Euskal Herriko mahats bilketa handian murgildurik gaude, Araban nahiz Nafarroan. Bertan milaka langilek esku hartu du, hain ezagunak diren "sasoikakoek", hain zuzen. Gainera, hainbat lekutan oso lan baldintza kaskarretan ari dira lanean. Aurten, aditu guztiek diotenez, oso uzta ugaria eta ona izan da, 99koa baino askoz hobea.
Urtearen lehen seihilekoan izandako salmenten beherakada handi baten ondoren dator aurtengo mahats bilketa. Beherakada hori kanpoko nahiz barruko merkatuetan gertatu da. Salmenta erorketak zerikusi handia du joan den urtean mahatsak izan zuen prezio altuarekin (kiloa 450 pezeta ordaintzera iritsi zen), aurreko urteetakoarekiko %30etik gora igo baitzen. Hori dela eta, ekoizleek eta ardandegi jabeek eztabaida latza izan dute azken hilabeteotan, gehiegizko igoera horien eta ondoriozko salmenta jaitsieren errua elkarri egotziz.
ERRIOXAKO ETA NAFARROAKO IZENDAPENAK.
Euskal Herrian bi izendapen daude: Errioxako jatorrizko izendapena eta Nafarroako jatorrizko izendapena. Errioxakoak Araba, Errioxa eta Nafarroa hartzen ditu, eta Nafarroakoak, berriz, Nafarroa bakarrik.
Aurten Araban eta Nafarroan egin den mahats bilketa 234 milioi kilokoa da. Ezin da ahaztu Errioxako jatorrizko izendapena daraman ardoa egiteko mahats kopuru handiena Errioxan bertan (Logroñon) biltzen dela. Horrela, izendapen horretako uzta guztia 450 milioi kilokoa izan da. 100 milioi kilo Araban jaso dira , 35 Nafarroan eta 300 Logroñon.
Guztiz harrigarria gertatzen da uztaren bilakaera, %40 inguruko igoera izan baitu. Arabako Errioxan 59,7 milioi kilo bildu ziren 1999an, 83 milioi kilo 1998an eta 79,5 1997an. Horren arrazoia, adituek diotenez, urtean zehar izandako klima onean eta ustiapenen ugaltzean datza. Horrela, 1990ean, Errioxa izendapen guztirako 43.000 hektarea zeuden, eta 1998an, berriz, 48.000 hektarea. Halaber, nekazarien lanak ere badu zerikusia uztaren handitze horretan, hektarea bakoitzari errendimendu handiagoa ateratzea lortu baitute, landaketa berriak eginez eta mahatsondo zaharrak kendu eta berriak jarriz.
Nafarroako uzta 134 milioi kilotik gorakoa izango da, eta %30eko igoera izango du 1999koarekiko. Gradu gutxiko moskatelaren bilketa irailaren erdialdean hasi zuten, eta gainerako mahats moten bilketa egun hauetan zehar joango da osatzen. Kalitatea "bikaina eta goi mailakoa" izango da. Horrela adierazi du Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Estazioak (EVENA). Nafarroako jatorrizko izendapenerako 99 milioi kilo inguru bildu dira -1999an baino %37,6 gehiago- eta Errioxako izendapenerako 35 milioi kilo inguru, hau da 1999an baino %25,34 gehiago.
Nafarroako izendapenak 14.007 hektarea ditu eta 99 milioi kilo mahatseko uzta izan du. 1999an 71,773 milioi kilo bildu ziren. Errioxako izendapenak 5.190 hektarea ditu eta 35 milioi kiloko uzta izan du. Joan den urtean 28,757 milioi kilo bildu zituzten.
Nafarroako izendapenaren barruan Corella, Murchante eta Cascante dira ekoizpen handieneko eskualdeak; izan ere, 40 milioi kilo mahats bildu dituzte. Ondoren Erriberri dago 27 milioirekin, Arroitz 13rekin, Funes eta Lodosa 12rekin, Gares 5 baino gehiagorekin eta Irunberri milioi bat baino gehiagorekin. Errioxako izendapenaren barruan, berriz, ekoizpen handieneko ingurunea Azagra, Andosilla eta Mendabiakoa da, eta 24 milioi kilotik gorako uzta izan dute. Honako mahats motak jaso dira: %61 Tempranilloa, %17,5 Garnatxa, %10,3 Viura, %0,4 Cabernet Sauvignon eta %12,3 gainerakoak. Halaber, Arlas, Bargota eta Vianako eskualdean 10,5 milioi kilo bildu dira.
