EMAKUMEAK POBREZIAREN AURKA

  • Emakumeak egiten ari diren pobreziaren Mundu Martxa urriaren 7an eta 8an izango da Euskal Herrian eta mundu mailan, hilaren 17an amaituko da New Yorken Nazio Batuen egoitzaren aurrean. Euskal emakumeen ordezkaritza bat ere han izango da.

2007ko otsailaren 21ean
Urriaren 14an eta 17an amaituko da emakumeek pobreziaren eta bortxakeriaren aurka antolatutako kanpaina, urtebetetik gora iraun ondoren. Euskal Herriko hainbat emakume taldek esku hartu du kanpainan, eta horretan jarraitzen du oraindik ere. Europako emakumeek hilaren 14an emango diote buru kanpainari, Genevan egingo duten azken ibilaldian. Eta mundu mailan, hilaren 17an, New Yorken izango da kanpainari buru emateko ekitaldia Nazio Batuen aurrean. Euskal emakumeen ordezkaritza bat ere han izango da New Yorken mundu guztiko gainerako emakumeekin batera.
1999ko martxoaren 8an Europako Martxak antolatzeko talde lokalak eratuz hasi zen kanpaina planifikatua bi ibilaldi handi horiekin amaituko da. Euskal Herrian emakumeen 44 taldez osatutako plataforma bat eratu zen. Euskal Herriko hainbat herrialdetan adierazpen ugari egin ditu eta martxa hau bultzatzen aritu da. Joan den urteko urriaren 17an miseriaren aurkako Nazioarteko Jardunaldia izan zen. 2000ko martxoaren 8an ibilaldi bat hasi eta lekuz lekuko manifestazioen aste bat antolatu zen. Urte honetako ekainetik urrira bitartean hainbat manifestazio nazional burutu dira eta beste batzuk burutzekotan daude. Zehazki, Euskal Herrikoa urriaren 7an eta 8an izango da.
Duela bost urte hasi zen nazioarteko mugimendu feminista 2000. urteko Mundu Martxa hau prestatzen. Ideia hori Quebecen sortu zen 1995ean. Hain zuzen ere, "ogia eta arrosak" goiburuarekin, 850 emakumek pobreziaren aurka egindako ibilaldi baten ondoren. Handik aurrera gogoz ekin zioten lanari 2000. urtean "itxaropena, berdintasuna, bakea eta demokraziaren alde" ibilaldi handi bat antolatzeko.


POBREZIA DESAGERTARAZTEA.

Bizi garen mundu honetan emakumeen %70 gosez dago, aberatsenak diren %20k munduko errentaren %83 bereganatzen du, emakumeek lan-ordu errealen 2/3ak egiten dituzte, eta munduko aberastasun guztiaren hamarretik bat besterik ez dute eskuratzen. Horiek dira "ibiltzeko 2000 arrazoi" horietako batzuk, Mundu Martxarako emakumeek egindako deialdian adierazten denez.
Ibilaldi honen bidez emakumeek deialdi ozena egiten diete estatu guztiei munduko pobrezia eta, zehazki, emakumeengan eragin berezia duen pobrezia desagertarazteko estrategiak eta lege esparruak eratzeko. Estatuek pobreziaren aurkako jardunbideak, programak eta ekintza planak egituratu behar dituztela diote, eta egintza horietan guztietan, emakumearen pobrezia desagertarazteko berariazko neurriak ezarri behar direla. Emakumeak, hezkuntza eta enplegua eskuratzeko duen eskubidearen bidez, independentzia ekonomiko eta soziala bereganatzeko neurriak hartu beharra aldarrikatzen dute, baita etxean eta ekonomiaren sektore informaletan egiten den lana araudi bidez babestu beharra ere. Eta, horrekin batera, zuzentasunean eta berdintasunean oinarritutako ordainketa sistema bat aldarrikatzen dute nazio bakoitzean eta nazioartean. Orobat, elkartegintza eta sindikalgintza sustatzea eskatzen dute.
Estatuek, funtsezko eskubidea den heinean, elikagaien produkzioa eta banaketa ziurtatu behar dutela nabarmentzen dute, bertako biztanleen elikadura bermatzeko. Familiako ardurak (haurrak hezi eta zaintzea eta etxeko lanak) elkarrekin banatzeko pizgarriak eta familientzako laguntzak eskaini beharko lirateke, hala nola gurasoen lanorduetara egokitutako eguneko zainketa zerbitzuak, sukalde komunitarioak, eta haurren eskolako lanetan laguntzeko programak. Halaber, emakumeak lanpostu erabakigarrietara iristeko aukera izan dezaten eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen (OIT) arauak berretsi eta bete daitezen bultzatzeko eskatzen diete estatuei.


NEURRI EKONOMIKOEN BEHARRA.

