"ETAK-K ESKEMA ALDATZEN EZ BADU, SU-ETEN BERRI BAT IZANGO DA"

  • ETAk Luis Portero Andaluziako fiskalburua hil ondoren eta Ibarretxe lehendakariak ETAren kontra manifestaziora deitu aurretik solastatu ginen EAJko Joseba Egibar bozeramailearekin. Zurrunbilo politikoaren erdian EAJ alderdi guztien jomuga dela esan digu.

2021eko uztailaren 15ean
Lizarra-Garaziko Akordioa indarrean zegoen garaian gertatutakoaz hausnarketa egin al du EAJk? Zein da EAJk ETAri buruz duen pertzepzioa?
Batetik, ETAren su-etena ez zela akordio batzuen ondorioa izan, baizik akordio saiakera baten ondorioa. Lizarrako Akordioaren proposamenaren inguruan ñabardurak izan ziren. ETAk guri erantzun zigun ez zegoela ados. Hala ere, ETAk su-etena martxan jarri zuen. Hori izan da azken urte hauetan ETAk egin duen ekimen politiko nagusiena eta sendoena, herriak gehien baloratu eta estimatu duena.
Bestetik, hilabete batzuk pasa ondoren, ETAk bi azterketa oso sinple egin zituen: nahiz ETAk alde bateko su-etena iragarri zuen estatua ez zen su-etenean sartu. Beraz, ETArena tregoa izan zen. Ez zen gertatu bi parteen aldeko adostasun bat epe jakin batean gatazka konponbidean jartzeko. Estatuak indar eta baliabide guztiekin jarraitu zuen, egin ziren atxiloketak lekuko: mintzakidetzako partaide bat, bitartekari bat, eta abar. ETAk dioenez, ez zion Espainiako Estatuari su-etena eskaini, euskal gizarteari baizik, eta honen barruan abertzaletasunari. Aber-tzaletasunen barruan EAJ dago.

Zehazkiago zer jarrera hartu du ETAk EAJrekiko, EAJren ustez?
ETAk ateratzen duen konklusioa hauxe da: "EAJk ez du serio hartu konpromisoa. EAJ konklusio honetara iritsi da: bakea, bakea da eta kito. Hemen ez dago nazio eraikuntzarik" ETAk, urte erdi pasatu ondoren, jendeak nahiak errealitatearekin nahasten dituela pentsatu zuen eta indarkeriara itzuli zen berriro. Hori da ETAk saldu duen bertsioa, hori da ETAren ikuspuntua EAJrekiko.

EAJk zer dio ikuspuntu horren aurrean?
EAJk esaten du, ETAri gure proiektua aurkeztu genionean ETAri esan zioena: "Aizue, badakigu behin betirako su-etena eskaintzen duzuela, eta gainera, proiektu honen truke armak uzteko asmoa adierazten duzuela, baina guk proiektu honetan ez dugu sinesten". Herri honen-tzat proiektu politiko bat aurkezteko asmotan ari bagara (EHk bere proiektua dauka, ETAk azaldu zuen bera baina beste joskeraz, EAJk berea, EAk berea eta ABk beste bat) har dezagun denbora bat bakoi-tzak bere proiektua aztertu, trukatu, berrikusi, elkarri aurkeztu eta elkarrekin jarraitzeko. Has dezagun negoziazio bide bat, baina su-etenari eutsiz. Su-etena desagertzen baldin bazen, proiektuen eztabaida bigarren mailara pasatuko zela esan genion ETAri. Hori gertatu zen.

Ondorioren bat aterako zenuen behintzat.
Bai. Hurrengoan mahaia antolatzeko bakoitzaren proiektua ezagutu behar dugula aldez aurretik. Baina ez sindikatuen eta patronalaren arteko negoziazio bat bideratzen den bezala bideratzeko. Hori ezin dugu horrela antolatu. Hau da, nik hamar eskatu zuk sei eskaini eta erdibidean zortzirekin konpondu. Ez, ez. Hemen, gutako bakoitzak bere proiektua herri honentzat proiektu hoberena dela dio, baina, herri eta nazio ikuspegi komun batetik herri proiektua denon artean asmatu behar dugu. Lehenik aber-tzaleon artean. Baina eskema hori orain hautsi da.

Hautsia dago, eta ageri denez ETA garai bateko dinamikara bueltatu da. Zer bilatzen du ETAk?
Galdera hori ez da EAJn soilik egiten, ezker abertzalearen barruan ere egiten da. ETA bueltatu da eta erakustaldi gogorra egiten ari da. Zertarako? Iraganeko eskemara bueltatzeko berriz? Hau da, estatuarekin negoziatzeko? ETAk pentsa dezake euskal gizartearen bidezko saio horrek porrot egin duela eta estatuarekin negoziatuko duela. Hau da, urte luzetarako dinamika mantenduko duela euskal gizartea benetan esnatzen den ikusteko. ETA azterketa horiekin baldin badabil errealitatetik oso urruti dabilela erakusten du, euskal gizarteak itxaropenez eta gogo biziz zerbait besarkatu bazuen su-etena izan baitzen.

Zertan huts egin zen orduan?
Agian, gehikeriak egin genituen ba-tzuek eta besteek. "Bakea bakea da" kontu hori gehiegi azpimarratu genuen beharbada, ez genien edukiei behar adinako garrantziarik eman. Ordea, euskal gizartearen asmoa eta nahia bere etorkizuna erabakitzea da, eta ezin du etorkizuna eraiki indarkeria aldemenean duelarik. ETAk horretaz datu asko du. Garbi dago borroka armatua berriz martxan jartzeak faktikoki, taktikoki eta estrategikoki (hain gogoko duen hiztegi horretan) abertzaletasunaren etsaiei mesede egiten diela.

Zein da orduan benetako arrazoia ETA berriz itzultzeko?
Hori da guk behin eta berriro galdetzen duguna. Zergatik hautsi zuen ETAk su-etena? EAJren edo EAren proiektuak ez direlako bere gustukoak? Hori ezin daiteke arrazoia izan. Gure ustez ETAk ez du egiten behar bezalako azterketarik datu fidagarriak ez dituelako.

ETA EAJrentzat inkognita bat da, beraz?
ETA inkognita bat da. Guk badugu beste konbikzio bat. Hau ez daukagu egiaztatzerik, baina nahiz min-tzakidetza berdina izan, 98an su-etena iragarri zuen ETA ez zen 99an aurkitu genuen ETA izan. 98tik 99ra ez dakit zer hausnarketa, gogoeta edota aldaketa egon zen. Ez dakit ETAk aurreikusi ote zuen guk 98tik 99ra bitartean garatu genuen lana ere. Baina ETAk, alde politikoei dagokienez -ez naiz sar-tzen HBrekin edo EHrekin mantentzen dituen harremanetan- EAJrekin eta EArekin urtean behin bilduta eta lau-bost orduko bileran herri honen etorkizunaz erabaki daitekeela uste badu, oso eskema bihurriekin dabil. Herri eta gizarte batean sortu izan den esperantza ezin da moztu eskema horren arabera.

ETAk oraindik ere abertzaleen arteko akordio baten esperantza mantentzen du akaso.
Baldin eta ETAk eskema aldatzen ez duen -hau da, Estatuarekin negoziatzearen eskema zaharra; orain Aznarrekin edo hurrengoarekin gero- ETAren su-eten bat izango da berriro ere. Abertzaleen arteko gutxieneko akordio baten ondorioa izango da; hor, ordea, hutsune edo gabezia bat daukagu. Eman dezagun testuinguru horretan su-eten berri bat datorrela. Ezin duguna da su-eten hori baldintzatu batzuek eta besteek. ETAk nahi badu su-etena erabaki dezake, ez guk, alderdiok. ETAk ekarpen politiko hori eskaini dezake, baina ezin duena da ekarpen hori ezarri proiektu baten truke. Proiektu guztiak eztabaidagarriak eta hobetzeko modukoak dira, are gehiago alderdi politikoek edo gizon-emakumeek egina badira. Herri baten etorkizunaz erabakiak hartzen ari gara. Zera esaten diogu ETAri: "Hemen guk ez dugu eska-tzen zuek belauniko jartzea, ezta amore ematea ere". Baina, proiektu politikoak tartean baldin badaude, ezin da inola ere proiektu politikoak eta indarkeria nahastu. Hori da ETAk ulertzen ez duena.

