Umetan denek marraztu izan dugu, gaur baino lotsa gutxiagorekin. Zer lotura zenuen marrazketarekin? Komikizalea nintzen oso, eta orduan kopiatu egiten nituen: Oesteko indioen zaldiak kopiatzea izugarri gustatzen zitzaidan. Hori eskola ona da gainera. Beti defendatu ditut kopiatzearen bentajak: bai azterketatan, eta bai marrazkigintzan. Kalkatu sekula ez, kopiatu. Badira beste ariketa batzuk: "Koloreztatu itzazu irudiak, A kolorea gorria izanik, B kolorea urdina..." jada dena egina ematen dute, eta zuk gainetik koloreztatzea bakarrik terrorifikoa iruditzen zait.
Kopiatzeak ez al du sormena mugatzen? Abiapuntu bat da. Jakina, bizitza osoan kopiatuz oso gutxi disfrutatuko duzu. Fotokopiadora batekin ezkonduko zara, eta kitto. Sei aldiz hilko zara azkenean, eta koloretan. Baina kopiatzea da zure kasa, inoren laguntzarik gabe egin dezakezun gauzarik politena, eta denborarekin neuronak handitu egiten dira, hezurrak luzatu... Eta inguruan norbaitek pista berri bat emanez gero, bere ideia "kopiatuta" zeure lana hobetzen duzu. Umeari hori eman behar zaio: pista pila. Abiapuntua umea bera da, eta ez inongo teoria abstraktua. Orain, patetikoena da, askatasunaren izenean, sistematikoki umeari folio zuri bat eman, eta esatea: "Benga, askatasunarekin, marraztu ezazu, haurra!".
Hori zer da, haurra piszina handira bultzatzea? Hare okerragoa! Hori urik gabeko piszinara botatzea da: behin edo bitan folio zuri batean egin dezakezu txorakeria bat, baina gero ez badizute estimulorik sortzen, akabo. Estimuloa kanta bat izan daiteke, pelikula bat, pasa den arratsaldeko futbol partida... Zure emozioak adierazteko tresneria minimo bat ere behar duzu: beti Alpino pinturekin marraztea oso panorama tristea da.
Egun irudiak duen garrantziarekin, ez al da kontraesana eskolan hain tarte txikian lantzea? Hori egia da. Hasieran ematen du marraztea ume batentzat hil ala biziko gauza dela (bere nortasunaren salatzaile, psikologoen elikagai aberatsa), eta derrepente desagertzen da: beste hizkuntzak agertzen diren neurrian, marrazketaren hizkuntza desagertzen da. Eta gure emozioak adierazteko bide bat jada galdu egiten da.
Marrazketa prozesua derrepente zintzilik geratzearen arrazoia da umeak ez dakiela aurrera nola egin, edo inguruak ez dakiela nola lagundu, edo prestakuntza ez dela serio hartzen...
Baina gaurko umeak irudi bidezko hizkuntzan alfabetatu dira... Zalantzan jartzen dut gaur irudiak gure garaian baino hobeto irakurtzen diren benetan. Esango nuke gaur maila berean irensteko gaitasuna dugula. Irudiaren indarra orduan ere bazen. Gu pelikula batean sartzen ginenean, denborak ez zuen existitzen, eta zu han zinen, zaldi gainean, edo arrastaka. Orain teknologia aldetik asko erraztu da irudia sortzeko gaitasuna, eta jendea engainatzeko oso efekto bereziak sortzen dira. Baina irudiak zer esan nahi duen jaso egin behar duzu, komunikazio txiki batek egon behar du, inpresio bat sortu behar dute. Koszienteki eta inkoszienteki iakurri behar dira, irudi horri permeablea izan.
Gaur froga egingo nuke: egin komiki bat estilo zaharrean, testu pila batekin, eta harrika botako dizute segidan: "Bi esaldi baino gehiago? Mesedez!". Eman ezazu komiki mutu bat, eta derrepentean konturatuko dira hor ere zailtasunak dituela gaurko gazte eta helduak, zailagoa baita irudia hutsik irakurtzea, esfortzu gehiago eskatzen du; monogamoak edo monokanibalak bihurtzea, dena hitza edo dena irudia... absurdoa iruditzen zait.
Zuk ba al duzu "hau pasemoukua da" esaten dizun filtrorik? Gauzarik patetikoena da txiste bat esplikatzea. Beste batzuetan kontrakoa gertatzen da: zuk gauza bat esaten duzu, eta besteak ulertzen du hori eta gehiago! Hori zoragarria da, umorearen gauzarik pozgarrienetakoa.
