"EZ NUEN LEHENENGO DISKOA BERRIRO EGIN NAHI"

  • Doinu hori zerion eztarria Anarirena zen, artean izen ezezaguna musikazaleen artean. Orain "Habiak" izenburuko bigarren lana kaleratu berri du azkoitiarrak.

2007ko otsailaren 21ean
Bakarlari azkoitiarraren lehen diskoak eztabaida eta bizitasuna ekarri zizkion ezusteko handirik emateko gai ez zen musika-eszena geldotu bati. Matxinada moduko bat izan zen, sorpresarena, berritasunarena, harridurarena. Orain, hiru urteren buruan, lan berri batekin dator Anari, "Habiak" izenburukoa. Diskoaren kontzeptua eta ahots tratamendua aldatzen saiatu dela dio, eta talde izaera eman nahi izan diola proiektuari. Gainera, kolaboratzaile aski ezagunak inguratu ditu diskora: Ruper Ordorika, Petti, Jomes (Bap) eta Kaki Arkarazo, zeinaren Garate estudio zabaldu berrietan grabaketa burutu duten.

1997an atera zenuen lehen diskoa. Zer dela eta hiru urteko itxaronaldi luzexka hori bigarrena kaleratzeko?
Niri oso azkar pasatu zait. Beharbada, momentu hartan prezipitatzen ari nintzela ere sentitu nuen. Hori norberaren erritmoa da. Neuk otsailean utzi nion abesteari. Gainera, orduan baxua sartu eta talde bezala funtzionatzen hasi ginen. Abestiak naturalki egiteko eta ateratzeko denbora hori izan da beharrezkoa, ez dakit asko edo gutxi den, baina ez naiz momentu konkretu baten zai egon.

Eperik ez, hortaz.
Norberaren erritmoak abestiekin du harremana. Egia da abesti batzuk aspalditik neuzkala eginda, baina orain hain modan dagoen kontzeptu hitz hori bilatzen nuen, beste hizkuntza bat, esateko beste era bat. Ez nuen lehengo diskoa berriro egin nahi.

Nolakoa da disko berria, zer berezitasun sartu dituzu? Aipatu izan duzu lehen diskoko abestiekin identifikatzen ez zarela dagoeneko.
Agian gehiegi luzatu zen zuzenekoena eta momentu baten abestietaz aspertuta nengoen. Gehiena erretzen dena, nire kasuan behintzat, letra da. Musikari dagokionez beti zoaz aportatzen, baina letrekin... Hitzak asko lantzen saiatu naiz disko honetarako eta uste dut eboluzio bat badagoela hor. Beharbada kanpotik ez da horrenbeste nabarmenduko baina nire idazteko eran eta intentzioan behintzat hori egon da, eta musikan ere bai.

Zer aldaketa sartu dituzu musikaren aldetik?
Lehen diskoa nahiz eta instrumentatua izan, entzun ahala ikusten zen bakarlari bat zela eta protagonismoa ahotsak eta nire gitarrak zeukatela. Oraingo honetan, abestiak talde bat izango bagina bezala jo nahi izan ditut. Abestiak neuk egin ditut, baina taldeak sekulako garrantzia hartu du.

Esan daiteke orduan kantautorearen izendapen hori alboratu nahi duzula?
Zenbat jende saiatu den hori aldatzen! Betikoa da. Niri pertsonalki ez zait hitza gustatzen. Nick Cave edo Javier Corcobado inork ez ditu kantautoretzat hartzen. Pixka bat lotzen da akustika eta pertsona bakar batekin. Agian gure "neura" da, estilo batera lotzen delako. Hala ere, ez dut inondik ihes egin edo ezerrekin apurtu nahi izan. Abestiek niretzat oso garrantzitsua zen giro bat behar zuten eta giro hori taldeak ipini du.

Zure lehendabiziko diskoak harrera bikaina izan zuen bai publikoaren aldetik bai kritikaren aldetik.
Hasieran kritikak exajeratzera jotzen du. Nik uste dut berritasunaren bila dabilela, berria denak pisu gehiago dauka beti. Argi dago orain ez daukadala berritasun horren faktorea baina espero dut nire abestiak entzutea eta taldearen lana kontuan hartzea. Komunikabideak asko mugitzen dira sorpresaren aldetik eta uste dut hor sartu nindutela ni. Momentuan oso gustura hartu nuen. Orain, diskoa entzutea nahiko nuke behintzat. Horregatik argi izan dut ez nuela nahi lehenengo formulak funtzionatu zuelako formula berarekin segitzea, inondik inora. Aldatu egin nahi izan dut, saiatu naiz ahotsaren tratamendua aldatzen, arrisku hori behintzat hartzen. Gero, agian, jendeak abestia entzun eta esango du: "Hau berdina da".

Asmatzea zaila da beraz.
Asmatzea baino berrasmatzea zailagoa da. Norberak era batean egiten eta ikusten ditu gauzak, eta abesteko eta abestiak egiteko modu hori oso pertsonala da.

Salmentei erreparatzen al diezu?
Gu argi dago ez goazela Alejandro Sanzen parera iristera. Lehenengo diskoan oso gustura hartu genuen. Ez zen saldu izugarri, baina bere burua salbatu zuen diskoa izan zen, eta gehiago, eta hori asko da hemen. Betiko gauzak saltzen dira eta gainontzekoa arriskua da. Nirekin Esan Ozenkik arrisku handi bat hartu zuen. Oso argi daukat zuzenean joz saldutako diskoa izan zela. Ez da izan atera eta bi astetan bi mila ale saldu dituen disko bat. Poliki joan da eta oraindik saltzen segitzen du. Kezkatu? Bostehun disko salduko bagenitu pentsatuko nuke: "Zerbait gertatu da". Noski, beti saiatzen zara lehengoa behintzat mantentzen, baina disko asko dago eta guztiak ezin dira erosi. Neuk gehienbat jendearen erantzuna zuzenekoetan sentitu dut. Diskoak saltzea oso ondo dago, baina batek erosten badu eta hamar lagunei grabatzen badie, bere lana ere egin du. Niretzat "horrenbeste disko saldu duzu..." hori nahiko birtuala da.

Zer espero duzu musikaz? Irakurria dut diskoak egiteari utziko diozula. Nola hartzen duzu zuk musika, bitarteko edo helburu bat bezala?
Nik uste dut lehena beharra dela. Adibidez, lehenengo diskotik bigarren diskora desberdinena prozesua izan da. Lehenengo diskoan, abestiak erori egiten zitzaizkidan gainera, abestiek harrapatzen ninduten ni. Kanta asko egiten nituen. Bigarren honetan abestien bila joan naiz momentu askotan, gehienbat hitzetan eta melodietan. Hor prozesua eta musikarekiko erlazioa aldatzen da sormenaren aldetik. Bestalde, oraintxe oso gustura nago taldean eta sekulako ilusioa daukagu jotzeko; nik ez dut ikusten horretan bakarrik nire burua. Biharko egunean agian ez dut disko gehiagorik egingo. Behintzat ez errepikatzea gustatuko litzaidake. Hau da, ez da kopuru bat, zenbat egitera iritsi zaitezkeen. Ez nuke nahi eszenarioari "engantxatu" eta musikarekin erlazio naturala galdu. Ez nengoen obsesionatuta beste disko bat egitearekin, baizik eta abestiekin, niretzat zentzua zuten abestiak egitearekin. Ez dakit, agian momentu baten margotzeari ekingo diot.

Noraino hustu ditzakezu zure barrenak? Mugarik al dago?
Niretzat ez dago mugarik, poesia den heinean. Argi dago zure parte bat badagoela hor, baina askotan joko poetikoa da. Zure burua hilko duzula esatera irits zaitezke edo herri guztia hilko duzula. Jendeak nahiko irakurketa pertsonal bezala eta exhibizionistatzat hartu ditu aurreko diskoko abestiak. "Kendu dizkidazu arropak kendu dizkidazu dudak", Eduardo Galeanoren poema bat da eta nik abestuta agian jendeak erdi-porno bezala ikusi du. Bigarren diskoan zuzentasuna galdu dute abestiek. Erreflexiboagoak dira beharbada. Zerbait esan nahi duzu, baina ez duzu esplizitua izan nahi. Askotan gehiago da ezkutatu nahi duzuna, esan nahi duzuna baino.

Euskal Herritik kanpo ibili zara nahikoa harrera ona jasoz. Zer ondorio atera duzu esperientzia horretaz?
Ondorioak baino, gure planteamenduak berretsi ditugu. Nik uste dut gauza guztien gainetik -euskaraz, ingelesez edo alemanez abestu- badagoela hizkuntza musikala. Niretzat lotura hori oso garrantzitsua da. Estatu mailan zenbait talderekin identifikatu naiz, beraiei berdina pasatu zaie eta azkenean harreman bat lortu dugu.

Polita izan behar du zure hizkuntza ezagutzen ez duen publikoaren aldetik harrera ona izatea...
Bai, baina kanpoan jo dugunean indar gehiago eman diogu. Nik adibidez ahotsaren intentsitateari indar gehiago eman diot. Beste gauza batzuk komunikatu behar dituzu, letrak ez baitu existitzen. Orduan dena sentsazioa da, beste hizkuntza bat hasten zara lantzen eta oso ederra da .


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude