Lehenago Millau, Seattle edo Genevan bezalaxe, Euskal Herriko eta Europa osoko milaka langile eta horien erakunde ordezkariak bilduko dira Miarritzen, ekonomiaren globalizazioak erasotako eskubide sozial, ekonomiko eta sindikalak aldarrikatzeko. Orain arte, Europako Batasunaren (EB) jarduna monetarista hutsa izan da, Banku eta moneta bakarrera mugaturik eta lehiaren eta mugarik gabeko merkatuaren erresuma bihurturik. EBk oraindik ez du lortu batzuk merkatarien Europa deitzen dutena baino ezer gehiago izaterik, beraz, oraindik oso urrun geratzen da langileen eta herri xehearen interesek lehentasuna izango duten Europa soziala.
Batasunaren partaide diren hainbat estatutako agintari sozialistek ere ez dute lortu ezaugarri hori EBri ematea; ingeles erako "sozio-liberalismoa"-ren desitxuratze estrategien anbiguotasuna areagotu besterik ez baitute egin. Gaur egun Europan boterean dauden sozialdemokratak monetaren egonkortasunaren eta aurrekontu zorroztasunaren izenean, borroka sozialaren bidez azken bi mendeetan lortutako emaitza miresgarrienak suntsitzen ari dira: unibertsaltasuna, berdintasuna eta nazioartekotasuna. Halaber, sozialismoaren muina eta helburuak zapuzten ari dira, hau da, indar ekonomikoen mehatxupean dauden elkartasun bideak ekintza kolektibo eta antolatu baten bidez zaindu eta babesteko grina zapuzten.
POLITIKA SOZIALIK EZ GIZARTE MUGIMENDURIK GABE.
Harrigarria dirudi lehen helburua "finantza merkatuak" indartu beharra izatea, eta ez, berriz, merkatu horiek ikuspegi sozial batekin eta neurri kolektiboeen bidez, kapitalaren gaineko fiskalitatea ezartzea kasu, kontrolatzea. Halaber, Europako agintari sozialistek, nazioarteko lehia askatasunaren izenean, patronala hirurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik arlo sozialean etengabean ezartzen ari den jokabide zanpatzaileari bereak eta bi egiten utzi diote (esku-hartze publikoa murriztea, langileen mugikortasuna eta erabateko malgutasuna, araurik eza eta behin-behinekotasuna, eskubide sindikalen aldaketa, lanetik kanporatzeko baldintzak laxatzea eta abar).
Europari buruzko erradiografi hori Frantziako Kolegioko irakasle den Pierre Bourdieuk egina da, "EBrako ikuspegi soziala" azterketa sakonean. Bertan, gizarte mugimendu europar zabal bat eratzearen aldeko aldarrikapena egiten du, gutxien burokratizaturik dauden eta militanteagoak diren Europako sindikatuek eta bestelako gizarte mugimenduek osatua langileen eta herri xehearen eskubideen alde jokatzeko. Duela gutxi "Le Monde Diplomatique"-n argitaratutako lan hori kritikatua izan daiteke hainbat ikuspegitatik, baina, inolako zalantzarik gabe, gogoetarako oinarri garrantzitsuak eskaintzen ditu, gure artean oraindik egiteko dagoen eztabaida baterako.
Soziologo frantses honek dioenez gizartearen historiak garbi erakusten du "ez dagoela politika sozialik baldin eta hartara behartzen ez duen gizarte mugimendurik ez badago" eta, bere ustez, "bankuen Europari, moneta bakarraren Europari, Europa polizial eta zigortzaileari -oso aurreratua jadanik- eta Europa militarrari benetako Europa sozial batez aurre egin nahi diotenen arazo nagusia helburu hori lortzeko behar diren indarrak nola mobilizatu behar diren eta mobilizazio lan horri ekiteko nori eskatu behar zaion jakitea da".
Ulertzekoa denez, lehenik, sindikatuei begiratzen zaie, nahiz eta horretarako beren jarrera burokratikoak baztertu eta militanteak indartu beharko dituzten. Testuinguru horretan, txostenak, Gorinne Gobin aditu zorrotzaren kritika ezin gogorragoa biltzen du, eta, bertan dioenaren arabera, sindikalgintzak, Europan ageri denez, gaien kudeaketan begirunez eta duintasunez esku hartzeko irrikatan dagoen "bazkide" baten modura jokatzen du, eta "lobby" moderatu baten gisara ageri da, Jacques Delors eta haren moduko agintariei hain atsegin zaizkien "elkarrizketa" arauak zintzo betez. Soziologo frantsesa ados dago ikuspegi horrekin, Europako sindikatuek "ez baitute ahalegin handirik egin patronalari -Bruselan bere iritzia ezarrarazteko presio bideen jabe den patronalari- aurre egiteko antolaketa baliabidez hornitzeko eta, langileen borrokarako ohiko baliabideak -grebak, manifestazioak- erabiliz, Europa osorako benetako hitzarmen kolektiboak ezartzeko".
Gauzak horrela, Bourdieuk ez du itxaropenik epe motzean Europako Sindikatuen Konfederazioak (CES) -hor sarturik daude ELA, CCOO eta UGT- "sindikalgintza militantea" bildu eta ekinean jarriko dituen, eta, horregatik, bere ustez, oraingoz, behin-behinekoz bada ere, sindikatu nazionalen gaitasunaz baliatzea beste biderik ez dago. Baina ezin da inolaz ere ahaztu, sekulako arazoak daudela benetako eraldaketa egin eta, Europako ikuspegitik, tentazio teknokratiko-diplomatikoa saihesteko eta, ikuspegi nazionaletik, eguneroko ohikeria eta betiko muga nazionaletan geratzeko pentsamoldeak baztertzeko.
SINDIKALGINTZA EUROPAR BERRIAREN BEHARRA.
Europa sozialari bultzatzeko behar den sindikalgintza europarra eratu gabe dago oraindik, eta ezingo da horrelakorik lortu hainbat alderdiren haustura sakonik gabe. Bourdieuk haustura batzuk aipatzen ditu: berezitasun nazionalekiko haustura, pentsamendu bateratzailearekiko haustura, fatalismo ekonomikoarekiko haustura, neoliberalismo trebearekiko haustura, sozial-liberalismoarekiko haustura.
Lehenik, "berezitasun nazionalekiko" hausturaren beharra nabarmentzen du, beti estatuen mugetan itxita dabiltzan hainbat ohitura sindikalen haustura hain zuzen ere, beren iraupenerako ezinbestekoak zaizkien baliabideen kopuru handi bat horiengandik espero dituztelako, jokoan dutena eta aldarrikapen eta ekintzen espazioa zehaztu eta mugatzen dietelako. Bigarrenik, pentsamendu bateratzailearekiko haustura proposatzen du pentsamendu eta ekintza kritikoa ahularazten duelako eta gizarte adostasuna gehiegizko neurritaraino balioesten duelako, sindikatuak "menperatuek beren menpekotasuna onar dezaten lortu nahi duen politikako arduretan eskuhartzeraino iritsiz".
Hirugarrenik, fatalismo ekonomikoarekin hautsi beharra ikusten du, globalizazioaren ezinbestekotasuna eta finantza merkatuen inperioa azpimarratzen duten diskurtso mediatiko-politikoak suspertzeaz gainera, erraztasunak ematen dizkielako gobernu sozialdemokratei, "sakonean gobernu kontserbatzaileen politiken alderdi funtsezkoenak iraunarazi edo bideratzeko politikak ezinbestekoak eta beste aukerarik ezean erabakitakoak direla defendatzeko". Baita neoliberalismo trebearekin hausteko premia ere aldarrikatzen du, lanerako kontratu desorekatuen eskakizun ezin zorrotzagoak malgutasunaren itxurapean aurkezten saiatzen direlako (esaterako, laneko orduak murriztearen edo 35 orduko lanasteari buruzko legeen inguruko negoziaketak). Azkenik, patronalaren eskakizunak sendotzearen aldeko arau askatasunari "benetako politika sozial baten lorpen paregabeen itxura" ematen dieten gobernuen sozial-liberalismoarekiko haustura aipatzen du.
