MITOETATIK HERESIETARA

  • Ibilbidearen bigarren zatian Bizkaiko ekialdeko herririk garrantzitsuenean barneratuko gara, Durangon. Atzean utziko dugu Mari eta bere kobazuloa, baina hemen ere ezin "sinesmenak" albo batera utzi, batez ere erlijio-gatazken eraginez Kurutziaga bezalako monumentu ikusgarriak topatzen baditugu. Honez gain, Garaiko erdigune atseginean ere murgilduko gara, hau da, Bizkaia barreneko herririk politenetakoan.

2007ko otsailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Urkiolatik etorriz, 9. kilometroan dagoeneko Durangon sartuko gara, kilometro bat geroago eskuinera erdigunean barneratuko garelarik. Izena ematen dion eskualdeko hiriburu, bere antzinako harresien arteko alde zaharrean historia luzea eta monumentu interesgarri franko gordetzen dira: Kurutziaga gurutzea, udaletxea, Santa Ana arkua, Andra Mari eliza eta abar luzea.
Herrigunea zeharkatu ostean, N-634 errepidera iritsiko gara, eta bertan Donostiarako bidea hartuko dugu (eskuinera). Hala ere, 300 metrotara ezkerrera joko dugu, Iurreta-Goiuria bidea hartzeko eta beste 100 metro ingurura berriz ere ezkerrera, oraingoan Iurretako elizaldean sartzeko.
Berriz ere Goiurirako bidean, tarteka jada Durango eta bere atzeko mendien ikuspegi politak behatzeko moduan izango gara (14 km. inguru). 14,5. kilometroan Goiuria harrapatuko dugu, alde batean eliza eta bestean begiratoki ederra ditugula. Berau zeharkatuz, Garairantz zuzenduko gara.

Tartean, bi kilometrotara, beste behatoki bat pasatuko dugu, eta beste kilometro eta erdira ezkerrera, Oiz mendiraino igotzen den errepidea (ez dizuegu hartzea gomendatzen, errepide zati batzuk egoera kaskarrean daude-eta). 20. kilometroan eskuinera. Une batez desbideratu egingo gara, 300 metro aurrerago XII. mendeko San Juan Momoitio ermita-behatoki lasai eta atsegina atseden hartzeko leku aproposa baita.
Errepidera itzuli ostean, beste kilometro batera azkenik, Bizkaiko herririk txikienetakora, Garaira iritsiko gara. Etxe ederrak dira herrian, eta Garai Durangaldearen zati handia menperatzen duen begiratoki aparta da. Lasai asko behatzea merezi duten etxe ederren artean Garatikoa jauregia edo jauregi itxurako baserria nabarmen ditzakegu. Bere aurrealdean, leihate bikoitzaren gainean, inskripzio luzea irakur daiteke, besteak beste 1574an eraikia izan zela esaten diguna. Honez gain, San Migel Arkaingerua (XVI. mendea) eta San Joan Ebanjelizatzailea (1550) elizak ere aipa ditzakegu.

Herritxoa zeharkatu ostean Abadiñoko Gerediaga nekazari auzunean sartuko gara, kilometro eta erdi geroago errepide nagusiago batekin bat egiteko. Puntu horretan eskumara joko dugu, Durangorantz, eta 500 metrora berriz ere eskumara. N-634 errepidera itzuli gara. Dena den, errepide honetan ere tarte laburra egingo dugu, 300 metrotara, San Blas hotelaren aurrean, oraingoan ezkerrera desbideratu behar dugulako, Matiena auzoa zuzen zeharkatuz.
Hainbeste desbideraketen ostean, Anboto pixkanaka-pixkanaka hurbiltzen ikusiko dugu, 27. kilometroan Abadiñoko erdigunean ezkerrera sartu baino lehen. Hainbat auzotan barreiaturiko udalerri honetan eraikin interesgarriak ugari dira. Garrantzitsuenetakoa Muntsaratz dorretxe gotikoa da, izen bereko auzoan, armarri eta arkupe doriarra erakusten dituena, besteak beste. Astia baduzu ez ahaztu eraikin hauek ere bisitatzea: Azpazar edo Aixezko errota-dorrea (Larringan auzoan), Abadiño dorretxea (Zelaieta auzoan), Traña, Uribarrena zein Zeletabe jauregiak, eta hainbat armarridun baserri.

