Lan istripuen ondorioz hiltzea edo kalte larriak jasatea, zoritxarrez, ez da hain ustekabeko berria gaur egun. Uste baino maizago gertatzen dira lan istripuak, eta horien artean gehiegi dira heriotza edo kalte larriak eragiten dituztenak. Horregatik, ezinbestekoa da gizarteak, Administrazioak, Patronalak, Sindikatuek eta langileek euren erantzukizuna bere gain hartzea eta, batez ere, behar diren neurriak ezartzea gizarteko izurrite horri aurre egiteko. Izurrite horrek, gainera, heriotzak eta familietan zoritxarra eragiteaz aparte, diru galera handiak eragiten ditu. Hala, segurtasun neurriak hartuz lan egitea eta prebentzio neurriak ezartzea lortu beharreko helburua da Euskal Herriko lan esparruan. Besteak beste, lanpostuaren iraunkortasuna bultzatzeak lan segurtasunarekin zerikusi zuzena du, egunetik egunera areagotzen doazen laneko behin-behinekotasunaren ondorio larriei aurre hartu nahi baldin bazaio.
Datuak hortxe daude. Urtearen lehenengo seihilekoan, dagoeneko, 88 langile hil dira, gutxienez, Euskal Herrian. Horietako 19 "joan-etorrian" edo "in itinere" gertatu ziren, hau da, lanerako bidean edo handik atera berritan. Heriotza horietako 55 EAEn izan ziren (10 "joan-etorrian"), beste 32 Nafarroan (horietako 9 "joan-etorrian") eta beste bat, gutxienez, Iparraldean. Kopuru horiei lan istripu larria izan duten beste 400 pertsona gehitu behar zaizkie, eta ezin da ahaztu, hain larriak izan gabe ere, baja eragin duten lan istripuak milaka izan direla. Hego Euskal Herrian soilik, eta datu ofizialen arabera, urtearen lehenengo seihilekoan, baja eragin duten 36.608 lan istripu izan dira, eta horrek aurreko urtearekiko %13,48ko igoera esan nahi du. Iparraldeari dagokionez, ez dugu datu gehiago eskuratzerik izan.
Hildako bakoitzak bere izena du.
Bai, hil diren gizonezko eta emakumezko langile guztiek izena dute, nahiz eta sarritan ez den ezagutzera ematen eta istripua bera ere ez den kaleratzen. Horregatik, ezagutzera eman diren izenak edo inizialak biltzen ditugu hemen, irakurlea zoritxar eta ezbehar horiez jabetu dadin, eta gutxienez, Euskal Herrian 2000. urteko lehenengo seihilekoan izan diren euskal langileen heriotzen inguruabar batzuk ezagutu ditzan. Hegoaldean lan istripuan hil diren gehienen datuak ditugu, baina Iparraldeko bakar batena besterik ez dugu eskuratu eta, oso litekeena da gehiago gertatu izana.
Urtarrilean gertatutako heriotzetatik zazpi langileren istripuen datuak ditugu: hilaren 4an Antzuolako mendi batean langile bat hil zen pinu batek azpian harrapatuta. Hurrengo egunean, beste hiru langilek galdu zuten bizia: M.P. 43 urtekoa, eta Julian Ignacio N.E., 43 urtekoa, eraikuntzan, Kastejonen, eta J.B.G., 29 urtekoa, Oñatiko siderurgia lantegi batean. Eraikuntzako beste langile bat, JJ.G.M., 26 urtekoa, egun batzuk geroago, Azpeitian hil zen, industri pabiloi baten teilatutik erorita. Halaber, Bizkaian, egun berean Areatzako garraiolari bat eta eraikuntzako beste langile bat hil ziren, Gasteizen, lanean ari zen lekuan aldamio bat erorita.
Otsailean izandako heriotzetatik, bederatziren datuak ditugu: otsailaren 2an, 38 eta 30 urterekin, azpikontratatutako bi langile hil ziren Gasteizen eta Amurrion. Lehenengoa, Cristobal Sanchez Garcia, zortzigarren solairutik erori zen aldamioa jartzen ari zirela. Bigarrena, Miguel de Luis, Tubos Reunidosen txatarra garraiatzen ari zen makina batek zapaldu zuen. Hurrengo egunean, basoan lanean ari ziren beste bi langile hil ziren Elgoibarren eta Goizuetan. Hilaren 4an, 44 urteko José Antonio Merchan Roj hil zen, 5.400 kilotako hodi batek zapalduta, Dulantziko Sociedad Española de Revestimiento de Tubos (SERT) enpresan. Hilaren 8an Nafarroako gazte bat hil zen, Francisco Javier Blazquez Barcina, 26 urtekoa, Zarrakaztelukoa, Alfaron argindarraren dorretxo batetik erorita. Hilaren 18an, beste langile bat, R.F.A., 48 urtekoa, Gruas Ibisateko langilea, Igorren hil zen, garabi bat desmuntatzen ari zela. Azkenik, otsailaren 29an, Iparraldeko langile bat hil zen, Miarritzen, herri horretako panel bat desmuntatzen ari zela hainbat metrotako garaieratik erorita.
