"ASPERGARRIA DA POLITIKOKI POLIT IZAN BEHAR HORI"

  • Eta kasualitate gehitxo daude bere bizitza komiki egiten dutenak: Bertsoarekiko maitasunaren frutua ote da bere alaba "Saioa"? Zergatik du kotxeko matrikula "BB"? Ez al digu beti sorpresaren bat ezkutatzen Andoni Engañak?
Jaialdia da aspaldian nagusitu den formatoa: 6-8 bertsolari eta gai jartzailea oholtzan. Baina badirudi gaur egun krisian dagoela...
Entzule kopuruz oso natural gabiltza. Krisian dagoena jaialdietan komunikatzeko era da. Gaur egungo bertsolaria ez da asetzen lau edo bost aldiz jaiki-eseri egin, hiru edo lau gaitan pikoteatu, bat arina, bestea sakona, bat paperean, bestea norbera... Horrelako nahasketekin, geratzen zaio sentsazioa akaso ez zaiola parean tokatu gairik, edo ez duela esan esan zezakeen laurdenik ere. Sumatzen dugu beste formato batzutan geu gehiago asebetetzen gaituzten gauzak esango genituzkeela.

Eta entzulea asetzen al du jaialdi formatoak?
Bertsolaritza orain dela hamar urte deskubritu zuen jende asko da. Horientzat hasieran dena zen ikaragarri harrigarri, eta orain harrigarri puntu hori galdu duenean, komunikazioa ere eten egiten da puntu batean.

Garai batean aniztasun gehiago zegoela esaten da...
Guk 30 urte genituenean puntan zebilen generazioan askoz ere bertsolari diferenteagoak ginen orain puntan dabiltzan generaziokoak baino. Sarasua, Eguzkitze, Sebastian, Murua, Peña, ni... Denak oso estereotipo ezberdinetan kokatzen gintuen publikoak. Gaur egungo puntakoak, Iturriaga, Elortza, Maia, Lujanbio, Mendiluze, Irazu... Horiek elkarren diferenteak dira, baina jendeak ez ditu perzibitzen elkarren hain diferente.

Publikoa noraino da bertsozale eta noraino bertsolarizale?
Bertsozale bertsozaleak testuarekin disfrutatzen du %90ean, eta testuinguruak %10eko disfrutea ematen dio. Gertatzen da orain dela 10 urte sartu zen bertso zalego berriarekin, agian gauzak desekilibratu egin direla eta beharbada testuarekin %40 gozatzen dutela eta testuinguruarekin %60. Orain dela hamar urte jendea joaten zen jaialditara esanez :"Ea gaur zer esaten dion Peñak Lizasori!" eta gaur egun inork ez du planteatzen "ea zer esaten dion Maialenek Iturriagari".

Bertsolaritza ez da, beraz, bertsoa bakarrik?
Uste dut bertsolaritzaren aurrerapen naturala testuan oinarritua dela, beti. Gainerakoa, estereotipatzea, jendeak zer perzibitzen duen bertsolari bakoitzarengan... Horiek ahozko literatura izanik eta bat-batean izanik badute bere garrantzia, baina beti ere bigarren mailakoa. Begi mugimendua, irrifar txiki bat edo haserre aurpegi bat... Bertsoaren jazkera dira, eta jazkera ere landu behar da. Baina ez dugu galdu behar perspektiba hori: testuaren aldetik eta bertsolari agenteen aldetik bertsolaritza era naturalean doa aurrera. Nik uste testuen aldetik oraingo belaunaldi hau potenteagoa ere badela. Gertatzen dena da publikoari gustatzen zaiola perzibitzea beste zerbait ere badagoela, inoiz egon ez dena. Benetako borroka bat, pike bat edo erronka bat. Hortik falta zaio agian pixka bat gaur egungo bertsolaritzari: erronka itsura bat.

Beste formato batzuek ere esperimentatu dira: Upeletan erronka, poesiekin nahastutako bertsoak, triki-bertsoa... Nola egokitu da bertsoa ikuskizun horietan?
Aipatutako formato horietan beti dago bertsolaria, baina beti ez da bat-batekotasuna nagusi. Bertsolariak disfrutatzen du momentuan sortuz. Bat-batekotasuna da preserbatu behar den zerbait, edozein formatotan dela ere.

