"ETA-REN JARRERAK GUZTIZ ATSEKABETU NAU"

  • "Enbata" agerkariaren egoitzan hartu gaitu Ipar Euskal Herriko politikari abertzale esanguratsuak. Ale berriari azken ukituak ematen topatu dugu. Lizarra-Garazi akordioaren bilakaeraz eta datozen erreferendumaz eta bozkez aritu gara.

2007ko otsailaren 21ean
Duela bi urte "Hegoaldea abertzaletasunaren antimodeloa" bilakatua zela adierazi zenuen orriotan. Hilabete batzuk geroago Lizarra-Garazi akordioa gauzatu zen. Zein da akordio honen inguruan zure balorazioa?
Garai hura abertzaletasunaren antimodeloa zela erran nuen, baiki. Lizarra-Garaziren garaia (ETAk treguari atxiki izan zion bitartean) eredua izan da. Orain, berriz ere, abertzaletasunaren antimodelora itzuli gara. Izan ere, Franco hil ondorengo abertzaletasunaren une indartsuena bizi izan dugu Lizarra-Garaziren akordioaren karietara. Abertzaleek bi eredu hautatu zituzten frankismoaren ondoren Hego Euskal Herrian: bide erreformista batetik, eta iraultzailea bestetik. Abertzaleen bide hauek Lizarran elkarganatu ziren eta estrategia komuna hautatu zuten Espainiako botereari aitzi egiteko; Espainiarekiko bizi duten gatazkaren jatorria eta natura zehaztean bat etorri ziren abertzaleak. Biek ala biek praktikan jarri nahi duten eredu irlandarrari heldu zioten. Hots, autodeterminazioaren onespenaren bidetik egin nahi dute aurerra. Akordioa abertzaletasunaren abagune historiko bat izan da. Aukera galdu da, ordea, ez abertzaleen batasuna lortzeko aukera soilik, baita elkarrekin gobernatzen ikasteko aukera ere, Gasteizko Legebiltzarrean edota Udalbiltzan elkarrekin lanean aritzeko aukera, alegia.

EAJrekin eta EArekin akordatu bide zuen su-etena indargabetu zuen ETAk. Zer aldatu da harrez gero?
Lizarrako akordioa ahalbidetu zuen su-etena hautsi zuen ETAk, bere hitzetan, EAJk nahiz EAk Lizarra gaizki kudeatu zutelako. Zer dago horren gibelean, ordea? Lizarrako izpirituaren aplikazio txar bat, edo aitzitik, ETAren estrategia aldaketa bat? Nire aburuz, ETAk bere estrategia aldatu du, erranez gatazka konpontzeko ez duela honezkero Espainiako boterearen aldetiko erantzunik espero (lehen egiten zuen bezala). Aldiz, borroka armatuaren konponbidearen giltzarria EAJren esku dagoela dio ETAk. Jarrera honek atsekabetu egin nau guztiz. Lizarra ETAren su-etenak ahalbidetu zuen izpiritu berria izan zen; eta ez soilik Hegoaldean. Lizarrak Iparralderaino zabaldu zuen zohardia, Garaziraino. Lehen baino okerrago gaude orain, su-etena hautsi baita eta ETAren xedeak ez direlako lehengo berak.

Lizarra garatzean bake prozesuari heldu zaio, baina eraikuntza nazionala baztertu egin da zenbaiten iritziz.
Ez naiz batere iritzi horretakoa. Nire aburuz, maleruski, horiek estakuruak dira; ETAren aldetiko aitzakiak. Esate baterako, Iparraldean bizi dugun errealitatea ezaguturik, nik ez dut ikusten nola eraiki dezakegun Iparraldeko etorkizuna gehiengoaren aurka, nazio eraikuntza zer den ulertzen ez duen Iparraldeko herritar gehienen aurka. ETAk argitu beharko du nola eratu nahi duen Euskal Nazioaren konstituzioa sortuko duen biltzarra. Euskal herritar guztiei aplikatuko zaien konstituzio bat izanen da? Eta, Lizarrak esaten duen bezala, demokratikoki eratua? Azal diezagula ETAk.

Abertzaleen Batasunak (AB), Lizarra-Garazi akordioaren sinatzailea den aldetik, izan al du edo ba al du benetako izaerarik berean?
ABk funtsezko betebeharra dauka Lizarra-Garaziren egitekoan. Iparraldeko abertzaletasuna eraikitzea bertako mentalitatearekin, kasu. Beldur naiz, ordea, HBk ez ote duen EAJk nahiz EAk burutu izan duen akats historiko bera burutuko. Alegia, Abertzaleen Batasuna HBren beraren sukurtsal gisara ikustea Iparraldean. ABren originaltasuna Iparraldeko abertzaleen gehiengo baten batasunean oinarritzen da; edozein direla sentsibilitateak. Originaltasun historiko honek, Hegoaldearekiko alderatzean -maila apalagoan betiere, jakina-, pisu sozial eta borroka maila ezberdinak ditu. Beldur naiz, ordea, espezifikotasun hori ez atxikitzea eta Hegoaldeko eskemari aplikatzea, eskuineko abertzaletasunetik aplikatu dena ezkerretik ere aplikatzea, hau da, Ezker Abertzaleak kontsideratzea AB HBren adar bat dela. Ikuspegi hori nagusituko balitz, atzerapen eta aurrekari historiko bat izango litzateke Iparraldearentzat. Iparraldeko abertzaletasuna (bere arazo eta muga guztiekin) berezko jite politiko, ekonomiko eta kulturalarekin eratzen ari da. Beraz, eskuhartze (ingerentzia) eta akats larria litzateke jokamolde hori. Iparraldean abertzale garenok, handi-handika, ulertzen dugu akats honen jatorria; gure proiektuan bildu nahi ditugun herritarrek, ez ordea. Kasu, honekin ez dut esan nahi ABk separatismoaren baitan beste separatismo mota bat izan behar duenik. ABk geure ikusmoldeak eraman behar ditu Lizarrara, eraikuntzaren alde jokatuz; ez eraikuntza nazionalaren alde baina eraikuntza abertzalearen alde. Iparraldean lan hori eraman dezakeen bakarra AB da, gainera.

Subiranotasunaren kontzeptua argitzeke dago, itxura denez.
Beharbada, bai. Hegoaldeko eztabaidetan azaltzen hasia da subiranotasunaren gaia. Frantzian eztabaida mota horri aspaldi ekin zioten europazaleek eta europazale ez direnek; eztabaida Quebecetik dator. Quebeceko aukera gero eta gehiago agertzen da Hegoaldeko eztabaidetan. Ezagutzen dut ildo hori, eta kaltegarria da nire iritzirako. Quebecen egin nahi dena hemen egin nahi izatea kontraesankorra da; Euskal Herriarentzat behar ez dugun eredua da. Nire aburuz, euskal subiranotasuna emeki-emeki eta ahalmena dugun tokietan eraiki behar dugu, eta ez kolpe bakar batez, Euskal Herriko lurraldetasuna bakarra bailitzan.

Abertzaleen Batasunako (AB) eta Euskal Batasunako (EB) kide zaitugu. EB inoiz baino kritikoago agertzen da gaur egun ETAren jarduera armatuarekiko.
Baiki. ABren historia berria ezagutu beharra dago horregatik. EMAren (Ezkerreko Mugimendu Abertzalea) eta EBren joeren arteko batasunetik sortu zen AB. Bi alderdi hauen hurbiltzeak belaunaldi berri bat ekarri du, beste dinamika politiko berri bat, EMAren eta EBren dinamika gainditu duen ildoa. EMAren ildotik zetozen joerek pentsamolde bereziak ekarri dituzte, Lizarra-Garaziren prozesuan gauzatzen ikusi izan ditugun jokamoldeak. Orain, berriz ere, indarkeria itzuli da maleruski. EBren ikuspuntutik, ABk azkenaldion burutu izan duen indarkeriaren kondena gaizki egina da, gaizki definitua izan da, zalantzak agertuz, anbiguoki. EBk fidela izan nahi du ABrekin, eta honek biolentziaren gaiarekiko hartu duen jarrera partikularra ABren ez ohiko kongresu batean eztabaidatu nahi dugu. Barne eztabaida hori irailaren 15an burutuko dugu.

"Demokrazia Euskal Herrian" edo "Demoak" bezala ezaguna den taldea al da zuk aipatu ildo edo ekimen berria?
"Demoak" fenomenoa belaunaldi baten ondorioa da; molde zinez argitsu batez jokatzen ari dira Demoak. Hegoaldeko Solidarioak ekimenarekin erkatzen ahal da gazte hauen borroka moldea. Beren borroka estrategia berri baten eredua edo adibidea da. Demoak ekimen naturala da, ez da ABren erabaki baten ondorioa (baliteke Demoak ez aritzea nik diodan izpirituarekin, kasu!). Zer nahi gisaz, ideia adimentsua izaki, ABk Demoen ideia integratu beharko luke bere baitan (ez Demoak, kasu!). Izan ere, "ekintza ez bortitzen" ekimen hau borroka aktiboa da aldi berean. Ezen, biolentzia kondenatu baina deus egiten ez dutenen jarrera onartezina baita. "Ez biolentzia" praktikatzen dutenak -beharrezkoa bada, ilegalitatea praktikatuz gainera, baita espetxera eramanak izateko arriskupean ekintzak eginez ere- eredua dira gaur egun. "Ekintza ez bortitza"ren bidea gehiago praktikatu beharko genuke. Hartara, ABren baitan eztabaida bat proposatzen dugunean, ez dugu soilik biolentziaren gaia eztabaidatu nahi, ordezko zein borroka posible lantzen ahal dugun eztabaidatu nahi dugu baita ere. Biolentziarik gabeko ekintzak joera berri baten agergarri lirateke.

Heldu den irailean Frantziako presidentearen iraunaldia trenkatuko duen erreferenduma burutu liteke Hexagonoan. ABk Euskal Departamenduaren eta euskararen koofizialtasunaren aferak argitzera deitu nahi ditu herritarrok.
Erreferenduma abagune polita izan daiteke, ez presidentea bost edo zazpi urterako hautatua behar den jakiteko, herritarrak Euskal Departamenduaren eta euskararen koofizializazioaren aurrean defini daitezen baino. ABk test on bat egiteko gauza izan behar du, ABrentzat berarentzat ere test ona izanen baita. Gauza izan behar dugu herritarren jarrera kontabilizatzeko, eta hartara, herritarren % zenbat paratzen den gure eskaeren alde ezagutzeko. ABren jarrerak koherente izan behar du erreferendumaren aitzinean, baita aukera profitatu ere heldu den martxoko udal eta kantonamenduko hauteskundeak prestatzeko. Alegia, ezin dugu erran AB hauteskundeetan lehiatzeko mugimendu bat dela, sufragio unibertsala onartzen duena, eta era berean biolentziaren aurrean anbiguoki jokatu; jarrera hori eutsiezina da. ABko hautagaiek, kasuan kasu, biolentzia kondenatzeko gauza izan behar dute.

Udal hauteskundeetan abertzale guztiak, EAJ-PNBkoak barne, elkarrekin joan zintezkete?
Arestian erran dudan bezala, Iparraldeak ez du zertan Hegoaldearen sukurtsala izan behar. EAJrekiko akordioa ez da posible izanen horrela jokatuz gero. Iparraldeko abertzaleok geure originaltasuna gordetzen badugu, itunak egin ahal izanen dira. Konparazione, Donibane-Lohizunen, AB, EAJ eta Haika prest bide dira udal itun bat egiteko. Honezkero ari dira prestatzen, eta ekimena beste herrietara zabaltzea nahi nuke nihaurek. Abertzaleok udal hauteskundeetan hartzen dugu benetako indarra, herriarengandik gero eta hurbilago ari garenean. Parisko edota Madrileko botere guneetatik urrun gaudenean sinesgarriagoak gara, bertako gauzak alda ditzakegulako. Abertzaleok funtsezkoan ados jartzen bagara, Iparraldean jauzi polit bat egin dezakegu herriko bozketan.

Didier Borotra auzapeza zentristarekin gobernatu duzue abertzaleok orain arte Miarritzeko Herriko Etxean. Datorren legealdiari begira, RPRarengana zabaldu nahi omen du ituna Borotrak.
Miarritzeko esperientzia oso positiboa izan da. Orain, aldiz, arrazoiak arrazoi, Borotrak ituna RPRrengana zabaldu nahi du. Gu ez gaude ados. Batetik, RPRrekiko diferentziengatik; Michelle Alliot-Marie presidentea izaki, gainera. Oraingo udalbatzaren aurretikoa bere aitaren eta bere esku izan zen. Alliot-Marieren alderdia itzultzea iraganera itzultzea litzateke; gogaikarria. Horren gibelean, bestalde, Max Brisson dago, zinegotzia, pertsonaia polemista eta ia patologikoa. Gizon honek ez du egun bat bera ere pasatzen uzten jendea zirikatu gabe, kalapitak sortarazten ditu ezker-eskuin, abertzaleak nardatu nahian dabil batez ere. Miarritzeko Herriko Etxean gaudenetik, bere harrikaden jomuga gara abertzaleok. Dioenez, guk gobernuan segitzea ez da naturala, eta nola edo hala sartu nahi du Borotrak proposatzen duen itunean; abertzalerik gabe baina. Borotrak dio ez duela gurekin hausteko arrazoirik, luzera begira jokatu nahi duela. RPRko presidenteak dioenez, Max Brissonen ekimena pertsonala da, eta ez du ituna gauzatzeko eskuduntzarik; Miarritze bezalako hiri bateko ituna RPRko botere zentralaren menpe baitago. Beraz, guretzat hobe litzateke RPR alderdiak Max Brisson publikoki ezeztatuko balu; gure lana eta kanpaina erraztuko lizkiguke hartara

POLITIKARI NEKAEZINA
1930ko apirilaren 25ean sortu zen Jakes Abeberri miarriztarra. Enbata mugimenduaren kide historikoa izan zen eta Enbata astekariaren zuzendaria da gaur egun. Oposizioan jardun ondoren, Miarritzeko Herriko Etxean auzapezordea da 1991tik. Euskal Batasuneko (EB) eta Abertzaleen Batasuneko (AB) militante nekaezin honek izpiritu sutsu eta kritikoa atxikitzen du 70 urterekin.


Azkenak
47 urteko gizon batek bere ama hil du Irunen

Atzo eguerdian labanaz eraso zion bere amari Irunen eta Donostiako Ospitalean hil da. Erasotzailea epailearen aurrean deklaratzeko esperoan dago.


Ipar Euskal Herriko lehen indarra izaten segitzen duela ohartarazi du ELBk, botoen %48 jasorik

Otsailaren 6 honetan zenbatu dituzte departamenduko laborantza ganberarako bozak. Biarnoa eta Ipar Euskal Herria biltzen dituen departamenduan lehen indarra izaten segitzen du agroindustriaren sustatzailea den FDSEAk baina indarra galdu du: %54tik %46ra pasa da.


2025eko urtarrila, mundu mailan inoiz erregistratu den urtarrilik beroena

Aurtengo urtarrila 1850. urteaz geroztik beroena izan dugu. Gainera, aurreko hilabeteen joera mantentzen du, azken hemeretzi hilabeteen artean, hemezortzigarrena da bero erregistroak apurtzen. 


Ehunka emakume hil eta bortxatu dituzte Kongoko Errepublika Demokratikoko espetxe batean

Nazio Batuen Erakundeak adierazi duenez, Goma hiria hartu ondoren hango espetxe batean zeuden ehunka emakume bizirik erre zituzten M23ko matxinoek, eta denak hil. Herrialdearen ipar ekialdean borrokan diharduten talde armatuek sexu indarkeria "arma gisa" erabili dutela... [+]


EITBko Euskara Batzordearen adierazpena

Idatzi honen bidez, EITBko Euskara Batzordeak eta azpian sinatzen duten EITBko organoek euren kezka eta gaitzespena agertu nahi dituzte azken hilabeteetan EITBko zuzendaritza-postuetarako abian ipini diren hautatze-prozesuak direla eta, gutxietsi egin baita euskararen... [+]


Euskal Herrian Euskarazek manifestazio nazionala deitu du apirilaren 6rako Baionan

Manifestazioa goizeko 11:30ean izango da, Justizia Jauregian. Mugimenduak euskaldunon eskubideen alde eta auziperatuekiko elkartasunean luzatu du deialdia. Auziperatuek iazko Euskararen Egunean Baionako Justizia Auzitegian "Justizia Euskararentzat" pintaketa egin zuten... [+]


Trumpen Gazarako proposatutako garbiketa etnikoak hautsak harrotu ditu nazioartean eta AEBetan

AEBetako presidentearen Gazako palestinarrak kanporatzeko asmoak aurkako erreakzio ugari eragin ditu nazioarteko nahiz herrialdeko politikan, baita Alderdi Errepublikanoan ere. Gehienek "garbiketa etnikoa" sustatzea egotzi diote, baina Trumpek bere asmoa berresten... [+]


Maddi Isasi, LABeko idazkari feminista
“LAB Euskal Herri feminista baten eraikuntzan ekarpen sindikala eginen duen subjektua izatea nahi dugu”

Izena duen oro bere izanaren jabe liburua plazaratu du LAB sindikatuko idazkaritza feministak, hainbat kide feministaren lekukotasunak oinarritzat harturik. "Genealogia edo glosario bat gauzatu dugu edo, agian, gauza biak batera dira edo baliteke ez izatea ez bata ez... [+]


Ortuzarrek ez du EAJko buru izaten segituko eta bidea libre utzi dio Estebani

EAJren barne prozesuan ez du bere burua aurkeztuko, nahiz eta garaile irten den orain arteko bozketetan. Itxura guztien arabera, Aitor Esteban izango da EBBko buruzagi berria.


Armagintza sustatzeko Jaurlaritzaren konpromisoa adierazi du Torres lehendakariordeak, Zedarriak-i erantzunez

Bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak armagintza industria goraipatu eta zabaldu diren “aukera” berrien aurrean sektorea “babestuko” duela azaldu du. “Beste kontu bat da gutako bakoitzak izan ditzakegun posizio... [+]


Zaldibarko hondamenditik bost urtera, erantzukizunak argitu gabe eta zabortegien kontrola ezbaian

Bost urte bete dira Zaldibarren 800.000 tona zabor maldan behera amildu eta Joaquín Beltrán eta Alberto Sololuze langileak aurretik eraman zituenetik. Ikerketa judiziala amaitu gabe dago oraindik, Verter Recycling enpresak ez du ezer ordaindu zigilatze lanengatik,... [+]


Kaldereroak: ‘blackface’ bat donostiar erara?

Ni ez dut nahi nire alaba ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Nik ez dut nahi nire alabaren eskolako haur ijitoak ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Ijito izatea ez delako mozorro bat. Ijito izatea ez delako urtean behin egiten den festa bat, arropa exotikoekin eta aurpegia ikatzez... [+]


2025-02-06 | dantzan.eus
Lazkaon aspaldi galdu ziren inauteriak berpiztuko dituzte

Lazkaon 1960-70ko hamarkadan galdu ziren inauteriak berreskuratzeko asmotan dabiltzala irakurri dugu azken asteetan. Festa haietatik abiatuta herriko hainbat talde elkartu eta otsailaren 28an plazaratuko dira inauteriak ospatzera. Xehetasun gehiago jakin nahian Oin Arin dantza... [+]


2025-02-06 | Gedar
Autobusak antolatu dituzte ostiralean Gasteizera joateko, Maccabiren aurkako manifestaziora

Israelgo Estatuko saskibaloi taldeak ostiralean jokatuko du Gasteizen, eta mobilizatzera deitu du Palestinarekin Elkartasunak.


Berriztagarrien lurralde plana aldatu du Jaurlaritzak, eskala handiko eolikoei toki gehiago egiteko

Abenduaren 20an Eusko Jaurlaritzak planaren behin-behineko bertsioa onartu zuen eta gaitasun “baxu eta ertaineko” eremu ugari gaitasun “ertain eta altukoak” bezala ageri dira orain.


Eguneraketa berriak daude