"NIREA NABILEN TOKI GUZTITAN BETI GERRAN IBILTZEA DA"

  • PERFILA. Loiolako Inazio izan zitekeen, hain oriotarra ez balitz: bien kasuan patroiak agintzen du beti, inoiz santu izan gabe. Estropada eremuen konkistatzaile, trapu batengatik botako lituzke baita itsas-mapetako muga guztiak ere. Ziabogarik azkarrena tabernako barra aurrean hartzen du, garagardo aparra oso trago txartzat duelako. Txanpa harrapatu arte trainerua uzten ez duen patroia, untzia hondoratzea baino nahiago du ixilik behar lukeen edozein kapitain popatik hartzera bidali. Gauzak pentsatu bezala esateko ausardia du, gatz askoko hizkera, eta egiak (gatzak bezalaxe) erre egiten ditu zauriak.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Zu banku finkoan eta mugikorrean, bietan ibilia zara. Zer ezberdintasun dago bi modalitateen artean?
Ezberdintasuna da finkoan ipurdia geldirik daramagula, eta mugikorrean, berriz, karroaren gainean. Banku mugikorrean indar gehiago egiten da hankekin, hankak luzatu eta bilduz ibiltzen dugulako ipurdia aurrera eta atzera, eta arraunaren ibilbidea luzeagoa da, hankak aprobetxatzen direlako. Gainera Joko Olinpikoetara joateko eta abar fisikoki prestatu beharra dago, baina bestalde, askoz ere teknikoagoa da finkoa, arraunari inklinazioa eskumuturrarekin eman behar baitzaio. Mugikorrean, berriz, arrauna kokalekuetan finkatzen da. Lehorrean jartzen diozu nahi duzun inklinazioa eta ondoren tira bakarrik egin behar zaio.

Kanpotik badirudi arrauna indar kontu hutsa dela...
Dirudiena baino gogorragoa da eta teknikoagoa ere bai, itsasoan olatuekin eta balantza batean egin beharra baitago arraunean. Oso kirol konpletoa da, gorputz osoarekin egiten da.

Beraz goi mailako kirolari zarete?
Arraunlariok elitekoek bezala entrenatzen dugu: jende asko 20:00-21:00etan etortzen da lanetik eta 23:00etan oraindik entrenatzen aritzen gara, eta urte osoan, azaroan hasi eta iraila bukatu arte... Gainera sakrifizio handia eskatzen du, ez dago parrandan eta nesketan ibiltzerik.

Nesketan ibiltzeak zer ikusi du bada?
Lehen neska gazteengatik goizeko 6:30etan elizara joaten ginen, eta orain ordu horretan neska bila tabernetara joan behar da!
Nik uste dut festa egin bai baina gauean lo egin behar duela. Eta parranda egin behar da egunez! Arratsaldeko 14:00tan hasita!

Arraunlari gazteei sakrifizio hori eskatzea ez al da gehitxo?
Benetako kirolaria bada, parranda ez egitea ez da arazo. Gaur egun parrandero asko dago kirolean ongi dabilena eta gaitasun fisikoak dituena, baina horiek ez dira kirolariak, horiek dira "golfoak".
Kirolaria da, nahiz eta azkena ibili entrenamenduak zaintzen dituena, saiatzen dena... Hori da benetako kirolaria.

Geroz eta marka hobeak egin eta eliteko kirol bihurtu ahala dopina ere sartuko da arraun mundura...
Askotan arraunlariek positibo ematen dute edozein jubilaturi eztula kentzeko botikan ematen zaion jarabearekin.
Egongo dira, (guk ez dakigu eta nik ez dut ulertzen), kokainarekin eta abar positibo ematen dutenak. Mila substantzia daude, batzuek sendatzekoak eta besteak errendimendua hobetzekoak, eta denek berdin ematen dute positibo. Baina nire ustez denbora asko baino lehen bereizi egingo dira dopinean.

Zenbat diru irabazten du asko jota arraunlari batek?
Lurretik zigarro hautsak edo karakolak biltzen askoz ere gehiago irabaziko da arraunean baino. Lehengo urtean sari gehien irabazi zuena Orio edo izango zen, eta pentsatzen dut ez zirela iritsiko 400.000 pezeta irabaztera urte osoan ibili ondoren. Guk 200.000 pezeta irabazi genituen, 11 hilabetean entrenatuta, eta etxera joan ginen pozik, 500 milioi tokatu balitzaizkigu bezala!

Ez al dago profesional bihurtzerik?
Bai, baina horretarako arraunlariok agindu behar genuke, gaur egun "arraun munduko esklabuak" baikara. Gu, arraun munduan, ur gainean egoteko gara, erabili eta botatzen diren horietakoak gara, gehiago ez. Federazioan agintzen dutenak klubetako botoekin aukeratzen dira, eta arraunlariok ez dugu hitzik.

Nola antolatuko zenuke arraun mundua federazioarekin ez bada?
Federazioa ere beharrezkoa da, baina bere lanak egiteko.
Arraun mundua mugitzeko arraun elkarteen asoziazioa behar du, federaziotik aparte. Klubek agindu behar dute, klubak dira dirua bildu eta gastatzen dutenak, arraunlariak lortzen dituztenak... Gaur egun ikusi da pilotan, eskubaloian, saskibaloian, futbolean... asoziazioak daudela, federaziotik aparte. Hori egiten hasten den arte alferrik da, arraun munduak ez du funtzionatuko. Iruditzen zait urte asko baino lehen hori sortuko dela.

Federazioarekin ez zara ondoegi moldatzen...
Federazioan denetik dago. Nik badauzkat espainolekin gerrak, euskalduna naizelako gaizki begiratzen didate. Ni beti egon naiz zigortua, eta beti izango naiz arraunaren historian zigortua. Lehenago ere bi hilabetez ez jokatzeko zigorra jarri zidaten, eta bi hilabeteak Kontxako bigarren estropadan betetzen nituelako, zigorra egun bat luzatu zidaten, Kontxan parte hartzen ez uzteagatik; lapurretan egin edo baten bat hil banu baino okerrago. (Epaileak maneiatu egiten dira...).

Zein da arraunean egiteko sekretua?
Gutxi nekatu eta azkar ibiltzea, hori da lortzen zaila. Arraunerako behar da fisikoki indartsua den jendea, eta gero arraunean ongi erakutsi behar da, hor dago sekretua. Askotan ez dute indartsuenek irabazten, trainerua ongien eramaten duenak irabazten du. Jendeak uste duena baino askoz ere konplikatuagoa da. Arraun mundua da 1.100 kiloko mugimendua momentu oro, 200 kiloko traineru batean. Hori kontrolatzeko erabiliko nituzke nik ingenieroak!

Berrikuntzak nondik datoz?
Berrikuntzarik ez dator, agintzen dauzkagunak Francoren kantzontziloak baino antigualekoagoak direlako. Horiek ez dute ezer egingo, korronteari segika doaz. Beste indar bat behar du horiei bultzada pixka bat emateko. Beste kirol guztietan zerbait modernizatzen da, guk ez dugu ezer egiten.

Materialetan ere ez da ezer aldatu?
Beno, materialetan hobetu dugu zuntzarekin, arinagoa delako. Baina orain gabiltza 200 kiloko traineruekin, eta duela 60 urteko egurrezko traineruak orain bezain arinak eta azkarrak baziren. Arraun mota ere ez dugu aldatzen, ezta formaz ere...

Zergatik ez da ezer aldatzen, tradizioari eusteagatik edo?
Tradizioa zer da bada? "Cara al sol" zergatik ez dugu kantatzen? Tradizioarekin nora joan behar da? Hemen egin behar dena da hobetu!

Nola zaintzen duzue dieta?
Medikuak ari dira pastarekin eta arrozarekin...txinatar aurpegia jartzen ari zait niri ere, baina medikuek dakite. Eta bigarren platerean jaten ditugu oilasko bularrak, eta oilasko bular horiekin laster hasiko gara positibo ematen, oilaskoa den edo zer den ez zaio tankerarik ematen eta.

