"FRONTOI BETEAK OILO IPURDIA JARTZEN DU"

  • Ikuspegi zabalekoa baina txokozalea da: Triciora jotzen du ahal duen gehienetan. Azken aldian hemengo frontoietako hautsak astintzen ari bada ere, Errioxako hizkera eta kasta bizia mantentzen ditu... Bera da soldatarik altuena jasotzen duen pilotaria, baina preziorik gabeko osasuna dute bere eskuek: zailduak eta zainduak, sekula ez diote kexatzeko motiborik eman. Kantxaz kanpo ez du kontrariorik: artekariak baino tratu gehiago du pilotazaleekin, saltseroa, berritsua da, sinpatikoa, adarjotzeak errematatzen artista. Baina harrokeriarik handiena txapapean geratzen zaio. Horregatik, bere jokoa karakterraren isla da: "A ze gantxoa duen!"
Titíndarretan hirugarren pilotari profesionala zara. Zuen geneak biribilak dira, edo nola hasi zinen zu pilotan?
Gure etxean pilotari asko egon da. Aita eta osaba pilotariak ziren, eta nire anaia ere bai. Baina zorionez nire familia ez da sekula gainean egon "horrela jokatu behar duzu edo beste hau egin behar duzu" esanez. Asko lagundu didate, beti saiatu direlako aholkuak ematen baina egokien neritzaiona egiten utziz. Ni Triciokoa naiz, eta garai batean herri txikietan frontoia besterik ez zen egoten eta denok jokatzen genuen pelotan. Zortzi urterekin hasten ginen Errioxako Herriarteko txapelketak jokatzen, eta horrez gain mutikoentzako partidak antolatzen zituzten herrietan. Gutxi jokatzen genuen, noski, ia ez ginen txapara iristen...

Afizionatuetara pasa zinen...
Bai. Herriarteko txapelketan jokatu nuen 17-18 urtera arte, eta Errioxako federazioak antolatzen zituen torneoetan ere aritzen nintzen. Orduan fijatu zen nigan federazioa eta jubenilen torneoa, hemezortzi urtez beherakoa eta hogeita bi urtera artekoa irabazi nituen. Afizionatuetan hasi nintzen, baina beste pilotari batzuek gehiago jokatzen zuten eta lanean hasi behar izan nuen.

Lana ere egin izan duzu, beraz?
Hemezortzi urte arte ikasten aritu nintzen. Bigarren Hezkuntza bukatu eta bi urtez joan nintzen institutora. Hura utzi eta lehengusu batekin hasi nintzen eraikuntzan lanean. Han 9-10 hilabetez aritu nintzen, soldadutzara joan behar izan nuen arte. Baina soldadutza garaian ere ez nion utzi pilotan jokatzeari. Soldadutzatik itzultzean Tricioko sarreran dagoen gasolindegian hasi nintzen lanean eta federazioko partidak jokatzen jarraitzen nuen. Hogei urtetatik hogeita hirura jardun nuen gasolindegian eta uztailean Asegarce enpresa sortu zen. Errioxako arduraduna etorri zitzaidan ea debutatu nahi nuen galdezka eta irailean debutatu nuen. Bi hilabetetan lan egitetik debutatzera pasa nintzen! Entrenatu eta ezer egin gabe debutatu nuen, ez nuen denborarik izan.

Zer beste kiroletan aritu zara?
Herrian boleibolean ere jokatzen genuen eta bi urtez Errioxako txapeldun geratu ginen. Eta futbito talde bat ere osatu genuen. Gurasoek errieta egiten ziguten, pilotazaleak baiziren, eta futbitoan lesionatzeko arriskua genuela esaten ziguten anaiari eta bioi. Niri kirol denak gustatu izan zaizkit beti. Pilota klase denei ematen nien, denei gaizki, baina denei!

Hori ongi etorriko zitzaizun pilotarako...
Hala diote. Boleibolean irakasten den lehenengo gauza zure burua lurrera bota eta pilota jasotzea da, eta hori pilotan jokatzeko ere ongi dator. Baina onena lurrera bota gabe jasotzea da, e!

