XVI. MENDEKO MEMORIA GARIBAIREN LUMATIK

  • Esteban Garibairen heriotzaren 4. mendeurrena bete denean Arrasateko Udalak historialariaren "Memoriak" argitaratu ditu. Bere bizitzaren gorabeherak ez ezik argitalpen honek XVI. mendeko politika eta gizartearen inguruko informazio baliotsua eskaintzen du.
Esteban Garibai historialari arrasatearraren heriotzaren data zehatzik ez da ezagutzen. Berak idatziriko azken testamentua 1599ko urriaren 17koa da; 1600eko apirilaren 30eko dokumentu batean, aldiz, bere emazte Luisa Montoia alargun bezala agertzen da. Beste dokumentu batzuek 1599ko azaroaren hasieran hil ote zen esaten dute. Gutxi gorabehera duela 400 urte hil zela esan daiteke beraz.
Urteurrena dela eta bere jaioterriko udalak hainbat ekintza burutu du. Garibairen memoriekin liburu mardula argitaratu du Jose Angel Achon Deustuko Unibertsitateko Historia irakaslearen ardurapean ("Las Memorias de Esteban de Garibay y Zamalloa") eta historialari ezagunaren inguruko jardunaldiak ere burutu dira Eusko Ikaskuntzaren eskutik.
Noiz hil zen zehazterik ez badago ere, badakigu Esteban Garibai Zamalloa 1533ko martxoaren 9an jaio zela Arrasaten. Bere lehen urteetaz Garibaik bere osasun kaxkarra du hizpide memoriatan. Jaioterrian, sortu berria zen Oñatiko Unibertsitatean, Gasteizen eta Santo Domingo de la Calzadan (Errioxa) burutu zituen ikasketak. 1556an Katalina Asurduirekin ezkondu zen. Ordurako hasia zen Espainiako historiari buruzko dokumentazioa biltzen: Gaztela, Extremadura, Nafarroa, Errioxa eta Portugalen ibili zen material bila. Lan horren emaitza hiru liburukitan banatutako "Compendio historial" izan zen. 1566an amaitu zuen lan mardula, baina Espainian berau argitaratzeko dirurik lortu ez zuela-eta, Flandriara joan eta bertan lortu zuen bere lana argitara ematea 1571. urtean. Urtebete beranduago, 1572an, Luisa bere lehen emaztea hil zen. Bere bizitzako lehen etapa amaitu zen honela, "Memorias" honetako III. liburuan biltzen dena. "Compendio Historial" lana eta bere jaioterriari eginiko zerbitzua dira bere bizitzaren lehen zati honen ezaugarri nagusiak; 1568 eta 1569an Arrasateko alkate izan zen.
Emaztea hil eta ondorengo urteak, gaixoaldi garaiak izango dira historialariarentzat, baina baita bere genealogia lanen hastapen garaiak ere. Horrek, eta 1575ean bigarrenez ezkondu izanak (Luisa Montoiarekin), bere bizitzan aro berri bat ekarri zuten. "Compendio"aren inprimaketa gastuak ordaindu beharrak bultzatu zuen genealogiak osatzera eta horrek eraman zuen Madrila, 1574an. Historialari gisa lortu ez zuen ospea eskuratuko zuen genealogista gisa. Hurrengo urtean Felipe II.a ezagutu zuen eta Gortera hurbiltzen joango zen handik aurrera. Bere egoera ekonomikoak onera egin zuen apurka eta 1592an Felipe II.aren kronista bilakatu zen. Gorterako hurbilketak ez zuen, hala ere, Gipuzkoatik urrundu; 1593an, esaterako, Gipuzkoak erresuma titulua berreskura zezan ahalegindu zen eta "Grandezas" lanean lurralde honetako historiari (hiribilduen sorrera, bandoak, siderurgiaren garapena...) egin zion errepaso. Araba, Bizkaia eta, bereziki, Nafarroako historia ere jorratu zituen. Bere memoriak idazten jarraitu zuen urte hauetan guztietan, harik eta 1594an gaixotasunak bere lanarekin jarraitzea galarazi zion arte.


DATUA ETA INFORMAZIOA.