Zein da egungo entrenamendu sistema?
Garai batean egiten zen egunero estropada bezala; atera eta segituan topera 20 minutuz arraunean egin eta erretira. Gaur egun 2 orduko entrenamenduak egiten ditugu.

Zer egiten du zu bezalako euskaldun batek Castron?
Nortasun agirian "Español" jartzen dit, eta ni jada espainola eginda nago zentzu guztietan... Zergak eta denak han ordaintzen ditugu, ezta? Mundu honetan alferrik daudenak nortasun agiri eta mugak dira. Karnetean askotan ez dakigu abizena ere autentikoa daukagun... Zenbat ote gabiltza faltsifikatuta! (Abizena aitarena, baina benetan haren semea garen jakin gabe...) Pertsona hobea egiten al du nortasun agiri batek, edo nongoa den esateak, edota koloreak?

Orion, Sestaon, Castron... Ez al da gogorra bizilekuz aldatzen ibiltzea?
Nire bizitza pasa dut ijituak bezala, familia eta txakurra atzetik ditudala... Baina ni leku guztietan egoten naiz gustura, toki txarrik ez da, norberak jakin behar du egokitzen eta nirea nabilen toki guztietan beti gerran ibiltzea da, jendeari buila eta errieta egin eta arraunean ahal den ondoen egitea. Hori da edozein tokitan egin dudana. Urrutitik ezagutzen naute denek: "Hori buila... hor zebilek!".

Zerekin egin duzu topo Castron?
Nik beti esaten dut Castro dela Estatu Batuak eta Mexikoko muga: Santanderrera joaten dira eta "vascos" deitzen diete, eta hemen berriz "espainolak"... Iruditzen zait Euskal Herriko eta Espainiako bandido guztiak han dabiltzala. Castron Euskal Herriko leku batzutan baino gehiago hitz egiten da euskaraz. Ni Kaikura 76an joan nintzen eta orduan euskaldun bat ere ez nuen aurkitzen Bilbon, eta gaurko egunean Castron euskaldunak topatzen ditut. Nire alaba txiki-txikia zela Zestaoko ikastolara joaten zen, eta erdarazko aurreneko hitzak ikastolan ikasi zituen. Eta gaurko egunean "estatu kolpea" emango bagenu Castron euskaldunek aginduko genuke... Nik esaten dut Euskal Herria dela eta haserretu egiten zaizkit... Han ere badaude fatxa autentikoak!

Zilegi al da kantabriarrek Euskal Ligan jokatzea?
Guk estropadako saria jarri, eta euskal traineruak joaten dira, bada, hara? "Liga Vasca"? Izena da gutxienekoa. Vasca-k antolatu duela? Bale. Baina hango sariak hemengoek ere irabazten dituzte. Indurainek Frantziako tourra irabazten zuen, ezta? Eta Atlhetic-ek zer jokatzen du, euskal ligan?

Oriotik joan eta Lasarte-Michelin kluba sortu zenuen, konpetentzia egiteko. Nola oroitzen duzu garai hura?
Ni Oriotik bidali egin ninduten, orduan ere bazter-nahastailea nintzen, eta aldamenean egin nuen kluba, nire auzoan, Ortzaika-n (Donostia aldera kilometro eta erdira dago). Gure aitonak pabilioi bat zeukan eta haren kontra jarri genuen kluba. Orduan hasi genuen gerra. Nik beti esan dut kontrarioa zenbat eta bertago eduki hobe dela. Kontrarioa bertan behar duzu, eta aurreneko portalean hobe, bestela lo hartzen duzu eta. Txarrena da familiak enfrentatzen direla, bestela ez da txarra herri berean bi klub edukitzea. Gero Kaikura joan nintzen, eta orduan Michelingo garrak pixka bat bukatu ziren.

