"30 URTE DARAMATZAT ARKEOLOGIA MUSEOA ESKATUZ"

  • Aranzadi zientzia elkartearen barruko istiluak konpontzen ari direla dirudi. Urte askotan bere zuzendaria izan da, baina orain Jesus Altuna berastegiarrak Historiaurreko departamendua zuzentzen du. Jose Miguel Barandiaranen laguntzaile handiena haren izena daraman Fundazioaren buru da. Bere proiektuak, Ekaingo erreplika, Atapuerca, Zestoako Irikaitz aztarnategia, argitalpenak, bekak, Aranzadi, arkeologia, museoak eta gehiago dira. Hauek guztiak izan ditugu mintzagai Zorroagan, Aranzadiren egoitza berri eta zabalean.

2021eko uztailaren 15an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Atapuercako aurkikuntzek nola aldatu dute Lezetxikitik lehen euskal gizonari buruz duzuen teoria?
Atapuercak garrantzi handia dauka. Atapuerca edo Atapuerta izan daiteke. Bada jakintsu bat hori defendatzen duena. Bi gauza daude eta oso garrantzitsuak. Batzuetan dena bat bezala hartzen da Atapuerca. Alde batetik giza hezur oso zaharrak daude, gutxi, baina oso zaharrak, 800.000 urtekoak. Eta gero bada beste multzo handi bat, beste leku batean; askoz ere berriagoak dira, 300.000 urte dituztenak. Bi horien artean 500.000 urte daude. Garai hartako hainbeste hezur inon ez da oraindik azaldu. Atapuerca hemendik bertan dago. Orduan, Euskal Herrian egon zitekeen bizitzen lehen gizakia. Bestalde, On Joxe Mielekin lanean ari ginela aurkitu genuen 1966an Arrasateko Lezetxiki kobazuloan emakume gazte baten beso hezur oso zaharra. Orduan ikusi genuen Erdiko Paleolitoko geruzaren azpian zegoela, Behe Paleolitokoa izan zitekeela. Orain badirudi kidetasun bat duela Atapuercako zenbait hezurrekin, hain zuzen 300.000 urteko hezurra dela. Guk ez genuen garai hartan eta oraindik ere ez dugu zehaztasun hori lortzeko sistemarik. Radiokarbonoa 200.000 urtera arte iristen da, hortik atzera ezin daiteke horrekin ezer egin. Beste metodo batzuk sortu dira. Afrikan esate baterako datazio asko ditugu oso zaharrak, baina suerte handia izan dutelako. Han hezurren gainean askotan sumendi batek eztanda egin baldin badu hantxe zabaltzen dira errautsak eta errauts horiek tapatzen dituzte. Baina errauts horiek ez baldin badituzu ezin duzu askotan antzeko dataziorik egin. Nolanahi ere beste sistema batzuk sortzen ari dira. Termoluminiszentzia izeneko sistema berri bat badago eta horren bitartez ari gara zeozer egiten. Orain arte esaten genuen Lezetxikiko hezurra zaharra dela, 100.000 urte baino gehiago dituela, baina zenbat gehiago ez genekien: 150.000, 300.000, 400.000 urte... Hortik, alde batetik egon daiteke kidetasun bat Atapuerca eta gure aztarnategiaren artean.

Zestoako Irikaitzeko aztarnategia ere hor dago.
Azken urte hauetan Antxieta taldeko azpeitiar gazte batzuk aurkitu dute Zestoan Behe Paleolitoko aztarnategi hau, oso zaharra eta garrantzi handikoa. Hain zuzen, Antxieta taldekoak izan ziren orain dela 30 urte Ekaingo kobazuloa aurkitu zutenak. Irikaitz hemendik aurrera asko entzungo da, Zestoako futbol zelai parean dagoen parajean, aire zabalean dago, ez da kobazuloa. Eta garrantzia, honexegatik dauka: orain arte Behe Paleolitoko kultura han hemenka, bakanka Iruñea inguruan, Hiriberrin, Lizarra inguruan, Baionan, Bidarten... tresna batzuk bakarrik azaldu direlako ezagutzen genuen. Itxuraz eta tipologiaz oso zaharrak dira, baina ez dira azaldu bere lekuan, lekuz kanpo baizik, estratigrafiarik gabe, testuingururik gabe.
Orain arte ez genuen Euskal Herri osoan aztarnategi bat ere Paleolitokoa, aztarna batzuk bakarrik. Orain arte Euskal Herrian tresnei bakarrik galdetzen genien garai haiei buruzko informazioa biltzeko, orain aztarnategiari ere galdetuko diogu eta aztarnategi horrek eman dezake zer nolako landaredia zegoen orduan. Orain arte hezurrik ez da azaldu, terrenoak azidoak direnean hezurrak galdu egiten direlako, baina sua aurkitzen baldin bada orduan datazioa egin dezakegu termoluminiszentzia metodo horren bidez. Badakigu Irikaitzeko aztarnategiak 200.000 urtetik gora daukala, baina 300.000, 400.000 edo 500.000 urte duen jakingo dugu.

Urte hauetan zientzia aldetik aurkikuntzak egiteko aurrerapen dezente eman da. Horrek fidagarritasun handiagoa emango du, ezta?
Batez ere datazio sistemak ari dira aurreratzen. Garai hartan, Lezetxiki aztertu genuenean karbono 14 bakarrik ezagutzen zen metodo bezala. Horrekin gehienez ere 25.000-40.000 urtetara iristen zara, gehiago ez. Beste gai batzuk erabiltzen direnean (potasioa, argona, uranioa), horretarako beste aurkikuntzak behar dituzu. Esate baterako Afrikan sumendietatik ateratako errauts horiek. Hemen ez daukagu horrelakorik. Garai batean izan ziren hemen sumendiak, baina momentuz ez daude. Baina orain ari dira beste metodo batzuk sortzen eta metodo horien bitartez aurrerantzean ere guk jakin dezakegu gauza gehiago.

ADNaren bitartez?
Baita ere, baina hain hezur zaharretan ADN gutxi geratzen da. Bsaina har daiteke eta hori ere dantzan dabil momentu honetan. Leioako unibertsitatean, Antropologiako departamenduan, ari dira ADN hori lantzen. Horiekin ere erlazio handia daukagu. Esate baterako, Conchita de la Rua da hango katedraduna eta alor hori aztertzen ari da momentu honetan.

Nola ikusten duzu gaur egun Gipuzkoako ondare arkeologikoa?
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak atera duen lege hori garrantzi handikoa da. Orain arte ez zeuden babestuta trikuharriak eta gainerakoak. Trikuharriak eta, erraz galtzen diren ondarea da, menditan zabalduta daudelako. Gaurko mendietan lan handiak egiten dira, makina zahar asko dabil hor bueltaka, pista asko irekitzen dira. Orain udalek badakite zer daukaten eta zer nolako babesa eman behar zaien. Hori dela-eta lehendabizi Diputazioaren bitartez, basozainekin egin dugu programa bat, ondare horretatik hurbilen beraiek daudelako. Megalitoz megalito joango gara non dauden erakustera, leku horiek babesteko. Batzuk nabari-nabari azaltzen dira, baina beste batzuk oso apalak izaten dira eta sasi tartean edo ote tartean daude. Ia ez dira ikusten eta horiekin dago arriskurik handiena.
Bestetik Eusko Jaurlaritzarekin garbiketa bat egitea hitzartuta dugu. Zikinak (otea edo sasia) kendu, megalitoa agirian utzi eta zutarritxo bat jarriko dugu hor megalito bat dagoela adierazten duen informazioarekin.

Orain udal batzuek aztarnategiak erosi dituzte.
Arrasatek erosi du Lezetxiki eta Zestoak erosi nahi du orain Ekaingo tontorra. Terreno horiek guztiak publiko egiten badira beti hobea da partikularrak baldin badira baino. Orain Aralarrekoarekin daukagu beldur pixka bat. Proiektuaren arabera pistak ireki nahi dituzte eta beldurrez begiratzen diegu. Konprenitzen dugu artzainei erraztasunak eman behar zaizkiela, baina beldur naiz ez ote diren sortuko pistak alde guztietatik. Pistak egiteko garaian kontu handiarekin joka dezatela eta ez dezatela megalitorik hondatu. Nahiko leku badago txiribuelta bat egiteko eta megalito bat ez hondatzeko.

