UNIBERTSITATEKO BITXIKERIAK

  • Lea-Artibaiko bihotzean dago Markina, giro pilotazalean "Unibertsitatea" ezizena hartu duen herria da. Bere inguruan hainbat interesgune bisitatuko ditugu, hau da, Markinako alde zahar interesgarriaz gain bere menpean den Bolibar herriska (Simon Bolibarren sendiaren jaioterria izateagatik horrela deitua), ondoko Ziortzako Kolegiata-Monastegi lasaia, eta baita euskal baseliza "desberdin" bat, Arretxinagako Mikel Deunarena. Orokorrean, aste honetan bitxikeria atseginez bustitako ibilbide lasai batera gonbidatzen zaituztegu.

2007ko otsailaren 21ean
Munitibarreko bidegurutzera itzulita, eskumara eginez Iruzubieta-Markinarako bidea hartuko dugu. Konturatuko zareten moduan berau bigarren edo hirugarren mailako errepidetxoa da, beraz lasai joatea gomendatzen dizuegu.
45. km.an Gontxagarrigaina pasa ostean, jada Ziortza dugu ikusgai. Beharbada pinu asko soberan dituen paisaia polit honetan zehar, beste 3 km.ren bueltan Bolibarko sarreraraino iritsiko gara, baina herritxoan bertan sartu aurretik eskuinerantz desbideratuko gara. Gorantzako bideak pare bat kilometrotan Ziortzako Kolegiata entzutetsura hurbilduko gaitu. Oso aintzinako monumentu interesgarri hau, hainbat mendetan zehar Kostaldeko Santiagoko Bidearen ospitale-monastegi garrantzitsu izandakoa da.
Oraingoan bai, Ziortzatik jaitsi ondoren, Ameriketako Askatzailearen sendia bizi izan zen herriska zeharkatuko dugu, izena ematen dion Simon Bolibar handiaren omenezko zenbait monumentu eta elizpe ikusgarriaren ondotik.
Markinarantz goazela, pare bat kilometrotara denbora luzez bidegurutze-funtzioa izan duen Iruzubieta auzunean ezkerrera joko dugu. "Pilotaren Unibertsitate"ra, hau da, Markinara hiruzpalau kilometrotan iritsiko gara, sartu baino lehen ezkerrera Aulesti edo Santa Eufemiara hurbiltzeko bigarren aukera dugularik (lehen ezin izan baduzue oraingoan aprobetxatzea gomendatzen dizuegu).
Herri pilotazale honetan alde zahar interesgarria duzue, eta udalerrian zehar hainbat dorretxe, jauregi eta eraikin erlijiotsu ikusgarri. Horietatik harrigarriena, herria Ondarroa-Lekeitiorantz zeharkatzen ari garela, eskumara aterako zaigun kale-bideak hurbilduko diguna da: Arretxinagako Mikel Deuna Baseliza (probaleku ondoan), sainduaren irudia zaintzen duten hiru arroka erraldoiekin.
MARKINA
MARKINA
Euskal Herrian euskara gehien entzuten den eskualdeko bihotzean kokaturiko herri atsegin hau pilotarekin duen harreman estuagatik ere oso ezaguna da.
Horrela, Markina eta bere ingurua betidanik euskal kirolik internazionalenaren, hau da, xisteraren harrobi oso garrantzitsua izan da, eta horrenbestez bertako frontoia Pilotaren Unibertsitatea izenarekin ezagutzen da.

Laburpen historikoa
Hiria 1355ean fundatu zen, bertakoek eskaturik eta "Villaviciosa de Markina" izenarekin. Eskatzearen arrazoia zera izan zen, Gipuzkoaren ondoan egotean alde honetatik egindako eraso eta lapurreten menpean bizi zirela.
Horrela, urte horretan Don Tello Bizkaiko Jaunak harresiz inguratutako hiria eraikitzeko baimena eman zien, lehenbiziko urteetarako zenbait pribilejio ere luzatuz. Ordudanik, Markinak, beste herri askok bezala, lurralde eta botere ahalik eta gehien edukitzearren sendien arteko liskarrak ere ezagutu zituen, dorretxe ugariek erakutsi moduan. Azkenik, Ameriketarako migrazio handia ezagutu duen inguruan kokatzen da (azken mendean xisteran aritzeko pilotari asko joanak dira); industrializazioak indar handiz eragin ez duen nekazal inguruan hain zuzen.

