LAN GAIXOTASUNA DA GIHARRETAKO MINA

  • Urrian Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren aldeko Europako Astea 2000 izango da Europako Batasuneko estatuetan. Bilbon amaituko da azaroan, eta, besteak beste giharretako eta hezurretako arazoak eta bizkarreko mina aztertuko dira.

2007ko otsailaren 21ean
Bizkarreko mina eta giharretako mina laneko gaixotasunak dira eta oso zabalduak daude langileen artean, gizon nahiz emakumeen artean. Horrela, Europako langileen %30 bizkarreko minaz kexatzen da, %17k beso eta hanketako giharretako mina du eta %45ek jarrera gogaikarri eta nekagarrietan egiten du lan. Alabaina, minaren eta sufrimenduaren zati handi bat saihesteko edo neurri handi batean murrizteko nahikoa litzateke osasun eta segurtasun arloan dauden arauak betetzea eta jarduera egokiei buruzko jarraibideak kontuan hartzea.
Hori da Europako lan arloko agintariek atxiki duten tesia, hori baita Dublineko fundazio batek duela gutxi Europan egin duen inkesta baten emaitza. Inkesta hori izango da, inolako zalantzarik gabe, Espainiako Estatuan eta Europako Batasuneko estatu guztietan izango den Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren aldeko Europako Astearen oinarria. Aste horren helburu nagusia lan arloan sortzen diren bizkarreko minak eta gihar eta hezurretako beste hainbat gaixotasun (GHG) murrizten ahalegintzea da.


LANEKO GAIXOTASUN NAGUSIA.