Ekaingo kobazuloaren erreplika zein fasetan dago?
Lanak oso poliki doaz, batez ere Frantzian egiten ari direnak, hau da, erreplika bera. Panel guztiak errepikatzen ari dira eta gero bukatutakoan eramango dituzte hara. Bitartean Zestoan egingo da zuloa kobazuloa errepikatzeko. Hemen obra orain aterako da lehiaketara. Udazkenerako hasiko dira lanak erreplika dihoan leku horretan, Ekaindik 600 metrotara. Nik pentsatzen dut lehendabiziko fasea, hau da, erreplika 2001 urte bukaerarako amaituta egongo dela. Bigarren fasean museo bat jarri nahi dugu, labarretako arteari buruzkoa, batez ere. Museo hori Zestoko Udalak erosi duen Lili jauregian egingo da.

Eta koba orijinalarekin zer egingo da?
Nahiz eta historiaurregile ez izan, jendeak sarrera izango du, ez da zeharo itxiko. Ondo zainduko da, orain arte bezala. Ekainek ez du inongo arriskurik, oso ondo mantendu da eta mantentzen da, hain zuzen neurriz egiten direlako bisitak. Oraingo funtzionamendua izango du gutxi gorabehera, beharbada pixka bat mugatuxeagoa.

Erreplika zenbat jendek bisitatzea espero duzue?
Zenbait ikerketa egin dute Zestoako Udaleko ekonomistek eta beraiek esaten dutenez Loiola ere hor dago eta bertara urtean zehar etortzen direnak kontuan hartuz, Zumaiako hondartza kontuan hartuz... pentsatzen dute gutxi gorabehera 400.000 pertsona sartuko direla urtean. Automantentzeko adina erraz izango du eta akaso laguntza ateratzeko ere bai bigarren fase horretarako.

Gero eta indar handiagoa ari dira hartzen zientziarekin erlazionatutako museoak Donostian. Kutxaespazioa zabaltzear dago, Aquariuma berritu egin dute... Arkeologiak ba al du Donostian horrelako museo baten beharrik?
Beharra bai. Gutxienez 30 urte daramatzat arkeologia museo bat eskatuz. Kasurik ez didate egin orain arte. Beharko litzatekeela uste dugu. Gauza asko dago hemen, Barandiaranek lan asko egin zuen. Barandiarani egin zitzaizkion omenaldi asko bere garaian, baina omenaldi hoberena arkeologia museo bat eraikitzea izango litzateke. San Telmo museoarekin ari dira orain, ez dakit zer egingo duten. Proiektu bat bada oso polita, orain dela sei edo zazpi urte egindakoa.
Zestoakoa, Paleolitoko arteari buruzkoa izango da, batez ere. Historiaurrea ere aipatuko da noski, batez ere inguruko aurrehistoria, aztarnategi asko daudelako han, hasi Paleolitotik, Irikaitzetik eta zutarriak ere badaude. Burdin Aroko herriska bat azaldu da orain Azkoitia eta Azpeitia artean. Oso aberatsa da paraje hori guztia Historiaurrean. Bitartean probintzian beste ezer ez bada sortzen arkeologia museo bezala, aipatutakoak zabaltzen jarraituko du.

