuntza berezi xamarra, eta gaur egun talde gisa helburu batzuk badituzu, gero partikularki munduko errekor bat egitea zaila da. Aurten ea bilatzen dugun tartetxo bat, eta egiten dugun ahalegina...

Zer egin nahi zenuke utzi ondoren?
Zuzendari izatea gustatuko litzaidake, mundu hori asko gustatzen zait.

BERTSOA
Doinua: Ursus Tibetanus
Kaiku ta ONCEn korritua du
bietatik du pixkana
tourrak galdua, gutxik hainako
palmaresa badaukana
berak zaleei behin sartutako
arantz parea darama
Mundialetan utzi Indurain ta
ortzadarrera joana
eta geroztik haren itzalan
mendeko behar izana.

Jexux Mari Irazu
BERE HITZETAN
"Ez da erraza Miguel Indurainek egin duen dena ahazten, baina azkenean pertsona bezala gogoratuko dugu, ez txirrindulari bezala"

Internet, www.primenet.com/kjtar/cycling orrian
"Bi selekzioak lehiatuz gero, Euskal Herriak irabaziko luke"

Argia, 1995-3-19
"Prentsako bat edo besterekin minduta nago, bai"

Euskaldunon Egunkaria 1999-9-3
"Iaz (1994) denboraldi bukaeran, Catalunyako Voltan, positibo ematea kolpe handia izan zen. Okerrena da ez dakidala zer hartu nuen positiboa emateko. Gaixo nengoen eta Frenadol hartu nuen. Hori ez bada, ez dakit zer izan daitekeen"

Argia, 1995-3-19
"Meritu handia dute txirrindularien emazteek"

Argia, 1995-3-19
"Nire gorputza ez da beste batzuena bezalakoa, hau da, pixka bat estutuz gero ondo jartzen dena. Nik denbora askoan estutu behar dut ondo ibiltzeko"

Euskaldunon Egunkaria 2000-1-23
"Nire emazteak esaten du futbolariak gaizki ohituta daudela, lan gutxi, jai asko... egunero 5-6 orduko entrenamendua egiten jarriko lituzkeela..."

Argia, 1995-3-19

BIZITZAREN PASARTEA
"96ko Tourrean, Iruñean bukatzen zen etapa hartan, ni bigarren eta Toni Rominger hirugarren gindoazen sailkapenean, eta taldeko zuzendaritzatik ohar bat etorri zen esanaz karrera hautsi egin behar zela, ez ginela tourrera etorri bigarren eta hirugarren egitera. "Edo irabazten dugu edo ez dugu ezer egiten". Horrek asko markatu ninduen. Gainera hiru egun falta ziren tourra bukatzeko eta azkenean ez bigarren eta ez hirugarren, nik bederatzigarren bukatu nuen eta Tonik hamargarren. Iruñeko etaparako jada maleta egina nuen, eta eskerrak Karmele (emaztea) han zegoen, bestela, hurrengo egunean ziur Olano ez zegoela irteeran."

CURRICULUMA
Jaio:
Anoetan, 1970ean.

Bizi:
Tolosan.

Txirrindularia.

Fitxa teknikoa:
altuera 182 cm., pisua 76 kgr. .

Taldeak:
Jubeniletara arte Oriako eskolan aritu zen. Afizionatuetan Kaiku-Gurelesa, Espainiako selekzioa, eta AVSA (1991) taldeetan aritu zen. Profesionaletara jauzia 1991n eman zuen CHCSrekin. Baina talde hau desagertu egin zen eta afizionatuetara itzuli zen Kaikurekin. Lasterketa batzuek egin eta denboraldi berean profesionaletara igo zen ostera Lotusekin. Hurrengo urtean (1993) Clas-Cajasturrera pasa zen, 1994an Mapei Clas deitu zena eta 1995ean Mapei GB, erabat italiarra. Banestora joan zen 1997an eta egun ONCEn dabil, iaztik.

Omenaldiak:
1999an Euskadiko Sei Orduetan, eta urte berean Tolosako Udalak.