Hori dena lortu ahal izateko neurri ekonomikoak hartzeko eskatzen dute emakumeek. Batetik, Tobin tasa erabiltzea finantza transakzio guztietan. Zerga horren mozkinarekin fondo berezi bat osatuko litzateke, nazioarteko erkidegoaren gizarte garapena bultzatzeko, oinarrizko giza eskubideak eta demokrazia aintzakotzat hartzen dituzten irizpideekin jokatuz, eta betiere gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasunezko ordezkaritzarekin, eta emakumeei lehentasuna emanez (pobrezia larrian bizi diren 1,3 bilioien %70 direla kontuan izanik).
Beste hainbat eskari ere gehitzen dute; hala nola Barne Produktu Gordinaren %0,7 garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko erabiltzea, emakumeen eta haurren funtsezko eskubideak babesteko ezinbestekoa den finantzaketa egokia eta Nazio Batuen programen demokratizazioa, egiturak doitzeko murrizketa programak bertan behera uztea, gizarte zerbitzuen eta zerbitzu publikoen aurrekontuen murrizketekin bukatzea eta Inbertsioen Akordio Aldeanitza (AMI) arbuiatzea.


KANPO ZORRAK INDARGABETZEA.

Herrialde txiroen kanpo zorrak dituen eraginez ere jabeturik, munduko 53 herrialde txiroenen zor horiek deuseztatzeko eskaria ere egiten du Emakumeen Martxak. Epe luzeagora begira Hirugarren Munduko herrialde guztien kanpo-zorra ezabatzea eta ezabatutako zorra kontrolatzeko bideak ezartzea aldarrikatzen dute, diru hori pobrezia desagertarazten eta egituren doitasunerako murrizketa programen eragin larriena jasan behar izaten dutenen bizitza, nagusiki emakumeena eta haurrena, hobetzen saiatzeko izan dadin ziurtatuz.
Bestalde, nazioarteko laguntza emaileen eta hartzaileen artean 20/20 formula ezartzea ere eskatzen dute. Eskema horren arabera, laguntza ematen duen herrialdeak jartzen duen kopuru guztiaren %20 gizarte garapenerako xedatu behar da eta hartzen duen gobernuaren gastuen %20 gizartearentzako programetan erabili behar da.
Halaber, mundu osoa barnebiltzen duen erakunde politiko ez monolitikoa eskatzen dute, ekonomia arloan agintzeko boterearekin. Erakunde horretan munduko herrialde guztiek berdintasunezko ordezkaritza izan beharko lukete eta gizon eta emakumeei ere ordezkaritza maila berbera eman beharko litzaieke. Erabakiak hartzeko benetako boterea eduki beharko luke, eta zuzentasuna eta partaidetza nagusi den sistema ekonomikoa ezartzeko agintea beharko luke, elkartasuna funtsezko osagarria izanik. Ekonomia eta finantzaren segurtasunerako Munduko Kontseilua ere aldarrikatzen dute, finantza sistema berri baten arauak berregituratzeaz arduratzeko, munduko aberastasuna zuzentasunez eta berdintasunez bana dadin