Zein da Aranzadiren osasuna?
Orain ari dira asko aztertzen Erdi Aroko aztarnategiak, arkeologia historikoko aztarnategiak. Hor gazte berri asko sartu da, garai bateko karobiak, olak, ermitak... ikertzen. Azken urteotan arkeologia arriskugarria sortu da. Gaur egun hiri barneetan, gune historiekoetan, legeak agintzen du obra bat egitera baldin bazoaz aurretik azterketa arkeologikoa egitea. Zergatik da arriskugarria? Legeak agintzen du, baina hor ari den arkeologoak txosten zorrotz bat egiten badu, aparkalekua txikiagoa egin behar duela edo beste leku batera eraman beharko duela esaten badu, konstruktore horrek ez dio sekula arkeologo horri gehiago deituko. Zer gertatzen ari da? Oso txosten bigunak egiten dituztela arkeologo batzuk eta ondare asko galtzen ari dela. Esate baterako San Telmoko plazan Erdi Aroko harresia aurkitu zen, ez Boulevardean aurkitutakoa, hori atzokoa da, Erdi Arokoa, askoz ere garrantzi handiagokoa. Dena hankaz gora joan zen, ezta enteratu ere ez zen egin Donostia orduan. Unibertsitate asko ari dira horren aurka. Zaragozakoa, Granadakoa, azken momentu hauetan Madrilen ere bai, horren aurka hasi ziren. Ondare asko ari da txikitzen, desagertzen, hain zuzen txosten bigunak egiten direlako. Eta gero beste gauza bat dator. Arkeologo horiek kobratu egiten dute, "profesionalak" dira. Profesionala niretzat lanbidea ondo egitea da, ez dirua kobratzea, baina ulertzen dut ere profesionalak kobratu egin behar duela. Arkeologo horrek indusketa bat egin ondoren beste indusketa batera joatea nahi du, dirua irabaztera, ez da esertzen lasai laborategi batean ateratako gauzak aztertzeko. Indusketa horietatik ateratzen diren gauzak biltegietan almazenatzen dira eta ez dira aztertzen, ez dira publikatzen, ez dakigu ezertxo ere horiei buruz. Horregatik esaten dut arriskugarria dela arkeologia hori. Eta horregatik esaten da gaur egun bi arkeologia daudela. Bata, zientifikoa (planifikatua, eztabaidak eginez) eta indusketa ahal den bezala eginda txosten bigun bat egin eta aurrera jotzen duena.

Profesionalizazioa behar al da ikerketa munduan? Zaletuekin egin al daiteke, Aranzadin dauden asko bezala?
Profesionalizatu bai, noski, baina kontzientzia galdu gabe. Noski, horretan dabiltzanek irabazi egin behar dute, mundu guztiak bezala. Ez dira bizi haizetik, baina arriskua hor dago, kontzientzia behar da, horrek agindu behar du.

Aranzadin azkenaldi honetan Karlos Olaetxea eta Xabier Peñalverren tesiak azaldu dira.
Orain dela 20 bat urte ikusi genuen Kristo aurreko milurtea, Burdin Aroa hain zuzen, gutxi ezagutzen genuela. Esate baterako hemen Gipuzkoan mairubaratz batzuk ezagutzen genituen Oiartzun eta Adarra-Mandoegiko mendi horietan, baina ez genituen ezagutzen bizilekuak, kastroak edo herriskak. Bat bakarra ezagutzen genuen, Intxurrekoa, Tolosa eta Albiztur gainean. Barandiaranek azterketa txiki bat egin zuen han. Eta orduan ireki genuen bide hori eta Xabier Peñalver hasi zen bide hori urratzen. Zaila zen, batez ere aztarnategi horiek oso handiak direlako. Koba bat oso mugatua dago, garbia dago, han erraz egiten duzu lana, baina halako aztarnategi bat hartzea ez da erraza. Hala ere nahikoa kemena izan zuen gazte honek horrekin hasteko. Honela, aztarnategi batzuk eginez eta beste mairubaratzak prospekzionatuz eta abar burutu du bere tesi doktorala. Orain dela hilabete edo irakurri du Gasteizen. Eta joan zen urtean, apirilean, aurkeztu zuen Karlos Olaetxeak beste tesi bat Burdin Aroari buruz. Azken urteotan hona etorritako gazte bat da, berastegiarra hain zuzen, nire herrikoa. Arkemetria egin zuen, alegia, bere tesiak batez ere aztertzen ditu zeramikak, petrografia aldetik, zein buztin klaserekin egiten zuten, nondik zetorren buztin hori... Bi tesi horiek dira azkenaldian egindakoak hemen, biak Burdin Aroari buruzkoak.