Palmaresa:
- 1997 (Banesto): Asturiasko Vueltako prologoan 1.; Euskal Bizikletan 1.; Asturiasko Vueltan 2.; Dauphiné Libéré 2.; Burgosko Vueltan 2.; Llodioko Sari Nagusian 2.; Aragoiko Vueltan 3.
- 1996 (Mapei GB): Galiziako Vueltan 1.; Romandia Tour prologoan 1.; Romandia Tourrean 1.; Euskal Herriko Birako erlojupekoan (kronoeskalada) 2.; Gipignen Sari Nagusian 2.; Espainiako Txapelketan 2.; Atlantako Olinpiar Jokoetako erlojupekoan 2.; Euskal Herriko Biran 3.; Italiako Giroan 3.; Nazioen Sari Nagusian 3.
- 1995 (Mapei GB): Errepideko Munduko Txapelketan 1.; Munduko Erlojupeko Txapelketan 2.; Espainiako Vueltan 2.; Espainiako Vueltako prologoan 1.; Narancora Igoeran 1.; Valentziako Vueltan 3.
- 1994 (Mapei-CLAS): Errepideko Espainiako Txapelketan 1.; Espainiako Erlojupeko Txapelketan 1.; Asturiasko Vueltan 1.; Alcobendasko Nazioarteko Klasikan 1.; Nafarroako Sari Nagusian 2.
- 1993 (CLAS): Euskal Herriko Itzuliko Tarteko Helmugetan 1.; Gipuzkoako Ziklokros Txapelketan 2.; Gaztela-Leon Trofeoan 2.; Gaztela-Leon Trofeoko prologoan 2.; Zamudioko Klasikan 2.; Nájerako Sari Nagusian 3.
- 1992 (CHCS, Gurelesa, amateurra eta Lotus Festina): Lazkaoko 49. Frogan 1.; Berriatuko Sari Nagusian (amateur mailan) 1.; Bidasoako Itzulian (amateur mailan) 1.; Loinazko 55. Frogan (amateur mailan) 1.; Euskal Txirrindularitzako Tarteko Helmugetan 1.; Villafrancako Nazioarteko Klasikan 1.; Donostia-Donostia Klasikako Tarteko Helmugetan 1.
- 1991 (AVSA, amateurra): Hainauteko Tourrean 1.; Hainauteko Tourraren prologoan 1.; Kantabriako XIX Sari Nagusian 1.; Hendaia-Hernani lasterketan 1.; Asteasuko Sari Nagusian 1.; Euskadiko Erlojupeko Taldekako Txapelketan 3.
- 1989 (Frinat-Cegasa, amateurra): Kilometroan Espainiako txapeldunorde; Jazarpen Olinpikoan Espainiako txapeldunorde.
- 1988 (Incotel, juniorra): Kilometroan Espainiako txapeldun; Abiaduran Espainiako txapeldun.
1987 (Gure Txokoa, juniorra): Kilometroan Euskadiko txapeldun; Abiaduran Euskadiko txapeldun; Jazarpen Olinpikoan Euskadiko txapeldun; Jazarpen Olinpikoan Espainiako 3.
- 1986 (Txalaparta, kadetea): Kilometroan Espainiako azpitxapeldun; Abiaduran Espainiako azpitxapeldun.
- 1982 (Oriako Txirrindulari Elkartea, alebina): Gipuzkoako txapeldun.
- 1981 (Oriako Txirrindulari Elkartea, alebina): Gipuzkoako txapeldun.
Frantziako Tourreko etapak: 1997ko 20. etapan 1.; 1996ko 8. etapan 3.; 1996ko 20. etapan 3.
Italiako Giroko etapak: 1996ko 14. etapan 3.; 1996ko 21. etapan 3.

ARGAZKI ZAHARRA
"Lehiatzen hasi nintzen garaian, 9 urterekin, pasa zidaten anaiaren bizikleta. Emporium bat zen, urdina eta gurpil txikietakoa".


Azkenak
Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


Urtebete baino gehiago greban, Elon Musken enpresaren aurka
“Teslak ez du nahi langileek iritzia emateko eskubidea izaterik”

Teslaren aurkako lehen greba –eta bakarra– da munduan, Suedian 2023ko urritik aurrera egiten ari direna. Duela mende batetik hona Suedian egindako grebarik luzeena bihurtu da. IF Metall sindikatua bultzatu du protesta, Elon Musken autogintza enpresak hitzarmen... [+]


Politono bat entzun nahi?

PLEIBAK
Miren Amuriza Plaza
Susa, 2024

--------------------------------------------------

Miren Amurizaren bigarren eleberria argitaratu du Susak Durangoko azokaren atarian: Pleibak. Aurretik egindako grabazio baten gainean kantatzen ari zarelako antzerkia egitea da... [+]


2024-12-20 | Xalba Ramirez
Xabier Badiolaren gitarra: zaharra zena, berri

Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023

-------------------------------------------------

Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

------------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


2024-12-20 | Hiruki Larroxa
Irribarre egin, murtxikatu eta isildu

Askok, Gabonetan, ilusioa baino alferkeria handiagoa sentitzen dugu familia-otordu eta -topaketetan pentsatzean. Baina aurreratzen dizuegu ez dela otordua bera kolektiboki deseroso sentiarazten gaituena, familia tradizionala definitzen duen normatibitatea baizik. Are gehiago,... [+]


2024-12-20 | Sonia González
DSBEren ‘humilladeroa’

Betidanik begitandu zait esanguratsuagoa han-hemenka topa daitezkeen guruztokiei gazteleraz esaten zaien modua: humilladero. Ez al da guruztoki edo santutxo izen nahiko light, zuri edo haragoko konnotaziorik gabekoa? Azken batez, bertatik pasatzen zen oro umiliatu behar zen... [+]


Siriako Arabiar Errepublikaren amaiera

Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor... [+]


“Jadanik ez gara zuen tximinoak”

Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]


Kongo eta kobaltoa
Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]


Peio Berterretxe
“Tresna sozial izatetik, produktu kultural izatera pasatu dira plaza antzerkiak”

Master Amaierako lan sendoa aurkeztu berri du Peio Berterretxek. Urte luzetan antzerkian ikasia eta aritua, plaza antzerkien jatorriaz eta gaur egun dituzten funtzioez aritu gara harekin, Lekorneko Kabalkadan oinarrituta egin duen ikerketaren aitzakian.


Eguneraketa berriak daude