Irtenbidea abertzaleen arteko konponbidetik etorriko bada, orain arteko saioetatik ikaspen batzuk behintzat aterako zenituzten.
Lizarra-Garazi sinatu genuen egunean, EAJk ez zuen uste Lizarrak etorkizunean erakutsi duen garrantzia edukiko zuenik. Lizarrako prozesuaren aurka zeuden guztiek sinbolotzat hartu dute Lizarra, eta Lizarra etsai bihurtu dute. Lizarra etsaia den neurrian egurra eman diote, izugarrizkoak eman ere. Beraz, gauza hauek antolatzerakoan kontuan hartu behar dugun gauza bat etsaiaren indarra da, izugarrizkoa. Lizarra ez zen antolatu komunikabidei aurre egiteko. Areago, Lizarrak berak zeukan komunikazio problema. Honenbeste erasoren aurrean ezintasuna erakutsi dugu, geure koherentzia eskasa, trebezia edota argitasun falta. Etorkizunari begira horiek dira gure ikaspenak.

Udalbiltza, abertzaleen arteko elkargune bakarra, baina EAJk EH Batzorde Iraungorretik kanpo utzi nahi du.
Udalbiltzak oinarri garbi batzuk ditu bere sorreratik: borondatezko atxikimendua alde batetik eta udal zinegotzien elkarlana. Borondatezko atxikimenduak badu zerikusirik giza eskubideekin, eta kasu honetan giza eskubideen errespetuaren urraketa kualitatibo berezi bat izan zen. ETAk udal eta euskal ordezkaritzaren bi zinegotzi erahil egin zituen, Pedrosa Durangon eta Indiano Zumarragan. Udalbiltzak ofizialki bere iritzia eman zuen eta EH abstenitu egin zen. Guk esaten diogu gaia larria dela. Udal ordezkaritzaz ari gara eta ETAk bi ordezkari hil ditu. Horren aurrean zerbait esan beharra daukagu. Kudeaketa plangintza onartua bada eta Udalbiltzak legimitatea eta errespetua irabazi nahi baldin baditu, herriaren eraikuntzan ari den aldetik instituzio honi giza-eskubiden errespetua eskatu behar zaio. EHk erantzukizuna ETAk daukala pentsatzen badu, bere jarrera argitu behar du. Aritzeko eta lanerako dugun esparru bakarra hori da, baina EHk ezin du esparru hori bete, bide politikoak bakarrik defenditzen dituela esanez. Garbi dago ezker abertzale osoak ez duela jarrera hori erakusten, ezker abertzaleko kide batzuek esparru hori landu nahi dute.

HBk dioenez, haiekin dituzuen lotura guztiak hautsi nahi dituzue PSE-EErekin Eusko Legebiltzarrean itun bat lortzeko.
Guk garbi daukagu zurrunbilo politiko honen erdi-erdian gaudela. Hemen batzuek eta besteek esaten dute EAJk aukeraketa bat egin behar duela, abertzaleen erregistroetan edo espainolen erregistroetan sar gaitezen behingoz. HBk dioenez, EAJk azalpen bat eman behar du PSOErekin zertan ari garen argitzeko, eta ez dugula Vatikanora joan behar mirarien bila. Miraria, baina, ez dago Vatikanon HBren esku baizik. Nahiz ETAk indarkerian jarrai-tzen duen, HBren esku dago ETAk desmontatu duen guztia berriz martxan jar-tzea. HBk oso garbi azaldu behar du bere diferentzia ETArekiko. Eta HBk hori egitea bai miraria dela.

Beste biderik ezean, zein baldintzak jarriko lizkioke EAJk PSE-EEri Gasteizko gobernu bat gauzatzeko?
Lehendakariak duela bi urte jarri zituen berberak, PSE-EEk onartu ez zuen bakegintza eta normalizazio eredua. EAJk, gaztazkari irtenbide bat emango bazaio, ezker abertzalearekin kontatzea ezinbestekoa dela dio, bestela ez dago soluziorik. EAJk garbi dauka autonomia eta autogobernua osatu dituen tresneria ez duela edonoren eskuetan utziko. Baina hori ez da EAJren esku, zeren eta PPk eta PSE-EEk bat egiten badute, eta HB ez bada negoziazioen koordenadatan sartzen, lehendakaria espainola izango da, baita barne sailburua ere.