Zertan ari zara orain?
Gauza gehiegi, nahiago nuke batekin bakarrik aritzea, baina... Alde batetik ari gara Kantabria eta Bizkaia arteko aztarnategi bateko hezurrak aztertzen, amerikar bat ari da ikerketa burutzen. Eta bestetik oraintxe bukatu dugu Labeko Kobako azterketa. Bariantea egin aurretik aztertu genuen zortzi hilabetetan zehar, han ateratako guztia aztertu genuen eta laster argitaratuko da Labeko Kobako azterketa osoa. Lan interdiziplinarra egin da. Batzuk suharriak edo tresneria aztertu dituzte eta beste batzuk animalien hezurrak. Sedimentologiarekin ari dira bestetzuk, palinologian ere bai...

Erakundeen aldetik laguntza dezente duzue. Barandiaranen garaietatik egoera hobetu egin da beraz.
Ez gara errazak asetzen, baina orain ezin dugu kexatu. Lezetxiki industen genuenean Vespa koskor batean Atauna joan, Barandiaran atzean hartu, atzeko parrilan maleta, hanka tartean morrala jarri eta Arrasatera joaten ginen. Hantxe egoten ginen hilabete osoa eta gero buelta. Orduan itzulerakoan etortzen zitzaigun furgoneta bat ateratako gauza guztiak San Telmora ekartzeko, baina gu geu berriro motoan bueltatzen ginen. Beste garai batzuk ziren, sosik ere ez genuen-eta.

Barandiaran Fundazioaren eskutik museo bat egiteko asmoa duzue, On Joxe Mielen oroimenez.
Barandiaran Fundazioa Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta hiru Diputazioek babesten dute. Sara etxea ere erosi zen. Bere iloba falta denean museo koskor bat bihurtuko dugu On Joxe Mielen oroimenez. Apala izango da, On Joxe Miel zen bezala, baina hor egongo dira jasota oroimenak, bere lantegia, bere liburutegia. Gainera orain dela denbora gutxi Ignazio eta Maitek eman digute Barandiaranek gerra aurretik egindako liburutegia. Galduta zegoela pentsatzen genuen gerrarekin eta On Joxe Mielek bakarrik gerra ondorengo liburuak zituela, denok ditugunak.
Orduan, On Joxe Mielen liburutegiak ez zuela gehiegi balio uste genuen. Baina askoz ere interesgarriagoa zen gerra aurreko liburutegia, berak bere patrikatik erositako liburuak. Horiek denak azaldu dira. On Joxe Mielek kanpora joan behar izan zuenean jaso zituzten Seminariotik. Oso interesgarriak dira, hor ikusten delako alde batetik zein asmo, zein gogo eta metodo erabiltzen zituen bere gaztaroan. Diru gutxiago zeukan, baina hala ere hor sartzen zuen bere diru hori. Liburu ertzetan bere nota asko daude eta papertxo asko ere bai bere iritzi eta pentsaerekin. Etorkizunean On Joxe Mielen biografia kritiko bat egin nahi izanez gero, egundainoko materiala daukagu hor

Hamarrekoa
Hamarrekoa
JOXE MIEL BARANDIARAN
"Maisu handia eta lagun ona"

KORO MARIEZKURRENA
"Nik bakarrik erdia egingo nuke"

JUAN MARI APELLANIZ
"'Bilbo bukatzen da belarra hasten denean' esaten du. 'Natura etsaia da' esaten zuen, nik alderantziz; babesa, edertasuna"

IGNAZIO BARANDIARAN
"Elkarrekin lan asko egin dugu"

AMELIA BALDEON
"Gasteizko Museo Arkeologikoko zuzendaria. Tresneria aztertzea eskatu diot askotan"

ALVARO ARRIZABALAGA
"Gurekin hasi zenean aspertu egingo zela esan nien bere gurasoei, baina ez zen aspertu"

JUAN LUIS ARSUAGA
"Oso baldintza txarretan egin du lan Atapuercan eta gero etorri dira ondorioak"

PAKO ETXEBERRIA
"Oso leiala Aranzadiren momentu zailetan, oso lagun ona"

CONCHITA DE LA RUA
"Bide bat ireki du ADN aztertzeko"