Orion zer moduzko tratua duzu orain?
Ona. Badakit batzuek pena hartuko zutela alde egin nuelako, neroni ere ikaragarri kosta zitzaidan... nire bizitzako bi erabaki zailenak izan dira Zierbena laga eta Oriora etortzea eta gero Orio laga eta Castrora joatea. Behin lagunak eginez gero, oso momentu gogorrak dira. Nahiago nuen bidali izan banindute, niretzat errazagoa izango zen.

Zergatik aldatzen duzu hainbeste klubez?
Beti esan dut nire ilusioa dela klub bat txarrenean hartu eta onenean lagatzea, bi-hiru urtean egon eta beste batera joatea. Bestela ez da ulertzen nola egin nuen alde Oriotik, garai hartan denak irabazten baitzituen, eta egitura sendoa zuen... Castrori bi urtez egon nintzaion ezetz eta ezetz esaten, eta haiek xaxatzen ninduten "baina hik esaten duk klub bat hartu eta goienean gustura lagako hukela"... Eta azkenean zauri hori ireki zidaten, eta hori izan zen Castrora joateko arrazoia.

Zer du Ortzaikak arraunaren kabi izateko? Hortik datorkizu zaletasuna?
Nik esaten dut Ortzaika beti Berlin Ekialdea izan dela Orion: alemaniarrak, baina alde demokratikokoak. Auzoan aitona arraunlaria genuen, aita ere bai: San Juandarra zen, eta gero Orion ere arraunean egin zuen; osabak ere bai, bestalde Uridentarrak... Auzoan lau etxe ginen eta denok arrauna ikusten genuen. Nik golfa ikusi banu golflaria izango nintzen, eta Ballesteros ez zen hain ona izango! Bizikletan ere ona nintzen baina itsasora joan behar izan nuen "txotxo". Txotxo ibilita denetik egin behar izaten da: patatak zuritu, platerak garbitu, enkarguak egin, masailekoak hartu... Denetik egin, baina diru askorik ordaintzen ez!
Lau urte egin nituen horrela, gero arraunean hasi eta estropadak irabazten hasi nintzen, Espainiako Txapelketak eta horrelakoak, eta orduan lehorrean gelditu-arazi ninduten elektrizista. Baina beti itsaso inguruan ibili gara gu, beti kresala azalean, beti gazituta!

Nola liteke oriotar bat ehiztari izatea?
Guk Ortzaikan etxea bidearen kontra genuen: alde batean errepide nagusia, eta bestean erreka. Sukaldetik akabatzen genituen zozoak eta gainerakoak, bide aldera tiro eginez. Hala ere normalean beste aldera, errekara jotzen genuen

BERTSOA
Doinua: Euskal Herritik aparte
Orio kastaz beterik
axeri zaharra gazterik
baleak ere Kortan mingainak
hainako ilerik!
Nahiz ta ez dugun usterik
"patriota" izaterik...
esan Kortari bandera ez dela
trapua besterik!

BERE HITZETAN
"(Zaletuei) ez zaie ajola arraunlaria kanpokoa ala herrikoa izan, etxeko trainerua ondo ibiltzea ajola zaie" Argia, 88-07-17
"Niri hortzak begiratzen hasi behar zaizkit, zaldiekin bezala. Estropadak egiten baditut ere, nire arraunlari lanak bukatuak daude" Euskaldunon Egunkaria, 99-09-01
"Orain badut Kontxan berriz irabazteko asmorik. Ez dakit zein taldetan izango den, baina Donostiako Bandera gehiago nahi ditut" Euskaldunon Egunkaria, 98-09-13
"Gazteen kasuan, oso ona izaten da bi arraunez hastea, bai teknika egokiagoa lortzen dutelako, eta baita garapen fisiko orekatua izateko ere. Asko dira, senior mailan, alde batean bakarrik ibiltzeagatik bizkarrezurrean arazoak dituzten arraunlariak" "Euskaldunak eta arrauna" liburuska
"Oriok arraun munduan duen historia ez du beste inork. Arrauneko Real Madrid da. Ona da irabazteko presio hori izatea" Euskaldunon Egunkaria, 99-09-01
"Arraunlariak gogo handia izan behar du, arraunketa oso kirol gogorra baita; nik esaten dut eroa behar duela" "Euskaldunak eta arrauna" liburuska

CURRICULUMA
Jaio:
Orion, 1949an.
Traineruetako arraunlari izana eta patroia.