Aukera hori benetan sartzen da EAJren kalkuluetan?
Espainol askok eta beste muturrean-ezker abertzalean, baina ez denak- ari diren askok hori desio dutela dirudi: "Espainolak jarriko dira gobernuan eta herriaren altxamendua etorriko da. Hori da hoberena". EAJk ez du inongo aukerarik edukiko ezker abertzalearen ildotik joanez gero. Oker handia dago bai batzuen bai besteen azterketetan. Bakegintzak eta normalizazioak beharrezkoa duten zutabe bat jorratu behar da: distentsioa. ETAri ematea dagokion distentsio garai hori abertzaleen arteko akordio baten eskutik etorriko da. Horren aurrean, ikusi behar da unionisten ordezkariak diren PPk eta PSOEk zer heldutasun politikoa erakusten duten benetan jauzi kualitatibo bat eman eta negoziaziorako eskema urratzeko.

Maniobra tarterik ikusten duzue jeltzaleek?
Negoziazio batean norberak bere proiektuaren defentsa ondo egitea bezain garrantzitsua da norberaren mugak non dauden jakitea. Nik ez baditut aurreikusten besteen mugak, alferrik ibiliko naiz kontu-kontari. Gaur egun muga dena bihar beharbada ez da muga, konfiantzaren bidez edo plangintza baten bidez gainditu duzulako. Horretan datza gestiogintza eta politika. Bake eta normalizaziorako saio berri baten sartuta gara berriz ere, hurrengo hauteskunde autonomikoen ondorengo negoziazioetan epe eta muga duena. Negoziazio hori aurreratu daiteke baldin eta pausu batzuk eman nahi baldin badira, edo aitzitik, azken egunerako utzi daiteke. Baina negoziazioak, azken egunean, kalkulo, premiak eta presioak tarte, ez dira oso txukun egiten.
Gernikako Estatutua
Gernikako Estatutua
Iaz ez bezala, aurten EAJk Gernikako Estatutua ospatu egingo duen ustea zabaldu da. Zer aldatu da urte baten joan etorrian?
Estatutuari dagokionez EAJk erantzukizunak banatu egiten ditu. Sozialistek eta popularrek ez dute beren agintaldietan Estatutua bete, eta hala ere, ospatzeko asmoa agertzen dute. Lehendakariak gogoratu die Estatutuaz ezin daitekeela edozein eraz hitz egin. Inork Estatutuaz hitz egiteko asmoa ba badu, Legebiltzarrak onartu duenetatik abiatu behar du. Estatutua ospatzeko lehenengo norberak Estatutuari buruz esan dituenak bete behar ditu. Guk ez dugu Estatutua ospatzeko asmorik, Estatutuaren inguruan dagoen debatea argitzea baizik. Estatutuaren zelaia PP eta PSOEna dela dirudi. Zelaia haiena bada ere, bete dezaten estatutua esaten die EAJk.

ELAk Estatutua agortutzat jotzen du eta honen balizko aukeren atzetik dabiltzanak alferrik ari direla dio.
Hori esatea Estatutuari iruzurra egitea da. Estatutua lege bat da eta ehuneko ehunean bete egin behar da. Estatua ez da bete, beraz iruzurra dago. Estatutuaz hitz egin nahi duen inork hitz egin behar du Estatutu osatu batez. EAJk herri honetako parte batek herri honen bizkarrezur politiko eta ekonomikoa antolatzeko aukera eduki duela mantentzen du, eta adinean heldutasuna erakusten duenean jauzi bat emateko prest egongo dela.

Zein norabidean baina?
Euskal Herriak gaur egungo estatuen egiturekin berdintasunean oinarritutako erlazio bat mantendu behar du, maila berean. Nahiz eta guk Estatutuaren negoziazioan, Estatutua lehenbizi euskaldunen arteko itun bat izan zela esan, eta gero euskaldunen eta estatuen arteko botereekin itaundu zela, esperientziak erakutsi digu estatuak -bere tresneri guztiekin- interes politikoen arabera interpretatu duela Estatutuaren garapena. Guk iruzur bat dagoela diogu, eta debate politikorik ez den neurrian markoa agortuta dagoela.