A. VON DEN DRIESCH ETA I. BOERSNECK
" Haiekin hasi nintzenean hau basamortu bat zen. Laguntza handia eskaintzen zidaten"

Tantoa
Tantoa
Jesus Altunaren ekarpena, euskal Arkeologia eta Historiaurre alorrean, hiru atal nagusitan sailkatu daiteke. Batetik, ikasketa arkeozoologikoen (geruza arkeologikoetan berreskuratzen diren sanimalien hezurren azterketa) sortzailetariko bat dugu, Iberiar Penintsula mailan. Azterketa hauek, aurreko garaietako baldintza klimatikoak, zein gizaki prehistorikoen ohitura sozioekonomikoak nolakoak ziren aztertzeko nahitaezkoak dira. Bere zaletasun zientifikoen artean, Arkeozoologiarekikoa da aipagarriena.
Bigarren atala talde prehistorikoek eginiko artea, bereziki labarretakoa, litzateke. Ekain eta Altxerriko kobazuloei buruz argitaratutako monografiek bi aztarnategi hauek mendebal Europan dagokien testuinguruan kokatzen dute. Zeresanik ez, horrenbeste urteetan amestutako Ekaingo erreplikaren proiektua bere laguntza teknikoari esker mamituko da, epe laburrean.
Bukatzeko, Altunaren eragina bereziki garrantzizkoa da egungo Gipuzkoako Arkeologiaren egoera ulertu ahal izateko. On Joxe Miel Barandiaranen eskutik Lezetxiki eta Aitzbitarte IVan lanari ekin ondoren, beste hainbat lekutan (Ekain, Torre, Erralla, Amalda edo Aitzbitarte IIIan, besteak beste) aritu da, landa lanetan. Gipuzkoako Ondare Arkeologikoaren bildumaketa (Aranzadi Zientzi Elkarteak aurrera eramanda) bere zuzendaritzapean egin da, 1982tik hona. Bere hurbiltasunean lan egin duten hainbat ikerlarien Doktorego Tesiak, Gipuzkoari buruzko ezaguera arkeologikoa eraberritu dute, azken bi hamarkadetan. Azken finean, eta bi lerrotan laburbiltzea zaila izan arren, zientzia gizon honen eragina zeharo oinarrizkoa da, egun Gipuzkoa eta Euskal Herriko Historiaurreaz idazteko


Azkenak
Desesperazioz RN bozkatu dutenak konbentzitzean datza ezkerraren erronka nagusia

Hirugarren kokatu bada ere, pozik izatekoa badu eskuin muturreko RNk: inoiz baino azkarrago da Frantziako Legebiltzarrean –2017an zortzi diputatu zituen, 2022an 88 eta orain 143–. Bere hauteslegoa azkarki emendatuz doan heinean, anitzez zabalagoa du oinarria:... [+]


Baionako bestetan jipoitu zuten 58 urteko gizon bat hil da

Jipoia uztailaren 11ko gauean izan zen Euskaldunen plazan, eta biktima gauean bertan ospitaleratu zuten Euskal Kostaldeko Ospitalean, Baionako prokuradore Jerome Bourrierrek informatu duenez. Atxilotutako gizona behin-behineko espetxealdian dago, Baionako fiskaltzak eskatuta,... [+]


Gasteiz Antzokia irekiko dute ostegunean Izaskun Arrue Kulturgune izenarekin

Ostegunean, 18:15ean irekiko dute Izaskun Arrue Kulturgunea (IAK), Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea batuko dituen egitasmoa. Ekainean udalarekin 2024ko hitzarmena sinatu zuenetik Lazarraga Kultur Elkarteak lehenbailehen ireki nahi izan du kultur-gunea. Irekiera ekitaldiaren... [+]


Eibar.org-eko blog komunitateak 20 urte bete ditu

20 urte bete ditu gaur-edo gure blog-komunitateak, Eibar.org webguneko blogak. Interneteko euskal munduaren historia txikiaren parte bat. 1998an Eibartarrak posta-zerrenda sortu zen. 1998-2000 tartean, halaber, webgune probisional estatiko gisa ibili zen martxan Eibar.org-en... [+]


Ostegun honetan aukeratuko dute Frantziako Legebiltzarrerako presidentea

Sei hautagai dira Frantziako Legebiltzarrerako presidente izateko lehian –ezkerretik bat, Macronen aldeko bi, eskuinetik bat, eskuin muturretik beste bat eta independente bat–. Horrez gain, dozenaka eragilek deiturik, FHB Fronte Herritar Berriaren garaipenaren... [+]