Skiff
modalitatean hasi zen arraunean, eta 10 urtez jarraian izan zen Espainiako txapeldun.

Doble scull
eta lemazainik gabeko zortziko modalitateetan aritua.

80ko Moskuko Joko Olinpikoetan
parte hartu zuen, lemazain gabeko biko espezialitatean.

Arrauna banku finkoan:
6 Espainiako txapelketa (Kaiku eta Oriorekin), 7 Kontxako bandera (Orio, Kaiku eta Lasarte-Mitxelinekin). Ibilbidea: Orion hasi eta gero 11 urte eman zituen Lasarten, ondoren 12 Kaikun, 3 Zierbenan, ostera ere 7 Orion, eta hiru urte daramatza Castron.

BIZITZAREN PASARTEA
Lehen aldiz Italiara joan nintzenean Aita Santuarekin desengaino handia hartu nuen. Korrika joan nintzen Vaticanora, eta han ikusi nuenean hainbesterainoko diru pila, esan nuen: "hau ez dek guri Elizak esan ziguna, no?" Pobrea izan behar zela, lagundu egin behar zela... Eta han dagoen diru pilarekin Afrika dago salbatzea, egun batetik bestera! Hura gaurko egunean negozio bat da. Oraingo Aita Santuak egiten duena da herririk-herri ibili, pobreen dirua gastatu...
Niretzako etsenplua, "Calcutako Ama Teresa" izan da. Berak egiten zuen guri Elizak erakutsi ziguna. Neronek ez dut egiten hori, baina behintzat hori da etsenplua. Badira bere bidea jarraitzen dutenak: misioetan eta daudenak... Niretzako horiek dira gaur egungo Aita Santuak.

ARGAZKI ZAHARRA
Banku mugikorrean Kaikun zebilenekoa. Odol beroa izanagatik, bufanda eta galtzerdiekin ere aritu behar izan du.


Azkenak
Torturaren beste bost biktima aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Oraingoz Nafarroan, 53 izango dira estatuaren biktima aitortuak eta horietatik 27 torturaren biktimak. Floren Beraza, Txaro Buñuel, Cecilio Ruiz, Patricia Perales eta Izaskun Juarez dira aitortutako torturatu berriak.


2025-03-17 | Estitxu Eizagirre
Aranon makroeolikoen aurkako eguna gozatu zuten
“Paradisu zineman ikusiko gara...”, haizeari puzka ari beharrean

Martxoak 15 goizean elurrak zuritu zuen Arano. Bertako herritarrek eta ingurutik eta ez hain ingurutik bildutakoek bete zuten plaza eta elkartasunaren beroan gozatu zuten eguna: Urumeako mendietan ezarri nahi duten Euskal Herriko zentral eolikoaren kontrako protesta izan zen.


Gasteizko Salburuako institutuko irakasleek protesta egin dute Pradalesen bisitan

Institutuko giza baliabideak hobetzeko eskatu dute irakasleek, ikasleei kalitatezko arreta eman ahal izateko. Kartelekin eta pankartekin itxaron diete irakasleek lehendakariari. Jaurlaritzako ordezkariek ikastetxeko zuzendaritzari esan diote ez zutela "horrelakorik... [+]


Ireki dute Euskaraldian izen emateko epea

Gasteizen egin duten ekitaldian ireki dute izen ematea, laugarren edizioa hasteko bi hilabete falta direla. Erakundeetako ordezkariak, herritarrak eta entitateetako kideak agertu dira, besteak beste. Euskaraldiaren koordinazioa Euskal Herriko erakunde publikoen eta Taupa... [+]


2025-03-17 | ARGIA
Ipar Katalunian katalanezko ikastetxeak larri: babes ekonomikoa eskatu diete instituzioei

Milatik gora lagun bildu ziren larunbatean Ipar Kataluniako Perpinya herrian La Bressola ikastetxeak defendatzeko. Murgiltze eredua katalanez eskaintzen duten ikastetxe horiek arrazoi ekonomikoengatik larrialdian daudela adierazi dute eta erakunde publikoei eskatu diete babes... [+]


'Literatura Plazara'
“Adinka sailkatzen den mundua da literatura, eta guk partekatu egin nahi dugu”

Martxoaren 17an hasi eta hila bukatu bitartean, Literatura Plazara jaialdia egingo da Oiartzunen. Hirugarren urtez antolatu du egitasmoa 1545 argitaletxeak, bigarrenez bi asteko formatuan. "Literaturak plaza hartzea nahi dugu, partekatzen dugun zaletasuna ageri-agerian... [+]


2025-03-17 | Usurbilgo Noaua
Duela astebete Osinalden elektrokutatutako gazteetako bat hil da

Duela astebete, martxoaren 8an Osinaldeko Erribera kalean dagoen goi-tentsioko dorrera igo eta bertan elektrokutatu ostean, osasun egoera larrian zen gaztea hil da azken orduotan.


2025-03-17 | Patxi Aznar
Beharrezko aldaketak

Duela gutxi, asteburu berean, Ertzaintzak bi salaketa jaso ditu: lehenengoa, emakume kolonbiar batena; lekukoen arabera, ertzainak kolpeka jarraitu zuen lurrera bota ondoren eta konorterik gabe zegoela; ospitalean garuneko edema eta paralisi partziala diagnostikatu zizkioten... [+]


Zein izango da Frantziskoren legatua?

Frantziskok "Franciscomanía" zeinuarekin hasi zuen bere Aitasantutza. Fenomeno soziologiko horri esker, Vatikanoko boterearen zirrikituak aldez aurretik ezagutzen ez zituen gaztetasunaren ikono eta Elizako aldaketa-haizeen intsuflatzaile bihurtu zen.

Era berean,... [+]


2025-03-17 | Iraitz Amor Pla
Lotu zure txakurrak

Euskal Herriko Mugimendu Feministak aurtengo Martxoak 8ko mobilizazioak "faxismoaren, erreakzionarismoaren eta zapalkuntzaren aurkako aliantzak" ehuntzean ardaztu ditu.

Kepa Kortak Naiz-en idatzitako “Musikariaren jakituria” artikuluan faxismoa definitzeko... [+]


238 migratzaile venezuelar El Salvadorrera deportatzeko XVIII. mendeko lege bat erabili du Trumpek

1798ko Atzerriko Etsaien Legea aplikatu du, Washingtoneko epaile federal baten aginduaren gainetik. Ustez Tren de Aragua "talde terorristako" kideak dira; Bukelek eskatuta, Mara Salvatruchako 23 kide salvadortar ere deportatu ditu. El Salvadorko makro-kartzelara eraman... [+]


2025-03-17 | Valen Arteaga
Bolo-bolo, gezur-zulo

Mikel Oterok boterea besarkatu zuenetik, metaforikoki eta literalki, maiz harritzen gaitu “trantsizio energetikoari” buruzko matraka instituzionala indartzen duen artikulu burutsu batekin. Horretarako, ez du dudarik egiten bere garaian politika instituzionalak eta... [+]


Crowfunding kanpaina abian, Korrika eta euskararen etorkizuna ardatz dituen dokumentala egiteko

Korrikaren "bihotza eta burua" erakutsiko ditu dokumentalak. Proiektua gauzatzeko, herritarren babesa "ezinbestekoa" izango dela adierazi dute AEK eta Mirokutana ekoiztetxeak, eta apirilaren 25era bitartean crowdfunding kanpaina bat abiatuko dute jalgihadi.eus... [+]


Eguneraketa berriak daude