Baina formato batzuetan ez al da bapatekotasuna arriskutsuegia?
Upeletan erronkan, esaterako, bat-batean jarduten dugu, baina alferrak garelako. Eta poesiaz lagunduta egin izan ditugun saioetan beti geratzen zaigu inutil sentsazio bat: poema beti oso ona izaten da, eta gainera deklamatzen duenak ispiluaren aurrean lantzen du nola deklamatu, eta oso ondo deklamatzen dute. Eta gu, berriz, ez poesia ezagutu, eta ez inolako saiakerarik egin gabe poema horren gainean diskurtsoa botatzen aritzen gara... Oso desproportzionatua da asuntua.

Zer falta da bertsolaritzan esploratzeko?
Akaso denboraren erabilpena. Alegia, zer brilanteak izan gaitezkeen bertsolariak denbora pixka bat gehixeagorekin situazio txarretan, edo denbora berarekin situazio onetan. Etxeko dutxan botatzen den bertso brilante hori Belodromoan botatzeko kapazidadea. Ez da denbora kontua bakarrik, patxada kontua ere bada. Eta patxadarena uste dut fisiologikoa dela: bihotz taupaden kontua... Tentsioan dagoenean inor ez da oso aske. Sinesten dut gure muga pertsonalak arakatzeko beste eraren bat egongo dela.

Eta hori nola lortzen da?
Falta dena da "tiempo muerto"aren posibilitatea, saskibaloian bezala. Gaijartzaileak jartzen du gaia, eta bertsolaria hasten da kantatzen eta esaten du "hau ez da esan nahi dudana, hau txerrikeria bat da", "tiempo muerto" eskatu eta berregin bertsoa ideia potente batekin. Gertatzen dena da horrek komunikazio dena eteten duela, astakeria bat dela. Baina inoiz probatu izan da hori, laguna atzean jarri eta hark txibatzea bertsoa aurrekoari. Eta denbora berean atzekoak, lasaiago dagoelako eta erantzun beharrik ez duelako bakarrik, bertso hobeak egiten ditu. Aurrean dagoenak tipoari heldu behar dio, doinu bat pentsatu behar du, pentsatu behar du "jode, ostia, hau da putada, gai hau, zer esan behar dut..." eta atzean eserita dagoenak denbora berean ez du hori pentsatzen, zabor horiek kentzen ditu burutik, eta bertsoa bakarrik pentsatzen du.

Irakaskuntzan gero eta tarte handiagoa betetzen du bertsolaritzak... Zertan ari zarete?
Irakaskuntzan egin litekeenarekiko bi kontzeptu ezberdin daude: bertso eskolak, bata, non bertsoa den ardatz bakar, eta helburua den bertsolariak sortzea, edo entzuleak, edo epaileak, edo gai jartzaileak. Eta beste gauza bat da azken aldian Joxerra Garzia, Joantxo Oiartzabal eta besteekin egiten ari garena: bertsolaritzak nola erakuts dezakeen bidea ahozkotasun orokorrerako.

Zer du bertsoak ahozkotasuna lantzeko?
Bertsolaritza uste dut tresna ona dela ahozko espresioa lantzeko. Ez jatorra delako, edo musika duelako, edo betikoa delako. Berrogei segundutan estrategia bat beti erabiltzen duelako bertsolariak. Estrategiaren kontzeptuari garrantzia handia ematen diogu. Konturatu gara gaurko gaztetxoek ez dakitela diskurtso bat nondik hasi, nola segi eta non bukatu, ez dutela hori egituratzen, eta bertsoa izan liteke egitura polita gainerako diskurtsoetarako ere, bai ahozko zein idatzizkoetarako.

Sekula ez da ahozkotasuna landu modu sistematizatuan. Zergatik hasi zarete hori ikertzen?
Seguraski orain arteko euskara lantzeko modua oso paradigmatikoa izan da: aditzak ikasi... Guk egiten dugun diagnosian azaltzen da gero eta euskaldun gehiago dauzkagula, baina euskaldun horiek gero eta ahalbide urriagoak dauzkatela beraiek nahi dutena euskaraz era egokian eta era zuzenean adierazteko.