Mondragonen gidaritza hartu du Pello Rodriguezek, taldearen lehiakortasuna ardatz duela

Bilboko Euskalduna jauregian egindako urteroko kongresuan Mondragoneko lehendakariaren errelebo aldaketa irudikatu dute, orain arte taldeko buru izandako Iñigo Ucinek eta hemendik aurrera kargu hori hartuko duen Pello Rodriguezek. Horrez gain, hurrengo urteetarako bide... [+]


Israelek zortzi zibil hil ditu Libanon azken bi egunetan

Horietatik hiru haur siriarrak ziren, eta haien etxearen kanpoaldean jolasean zeudela hil dituzte, NBEak gaitzetsi duenez. Hezbollahk mehatxu egin du Israelgo zonalde berriei eraso egingo diela, Israelek azken egunetan Libanon egindako hilketen ondoren.


Mateo Balbuena borrokalari komunista hil da, 110 urterekin

1934ko Asturiasko Iraultzan, Eusko Gudarostean eta militar faxisten kontrako gerran aritu zen Lezaman bizi zen komunista amorratu eta aktiboa.


Eraso sexistei begira Baionako Herriko Etxeak duen jarrera salatu dute feministek

Baionako festetan errepikaturiko eraso sexistei dagokienez Herriko Etxeak politika eta erantzun eskasak bideratu izana salatu du Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak. Herriko kontseiluaren batzarrera sartzen saiatu dira 30 bat lagun, baina ateak hetsirik kausitu dituzte.


Kaleko Afari Solidarioak taldeak botako du txupina Donostiako Aste Nagusi Piratan

'Jalgi belak mastara, eta euskara plazara!' lelopean ospatuko dute Donostiako Aste Nagusi Pirata, abuztuaren 10etik 18ra. 


Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako

Sei urte ditu. Gustura ari zen da dantzan. Baina gurasoek jakinarazi digute utzi egingo duela dantza. Arrazoia? Eskolan burla egiten diote lagunek dantzan aritzeagatik. Sei urte. Eta dagoeneko genero estereotipoen indarkeria sufritzen. Nahikoa da! Gurasoak, eskolak, irakasleak,... [+]


2024-07-18 | Gedar
Txosnen debekuaren aurka mobilizatuko dira Lizarran

Autobus-geltokiko parkingean txosnak jartzea debekatu du Lizarrako Udalak. San Benitora lekualdatu nahi ditu, baina Festagirok uko egin dio inposaketa horri. Emakumeentzat leku arriskutsua dela, udalak herriko eragileak jaietako dinamika sozialetik urrundu eta isolatu nahi... [+]


2024-07-18 | Euskal Irratiak
Iñaki Iurrebaso
“Euskararen egoera ikusita, gaitasunean bereziki ahul gaude”

Iñaki Iurrebaso soziolinguistak euskararen egungo egoeraren argazkia egin du Baionan iragan zen Hizkuntz politikari buruzko ikastaroan, muga-gaindiko ikastaroen kari.


Usansolon herritarrak kexu dira erdigunea tren geltokirik gabe uzteko erabakiaren aurrean

L5 lineak Euskotrenen ibilbidea aldatuko du, eta geltoki batzuk eraitsiko dituzte, tartean Usansolokoa. Trenaren ibilbidea lurperatuko dute eta beste geltoki batzuk gehituko dituzte. 2022an, Eusko Jaurlaritzak linea horren jatorrizko proiektua aldatu zuen Usansoloko geltokia... [+]


Gasteizko txosnagunea arriskuan dagoela salatu dute, Aldundiak TicketBAI ezartzera derrigortu nahi dituelako

Gasteizko jaiak hasteko aste gutxi falta direla, Gasteizko Txosna Batzordeak urgentziazko prentsaurrekoa eman du, salatzeko Arabako Foru Aldundiak txosnetan TicketBAI ezartzera derrigortu nahi dituela. "Parekatu egin nahi dituzte txosnak eta irabazi ekonomikoa helburu duen... [+]


Eguneraketa berriak daude