Teknikoki nola hobetu duzu?
Niretzat itzelezko aldaketa izan da: lan egin ondoren entrenatzetik, lana utzi eta erabat entrenatzera jarri nintzen. Fisikoki ez prestatzetik, prestatzaileak bilatu eta gimnasioan entrenatzera. Frontoira ere joaten naiz astean bitan eta dena hobetzen saiatzen naiz: sakea, airea, defentsa... Eta hobetzeko batez ere zu baino hobeak direnekin jokatu behar duzu. Afizionatutik profesionaletara izugarrizko aldea dago: pilota beste indar batekin etortzen da profesionaletan. Afizionatuetan atzelariari bi pilotakada bota atzeraino eta hirugarrena ez zuen jasotzen. Profesionaletan, berriz atzelariek 2, 4, 14... pilotakada erantzuten dituzte.

Nola dago afizionatuetatik preofesionaletarako jauzia?
Profesionaletarako pausoa da garrantzitsuena, eta mantentzea, berriz, zailena. Afizionatuetan estankatuz gero, eta zu baino hobeekin jokatzeko aukerarik ez baduzu bertan geratzen zara, gorago iritsi gabe. Uste dut afizionatuek entrenatu behintzat profesionalekin egin behar dutela, maila igotzeko. Guk zorte handia izan dugu.

Nori begira edo norekin jokatuz ikasi duzu zuk?
Ez dut idolo berezirik. Gaztetan profesionalei begira egoten nintzenean bakarrarengan fijatu beharrean beti fijatu izan naiz aurrelari errematatzeileetan, airez sartzen zirenengan, arriskatzen zirenengan... agian nire karakter eta jokatzeko eragatik: Pierre Olano, Barberito, nire aita... ez nuen jokatzen ikusteko aukerarik izan, baina anaiak oso ongi hitz egiten dit haietaz. Gaur egungoetan Bergara eta Julian Retegi.

Zer duzu hobetzeko?
Batik bat sakea. Beste jokalariek indar eta direkzio gehiagorekin ateratzen dute eta ni berriz mutikotatik ez naiz ongi moldatu sakean. Ezker defentsa ere hobetu behar dut, paretean oso justu ibiltzen naiz pilota jotzeko. Baina eskuin airea, ezkerrekoa... Erretiratu artean beti dago dena hobetu beharra, bestela atzetik datozenek kanpoan uzten baitzaituzte.

Nola lantzen duzu?
Frontoian orduak sartuz. Partidetan gutxiago arriskatzen da, pilotakada bat hutseginez gero apustulariaz gogoratzen zara, beste jokalariez... Horregatik entrenamentuetan hobetu behar da. Gimnasioan egiten den entrenamendu fisikoa bezala garrantzitsua da astean pare bat egunez frontoira joatea. Takoak jarri berriro, eta ordu eta erdiz-bi orduz aritzea sakatzen, airez sartzen, atzelariak errestoan... Perfekzionatzen. Lagunartean jokatu eta partidetan agian egin ezingo dituzun gauzak eginez.

Zer jartzen duzu zuk eskuak babesteko?
Denok babesten ditugu eskuak, gaur egun ezinezkoa da esku hutsik jokatzea. Garai batekoek esaten digute "horrela emango ez diozue ba! Lehenago eskuak txistuarekin igurtzita jokatzen zen..." Ba orain ezinezkoa da. Lehengo frontoiak ezberdinak ziren eta pilotak ere bai.
Bakoitzak bere erara babesten ditu eskuak. Nik esku azpi osoa estaltzen dut eta behatzak erebai (pun- tetaraino), bestela ezingo bainuke airez sartu. Gero, babesaz gain eskua nolakoa duzun ere asko esan nahi du: nik oso esku gogorrak ditut, ez dut kailu askorik izan eta afizionatu garaitik uste dut asko jota partida bat edo bi suspenditu behar izan ditudala.

Zertan aldatu dira, bada, frontoia eta pilotak?
Pilota egiterakoan haria nola estutzen den, halako pilota ateratzen da. Lehen gutxiago estutzen zuten pilota, eta piska bat bolumen handiagoa zuen... Oraingo materiala uste dut gogorragoa dela, pilotagileak konpaktuago eta txikiagoak egiten ditu eta indar gehiagorekin etortzen dira. Frontoiak, berriz, garai batean gehienak lehorragoak ziren, pilotak gutxiago tiratzen zuen, indar gutxiagorekin etortzen zen eta eskuek gutxiago sufritzen zuten.

Nola daramazu urtean 80 partida jokatzearena?
Ahal dudan bezala! Orain esaten da asko jokatzen dugula, baina garai bateko pilotariei galdetuz gero, uste dut gutxien ibiltzen zenak ere 110 partida jokatzen zituela urtean. Garai hartan oso torneo gutxi ziren, eta telebistak ez zituen ematen. Orain torneo mordoa daude eta telebistak ematen dituenez, badirudi egunero jokatzen ari garela. Asko direla? Udan agian bai, beti eskuak ongi dituzula jokatu behar baita, baina irailerako nekatzen bagara ere, niretzako uda da jokatzeko garai onena. Baina onartu behar da partida batzuetara saturatuta iristen zarela hainbeste bidaia eta partidekin. Batzutan bi partida segidan, atseden egun bat eta beste bi partida segidan tokatzen zaizkizu eta fisikoki hori nabaritzen da. Baina eskuak ongi izanez gero, ez dago partidak bereizten gehiegi ibili beharrik.

Eta hainbeste partidetan motibazioa mantentzen duzu?
Udan motibazio gabe baino, gehiago piska bat gogo gabe iristen zara: partida asko dira segidan, alde batetik bestera ibili behar da, estresatu egiten zara eta partidara piska bat erreta iristen zara. Baina nik frogatuta dut, partidetara joan, giroa ikusi, aldageletara sartu eta zure lagunekin hitz egitean (pilotaz ez beste denaz hitzegiten dugu), beste dena ahazten duzula eta partidan sartu eta izerditzen hastean irabazten saiatzen zara. Baina dudarik gabe neguan motibazioa askoz handiagoa da txapelketak daudelako, sailkapena dagoelako jokoan eta freskoago zoazelako partidetara.

Mentalki noa prestatzen zara?
Egia esan ez naiz partiden aurretik mentalki prestatzen. Txapelketetarako urduri eta izutia direnak prestatzea ongi iruditzen zait, uste dut hauentzat beharrezkoa dela. Ni partida guztietara ateratzen naiz ahal dudan ondoen jokatzera eta, partida batzuetan besteetan baino urduriago egoten banaiz ere, partida garrantzitsuen bezperan ere beti zortzi ordu ez, hamar ordu lo egin izan ditut.

Komeni al da pilotan lau enpresa egotea?
Nigatik hobe 400 baleude! Oso zinikoa litzateke besterik esatea. Pilotari batentzat zenbat eta enpresa gehiago egon, hobe. Konpetentzia gehiago dago, eta kontratuak negoziatzerakoan aukera gehiago ditugu. Hain kirol autoktonoa denez ez dagoela hainbeste enpresarentzat lekurik? Ba agian hala izango da. Ez dagoela hainbeste enpresa betetzeko maila altuko pilotaririk? Agian hori aztertu beharko litzateke.

150 profesional inguru zaudete. Denentzat lekurik badago?
Pilotarientzat hobe da lau enpresa egotea, baina, profesionaletara igo arren, beheragoko mailan dauden pilotarientzat egoera kaskarra da: goien gaudenok oso ongi gaude eta ezin gara kexatu, gure jornalekin ederki asko bizi daiteke pilotatik, eta arazorik badugu enpresek entzun egiten digute. Baina azpian daudenak dira sufritzen dutenak, beren jornal eta kontratuek ez dutelako berdin ematen. Agian horregatik dago pilotari gehiegi orain: nik nahiago nuke pilotari multzo txikiago bat eta hobe ordainduago bat balego, kontratu orekatuagoekin, ez goikoei asko eta behekoei gutxi ordainduz.

Zer ordezkaritza duzue pilotariek?
Egoera gordina da. Kirol denetan daude elkarteak eta, erabakirik hartzen ez badute ere, ahotsa eta iritzia emateko eskubidea behintzat badituzte. Guk ez dugu elkarterik, eta enpresen barruan ez dugu ordezkaritzarik. Uste dut federazioetan elkarte bat egon beharko litzatekeela, gutxienez gure arazoak eta ideiak azaldu, eta hitz egiteko. Horren errua ez diet enpresei eta federazioei botatzen, gure errua da, ez garelako inoiz elkartu.

Telebistak zer aldaketa ekarri ditu?
Guretzat erretransmisioak gehiegizkoak dira, badirudielako egunero jokatzen dugula, eta jendeak oso ikusita gauzka. Gainera beste komunikabideetara ere eraman gaitu telebistak (irrati, aldizkarietako elkarrizketak...). Baina pelotariak orain hobeto ikusiak gaude, hobeto ordainduta, irudi eskubideei esker lortzen ditugun kontratuekin pilotatik bizi gaitezke... Enpresak horri etekina ateratzen dio, eta ez balego telebistarik (horrek dakarren guztiarekin) pilotariok orain dela 10 urte bezala egongo ginateke, partiduko hainbateko bat kobratuz bakarrik. Eta uste dut telebistak eman arren jendea berdin berdin joaten dela partidak ikustera frontoira. Are gehiago: orain arte frontoira joan ezin zutenek (aiton-amonak eta gurasoen mende zeuden umeak) orain aukera ederra dute etxetik partidak ikusteko.

Apustuek zer inpresio?
Enpresa eta jendearentzat beste pizgarri bat gehiago da. Seguru nago ez balego apusturik eta "mil azul, mil colorao" kantatzen duen girorik, batzuek ez liratekeela partida bat ikustera bakarrik joango. Beti egon izan dira apustuak, gauza polita iruditzen zait eta oso ongi deritzot.

Zer alde dago afizionatu eta profesionaletako publikoaren artean?
Presioa askoz handiagoa da profesionaletan, baina frontoi bete bat frontoi bete bat da, oilo ipurdia jartzen dizu. Presioa sentitzen da, baina hori aldageletan uzten da eta motibatzeko askoz hobea da. Ehun pertsonek beharrean milak txalo jotzeak zure jokoan eragina du.

Errioxan adina jokatzen duzu Euskal Herrian. Zer moduz sentitzen zara?
Ni joan naizen leku denetan ongi hartu naute. Toki bakoitzean bertakoek irabaztea nahi izaten dute, normala da. Hori Gipuzkoan bezala gertatzen da Errioxan. Baina jendeak jokaldi polit bat ikustean berdin txalotzen du, nongoa den begiratu gabe. Pilotan ez dago futbolean bezalako forofismorik. Ni beti errespetatu naute eta oso ongi portatu dira nirekin frontoi denetan.

Zer alde dago Errioxako eta Euskal Herriko ikusleen artean?
Hemen, Errioxan, agian sutsuagoak dira, pasio gehiagorekin ikusten dituzte partidak. Ez dut uste pilotarien kontua denik, karakter kontua baizik. Euskal Herrian ez dira hain sutsuak, baina lurraldetik lurraldera ere badaude aldeak, eta Nafarroan sutsuagoak dira Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba aldean baino.

Nola dator Errioxako harrobia?
Hemen beti izan dugu jendea ateratzeko arazoa. Orain inoiz baino profesional errioxar gehiago gaude (12tik gora izango gara). Baina hutsune handi bat dator. Eskolak badaude, federazioak ere gehiago laguntzen du eta gauzak ongi egiten ari dira, baina 5 urtetik gorako hutsunea dator, eta jende berria ateratzen kostako zaigu. Aurrelariak bai, baina atzelaririk ez da ateratzen, agian gogorragoa delako.

Gaurko bizimoduak ez al du harrobi faltan eraginik?
Bai, dudarik gabe. Gure garaian eskolatik atera eta frontoira joaten ginen. Lagunekin ere frontoian geratzen ginen, ez baizeoen beste ezer. Gaur egun pilota eskolak daude, baina frontoi gehienak itxita egoten dira eta ordu zehatz batzuetan bakarrik jokatu daiteke horietan. Fijatuz gero dauden pilotari denak, egon direnak eta egongo direnak herri txikietatik atera dira, frontoi irekia erdi erdian duten herrietatik. Herri horietan umea nahi duenean doa frontoira, aspertzean alde egiten du eta nahi duenean berriro itzuli. Orain dena da programatuagoa, eta umeak egun batean gogorik ez badu eta frontoira ez badoa aste osoko entrenamendua galtzen du. Uste dut frontoiak irekita baleude askoz pilotari gehiago irtengo liratekeela, orain zaletasuna egon badago eta.