Zerk inspiratzen dizkizu ideiak? Eguneroko lana izanda, etortzen zaizkizun ideiak gorde egin behar dituzu beti libreta batean, eta gero forma ematen diezu. Agian ideia oso abstraktoa da eta egoera konkretu batera egokitzen duzu: atzo gertatutako albiste bati, edo autobusean entzun duzun elkarrizketa bati... Errealitatean ikusten ditut biñetak, huskeria batetik atera daiteke umorea, eta jarrera daukat gauzak distantzia batekin ikustekoa. Distantzia da hitz klabea umorean eta sorkuntzan. Umorea distantziatik dator.
distantziarik lortu ezin duzun gairik? Asko. Giza harremanak dituen zenbait alor oso zailak dira: besteen ezagutza eskatzen dutenak, esaterako. Alegia, nik norbait juzgatzea, beste batekin zein harreman duen ikusita, egia edo gezurra diozun epaitzea... Oso gai korapilatsuak dira, batez ere sekula santan arrazoi garbirik ez dagoenean. Horregatik iruditzen zait politika periodistikoa aurreiritziz beteriko burugabekeria hutsa. Hurbilekoa ez duzu ezagutzen inondik ere, eta hor ari zara larrutzen... Noski, nik sinestu nahi dut pertsona hori baino gehiago sistema, erabakiak eta erabakien ondorioak larrutzen dituzula, baina oso zailak egiten zaizkit horrelako gauzak.
Egunkarietan marrazteak egunerokotasuna zaindu araziko dizu... Umorean aukerak daude: umore periodistiko hori da niri gutxien gustatzen zaidana. Egunerokoari lotuta dagoen morrontza terrorifiko hori. Azken orduko berriei lotuta, aspertu egiten naiz. Gainera iruditzen zait, albisteak komenientziaren arabera agertzen eta desagertzen direnez, adarra jotzen ari direla; eta zu morroi bihurtu eta dantzan egin behar duzu gaur honi buruz, bihar horri buruz...
Bada beste modu bat ere egunerokotasunari heltzeko: bihar San Martin bada, badakit txerri guztiak dardarka egongo direla. Urtean zehar badituzu egunerokotasunari lotutako euskarri batzuk, eta horien inguruan zuk zure istorioak kontatzen dituzu. Beste zenbait gai non sartzen dira? Maitasunaren kontzeptzio lineala, edo sexuaren hirugarren hanka... horiek non sartzen dira?
Zure umorea txistea al da? Txistea nola definitzen duzunaren arabera. Beharbada, nirea, txistea baino gehiago, tira komiko batzuk dira. Komikotasuna bereizi egingo nuke umoretik. Pirandellok halaxe bereizten zituen: platano azala espaloian, gu zain, azkenean badator, zanpatzen du, ixup! Airera eta lurrera. Ja,ja,ja, algara lehertzen da. Hori komikoa da. Andre zahar bat ikusten dugu, oso zaharra, neska gaztearen itxurak eginez: pintatuta, lepokoa, pultsera, gona motza... irribarrea botatzen dugu eta hori da umorea. Pirandellok bereizten du distantziaren roillo horrekin: kapaz baldin bazara bestearekiko distantziaz begiratzeko, umoreak eragiten dizu irribarre hori. Komikotasuna askoz ere primarioagoa da, distantziarik gabe inplikaturik bazaude kristoren algarak egiten dituzu, azken finean badakizulako zuri ere, ez bazara oso argi ibiltzen, platano azala etorriko zaizula. Zaila da umoreak definitzen, baina nik nirea terreno umoristikora eramango nuke.
Euskarak zer bertute eta zer aje ditu umorea egiteko? Ez da euskararen kontua, guk zer zailtasun ditugun baizik. Horren konponbidea "eragiyok mutil" eta horrelakoak erabiltzea da. Erdarazko espresioak mailegu hartu ditugu eta hor gabiltza jo eta fuego denekin. Badirudi ez garela gaiezer asmatzeko, edo indarrik gabe geratu garela, eta "Aiba dios!" esatetik ez garela ateratzen. Asmatu behar bada asmatu egin behar da, baina erabili. Maileguzkoak hartu eta bere horretan geratzea telebistak egiten duen gauza bera egitea litzateke: kanpoko albisteekin bertako programa klonikoa montatu. Zer salto behar du maileguak euskaraz funtzionatzeko? Nik uste erabilerak finkatuko dituela klitxe batzuk espontaneoki euskaraz aterako direnak, nahiz eta jatorriz eta distortsioz euskaratuak izan. Orduan modu fluido batean balioko dute gauzak esateko.
Liburuak ilustratzeak beste mundu batean sartuko zintuen... Umeentzat baldin bada ere hori beste erregistro bat da, aberasgarria zeharo. Helduentzat tamalez ez dago ilustraziorik: liburu oso berezitan egoten dira ez dakit zer pintoreren ilustrazioak... Hori galdu da eta pena da. Bateren batek erabaki zuen: "Hamabiak eta laurden dira, hemendik aurrera marrazkia umeentzat izango da" (apaiza izango zen seguru asko). Kostoak ere badira... Baina marrazkia txatxukeriekin, umekeriekin lotuta dago.