Garibai bizi izan zen garaian ontzat eman zen bere lan historikoa. XVII. mendean, ordea, gogor kritikatua izan zen bere subjektibotasuna. Bere obra onetsi duenik ere izan da, batez ere Nafarroako historia argitzeko balio izan duelako. XX. mende honetan Caro Baroja eta Arozena bezalako ikerleek balio handitzat jo dute. "Las Memorias de Esteban de Garibay y Zamalloa"ren edizio berri hau paratu dutenen esanetan, "datu"aren zehaztasuna eta "informazioa"ren baliagarritasuna bereiztea garrantzitsua da Garibairen lanean. Datuei dagokienez, Garibairen memoriak ez dira iturri guztiz fidagarriak. Autobiografia bat izaki, subjektibotasuna topatuko du irakurleak nonahi. Bere bizitzako pasarte ilunenak ez aipatzeko joera du ("Compendio" hura argitaratzeko dirua itzultzeko izan zituen arazoak, kasu). Intentziorik gabeko hainbat akats ere bada bere lanean. Baina datu horiek guztiak, behin topatu, kontrastatu eta testuinguruan jarriak izaten badira, garaiaren inguruko informazio baliotsua osatzen dute. XVI. mendeko bizitzaren, kulturaren, munduaren ikuspegiaren, arazoen, gorteko giroaren... testigantza da, finean, Garibaik idatzitako testu biografiko hau.


GARIBAIREN GARAIA.

Esteban Garibai Zamalloa jaio zenean Karlos V.a zen Gaztelako errege, Francisco I Frantziakoa eta Enrique VIII Ingalaterrakoa. Hiru potentziok ziren nagusi Europa mendebaldean (eta euren kolonia zabaletan). Mediterranioa, aldiz, Lepantoko Gatazkara bitarte (1571) "turkiar arriskua"ren izu bizi izan zen. Kulturari dagokionean, funtsezko belaunaldia desagertu zen XVI. mendeko lehen hamarkadatan: Maquiavelo, Rafael, Leonardo Da Vinci, Durero, Rotterdamgo Erasmo... Rabelais, Michelangelo edo Tizianok lanean jardun zuten hamarkada horietan eta belaunaldi berri baten zantzuak ere ikusi ziren laster: Montaigne, Palestrina, Giordano Bruno... Erlijio munduan, Erreformari amaiera eman zitzaion azkenean eta Kristautasunaren behin betiko zatiketa gauzatu zen. Bizitzaren esparru guztietan (politika, erlijioa, kultura...) aldaketa garaia da Garibairen garaia. Eta ez soilik nazioarteko mailan.
1540an Oñatiko Unibertsitatea sortu zen eta Garibai bera lehenengoetako ikaslea izan zuen gune berri honek. Arrasatek (historialariaren jaioterriak) mendearen hasieran alde batera utzi zuen banderizoen afera eta Gipuzkoako egituran erabat integratu zen. 1535ean 613 biztanle zituen hiribilduak eta altzairu ekoizpenak eta honek zekarren merkataritzak bertako jarduera ekonomikoa piztu zuten.


ERLIJIOA ETA ETXEA

XVI. mendeko gipuzkoar baten bizitzak bi oinarri nagusi zituen Garibaik bere idatzietan ederki islatzen duen moduan: erlijioa eta etxea. Adibide gisa, esan dezagun bere memorien pasarte batean, Katalina Zuazu deskribatzerakoan zera dioela: "señora de mucha religión y gran gobierno de su casa". Eta erlijioaz ari garenean katolizismoaz ari gara, Erreforma ondoko zatiketan euskal herrialdeek alde horretara jo baitzuten (Garibaik berak bezala). Garai haietan erlijioak bizitzaren esparru guztiak ukitzen zituen, baita politika ere. Esteban Garibairen kasuan, Gipuzkoak Monarkia Katolikoaren barruan bete beharreko tokian eragin handia izan zuen. Egungo ikuspegitik ulertzea zaila gertatzen bada ere, Garibai Gipuzkoako "errepublika kristaua" eta honek zekartzan pribilegioak mantentzearen aldekoa zen eta era berean, monarkia katolikoarekiko fideltasuna mantendu zuen (monarkiarekiko baino, katolikotasunarekiko). Memoriaren irakurleak nonahi topatuko du egilearen erlijioarekiko obsesioa.
Etxearekiko erreferentziak ere etengabeak dira. Lan mardul honen sarrera gisa, hain zuzen, egilea bere familiaren egoera eta banaketa zehatza egiten saiatu zen. Garaiko munduaren kontzepzio "genealogiko"aren isla dira arrasatearrak sarreran nahiz handik aurrera egiten dituen erreferentziak. Baita gizarte egituraketan ematen ari ziren aldaketen isla ere; leinu eta bandoetan banaturiko gizartea gainditu zen heinean, hiri korporazioetan eta etxeetan oinarritutako gizarte berria nagusitu zen.
Garibairen memorien argitalpenarekin, historia ikerleek iturri garrantzitsua lortu dute XVI. mendea hobeto ulertzeko. Ikerle ez denak ere arrasatearraren bizitzaren gorabeherez gain iraganeko mundua ulertzeko tresna du eskura

