ITXI BEGIAK: IKUSTEN AL DUZU PRINTZE TXIKIA OHOLTZA GAINEAN?

  • Antoine de Saint-Exupéryren mendeurrena ospatzen da aurten. Hori dela eta Elgoibarko Taupada taldeak, idazlearen "Printze Txikia" istorioa txotxongiloekin kontatu du. Helduen-tzako ipuinaren lirika eta filosofian inspiratu dira haurrentzako istorio liluragarria egokituz.

2021eko uztailaren 20an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Edurne Lasa, Taupada antzerki taldearen zuzendaria, Printze Txikiaren maitale da aspalditik, txikitatik, "hain zuzen delizia bat delako". Hala, aprobetxatuz Saint-Exupéryren jaiotzaren ehun urte direla, eta mundu osoan egingo direla hori ospatzeko hainbat ekitaldi, bere buruari esan zion: "Zergatik ez elkartu gure lana beste toki batzuetan egiten ari diren gauzekin, eta nahiko muntaia potentea egin". G. Arroyorekin kontaktatu zuten ipuinean inspiratuz antzerki-testua idatz zezan, eta asko hitz egin zuten gaiari buruz, pixkanaka konturatuz zeinen zaila den berez irakurtzeko den testua eszenara ekartzea. Izan ere, ipuinak ez baitauka konfliktorik, eta antzerkiak, normalean, konflikto indartsu bat du ardatz.
Taupadako Jose Mari Larrañaga eta Edurne Lasak hogeita hiru urte daramatzate antzerkia egiten, eta, besteak beste, Udako Euskal Unibertsitateko antzerki sailaren arduradunak dira. Muntaia ugari egin eta gero, orain dela lau urte hasi ziren txotxongilo obrak taularatzen. "Mari Sorgin" beldurrezko istorioa kontatu zuten honen aurretik. Obra guztiak egin dituzte euskaraz, eta "Mari Sorgin" moldatu zuten lehenengoz gaztelaniaz ere, kanpora atera ahal izateko.
"Mari Sorgin" Edurne Lasak txikitan irratian aditu eta ipuin oso gustukoa zuen. Ipuinaren bila ibili ziren irrati eta liburutegietan, eta ez zuten aurkitu. Baina Edurnek fresko zuen oraindik buruan eta G.Arroyori kontatu zion honek gidoia idatz zezan. "Gizonak eta emakumeak ikaragarri onak edo benetan gaiztoak ziren garaietara" darama ikuslea. Kasu hartan, adibidez, konfliktoa oso argi zegoen, eta obra arrakastatsua da oraindik ere.
Baina "Printze Txikia"ren apustua zailagoa zen. Tratu on bat eman nahi izan diote testuari eta muntaiari, eta lan handia hartu dute: "Printze Txikiaren baloreen transmisio bat nahi genuke egin. Badakigu pertsona heldu ia guztiek irakurri dutela 'Printze Txikia', baina ez dakiguna da nagusiek transmititzen dieten hori gero umeei. Baloreak honakoak dira: adiskidetasuna, goxotasuna eta irudimena bera. Ez dakigu hori benetan transmititzen den, badakigu gizarte honetan zerk hartzen duen indarra: irudia, arrakasta eta puntako teknologiei egiten zaie kristotren erreberentzia, baina balore hauek pixka bat azpitik geratzen dira. Barruan denok daukagun hori esnatzea, alegia."
Taupadakoek ez dute "Printze Txikia"rekin kirtenkeriarik egin nahi izan. Edurnek zera diosku ipuinen moldaketei buruz: "Niretzat ez da egokia 'Mari Errauskin' hartu eta, ipini helikoptero batean orain eta ondoren Ermuko plazan bertsotan, ezta? Bada ez, horretarako egin ezazu zuk zeure istorioa". Taupadak "Printze Txikia"n konflikto txiki batzuk, zenbait emozio bilatu ditu erakargarriago egiteko, baina mamia gordez.
Apustu handia da Taupadarentzat 'Printze Txiki'a. Kalitatea izan dute irizpide taularatzerakoan. Ez dute, haurrentzako obra bat denez, gauza sinple bat egin nahi izan. Kutxa beltzaren eta bere edukiaren formatoa oso handia da, eta baita diru inbertsioa ere. Edurne Lasak dioenez, haur antzerkiari kalitatea eta behar duen duintasuna eman behar zaio: "Kontua ez da haurrak txotxongiloetara eraman eta horrela libre egotea ordubetez...".
Gasteizko Principal Antzokia haurrez beteta dago. Obraren seigarren emankizuna da, Bilbon azaroaren 15ean, Hendaian 26an eta Tolosan 30ean taularatu baino lehen. Esatari batek funtzioan zehar goxokirik ezin dela jan gogorarazten digu ikusleoi. Badoaz argiak eta aretoa ilun-ilun dago. Ea ba...