Erdigunea zeharkatu ostean, berriz ere errepidearekin bat egingo dugu. Momentuz berau hartuko dugu ezkerrera, baina 300 metro inguru egin ostean, eskumara joko dugu, Mendiola jartzen duen seinaleari jarraikiz. Bide berri honek Atxarteko harrobietaraino hurbilduko gaitu.
Laster Mendiola auzoa hasten dela ikusiko dugu, eta zuzen zeharkatuko dugu, lau kilometro geroago Atxarteko horma beldurgarrien azpira iristen garen arte. Eskaladarako oso egokiak diren pareta izugarri hauek, oraintsu arte harrobien presiopean bizi izan dira, ekologista eta mendizaleen borroka gai bihurtuz.


DURANGO

Durangaldeko gailurreria ikusgarria atzean duela eta Ibaizabalgo bailaran kokaturik, Durango ondare historiko-artistiko aberatseko herria da. Merkataritzak hirian izan zuen eraginak badu zerikusirik ondare horretan.

Historian atzera
Hiria XII. mendean sortu zela uste da, Tavira izenarekin (Durango merinaldea osoarena izango zen). Nafarroako Erreinukoa lehenbizi, 1195ean Gaztelaren eskuetara igaro zen. XV. mendean sendi arteko borroka banderizar eta "Durangoko hereseen" (1442-44) gertaeretan murgilduko da. Azken honen ondorioz, 100dik gora herritar erre zituzten. Kurutziagako gurutzea gertaera honen purifikazio-monumentu gisa altxatu zen, eta ondorengo mendeetan mugimendu heresiar gehiago sortuko ziren.
XVI-XVII. mendeetan zehar izurriteak, suteak eta gerrarako (Espainia eta Frantziaren artekoak) deialdiak bata bestearen atzetik datoz, giza eta ekonomi kostu handiarekin. XVIII mendean beherakada ekonomikoa eta frantsesen aldetiko zenbait okupazio ezagutzen du, eta XIX. mendean aldiz, Karlistadek eragin nabaria izango dute hiriaren bizimoduan, Carlos erregegaiak Gortea bertan kokatu baitzuen.
1886an "Fiestas Euskaras" ospatu zen, garrantzi handiko kultur ekintza, eta XX. mendearen hasieran industriaren garapena garrantzitsua izan zen. 1937ko martxoaren 31n munduan izan zen populazio zibilaren gaineko lehen bonbardaketa sistematikoa jasan zuen herriak, 500 hildako baino gehiago izanez. Gero, gosea eta gabezia latzak, 50eko hamarkada arte, beste garapen prozesu bat ezagutzen duen arte.

Ikustekoak
Herriaren erdialdean Ezkurdi Plaza dugu, izen bereko zesta-puntako frontoi ospetsuaren alboan. Plazan bertan urmael eta landaretzaren artean, Mikeldiko Irudiaren kopia aurkituko dugu (originala Bilboko Museo Etnografikoan dago). Harrizko irudiak lau zangodun animalia irudikatzen du; erromatarren aurrekoa, ez du parekorik Euskal Herrian. Taxiak dauden aldetik irten, errepidea zeharkatu eta pixka bat eskuinerago dagoen Andra Mari kale irregularra hartuz (Mañaria ibaiaren gainetik) hiriko Alde Zaharrean sartuko gara. Sartu aurretik, errepidea jarraituz Zabalatarren jauregia ikus dezakegu, Bruno Mauricio Zabala, Montevideoko fundatzailearen jaiotetxea alegia, eta baita Etxezarreta jauregi ederra ere, gaur egun Arte eta Historia Museoa.

Alde Zaharra Andra Maritik sartzean eskuinera ikusiko ditugun lau kale paralelok (Barrenkalea, Artekalea, Goienkalea eta Kalebarria), eta denak gurutzatzen dituen Zeharkaleak osatzen dute. Andra Marin bertan XIV. mendeko Uribarriko Andra Mariaren Eliza dugu, Arandoñoko dorreari atxekia. Bertan estiloak gainjartzen joan dira, eta horrela, erdiko nabean Berpizkundeko zutabeek sabai gotikoa sostengatzen dute. Erretaula nagusia ere Berpizkundekoa da, eta Uribarriko Andra Mariaren irudia gotikoa. Aurrealdeak ortzia irudikatzen du, muturretan eguzkia eta ilargia eta erdia izarrez beterik. Baina agian ikusgarriena, egurrezko arkupe zabala da.
Barrenkalea eskuinera hartuz, azkenaldean Lariz dorrea ageriko zaigu, zenbait irudi bitxirekin, eta ibaia segituz Santa Ana Plazan sartuko gara. Harrizko enparantza eder honetan eskuinera Santa Ana arkua dugu, antzinako harresietatik geratzen den sarrera bakarra, 1556an barroko estiloan eraikia. Parez pare, XV. mendeko (XVIII. mendean berreraikia, arkua bezala) Santa Ana parrokia. Santa Anako honek eta alboan dagoen ibai gaineko Pinondo plazak oso inguru atsegina sortzen dute.

Atekaletik itzuliz, udaletxetik pasako gara. 1570ean egina, estilo klasikoan kutsu napolitarrarekin, aurrealdeko margo polikromatu deigarriak nabaritzen dira.
Andra Marin berriz, eskuinerantz inguratu eta izen bereko kaletik, eliza baten aurrean Kurutziagako gurutzea aurkituko dugu. Barroko-gotiko estiloko monumentuak "Gurutzearen Zuhaitza" irudikatzen du. Horrela, enborrean paradisuko zuhaitza eta jatorrizko bekatuaren protagonistak, kapitelean 12 apostoluak beren ezaugarriekin, eta goialdean Pasioaren sinboloak alde batetik, eta Ama Birjina umearekin bestetik. Azkenik, gurutzea zerutar sinboloez hornitzen da (eguzkia, ilargia...).

Kalea jarraituz Garai jauregia (liburutegia), bere aurrean Kurutze Santu ermita, eta hurrengo bidegurutzean Olalde jauregia ditugu.
GOIURIA (IURRETA)

Jatorduan:
Ikuspegi Jatetxea- Goiuria 21.

GARAI

Udaletxea:
Plaza. 94- 620 11 72.

Jatorduan:
Garai Jatetxea- Plaza z/g.
Herriko Taberna Jatetxea- San Migel Plaza z/g.

DURANGO

Turismo Bulegoa:
Bruno Mauricio Zabala 2. 94- 603 00 30.

Udaletxea
94- 621 53 70.

Udaltzaingoa:
94- 621 53 81.

Ertzaintza:
94- 444 14 44.

Landakoko Osasun-zentrua
94- 681 88 80.

DYA-Anbulantzia:
94- 620 32 89.

Gurutze Gorria:
94- 681 09 49.

Botikak:
- Balenciaga- Ezkurdi Plaza 8. 94- 681 25 68
- Mujika Bildosola- Andra Mari 9 94- 681 08 23. .

Kotxe-Tailerrak:
- Alluitz Motor- Alluitz z/g. % 94- 620 20 04.
- Talleres Arbi- Intxaurrondo 21. % 94- 681 02 86.
- Talleres Mecanicos Intxaurrondo- Santikurutz 6. % 94- 620 30 93.

Jatorduan:
- Juantxu Jatetxea- San Agustinalde 4
- Gaztelu Jatetxea- Herriko Gudariak 1.
- Kurutxe Jatetxea- Askatasun Etorb. 19.
- Txantonesa Jatetxea- Goeinkalea 3.
- Otto Pizzeria- Tromperri 7. .

Jan eta lo egiteko:
****Gran Hotel Durango- Gasteiz bidea 2.
94- 621 75 80. Logela 17.700.
***Hotel Kurutziaga- Kurutziaga 52. 94- 620 08 64. Logela 9.019-13.875 pzta.

Lo egiteko:
**Juego de Bolos Ostatua- San Agustinalde 2
94- 681 10 99. Log. bikoitza 3.800-6.500 pzta.

ABADIÑO

Udaletxea:
94- 681 40 01.

Udaltzaingoa: :
94- 681 40 01.

Ertzaintza: :
94- 444 14 44.

Jatorduan:
- Soloa Jatetxea- Txanporta 1.
- Mendiola Jatetxea- Mendiola auzoa 1.
- Bizkarra Jatetxea- Urkiola 4.
- Ostendi Jatetxea- Zubibitarte 5.


Jan eta lo egiteko:

**Hotel San Blas- Laubideta 11 (Matiena). 94- 681 42 00. Logela bikoitza 6.300-7.100 pzta.


Azkenak
2025-03-20 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirikek manifestazioa deitu du larunbaterako “Euskal Herria ez dago salgai!” lemapean

Sareak nabarmendu du Euskal Herri osoko eragileak daudela bertan eta deialdiak 140tik gora atxikimendu jaso dituela: "Horrek islatzen du zein den gaur egungo errealitatearen urgentzia, lurraren defentsaren beharra eta auziarekiko dagoen konpromezua".


2025-03-20 | ARGIA
Arratzua-Ubarrundiako EH Bilduko zinegotziek dimititu egin dute, Solariaren proiektuarekin “eskuak lotuta” dituztelako

Koalizio abertzaleko hiru ordezkariek ohar baten bidez euren "frustrazioa" adierazi dute proiektu fotovoltaikoa ezin gelditzeagatik: "Egoera horren aurrean, ez gara legegintzaldia amaitzeko indarrez sentitzen". Proiektu honi ez! plataformak salatu du EH Bilduren... [+]


2025-03-20 | El Salto
Kataluniako erreferendumean gomazko balak jaurti zituzten lau poliziari ez diote amnistia emango, eta auzipetu egingo dituzte

Lau agenteak lesio-delituengatik ikertzen ari dira eta horrek galarazten du 2024ko amnistia aplikatzea. Polizia horietako batek, ustez, gomazko bala batekin begi bat zartatu zion Roger Español kataluniarrari.


2025-03-20 | Euskal Irratiak
Arrazismoaren kontrako giza-katea egingo dute Baionan larunbatean

Arrazismoaren aurkako nazioarteko eguna kari, larunbat honetan 16 alderdi, kolektibo eta elkartek deia luzatu dute, Baionako Marengo eta Pannecau zubien artean giza kate bat osatzeko. Aniztasuna, elkartasuna eta giza eskubideen errespetua aldarrikatzera deitu dute,... [+]


2025-03-20 | Gedar
“Ertzainek aita jipoitu zuten nire alboan, 65 urte ditu eta elbarria da”

Ertzaintzak martxoaren 13an Bilbon zauritutako bi pertsonaren testigantza jaso ditugu. Athleticen partidaren ostean larriki zauritu zituzten aita-semeak, borra-kolpeka, eta atxilo eraman zuten haietako bat. Furgonetatik ikusi zuen ertzainek nola egin zuten tiro jendearen kontra,... [+]


Israelen genozidioa salatzeko protesta andana antolatu dute

Palestinarekin Elkartasuna plataformak osteguna, ostiral eta larunbatean eginen ditu protestak, Israel genozida. Palestinar erresistentzia aurrera! lelopean. Gernika-Palestina-k ere manifestazio nazionala antolatu du larunbaterako Donostian. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak... [+]


2025-03-19 | ARGIA
“Proiektu honi ez!” Arratzua-Ubarrundiako plataformaren adierazpena

Arratzua-Ubarrundiako "Proiektu honi ez!" plataformak adierazpen hau kaleratu du, udalerri horretako EH Bilduko hiru zinegotziek dimisioa aurkeztu berritan. Izenburu hau darama testuak: "EH Bilduren moketako politika edo Iparra nola galdu".


2025-03-19 | ARGIA
Dimititu egin duten Arratzua-Ubarrundiako EH Bilduko zinegotziek herritarrei zuzendutako agurra

Arratzua-Ubarrundia (Araba) herriko EH Bilduko hiru zinegotziek dimisioa eman dute Solariaren zentral fotovoltaikoagatik. Hau da hiru zinegotziek, Txetxu Zengotitabengoak, Laura Sanchok eta Javier Ruiz de Arkautek, herritarrei zuzendu dieten agur mezua.


2025-03-19 | Bertsozale.eus
Maiatzean jokatuko da Udabarria Bertsotan

Maiatzaren 8an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. Zortzi saio bikoitz jokatuko dira maiatzeko eguenetan. Sarrerak eskuragai daude bertsosarrerak.eus atarian.


Hwei-Ru Tsou. Brigadista txinatarrak xede
“Batera gogoratzen ditugu Gaza eta Gernika!”

Iazko uztailean, ARGIAren 2.880. zenbakiko orrialdeotan genuen Bego Ariznabarreta Orbea. Bere aitaren gudaritzaz ari zen, eta 1936ko Gerra Zibilean lagun egindako Aking Chan, Xangai brigadista txinatarraz ere mintzatu zitzaigun. Oraindik orain, berriz, Gasteizen hartu ditu... [+]


2025-03-19 | June Fernández
Meloi saltzailea
Black lives matter

Hurrengo ariketa egin ezazu zure lantokian, euskaltegian edo gimnasioan:

Altxa eskua Minneapoliseko George Floyd nor den dakizuenok.

Altxa eskua Madrilgo Mame Mbaye nor den dakizuenok.

Altxa eskua Barakaldoko X nor den dakizuenok.

Mame Mbaye manteroa duela zazpi urte... [+]


ANALISIA
EH ez da salgai, legedia ere ez

Lurraren alde borrokan dabilen orok begi onez hartu du Frantziako Legebiltzarrak laborantza lurren babesteko lege-proposamenaren alde bozkatu izana. Peio Dufau diputatu abertzaleak aurkezturiko testua da, eta politikoa eta sentimentala juntaturik, hemizikloan Arbonako okupazioa,... [+]


Eguneraketa berriak daude