Alde Zaharra
Markinako erdigunean 1883an Euskal Jaiak ospatu ziren zelai triangeluarra dago, herriko atseden eta ekintza-leku nagusia.
Hiruki honen eskuinaldean Pilotaren Unibertsite ospetsua dugu, Markinako frontoia. Lehenbiziko pilotalekua 1798koa izan bazen ere, gaur ikus dezakegun moduan 1965ean inauguratu zen. Zelaiaren beste aldean berriz, Merced Komentu-Eliza dugu. Komentua 1635etik esistitzen da (aurretik Xemeinen zegoen), eta gurutze latindarreko eliza 1793koa da. Azkenik, Hirukiaren hirugarren aldearen atzean Alde Zaharra hedatzen da, Zear Kaleak mozten dituen Guen, Eraiko, Okerra eta Osteko kale paraleloek osatzen dutena.
Alde Zahar atsegin honen alboan Goiko Portala izeneko plaza polita dago, eta bere albo batean Karmengo Komentu-Eliza. Komentua 1691n fundatu bazen ere, eliza 1724an amaitu zen. Bertan, aurrealdean ageri den Karmengo Ama Birjinaren irudia eta barruan apaingarriz betetako aldare barrokoak azpimarratuko ditugu. Plazan bertan 1787ko Karmengo Iturri handia ikus dezakegu, eta beste aldean Solarte Jauregi klasizista.
Alde Zaharreko beste eraikin interesgarri batzuk aipatzearren: Antxia Dorretxea (herriko eraikinik zaharrena dena, harlanduzkoa eta leiho gotikoekin), alboko Ansotegi Jauregia (erreparatu ezazue bigarren solairuko hutsarte edo leihoetan), Udaletxea (XVII.eko zortzi zutabe barroko erakusten dituena), honen aurreko Andonaegi Jauregi barrokoa (Murgatarren armarria erakusgai duena)...

Xemein
Zelaiaren alboko bidegurutzean sortzen den izen bereko etorbidetik metro batzuetara 1952an Markinari anexionatu zitzaion Xemein auzoa dugu (Markina-Xemein izen ofiziala sortuz).
Bertan zenbait dorretxe interesgarri dugu, hala nola, Barroeta (dorretxe baino jauregi itxura gehiagoz, XVI.ean berreraiki eta XVII.ean handitua, bertan Belgikako Fabiola Erreginaren aitona jaio zen), Bidarte, Ubilla, Kareaga eta Ugarte izenekoak.
Baina beste ezeren gainetik nabarmentzen dena Markinako parrokia den Xemeingo Jasokundeko Andra Mari Eliza erraldoia da. Lehenbizi monastegia omen zena XVI.ean Berpizkundeko tenplu bihurtu zen.
Kanpoaldetik (pinakuludun kontrahorma indartsuak ezik) itzelezko eliza bat besterik ikusten ez bada ere (Bizkaiko areto-elizarik handiena da), barrualdean gurutzeria-sabaidun hiru nabeak askoz ederragoak dira.
Alboko hilerri klasizistak ere bisitatxo bat merezi du. 1851n egina, gainetik pasako dituzuen antzinako hilobien artean elementu neogreko eta neoegipziarrak daude.

Arretxinagako Mikel Deuna
Berriz ere bidegurutzera itzuli, eskubira jo eta piskat aurrerago ere eskubira eginez, Arretxinaga Etorbidetik oinez hurbil dagoen izen bereko ermitara ailegatuko gara.
Probaleku baten ondoan egonik, kanpotik ez dauka ezer berezirik, baina sartzen bazarete (ia beti zabalik egon ohi da) Euskal Herriko ermitarik bitxiena zergatik den konturatuko zarete.
Barruan hiru harritzar ikusiko duzue, eta erdian Mikel Deunaren irudia. Gertatzen dena zera da, hiru harri erraldoi horien kokapen harrigarria ikusita, urte askotan zehar berauek aurrehistoriako trikuharri bat edo bestelako hil-monumentu bat osatzen zutela pentsatu izan dela. Gaur egun, duela 40 milioi urte gertatutako fenomeno geologiko bitxi baten ondorioz sortu zirela badakigu.
Dena den, tenplua eliza katoliko gisa XI-XIII. mendetik existitzen bada ere, leku hau askoz lehenagotik sakratua zela uste da, seguraski Kristautasuna iritsi baino lehenago ere bai.

Bolibar eta Ziortzako Kolegiata
Bolibar eta Ziortzako Kolegiata
Ziortzarekin batera 1969an Markinari anexionatua, Bolibarrek Ameriketako Askatzailearen sendiaren abizena hartu du. Izan ere, Simon Bolibarren arbasoak leku polit eta lasai honetakoak ziren, sendiarena izandako Errementarikua etxeak (gaur Simon Bolibar Museoa) erakusten duen moduan.
Museo honek herriska, Ziortzako Kolegiata eta Simon Bolibar berataz eskaintzen du informazioa. Zabalik: Asteartetik ostiralera 10:00-13:00; larunbat eta jaiegunetan 12:00-14:00 eta uztail-abuztuan 17:00-19:00 ordutegiekin. Sarrera doan.
Bolibarko plazan bertan, baserri ederrez inguraturik, Ameriketako Askatzaileari eskainitako monumentu garaia dugu, 1927an eraikia.
Alboan Independentzia Gudan gerrilaria izan ostean Kapitain Jeneral izatera iritsi zen Francisco Longaren estatua dugu, eta bien aurrean Bolibarko X-XI. mendeko Santo Tomas eliza.
XVII-XVIII. mendeetan ia erabat berreraikia, gotorleku itxura sortzen dion kanpandorre biribila erakusten du. Arkupe zabal eta ikusgarrien pean Venezuelako zaindari den Coromoto Ama Birjinari eskainitako kapera dugu.
Hemen, 1959an venezolatarrek Simon Bolibarren arbasoen herriskari egindako oparia gordetzen da, Ama Birjinaren tailua hain zuzen.
Ziortzako Kolegiata
Bolibartik pare bat kilometrora Kostaldeko Santiagoko Bidearen geldialdi garrantzitsua zen tenplua dugu, Oiz mendiko ipar isurialdean kokatua.
Kondairak bere fundazioa 968. urtean kokatzen du, inguruko jendea Gerrikaitzen meza entzuten ari zela arrano batek hilobi bateko burezur bat hartu eta inguru honetan bota zuenean.
Ofizialki lehenbizi 1082an agertzen da idatzi batean, baina gaur ikus dezakeguna berriagoa da (azkenaldian aintzinako eliza erromanikoaren aztarnak aurkitu dira). Horrela, gotiko-Berpizkundeko eliza XV. mendekoa da eta Berpizkundeko Klaustro dotorea XVI.aren erdialdekoa.
Hauez gain, osotasunak monastegia bera, abatetxea, kolono-etxea, errefektorioa eta erromesentzeko ospitale-ostatu zaharra aurkezten ditu. Azken hau 1954an izandako sutean galdu egin zen, eta gaur egun berreskuratzen ari dira.
Klaustroan aintzinako hilobi bat aurkituko duzue, batzuentzat X. mendekoa izan daitekeena, eta elizaren atriumean tailu eta eskultura sinbolikoak (agian aurrekristau garaiko kultuei dagozkienak).
Azkenik, elizaren sarrera aurreko berdegune ederra gurutzatuz, arku batetik igaro eta aintzinako galtzadaren zati bat ikusiko duzue. Hemendik sartzen ziren Santiagorako erromesak. Gurutze ikusgarriz berau markatuz harrizko kalbarioa ageri da. Kolegiata, azkenik, denbora luzez ahaztuta egon ondoren, gaur egun fraide zistertarren komunitate batek betetzen du.

MARKINA

Turismo Bulegoa:
Xemein Etorbidea 13.
94- 616 90 25.

Udaletxea:
94- 616 75 88.

Udaltzaingoa:
94- 616 76 93.

Kotxe-tailerrak:
Autos Artibai-
Erdotza auzoa (Durango-ra bidean).
94- 616 77 14
Arakistain
Andra mari Erdotzako Etorbidea
94- 616 74 39.

Jan eta lo egiteko:
**Vega Jatetxe-Ostatua
Abesua 2.
94- 686 60 15.
Logela bikoitza 4.600-6.000 pzta.

Lo egiteko:
Makutegi Nagusi Nekazal Etxea- Altza auzoa 47. % 94- 616 74 17 / 87 66. Logela bikoitza 4.500 pzta.


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude