KUBA, EUSKAL ENPRESAK SUSTATZEKO ERAKUSLEIHO

  • Euskal enpresa multzo handi batek hitzordua jarria du urriaren 29tik azaroaren 5erako, Kuban, Habanako Nazioarteko Azokan. Herrialde honetan egitn den era honetako ekitaldi garrantzitsuena da, 1983az geroztik. Denera, 2.000tik gora enpresa bilduko dira.

2007ko otsailaren 21ean
Berrogeita hamarretik gora euskal enpresa izango dira Kuban urriaren 29tik azaroaren 5era Habanako Nazioarteko Azokan. Guztira, 60 herrialdetatik joandako 2.000tik gora enpresa bilduko dira 25.000 metro koadroko azalera duen erakustazokan.
Euskal Merkataritza Ganberek eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta, Kubako erakustazoka euskal industria sustatzeko erabili nahi da eta, aldi berean, Euskal Herriko eta Kubako enpresen arteko teknologia eta industria lankidetzan sakontzeko.
Kuba eta Euskal Herriaren arteko merkataritza harremana ez da gauza berria, nahiz eta duela hamar urtez geroztik garatu den gehien bat. Esate baterako, Kubara bidalitako esportazioak %280 hazi dira 1992tik 1999ra bitartean, 4.988 milioi pezetatik (199 milioi libera) 13.527 milioi pezetara (530 milioi libera) igoz. Beraz, bi herrialdeen arteko harremana goraka joan da 1992az geroztik, eta datozen urteetan are gehiago haz dadin itxaropena dago. Euskal enpresek Habanako Nazioarteko Erakustazokan izango duten partaidetza, inolako zalantzarik gabe, lagungarri gertatuko da helburu hori betetzeko.


KUBARAKO ESPORTAZIOEN GORAKADA.

Euskal enpresek Kubara egindako salmentek igoera nabarmena izan dute azken hamarkadan. Baina, nolanahi ere, 1999. urtean geraldia izan dute Kubarako esportazioek, 1998ko kopuruen oso hurbil geratuz. Kubatik etorritako inportazioak esportazioak baino askoz murritzagoak dira, 1.800 milioi pezeta ingurukoak izanik. Hala ere, kopuru honek inportazioen igoera nabarmena adierazten du 1998ko 214 milioi pezetekin alderatuz. Orain arte Kubatik inportazio gehien egindako urtea 1996koa izan zen, 1.423 milioi pezetara iritsiz.
Espainiako Estatutik Kubara egindako esportazioak, azken kopuru ofizialen arabera, 81.816 milioi pezetakoak izan ziren 1998an. Beraz, Euskal Herritik egindako esportazioak haien %16,5 osatzen dute. Inportazioak 19.974 milioi pezetakoak izan ziren Espainiako Estatuan. Kubaren sozio komertzial nagusia Espainiako Estatua da %15eko merkatu kuotarekin, Kanadaren aurretik. Bezero gisa bosgarren herrialdea da, Errusia, Kanada, Holanda eta Txinaren ondoren. Euskal esportazioen helmuga herrialdeen rankina Europan zentratzen bada ere, Kuba garrantzia bereganatzen ari da eta euskal salmenten %0,8 dagokio.
Euskal Herritik Kubara egindako esportazioen multzo nagusia industriako ekipamendu eta produktuek osatzen dute, eta inportatu, berriz, txatarra da gehien inportatzen dena. Salmenta nagusiak honako produktuetan gauzatzen dira: hozkailuak, izozkailuak, ponpak, errodamenduak, makinak, burdin galdaketako eraikuntzak, ibilgailuen zatiak eta osagaiak, ebaketarako gailuak eta torlojuak. Produktu horietan guztietan 100 milioi pezetatik gorako salmentak izan dira.
Deigarria gertatu da joan den ekitaldian soldadura gabeko profil hutsek eta hodiek izan duten bilakaera negatiboa, zeren orain arte, urtez urte, Euskal Herritik Kubara egindako esportazio nagusia izan baita, azken urteetan 1.000 milioi pezetatik gorako kopurura iritsiz eta euskal esportazio guztien %10 bereganatuz. Burdinazko edo altzairuzko produktu ijetzi zapalen esportazioa ere jaitsi egin da, lehen seihilekoan 32 milioi pezetako kopurua bilduz, hau da, 1998.eko 354 milioi pezeten aldean gutxi. Bestalde, Kubatik datorren inportazioaren %90 txatarrari dagokio.