Justifikatu ezazu etikoki zergatik irakatsi behar zaien umeei publikoarengan eragiten, alegia, persuaditzen.
Azaleko gaiztakeria beti da gauza sanoa. Aspergarria da azaleko onberatasuna, eta politikoki polit izan beharreko hori... Nik uste dut azalean pixka bat gaiztotu egin behar ditugula gure neska-mutikoak, baina azalean, hori bai, sakonean on izan daitezela.

Bapatekotasuna mundu mailako fenomenoa da. Beste herrialdeetako inprobisatzaileekin egin dituzuen topaketetan zer ikasi duzu?
Ikasten dena da kultura bakoitzak dituela bere kodeak, eta zure parametroetatik ez besteak neurtzen. Haiekin agian lehenengo egunean liluratu egiten zara, eta bigarrenean nazkatu. Eta ikasten duzu erdibide bat topatzen: kode desberdinak zeuzkatek, beraz, atzoko lilurak ez zian hainbesteko oinarririk, eta gaurko nazkak ere ez.

Eta bertsolariok zer irakatsi diezue beste herrialdeei?
Guk irakatsi dieguna izan da kolektiboa. Ez dut munduan ezagutzen Euskal Herrian bezala Bertsozale Elkarterik. Guk badaukagu proiektu bat amankomuna, eta proiektu horren barne gaude bertsolariak. Ez Kuban, ez Mexikon, edo Kolonbian, ezta Parisen ezagutu genituen bretoiei ezta Katagenakoei ere, inori ez diet sumatu proiektu kolektiborik. Ezta kolektibo horrek erregulatzen duenik ere hedapena, edo telebista eta irratietan zer egin, edo transmisioa edo nola erakutsi troboa edo paiadoreen lana... Alde horretatik gabeziak dituzte, guk ere bai, baina gu gutxienez joan den 15 urtean ari gara hori autoantolatu nahian.

Behin bertso munduko gailurra igurtzita, zer helburu dituzu?
Aspektu pertsonalean, goren mailatik hurbil ibiltzea saio denetan. Ez dadila izan "berrehun saio egiten dizkiat, beraz, aldez aurretik zekiat 25 saio oso onak egingo ditudala, 25 onak, 100 normalak, 30 txarrak eta beste 30 oso txarrak". Hori da estatistika, eta seguru nago hurrengo urtean ere horrela izango dela, baina ez apalankatu hor, saiatu estatistika puskatzen nolabait. Eta gero, badut ardura bertsolari gazteekiko. Nire lanetako bat da bertsolari gazteek berez dutenaz gain beste zerbait izan dezaten nere esperientzia horretan jartzea, sekretu batzuek erakutsi.

Sekretuak erakutsi behar dituzun honetan, eman formula: nola entrenatzen duzu zuk bertsotan?
Esponjarena eginez. Oso harkor egonda. Zerbait irakurtzen ari zarelarik esaldi bat, edo idea bat, edo errima hitz bat hartu eta almazenatzea, edo pelikula bat ikusten ari zarelarik gauza bera, irudi bat, edo elkarrizketa bat, edo zerbait... eta nola saio asko egiten ditugun, esponja betea dagoenean beti daukagu zer askatua eta beti irteten da zerbait. Ezin dena da urte osoan egon rezeptibo, baina bolada batzuetan bai. Txapelketa garaian, orduan bai garela esponja, zurrupatzen dugu ahal dugun dena, gero bota ahal izateko.

Zuk ere izango duzu zertan hobetua, ezta?
Erriman, doinutan eta ideietan, arlo denetan dago hobetu beharra. Eta aspektu kinesikoetan ere bai. Jendaurrean ari den batentzat ez da aski oso testu ona botatzea, edo oso ideia ona. Testu horri dagokion ejekuzio bat eman behar dio, eta ez da batere erraza. Garai batean makroko aktoreak ziren bertsolariak, urrutitik ikusten zituen jendeak, eta beso mugimenduak eta abar garrantzitsuak ziren (Basarrirenak, eta abar). Gu jendeak nagusiki telebistatik ikusten gaitu, orduan mugimentu mikroak eta begi mugimendua, edo bekainena, edo irrifar txiki bat momentu batean edo haserre aurpegi bat... bertso baten jazkera dira, eta jazkera ere landu behar da.

Urriaren 2an 39 urte betetzen dituzu. Zorionak. Esan izan duzu 40rekin jubilatuko zarela. Hala da, edo orain gertuago ikusita iritziz aldatu duzu?
40 urtetik aurrera uste dut bertsotan jarraituko dudala. Harritzen nauena da jendeak hori gogoan daukala. De Pedrok aurten esan ditu zazpi gauza, ez ditu batere bete eta inork ez dio ezer galdetzen, eta politikoekin ez gara sartuko... Eta niri berriz, denek kontu hartzen didate...

Zenbat gauza egin behar dira urtean bertsogintzaz bizi ahal izateko?
Nola bizi nahi duzunaren arabera. Lanetik aberastea ezinezkoa da, lanetik bizitzea ez da hain zaila. Ni gauza pila bat egiten ari naiz, baina askotan ez hala erabaki dudalako, ezetz esaten ikasi ez dudalako baizik. Askotan ez dut ulertzen jendeak esaten duenean lanpetuta dabilela. Nik sentsazioa edukitzen dut ez nabilela hain lanpetua, denbora dezente pasatzen dudala alferrarena egiten, eta sofan etzanda... eta objektiboki neurtuta, lanpetua dabilena baino lanpetuagoa nabil, segurasko.

Bapatekotasunaren xarmari eusten diozu lanean ere?
Gauzak azkar egiten ditut, eta narrats, txikitatik. Uste dut eskolan marrazki bat egiteko esaten zigutenean txarrena nirea izaten zela, baina lehenengo bukatzen nuen. Eta inportantea da hori ere.

Euskalgintzatik bizi zara. Nola dago osasunez?
Zifren aldetik, eta kanpoko ikuspegiaren aldetik... nahiko baikor. Baina halako masa kritikoa mugitzen du orain euskalgintzak, eta masa kritiko horren barruan jendearen ohitura, jendearen euskararekiko atxikimendu maila, jendearen euskararen kalidadearekiko atxikimendua, hori ez dut oso garbi ikusten. Nahiko ezkor alde horretatik.

Euskal Herria ez da euskalduna bakarrik. Beti euskal giroan sartuta egoteak ez al dizu bertako errealitatearen ikuspegia distortsionatzen?
Bai, nik Euskal Herri euskalduna dezente ondo ezagutzen dut, eta Euskal Herri ez euskalduna oso gutxi. Tafallako berri edo Biasteriko berri apenas dudan, bertsolari izatearen problemak. Gu beti gaude jende gazte xamarra, eta zerbaiten kontzientzia daukan jende euskaldun aktiboen artean. Oso garbi eduki behar da hori dela Euskal Herriaren zati bat, guk ezagutzen duguna baina ez bakarra, ezta gutxiagorik ere.

Nola dago euskal unibertsoa, pobre, aberats?
Euskal unibertsoan orokorrean dagoen problema bera dago: teknologia berri hauekin guztiekin komunikabide gehiago, komunikatzeko era pila bat (telefonoa, e-maila, aldizkariak, egunkariak, hau eta bestea...) dago eta sortze maila lehengo bera. Sortze maila lehengo bera baldin bada, eta hedatzeko erak gehiago, kalidadeak behera egingo du, formula matematikoa da. Alde horretatik ikusten dut sekulako desoreka. Gero eta garrantzi gehiago ematen zaio medioari, eta sortzaileak betiko lau pijiloak gara. Gaur inportantea gauzak sarean jartzea da, denak ari dira sarean jarri eta jarri, eta ea nork jartzen duen eduki berri bat sarean. Inor ez da dedikatzen ideiak edukitzera. Seguru nago instituzioek ere sarean jarri nahi duenari lagunduko diotela, baina ideiak eduki nahi dituenari ez.

Euskal Herriaren diagnostikoa bota
Politikoki eta sozialki ikuspegi etsi samarra daukat. Sinestuta nago herri honetan 35 orduko lan astearen alde greba bat irteten dela, eta 35 orduko lan astea aplikatuz gero beste bat irtengo litzatekeela gehiengoz aplikazioaren kontra.

BERTSOA
BERTSOA
Bertsolari ta korrikalari,
"euskalgintzaren zutabe"
Patzikurentzat funtzionario
askorentzat sormen labe
Etxenikeren aurrean berriz
zientzia gizon goi ta behe
ordu txikitan Glenn Grant doblea
Belodromoan altare
zenbat aurpegi eduki leizken
kara askorikan gabe.

BERE HITZETAN
BERE HITZETAN
"Emakume bertsolariak deitzerakoan positiboki diskriminatzen dira, baina baloratzerakoan negatiboki" Egin, 95-03-29
"Nik ez dut sinisten politiko guztiak berdinak direnik. Niretzat daude txarrak eta txarragoak" Egin, 94-12-22
"Doinua, mendiko botak bezala, ez da komeni 'egun handitan' estreinatzerik. Aurretik pasada bat eman behar zaie, entzuleen belarriak eta ibiltarien oinak ohitu daitezen" Euskaldunon Egunkaria, 95-11-26
"Ez diat uste beti txaloa bilatu behar dugunik. Isiltasuna ere interesgarria duk" Zabalik, 92-09-30
"Desgrazi moeta asko zeudek mundu honetan, eta bat duk senarra bertsolari izatea" Zabalik, 92-09-30
"Bi txapel ez da baten doblea niretzat. Alde hortatik motibazio gutxiagorekin nago" Deia, 97-10-10
"Batzuri oraindik ez zaie okurritu ere egiten nazio proiektu jakin bat bateraezina dela arratsaldeko hiru t'erdietan 'Abigail' ikustearekin" Diario Vasco, 93-07-26

CURRICULUMA
CURRICULUMA
Jaio:
Zarautzen, 1961ean.
Bertsolaria, euskal filologoa, gidoigile, idazle...

Bertsotan:
82an hasi zen bere kasa eta urte horretan bertan irabazi zuen Lizardi saria. Geroztik bi aldiz lortu du (93an eta 97an) Bertsolari Txapelketa Nagusian gailentzea.

Idazten:
Oso era ezberdinetako lanak argitaratu ditu: "Sokratikoek ere badute ama" ipuin liburua, "Zozoak Beleari" gutun-liburua, eta "Pausoa noiz luzatu" nobela. Literatur sari batzuk ere irabazi ditu: Aldekoa eta Tene Mujika ipuin sariak ("Sokratikoek ere badute ama" liburuko ipuinengatik). Gainera Joseba Jakako nobelarako beka lortu zuen 1997an ("Pausoa noiz luzatu" idazteko).
Gasteizko udaletxeko Euskara-Zerbitzuko langile izan zen.

Kazetari:
Iritzigile aritu da "Zabalik", "La Voz de Euskadi" eta "Egunkaria"n. Zabalik-eko bere "Zimurdurak" atalak Rikardo Arregi kazetari saria jaso zuen, eta bertako artikulu bilduma "Aitaren batean" liburuan dago argitaratuta.

Gidoigile aritu da:
"Txirri, Mirri eta Txiribiton" programan, "Funtzioa" n, "Benta Berri"n, eta "Goenkale" telesailean. "Balinda" programan gidoigile izateaz gain aurkezle lanetan ere aritu zen.
Bikoizketa ahotsa jarri dio "Pernando Amezketarra" marrazki bizidunetako epaileari.
Bere bertsoak bildu, eta musikaz lagundurik "Tximeletak sabelean" CD-a osatu du.
Bertsozale Elkarteko Ikerketa saileko arduraduna da 98az geroztik.
Hezkuntzan ahozkotasuna lantzeko "Garatu" programan dihardu.

BIZITZAREN PASARTEA
BIZITZAREN PASARTEA
Amurizak markatu nau. Seguru 80ko txapelketa hark harrapatu ninduela igande goiz batean, Zarautzen, futbolean. Ni orduan Filologia karrerako lehenengo urtean nengoen, eta hurrengo egunean gelakideren bat etorri, zintak ekarri zizkidan eta komentarioa hori izan zen, Baldako saioa.
Flasha Amuriza izan zen, beste eduki batzuk emateko beste era bat zuen bai kantaeran, bai esakeran eta bai ideiatan, nik txikitan ezagutzen nuen bertsolaritzaren oso ezberdina. 80ko txapelketa entzun nionean pentsatu nuen "nik ere bertsotan horrela egin nahi dut". Bertsotan hasi nintzen nire kasa 81ean, batez ere Amuriza entzun ondoren.


Azkenak
Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-23 | Julene Flamarique
Vidalina Morales, nekazaria eta ekintzailea
“Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere”

Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]


2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Zaballako espetxeko funtzionarioek “ezkutuko greba” hasi dutela salatu dute zenbait presok

Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]


Eguneraketa berriak daude