Ilustrazioak beti testuarekin txertatuta joan behar du. Txanpon bereko bi aldeak dira. Bi aukera daude: testuaren notario izan eta esaten duena hitzez hitz egitea bata (eta hori aspergarria da) eta osagarri izatea bestea. Aukeratu eszena bat eta ttak! irudikatzea, destripatzera iritsi gabe. Horrek beldur handia ematen dit. Irakurleak pertsonaia bat imajinatu du, eta nik zeharo ezberdina marrazten badut, gaizki: ahalik eta gutxien egin behar diot irakurleari kontra. Oso zaila da umearen irudimena ez zapuztea. Eta eszena konplikatu batean zergatik zehaztu hitzez hitz, notario batek bezala, han esandakoa? Zergatik ez imaginatu... Hori askoz politagoa da, pista jolas bat. Horretarako idazle eta marrazkilariaren arteko konplizitatea beharrezkoa da, elkar ongi ulertu, keinu bat egin...
Testuaren tonuak baldintzatzen al du marrazkia? Horixe! Tonu dramatikoa, umorea, erregistro adoleszente suizida tragikoa, edo pasota totala, hirikoa, baserrikoa... Tonuari dagozkion erregistro horiek denek niri lapitza gidatzen didate. Narrazioaren tonuak klasikotasuna eskatzen dit batzutan, bestetan marrazki azkar bat edo, umorea klabea bada, karikatura aurpegiak egingo ditut. Helduentzat edo umeentzat izan, testuak beti markatuko du tonua. Helduentzat egin litezke karikaturak, eta umeentzat marrazki serio-serioak.
Haurraren adin bakoitzari ere marrazketa estilo bat dagokio? Fase bakoitzak badu bere nortasun ezaugarria. Xehetasunak eskatzen ditu 12 urterekin. 6 urterekin bost axola zaio. Gehiago da kolorea... Umeak marrazten duenean ere, 6 urterekin bost axola zaio proportzioa. Gizon bat zeharo buru txiki eta hanka handiekin marraztuko du. Eta azkar ibiltzen delako da, e! 10-12 urterekin, kontrakoa: "azkeneko botoiaren haria ez duzu pintatu, jope!"
Zuk marrazkiak egiteko, testua zer egoeratan iristen zaizu? Liburua inork baino lehenago, baita egileak berak baino lehenago ere irakurtzen dut nik (batzuetan idazleek ez baitute berriro irakurtzen). Baina niri folioak iristen zaizkit, eta horrek izorratzen nau! Nik istorioa aldez aurretik irakurtzen dut, eta gero liburua ez dut irakurriko (tira, batzuetan bai). Marrazkiak objektu fisikorik gabe egiten dituzu eta nik asko maite ditut liburuak objektu fisiko bezala. Diseinua, paper klasea, taktua, gogortasuna, azala... dena ukitu beharrekoa da.
Egunkarietan irakurketa azkarra da: tira bat sinple egitea ez al da konplexuagoa? Zenbat eta sinpleago, orduan eta konplexuago. Orokorrean irakurlea alferra da, eta eskubide osoa du horretarako. Trabak jartzen hasten bazara jai duzu. Zuk lau hitz joko egiten dituzu, eta ahalegin handi hori gainditzeko gai badira, oso ongi. Esateko era ahalik eta sinpleena izan dadin saiatzen zara. Kazetaritzan bi bide daude garbi: hitza nagusi dutenak eta, beste aldetik, karikaturismoa modan jarri zenetik keinua bisuala bihurtzen dutenak, oso efektista dena. Maisu lan handiak egin dira karikaturarekin, baina batzutan anekdota horretan galtzen da, kuriosoa da eta besterik ez.
Ordenagailuak zer aldaketa ekarri dizu zuri? Hizkuntza berri bat ikasi beharra. Nahasmen horrek guztiak sekulako galbana eman zidan, eta atzeratu egin dut ahalik eta gehien. Azkenean jende guztiak eskatzen zizun: "Ekarri disketea". "Ze diskete eta ze ostia? Nik paperean" eta beraiek ezetz, disketea. Eta orduan ikusten duzu diseinatzeko, adibidez, abantaila izugarria dela, zoragarria. Ukaezina da lana egiteko era aldatu egin duela, baina nik beti esaten dut ordenagailua atxurra dela, alegia, lanerako balio duela, eta hor distantziak markatu egin behar direla. Oraindik ez diot uko egin nahi pintzelak edo lapitzak paperaren gainean sortzen duen plazer horri. Eta lapitz elektronikoak ez du sentsazio bera eragiten. Beharbada ohituta zaudelako eta kultura hori duzulako abiapuntu, baina gozamena da busti eta zabaltzea, urarekin maneiatzea edo argizaria hartu eta lau marra egitea. Ordenagailuz marraztean plano gelditzen zara, programak izan ditzake argizariaren efektu guztiak, baina eskuak ez. Gauza fisiko txoro bat da, baina niretzat garrantzitsua. Umeentzat ere oso garrantzitsua da, batez ere argizaria jaten hasten direnean.