%26ko jaitsiera. Aurtengo lehen seihilekoan, joan den urteko epealdi berarekin alderatuz gero, %26an jaitsi da Errioxako ardoaren salmenta. Esportazioak are gehiago jaitsi ziren (%39). Joan den urtean, lehen seihilekoan, 36 milioi litro inguru saldu zen eta aurten 22 milioi. Ondu gabeko ardoek eta erreserba handiek izan zuten beherakadarik handiena. Ardo gazte ondugabeek %43ko beherakada izan zuten. Horrek zerikusi zuzena du iaz mahatsak izan zuen %36ko prezio igoerarekin. Ardo botilaren batez besteko prezioa 700 pezeta ingurukoa izan da. Aurreko urtean, aldiz, 500 pezetatik beherakoa izan zen. Nafarroako ardoek ere beherakada izan dute, nahiz eta Errioxakoarena bezain nabarmena ez izan.
Horiek dira Errioxako jatorrizko izendapenaren Kontseilu Arautzaileak emandako datu ofizialak. Horrela, urtearen lehen seihilekoan 67 milioi inguru merkaturatu ziren, Espainiako Estatuan nahiz kanpoan, eta 1999ko epealdi horretan izandako salmentak 90 milioi litrotik gorakoak izan ziren, hau da, %26ko jaitsiera izan da. Lehen seihilekoan saldutako ardoaren %52 estatuko merkatuan saldu zen, garai bereko 1999ko salmentekiko %22ko beherakada izanik. Kanpoko salmentak %39 inguru jaitsi ziren, aurreko urteko 24,5 milioi litroen ordez 15 milioi litro salduz.
Espainiako merkatuan ondugabeko ardoek eta onduek izan zuten beherakada, eta erreserbek edo erreserba handiek, berriz, igoera izan zuten. Ondu gabeko Errioxako ardoen salmenta ia %39 jaitsi zen, 99ko 36 milioi litroen ordez 22 milioi litro saldu ziren. Ardo onduen salmenta %3 jaitsi zen, 22,6 milioi litro inguru salduz. Erreserbakoek, berriz, gora egin zuten %3 inguru, eta 6 milioi litro saldu ziren.
Datu hauek urtearen lehenengo bi hilabeteko datuekin alderatzen baldin baditugu, nolabaiteko hobekuntza bat nabaritzen da erreserbetan eta erreserba handietan, baita nolabaiteko susperraldia ardo onduetan ere. Kanpoko merkatuetan, aldiz, urtearen hasierako beheranzko joera horrek jarraitu egiten du ardo mota guztietan. Nolanahi ere, kanpoko merkatu horietan ere nabaritu da erreserben salmenten errekuperazio txiki bat, nahiz eta ondugabeko ardoetan eta erreserba handikoetan beherakada garrantzitsuak aurrera egin.
NORK DU PREZIO IGOERAREN ERRUA?
Ardoaren prezioaren inguruko eztabaida bizia izan da azken seihileko guztian zehar. Eta, orain, 2000. urteko uzta hurbiltzearekin batera, areagotu egin da. Saldu gabe geratu diren 99ko ardoaren stock garrantzitsuek eragiten dute eztabaida. Beraz, sektoreko argi gorri guztiak piztu dira. 1999-2000 urtean zehar ardoak izan duen prezio gorakadaren errua ardandegiek eta ekoizleek batak besteari leporatzen diote.
Errioxako Ardogile eta Esportatzaileen Enpresa Elkarteak, bere kanpoko salmenten beherakada jasan duen eta jasaten ari denak (ia %40koa), mahatsagatik ordaindu behar izan duen prezioari botatzen dio errua. Elkarteko bozeramaileak dioenez, sektorea une larriak bizitzen ari da, ordaindu behar izan duten mahatsaren prezio igoeraren ondorioz. Irtenbide bakarra, bere ustez, mahatsaren prezioa bere ohiko neurrietara jaistea da, beraien ohiko merkaturatze ahalmena berreskuratzeko.
Ardandegiak mahatsarengatik ordaindu beharreko prezioaz kexatzen diren bitartean, ekoizleek diotenez haiek dira prezio handi horiek ezarrarazi dituztenak, uzta txikiko urte batean mahats kopuru handiak eskuratzeko ahaleginetan. Izan ere, 1999an, 59,7 milioi kiloko uzta izan zen, eta 1998an 83 milioikoa eta 1997an 79,5 milioikoa.
Eztabaidak eztabaida, adituen ustetan, galdu diren merkatuak berreskuratu ahal izateko giltza kalitatean dago, hori baita prezioak ezarri behar dituena. Horregatik, adituek diote, ez dagoela zertan harriturik mahats batzuk 300 edo 400 pezeta ordaintzea kiloa, eta beste batzuk 80 edo 100 pezeta, Errioxan, batetik, oso mahats ona dagoelako baina, bestetik, hain ona ez den mahatsa ere badagoelako.
