"KOMERTZIOAK AGINTZEN DU ETA EZ MEZUAK"

  • Tortila pintxoan antxoa bigotedun bat litzateke, 'euskal autentikotasunaren' gainean latoi zaporea jartzera ausartzen den antxoa ausarta. Trikitilari berdaderoak zurikeriazko kopla gutxi, nahiz eta momentu konprometituetan baliabide hori erabili ("maitatzen zaitudalako kantatzen dizut zuri..."). Bere abestietan munduak saunako aluzinazioen forma du, paranoikoa, baina egun batean ohartzen zara denok garela erokeria horren parte, guztion alderdiren bat karikatura bihurtu baitu abestietan.
Trikitixa Elkartearen sortzaileetako bat zara eta bertan ari zara lanean. Zein proiektu ditu orain esku artean?
Liberatu bat hartu dugu, borondatezko talde bat izan gara orain arte eta zaila izan zaigu funtzionamendu normalizatu bat eramatea. Eskaera asko ditugu trikiti egunak eta omenaldiak antolatzeko. Eskolen arteko harremanak, irakaskuntzari buruzkoak, erromeriak, txapelketak... Lan asko daukagu.

Ez al doa geldo xamar? Ez ote da trikitiaren mundua antolatuko duen proiektu orokor bat falta?
Bai hala da, baina beti egon da horrela. Oso mundu indibiduala da trikitilariarena. Bakoitza bere aldetik ibiltzeko ohitura dugu. Lanerako ere etxera deitzen digute eta arazo jakin bat azaltzen ez bada behintzat oso eroso iraun dezakegu bakardadean. Mantso goaz baina ilusio handia dago, halere. Artxibo talde bat badugu eta doinu, diskografia, partitura, metodo, argazkiak biltzen dihardu. Azpiegitura falta dugu ordea eta materiala sakabanatu xamar daukagu.
Iparraldeko egoera ere zaindu behar genuke. Hala ere Iparraldean zaletasun dezentea dagoela esan behar dut. Baina badago zailtasunik gehiago zabaltzeko. Borondatezko jendea han ere eta laguntza gutxi.

Zein berrikuntza eman da trikiti munduan azken 10 urteotan?
Ikaragarria! Instrumentua bera ez da asko aldatu baina jotzeko modua bai. Trikitilaria bera ere irekiagoa da musikalki nahiz eta komertzialkerira erortzeko arriskurik badagoen. Gaur egun trikitilariek beraiek konposatzen dituzte beren kantuak eta bakoitzak bere ekarpena eta proposamena egin ohi du. Hala ere nahiko lege karratuak dituzte trikitiak eta porrusaldek. Hamasei konpasez osatzen dira parteak eta horrela dantza ere nahiko normal egin daiteke. Hala ere aldaketa ez da dantzari begira egiten baizik eta musikari begira.

Instrumentuari aldaketarik sartuko zenioke?
Quebec-en lerro bakarreko soinu diatonikoa erabiltzen dute, Kolonbian, Mexikon, Texasen hirukoa, Frantzia eta Italian jole bakoitzak bere sistema asmatu du, Irlandan bi lerrokoa erabiltzen dute eta tonu erdiko tartea dago bi lerroen artean, Euskal Herrian ere bikoarekin moldatzen gara baina lau tonutako tartea dugu bi lerroen artean... Munduan klase askotako trikitiak aurki ditzakegu eta esperimentatzeko tentazioa ere ematen du. Hala ere guk Elgetaren garaiko soinu berarekin jarraitzen dugu.
Instrumentua ez da garrantzitsuena ordea, jolea baizik. Berak esaten duenari erreparatu behar diogu, eta ez hainbeste zerekin esaten duen edota ze hizkuntzatan esaten duen. Batzuk esku soinua erabiltzen dute, beste batzuk gitarra.

Zer iritzi duzu txapelketaz?
Nahasmen handia dago nola epaitu behar den kontu horrekin. Zaila da iritzi berdin bat topatzea eta honela frustazio eta haserre handiak sortzen dira. Garrantzi handiegia ematen zaio txapelketari. Antolatzaileek propaganda ahalik eta handiena egin nahi dute espektazioa handitzearren eta gurasoak ere beren etxekoen alde edozer egiteko prest egon ohi direnez... askotan kontrakoa ere lortzen dutela iruditzen zait. Ikaragarria da generazio gazteei egiten zaien iruzurra.

Trikiti Pieza Berrien Txapelketa ez al da estiloa berritzeko bide bat?
Tamala bada ere, ez dut uste horrela denik. Beste zerbait dago antolatzaileen buruetan, trikitiaren berrikuntza edo norbaitek deituko liokeen bezala trikitiaren salbazioa baino; arrazoi komertzialak egongo lirateke. Bestalde sorkuntza ere baldintzatu izan dute beraien legedia ezarriz. Legedi honek ez dio askatasun osoa utzi sormenari. Erabaki politikoa da; ez zaie komeni garai bateko trikitia bere horretan (baserritarregia) potentziatzea. Ez zaie komeni gehiegi aldatzea (autentikotasuna gal ez dezan).

Zu txapelketa-kumea zara. Txapelketak ondo ez badaude, zein beste modura promozionatuko zenituzke trikitilari gazteak?
Txapelketek ez dute garrantzi handirik gaur egun. Promozioa beste bide batzuetatik doa. Askozaz garrantzitsuagoa da udako kantu atxikikor bat Euskadi Gaztera eramatea. Horra formula majikoa! Aukera gehiago izango lukete hortik. Zenbat eta rockeroagoa eta letra arinekoagoa izan hobe. Kontuan izan Euskal Herriko taberna jatorrenetan ere "La bomba" etengabe jartzen dutela... Atera kontuak.

Tapia eta Leturia Band: sekulako ikuskizuna ematen zenuten. Nolatan itzuli zarete erromeri formatora?
Tapia eta Leturia Band oso esperientzi polita eta umoretsua izan zen. Probokazio txiki bat zen, trikitilariak rock egiten? Baina ez gintuen probokazioak bakarrik animatu bide hartara; Euskal Herrian egoera ez zen gaurko bera. Garai hartan musika zuzenean entzuteko zaletasun handia zegoen, batez ere rock edo soinu elektrikoa; ahal bazen gogorra entzuteko. Gure gustukoa ere bazen eta eszenatokietako mugimendu hura erakargarria suertatzen zitzaigun. Hala ere formatu hark publiko asko eskatzen zuen eta ez zegoen horrenbeste guretzako.

Herriko festetan, plazako giroa ez al da pasa tabernetara?
Bai, gaur dibertsioa beste era batera lortzen dute gazteek. Tabernak garrantzitsuak izan dira aspaldidanik baina gaur egun gehiago. Musika behar da baina ez zuzenekoa. Eta tabernetan musika komertziala jartzen dute axola handirik gabe. Bertara doazenak horixe nahi dute gainera, beraz konforme guztiak. Egoera hau interesatua da. Hemen ere komertzioak agintzen du eta ez mezuak. Azkenean gustuen eta ohituren aldatzea dakar egoera honek.

Abestien hitzei garrantzia ematen diezu, eta literatura nahasten lehena zara.
Garrantzia eman behar zaio hitzari. Hitzaren edertasuna bilatu nahi duenak literaturara jo beharko du. Arriskua dago edertasun formalean gelditzeko baina ez dut uste "Apoaren edertasunean" edota "Quebec"en gertatzen denik. Jendeak estimatu egiten ditu letra onak, hunkitu egiten dutelako. Honetatik ondorio interesgarriak atera litezke. Entzulea ez da ergela, nahiz askotan ergeltzat hartu. Seguruenik guk geuk ergeltzen dugu entzulea gure kopla batzuekin. Edozer gauza musikatzen da, ez da sinestekoa zenbaterainoko txarrak, zarpailak eta erreakzionarioak diren letra batzuk. Trikitia jaso nahi badugu, alderdi hori ere zaindu beharko dugu, transmititu beharko dugu mezu aurrerakoi bat, modu eder eta zinez moderno batean.

Nolatan bukatu da Hiru Truku?
Hiru famatu juntatzeagatik gertatzen da hori. Bakoitzak berean nahiko lan eta Hiru Trukurentzat ez genuen leku gehiago gorde.

Kantautoreekin jo izan duzu: Duhalde, Ruper, Laboa, Artola... Ba al dator kantautoreen generazio berririk?
Ez naiz oso optimista etorkizunarekin. Etsai asko eta gogorrak dauzka gure identitateak. Dagoeneko generazio berriak multinazionalen mende ikusten ditut eta euskaldungoak horri aurre egiteko ganorarik ez duela esango nuke. Hala ere balegoke kantautoreentzat kantatzeko gairik

Ez al da posible multinazionalen bidez euskal kultura munduan barrena ezagutaraztea?
Ez dut uste multinazionalek inongo kultura minorizatu zabaltzeko kezkarik dutenik. Dirua da beraien xedea. Komertzioa, salmenta... merkatu txikiak ez dira interesgarri. Merkatu handiak eskuratu nahi lituzkete etekin handiak lortzeko. Beraz musika aukeratu edo sortu, beren legeetara makurtu eta azkenik saldu egiten dute. Prozesu honek okerrerako aldaketa eragiten dio hasieran interesgarria izan zitekeen ideiari.
Beti izan behar da mesfidati multinazionaletatik datorrenaz, atzean beti egongo baita gaur egungo jainko bakarraren (dirua alegia) atzaparra ezkutaturik.

Guri heltzen zaigun kanpoko musika ere multinazionalen esku dago. Kanpora egin dituzun bidaietan, zer topatu duzu?
Kanpoan antzeko egoera bizi dute. Musika, jokabidea eta dibertsioa berdintsua dago kanpoan. Folk musika ere asko saltzen da munduan eta noski, hor ere multinazionalak buru-belarri sartu dira eta kaka nahasten ari dira. Bio musika tradizional berria sortu dute; forma eta estetika hutsa proposatzen dituena eta ez dute mezu politikorik nahi. Hobeto esanda, beraien politika erreakzionarioa ez den beste ezer ez dute entzun nahi. Instrumentu tradizionalekin birtuosismoa estimatzen da batez ere eta zelta usaina badu askoz ere hobe.

Lehendabizi akordeoi handia jotzen ikasi zenuen. Nola oroitzen duzu Bikondoarekin pasatako haurtzaroa?
Guretzat Bikondoa aita moduko bat izan zen. Laineza asko ematen zigun eta animatzen gintuen egunen batean handiak izango ginela esanaz. Akordeoi kontenporaneoaren bidean abiatu gintuen eta txapelketa askotan parte hartu genuen. Akordeoi kromatikoari ematen zion garrantzia. Trikitia eta horrelakoak ez zituen asko maite, edo ez zituen instrumentu serio bezala ikusten. Solfeoari garrantzi handiegia ematen zion eta gure musikalidadea lege zorrozpean osatu zen. Hala ere musika berak irakatsi zidan eta hasiera berarekin eman nuen. Berari zor diot naizenaren zati bat behintzat.

Gero zure osabarekin hasi zinen trikitia ikasten; gainera hark ere nahiago zuen zuk akordeoia jotzea.
Soinu ttikiak ez zuen gaur duen estimaziorik eta solfeoa eta kontserbatorioa ziren musiko izena lortzeko bide bakarrak. Gainera konplexu handia zuten trikitilariek, beraiek. Soinu handi joleak oso harroak ziren eta horrek okerrera eragiten zuen trikitilariengan. Marradun papera irakurtzen ez jakiteak lotsagarri uzten zituen soinu handi joleen aurrean eta musiko ez zirela uste zuten. Eta pixkanaka trikitiak galtzeko bideari ekin zion. Gu saiatu ginen trikitiaren sekretuak ikasten eta dezente ikasi ere. Baina oraindik badaukagu zer ikasia lehengoetatik.

Zuen familian trikitiarekiko zaletasun handia izan da.
Familian trikitilariez inguratua nengoen eta ni begira egoten nintzaien harriduraz, lerdea neriola. Nire osabak heroi modukoak ziren niretzat, soinu bizia ateratzen zuten kolorezko, egurrezko altzari batetik. Nortasun sendokoak ziren eta hizketa azkarrekoak. Gero trikitiarekin hasi nintzenean gelditu gabe aritzen nintzen egunak zituen ordu guzietan. Ingurukoek ezin ninduten jasan. Nire osaba Eleuteriok esana: "Sekula ez ezak tripa hutsarekin soinurik jo!".

Ikasleen errepertorioan zer falta dela uste duzu?
Irakasleek modan dauden kantuak erakusten dizkiete eta horixe eskatzen die gizarteak ere. Alaitz eta Maider, Gozategi, Etzakit... Kantu politak egiten dituzte gainera. Fandango eta arin-arin mordoxka ere ikasten dute eskoletan, kalejirak, mexikarrak... Agian eta eskatzen hasiz gero kantaera eta dantzako erritmoak landuko nituzke gehiago. Erakutsi dantzak izan dezakeen garrantziaz eta kantaera on batek duenaz ere. Tradizioaren sekretuak eta gero beraiek beren estiloa deskubritzera bultzako nituzke. Irakasleak ez daude elkartuak, bakoitzak bere legea jartzen du. Planifikazio orokor bat beharko litzateke, eskola bateratuago bat.

BERTSOA
Doinua: Betroiarena
Ikuilu barrenian...
trikitixa sena?
Hori edo zer ote da
Tapiarena?
"Juergasmoan" hasita
"Ero"tu hurrena
"Truku" kantu zalea
Apo ederrena
Québecen barrena...
erromeriena...
"ez du okerrena
buruko errena"
Apurtzen eta sortzen
badakiena.

Jexux Mari Irazu
BERE HITZETAN
"Arteak balio behar du kezkak sortzeko, probokatzeko, mundua aldatzeko... bestela ahalegin hutsala besterik ez da"

Gara, 00-08-20
"Trikitixa Elkarteak dirulaguntza eskatu zuen, baina Guggenheim-en afera zela eta ukatu egin zioten. Kolpe gogorra izan zen""

Argia, 93-10-24
"Ez dut uste konplexurik gabeko gizarte bat nahiko nukeenik. 'Konplexu' hitza bera negatiboa da, baina askotan gure ezinak eta desorekak garbi ikusten ditugu horrela. Autokritika beharrezkoa da""

Argia, 95-06-04
"Donostiako Jazzaldian parte hartu genuen eta arrotz sentitu nintzen erabat. Guztia ingelesez edo espainolez egiten dute. Musikak eta identitateak ez dute garrantziarik antolatzaileentzat. Eta musikak eta identitateak lotuta egon behar lukete""

Gara, 00-08-20
"Horrelaxe imaginatzen dut (nire burua, Rufino Arrolaren modura, 86 urterekin eta plazaz-plaza). Ez dakit adin horretara iritsiko naizen, baina uste dut beti ibiliko naizela trikitixaren inguruan""

Argia, 95-06-04
"Euskal Herrian musika estilo bat miresteko ohitura dugu, eta estilo horren barruan talde bat""

Argia, 95-06-04


BIZITZAREN PASARTEA
Eszenatokietan gabiltzanetik hainbat bitxikeria ezagutu dugu. Azkenekoa Bilboko festetan pasa zitzaigun.
Bilboko Pergolan antolatu zen festa, mila bat pertsona bildu zen bertan eta erromeria polita antolatu zen. Ordu eta erdi pasa genuenean jendea txistuka hasi zitzaigun. Baina guk ezin genuen ulertu zer gertatzen zen; jendea dantzan zebilen eta begiratu hutsean gustura zeudela zirudien. Probatu genuen denetarik: mexikarrak jotzen hasi ginen, vals lasaiak, trikitilarien "hit" ezagunak... Gero jakin genuen bukatzea nahi zutela ondoren beste ikuskizun bat zegoelako. Azkenean barkamena eskatu genien.

CURRICULUMA
Jaio:
Lasarten, 1964an.

Trikitilaria.
Musika ikasketak:
7 urterekin hasi zen akordeoia jotzen eta 15 urte arte Bikondoaren klaseak hartu zituen. Orduan utzi zuen soinu handia txikia eskutan hartzeko, eta osaba Eleuterio izan zuen maisu.

Txapelketak:
86 eta 87 urtetan irabazi zuen Trikiti Pieza Berrien Txapelketa.

Irakasle:
Hernaniko kontserbatorioan trikitixa, pandero eta solfeo klaseak eman zituen 1982tik 1987ra.

Diskoak:
Tapia ta Leturia bikoteak lau disko eman ditu: Jo ta hautsi, Juergasmoan, Tapiatarren trikitixa eta Dultzemeneoa. Talde ezberdinetan aritu da eta hauen emaitza dira Zaldibobo, Tapia eta Leturia Band eta banda beraren Ero diskoa. Eta beste kasu hauetan, berriz, diskoa izan da lanaren ardatza: Mendebaldeko kantu zaharrak ezagun egin dituen Hiru-Truku I eta II, trikitixako errepertorio zaharra biltzen duen 1988 disko bikoitza, Koldo Izagirrerekin poesia eta trikitia uztartu dituen Apoaren edertasuna, Xabier Amurizarekin batera berreskuratutako Bizkaiko kopla zaharrak eta independentziarako 14 doinu biltzen dituen Quebec.

ARGAZKI ZAHARRA
1971, Pariseko txapelketa batean. "Autobusa bete ume joan ginen. Denek trofeo bana jaso eta oso kontentu itzuli ginen".


Azkenak
PAIren biktima guztiak

PAIk sortutako biktimak ez dira bakarrik PAIren Legeak eragindako egonkortze prozesuari esker funtzionarizatutako irakasleak, baizik askoz gehiago. Batzuei nolabaiteko ikusgarritasun mediatikoa eman zaie Steilasek jarritako errekurtsoaren ondorioz; gehienak, alabaina, ikusezinak... [+]


Erriberarako kalitatezko trenbide zerbitzu publikoaren alde

Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik kanpo beste bat egiteko... [+]


Ez goaz gerrara. Gerrarik ez, ez gure izenean!

Gerra Urte, Gezur Urte!

Horrela dio esaldiak eta horrela berresten du errealitateak.

Munduan eta Europan dagoen gerra-egoera, horren gorakada etengabea eta horrek Euskal Herrian izan dituen eta izango dituen balizko ondorioak aurreikusita, joan den abenduan hainbat... [+]


Laga hondartza leheneratzea

Laga hondartzaren ezaugarri naturalen leheneratzea duela hiru hamarkada abiatu zen, eta aurrera darrai etenik gabe, erlojuz kontrako lehengoratze mailakatuan.

Laga (Bizkaia) gune aparta da, natura eta gizarte ikuspegitik oso esanguratsua. Kostaldeko legeak eta Urdaibaiko... [+]


135 preso politiko daude eta 66 ateratzen dira kalera baimenen batekin

Larunbat honetan egingo da Bilbon euskal preso politikoen aldeko urteroko manifestazioa. Gero eta preso gutxiago dago, baina 2011n ETAk bere jarduera armatua eten zuenean inork gutxik irudikatuko zuen handik hamabost urtera oraindik gatazka haren ondorioz espetxeratutako... [+]


Lortu da. Lortu duzue! Lortu dugu. Zorionak eta eskerrik asko

Hainbeste urte borrokan horren atzetik ibili ondoren, 34 urte, hain zuzen, oso pozik gaude orain egun batzuk, abenduaren 28an Inuzente egunean, Iruñean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatu zuen batzarrean hartu zen erabakiagatik. Zeren ondo bidean,... [+]


Estatu aparatuetatik Juan Mari Jauregi eta bera hil nahi izan zituztela esan du Maixabel Lasak

Donostiako La Cumbre Jauregian bizi ziren orduan Juan Mari Jauregi senarra eta bera, lehena Gipuzkoako Gobernadore Zibila zen garaian, 1990eko hamarkadaren erdialdean. Jauregi 2000. urtean hil zuen ETAk Tolosan.


Noizko berrikusi ANren prozesuak eta epaiak

Jar gaitezen 2025erako proposamen politiko gisa, Espainiako Auzitegi Kolonialaren (AN) epai guztiak berrikusten hasteko eta makila bakoitzak bere belari eusteko.

Unionismoarekin lerrokatutako alderdi, sindikatu eta gizarte-erakunde gehienek, eta ez bakarrik horrela... [+]


Espainiako monarkiak Nafarroako Vianako Printzearen sarietan parte hartzeari ezetz esan dio Parlamentuak

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak bat egin dute  Borboiak Nafarroako kultura sari nagusitik at gera daitezen. Espainiako erregeak 2015etik, Uxue Barkos lehendakari zenetik, ez daude ekitaldi handi honetara gonbidaturik.


2025-01-10 | Gedar
Ate birakariak: Gasteizko klinika pribatu bateko zuzendari izango da Gotzone Sagardui

Vithas San José klinikak fitxatu du Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia, kargu publikoa utzi eta urte eta erdira.


Hodeiak murrizten ari dira, klima-aldaketaren kalterako

Hodeiak murrizten ari dira eta horrek eragin nabarmena du klima-aldaketan, NASAko ikertzaile-talde batek ondorioztatu duenez. Terra satelitearen datuak aztertuta, ikusi dute azken 20 urteetan, pixkanaka, baina etengabe, murriztu dela hodeien estaldura. Amerikako Batasun... [+]


Arartekoaren ustez, Martuteneko Agustindarren eraikineko operazioa barruan zeudenak identifikatzeko egin zuten

Iazko martxoaren 14an, polizia operazio handi bat izan zen Martuteneko Agustindarren eraikin okupatuan, Udaltzaingoaren, Ertzaintzaren eta Espainiako Poliziaren eskutik: 56 lagun atera zituzten eraikinetik eta 29 Espainiako Poliziaren komisariara eraman zituzten,... [+]


2025-01-10 | Sustatu
Applek albiste-laburpenak asmatzen ditu inolako axolarik gabe

Adimen Artifizialarekin egindako disparateen biltegia handitzen ari da. Erabiltzaile arruntok sortutakoak txorakeriak izan daitezke neurri handi batean, baina Interneteko erraldoiak berak ari dira halakoak errepikatzen eta horrek larriagoa dirudi, eragin globala izan... [+]


Erizain indigenek herri zapalduentzat ekitatezko osasun zerbitzua aldarrikatu dute

Garbiñe Elizegi baztandarra erizaina da. Abenduan, Zeelanda Berrian egin duten Osasun Ekitaterako Erizaintza Indigenari buruzko Ikerketa izenburuko bilkuran hartu du parte. Bere tesia aurkeztu du: Euskal emakumeek eta genero ez-normatiboek Euskal Herrian osasungintzan... [+]


Eguneraketa berriak daude