Martxoan hildako bost langileren datuak ditugu: Hilaren 6an Manuel Lizarribar hil zen Beasainen, 50 urterekin, aldamio batetik erorita. Hilaren 8an, A.G.R. 63 urteko nekazaria hil zen Arabako Gaztelu herrian, basobide batean zehar gidatzen ari zen traktoreak azpian harrapatuta. Hilaren 10ean, Ibarrako 21 urteko Mikel Marixalar gazteak galdu zuen bizia Celulosas de Hernani, S.A.n (Gureola), instalazio bateko estalkia irekitzean gertatutako leherketa indartsu batek bultzatuta zortzi metrotako garaiera batetik eroriz. Hilaren 16an, sare metaliko batek zapalduta, 33urteko A.S.B. hil zen, Ondarroakoa eta Construcciones Ozio S.L.ko langilea. Hilaren 23an Aceria Compacta de Bizkaia, ACB, garai bateko BLG, enpresan lan egiten zuen Manuel Ugarte Torca hil zen 48 urterekin, bobina batek buruan jota.
Apirilean lan istripuan hil ziren zazpi langileren datuak ditugu: hilaren 4an, 42 urteko José Manuel Gonzalez Cancelo hil zen, automoziorako malgukiak egiten dituen Bizkaiko Mure de Alonsotegi enpresan, segurtasun sistema zinta isolatzaile batekin blokeaturik zeraman makina batek zapalduta. Hilaren 9an, aurreko hamabostaldian gertatutako istripuen ondorioz larri zauriturik zeuden beste bi langile hil ziren. Horietako bat, A.I.F., 24 urtekoa, Lanbizu S.L. eraikuntza enpresako langilea, lanean ari ziren aldamioaren eta hormaren artean harrapaturik gertatu zen martxoaren 29an, Donostiako Salamanca pasealekuko eraikuntza baten barruko patio batean lanean ari zirela. Bestea, 21 urteko Juan Domingo Arevalok, zauri larriak izan zituen apirilaren 3an Donostiako Loiola auzoan zapalgailu batek harrapatuta. Hilaren 10ean, Lekeitioko Ogella eraikuntza enpresako 36 urteko Shanti Urriolabeitia Larrinagak galdu zuen bizia, Mendexako auzoan gidatzen ari zen hondeagailua ibaira erori zenean. Hilaren 12ko gauean, Murias enpresako 45 urteko R.C.P. langilea hil zen elektrokutatuta, A-1 Autobiaren Bergarako tartean egiten ari ziren obra batzuetan lanean ari zela transformadore bati eragiterakoan jasandako elektrizitate deskarga baten ondorioz. Hilaren 14an Ricardo García Alegre hil zen, Laukotel-eko langilea, Bakion hilaren 13an Telefónicaren zutoin batetik erori zenean izandako zauri larrien ondorioz. Hilaren 23an, Michelin-Lasarteko José Miguel Corral langilea hil zen, apirilaren 1ean ZP/Farrel lantegian izandako zaurien eraginez.
Maiatzean hildako langileen arteko lauren datuak ditugu: maiatzaren 2an, eraikuntzan aritzen zen 36 urteko Abderramán I.B. hil zen Iruñean. Jacar SL enpresako langilea zen, eta Nafarroako hiriburuko Ermitagaña kalean aldamio batetik erori zen. 14an, Antonio Rodriguez Gonzalez hil zen, hilaren 10ean Laudioko Nubiola enpresan izandako lan istripuaren ondorioz. 23an, 48 urteko Reyes Larrea langileak galdu zuen bizia, Oñatiko Zubillaga auzoan Ulma taldeko burdinola batean. Hilaren 27an, Javier M.L. hil zen, 45 urte zituela, Nafarroako Muru-Artederreta herrian, garabiatik erorita, 12 metrotako garaieratik, Hormigones Pirámide enpresan garbiketa lanetan ari zela.
Ekainean gertatutako lan istripuetan hil ziren 4 langileren datuak ditugu: hilaren 15ean, 53 urteko Feliciano Martinez Carrasco hil zen, Fagor Ederlanen, garabi bateko elektroimana deskonektatzen ari zela jasotako deskarga elektriko baten eraginez. Egun horretan bertan, Gasteizen, 56 urteko A.F.A. langile nafarra hil zen, Gasteizko kanpoaldean Jundizeko Industrialdeko Arga Naves Industriales enpresarentzat lanean ari zenean zortzi metrotako garaieratik erorita. 18an, 61 urteko MB.J.Z. Hernaniko nekazariak galdu zuen bizia, gidatzen ari zen traktorea irauli eta gainera erorita. Hilaren 28an, Txaro Juarez hil zen, Galdakaoko Unión Explosivos enpresako langilea, detonagailuak automatikoki kargatzen diren lekuan kokatutako makina bat garbitzen ari zenean, beso bat galduz ekainaren 10ean jasandako lan istripu baten ondorioz