EUSKALGINTZAREN ARRASTOA SEINALATU DIGUTEN BI SAIO

  • "Aberriaren alde (eta kontra)" eta "Gogoa Zubi", Ramon Saizarbitoriak eta Anjel Lertxundik hurrenez hurren idatzitako saioak dira. Alberdaniako Zerberri sailean argitaratuak. Hauek irakurri eta autoreekin izaniko solasaldien osteko gogoetak dira ondokoak.

2021eko uztailaren 15an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Aberriaren alde egitean, zenbaitetan, gogoa urratzerainoko bidea egin ohi dugu euskaldunok. Eta, bidez bide, bidea suntsitu ere sarritan. Zubiak eraikitzeko garaia omen da oraingoa. Hala izanik ere, eginaren eginez, zubi hitzaren balioa ez ote den mendratzen ari pentsatzeko motiborik dagoelakoan gaude. Bi saio hauen bitartez, Ramon Saizarbitoriak nahiz Anjel Lertxundik euskalgintzaren arrastoa seinalatu digute. Berriz ere, ordea, lekukoa bide bazterrean geratu ote den beldur gara.


JAR GAITEZEN.

1999ko hasieran, herrigintzaren bidean barrena abiatzeko-edo, "Jar gaitezen" izeneko artikulu bat argitaratu zuen Anjel Lertxundik "Egunkaria"n. "Izanetik izanera bidean, handia da euskaldunon mina; esanahi eta esanezina", gaztigatu zigun idazle oriotarrak. Urte eta erdi iragan ostean, euskaltzaleok jarri ote garen galdetu diogu: "Zaila da horri erantzuten, hortara jarrita baikara betiere. Ez, baina, nik nahi nukeen moduan. Izan ere, sarritan, politikaren farfailak itota bizi gara, politika ulertzeko modu oso mugatuan. Uste dugu hori bakarrik dela herrigintza. Herrigintza marko politikoak ematen duen politikagintza soila bada, nik ez dut herrigintza hori nahi". Abertzaletasunak abertzaletasuna besterik ez ekartzeak ez du Anjelen gogoa betetzen.
Aberri hitza hizpide izanik, aberriaren alde paratzean, euskaldunon patu hitsaren bidean jarri gaitu bere saioko pasarte batean Ramon Saizarbitoriak; Bilboko Gran Vian barrena jarri ere. Bere alaba eskolako lagunekin txangoz dabil Bilbon. Galdu da nonbait, eta Arte Ederretako museoa non den galdetzen dio udaltzain bati euskaraz. "No me vaciles" ihardetsi dio udaltzainak:"Euskal Herriari buruzko dugun irudi faltsua aurkitu zuen nire alabak. Gaixoak uste zuen Euskal Herrian orok euskaraz egiten genuela, gezurra izaki". Alegia, askotan, euskaldunok nahi genukeen errealitatean kokatzen dugu gure burua, eta halako sustoak hartzen ditugu, Ramonen hitzetan. Bere ustez, azken urteotan euskaltzaleok ohartzen hasi gara badirela ere espainol sentitzen diren euskal herritarrak, euskaltzaleon portaeraren aurrean harritu eta izutu egiten direnak.
Aberriaren alde (eta kontra) jartzean, idazle donostiarrak errealitateak alderdi asko duela adierazi nahi izan du. Errealitatea bi begien bitartez eta alde anitzetatik ikustea komeni dela gaztigatu digu, eta aurrean nor duen, halako diskurtsoa darabilela berak: "Euskararen egoera nahiko tragikoa da oraindik. Nik ez nuen euskaraz egiten zuenari eraztuna jartzen zitzaioneko garaia ezagutu, euskara debekatuta zegoen garaia. Nolabaiteko tolerantzia zegoen garaia izan zen gurea, euskararen aldeko militantismo garaia. Egungoa baino hobea akaso, ze, egun, ia-ia nahiago duzu zure hizkuntza debekatzea, hitz bakoitza aldarrikatzen bizi beharra baino".


EUSKALDUNON ENDOGAMIA ETA ZAILTASUNAK.

Ugari dira euskararen erronkak, ugari direnez. Euskararen kalitatea eta euskararen espresa-guneak, kasu. Euskaldunok gure burua euskaraz adierazteko ditugun zailtasunak izan ditugu hizpide jarraian: "Gure hizkuntzaren garapena eta zirkunstatzia guztiengatik zailtasunak ditugu euskaldunok. Espresatzeko gai ez garen neurrian, nor eta nolakoak garen esateko aukerak galtzen ari gara. Faktore exogenoak dauden arren, gure baitara bildu beharra hartzen dut faltan. Hizkuntzari ateratzen ez dizkiogun etekinak galtzen ari gara. Hartan, orduan eta baldarrago espresatu, orduan eta baldarragoak gara euskaldunok", adierazi digu "Gogoa Zubi"ren egileak. "Aberriaren alde (eta kontra)"ren egilea ere, donostiarra den aldetik, euskararen espresa-guneez (hiriburuez, kasu) arduratuta dago: "Donostian euskaraz bizitzea zaila da. Paradoxikoa dirudien arren, beste inon baino zailagoa da euskaldun izatea. Gasteizen, Bilbon, Iruñean edo Baionan, badakigu zein lekutan eta zein jarreretan hitz egin dezakegun euskaraz". Oro har, eta bereziki, Euskal Herriko hiriburuetako euskararen egoera ez dela osasuntsua dio Saizarbitoriak: "Euskaraz ziurtasunez egin daitekeen esparruak 'ghettoak' dira. Izan ere, euskaldunak, euskararen profesionalak nolabait, endogamia moduko batean bizi dira. Asko konturatu gabe ere, bere 'ghetto'an bizi dira. Zoritxarrez euskalduntasunean bizi direla uste dute, baina funtsean, euskal mundu fiktizio batean bizi dira".
Espazioak espazio, euskararen profesionalen eginbidean, Anjel Lertxundiren liburutik harturiko oharra izan dugu aipagai: "Azken urteotan langintza handia egin da linguistikaren esparruan. Baina, askotan, gramatika gorabeherak medio, behar-beharrezko ditugun jomuga linguistikoak desbideratzen ditugu. Izan ere, linguistika lanabesa den aldetik, ez dugu berarekin obsesionaturik bizi behar. Euskararen erronka ez datza H baten gorabeheran, bere erabilera jorian eta aberatsean baizik. Gure hizkuntzaren joritasunaren aldeko apustu garbiago bat egin beharra daukagu".


TRADIZIOARI EUTSI.

Ramon Saizarbitoriak eta Anjel Lertxundik suerteko garaitzat jotzen dute beren "militante garaia". Artean, dena omen zegoen egiteko. Moderno izatea zuten helburu, euskaldun moderno, alegia. Formak zituzten helburu, eta estilo berriak berenganatzen saiatu ziren. Egungo gazte euskaldunek, berriz, neurri batean, landuago dute bidea. Orduko eta oraingo literatur ekoizpenak, irakaskuntzarako testuak eta hedabideak, oro har, ezin dira alderatu. Hala ere, hau guztia izanda ere, tradizioari heldu beharko diogu euskaraz osasuntsu biziko bagara. Honela dio Anjelek: "Memoria tradizional historiko literario laburra daukagu. Gure memoria herri literaturan dago, aldizkari literarioetan. Horietatik edan eta eguneroko kaleetako hizkera landu beharra daukagu. Euskara liburuetakoa da, eta belarrietakoa ere bai. Euskarak, hizkuntza guztiek bezalaxe, dinamikotasun batean bizi behar du. Definizioz, hizkuntza bat bada, dinamikoa da. Gu gara hizkuntza dinamizatzaileak, eta euskara egiten dugunak".


ABERRIAREN ALDE VERSUS UNIBERTSALISMOA.

Idazleok, biok hala biok, bakoitzak bere erara, partikularismoa eta unibertsalismoa jarri dituzte parez pare. Partikularismoaz aritzean abertzaletasunaz dihardu Ramonek, nolabait. Aberriaren alde jartzean, euskaldun izatea eta abertzale izatea parekotzat jotzen ditu bere liburuan. Baita, garaion, euskarak iraun dezan nazionalismoa ezinbestekoa dela esan ere; nahiz Ramon euskal nazionalismoarekiko kritiko ere baden. "Aberriaren kontra" izena baitu bere saioak ere: "Nazionalismo guztiek beren muinean zerbait txarra dute eta kontu handia izan behar da nazionalismoarekin. Euskaldunok nazionalismoaren minbizia dugula esaten dutenean, egia da, hala da, batzuek minbizia dute. Baina inor gutxi dago libre gaitz horretatik. Euskal Herrian, batzuek behintzat, nazionalismo hitza zentzu kultural batean erabiltzen dugu, hala ere. Neurri handienean defentsako nazionalismo bat bezala, nazionalismo baten aurrean gure burua, izaera, kultura eta, batez ere, euskara gure hizkuntza defenditzeko. Zenbaitetan gehiegikeriak egiten dira euskal nazionalismoaren izenean. Badira nazionalista ez diren euskaltzaleak, nazionalista euskaldunak ez direnak".
Behinola Juan San Martini (Ararteko ohia, eibartarra eta sozialista, euskararen alde hainbeste egindako gizona, Ramonen hitzetan) bera ez zela nazionalista edo abertzalea, euskaltzalea baizik, entzun zion Saizarbitoriak. Eta harritu zen, Juan San Martin izan baitzen lehendabiziko pertsona hori esaten. Ramon ez da iritzi horrekin guztiz ados, ordea: "Juan San Martinekin bat ez nentorrela adierazi nuen publikoki. Euskaldun-fededun aferan bezala, nire euskaltzale militante garaian, ni ez nintzela fededuna eta fededun ez nintzelako euskaldun izateko eskubidea ez nuela galtzerik adierazi nuen. Nazionalistak ez direnen kasuan gauza bera gerta daiteke: ez zaie euskaldun eta euskaltzale izateko gogoa deuseztu behar. Hori esanda ere, dudarik gabe, euskarak iraun du nazionalismoari esker. Euskal nazionalismoa izan ez balitz, honezkero, euskara Hegoaldean desagertzear legoke; Iparraldean dagoen bezala. Euskarak oraindik ere berme ideologiko bat behar du, eta nazionalistak ez direnek lehenbailehen eta modu sineskor batean erakutsi behar dute berme hori. Ni sinesteko prest nago, baina nazionalistak ez diren alderdietako gehienek ez dute borondate politikorik erakusten euskararen alde. Sinestarazten baldin badigute euskararen alde direna, egiaz erakusten duten momentuan, esan ahal izango dugu euskara ez dela nazionalismoarekin ezkondu behar. Ni pozik nengoke une hori iritsiko balitz".
"Partikularismoa versus unibertsalismoa" auziaren harian, globalizazioaren arazoaz gogoetatu du Lertxundik. Herri txikia izateak ez gaitu globalizazioaren aurrean kokildu behar: "Globalizazioaren aurrean, gu nola izan, nola euskaldun izan eta zer eskaintzen dugun dago jokoan. Desberdin izateko beste modu bat erakutsi behar dugu. Denok berdinak, herri eta kultura bereko hiritarrak, musika eta liburu berak eta hamburgesa berak kontsumitu ordez, bada, guk munduan izateko modu bat dugula erakutsi behar dugu. Eta hori euskalduntasuna da". Saizarbitoriak ere, bere alde, honela trenkatzen du euskalduna eta moderno izatearen afera: "Kultur txikikoa izateak irakurtzeko eta idazteko ardura eman dit. Esparru honetan jaio ez banintz, euskalduna izan ez banintz, ziurasko ez nuen idazteko zaletasunik edukiko. Euskarak eman dit aukera eta bidea kultura zabalago batera iresteko". Horiek horrela, Ramonek honela zehazten du esana: "Alabaina, ez genuke hizkuntza handi bat izan nahian indarra galdu behar, handiak imitatuz, baizik eta geure eredu propioa eraiki, izateko modu propioa asmatu beharko genuke. Eta hori oso zaila da. Ez gara gai gure modeloa eraikitzeko, eta horretan jardun beharko genuke. Gure erakundeek kanpoko instituzioek egiten dutena egiteko joera dute, tamalez".


IDEOLOGIA AUZITAN.

Instituzioen politika eta ideologia izan ditugu hizpide amaitzeko. Bi saiokideek ez diote ideologiari muzin egiten. Hona Anjelen zehazpena ordea:"Hizkuntza batekin egin daitekeen hanka sartzerik handiena ideologia partikularizatzea eta monopolizatzea da. Ideologia monopolizatzen denean besteek ezinbestean utzi egin dutelako, gaitzerdi. Ordea, monopolizazio hori besteak baztertzetik datorrenean, nor den euskaldunago planteatzen denean eta ideologia gainetik jartzen denean, hots, hizkuntzaren garapenaren gainetik ideologia jartzen bada, hor sortzen dira gatazkak eta arazoak. 'Gehiengoa nor izango den, halakoa izan behar dugu' ustea dugu gurean. Horrek kalte egiten dio euskarari".
Biok hala biok, herrigintzarako estrategak hartzen dituzte faltan. Nor bere esparruan ari gara euskaltzaleok, epe laburreko estrategiak landuz. Euskalgintzak eta herrigintzak epe luzerako planteamenduak behar ditu. Orainokoan ez dira epe luzerako planteamenduak egin, eta hartaz, zer nolako bidea behar dugun ez da seinalatu oraindik

BEUDE BI LIBURUOK HILIK, BAINA EKAR DITZAGUN EUREN PROPOSAMENAK BIZIRA
Zail da esaten Alberdania etxeko Zerberri saileko lan-ildoetan -lekukotza, dibulgazioa, elkarrizketa/erreportaia, gogoeta, gaurkotasuna- zein dagokie Saizarbitoria eta Lertxundiren liburuei. Funtsa duten obra guztiak bezala, generoen eta sailkapenen konbentzioetatik haratago daude biak hala biak ere. Obraren funtsa, berriz, esan gabe doanez, ez dago orrialde kopuruaren baitan, obrak egiten duen ekarpenean baizik.
Elkarren oso bestelakoak dira Lertxundiren eta Saizarbitoriaren obrak, eta, hala ere, elkarren osagarri. Azalean dira, batez ere, elkarren bestelako. Sortzeko erak berak eragindako aldea izan daiteke hori: UEUko hitzaldi bat dago Saizarbitoriarenaren jatorrian; lanketa pausatuago bat, aldiz, Lertxundirenean. Lertxundirenak euskararen inguruko eztabaida ordenatzeko planoa, gidoia, ezartzen digu, eta euskara zehar-lerro erabatekoa da gure gizartean, liburuan ongi frogatzen denez. Saizarbitoriarena, berriz, eskarmentu pertsonalari lotuago dago, eta intuizio aberasgarriz (gauzak ikusteko modua aldarazten diguten intuizioak dira, nire hiztegian, aberasgarri). Zein bere aldetik, ordea, azken aspaldion euskararen inguruan egin den ekarpenik aipagarriena osatzen dute bi liburutxook. Are gehiago biak batera hartuz gero.
Zerberri sailaren asmoa liburuak saltzea dela ezin ukatuko dugu, bestalde. Alde horretatik, beraz, nahiko pozik agertu behar genuke bi liburuokin. Sailak badu, ordea, beste -eta bestelako- helbururik ere. Euskarazko liburugintza gehiena bezala, herrigintzaren atal ere bada, batetik. Bestetik, berriz, gogoeta eta eztabaida suspertzea du, hasiera-hasieratik, xede (ez lan-ildo guztietan, baina bai hauetan), eta, alde horretatik, emaitzak ez dira pozez txoratzeko modukoak izan.
Egia da liburuak dezente laudatu direla, bere oihartzuntxoa izan dutela hedabideetan. Prest nago liburu moduan merezi zuten adinako oihartzuna izan dutela onartzeko ere. Hedabideek, ordea, den-dena berdintzen dute, dena euforikoki enfatizatu behar ero horren bidez. Hamabost egunetan dibertimentu gisa idatzitako liburu inora ez doana eta mendeko proposamenik tajuzkoena dakarrena, "liburu" dira biak hedabideetan. Deskuidatuz gero (alegia, aurkezpenean irudi egokia eskainiz gero), jolas hutsa baino ez denari toki zabalagoa emango diote, gainera hedabideek. Hedabideek? Ez, noski. Kazetariek.
Eta horretan ez dakit asmatu dugun. Ze formato behar du gizarte honek usteltzen ari zaion arazoari behingoz adarretatik heltzeko proposamena aintzat hartzeko? Erret dekretua? Lehendakariaren gutuna? Alguazilaren bandoa?
Zakurraren bibolina! Hor daude Lertxundiren eta Saizarbitoriaren liburuak, gure hizkuntza zaharraren arazo zahar eta berriei bestela begiratzeko proposamenez beteak. Ez naiz liburuak saltzen ari. Aspaldi aurkeztu ziren, eta liburuek gaur egun duten bizi-esperantza gero eta laburragoa kontuan izanik (hamabost egun? hilabete?) ezin esan bi liburuok gazterik hil zirenik. Beude hildako liburuen bake-atsedenean.
Liburuok eragin zuen kezka eragin zuten arrazoiek, ordea, lehenean diraude. Beude liburuak hilik, baina ekar ditzagun Lertxundiren eta Saizarbitoriaren proposamenak bizira. Ez dauden-daudenean onartu eta aplikatzeko, hil edo biziko zaigun eztabaidari behingoz ekiteko baizik


Azkenak
Adin txikikoak dira Osakidetzako genero identitateko unitatetik pasa diren erdiak

1.075 pertsona artatu ditu Barakaldoko ospitaleko genero-identitateko unitateak, 2016ean unitate hori martxan jarri zenetik. Erdiak baino gehiagok adin-nagusitasuna bete aurretik jaso zuen lehen arreta. Eta, kopuru osoaren herenak hamasei urte baino gutxiago zituen.


BBK Livek bisitarien oinarrizko hainbat eskubide urratzen ditu eta salaketa ipini diote

OCU kontsumitzaileen Elkarteak hiru arrazoi zehaztu ditu, horien artean kanpoko janaria eta edaria Kobetamendiko esparruan sartzeko debekua, eta eskudirutan edo banku-txartelaren bitartez ordaintzeko ezintasuna. Facuak aurreko urtean egindako salaketan zehazturiko arazoak... [+]


Arrazakeria salaketen erdiak Polizia jotzen du “agente diskriminatzailetzat” Bizkaian

Diskriminazioaren ahotsak txostenak zenbakitan jasotzen ditu 2023an Bizkaiko SOS Arrazakeriaren Informazio eta Salaketa Bulegoan pertsona ugarik agertarazitako esperientziak, eta haietan "arrazoi arrazista eta xenofoboen aurkako indarkeria, eraso eta diskriminazioak”... [+]


Meaka-Irimo bizirik!

Enpresa batek Irimo mendian zentral eolikoa eraikitzeko asmoa zuela iragarri zigun aspaldi batean haize kolpe batek. Gehienek ezin zuten sinistu, inondik ere. Are gutxiago Irimo mendiaren orografia eta izaera harritsua ezagutzen dituztenek. "Baina ba al dakizu ze nolako... [+]


2024-07-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektua hasia da konponketa lanak, landaketak eta formazio saioak egiten

Zestoako Iraeta auzoan, Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lurrak. Horiek modu kolektiboan erosteko dirua biltzen ari da Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkartea. 2025 bukaerarako dute hitzartua azken ordainketa, baina erosketa fasean egon arren,... [+]


Emakume alkateentzako jantzi erronkariarra diseinatu dute, Hiru Behien Zergan parte hartzeko

Larunbatean egingo dute San Martin Harriaren inguruan 600 urte baino gehiago dituen ohitura eta aurten emakume alkateentzako jantzi erronkariarrak prestatu dituzte, orain arte gizonezkoentzako baino ez baitzeuden.


2024-07-12 | Gedar
Pertsona bat atxilotu dute Gasteizen, faxista bati aurre egiteagatik

Orgullo Cazurro talde faxistako kide bati kontra egin zion atxilotuak, eta bideo batean jaso zuen hori. Guardia Zibilak atxiki du berriki, eta badirudi "gorroto-delitu bat" egotzi diola.


Donostian 300 pertsona baino gehiago “muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute

Donostian, 300 pertsona baino gehiago “pobrezia eta muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute Kaleko Afari Solidarioak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea taldeek. “Michelin izarrak dituzten zortzi jatetxe dituen hirian eta Basque Culinary Center... [+]


2024-07-12 | Euskal Irratiak
Cyclopotes elkartea: Ikusmenik gabeko jendeen inklusioaren alde, bizikletaz ibiltzeko

Angeluko Cyclopotes elkarteak ikusmen-gabeko jendeer parada ematen die bizikletaz ibiltzeko. Tandem club des déficients visuels du zinezko izena elkarteak eta 2004ean sortu zen. Joan den astean Amikuze eta Oztibarren gaindi pasa dute aste osoa, egun guziez ibilbide... [+]


Kataluniara itzuli dira Tsunami auziko erbesteratuak

Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.


Maximo Aierbe hil da, Euskaldunon Egunkariaren sortzaileetakoa

Bere sorterri Ataunen hil da Maximo Aierbe Muxika, 74 urterekin. Euskaldunon Egunkariaren sortu aurreko eta ondoreneko urte malkartsuetako eginahaletan parte hartu zutenek gogoratuko dute proiektu berriaren akziodun bila hainbeste lan egindako gizon hura. Disziplina eta... [+]


2024-07-11 | Uriola.eus
Gentrifikazioaren aurka, pisu turistiko bat okupatu dute Bilbon

Bilboko AZET plataformak pisu turistiko bat okupatu zuen atzo, auzoaren turistifikazioa salatzeko.


Fronte Herritar Berria garaile atera da, eta hirugarren kokatu da eskuin muturra

20:00etan atera dira lehen datuak, harridura orokorra eraginez: zundaketa guziek lehen kokatzen zuten eskuin muturreko RN hirugarren atera da eta ezkerreko FHB Fronte Herritar Berria garaile. Gehiengoan edota gehiengo osoan ikusten zen RN Batasun Nazionalarentzat zaplaztekoa... [+]


Eguneraketa berriak daude