Arrazoiak arrazoi, zer bilatzen du EAJk?
Adinean herri nagusi bat gara, nazio bat gara, gure gizartea antolatu nahi dugu eta autogobernua ez da kapritxo bat. Espainiako estatuarekin berdintasunezko erlazio bat nahi dugu eta horretarako aldaketa bat beharrezko da. Gure hurrengo jauzi politikoak autodeterminazio eskubidea lortzea izan behar du. Berdintasunezko erlazio horretatik abiatuta, geure kabuz eta herri borondatea errespetatuz erabaki ahalko dugu zer-nolako erlaziorik nahi dugun estatuarekin. Autodeterminazio eskubideak eramango gaitu eszenategi horretara, hau da, berdintasunezko eszenategi horretara.

Benetan posible ikusten duzu hori?
Estatutuaren aldaketa bat proposatzen bada, adibidez, lehenengo artikuluan naziotasuna azaltzeaz gain, autodeterminazio eskubidea sartzea onar daiteke. Espainiako Gorteak esango luke ez dagoela ados, beraz, ez dago herri kontsultarik egitea. Espainiako Gobernuak beraz, esango du ez dagoela aldaketarik egitea. Guk esaten badugu herri kon-tsulta egiteko asmoz erreferenduma egingo dugula, hor azal-tzen da gatazka irekia Estatuarekin. Guk jauzi bat ematea proposatzen dugu behintzat.

BEGIKO DUTE MADRILEN
40 urte inguruko andoaindar hau -Xabier Arzalluzekin bikote eginda- EAJren gaiztoa da Madrileko hedabideentzat. Tertulietara joateko etengabe deitzen omen diote azkenaldi honetan Madrileko hedabideetatik. Hauen esanetan, ez dauka behar den ausardiarik ez kemenik hara joateko. Berak dioenez, tertulia horietan eledun gisa aritu beharrean tertulia girotzeko baino ez dute nahi.


Azkenak
2025-01-31 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura

EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak

Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]


2025-01-31 | ARGIA
ARGIAko lantaldearen mezua: Mundu ilunean, ARGIA gehiago

Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:

"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta

Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]


Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Estatuaren biktimek Chivite lehendakariari eskatu diote egon dadila euren aitortza ekitaldian otsailaren 13an

Estatuaren biolentziaren biktima gisa onartzeko 125 eskaera egin zaizkio Nafarroako Gobernuari 2023an eta 2024an. Horietatik 41 onartu dira. Egiari Zor eta Torturatuen Elkarteak ongi baloratu dute egiten ari den bidea.


'Arizona' antzezlana
Muturrekoa, muturreraino eramanda

Arizona
Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola..
NOIZ: urtarrilaren 26an.
NON: Berrizko Kultur Etxean. plazan.

-------------------------------------------

Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon... [+]


Betiereko Wagner

'Tristan und Isolde' opera

Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Erik Nielsen.
Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin.
Eszena zuzendaria: Allex Aguilera.
Bakarlariak: R. Nicholls, G. Hughes Jones, M. Mimika, E. Silins, C. Daza, D. Barcellona, J... [+]


2025-01-31 | Euskal Irratiak
Ramuntxo Labat-Aramendi
“Duintasunez arituko gira; Ahetzeko herriko etxearen egoera egonkortu nahi dugu”

Lehen itzulitik bigarrenera, auzapezgotzara jauzi egin zuen Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen zerrendak. Erdiespena "xinaurri lanari esker" egin zela uste du Labat-Aramendik. Ahetzen zerrendak bozen %44,39 lortu zuen urtarrilaren 12an eginiko behin betiko bozketan... [+]


Zestoan euskararen erabilera handitzea helburu, aisialdia doan baliabide urriko haurrentzat

Zestoan (Gipuzkoa), 2024ko irailaz geroztik, baliabide ekonomiko urriko haur eta gazteak bost kultur eta kirol ekintzen artean bat aukeratu, eta horretan doan aritu daitezke. Udalak dirulaguntzen araudia berritu du, haurren aisialdia eskubide bat dela argudiatuta. Aldaketarako... [+]


“Yoga onkologikoa xamurtasunean eta errespetuan oinarritzen da”

Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.


Eguneraketa berriak daude