Ez dira hainbeste urte igaro emakumeak, oro har eta salbuespenak salbu, bere independentzia pertsonala eta ekonomikoa eskuratzen hasi zirenetik, gaur egungo gazte bat baino gehiagorentzat harritzekoa bada ere. Oraindik orain, 1970.enean kasu, "jauzi" horiek zeharo arriskutsuak iruditzen zitzaizkion gizon -eta, tamalez, emakume- dezenteri. Z. ARGIAren 395. zenbakian argitaratutako S. Larrearen "Emakumearen eskubideak" idazlanak horren froga garbia dirudi, behintzat.
AMAITU EZINEZKO ESKATZEAK
"Euskalduna" zeritzan editorialaren ondo-ondoan ezarria zegoen aipatu berri dudan lana, zutabetxo batean. Eta idazlea gizonezkoa zela baiezta dezaket, bere tripako minak azaltzerakoan adierazten zituen zenbait gauzatxorengatik. Horrela hasten zuen bere jarduna: "Oraintsu Espainiako legeak, lanaren arloan, lantokietan, emakume eta gizonaren eskubideak berdindu egin dituzte". Beno, eta zer? "Gure gizartean, aspalditik, emakumearen eskubideak, gizonaren bestekoak izan dira arlo askotan eta beste batzuetan gizonarenak baino andiagoak". Jakin beza mundu osoak! Baina Larrea jauna ez zen baieztapen borobil hori egitearekin konformatzen, inondik ere, eta berorren froga eskaintzen zuen gero: "Hori ikusteko horra hor hainbeste andra alkate. Guk, gizonok, eta batez bere mutil zahar geranok, eskubide hori ez daukagu, esan nahi dogu, alkate izateko eskubiderik ez daukagu, emakumeen besteko eskubideak, baina neska zaharrak bai ostera".
Esaten ari zenaren egiaztapenik nahi? "Bizkaian iru andra dira alkate, bata Bilbokoa, ezkondua bera, baina beste biak, Arteagan eta Ubidean, neska zahartxoak dira". Eta hori ez zen guztia: "Beste eskualdeetan bere orixe bera gertatzen da, gizon 'zindorik' ez bada agertzen, neska bat ezarriko dute alkate bezela".
Eta noski, horrelako gehiegikeriei aurre hartu beharrean zirela uste zuen Larrea jaunak. Bestela, "auteskundeen legeak aldatzen ez badira laster, datorren urtean, emakume geiago eukiko doguz alkateen jarlekuetan". Eta horretan bukatuko balira heltzear zeuden zoritxar guztiak, gaitz erdi! "'Psikologoa' ez naiz ni", argitzen zuen zintzoki, "batez bere, emakumeen mundua ulertzeko, baina esango neuke, gure gizaldian, iraultza berezi bat egin dala. Gure arbasoak sinestu ezin bestekoa. Gure aitetek edo amamek, ez zuten onartuko emakume bat, herrian, alkate izendatzea. Eta zer esan geinke egungo emakumeen jazkeraz gogoan artu ezkero? Eta emakume batzuen ohiturak gogoan hartu ezkero?". Zer esango zenuke zeuk, irakurle? Edozein gauza, ziurrenik, batez ere emakumea bazara. Gure idazleak, ordea, ondo hausnartua zeukan gaia eta, ondorioz, erabakia bere epaia: "Gaixoak!". (Ikus jarraipena Hemerotekan).
EUSKALTZAINDIA GAZTELERAZ PENTSATZEN
Mamitsua bazen Larrea jaunaren lana, Gaztañaga jaunarena zer esanik ez. Pare bat aste aurretik sagardotegiei egindako bixitaldian indarrak hartu ondoren, kezkak uxatzeko erarik onena aurkitu zuela ematen zuen. Han zetorren, behintzat, "'Euskaltzaindiaren oharra' dela-ta" erantzun zezakeenari galderatxo samur batzuk egiten.
Hasteko, aipatu oharraren mamia gogoratzen zuen: "Joan dan Uztailaren 29-an, Donostian, Gipuzkoako Diputazioaren Jauregian, euskaltzain osoen arteko batzarrean, ikusirik 1968-ko Arantzazuko batzar eta erabakien buruz, iritzi desberdinak daudela, erabaki zen euskal-aldizkari guztietara ohar bat bidaltzea argituaz zenbait pundu". Ederki, iritsia zitzaion bere galdeketa hasteko garaia: "Nola ulertu bear ditugu itz oriek? 'Euskaltzain osoen arteko batzarrean al daude iritzi desberdinak'. Edo-ta, 'euskaltzain osoen arteko batzarrean... erabaki zen?'. Ez al zitekean euskaraz jatorrago idatzi? Gazteleraz pentsatua itzez itz itzuli gabe, ez al zitekean egokiago esan? Orrela idatziaz eutsiko al dio lemari Euskaltzaindiak?".
Askoz galdera gehiago zituen golkoan, bistan da, baina den-denak hemen errepikatzerik ezin ditudanez, labur dezadan historia: Antza denez, Gaztañaga jauna beldur zen zenbaitzuk -euskara batuan "h"a onartzearen aldekoak, zehatz-mehatz esanda- bere helburuetarako Euskaltzaindiaz baliatu izanaz. Eta hori ororen begi bistan jarri nahiean zebilen: "'Onhartuak izan dira, ikusi dugunez'. 1'go: Zer adierazten dute itz oriek? Zeintzuk dira onartzaille? Itz orietatik ageri danez, euskaltzain eta bestelako, batzar aietan zan taldea, aitortzen du Euskaltzaindiak onartzaille. 2'go: 'Ikusi dugunez'. Zer adierazten dute itz oriek? Euskaltzaindiaren iritzia eta erabakia? Ala balitz, etzukean esango 'ikusi dugunez', ezta etzukean esango 'onhartuak izan dira' ere 'onhartzen ditugu' esan ezik, nork uste dezake, Euskaltzaindia mintzo danik? Eta nork uste dezake Euskaltzaindiaren iritzia eta erabakia danik, bestearen aoz, taldearen aoz ari dan bitartean?". Itxura guztien arabera, bera behinik behin etzen uste hortakoa...
Hamabi urte euskal ekonomian (1955-67)
Hamabi urte euskal ekonomian (1955-67)
Gurutz Ansola, 1970-IX-27X. Euskal industriaren azterketa. (...) Karkuluak bide horretatik amanaz gero, bada, euskal metal-industria, Estadukoa baiño motelago agertzen da. Bestela esan -birresateko gertakaria danez-, atzeraturik gelditzen doala gure industriarik zabalena eta nagusiena. (...)
Euskal industriaren krisisa duela hamabi urte agertzen hari baldin bazen ere, atzeragoko hogei urteetan izan ziren eraikiak, nahitaez ondatu behar zuten industri-egitura traketsak. Haatik, 1958-an, Espaiñiaren ekonomia mugak mehetzen hasten diren urtean, nabaritzen da gure industriaren kinka larria. Alde batetik, kanpoko eta Estadu barrengo merkatu lehiaketa bizkortzen da. Beste aldetik, "hirugarren belaunaldiko" industriak sortzen hasteko ordua jo du: mekanika fiña, elektronika, kimika aurreratua, lanabesa-makina handi eta lankorrak... Hitz bitan, teknika garaia eta langille jakitun eta trebatua eskatzen dituzten lantegi berri oraingoak. Baiñan horiez gain, industria berriak zera eskatzen du: kapital andana ugaria tresneriaren erosteko, eta infraestruktura egokia lantegien kokatzeko. Aro berri hau galtzen goazela, ez dago zalantzarik. Lantegien eraberritzea, autofinantzat egiten da parte on batez. Bizkaiak autofinantza iturria arras oparoagoa dauka Gipuzkoak baiño. Lantegi zaharrak arranberritzeko modurik ez eta nolaz sortu eta eraiki ezinbesteko ditugun hirugarren belaunaldiko lantegi berriok? Banketxe industrilariak eta talde finantzariak dira industria berriak sortzen dituztenak, Jakiña, kapitalismo honek irabazpide eta etekin handienak erdiesteko hobena den "lekualdea eta giroa" aukeratzen du. (...)
Hauek honela direlarik Euskal-Herrian zer? Infraestruktura deskapitalizatzen doalarik; diru kapitalen merkaturik ia deus ez dugularik (Gipuzkoan behintzat); Estaduaren xedeak "hazpide poloetan" daudelarik; ez dator gure herrira kapital finantzalaria, industria ze aro berriak eraikitzera. Beraz, ez dago "goitik", ezinbesteko dugun eraberrikuntzaren laguntzarik, ez indarrik.