TELOIA ZABALTZEN DA.

Zeruak deitzen gaitu lehenik, magiaz betea, zeru beltza izar distiraz betea. Basamortuko zeru infinitoa. Aeroplano bat agertzen da urrunean eta bere runruna aditzen ari garela ohartzen gara.
Gertuago pasatzen da aeroplanoa. Gertuago runruna.
Are gertuago pasatzen da aeroplanoa. Bertan dago, runruna ere, basamortuko zeruan. Motorraren runrunak huts egin du orain eta aeroplanoa lurrera doa. Lurrera dator.
Aeroplanotik Antoine de Saint-Exupéry atera da. Tramankulua hondatu egin zaio basamortuaren erdi-erdian, eta gainera urik gabe geratu da: "Kaka zaharra! Kaka zahar zaharra!"
Baina hara non Printze Txikia agertu zaion, txori multzo batek tiratzen duen hari matazari helduta hegan bidaiatzen duen haur ilehoria. Haurra. Guztiok gure baitan daukagun haur miresgarria: "Ze txorakeriak egiten dituzten pertsona nagusiek!"
Bi bidaiari arras ezberdin hauek euren bidaien ordubete elkarrekin emango dute Nemiduri planetara bidean. Bukaeran nork bere bidea hartuko du, nork bere bidaia ostera.


TELOIA IXTEN DA.

Argiak pizten dira eta publikoa atera bezain laster desmuntaia hasten da eszenatokian. Pertsonaiak panpin bihurtzen dira eta kutxatan sartuak dira: tamaina ezberdinetako Printze Txikiak, Saint-Exupéryak, aeroplanoak, planetak, palmerak eta bestelako panpinak; Kukumakoek egindako panpinak, Saint-Exupéry berak egindako marrazkiak oinarri. Zeruko izarrak zuntz optikoz eginak direla jakiten dugu, eta hiru aktore zeudela goitik behera tertziopelo beltzez jantzirik 7 metro luze dituen kutxa beltzaren barruan panpinei hatsa emanez. Mahaiko titereen teknika erabiltzen dute gehienbat, baita barilakikoa, eta eskularruetakoa ere, pertsonaiei mugimendu askatasun dexentea ematearren.
"Printze Txikia"ren ipuin poetikoa oso iradokitzailea denez, irakurketa desberdinak ditu. "Niretzat garrantzizkoa da esaten dionean azeriak 'beno baina ez al dago inon leku perfekturik?' Nola ez? leku perfektuak badaude: norberak bilatu behar ditu bere barnean, ez? Hori da berak potentziatzen duena: itxi begiak eta ikusi barruko begiekin, orduan ikusten baita benetan garrantzizko dena. Oso filosofikoa agian, baina uste dut ulertzen dugula eta umeek ere ulertzen dutela".
Taupada taldekoek egin duten irakurketa da: sei urtetik gorako haurrentzako ipuin didaktikoa eta akzioduna, antzerki-erritmoari eusten saiatzen dena, eta liburua baino hobekiago amaitzen dena, hain zuzen ere. Bertsio leundua da: ez dago sugerik, ez dago heriotzarik, ez malkorik, liburuari isur dakion nostalgia handi hori, mundu galdu baten malenkoniarik. Ederra da -hala ere- Taupadaren "Printze Txikia", adiskidetasunari kantua da, eta liburuak bezala, istorio xumeen ederra du istorio handia izanik ere.
Soilik bihotzarekin ikus daiteke ondo; funtsezkoena dena begientzat ikustezina da. Eta kutxa txiki baten barruan dagoen bildotsak -bildots perfektuak alegia, ikustezinak- Printze Txikiaren planetan bizi den lore bakarra janen du ala ez? Eta ez al da hori jada nahikoa inportantea?