HELMS-BURTON, NAZIOARTEKO LURRALDETASUNA URRATZEN DUEN LEGEA
Kuban egiten diren atzerriko inbertsioak mugaturik daude azken hiru urteotan, Estatu Batuetako presidenteak 1996ko martxoaren 12an sinatutako Helms-Burton legearen ondorioz. Zer da lege hori, zer dio? Lege horren xedea Kubako Gobernuak ezarritako lurren desjabetzeak kaltetutako 5.911 iparramerikarren eskubideak defendatzea da. Lege honen aurrean, nazioarteko komunitateko hainbat herrialde ados jarri da, eta Helms-Burton legeak nazioarteko lurraldetasunari buruzko arauak urratzen dituela adierazi dute, bereziki Europako Batasuneko herrialdeek, Kanadak eta Mexikok. Lege horren arabera, herrialde batean (Estatu Batuetan) beste herrialde baten aurkako salaketak egin daitezke, hirugarren herrialde batean (Kuban) gertatutako ekintzengatik, eta horrek beste herrialdeen subiranotasunari erasotzen dio.
Bestalde, Kubako Batzar Nazionalak 1996ko abenduaren 24an Kubako Duintasuna eta Subiranotasuna Berresten duen Legea onartu zuen, une horretan Estatu Batuetako hiritar ziren pertsona natural eta juridikoei desjabetutako ondasunengatiko ordain zuzen eta egokia eskaintzeko duten jarrera adieraziz. Kubako agintariek, gainera, blokeoak eragindako kalteak ere negoziazioan kontuan hartzeko eskatzen zuten. Halaber, atzerriko inbertitzaileak babesteko behar diren formulak baimentzeko ahalmena eman zitzaion Gobernuari.
Europako Batasuneko herrialdeek bat egin dute eta, Kuban inbertsioak egin dituzten Europako enpresei zigorrak jarriz gero, Munduko Merkataritza Erakundearen (OMC) organo gorenera jotzeko mehatxua egin dute. Nolanahi ere, Ipar Amerikako lege horrek indarrean jarraitzen du eta dagoeneko, badira Kuban inbertsioak egin izanagatik zigortuak izan diren eta, ondorioz, Estatu Batuetan sartu ezin duten herrialdeak. Zigortutako herrialde horiek ez dira Europakoak.

KUBAKO ERRADIOGRAFIA
Azalera: 110.860 Km2
Biztanleak: 11.000.000
Dentsitatea: 99,57 biztanle/ Km2
Hiri garrantzitsuak: Habana, Santiago, Santa Clara, Camaguey, Cienfuegos, Matanzas eta Pinar del Rio
BPG: %5 (1996), %1,5 (1998)
Errenta per capita: 1.288 peso (1996), 1.314 peso (1997) eta 1.329 peso (1998).