Europako herrialde askotan bizkarreko mina eta GHGak dira gaur egun gehien nagusitzen diren laneko gaixotasunak. Sektore guztietako milioika langileri eragin diete. Horren kostua milaka milioi eurokoa da Europarentzat, produktu nazional gordinaren %2raino iritsi daiteke, produktibitate galera eta urtetik urtera handiagoak diren osasun eta gizarte arloko kostuen gorakada direla-eta. Horrela dio Hans-Horst Konkolewsky-k, egoitza Bilbon duen Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziako zuzendariak. Gaixotasun horiek osasun arazo multzo zabal bat hartzen dute beren baitan, horien artean bizkarreko minak eta mugimendu errepikakorren ondoriozko lesioak. Konkolewskyren iritziz, dauden datuen arabera nabarmena da eragindako pertsona kopuruaren igoera.
Euskal Herrian ez dago horri buruzko datu orokorrik. Sindikatu abertzaleen lan osasuneko kabineteek arlo batzuen azterketak egin eta beren barneko aldizkarietan argitaratu dituzte. Oraingoz ezagutzen dugunaren arabera, honelako laneko gaixotasunei buruzko sektoreko txostenik garrantzitsuena eta osatuena EILAS sindikatuak irakaskuntzan egindakoa da, eta jada horren berri eman genuen ARGIAn joan den uztailean.
Baina, badira laneko gaixotasun hauei buruz egindako beste azterketa batzuk Espainiako Lan Ministerioak 1998an eginak Espainiako Estatu guztiari begira eta, beraz, Hego Euskal Herriko datuak ere biltzen dira. Horren arabera, 1998an lanbideari atxikitako gaixotasunen %75 GHGak izan ziren, gehienetan mugimendu errepikakorren eta gorputz-jarrera txarren ondorio. Giltzurrunetako, bizkarreko eta zerbikaletako min zorrotzak, inurridurak sentitzea eta giharretako gainkarga patologia honen sintometako batzuk besterik ez dira, eta laneko absentismoaren arrazoi nagusietakoa bihurtu dira.
Gainkarga horiek iraunkorrak edo aldikakoak, fisikoak edo psikikoak izan daitezke, eta pisu handiak mugitu behar dituzten langileek edo beren eskuekin mugimendu oso fin eta errepikakorrak egin behar dituztenek jasan ditzakete, baita, beren gorputz jarrerengatik, esfortzu handirik egin behar ez dutela diruditen bulegariek ere. GHG hauek izateko arriskua areagotu egiten dute hainbat eragilek, besteak beste, gorputz jarrera txarrek, batez ere sorbalda eta eskumuturretakoek, mugimendu oso errepikakorrek, eskua nolabaiteko presioa egiteko erabili beharreko eginkizunek edo besoa edo eskua bibrazioen eraginpean egon beharrak. Horrela adierazten du Konkolewsky zuzendariak, eta beste hainbat eragile ere badela aipatzen du, esaterako lan inguruneko tenperatura baxuak, lanaren antolamenduak eta langileek horri buruz duten sentiberatasun mailak.
Adituek diote prebentzioaren kultura izanez gero, arrisku eta gaixotasun horiek saihets daitezkeela, eta horregatik langileen nahiz enpresaburuen lankidetza behar dela. Guztiz funtsezkoa da, diotenez, langilearengan eragina duten alderdi guztiak bilduko dituen azterketa orokorra egitea, zein arrisku saihets daitezkeen eta zein ez bereiziz. Lanpostuaren baldintzak langile bakoitzaren ezaugarrietara egokitu eta moldatu behar dira. Hainbeste ordu eserita lan egiteagatik dituzten arriskuak langileei jakinaraztea eta etenaldi batzuk egin ahal izateko lana nola antolatu behar duten erakustea enpresaburuen betebeharra da. Nahiz eta botika batzuk edo giroaren hobekuntzak egoera arindu dezaketen, benetako konponbidea, adituen ustez, lanpostu bakoitza ondo antolatzea eta langilearen ezaugarrietara egokitzea izango litzateke.
Gihar eta hezurretako arazoen beste atal garrantzitsua lepoari eta besoei dagokie. Laneko Osasunerako Europako Agentziak duela gutxi argitaratu duen txosten batek garbi erakusten du halako minek arazo garrantzitsua eragiten dutela eta geroz eta ugariagoak direla, eta, gainera, Barne Produktu Nazionalaren %2rainoko kostua izan dezaketela Europako Batasuneko partaide direnentzat. Dirudienez, alde handia dago herrialde batzuetatik besteetara; emakumezkoengan eragin handiagoa dute gizonezkoengan baino (batez ere, egiten duten lan motaren arabera, eta ez hainbeste sexu ezberdintasun hutsagatik); arrazoi biologikoak dituzte eta lotura estua dute lanarekin.
Kalte horien arriskuak areagotzen dituzten eragileen artean honakoak aipa daitezke: gorputz jarrera desegokiak, mugimendu oso errepikakorrak, eskuaren erabilera behartua, esku eta besoen bibrazioak, gorputzaren ehunen gainean zuzenki ezarritako presio mekanikoak, leku hotzetan lan egitea eta lanaren antolamendua bera.
Txostena egin dutenek ateratako ondorioen arabera, gaur egun dauden ezagutza zientifikoetan oinarrituz enpresek badute nahiko informazio honelako arriskuen eraginpean dauden langileak babestu ahal izateko. Osasunaren eta Segurtasunaren esparruko Europako arteztarauetan biltzen diren aholkuek arriskuen balorazioa, osasunaren zaintza, langileen informazioa eta prestakuntza, sistema ergonomikoak, lanerako sistemak eta nekearen prebentzioa jorratzen dituzte. Nolanahi ere, txosten honen egileen esanetan, oraindik ere ikerkuntza sakonagoak egin beharko lirateke hainbat arlotan.

Ordenagailu aurrean lan egiteko hainbat aholku
Ordenagailu aurrean lan egiteko hainbat aholku
Egunetik egunera ugariagoak dira bere eguneroko lana oso-osorik ordenagailu aurrean egiten duten pertsonak, eta egunetik egunera gehiago baita ere beren etxeetan ordenagailua erabiltzen dutenak lan pertsonal, kultural, sozial, politiko, sindikal eta abarrerako edo Interneten sartzeko. Horregatik, Laneko Segurtasun eta Higienerako Institutu Nazionalaren (INSHT) gida teknikora jo dugu, eta ordenagailuan lana egiterakoan kontuan hartu beharreko honako aholkuak jaso ditugu:
* Pantaila: 14"koa, 640x480 erresoluziokoa eta 70 Hz.ko irudi-maiztasunekoa izan behar du; orientagarria eta gora edo behera okertu dezakeguna. Irudia egonkorra izango da, ondo definitua eta lerro arteko nahiko tarterekin.
* Teklatua: 25° baino okerdura gutxiago izan behar du eta teklen 3. lerroak ez du 30 mm baino garaiera gehiago izan behar. Besoen eta bizkarraren tentsio estatikoa gutxitzeko, oso garrantzitsua da eskuak pausatzekoa izatea, gutxienez 10 cm.-ko sakonerarekin.
* Mahaia: laneko osagai guztiak erosotasunez jartzeko adina leku izan behar du. Atril bat erabiltzea gomendatzen da, ikuspena eta buruaren jira egokitzeko.
* Aulkia: bizkarraldean irtengune txiki bat izan behar du gerrialdea bermatzeko, eta sakonera, garaiera eta okerdura egokitzeko aukera eskaini behar du. Bost oinarri eta gurpilak izan ditzala gomendatzen da.
* Hankak jartzekoa: erabiltzen baldin bada, horizontalarekiko 0° eta 15° bitarteko okerdura aldagarria izan behar du eta, gutxienez, 45 cm.-ko sakonera. Gainazalak irristagarria izan behar du.
* Argitasuna: lanerako mahaia leihoen arabera kokatu behar da, eta argiak ez du pantailan jo behar eta ez dio langileari zuzenean begietan jo behar.
* Zarata: ez du arretarik eta komunikaziorik eragotzi behar. Ahalik eta soinurik txikiena egiten duten ekipamenduak erabili behar dira.
* Tenperatura: 23 eta 26 gradu bitartean udan, eta 20 eta 24 gradu bitartean neguan. Begien eta mukosen lehortasunari aurre egiteko %45 eta %65 bitarteko hezetasun erlatiboa komeni da.