JARDUNALDIAK ETA MEMORIAK 400 URTEREN BURUAN
Itsusiko haitzen magalean gordeta, bada urteetan zehar bisitari asko jaso duen kobazulo berezia. Harpeko Saindua deitzen diote bertan dagoen estalagmita bati. Frantsesek "le saint qui sue" esaten diote, "izerdi-tzen duen santua", alegia. Azaleko gaitzak sendatzeko ahalmena omen du santu honen urak. Sumusuako Maria Luisak kontatu zigunez, "bertako ura etxera eraman eta bederatzi egunez harekin behar duzu garbitu. Esaten dute sinistea behar dela..."
Kondairak dioenez, behin Bidarraiko neska gazte bat galdu zen inguru hauetan, eta herrikoek, kezkaturik, haren bila hasi zirenean, ez zuten arrastorik ere aurkitu, ez gorputzik eta ez ezer. Hala ere, inguruetan "hago, hago!" esaten zuen ahots bat en-tzuten zen. Gau batean argi indar-tsu batek zerua sutan balego bezala jarri zuen eta leizezulo batean sartu zen. Hurrengo egunean, biharamunean, bertakoek leize hura arakatu zutenean, galdutako neska aurkitu zuten bertan, harri bihurtuta ordea: horixe da Harpeko Saindua l
Pasa den maiatzaren 22tik 26ra, Arrasateko Udaletxeko Areto Nagusian "Esteban de Garibay historialaria" izenburuko jardunaldiak burutu ziren Eusko Ikaskuntzako Historia-Geografia Sailak antolatuta.
Bere heriotzaren 400. urteurrenak historialariaren irudia gogora ekartzeko aukera eman zien, baita, bide batez, bere garaiari errepaso egiteko ere. Izan ere, Jardunaldiei hasiera emateko, Cesar Gonzalezek Arrasateren fundazioaren eta bere foruaren hedapenaren inguruan jardun zuen. Hurrengo egunean, Jose Antonio Azpiazuk ere Garibai baino, bere garaia hartu zuen gehiago hizpide, Arrasateko ekonomia, gizartea eta kultura, hain zuzen. Jardunaldien hirugarren egunean, Erdi Aroko euskal historiografia eta honek Garibairen obran izandako eragina izan zituen hizpide Iñaki Bazanek. Hurrengo hitzaldian Jesus Moya historialariaren irudira mugatu zen gehiago. Eta azken egunean "Las Memorias de Esteban de Garibay y Zamalloa" liburuaren aurkezpena burutu zen.
Francisco Borja de Aginagalde, Luzia Alberro, Juan Carlos Mora, Esther Zulaika eta Jose Angel Achínek osatutako taldeak burutu du lan honen edizioa, azken honen zuzendaritzapean. Garibaik idatzitako testuaren traskribaketaz gain, liburuari arrasatearrak burututako hainbat genealogia erantsi dizkiote. Gainera, sarrera gisa, egilearen, garaiaren eta testuaren azterketa sakona ere burutu du taldeak


Azkenak
Herrialde Katalanetako herririk turistikoenak, eskuin muturraren bozen biltoki

Kataluniako azken hauteskundeetako eta Europako hauteskundeetako emaitzetatik abiatuta, presio turistiko handiena bizi duten Herrialde Katalanetako herrietan eskuin muturraren botoak nola egin duen gora aztertuko dugu.


Lastozko txapelak, gurpildun aulki bat eta hiru ibilgailu
Puigdemontek nola egin zien iskin poliziei?