MERKATU BEREZIA EUSKAL ENPRESA TXIKI ETA ERTAINENTZAT
Kuba euskal enpresa txiki eta ertainentzako merkatu oso berezia bihurtu da. Horrela nabarmentzen da SPRI Industri Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak 1998ko irailean Habanan ireki zuen bulegoak piztu duen interesa eta horren bidez abian jarri diren negozioak ikusirik. Bere jardueraren lehen urtean 43 lankidetza proiektu jaso zituen, eta horietako 16k Kuban zuten jatorria. Datu horren arabera, bulego hori SPRIren euskal sareko proiekturik gehien duen bulegoa da.
Kopuru horiek, Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko arduradunen ustetan, oso pozgarriak dira, zeren hiru proiektu arrakastatsu gertatu dira, beste zortzi, duela hilabete batzuk, ezarpen urratsean zeuden, zazpi garapen urrats aurreratuan daude akordio zehatzetan gauzatzekotan, eta gainerakoetan hasierako gestioak egin dira.
SPRIren bidez bultzatutako eskaera motari dagokionez, nabarmentzekoa da Kuban produkzio lankidetzarako planak garatzeko egin zirela bederatzi eskakizun kubatar eta sei euskaldun. Eskaera egin duten sektore nagusiak honako hauek izan dira: metalurgia, material elektrikoa, material hidrauliko eta tubularra, makina erreminta, produktu siderurgikoak, burdingintza, elikadura eta produktu kimikoak.
Azpimarratzekoa da baita ere SPRIk zuzendariak hezitzeko programak eta industri eraldaketarako prozeduran laguntzeko proposamenak zabaltzeko egindako lana. Horrela, oso aipagarria da 65 zuzendari kubatarrek enpresen zuzendaritzarako eta nazioarteratzeko tekniken arloan egindako ikastaroa.
SPRIk Kuban duen bulegoa oso gune interesgarria bihurtu da Karibeko uharte honetan negozioak abian jartzea bideratzeko. Eusko Jaurlaritzaren erakunde honek abala ematen die Kuban sartu nahi duten euskal enpresei, eta horrek arindu eta biderkatu egiten ditu negozio aukerak. Aldi berean, Kubarekin zeharka lanean ari diren enpresei haiekin zuzenean aritzeko aukera eskaintzen die, eta horrek produktuak merkatu egiten ditu.
Euskal Herriko eta Kubako enpresen arteko proiektu konbinatuen hainbat adibide dago. Horrela, Bombas Emica eta Lazaro Ituartek elkarte bat osatu dute Guantanamoko Valvorekin, uharte horretan balbulen eta ponpen osagaiak egiteko. Une honetan Gonvarri eta Nervacerorekin proiektu garrantzitsua ari da negoziatzen Acinox taldeko Antillana de Acero eraldatu eta birmoldatzeko. Halaber, Matanzaseko Central Azucarero España Republicana eta fabrika erantsi guztien eraldaketa negoziatzen ari da. Programa horrek bost urteko iraupena izango du, eta Euskal Herriko enpresa txiki eta ertain ugari erakarri dezake. Azkenik, aipatzekoa da baita ere turismoan edo energiaren arloan gauza daitezkeen negozioetarako aukera.
Energiaren arloan Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen EEEk (Energiaren Euskal Erakundeak) zeregin garrantzitsua izan du Kubako elektrizitate sarearen hobekuntzan eta, bereziki, Habana zaharrean. Kubatarrak ondo jabeturik daude energia arloan duten urritasunaz, eta uhartearen ahalmen energetikoa indartzeko asmo tinkoa dute. Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzetarako Idazkaritzaren finantza laguntzari esker, EEEk Kubako hiriburuko lurpeko elektrizitate sarearen birgaikuntza teknologikorako proiektu bat egin du, 143 milioi pezetako kostua izan duena. Jarduera honi esker Habana Erdialdean eta UNESCOk "Gizateriaren Ondare" izendaturiko Habana Zaharreko erdigune historikoan bizi diren 275.000 biztanleen hornidura elektrikoa hobetzea lortu da.
EAEk laurogeiko hamarkadan izandako birmoldaketa beldurgarriaren garaian sortu zen SPRI eta, hasierako helburuak bete ondoren, egoera berrira egokitu da. Horretarako enpresen sustapenera bideratu du bere zeregina. Duela bi urtez geroztik, SPRIk hiru arlo lantzen ditu nagusiki: sustapena, nazioarteratzea eta batasun teknologikoa.


Azkenak
2025-01-20 | ARGIA
Nazioarteko eskuin muturrak inguratuta hartuko du presidente kargua Trumpek

Donald Trumpek asteleheneko 18:00etan (12:00ak Washingtonen) egingo dio zin AEBetako presidente izateari. Europako eta beste hainbat herrialdetako eskuin muturreko estatu buruak gonbidatu ditu inbestidura ekitaldira. Egun bakar bat lehenago emandako mitinean aurreratu duenez,... [+]


2025-01-20 | Leire Ibar
Su-etena indarrean, Israel eta Hamas hasi dira bahituak trukatzen

Igandetik indarrean da Hamasek eta Israelek nazioarteko bitartekaritzarekin adostutako su-etena. Lehen egunean 69 emakume eta 21 nerabe askatu ditu Israelek, horietako bederatzi adingabeak, eta Hamasek hiru israeldar. Gazara laguntza humanitarioko 630 kamioi ere sartu dira.