BORTXAKERIA GUZTIEN AURKA
Emakumeen Mundu Martxak bortxakeria mota guztien aurkako benetako babesa ere aldarrikatzen du. Horregatik, emakumeak eta neskatoak kontrolatzeko xedea duten edozein eratako aginte politiko, erlijioso, ekonomiko edo kultural gaitzesteko eta haien oinarrizko eskubideak bortxatzen dituen erregimen oro salatzeko eskatzen diete giza eskubideen alde daudela adierazten duten gobernu guztiei. Halaber, exijitzen du emakumezkoen aurkako bortxakeria guztiak oinarrizko giza eskubideen aurkako bortxakeriatzat har ditzatela beren lege eta egintzetan, honelako ohitura, erlijio, kultura edo aginte politikorik onartu ezin dela adieraziz.
Emakumeen aurkako bortxakeria mota guztiak desagertarazteko ekintza planak, programak eta jardunbide eraginkorrak ezartzeko eskatzen diete estatuei, eta, horretarako, behar diren finantza baliabideak eta bestelako baliabide egokiak erabil ditzatela. Beren ustez, ekintza plan horiek honelako osagaiak izan behar dituzte: prebentzioa, heziketa publikoa; zigorrak; erasotzaileen tratamendua; emakumeen aurkako bortxakeria mota guztiei buruzko ikerkuntza eta estatistikak; biktimen laguntza eta babesa; pornografiaren, proxenetismoaren, sexu erasoen eta haurren biolazioen aurkako kanpainak; hezkuntza ez-sexista; justizia kriminalera bideratzeko erraztasunak; eta epaile eta polizien prestakuntzarako programak.
Nazio Batuek bertako partaideei presioa egitea ere eskatzen dute, bakoitzak bere herrialdean emakumeen eta haurren eskubideekin zerikusia duten konbentzioak eta akordioak inolako eragozpenik gabe berretsi eta ezar ditzan, bereziki: Eskubide Politiko eta Zibilen Hitzarmena, Emakumeen aurkako Bazterketa mota guztiak Ezabatzeko Konbentzioa, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa, Langile Etorkinen eta horien familien Eskubideak Babesteko Nazioarteko Konbentzioa, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, Emakumeen aurkako Bortxakeria Desagertarazteko Adierazpena, Kairoko eta Vienako Adierazpenak, Beijingo Adierazpena eta Ekintzarako Plataforma. Estatuek beren lege nazionalak egiterakoan nazioarteko giza eskubideen baliabide hauen irizpideak kontuan izan ditzatela eskatzen dute.
Pertsonen Trafikoa eta Prostituzioaren Esplotazioa Desegiteko 1949ko Konbentzioaren berrikuspena ere eskatzen dute, NBEko Batzar Nagusiak (1996) emakumeen eta haurren trafikoaren eta emakume etorkinen aurkako bortxakeriaren inguruan ebatsitakoa bete eta erantsi ahal izateko bertan. Halaber, estatuek Nazioarteko Auzitegi Penalaren Jurisdikzioa onar dezatela eta, bereziki, bortxakeria eta sexu indarkeria gerrako krimen eta gizadiaren aurkako krimen gisa definitzen dituzten xedapenak sinatzeko eskatzen dute. Estatu guztiek desarmerako politikak erabaki eta jardunean jar ditzatela eskatzen dute, bai ohiko armei dagokienez eta bai arma nuklear, biologiko eta kimikoei dagokienez. Baita pertsonen aurkako minen Konbentzioa berretsi dezatela eta herrialde guztiek hitza eman dezatela bakearen alde jokatzeko, armen trafikoa eta legezko nahiz legez kanpoko salmenta desagertarazteko eta gerra gaitzetsi eta arbuiatzeko, biztanle zibil guztien eta, bereziki, emakume, haur eta adinekoen aurkako bortxakeria kolektibo nagusi gisa.
Azkenik, zera aldarrikatu nahi dute: pertsona guztien arteko berdintasunean oinarriturik, Nazio Batuek eta nazioarteko erkidegoko estatuek formalki adieraztea pertsona baten sexu jokabideak ez duela inolaz ere eragozpen izan behar ondoko nazioarteko testuotan ezarritako eskubideak bete-betean gauzatzeko: Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Nazioarteko Hitzarmena, Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalei buruzko Nazioarteko Hitzarmena eta Emakumeen Aurkako Bazterketa Mota Guztiak Ezabatzeari buruzko Nazioarteko Konbentzioa

EMAKUME IZATEA EUSKAL HERRIAN
ELAko "Landeia" aldizkarian, joan den martxoko alean, sindikatu horretako emakumearen arloko arduradunek osatutako txosten bat argitaratu zen, pobreziaren aurkako emakumeen Mundu Martxari buruz. Txosten horretan honela adierazten ziren Euskal Herriko emakume langileen gaur egungo egoeraren ezaugarri nagusiak:
- Euskal emakumeen %67,2k ez du lanposturik, eta lanposturik gabe dauden 10etik 2k soilik jasotzen du nolabaiteko diru laguntzaren bat.
- Lanpostua duten 10 emakumetatik 3k lanegun zatiko kontratua du. Horrek, soldata eta prestazio txikiagoak eragiteaz gainera, etxeko lanen zama ere emakumeen gainean uztea eragiten du.
- Soldatapeko emakumeen erdiak aldi baterako kontratua dute edo, are okerrago, ez dute inolako kontraturik. Gazteen artean kopuru hori %80koa da.
- Emakumeen batez besteko soldatak gizonen soldata baino %30 txikiagoa izaten jarraitzen du.
- 10 emakumetatik 5 ez dira langile gisa hartzen, nahiz eta, etxean eta beste pertsona batzuei laguntza eskainiz egiten duten doaneko lanean, Barne Produktu Gordinaren %50aren pareko balioa duen zerbitzua eskaini.
- Lanbideak eta lanpostuak sexuaren arabera sailkatzen dira. Horrenbestez, emakumeen esparrura lerratzen diren neurrian lan baldintzek okerrera egiten dute.
- Nekazaritza arloan ari diren ia emakume guztiak inolako langile eskubiderik gabe aritzen dira jardunean, inolako babes juridikorik gabe eta Gizarte Segurantzarik gabe


Azkenak
Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-23 | Julene Flamarique
Vidalina Morales, nekazaria eta ekintzailea
“Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere”

Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]


2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Zaballako espetxeko funtzionarioek “ezkutuko greba” hasi dutela salatu dute zenbait presok

Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]


Eguneraketa berriak daude