Carles Puigdemonten ihesaldiaren bertsio bat kontatu du La Vanguardiako kazetari Mayka Navarrok, "iturri ofizialetatik lortua". Lastozko txapelak, gurpildun aulki bat eta hiru ibilgailu erabili zituzten mossoak nahasteko. Puigdemontek “gaur edo bihar” hitz... [+]


2024-08-09 | Euskal Irratiak
Baionako Euskal Museoak ehun urte bete ditu aurten

Mende batean, Baionako Euskal Museoak izan duen bilakaeraz erakusketa berezia sortu dute. Argazki, tindu edo objektuak ikusgai dira. 1924an William Boissel Bordaleko militarrak bultzatu zuen museoaren sorrera, "euskal herri tradizionalaren" ondarea babesteko... [+]


Sustantziarik gabea

Egia esan, pena ematen dit kritika honi izenburu hau ipintzea. Bizeten Carmen oso opera ederra da, sentimendu unibertsalak jorratzen dituena, hala nola pasioa, jeloskortasuna, maitatuaren posesioa, independentzia... Eta hori guztia musika-lan bikaina oinarri hartuta. Baina... [+]


Gasteizko jaietan izandako bi bortxaketak salatu dituzte

Bi bortxaketa eta beste sei erasoren salaketa zuzenak jaso ditu Gasteizko Mugimendu Feministak. Elkarretaratzea egin du erasoak salatzeko txosna gunean, ostegunean. Gasteizko Udalak elkarretaratzea ostiralean 11:00etan egin du. Erasoen harira ez dute inor atzeman, momentuz.


Euskal Herriko ikurrak kendu dituzte Atarrabiako pilotalekuan, Nafarroakoa izan ezik

Martxoaren 5ean zabaldutako auto batek armarria “kentzea edo ezabatzea” agindu zuen, “jarrera politiko baten aldeko posizionamendua” dela eta “neutraltasun politikoaren aurka” egiten duelako. UPNk jarri zuen salaketa, eta Atarrabiako alkate... [+]


Lodifobia eta patologizazioa Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean

Bizkaiko e28 koordinadorak salatu du kide trans lodi batek eraso lodifoboa pairatu duela Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean.


2024-08-09 | ARGIA
Uda honetan irakurtzea merezi duten sei liburu

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei irakurgai proposamen.


2024-08-09 | Axier Lopez
UPNk eta PSNk ez dute lortu Raimundo el Canastero zentsuratzea Tafallan

UPNk mozioa aurkeztu du Tafallako udalbatzan gobernu taldeari eskatzeko bertan behera utz dezala Raimundo el Canastero musika taldearekin zuen kontratua jaietan kontzertu bat egiteko. Lizarrako jaietan izandako polemikaren ondoren etorri da zentsura eskaera. PSN batu zaio... [+]


2024-08-09 | Axier Lopez
Beste milioi bat euro eman die Jaurlaritzak erdarazko hedabideei

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak nagusiki gaztelania darabilten hedabideetan "euskarazko albisteak areagotzeagatik" diru-laguntzak banatu ditu beste urte batez. Ia milioi bat euro banatu dute Noticias, Gara eta Vocento hedabide taldeen artean, artikulu batzuk... [+]


Ertzain bat atxilotu dute homizidio saiakera egotzita, lan orduetatik kanpo hiru pertsonari tiro egiteagatik

Ertzaintzak ertzain bat atxilotu du, hiru pertsona hiltzen saiatzea egotzita. Agentea lan orduetatik kanpo zegoen, eta deklaratu zuen bere buruaren defentsan egin ziela tiro furgonetan zihoazen ustezko hiru lapurri. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, gezurra da deklaratu duena.


Sardiniak ezetz esan dio kolonizazio energetikoari

Haize-erroten eta eguzki-plaken ezarpen zabalarekin kezkatuta, populazioa "espekulazio energetiko" gisa kalifikatzen duen joera bati aurre egiten ari da.


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


2024-08-08 | Sustatu
Twitterren alternatiben analisia: Bluesky, Mastodon eta Threads

Elon Musk-en jarrera ultra eta toxikoak egunetik egunera agerikoago izanik, X/Twitter noren eskutan dagoen edozeinek ikusten du. Berriz ere egunotan sare horretatik alde egiteko deiak eta agurrak ikusten ari gara, eta horren harira artikulu interesgarria irakurri dugu Electronic... [+]


Eguneraketa berriak daude