ANTOINE SAINT-EXUPÉRY: AEROPLANO AMETSAK
Printze Txikiaren bidez ezagutzen dugun idazlearen bizitza hegazkintzarekiko pasioak markatu zuen. Frantziar aristokraziako familia batean etorria, 10 urterekin hegodun bizikleta asmatu nahi izan zuen, 12 urterekin egin zuen bere lehen hegaldia, eta 21ekin lortu zuen jada pilotu lizentzia. Hegazkintza zibilaren aitzindari izan zen Europan, eta mundu osoan zehar egin zituen hegaldiak. Hegazkintzarekin lotutako 11 patente ditu bere izenean izkribatuak, Antoineren izpiritu asmatzailearen seinale. Beretzat hegazkina garai berrien ikur garbia zen, giza-amets zahar baten gauzatzea. Hainbat misio konplikatu burutu zituen hegazkinez eta II. Mundu Gerran ere aritu zen alemaniarrei aurre egiten. Bi istripu larri izan zituen, bata Guatemalan eta bestea Sahara basamortuan, non bost egun pasatu zituen bakarrik eta zauritua beduinoek erreskatatu zuten arte. Gerora, bere osasun kolpatua arrazoi, gidatzeko baimena kendu zioten, baina berreskuratu egin zuen zenbait misio egiteko. Joan ere, hegazkinarekin batera joan zen, Tirreno itsasoan egin beharreko misio batetik itzuli ez zenean 1944an.
Baina abentura gose zen ekintza-gizon horrengan, bost kontinentetan ibilitako esploradore eta geografo horrengan, pentsalaria ere bizi izan zen, umore-gizona, giza-izaeraren sakonean ibiltzeko gai den poeta, marrazkilari fina. Bere liburu guztiak esperientzia biografikoetatik abiatu ziren, eta garapen teknikoa eta mekanizazioak markatua zetorren mundu berriaren mesedetan eman zuen bere sormen ahalmena. Bere lehen hegaldi luzeen garaian idatzi zuen "Courrier Sud", basamortuan garatzen den maitasun istorioa. Hego Amerikan Brasil eta Magallanes itsasartea bitarteko airezko posta garraioaz arduratu zen garaian idatzi zuen "Vol de nuit", bere nobela onenetarikoa, zeinak Femina saria lortu zuen, Frantzian dagoen literatur sari ospetsuenetarikoa. "Terre des hommes" bederatzi urte beranduago idatzi zuen, istripu baten izandako burezur haustura osatzen ari zela, eta askoren ustez bere nobelarik handiena da. Bertan Saint-Exupéry zen abentura gizon humanista agertzen da Afrika, Hego Amerika edota Espainiako gerraren frontean bizitako abenturak estilo zuzen eta poetikoaz kontatzen. "Pilote de guerre" 1941ean idatzi zuen New Yorken bizi zela, eta bi urte geroago karrikaratu zuen "Le Petit Prince", gerora ospetsu egin duen ipuina. Hil aurreko urtean aberria zer den eta lurraren alde borrokan egitearen zentzuaz aritzen den "Lettre a un otage" testu laburra idatzi zuen. Halaber, amaigabe utzi zituen "Ciudadela" eta "Lettre al general X", zeinean Antoine humanistak "munduaren historian garairik ilunenak datozen beldurra" agertzen duen, "pertsonak kultura ezdeusarekin distraitzen diren garaia, idiak belarraz elikatzen diren bezalaxe". Saint-Exupéryk materialtasuna eta teknifikazioa neutralizatuko zituen espiritualtasun berria aldarrikatu zuen amaigabe, sinpletasunaren bidean. Bere liburuen estilo zuzen eta halaber lirikoan topa dezakegun humanismoa, abentura nobela bat bezalakoa.