Mahatsaren prezioak ardo gazteari edo urtekoari eragiten dio lehenik, eta salmenten jaitsierak eragin handia izan du. Lehen ardo gazteak %60ko salmenta bereganatzen zuen, eta aurten, lehen aldiz historian, ardo ondua eta erreserba gehiago saldu da. Eta erraz ulertzen da, batez besteko prezioa 500 pezeta ingurutik 700 pezetara igaro baita. Egoera horren eraginez, aurten Espainiako Estatuko beste jatorrizko izendapen batzuetako ardoa sartu da euskal merkatuan.
Hala ere, aurten bertan, maiatzean Albelda de Ireguan izan den Ardoari buruzko Mundu Topaketan egin den inkesta baten arabera, Errioxako jatorrizko izendapena da kalitateari atxikitako ingurune geografiko ezagunena kontsumitzailearentzat. Estatu Batuetan argitaratu den beste azterketa batean ere Errioxako ardoak ageri dira hango merkatuan gehien atsegin dituzten ardoen artean.
Gauzak horrela eta 1999ko uztaren prezioekin izandako arazoak eta urte horretako eta aurrekoetako stockak kontuan izanik, ikusteko dago zer gertatuko den 2000ko uztarekin, esan bezala, Errioxa jatorrizko izendapena daramaten guztien artean 300 milioi kiloko uzta izan delarik, hau da, adituek diotenez, merkaturatzeko gai den kopuruaren bikoitza.
Irtenbide bakarra prezioak jaistea izango da. Zenbateraino? Horra galdera nagusia. Berriro ere ekoizleen eta ardandegien arteko "gerra" piztuko da.
BIZKAIA ETA GIPUZKOAKO TXAKOLINAK ETA IRULEGIKO ARDOA
Bizkaiko eta Getariako Txakolinak eta Irulegiko Ardoak ere uzta ona izan dute aurten. Getariako Txakolinari dagokionez, urriaren 18an bukatutako mahats biltzearen ostean Aia, Getaria eta Zarauzko ekoizleek 1,3 tona mahats jaso dute, iaz baino zertxobait gehiago. Kopuru horretatik %90 Hondarribi Zuri motari dagokio eta gainontzeko %10 Hondarribi Beltzari. Izenek argi uzten duten moduan, ardo zuria eta beltza dira emaitza .
Mahatsaren osasun egoera oso ona da. Areriorik latzenek, Botrytis eta Mildiu gaitzek, aurten ez diete eraso larririk zuzendu. Ekoizleek iaz bezala, ardoaren %100 saltzea lortu nahi dute. Iaz, batez ere Euskal Herrian saldu zuten, baina baita Bartzelona, Madril, Frantzia eta Estatu Batuetan ere. Aurreikuspenen arabera, 75 zentilitroko botilaren prezioa 550 pezetaren inguruan ibiliko da.
Aurten, Getariako Txakolina ekoizteko 22,5 Ha. gehiago izan dituzte eta guztira jada 147 Ha. dira . Helburua hiru urte barru 180 Ha.ra iristea da, hau da, duela 10 urte zeudenen hirukoitza. Lur hauen %76 Getarian dago, %22 Zarautzen eta gainontzeko %2 Aian. Ardandegiei dagokienez berriz, Getariak hamar ditu, Zarautzek sei eta bakarra Aiak. Denak familiako negozio txikiak dira.
Bizkaiko Txakolina elkartean %20ko igoera espero dute, hau da, 650.000 botila ingururaino heltzea. Eusko Jaurlaritzak ekoizpenerako 52,5 Ha. gehiago baimendu ditu eta gainera, aurten negozioan beste bi ardandegi eta 15 mahats-ekoizle berri sartu dira.
Kalitatearen aldetik iazkoa baino pixkatxo bat apalagoa izango omen da , 1999. urtea klimaren aldetik ezin hobea suertatu zelako. Uztailean euri gehiegi bota zuen eta Mildiuren eta Botrytis-ren erasoak jasan behar izen dituzte uztek.
Aurtengo uztari 300 bat milioi pezetako balioa jarri diote eta salneurrian ez dute, iazkoarekin konparaturik, gorabehera handirik espero.
Iparraldeko ardogintzari dagokionez, Nafarroa Behereko Irulegiko Ardoa 214 Ha. betetzen dituzten 90 ekoizleren artean egiten dute, Irulegi Kooperatiban bilduak. Hauentzat, urtea gutxi gorabehera iazkoaren modukoa izan da, eta %4ko ekoizpen igoerarekin 700.000 botila ardo betetzea uste dute. Ondoren, guztiak saldu egin behar dira, baina azken urteetako abiada mantentzen badute ez da arazorik izango.