Joxe Mari Esparza: “Txikitik handira borrokatu behar dugu, egunerokoan gertu ditugun gauzak aldatuz”

Tafallan, nekazal giroko etxe batean sortu zen 1951. urtean. “Neolitikoan bezala bizi ginen, animaliez eta soroez inguratuta”. Nerabe zelarik, 'Luzuriaga’ lantegian hasi zen lanean. Bertan, hogei urtez aritu zen. Lantegian ekintzaile sindikala izan zen;... [+]


2025-01-20 | dantzan.eus
Martxora arte kalez kale eta etxez etxe ibiliko dira kaskarotak Lapurdin

Bi asteburu direla atera dira lehen kaskarotak: Beskoitzekoak. Eta martxora arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira Beskoitzeko kaskarotak, baina ez bakarrak... [+]


2025-01-20 | Bertsozale.eus
Gasteizen aurkeztu da 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla artekoa
Gasteizko Amaia Zentroan elkartu dira larunbatean Arabako Bertso Kuadrilla artekoan parte hartuko duten 14 taldeetako ordezkariak. Kuadrillartekoaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa.

2025-01-20 | Euskal Irratiak
%221ko gainpopulatzea, Baionako presondegian

Alarma jo du, beste urte batez, OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiak. Abenduaren lehenean marka berri bat hautsi zen frantses estatuan, 80.792 pertsona atxiloturekin. Espetxe-administrazioaren aitzinikuspenen arabera, gainera, 86.000 baino gehiago izan litezke 2027an egungo... [+]


‘Goazen lagunok’: sare sozial toxikoetatik fedibertsora trantsizio kolektiboa

Trumpek AEBetako presidentetza hartuko duen eguna baliatuta, Goazen lagunok lelopean, multinazionalen jabetzako sare sozial "toxikoak" utzi eta fedibertsora trantsizio kolektiboa bultzatzeko kanpaina egiten ari dira eragile ugari. “Internet gizatiarrago batean... [+]


2025-01-20 | Garazi Zabaleta
Aleko
“Nekazaritza birsortzailerako eta proiektu kolektiboetarako test gunea da gurea”

Nekazaritzan trebatzeko eta proiektu propioak abiatu aurretik ekoizpenean eta merkaturatzean norbere burua probatzeko, abian dira gurean nekazaritzako hainbat test gune. Araban, 2023an abiatu zuten Aleko nekazaritzako test gunea, baina, antzeko egitasmo gehienekin alderatuta,... [+]


2025-01-20 | Iñaki Sanz-Azkue
Hotza maite duen igela

Arboletako hostoak eroriak dira eta basoko lurra estalia dute. Lurraren eta hosto gorrituen artean, alabaina, sortzen da geruza fin bat, arreta gutxi jasotzen duena, baina espezie askoren biziraupenerako garrantzi handia izan dezakeena. Hezetasuna mantentzen du, zomorroak... [+]


2025-01-20 | Jakoba Errekondo
Euskal Herria banana errepublika

Sekula bananarik jan ez duten bi lagun ezagutzen ditut; nerau bat. Bananazalea da, ordea, jendea. Afrika eta Asia aldean sortutako landare generoa da banana (Musa x paradisiaca), baina gaur egun Ameriketan ere asko egiten da. Ekoizlerik handiena India da, eta esportatzaile... [+]


Aurtengorako irakurgaiak

Urte berriaren hasieran asmo berritu egiten gara dirudienez, eta egin beharreko zereginen zerrendak egiten ditugu gutako batzuk. Egiteko horien artean irakurtzeko ditudan liburuen zerrenda izaten da bat, gero eta zerrenda gizenagoa. Zuetako ez gutxik zer irakurtzen dudan galdetu... [+]


Eguneraketa berriak daude