Azkenak
2024-11-15 | Axier Lopez
Georges Abdallah askatzeko agindu du Frantziako Justiziak, Europako preso politikorik zaharrena

Urriaren 24an 40 urte egin du preso Georges Ibrahim Abdallah libanoarrak Frantziako Estatuan. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatua da... [+]


Osakidetzari eginiko erreklamazioak %20 igo dira azken urtean

Kexak eta esker onak paretsu mantendu dira, baina erreklamazioetan bada aldea. Esaterako, aurtengo ekaina iazkoarekin alderatuta, ia %30 igo dira erreklamazioak.


2024-11-15 | Leire Ibar
Iratiko Oihana Biosfera Erreserba izendatu du UNESCOk

UNESCOk Munduko Biosfera Erreserben Sarea zabaldu du hamaika izendapen berrirekin, horien artean da Iratiko Oihana. Astearte honetan jaso dute diploma Zaraitzu eta Aezkoa ibarretako presidenteek Ariben. 


Doakotasuna itunpeko ikastetxeetan: zer dela eta?
Zertarako irakaskuntza kontzertatua?

Eskola publikoko eragile gehienen kontra EAEn onartu den Hezkuntza Lege berriak irakaskuntza kontzertatuaren doakotasuna bermatzea du helburu, beti ere botere publikoen finantzaketaren bidez, jakina. Espainiako Estatuan ere gobernukideek... [+]


2024-11-15 | Gorka Julio
S2 - Sareak berreskuratu eta berrasmatu

Azaroaren 15ean Errenteria-Oreretan Euskal Herria Digitala osatzen dugun eragileek antolatutako hirugarren jardunaldiak egingo ditugu. Autodefentsa digital feminista lantzeko tailer bat eta digitalizazio demokratikoa oinarri izango duen hitzaldi bat izango dira... [+]


“Menopausia patologizatu beharrean, etapa baten parte gisa bizi behar dugu”

Sexologian eta zoru pelbikoan aditua den Juncal Alzugaray Zurimendi fisioak zenbait gako eman ditu klimaterioa eta menopausia hobeto ulertzeko.


Bazterkeria egoeran dauden pertsonen inklusioa lantzen duen zinema festibala abian da Bilbon

Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.


2024-11-15 | Sustatu
The Guardian eta La Vanguardia egunkariek X/Twitter utzi dute

The Guardian egunkari britainiarrak lehenbizi eta La Vanguardia katalanak (espainolez argitaratzen du edizio zabalduago bat, baina katalanezko bertsioa ere badu) erabakia jakinarazi zuten atzo X/Twitter sare soziala uzten dutela, desinformazioaren ukuilua bihurtu delakoan.


2024-11-15 | Gedar
Haserrea Gurutzetako ospitalean, Joint Commission-en auditoriaren astean

 Aste honetan zehar egongo da AEBko auditoria Gurutzetako ospitalean; bere estandarrak betetzen dituzten osasun-zentroei akreditazioa ematen die. Osakidetzak 106.843 euro gastatu ditu bere aurrean itxurak egiteko.


Israelgo justizia ikertzen ari da ea Netanyahuk bazuen urriaren 7ko Hamasen erasoen berri

Hori da Israelgo hedabideetan azken egunotan bolo-bolo dabilen albistea. Baieztapenaren inguruan auzi ugari daude, eta horietako batzuk ikerketa judizialean aztertzen ari dira. Israelgo Estatuko Fiskaltza urriaren amaieratik ikertzen ari da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen... [+]


'Zorretan'
Berezko lore bat

ZORRETAN

Testua eta zuzendaritza: Agurtzane Intxaurraga.
Aktoreak: Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza, Jabi Barandiaran.
Noiz eta non: Urriaren 25ean, Donostiako Gazteszenan.

----------------------------------------

Bere argi propioa bilatzen ari den loreari... [+]


2024-11-14 | Uriola.eus
Bilboko euskaltzaleen GUKA mugimenduak euskaraz bizitzeko erronkak irudikatu ditu metroko eskailera mekanikoetan

GUKA Bilboko euskaltzaleen mugimenduak euskararen aldeko ekintza esanguratsua burutu du astearte arratsaldean Deustuko metro geltokian, Bilbon euskaraz bizitzeko oztopoak eta aukerak irudikatzeko.


Eguneraketa berriak daude