BERTSOA
Doinua: Leiho ertzetik

Riojak aurten behera egin du
hori da zabaldu dena
ta zerk uzten du afalondoko
aho gustorik onena?
Bi gantxo erdi lehenbizi eta
korri berezia hurrena
horixe da Titinena
sufrituta gozamena
ontzeko urteen beharrik gabe
frontoi denetan barrena
txapagainetan eta lurrean
geldituko den izena
Jexux Mari Irazu

BIZITZAREN PASARTEA
Nire aita eta osaba bikiak ziren. Aitak Augusto du izena eta osaba zenak Agustin (nire anaiak Agustin du izena eta nik Augusto). Haiek ere pilotariak ziren: aita atzelaria eta osaba aurrelaria (nire anaia atzelaria da eta ni aurrelaria... historia errepikatu egiten da). Elkarrekin jokatzen zuten (nahiz eta nire aita pasa zen profesionaletara) eta Augusto-Agustin "los Titín" ezizena jarri zieten (hortik datorkigu izena).
Istorioa askotan kontatu izan didate triciotarrek (ez dakit egia ote den, aitak beti ezetz esaten dit...): Garai batean herrietan pilota desafioak jokatzen ziren. Nire osaba ijitu baten aurka ari zen pilota desafioan eta ijitua erraz ari zitzaion irabazten. Eta osabak esan omen zion: "uf, iturrira noa, tragoa jotzera!". Nire aita tabernan omen zegoen, eta osabak esan zion: "Igo hadi frontoira, ijitu bat irabazten ari zaidak eta!". Eta esaten dute gure aitak joan eta partiduari buelta eman ziola. Eta ijituak esan omen zion: "baina gizona, zer ur edan duzu zuk!"

BERE HITZETAN
"Une onetan zurekin egotea erraza da, baina nik txarretan ere beti izan ditut nirekin (pilotazale errioxarrak). Asko lagundu didate."

Egunkaria 2000-03-13
"Asegarcetik, aldegin nuenagatik aldegin nuen, baina ez inori min egiteko. Niri Asegarceri buruz gaizki hitz egiten badidate, euren arrazoiak izango dituztela erantzungo diet, baina nirekin oso ongi portatu zirela."

Egunkaria 2000-03-09
"Pilotan eskatzen da uneoro sasoi betean egotea. Horregatik da horren garrantzitsua gauzak lasai hartzea. Urte guztia goian egotea ezinezkoa dela jakinda."

Egunkaria 2000-03-09
"Oraingoz buruz-burukoa baztertuta daukat. Nire mugak ezagutzen ditut. Agian urteren batean ongi aterako zait, baina horretarako kontrarioak esku bakarrarekin jokatu behar du eta nik nire posibilitateez gainetik."

Jai Berri 2000 Iraila
"Logroñon bizi naiz.) Astelehenetan eta asteazkenetan, ordea, beti igotzen naiz herrira semearekin. Aukera dudan bakoitzeko hemen izaten naiz, familiakoekin bazkaldu, afaldu, eurekin egoteko."

Egunkaria 2000-03-09
CURRICULUMA
Jaio:
Tricio-n (Errioxa), 1969an
Pilotaria .

Irabazitako txapelketak:
Eskuz-binakakoa: 1994. eta 2.000. urteetan.
Eskuz-binakako azpitxapeldun: 1993an.
Lau t{erdian Euskadiko azpitxapeldun 1997an.
Bikoteka, San Mateo ferian txapeldun azken 4 urteotan
Espainiako binakako txapelketa 1993an.

Neurriak:
Pisua: 85 kgr. Altura: 1'85 m

Lehen partidak:
8 urterekin Errioxako Herriarteko torneoan.

Profesionaletan debuta: Baños de Rio Toribian, 1992-9-13an, Asegarcerekin

Enpresa:
Aspe enpresan dago 2003a arte.

Futbolean eta boleibolean ere aritua.
Lana:
eraikuntzan eta gasolindegian.

ARGAZKIA
"(1997an Retegi IIren aurka galdutako finala) zerbait negatiboa bezala gogorarazten dit jendeak. Egia da 21-17 irabazten joanda galdu egin nuela, baina asko irakatsi zidan. Lau t'erdian jokatzea ez zitzaidan asko gustatzen, baina ordutik aurrera kariñoa hartu nion". Jai Berri 2000 Iraila


Azkenak
Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-23 | Julene Flamarique
Vidalina Morales, nekazaria eta ekintzailea
“Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere”

Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]


2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Zaballako espetxeko funtzionarioek “ezkutuko greba” hasi dutela salatu dute zenbait presok

Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]


Eguneraketa berriak daude