Soziologo frantsesaren iritziz, sindikalgintza eraberritu horrek eragile mobilizatzaileei zuzendutako deia zabaldu beharko luke. Eta eragile horiek nazioartekotasun sakon baten jabe izan beharko lukete, nazio bakoitzeko ohitura juridiko eta administratiboei atxikitako eragozpenak gainditzeko gauza, nazio barruko oztopo sozialak, hau da, adar eta kategoria profesionalak bereizten dituzten oztopoak eta genero, adin eta jatorri etnikoen oztopoak gainditzeko gauza.
Halaber, sindikalgintza honek erresistentziarako estrategia eraginkorrak bilatzen saiatu beharko du neurri multzo handi bati aurre egin ahal izateko. Horrela, erakunde sindikal bakoitzak beste nazio batzuetako antolamenduekiko harremanetarako tresnak eratu beharko ditu bere baitan, nazioarteko informazioa bildu eta hedatzeko; soldata, lan baldintza eta enpleguaren inguruko gaietan koordinatzeko arauak egituratu beharko dituzte; maila profesional bereko edo mugakide diren eskualdeetako sindikatuen arteko senidetze erakundeak sortu beharko dituzte; enpresa multinazionaletan enpresa komite multinazionalak bultzatzen saiatu beharko dute; eta, besteak beste, inmigranteen aldeko enplegu politikak sustatzen, ekintza eta mobilizazio eredu berriak abiatzen eta alderdi "sozialaren" ikuspegi itxia hautsi eta lanaren inguruko aldarrikapenak osasun, etxebizitza, garraio, hezkuntza, aisialdi eta abarretako eskakizunekin bateratzen ahalegindu beharko dute.
EUROPAKO KONFEDERAZIO SINDIKAL BATERATUA.
Bourdieuk, bere txostenean, Europako Konfederazio Sindikal Bateratua eratzearen helburua bultzatu nahi du, eta, utopikoa dirudien arren, ez dago esaterik ezinezko helburua denik. Bere ustez, Europako mugimendu soziala "eraiki" nahi baldin bada, helburu hori gauzatzea guztiz ezinbestekoa izango da eraberritu beharko diren erakunde kolektibo ugariak eta milaka jarrera partikularrak aldaraziko lituzkeen bide kolektiboa indartzeko eta gidatzeko.
Joan den mendeko langile mugimenduko ereduak erabiltzea, etorkizuneko Europako gizarte mugimendua egituratzeko baliagarri gerta badaiteke ere, gaur egun ez litzateke oso komenigarria izango, Europako gizartearen egitura sozialak oso aldaketa sakonak izan baititu. Aldaketa garrantzitsuena, inolako zalantzarik gabe, industrian bertan eman den langile kopuruaren jaitsiera gaur egun "operadore" deitzen zaienekiko, eta kapital kulturalean aberatsago izanik, antolamendu modu berriak eta borrokarako arma berriak sortzeko eta lanbide arteko elkartasun berrietan sartzeko gai izan daitezke.
Bourdieuk honela amaitzen du atal hau: "Europako gizarte mugimendu bat eraiki ahal izateko osagairik garrantzitsuena sindikalgintza, gizarte mugimenduak eta nazio mailako ezberdintasunak ulertzeko ohiko modu topikoetatik ihes egitea da. Prekarizazioak ezarritako eginkizunik beharrezkoena pentsatzeko eta jarduteko modu berriak asmatzea da. Lan munduko mailarik onenak ere eragiten dituen prekarietatearen eta langabeziarekiko beldurraren esperientzian sustraiturik, prekarietatearen hedapen zabalak elkartasun modu berriak ekar ditzake, bereziki guztiz eskandaluzkoak gertatzen diren krisialdietan, esate baterako, Frantziako Elf eta Alcatel enpresetan gertatu den bezala, nahiko errentagarriak diren enpresetako akziodunei etekin handiagoak eskaintzeko gogoak bultzaturik langile kanporaketa erraldoiak gertatzen direnean