Europako Astea 2000: "Saihestu gihar eta hezurretako minak"
Europako Astea 2000: "Saihestu gihar eta hezurretako minak"
Saihestu gihar eta hezurretako minak" izango da aipatu dugun Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren aldeko Europako Astea 2000 horren goiburua.
Europarako informazio kanpaina hori joan den otsailaren 11n ezagutarazi zen ofizialki Lisboan, Portugaleko lehendakaritzaren laguntzarekin. EBeko 15 Estatu partaideetako bakoitzak aste bat aukeratuko du gaiarekin zerikusia duten jarduerak burutzeko urrian zehar. Itxiera ekitaldia Bilbon izango da azaroan, eta Frantziako lehendakaritzarekin batera antolatua izango da. Bertan, esparru horretan arrakastatsuak gertatu diren hainbat jarduera aipagarriri emango zaizkion sariak banatzeko ekitaldi berezi bat egingo da.
Europako Aste 2000ren helburua bertako estatu guztietan sentiberatasunerako eta prebentziorako ekitaldiak bultzatzea da, lanaren ondoriozko gihar eta hezurretako minak eta bizkarreko minak saihestearren. Bizkarreko mina da milurteko berrian laneko segurtasun eta higiene arloko kezkarik larrienetakoa, bai eragiten duen kostuagatik eta bai hainbeste eta hainbeste langilerengan sortzen duen mina eta sufrimenduagatik.
Europako Astea 2000 honen arduradunek EBko partaide diren Estatuetako Gobernuen, UNICE Europako patronalaren erakundearen eta CES Europako Sindikatuen Konfederazioaren laguntza dute, eta kanpaina hau lagungarri izatea espero dute lanarekin zerikusi zuzena duten gihar eta hezurretako minei aurre egiteko konponbideei buruzko informazioa elkartrukatzeko eta zabaltzeko.
Azken asteetan, CCOOk gihar eta hezurretako lesioen igoera salatzen duen txosten bat zabaldu du. Bertan dio Espainiako Estatuko biztanleen erdiak baino gehiagok lepoko, garondoko, bizkarreko edo hanketako mina izaten duela lanerako modu berrien ondorioz, nahiz eta garrantzitsuenak gihar eta hezurretako minak izan. Sindikatu honen azterketaren arabera, azken arazo horrek eragin handiagoa du emakumeengan gizonezkoengan baino. Zehazki esanda, sindikatu honen datuek agertzen dutenez, gihar eta hezurretako minak lan egiteko eraren ondoriozko minen %55 bereganatzen du emakumeengan, eta gizonezkoengan, berriz, %42.
Emakumeen artean nabarmentzekoa da supermerkatuetako kutxazainen kasua, erostetxe handietan lanegun bakar batean 4.500 eta 6.000 kilo bitarteko pisua har baitezakete. Kutxazainen ondoren, osasun arlokoak, tabernetako zerbitzariak, garbitzaileak, ileapaintzaileak, sukaldariak eta egunean zehar ordenadorearen pantaila aurrean lau ordutik gora ematen dituzten administrariak daude.


Azkenak
Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-23 | Julene Flamarique
Vidalina Morales, nekazaria eta ekintzailea
“Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere”

Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]


2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Zaballako espetxeko funtzionarioek “ezkutuko greba” hasi dutela salatu dute zenbait presok

Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]


Eguneraketa berriak daude